(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2014 FORU LEGEA, urriaren 28koa, hein batean aldatzen duena abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

BON N.º 222 - 12/11/2014



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten arauetan lege hutsune bat dago, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat estatu-mailako legeek ezartzen dituzten eskubide guztiak kontuan hartzen ez dituzten heinean.

Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 24. artikuluak honako hau dio: “Genero-indarkeriaren biktima den emakume funtzionarioak eskubidea izango du lanaldia murrizteko edo berriro antolatzeko, lantokiaren mugigarritasun geografikorako eta eszedentziarako, funtzionarioen legeria berezian ezarritakoaren arabera”.

Hura aplikatu eta garatzeko, Nafarroako Parlamentuak 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legean hogeita hirugarren xedapen gehigarria sartu zuen, zeinaren bidez eszedentzia aipagai duen 28. bis artikulua gehitu baitzitzaion Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari.

Beste alde batetik, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan eta apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan arau berriak biltzen dira, genero-indarkeriaren kasuetan lanaldia murrizteari edo berriro antolatzeari dagokionez.

Baina arautu gabe zegoen mugigarritasun geografikoari dagokiona, eta ez da hori gertatzen, esate baterako, Estatuko araudian. Ildo horretatik, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 82. artikuluak honako hau xedatzen du:

“Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, ordura arte lanean ziharduten udalerri horretan zuten lanpostua utzi behar dutenean, dagokien babesa edo gizarte-laguntza integrala benetan jaso dezaten, beste lanpostu batera aldatzeko eskubidea izanen dute; lanpostu horrek kidego, eskala edo lanbide-kategoria bera eta antzeko ezaugarriak izanen ditu, eta ez du zertan izan bete beharreko lanpostu hutsa. Hala ere, horrelako egoerarik gertatzen bada, administrazio publiko eskudunaren betebeharra izanen da pertsona horri jakinaraztea zer lanpostu huts dauden udalerri berean edo interesdunak berariaz eskatzen dituen udalerrietan.

Lekualdaketa hori nahitaezko lekualdaketatzat joko da.

Genero-indarkeriarekin zerikusia duten jarduketa eta prozeduretan biktimaren intimitatea babestuko da; batez ere, bere datu pertsonalak, bere ondorengoenak eta bere zaintza edo babespean den beste edozein pertsonarenak”.

Beraz, bidezko da aipatu arauketa Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen eskubideetan sartzea.

Beste alde batetik, Estatutuan, hasieratik, gutxi dira langileen aldi baterako administrazio-kontratuei buruz dauden arauak, eta ez dira aski administrazio publikoen zerbitzuko langileen kudeaketa egokia eramateko, batez ere gaurko egoeran, salbuespenezko neurriak direla-eta askoz maizago erabili behar izaten baitira administrazio-kontratuak. Horregatik guztiagatik, kudeaketa hobetzeko zein kontratudunen eskubideak bermatzeko, bidezko da arauketa hori osatzea.

Artikulu bakarra.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen da. Hona testu berria:

Bat. 35. bis artikulu berria gehitzen da. Testu hau izanen du:

“35.bis. artikulua. Emakumearen aurkako indarkeriaren ondoriozko mugigarritasuna:

Genero-indarkeriaren biktima den Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko emakume enplegatuak utzi behar izan badu lan-zerbitzuak ematen zituen herria, horrela bere babesa edo gizarte-laguntza integralerako eskubidea gauzatzeko, bere lan-kategoriakoa den beste lanpostu bat betetzeko lehentasunezko eskubidea izanen du. Lanpostuak ez du izan behar derrigorrez bete beharreko lanpostu hutsa, eta enplegatuaren lansariak ere ez du inolako murrizketarik izanen.

Horrelako egoera gertatzen bada, organo eskudunaren betebeharra izanen da pertsona horri jakinaraztea zer lanpostu huts dauden udalerri berean edo interesdunak berariaz eskatzen dituen udalerrietan.

Lekualdaketak, hasiera batean, sei hilabeteko iraupena izanen du, eta irakasleei ikasturtea amaitu arte luzatu ahal izanen zaie. Denbora horretan Administrazioak langileari erreserbatu egin behar dio lehenago betetzen zuen lanpostua, eta langileak zerbitzu-eginkizunetan beteko du lanpostu berria. Aipatu aldia iragan ondoren, enplegatuak hasierako lanpostura itzuli beharko du, edo, bestela, zerbitzu-eginkizunetan bete duen lanpostuan behin betiko gelditu”.

Bi. 91. artikulua aldatu eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“91. artikulua.

1. Administrazio-araubideko kontrataziorako, berariazko kontratua eginen da, idatziz eta epe jakin baterako.

2. Lanaldi partzialeko administrazio-kontratua egin ahal izanen da, ordezkatzen den pertsonak lanaldia murriztua badu, edo lanaldi partzialeko lanpostu huts bat aldi baterako bete behar denean.

Aipatu kasuak salbu, administrazio-araubidean kontratatutako langileek zerbitzuak lanaldi osoko araubidean emanen dituzte.

3. Aurreko paragrafoan ezarritakotik salbuetsiko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak administrazio-araubidean kontratatzen dituen langileak. Langile horiei lanaldi osoko, partzialeko edo laguntza jarraiturako kontratua egin ahal izanen zaie.

4. Hezkuntza Departamentuak lanaldi partzialeko kontratuak egin ahal izanen ditu, baldin eta, ikastetxeetako antolaketa araubidearen ondorioz, langile finkoek ezin badiete zenbait beharrei aurre egin, eta lan horiek lanaldi partzialeko langileak kontratatuz betetzen ahal badira.

5. Lanaldi osoko kontratua duten langileek lanaldia heren batean edo erdian murrizteko aukera izanen dute, funtzionarioen era eta baldintza beretan, betiere zerbitzuko beharrek ahalbidetzen badute interes partikularra dela eta. Aipatu kasuan, bestelako kontratu bat eginen da, lanaldi partzialekoa, lanaldi murrizketa hori ordezteko”.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko urriaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1414816

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web