(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

108/2014 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 12KOA, ERAIKINEN EBALUAZIO TXOSTENA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 225 - 17/11/2014; corr. err., BON 20/02/2015



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EBALUAZIOA EGITEN DUTEN TEKNIKARIAK ETA TXOSTENAREN EDUKIA


  III. KAPITULUA. ERAIKINAREN EBALUAZIO TXOSTENAREN ONDORIOAK.


  IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ERAIKINEN EBALUAZIOEN ERREGISTRO OROKORRA


Zioen azalpena

1

Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitza parkea 320.000 unitatek baino gehiagok osatzen dute, eta horietatik %28 edo gehiago berrogeita hamar urtez gorakoak dira.

Nafarroako etxebizitza parkea zaharberritu eta mantentzea Nafarroako Gobernuaren etxebizitzaren arloko politikaren helburu nagusietako bat izan da; hori kontuan hartuta, zaharberritzeko laguntza batzuk ezarriak ditu, zenbateko aldakorra dutenak faktore hauen arabera: eraikinaren adina, egin beharreko lanen izaera eta diru-laguntzaren jasotzaileen errenta, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Azken urteotan zaharberritze lan asko egin badira ere, eraikin askotan ez da horrelakorik inoiz egin, eta haietako batzuetan arazo larriak egonen dira beharbada, denborak, eraikuntzaren kalitate txarrak, erabilera okerrak edo mantentze-lanen faltak eraginda, lan horiek behar-beharrezkoak baitira eraikinek segurtasun eta osasun aldetik gutxieneko baldintzak bete ditzaten.

Eraikinen jabe eta erabiltzaileak beharturik daude horietan mantentze-lanak egitera, eta halaxe aurreikusi da arau hauetan: Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 16. artikulua; Lurzoruaren Legearen testu Bategina onetsi zuen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikulua; eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.1.b artikulua, eskatzen baitu lurrek eta eraikinek baldintza onak bete behar dituztela segurtasunari, osasunari, itxura publikoari eta bizigarritasunari dagokienez, zein bere erabileraren arabera, eta behar diren lanak egin behar direla baldintza horiei eutsi edo lehengoratzeko eta beharrezkoak diren zerbitzuak emateko, ondasunaren erabileraren eta ezaugarrien arabera eska daitezkeenak.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean eraikinen ikuskapen teknikoak egiteko beharkizunak oinarria du uztailaren 1eko 8/2011 Errege Lege Dekretuan -hipoteka-zordunei laguntzeko neurriei buruzkoa, gastu publikoa kontrolatzeari eta tokiko erakundeek enpresekin eta autonomoekin hartutako zorrak kitatzeari buruzkoa, eta enpresa-jarduera sustatzeari eta birgaitzea bultzatzeari buruzkoa eta sinplifikazio administratiboari buruzkoa-, zehazki 21. eta 22. artikuluetan; gaur egun, berriz, beharkizun hori eraikinen ebaluazio txosten bat edukitzean datza, Birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legeak hala eskatzen baitu.

2

Joan zen mendean, 60ko eta 70eko hamarkadetan, Nafarroan garapen industrial handi samarra gertatu zen, eta, horren ondorioz, populazio mugimendu handiak izan ziren, bai Foru Komunitatearen barruan bai beste autonomia erkidego batzuetatik Nafarroara ere. Egoera hark eraginda, etxebizitza asko eraiki behar izan ziren oso denbora laburrean, egungo araudiak egungo etxebizitzei kalitate, irisgarritasun eta eraginkortasun energetikoaren aldetik ezartzen dizkien eskakizunak kontuan hartu gabe.

Etxebizitza haiek berrogeita hamar urte bete dituzte, edo betetzear daude, eta, beraz, komeni da Eraikinen Ebaluazio Txostena ezartzea; txosten horrek ez du berez eraikinak zaharberritzera behartzen, baina ziurtatzen du guztiek betetzen dituztela gutxieneko baldintzak segurtasunari eta osasunari dagokienez, eta, horrekin batera, jabeak edo erabiltzaileak ohartarazten ditu eraikina azkar hondatzea ekar dezaketen egoerez.

Eraikinen Ebaluazio Txostenak agerian utziko du, kasu batzuetan, eraikina konpondu edo zaharberritu beharra dagoela, eta, horrexegatik, foru dekretu honek, gai batzuetan, ebaluazioa zaharberritze babestuarekin lotzen du.

Ebaluazio txostena izatera beharturik egon, baina egin gabe dutenean, eraikin eta etxebizitzek zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa hura aurkeztu gabe lortzea eragozten da; horrez gain, txostenak konponketak egitea eskatzen badu, zaharberritzeko proiektuan erantsi beharko dira, kalifikazioa jaso ahal izateko.

Arrazoia begi bistakoa da: ez litzateke inolaz ere ulertuko eraikin batean, erabilera egokirako nahitaezkoa den konponketa bat egin beharra atzeman denean ebaluazioaren ondorioz, ebaluazioan atzeman gabeko zaharberritze lanak egitea, are gehiago, laguntza publikoak jaso badira zaharberritzea egiteko.

Eraikinen Ebaluazio Txostena egiteko betebeharrak bizitza bat baino gehiago eta berrogeita hamar urtetik gora duten bizitegitarako eraikin guztiak hartzen ditu, eta tipologia horretan sartuko dira, halaber, pertsona talde batek, familia gunea osatu gabe, okupatu edo bizitzeko erabiltzeko direnak ere, zerbitzuak partekatzen eta denontzako araubide baten menpe, esate baterako, hotelak edo egoitzak. Horrenbestez, Eraikinen Ebaluazio Txostenaren xedea oso zabala da. Horrela, ebaluazioak aldi berean egin beharrak ekar ditzakeen zailtasunen aurrean, beharkizuna pixkanaka ezartzeko programa bat ezarri da foru dekretu honetan, ebaluazioa egin behar duten teknikariek eta gaiarekin zerikusia duten administrazioek arazorik izan ez dezaten.

Eraikinen Ebaluazio Txostenak funtsean bi kalifikazio emanen ditu eraikinei buruz: “gai” edo “ez gai”. Eraikinek “gai” kalifikazioa jasoko dute konpondu beharreko akatsik atzeman ez denean; nolanahi ere, “gai, akats arinekin” izeneko kasua ere onartzen da, hau da, berehala egin beharreko konponketa-lanik ez badago ere, ohartarazten zaie jabeei ebaluazio txostenaren indarraldian -hamar urte- eraikinean mantentze-lan batzuk egin beharko dituztela. Horrela, txosten horrek “gai” kalifikazioa ematen duenaren ondorio berdinak baditu ere, egin beharreko mantentze-lanez ohartarazten du eta gogorarazten; Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeak indarra hartu aurrekoak izateagatik erabileraren eta mantentze-lanen gida-libururik ez duten eraikinetarako bereziki egokia da hala egitea.

Eraikinek “ez-gai” kalifikazioa jasoko dute oso akats larriak dituztenean -horien definizioa foru dekretuan jaso da-, edo, akatsak larriak izanik, horiek konpontzeko urtebetetik gorako ekintzak eta lanak beharrezkoak direnean. Zaharberritzea edo konponketak behin egin ondoren, Eraikinen Ebaluazio Txosten berri bat egin beharko da eraikinaz, oraingoan “gai” kalifikazioa lortzeko. Atzemandako akatsak larriak edo orokorrak direnean, erabiltzaile edo oinezkoentzako arriskurik eragin gabe halere, eta horiek konpontzeko lanak gehienez ere urtebetean egiteko modukoak badira, kalifikazioa “ez-gai, aldi baterako” izan daiteke. Lanak amaitu ondoren, ebaluazio berria jarduketaren xede diren elementuetara mugatu daiteke, eta horiek behar bezala egin direla egiaztatuko da, Eraikinen Ebaluazio Txosten berri oso bat egin beharrik gabe.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.2 artikuluak ezartzen duenez, udalek eta, kasua bada, gainerako erakunde eskudunek aginduko dute, ofizioz edo interesdun batek eskatuta, eraikinek segurtasun, osasun, itxura publiko eta bizigarritasun baldintza egokiak izateko behar diren lanak egin daitezen, eta, horrekin batera, horretarako epea adieraziko dute; hortaz, eraikinaren jabeek ebaluazio txostena eskuratu ondoren, kasuan kasuko udalari igorriko diote, nahitaezko konponketak egin direla frogatzeko. Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak Eraikinen Ebaluazioen Erregistro Orokorra sortu eta kontserbatuko du, udal erregistro guztietarako oinarri gisa erabiliko dena eta udalei aukera emanen diena bakoitzaren mugapean egindako ebaluazioak kontrolatzeko eta eraikinen jabeei ebaluazioa egin dezatela eskatzeko, eskatu beharrekoetan. Ebaluazio txostenak erregistro orokor horretan inskribatzeko, baliabide telematikoak erabiliko dira soilik, ulertzen baita udalek badituztela inskripzio telematikoa erabiltzen aritzen diren eta horretarako gaitasun profesionala duten langileak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearekin bat. Arrazoi beragatik, teknikari eskudunek ere zeregin horretarako sortuko den aplikazio informatikoa erabiliz egin beharko dute txostena.

Etxebizitzen erosleek edo errentariek ebaluazio txostenaren kopia eska diezaiokete saltzaileari edo errentatzaileari, eraikinak txosten hori izan behar duen kasuan. Kopia ukatuz gero, eskatzaileak argibideak eska ditzake kasuan kasuko udaletxean edo etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuan.

3

Esandako guztia gauzatzeko bitartekoak izateko, foru dekretu hau hamahiru artikuluz, bi xedapen gehigarriz, bi xedapen iragankorrez eta hiru azken xedapenez osatutako lau kapitulutan garatzen da.

Horiek horrela, Sustapeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 12ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Honakoak dira foru dekretu honen xedeak:

1. Eraikinen Ebaluazio Txostena arautzea, Birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legean ezarritako betebeharraren ondorioz egin behar dena, alegia.

2. Etxebizitza-eraikinen parkearen kontserbazioari eta zaharberritzeari laguntzea, baita egungo hiri-bilbeen oneratzeari eta berritzeari ere, haien segurtasuna, osasuna eta irisgarritasuna bermatuz, erabiltzaileentzat arriskurik izan ez dadin, eraikinak, ahal den neurrian, ez hondatzeko, eta eraikinen eraginkortasun energetikoaren berri izateko.

3. Nafarroako Foru Komunitatean nahitaezkoak diren ebaluazioen programa onestea.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

1. Foru dekretu hau bizitegietarako eraikin kolektiboaren tipologia dutenei aplikatuko zaie, hau da, bizitza bat baino gehiago dutenei, eraikinean, horrekin batera, beste erabilera batzuk ere egon arren. Tipologia horretan sartuko dira, halaber, pertsona talde batek, familia osatu gabe, okupatu edo bizitzeko erabiltzeko direnak ere, zerbitzuak partekatzen eta denontzako araubide baten menpe, esate baterako, hotelak edo egoitzak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, kontuan hartuko da zenbat bizigarritasun-zedula dauden indarrean kasuko eraikinean, eta, horrez gain, katastroan sartutako etxebizitza kopurua.

2. Ez dira dekretuaren esparruan sartzen familia bakarreko etxebizitzak, hau da, bakartuak edo horizontalki elkar atxikiak, beheko solairuan garaje edo trasteleku mankomunatuak partekatzen badituzte ere. Ez dira familia bakarreko etxebizitzatzat hartuko goitik behera elkarren gainean daudenak, bakoitzak bere sarbidea badu ere.

3. artikulua . Eraikinen Ebaluazio Txostenaren nahitaezko izaera.

1. Ebaluazioa egin beharko da berrogeita hamar urte edo gehiago dituzten bizitegitarako eraikin kolektibo guztietan. Horretarako, eraikin baten adina frogatzeko bide hauek erabiliko dira: etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazioa jaso zuen data, katastroko edo jabetza erregistroko inskripzioaren data, bizigarritasun zedula eman zeneko data, obra amaierako ziurtagiriarena edo zuzenbidean balioa duen beste edozein agirirena. Egiaztagiri bat baino gehiago daudenean eta horietan data desberdinak ageri baldin badira, foru dekretu honen ondorioetarako adina zehazteko, haien arteko lehentasun ordena idatz-zati honetan jasotako berbera izanen da.

2. Zaharberritze babestuaren kalifikazioa jaso nahi duten zaharberritze proiektu guztiek, baldin eta haien helburuak baldin badira egitura sendotzea, eraikina pertsona guztientzako irisgarritasunari eta diseinuari buruzko berariazko araudira osotara egokitzea edo eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzea, eraikinaren ebaluazio txostena erantsi beharko dute proiektua idatzi aurretik edo aldi berean.

3. Edozein modutan ere, aipatutako adina oraindik ez duten eraikinetan, aurretik egindako ebaluazioaren indarraldia amaitu gabe dutenetan edo Ebaluazio Txostena egiteko beharkizuna izateko foru dekretu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenetan ere udalek edo etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuak Eraikinen Ebaluazio Txostena egiteko betebeharra ezar dezakete, baldin eta egitura edo eraikuntzako ageriko akatsak baldin badituzte, edo instalazioetan, eta haiek eraikinaren barrenean nahiz bide publikoan pertsonentzat arriskuak ekar baditzakete.

4. Aurri egoeran deklaratutako eraikinek ez dute ebaluazioa egin beharrik izanen, ezertan ukatu gabe deklarazio horrek eragindako betebeharrak.

5. Eraikin baten ebaluazioa egiteko betebeharra haren jabeei dagokie, edozein dela ere eraikinaren jabetza araubidea; ebaluazioa teknikari eskudunei eskatu beharko diete, eta eraikinean eta bertako etxebizitza eta lokaletan sartzen utzi.

6. Ebaluazioa egiteko betebeharra ez duten eraikinen jabeak, nolanahi ere, beharturik daude mantentze eta kontserbazio lanak egitera, hain zuzen ere, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean, xedapen teknikoetan, hirigintzaren arlokoetan, ondare arkitektonikoari buruzkoetan eta hala eskatzen duten beste guztietan ezarritakoak.

7. Etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuak datu base bat sortuko du, eta bertan erregistratuko ditu Foru Komunitateko eraikin guztiak, adierazirik bakoitza eraiki zeneko data, aurreneko Ebaluazio Txostena egiteko betebeharra sortu zenekoa, bai eta indarraldia amaitu ahala egindako txosten guztien datak ere. Datu base hori udalek kontsultatu dezakete, Estatuko oinarrizko legerian ezarritako betebeharrak eta foru dekretu honetan araututakoak betetzeko.

4. artikulua . Ebaluazio Txostenaren eragineremua.

1. Ebaluazioak eraikin osoa hartuko du, bai guztientzako elementuak, bai haren baitan dauden etxebizitzak edo lokalak. Jabetza horizontaleko araubidearen menpeko eraikinen kasuan, atari bat baino gehiago dutenean eta atari horiek beren jabeen elkarte independentea dutenean, elkarte edo atari bakoitzak ebaluazio bat izan dezake.

Kasu guztietan solairu guztiak sartuko dira, zimenduetatik hasita eraikinaren teilaturaino, nahiz eta haietakoren batek gainditzen badu ere eraikinaren eremua, esate baterako garaje mankomunatuak edo bizitegietarako ez beste zerbaitetarako erabiltzen diren solairuak.

2. Ebaluazioaren ardura duen teknikariak sartzerik ez badu etxebizitza edo lokal guztietara, hala dela jaso beharko du txostenean, eta adierazi horrek mugatzen duen edo ez txostenaren eduki teknikoa eta txostenak balio duen edo ez eraikin osorako.

3. Eraikinaren ebaluazioan alderdi hauek sartuko dira:

a) Eraikinaren egoera orokorra, haren egitura eta eraikuntza elementuena, eta, haien gaineko araudi sektorialaren arabera, ikuskapen tekniko berariazkorik behar ez duten instalazioena; zentzumenen bidez atzeman ditzaketen patologiak edo akatsak jasoko ditu.

Ikuskapen tekniko berariazkoa behar duten instalazioen kasuan, eraikinaren ebaluazioa egiten duen teknikariaren lana izanen da, soilik, jabeei edo administratzaileei eskatzea instalazio bakoitzaren eskakizunak betetzen direla frogatzen duten mantentze-lanen kontratuak, buletinak, txostenak edo bestelako agiriak aurkez ditzatela.

Ez da ebaluazioaren xedea agerian ez dauden akatsak edo kalteak detektatzea, ez eta zehaztea zein den atzemandako patologien jatorria ere, bai, ordea, aurrediagnostiko bat egitea horien arrazoi posibleei buruz. Atzemandako patologia baten edo gehiagoren larritasuna zehazteko, ebaluazioaren egileak beharrezkotzat jotzen badu, jabeei proposatuko die peritu-txosten bat edo txosten tekniko bat egitea, ebaluazioaren egileak berak edo beste teknikari batek, horrela puntu hauei buruzko diagnostiko zehatz bat izateko: kalteak, haien jatorria, zuzentzeko modua eta, zaharberritzeko proiektu baten premia, halakorik bada.

b) Eraikinaren irisgarritasuna eta Eraikuntzaren Kode Teknikoan (OD-ESI) eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasunari eta diskriminazio ezari buruzko araudian xedatutakoa urratzen duten elementuen zerrenda. Eraikina teknikoki irisgarritasunik gabekoa bada, eraikineko irisgarritasun baldintzak zentzuzko egokitzapenak eginez eta proportziorik gabeko zama izan gabe hobetu ote daitezkeen zehaztuko da, Birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legean ezarritako moduan. Eraikinean zentzuzko egokitzapenak egiteko modua baldin badago, txostenean adieraziko dira.

c) Eraikinaren eraginkortasun energetikoaren egiaztagiria, araudi indardunak horretarako ezarritako edukiarekin eta prozedurarekin. Eraikinak eraginkortasun energetikoaren ziurtagiri balioduna baldin badu, eta eraikinaren edo instalazioen ezaugarri energetikoetan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da ziurtagiri hori eranstea; bestela, ziurtagiri berria egin beharko da.

II. KAPITULUA. EBALUAZIOA EGITEN DUTEN TEKNIKARIAK ETA TXOSTENAREN EDUKIA

5. artikulua . Ebaluazioa egiten duten teknikariak.

Osotara hartzen diren etxebizitza-eraikinak direnez, ikuskapen tekniko berariazkorik behar ez duten instalazioak alde batera utzita, Eraikinen Ebaluazio Txostena arkitektoaren titulazioa duen teknikari batek eginen du, edo arkitekto teknikoaren lanbidean aritzen diren tituludunek, galarazi gabe Estatuko oinarrizko legeriak gaitasun profesionalen arloan ezarritakoa, eta, betiere bermatuta txostenaren independentzia, inpartzialtasuna eta objektibitatea. Baldintza horiek Eraikuntzaren Kalitate Kontrolerako entitateei edo txostena idatziko duten beste sozietate batzuei ere eskatuko zaizkie, eta txostena, kasu guztietan, teknikari eskudun batek sinatu beharko du.

6. artikulua . Eraikinen Ebaluazio Txostena.

1. Ebaluazioaren emaitza hura egin duen teknikari eskudunak emandako txostenean jasotakoa da, eta bertan eraikinaren ezaugarri orokorrak identifikatu eta deskribatuko dira, eta, horrez gain, honakoak: haren egoera orokorra, foru dekretu honen 4.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz; atzemandako akatsak, haien kalifikazioa eta mugatuak edo orokorrak diren adierazita; akatsak zuzentzeko epea eta eraikinaren amaierako kalifikazioa, atzemandako akatsen araberakoa, foru dekretu honetan bildutako moduan.

2. Eraikinaren Ebaluazio Txostena etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak sortutako aplikazio informatikoa erabiliz eginen da, ezarriko den eredu normalizatuaren arabera.

7. artikulua . Akats eta patologien kalifikazioa.

Ebaluazioan atzeman, eta txostenean jasotzen diren akatsek eta patologiek, denborak edo beste arrazoi batzuek eragindakoak direnek, kalifikazio bat jasoko dute haien garrantziaren eta hedaduraren arabera, irizpide hauek kontuan hartuz:

1. Patologiaren edo akatsaren garrantziaren arabera:

a) Oso akats larriak. Haien garrantzia dela eta, agertzen direneko eraikuntza-elementuaren egonkortasuna arriskuan jartzen dute eta eraikin osoan ezegonkortasuna eragiten, edo arriskua, bertan bizi direnentzat edo oinezkoentzat, eta, horrexegatik, berehala zuzendu behar dira.

Akatsak behin betiko konpontzeko hartu beharreko neurriak eta horretarako epea jaso beharko dira txostenean, bai eta behin-behineko eta presako neurriak ere, horien bidez bermatu beharko baita elementuaren egonkortasuna patologiei eta haien jatorriari buruzko txosten zehatza, konponketako proiektua eta beharrezkoak diren lanak egin bitartean.

b) Akats larriak. Ez dute berehalako arriskua sortzen eraikinaren egonkortasunari begira, ez eta bertan bizi direnentzat edo oinezkoentzat ere, baina txostenean ezartzen den epean konpondu behar dira. Akatsak konpontzeko beharra akatsaren beraren garrantziaren araberakoa izanen da, bi arrazoirengatik: akatsa ez da larria, baina pentsatzekoa da urtebete iragan aurretik oso larria bihurtuko dela, edo aurreikusten da bere horretan uzteak elementua pixkanaka hondatzea ekarriko duela, eta, ondorioz, ezegonkortasun handiko egoera bat edo egoera osasungaitz bat sortuko duela ebaluazioaren indarraldian.

Haien berariazko araudiaren arabera ikuskapena eta/edo mantentze-lanak behar dituzten instalazioei dagokienez, akats larritzat joko da nahitaezko kontrol horiek araudi sektorialak ezartzen dituen epeetan ez egitea.

Akats larritzat hartuko dira, halaber, eraikineko elementu komunetan zirkulatzean arriskua sortzen dutenak eraikinaren erabiltzaileentzat, horiek desgaitasuna izan edo ez.

c) Akats arinak. Haien garrantziagatik edo aurreikusitako bilakaeragatik larrien edo oso larrien kalifikazioa jaso ez dezaketenak, baina haiek konpontzea beharrezkoa bada eraikinaren mantentze egokirako, pixkanaka hondatuz joan ez dadin.

2. Hedaduraren arabera, patologia edo akatsen kalifikazioa hauxe izanen da:

a) Orokorrak. Haien larritasuna zein den ere, akatsak orokorrak izanen dira kasuan kasuko eraikuntza elementuaren (fatxada, estalkia, eskailerak, zurajea, eta abar) azaleraren erdiari baino gehiagori eragiten diotenean, non ez den elementu bakan bat eta garrantzi gutxikoa eraikin osoarekiko.

b) Mugatuak. Kasuan kasuko elementuaren azaleraren erdiari baino gutxiagori eragiten dioten akatsak dira, edo, bestela, azalera handiago bati edo elementu osoari eragiten badiote ere, elementuaren garrantzia eraikin osoarekiko txikia bada.

8. artikulua . Eraikinaren kalifikazioa.

Txostenean jasotako akatsen kopurua, larritasuna eta hedadura kontuan hartuta, eraikin osoari kalifikazio hauetako bat emanen zaio: “gai”, “gai, akats arinekin”, “ez gai aldi baterako” edo “ez gai”:

a) Eraikina “gai” izanen da txostenean adierazi beharreko akatsik bat ere ez badu.

b) Eraikinak “gai, akats arinekin” kalifikazioa izanen du horrelako akatsak baldin baditu, soilik eraikinaren mantentze-lanei eragiten dietenak eta Eraikinaren Ebaluazio Txostenaren indarraldian zuzentzeko modukoak badira.

c) Eraikinari “ez gai aldi baterako” kalifikazioa emanen zaio ebaluazio txostenean akats larriak jaso direnean, eta horiek konpontzeko urtebetetik beherako epe luzaezina ezarri denean txostenean bertan, betiere akats horiek ez badute ekartzen arriskurik eraikinaren erabiltzaileentzat nahiz oinezkoentzat.

“Gai” edo “gai, akats arinekin” kalifikazioa eskatutako konponketak eginik daudela egiaztatzen denean emanen da, akatsak ezarritako epean konponduta daudenean eta hasierako txostenean jasotako akatsak baizik hartuko ez duen ebaluazio berri bat egin ondoren.

d) “Ez gai” kalifikazioa emanen zaio oso akats larriak dituen eraikinari. Zuzentzeko urtebetetik gorako epea behar duten akatsak dituen eraikinaren kalifikazioa ere “ez gai” izanen da. Akatsak zuzentzeko txostenean ezarritako epea iraganik, ebaluazio txosten berria egin beharko da.

III. KAPITULUA. ERAIKINAREN EBALUAZIO TXOSTENAREN ONDORIOAK.

9. artikulua . Eraikinaren Ebaluazio Txostenaren indarraldia eta hura berritzea.

1. Eraikinen Ebaluazio Txostenak hamar urteko indarraldia izanen du erregistroan sartzen den egunetik hasita, salbu eta txostena izenpetu zenetik erregistroan sartu arte 6 hilabete baino gehiago iragan badira, kasu horretan teknikariak txostena izenpetu duen egunean hasiko baita epea. 10 urteko epe hori murriztu daiteke ebaluazioaren ondotik gertatutakoek aldatzen edo okerragotzen dituztenean indarreko txostena eman zen unean eraikinak zituen baldintzak (segurtasuna, osasuna, irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa eta kanpoko itxura); halakoetan, eraikinaren jabeak akats berriak konpontzera edo ebaluazio berri bat egitera beharturik egonen dira.

Udalek, ofizioz nahiz alde batek eskatuta, adieraz dezakete Eraikinaren Ebaluazio Txostenak zegokion baino lehenago galdu duela indarra, ebaluazioaren ondoko gertaerak direla eta.

2. Ebaluazioa egin beharra duten eraikin guztiek indarreko txosten bat izan beharko dute, eraikinari kalifikazio hauetako bat ematen diona: “gai” edo “gai, akats arinekin”.

Txostena berritzen denean, ulertuko da ebaluazio berria egiteko beharko den denborarako luzatu dela aurrekoaren indarraldia, betiere indarra galdu zuenetik urtebete baino gehiago iragaten ez bada.

3. Haien eraikina gai dela dioen txostena duten jabeek, nolanahi ere, legez ezarritako mantentze eta kontserbaziorako betebehar guztiak izanen dituzte.

10. artikulua . Eraikinen Ebaluazio Txostenaren destinoa.

1. Ebaluazioa egin behar duen teknikariak etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak sortutako aplikazio informatikoa erabiliko du horretarako, eta behin txostena amaituta sinadura digital baliodunarekin izenpetu beharko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Horretarako, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak sarbide bat emanen die ebaluazioa egin behar duten teknikariei aplikazio informatiko horretan sartzeko, etxebizitzaren arloko informazioari buruzko web orrian, helbide elektroniko honetan: www.vivienda.navarra.es., profesionalentzako atalean.

Txostena izenpetu ondoren, teknikariak jabeari edo jabeen ordezkariari emanen dizkio izenpetutako txostena erabiltzeko bide ematen duten sarbide kodeak, bai eta txostenaren kopia bat ere, eskatzen badu.

Txostenak adierazten badu patologia edo akats oso larriak daudela, pertsonentzat berehalako arriskua ekar dezaketenak, hura izenpetu duen teknikariak txostenean aurreikusi beharko ditu foru dekretu honen 7. artikuluan eskatutako behin betiko edo behin-behineko neurriak, eta txostena udalari igorri beharko dio lehenbailehen. Arriskua oso berehalakoa izateagatik, neurriak segituan hartu behar badira, eta udalari jakinarazterik ez badago, su-itzaltzearen arloan eskumena duen departamentuari emanen zaio egoeraren berri.

2. Eraikinaren Ebaluazio Txostena eraikinaren liburuan sartuko da, halakorik bada, edo, ez badago, liburu hori osatuko duen lehen agiria izanen da, eta akatsak zuzentzeko beharrezkoak diren txostenak eta proiektuak ere gehituko zaizkio.

3. Ebaluazio txostena nahitaez izan behar duen eraikin bateko etxebizitzak eskualdatzean, erosleak edo errentariak txostenaren kopia eska dezake, bizigarritasunaren zedularekin batera.

4. Jabeak edo haren ordezkariak eraikina kokaturik dagoen udalari igorriko dizkio ebaluazio txostenaren jatorrizko agiri digital balioduna ikusteko pasahitzak, eta erregistroan sartzeko eskatuko dio; halere, udal eskudunak txostena aurkezteko beste bide batzuk ezarri ahal ditu.

Ebaluazio txostena erregistroan sartzeko eskabidea jaso ondoren, udalak bi hilabeteko epean, gehienez ere, sartuko du txostena horretarako sortutako erregistroan.

11. artikulua . Eraikinen Ebaluazio Txostenaren eskakizunak betetzea.

1. Eraikinaren Ebaluazio Txostenean eskatutako epean, “gai” edo “gai, akats arinekin” kalifikazioa lortzen duten jabeen kasuan, foru dekretu honen eskakizunak betetzeak ondorio hauek izanen ditu:

a) Txostenaren bidez, egiaztatuko dute betetzen dituztela Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeak eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak eraikinaren jabeak diren aldetik eskatzen dizkien betebeharrak, baina, betiere, ebaluazio txostenaren indarraldian eraikinean beharrezkoak diren mantentze-lanak egiteko beharkizunarekin.

b) Zaharberritzeko lanak egin ahalko dituzte, babesteko moduko jarduketarako zaharberritze babestuaren kalifikazioa eskatu eta jaso ondoren, haren gaineko araudian aurreikusten diren kasuekin bat.

2. Foru dekretu honen zehaztapenak betetzera beharturik egon, eta betetzen ez dituzten eraikinen jabeen kasuan, ondorioak egindako arau-haustearen izaeraren araberakoak izanen dira:

2.1. 2.1 Eraikinaren Ebaluazio Txostena izatera beharturik egon, eta eskuratu ez dutenentzat ondorio hauek izanen ditu, lege zibilak edo penalak aplikatzeak ekar ditzakeenez gain:

a) Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 16. artikulua, jabeen eta erabiltzaileen betebeharrei buruzkoa alegia, ez betetzeak ekar ditzakeenak.

b) Udalak edo etxebizitzaren arloan eskuduna den departamentuak eraikinaren jabeei ebaluazioa egiteko eskatu, eta jabeek betetzen ez badute, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87. artikuluan erabilera, kontserbazio eta zaharberritzeaz ezarritako betebeharrak urratzen ari direla ulertuko da, eta foru lege horren 212. artikuluan, 12. idatz-zatian, aurreikusitako arau-hauste larriaren egiletzat hartu ahal dira; gainera, eraikina aurri-egoeran deklaratu ahalko da, foru lege horren beraren 196. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskatutako baldintzak betetzen badira.

c) Ez dute zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa eskatzerik izanen.

d) Udalak, interesdunei ohartarazi ondoren, nahitaez betearaziko du, hertsatzeko isunak jarriz eta/edo betearazpen subsidiarioaren bidez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

e) Eraikinaren tipologia bizitegitarako eraikin kolektiboarena baldin bada, foru dekretu honetan aurreikusitako moduan, baina haren erabilera nagusia ez bada etxebizitzarena, adibidez, hotel eta egoitzen kasuan, erabilera horiek arautzeko eskumena duen departamentuak, bere araudia aintzat hartuz, dagozkion neurriak hartu ahalko ditu.

f) Aplikatzekoak diren araudi orokorrak eta sektorialak ezarritako neurri guztiak.

2.2. Ebaluazioa egin ondoren, txostenean eraikinari ematen zaion kalifikazioa “ez gai” edo “ez gai aldi baterako” baldin bada, bertan ezarritako epeetan akatsak zuzentzeko ekintzak eta lanak bete ez izanak ondorio hauek izanen ditu, lege zibilak edo penalak aplikatzeak ekar ditzakeenez gain:

a) Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 16. artikulua, jabeen eta erabiltzaileen betebeharrei buruzkoa alegia, ez betetzeak ekar ditzakeenak.

b) Arau-hauste larri bat izanen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 212. artikuluaren 12. idatz-zatian aurreikusitakoa, edo, subsidiarioki, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 66.3 artikuluan aurreikusitako arau-hauste oso larri bat.

c) Udalak, interesdunei ohartarazpena egin ondotik, nahitaez betearaziko du, hertsatzeko isunak jarriz eta/edo betearazpen subsidiarioaren bidez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

d) Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak, txostenean jasotako akatsak larriak, arriskutsuak edo osasungaitzak direla kontuan harturik, espedientea ireki dezake eraikineko etxebizitzen bizigarritasun zedulek dagokien baino lehenago indarra galtzeko aukeraz, halaxe xedaturik baitago Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren 12. artikuluan.

e) Etxebizitzarenak ez diren eta foru dekretu honen aplikazio esparruan sartuta dauden beste erabilera batzuen eskumena duten departamentuek kasuan kasuko espedienteak ireki ahalko dituzte, eta horiek jarduera etetea ere ekar dezakete.

f) Aplikatzekoak diren araudi orokorrak eta sektorialak ezarritako neurri guztiak.

IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ERAIKINEN EBALUAZIOEN ERREGISTRO OROKORRA

12. artikulua . Nafarroako Eraikinen Ebaluazioen Erregistro Orokorra.

1. Etxebizitzaren arloan eskuduna den departamentuak Nafarroako Eraikinen Ebaluazioen Erregistro Orokorra sortuko du, arlo hau xede duten udal erregistro guztien oinarri izan dadin.

2. Nafarroako Eraikinen Ebaluazioen Erregistro Orokorrak xede hauek izanen ditu:

a) Udalei ematea Nafarroako Gobernuak duen informazio bera, beren eskumeneko datuen berri izan dezaten eta beren lurralde eremuan sartu beharreko eraikinen ebaluazioen mantentze-lanak egin ditzaten.

b) Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak datu base gisa baliatzea. Horretarako, departamentu horrek kontsultatu ahalko du erregistroan dagoen informazioa, egindako ikuskapen guztiei eta haien emaitzei buruzkoa, Nafarroako etxebizitza-parkearen egoerarekin zerikusia duen informazioa izateko, eta, horretan oinarrituta, bere eskumeneko planak edo jarduketak egiteko.

c) Profesionalei eta, zeharka, herritarrei ere, laguntza ematea Eraikinen Ebaluazio txostenak egiteko.

d) Zaharberritzeko premia duten eraikuntzen, eraikinen, etxebizitzen eta lokalen zentsuak elikatzea, hain zuzen ere, Birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen lehen xedapen gehigarrian aipatzen direnak. Era berean, Eraikinen Ebaluazioen Erregistro Orokorra Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrean sartuko da, hura ezartzen denean.

3. Artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak aplikazio informatiko bat jarriko du udalen, herritarren eta profesionalen eskura, Eraikinen Ebaluazio txostenak egiten eta ondoren aurkezten eta erregistratzen laguntzeko; txosten horiek osatuko dute Nafarroako Eraikinen Ebaluazioen Erregistro Orokorra. Horretarako, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak sarbidea emanen du aplikazio informatiko horretan eta erregistroan sartzeko, etxebizitzaren arloko informazioari buruzko web orrian, helbide elektroniko honetan: www.vivienda.navarra.es.

13. artikulua . Eraikinen Ebaluazio Txostena Erregistro Orokorrean inskribatzea.

1. Foru dekretu honen 10.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, jabeak edo jabeen ordezkariak ebaluazioaz arduratu den teknikariak izenpetutako txostena erabiltzeko kodeak eskuratu dituenean, dagokion udalari ebaluazio txostena Erregistroan inskribatzeko eskatu beharko dio.

2. Gero, eraikinaren jabeek edo haien ordezkariak emandako kodea sartuko du udalak, eta eraikinaren ebaluazio txostena inskribatu beharko du Erregistro Orokorrean, horretarako prestatuko den aplikazio informatikoa erabiliz.

Lehen xedapen gehigarria.-Zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa jasotzeko eskaerei aplikatu beharreko baldintza.

50 urte edo gehiago dituzten etxebizitzen zaharberritze babestuaren behin-behineko eskabidea 2015eko uztailaren 1etik aurrera aurkeztuz gero, Eraikinaren Ebaluazio Txostenaren kopia aurkeztu beharko da.

50 urte baino gutxiagoko eraikin edo etxebizitzen kasuan, zaharberritze babestuaren eskaera egin nahi izanez gero foru dekretu honen 3. artikuluan eta lehen xedapen iragankorrean xedatutakoa bete beharko da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoen txosten teknikoak (EZABU).

Kasuan kasuko udalak zehaztutako esparruetan eta hark zehaztutako jarraibideekin, Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoek txosten teknikoak egiten ahalko dituzte, eta horiek orientabide gisa baliatu lurzoruari eta eraikuntzari buruzko Estatuko legerian eta lurralde antolamenduari eta hirigintzari buruzko legeetan zehaztutako hiri inguruneko jarduketak gauzatzeko, bai eta foru dekretu honetan ezarritako eraikinen ebaluazio txostenak ere egiteko.

Lehen xedapen iragankorra.-Eraikinen Ebaluazio Txostenaren betebeharra pixkanaka ezartzeko programa.

1. Eraikin baten adina foru dekretu honen 3. artikuluan ezarritako moduan frogatuko da.

2. Eraikinaren Ebaluazio Txostena edukitzeko betebeharra.

Eraikinen jabeek edo jabeen elkarteek Ebaluazio Txostena eduki behar dute egoera eta epe hauetan:

a) Bizitegitarako eraikin kolektiboen kasuan, 2013ko abenduaren 31n 100 urte edo gehiago zituztenek eraikinaren ebaluazioa egin beharko dute, eta txostena 2017ko urtarrilaren lehena baino lehen izan.

b) Bizitegitarako eraikin kolektiboen kasuan, 2013ko abenduaren 31n 50 urte edo gehiago zituztenek eraikinaren ebaluazioa egin beharko dute, eta txostena 2018ko urtarrilaren lehena baino lehen izan.

c) Bizitegitarako eraikin kolektiboen kasuan, 2014ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra bitarte 50 urte betetzen badituzte, eraikinaren ebaluazioa egin beharko dute, eta txostena 2019ko urtarrilaren lehena baino lehen izan.

d) Bizitegitarako eraikin kolektiboen kasuan, 2017ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitarte 50 urte betetzen badituzte, eraikinaren ebaluazioa egin beharko dute, eta txostena 2020ko urtarrilaren lehena baino lehen izan.

e) Bizitegitarako eraikin kolektiboen kasuan, 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitarte 50 urte betetzen badituzte, eraikinaren ebaluazioa egin beharko dute, eta txostena 2021eko urtarrilaren lehena baino lehen izan.

f) Bizitegitarako eraikin kolektiboen kasuan, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera betetzen badituzte 50 urte, eraikinaren ebaluazioa egin beharko dute, eta txostena adin horretara iritsi diren egunetik urtebete iragan baino lehen izan, foru dekretu honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa 2015eko uztailaren 1etik aurrera eskatzen duen bizitegitarako eraikin mota guztiek, baldin eta lanen helburuak baldin badira egitura sendotzea, eraikina pertsona guztientzako irisgarritasunari eta diseinuari buruzko berariazko araudira osotara egokitzea, edo eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzea, eraikinaren ebaluazioa zaharberritzeko proiektua egin aurretik edo aldi berean egin beharko dute.

Bigarren xedapen iragankorra.-Eraikinen ikuskapen teknikoen eta Eraikinen Ebaluazio Txostenen balioa.

Hipoteka-zordunei laguntzeko neurriei buruzko, gastu publikoa kontrolatzeari eta tokiko erakundeek enpresekin eta autonomoekin hartutako zorrak kitatzeari buruzko, eta enpresa-jarduera sustatzeari eta birgaitzea bultzatzeari buruzko uztailaren 1eko 8/2011 Errege Lege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz ikuskapen teknikoa egina duten eraikinak ez dira beharturik egonen Eraikinaren Ebaluazio Txostena izatera ikuskapenak indarra duen denboran, betiere epe hori hamar urtekoa edo laburragoa bada.

Era berean, ez dute eraikinaren ebaluazio txosten berririk egin beharko foru dekretu honek indarra hartu aurretik txostena zuten eraikinek, indarraldian egonez gero, indarraldi horren lehen egunetik urtebeteko epean gehienez ere aurkezten badute Erregistro Orokorrean, inskribatzeko. Inskribatzeko eskabidea aipatutako epean egin ezean, Eraikinaren Ebaluazio Txostena ez dela egin ulertuko da.

Azken xedapenetan lehena.-Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren aldaketa.

Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak testu hau izanen du:

Bat. Honela geratzen da idatzita 27. artikuluko 3. idatz-zatiko hirugarren lerrokada:

“Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren sozietate instrumental baten jabetzakoak diren etxebizitza babestuen adjudikazio hartzaileek artikulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzen ahalko dituzte eskuratzaileei lehen eskualdaketan eskatzen zaizkien baldintzak betetzen badituzte. Etxebizitza horiek, libreak nahiz babestuak izan, errentamendurako erabiltzen badira, errentariek hurrengo artikuluan aurreikusitako laguntzak jasotzen ahalko dituzte. Laguntza horiek eskatzen ahalko dituzte, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren sozietate instrumental baten bidez alokatzen diren etxebizitzen errentariek, hala erabakitzen bada, edo Etxebizitza Sozialaren Foru Funtsarenak errentan hartzen dutenek, hura arautzen duen foru aginduan halaxe xedatzen bada”.

Bi. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen iragankorrak testu hau izanen du:

“Zazpigarren xedapen iragankorra.-Etxebizitza Sozialaren Foru Funtsa.

1. Etxebizitzaren arloan eskuduna den kontseilariaren foru agindu bidez Etxebizitza Sozialaren Foru Funtsa sortuko da; gizarte integrazioko etxebizitzak errentan emateari buruz foru dekretu honetan aurreikusitakoak arautuko du funts hori.

2. Foru agindu horretan honako alderdi hauek ezarriko dira gutxienez:

a) Etxebizitza Sozialen Foru Funtsa osatzen ahal duten etxebizitzak zehaztea.

b) Errentariak eskudirutan eman beharreko fidantzaz bestelako errentamendu baldintzak betetzen dituelako bermea, horretarako banku-abala aurkeztuta edo Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak baimentzen duen moduan.

c) Onuradunak funtsari atxikitako etxebizitzen errentari izaten jarraitzeko araubidea.

d) Etxebizitzaren errentamenduagatik ordaindu beharreko errenta zehaztea.

3. Foru aginduaren proiektua Nafarroako Gobernuak sortutako Etxegabetzeen arloko Arreta Batzordeari igorriko zaio azter dezan”.

Hiru. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuari zortzigarren xedapen iragankorra gehituko zaio, eta testu hau izanen du:

“Zortzigarren xedapen iragankorra.-Etxebizitza babestuaren behin-behineko kalifikazioa jaso duten espedienteetako lanak amaitzeko gehieneko epea.

Etxebizitza babestuen kalifikazioari buruzko espedienteak, Eraikinen Ebaluazio Txostena arautzen duen foru dekretuak indarra hartzean behin betiko kalifikaziorik ez dutenak foru dekretu honen 24.1 artikuluan ezarritako epeekin tramitatzen ahalko dira, baldin eta lanak egiteko gehieneko epea ahitu gabe baldin badute. Epe horiek 24.1 artikuluan xedatutakoarekin bat kontatuko dira, eta ez betetzeak diru-laguntza ukatzea ekarriko du, kasua bada”.

Lau. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuari bederatzigarren xedapen iragankorra gehituko zaio, eta testu hau izanen du:

“Bederatzigarren xedapen iragankorra.-Errentamendurako diru-laguntza eta gizarteratzeko alokairuaren errenta eskuratzeko gutxieneko diru-sarrerak.

1. Eraikinen Ebaluazio Txostena arautzen duen foru dekretuak indarra hartzen duenetik 2017ko abenduaren 31ra arte, babes ofizialeko etxebizitzak eta Alokairuaren Poltsan dauden etxebizitzak errentan hartzeko kontratuak berritzean edo luzatzean ez da gutxieneko diru-sarrerarik eskatuko diru-laguntzak eskuratzeko.

2. Era berean, aurreko atalean adierazitako epean, babes ofizialeko etxebizitzak eta Alokairuaren Poltsan dauden etxebizitzak errentan hartzeko kontratuak berritzean edo luzatzean errentaren %75eko diru-laguntza jasotzen ahalko da urteko ordainketa berrirako, bi baldintza hauek betez gero: errentariak bazterketa soziala pairatzeko arriskuan egotea, haien egoera pertsonala, lanekoa edo ekonomikoa gerora okerragotu delako, eta gaitasun ekonomikoa frogatzeko eskatzen den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenean okerragotze hori ez agertzea.

Horretarako, maizterrek txosten sozial bat aurkeztu beharko diote enpresa errentatzaileari, errentan hartutako etxebizitza kokatuta dagoen lurralde esparruko oinarrizko gizarte zerbitzuak egina, diru-sarreren uneko egoera justifikatzen duen dokumentazioarekin batera. Txosten sozial horrek baloratuko du errentariaren eta berarekin bizi direnen familia unitatea gizartean bazterturik gelditzeko arriskua sortzen duen faktorerik baden. Gizarteratze errentaren hartzailea izanez gero, enpresa errentatzaileari hura ematen duen ebazpena aurkeztea baizik ez da eskatuko. Horrela onartutako diru-laguntza urte baterako baizik ez da eskatuko.

3. Xedapen iragankor honen 1. eta 2. ataletan ezarritako epeak etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez aldatzen ahalko dira”.

Azken xedapenetan bigarrena.-Arau-garapena.

Etxebizitza arloko eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko azaroaren 12an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Sustapeneko kontseilaria, Luis Zarraluqui Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F1415341

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web