(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

55/2014 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 2KOA, "ZARAITZU IBAIA" IZENEKO BATASUNAREN GARRANTZIZKO LEKUA (BGL) KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU IZENDATZEN DUENA ETA HAREN KUDEAKETA PLANA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 158 - 13/08/2014



  ERANSKINA. "ZARAITZU IBAIA" IZENEKO ES2200012 KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAREN KUDEAKETA PLANA


Zioen azalpena

Zaraitzu ibaia izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Otsagabiko, Ezkarozeko, Orontzeko, Espartza Zaraitzuko, Sartzeko, Gorzako, Galozeko, Nabaskozeko, Erromantzatuko eta Irunberriko udal mugapeetan. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktibo eta prebentiborako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren interesekotzat hartu diren basa florako eta faunako espezie eta habitat natural guztien adierazgarriak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitat motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, "Zaraitzu ibaia" izeneko ES2200012 gunea dago.

Batasunaren Garrantzizko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Garrantzizko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio-egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berriz ezartzeko.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpinoaren barreneko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onetsi zuen, eta 2006ko uztailaren 19ko 2006/6013/EE Erabakiaren bidez, berriz, eskualde biogeografiko mediterraneoarena. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, kontserbazio bereziko eremu izendatuko dira leku horiek. "Zaraitzu ibaia" izeneko Lekua bi zerrendetan ageri da.

"Zaraitzu ibaia" gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, hortaz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko uztailaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Batasunaren Garrantzizko ES2200012 Lekua, “Zaraitzu ibaia” izenekoa, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.

2. “Zaraitzu ibaia” izeneko ES2200012 Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa plana onestea. Foru dekretu honi erantsi zaio.

2. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.

“Zaraitzu ibaia” izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 414,55 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren lurralde mugak:

Lekuak Zaraitzu ibaia hartzen du, Zatoia eta Anduña ibaiek Otsagabian bat egiten duten tokitik Arbaiungo Arroilaraino. Arroila horretatik aurrera, paraleloa da Leire mendilerroarekin, ekialdetik mendebaldera, Irati ibaiarekin bat egin arte, Irunberriko hegoaldean. Horretaz gain, Xabros ibaia ere hartzen du tokiak, Itxusartatik (Igariko Kontzejuan) Zaraitzu ibaian bat egiten duen puntura arte (Gorzako mugapean). Halaber, Aizpurgiko arroila hartzen du, zein izen bereko kontzejuan baitago.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi duen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 63., 108., 112., 118., 169., 170., 171., 172., 184. eta 187. zenbakietako OPMak ukitzen ditu, 83,61 ha-ko azaleran.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzorde bat sortzen da “Zaraitzu ibaia” gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsultarako eta partaidetzarako organoa izateko asmoz. Kudeaketa Planaren aplikazio esparruko eragileek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.

b) Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.

c) Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.

d) Foru Komunitateko Administrazioari adieraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.

e) Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

f) Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzala eta haiekin goza dadila ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria. Gaikuntza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria. Lotutako araudia.

1. Arbaiungo arroilako natur erreserbari dagokionez (EN-16), zati batean "Zaraitzu ibaia" lekuan sartutako espazioa baita, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Leku honen barrenean, onura publikoko mendi gisa katalogatutako eremuan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Kudeaketa Planaren indarraldia Nota de Vigencia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den kudeaketa planaren indarraldia:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.

Azken xedapenetako bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarerako jarduketa-ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua pegotean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko uztailaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

ERANSKINA. "ZARAITZU IBAIA" IZENEKO ES2200012 KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAREN KUDEAKETA PLANA

ERANSKINA

Aurkibidea

I.-Planaren helburua.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

III.-Planaren azken helburuak.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

V.-Araudia.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

VII.-Jarduketak.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

IX.-Mugak.

X.-Jarraipen-programa.

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

I.-Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta prebentzio neurriak ezartzea hurrengo atalean adieraziko diren habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera onera berriz ekartzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da gunearen osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari koherentzia ematen laguntzea. Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Era berean, eremu hau babesteko arrazoi diren balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak saihestuko dira.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

Tokian, ibai ertzeko landareria duen zerrenda bat nabarmentzen da, bi bazterretan ia-ia luzera osoan barna. Ibai ertzeko baso eta baso aurreko pirinioar eta prepirinioarren motak ageri dira: "lizardi pirinioarrak", "ibai ertzeko hurriztiak", "Somontano-Aragoiko makaldiak", "zumardi eta lizardi submediterraneoak" eta "zuhaixkako sahasti pirinioarrak". Azken hiru landare motak nabarmentzen dira, habitatei buruzko zuzentarauan Batasunaren intereseko habitat gisa hartuta baitaude. Gainera, tokian Batasunaren intereseko beste habitat batzuk ere badaude, ibai esparrukoak, hala nola Potamogeton nodosus-en uretako populazioak, hondartzetako eta legar uharteetako landareak eta larre eta belardi hidrofiloen eta ihitokien mota desberdinak.

Flora espezieen artean, Lathraea squamaria-ren, Epipactis palustris-aren edo Anemone ranunculoides-en presentzia da nabarmentzekoa. Taxon ezohikoak dira, Nafarroan oso banaketa urria dutenak.

Faunari dagokionez, eta zehazki ugaztunen kasuan, KBEan aipatutako espezie garrantzitsuenak igaraba (Lutra lutra) eta ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) dira. Habitatei buruzko zuzentarauan sartuta daude. Martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus) ere sartuta daude KBEan, intereseko fauna gisa. Taxon horiek Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan daude, eta lehenbizikoa, halaber, Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean. Anfibioen artean uhandre piriniotarra (Euproctus asper) nabarmentzen da. Nafarroan katalogatuta dago, eta habitatei buruzko zuzentarauan sartuta.

Aizpurgiko arroilako haitzetan hegazti harkaiztar aipagarriak daude, hala nola sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus), belatz handia (Falco peregrinus) eta belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax). Hegaztiei buruzko zuzentarauan daude sartuta guztiak.

Zaraitzu ibaiko arrainek beren egitura autoktono nabarmena dute bereizgarri. Aipagarria da loinaren presentzia (Chondrostoma miegii), zein habitatei buruzko zuzentarauan sartuta baitago, baita mazkar arantzadunarena (Cobitis calderoni), zein Nafarroan katalogatu baita. Barbo buztangorria (Barbus haasi), Penintsularen mailan urritzat hartzen dena, Xabros ibaian baino ez da agertzen eremu honetan.

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk eta KBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei "funtsezko elementu" esaten zaie. Izan ere, KBEaren kontserbazio "aktiboa" oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, arauak, kudeaketako jarraibideak eta jarduketak proposatu dira, KBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak.

Hona hemen KBEa kudeatzeko "funtsezko elementuak":

1. Ibai korridorea.

2. Ibaietako habitatak.

3. Arrainak: loina eta mazkar arantzaduna.

4. Igaraba arrunta eta ur-ipurtatsa.

5. Aizpurgiko haitzak.

Gainera, lan-arlo hau zehaztu da:

-A. Erabilera publikoa.

III.-Planaren azken helburuak.

Kudeaketak, aurreko atalean aipatutako funtsezko elementu guztien kontserbazio-egoera ona ahalik eta lasterren lortzeko, bilatu behar dituen xede edo helmugak dira azken helburuak.

1. Ibai korridorea.

1.1. Azken helburua: ibai korridorearen egoera ekologiko ona bermatzea.

2. Ibaietako habitatak.

2.1. Azken helburua: ibai habitaten kontserbazioa eta ibaien mosaikoko heterogeneotasuna hobetzea.

3. Arrainak: loina eta mazkar arantzaduna.

3.1. Azken helburua: arrain autoktonoen populazioaren kontserbazioa bermatzea.

4. Igaraba arrunta eta ur-ipurtatsa.

4.1. Azken helburua: igaraba arruntaren eta ur-ipurtatsaren presentzia bermatzea.

5. Aizpurgiko haitzak.

5.1. Azken helburua: Aizpurgiko haitzei lotutako habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzea.

-A. Erabilera publikoa.

A.1. Azken helburua: bertakoek eta bisitariek tokia hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Gerta liteke ezinezkoa izatea planaren azken helburuak edo helmugak lortzea haren indarraldiaren bitartean, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek proposatu diren azken helburuak lortzen lagundu behar dute. Hona hemen, bada, espero diren emaitzak funtsezko elementuei eta azken helburuei emandako zenbakien arabera:

1. Ibai korridorea.

1.1.1. Helburu operatiboa: ibai bazterretan, landaredi naturaleko zerrenda etengabe bat berreskuratu eta kontserbatzea, funtzionaltasun ekologikoa duena.

1.1.2. Helburu operatiboa: ibai korridorearen irazkortasuna hobetzea arrainentzat.

1.1.3. Helburu operatiboa: ur emari naturalen erregimena bermatzea Zaraitzu ibaian.

1.1.4. Helburu operatiboa: linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea.

2. Ibaietako habitatak.

2.1.1. Helburu operatiboa: ibaietako habitaten eremua kontserbatu eta handitzea.

2.1.2. Helburu operatiboa: flora espezie inbaditzaileak gutxitzea eremuan.

2.1.3. Helburu operatiboa: Populus nigra-ren baliabide genetikoak babestea.

2.1.4. Helburu operatiboa: ibaietako habitatei loturiko intereseko faunaren eta floraren espezie batzuk hobeki ezagutzea.

3. Arrainak: loina eta mazkar arantzaduna.

3.1.1. Helburu operatiboa: loinaren eta mazkar arantzadunaren populazioen egoera ezagutzea.

3.1.2. Helburu operatiboa: arrainen habitataren egoera hobetzea.

4. Igaraba arrunta eta ur-ipurtatsa.

4.1.1. Helburu operatiboa: igaraba arruntaren presentzia Zaraitzu ibaiko tarteetan nola eboluzionatu den jakitea.

4.1.2. Helburu operatiboa: ur-ipurtatsaren banaketa eta osasun-egoera ezagutzea.

4.1.3. ur ipurtatsaren eta igaraba arruntaren habitaten baldintzak hobetzea.

5. Aizpurgiko haitzak.

5.1.1. Helburu operatiboa: Aizpurgiko haitzei lotutako habitaten eta espezieen gaineko ukipenak saihestea.

5.1.2. Helburu operatiboa: Aizpurgiko haitzei lotutako harrapari harkaiztarren populazioaren bilakaera ezagutzea.

5.1.3. Helburu operatiboa: Aizpurgiko haitzetan Batasunaren intereseko habitaten banaketa eta bertako flora ezagutzea.

-A. Erabilera publikoa.

A.1.1. Helburu operatiboa: lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea.

V.-Araudia.

-Araudi orokorra.

1. Baso-zoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Foru lege horren arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira haren eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, haiek sortu, abian jarri edo gauzatzearen ondorioz ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari, pertsonen osasunari edo segurtasunari eta haien ondasunei kalte eragiten ahal dietenak.

3. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez direla ukitzen Batasunaren intereseko animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ezta Kontserbazio Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak ere.

4. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da honako arau hauetan ezarritakoa beteko dela: batetik, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea, eta bestetik, otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoa garatzekoa.

5. Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatu beharko da, baita obra hidraulikoen arloko zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko azaroaren 18ko 1391/1988 Errege Dekretuan ezarritakoa ere.

-Berariazko araudia.

1. Arbaiungo arroilako natur erreserba (NE-16).

1.1. Arbaiungo arroilako natur erreserban egiten diren jarduera edo jarduketa guztiak Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

2. Aizpurgiko arroila.

2.1. Aizpurgiko haitzak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, leku horretako balio naturalen kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira.

3. Ibai tarteak.

3.1. Emarien erregimena uren gaineko araudiaren eta kontzesioaren araberakoa dela bermatuko da, habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko.

3.2. Ez da onartuko azaleko uren erregimen naturala aldatzea dakarren jarduketa edo proiekturik, salbu eta herriak hornitzeko edo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako ezinbestekoak direnak.

3.3. Ibilguaren alterazio morfologikoa dakarten jarduketak ez dira onartuko, salbu eta tartean giza-osasunari, segurtasun publikoari edo natur balioen kontserbazioari lotutako arrazoiak badaude.

3.4. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu publikoetan eta haien erabilera eta aprobetxamendu berrietan, gutxienez 5 metro zabal izanen den babes zerrenda etengabe bat utziko da ibilguaren ondoan, ibai bazterreko formazio naturalak sor daitezen.

3.5. Ibaiaren ibilguaren ondoan zuhaitzak botaz gero (arraseko mozketak), gutxienez 5 metro zabal izanen den zerrenda bat errekuperatuko da ibilguaren ondoan, eskualdeko landare espezie naturalekin.

3.6. Debeku da urak kutsatzeko edo tokia degradatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, obra-hondakinak edo substantziak uztea ibaian.

3.7. Lekuaren mugetan jartzen diren itxituretan, behar diren neurriak hartuko dira basa-ornodunen mugimenduak eta hedapena bermatzeko eta itxituren eraginezko heriotzak saihesteko. Instalazioak 5 metroko zortasuna errespetatu beharko du kasu guztietan.

3.8. Ibaien habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

3.9. Debeku da lekuan eta haren inguruetan espezie exotiko inbaditzaileak landatzea, eremuan dauden habitat naturalen kontserbazioari kalte egiten ahal badiote.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendio gisa hartu behar dira, eta kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago, aplikatu beharko dira.

1. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu, erabilera eta aprobetxamenduetan, bazter osoan landare naturaleko zerrenda bat ezartzea lehenetsiko da, ibai-tarte bakoitzean zabalera desberdina izanen duena, uholde-lautadaren ezaugarrien arabera (5 metrokoa oso malkartsuak diren ibai bazterretan, eta 15 metrokoa uholde-lautada zabala duten eremuetan).

2. Nekazaritzarako, oihangintzarako eta ingurumen arloko laguntzak plan honen jarraibideetara egokituko dira, ahal den neurrian.

3. Ibai aldeak lehengoratzeko proiektuetan, landaketak egin behar baldin badira, ibai bazterretako espezie autoktonoak erabiliko dira, edo inguruan dauden berezko landare espezie berberak, eta, ahal den neurrian, jatorri berekoak.

VII.-Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Ibilguari eta ibai-korridoreari lotutako neurriak.

1.1. Landaredi naturaleko zerrendarik ez duten edo andeatuak dauden ibai bazterrak lehengoratzeko proiektuak erredaktatu eta gauzatzea.

1.2. Proiektu pilotuak egitea harri-lubetak landareztatzeko.

1.3. Itxiturek Batasunaren Intereseko Lekuko balioei eragin liezaizkieketen ukipenen ebaluazioa eta jarduteko proposamenak.

1.4. Arrain eskalen eraginkortasuna ebaluatzea eta funtzionalak ez direnak zuzentzea.

1.5. Iragateko modurik ez duten presa txikiak irazkortzea.

2. Habitatei lotutako neurriak.

2.1. Makaldi abandonatuetan eta birlandaketako pinudietan egiturazko eta berariazko lehengoratze proiektu pilotuak sustatu eta gauzatzea.

2.2. Hondakindegiak kendu eta lehengoratzeko proiektuak egitea Xabros ibaian, Ezkarozen, Orontzen eta Galozen.

2.3. Espezie exotiko inbaditzaileak aurkitu eta pixkanaka-pixkanaka kentzea (Robinia pseudoacacia eta Ailanthus altisima, esaterako).

2.4. Populus nigra-ren unaden inbentarioa egin, ezaugarri morfologikoak eta genetikoak zehaztu eta hura kontserbatzeko jarraibideak ezartzea.

3. Faunari lotutako neurriak.

3.1. Potamogeton nodosus-en populazio nagusiak inbentariatu eta kartografiatzea.

3.2. Aizpurgiko haitzetako 8210 BIH inbentariatzea eta prospekzioak egitea Valeriana longiflora-rik eta Sarcocapnos enneaphylla-rik ote dagoen zehazteko.

3.3. Lathraea squamaria-ren, Epipactis palustris-en eta Anemone ranunculoides-en populazioak aldian-aldian monitorizatzea.

4. Faunari lotutako neurriak.

4.1. Prospekzioak egitea arriskupeko odonatorik ote dagoen eta nola dauden kontserbatuta zehazteko, Gomphus graslinii-ari arreta berezia emanez.

4.2. Zentsu osoa egitea Erigoaster catax-aren presentzia eta ugaritasuna zehazteko.

4.3. Landako prospekzioak egitea 2002an atzeman ziren ibai-muskuiluen koloniek bertan jarraitzen duten egiaztatzeko.

4.4. Behar diren linea elektrikoak zuzentzea, hegaztiek haien aurka jo edo elektrokutatzeko arriskua baldin badago.

4.5. Laginketak egitea Pirinioetako desmanik ote dagoen zehazteko (Galemys pirenaicus).

4.6. Prospekzioak egitea uhandre piriniotarraren (Euproctus asper) presentzia eta kontserbazioa zehazteko.

4.7. Martin arrantzaleen (Alcedo atthis) eta ur-zozoen (Cinclus cinclus) zentsuak prestatzea.

4.8. Zentsuak bertan egitea loinarako (Chondrostoma miegii) eta mazkar arantzadunerako (Cobitis calderoni), haien populazioen parametro nagusiak monitorizatzea ahalbidetzen duten laginketaren eta metodologiaren arabera.

4.9. Nafarroako Gobernuak bost urtean behin egiten dituen igaraba arruntaren laginketak mantentzea.

4.10. Zaraitzu ibaian ur-ipurtatsaren zentsua egitea, eta, horrekin batera, behar diren osasun-laginak hartzea.

4.11. Sai arrearen, sai zuriaren eta belatz handiaren monitorizazioari jarraipena ematea, Nafarroako Gobernuak ezarritako protokoloarekin eta maiztasunarekin bat.

5. Erabilera publikoari lotutako neurriak.

5.1. Informazioa eta edukiak paratzea eremuko balio naturalen inguruan Otsagabiko eta Irunberriko Natura Interpretatzeko Zentroetan.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak honako hauek hartuko ditu bere gain:

-Guneko kontserbazio-egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Ekipamenduak eta kudeaketaren egitura mantentzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

-Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak oso-osorik finantzatzen ahalko ditu partikularrek edo tokiko entitateek beren herrilurren ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta horien helburua plan hau garatzea bada, irabazi asmorik gabe, eta KBEaren kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie Kontserbazio Bereziko Eremu honen barnean proposatzen diren jarduketei, guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta. Halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko funtsak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.-Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak ematea edo bestelako sustapenak.

X.-Jarraipen programa.

Jarraipena egiteko programa bat ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez, helburu bakoitzerako.

Urtero, programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzei erreparatuta, ikusten bada espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean ezin direla lortu, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak eransten ahalko zaizkio planari.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN HELBURUA

HELBURU OPERATIBOA

ADIERAZLEA

HASIERAKO BALIOA

ARRAKASTAREN IRIZPIDEA

1. Ibai korridorea

1.1 Ibai korridorearen egoera ekologiko ona bermatzea

Landaredi naturaleko zerrendan dauden etenen metro linealak

Ezezaguna

0 ml

Arrainentzat irazkor diren oztopoen %

Ezezaguna

Oztopoen %100 irazkorrak

Ingurumeneko emarien erregimena

Ezezaguna

Emarien erregimena habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko modukoa da

Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua

8 linea eta deribazio ukipenarekin

Eragina duen linea edo deribazio elektrikorik bat ere ez

1.1.1. Ibai bazterretan landaredi naturaleko zerrenda etengabe bat berreskuratu eta ezartzea, funtzionaltasun ekologikoa duena

Lehengoratutako landare-zerrendaren metro kopurua / Berriz landareztatutako harri-lubeten metro kopurua / Lehengoratutako hondakindegien kopurua

Lehengoratutako landare-zerrenda, 0 metro / Berriz landareztatutako harri-lubetak, 0 metro / Lehengoratutako hondakindegiak, 0

Lehengoratutako landare-zerrenda, 400 metro/Berriz landareztatutako harri-lubetak, 800 metro/Lehengoratutako hondakindegiak, 4

Habitat naturalen azalera

195,45 ha

Hasierako balioa baino handiagoa

1.1.2. Ibai korridorearen irazkortasuna hobetzea arrainentzat

Eskala funtzionalen kopurua

Ezezaguna

%100

Kendutako oztopoen kopurua

0

1

1.1.3. Ur emari naturalen erregimena bermatzea Zaraitzu ibaian

Ingurumeneko emarien erregimena

Ezezaguna

Emarien erregimena habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko modukoa da

1.1.4. Linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea

Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua

8 linea eta deribazio ukipenarekin

Eragina duen linea edo deribazio elektrikorik bat ere ez

2. Ibaietako habitatak

2.1 Ibai habitaten kontserbazioa eta ibaien mosaikoko heterogeneotasuna hobetzea

Ibai habitaten zenbateko azalera dagoen kontserbazio-egoera onean

146,29 ha

Hasierako balioa baino handiagoa

2.1.1. Ibaietako habitaten eremua kontserbatu eta handitzea

Ibaietako habitaten eremua

146,29 ha

Hasierako balioa baino handiagoa

Makaldi abandonatuen eta pinudi lehengoratuen azalera

0

10 ha

2.1.2. Espezie exotiko inbaditzaileak gutxitzea eremuan

Espezie exotiko inbaditzaileen eremua

Ezezaguna

Azaleraren %100 kenduta

2.1.3. Populus nigra-ren baliabide genetikoak babestea

Populus nigra-ren unada identifikatuen kopurua

Unadak identifikatu gabe

Unaden %100 identifikatuak

2.1.4. Ibaietako habitatei loturiko intereseko faunaren eta floraren espezie batzuk hobeki ezagutzea

Odonatoen laginketa

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Bibalboen prospekzioa

Egin gabe

Eginda

Desmanen laginketak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Martin arrantzalearen eta ur-zozoaren laginketak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Uhandre piriniotarraren laginketak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Eriogaster catax-ari buruzko laginketak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 3 urtetik behin

Lathraea squamaria-ren, Epipactis palustris-en eta Anemone ranunculoides-en laginketak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

3. Arrainak: loina eta

mazkar arantzaduna

3.1 Arrain autoktonoen populazioaren kontserbazioa bermatzea

Loinaren eta mazkar arantzadunaren ugaritasuna

Ezezaguna

Hasierako balioa baino handiagoa

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

3.1.1 Loinaren eta mazkar arantzadunaren populazioen egoera ezagutzea

Loinaren eta mazkar arantzadunaren zentsuak

Bat ere ez

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

3.1.2. Arrainen habitataren baldintzak hobetzea

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

4. Igaraba

eta ur-ipurtatsa

4.1. Igaraba arruntaren eta Pirinioetako desmanaren presentzia bermatzea.

Igaraba arruntaren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Laginketa-estazioen %100ean positibo

Laginketa-estazioen %100ean positibo

Ur-ipurtatsaren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Ezezaguna

Gai diren ibai-tarteen %100ean bada ur-ipurtatsik

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

4.1.1. Igaraba arruntaren presentzia Zaraitzu ibaiko tarteetan nola eboluzionatu den jakitea.

Igaraba arruntaren laginketak

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

4.1.2. Ur ipurtatsaren banaketa eta osasun-egoera ezagutzea

Populazioaren banaketari eta osasun-egoerari buruzko laginketak

Bat ere ez

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

4.1.3. Ur-ipurtatsaren eta igaraba arruntaren habitaten baldintzak hobetzea

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

5. Aizpurgiko

haitzak

5.1 Aizpurgiko haitzei lotutako habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzea

Habitat naturalen azalera BILeko haitzetan

80 ha

Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa

Saien, sai zurien eta belatzen bikote habiagileen kopurua

Saiak = 30 b.; sai zuriak = b. 1; belatz handia = b. 1

Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa

5.1.1. Aizpurgiko haitzei lotutako habitaten eta espezieen gaineko ukipenak saihestea

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

Ukipen kopurua

Ezezaguna

0

5.2.2. Aizpurgiko haitzei lotutako harrapari harkaiztarren populazioaren bilakaera ezagutzea.

Harrapari harkaiztarren populazioen jarraipena

Jarraipen 1 10 urterik behin sai zuriari eta belatz handiari / jarraipen 1 5 urterik behin sai arreari

Jarraipen 1 10 urterik behin sai zuriari eta belatz handiari / jarraipen 1 5 urterik behin sai arreari

5.1.3. Aizpurgiko haitzetan Batasunaren intereseko habitaten banaketa eta bertako flora ezagutzea

Haitzetako habitaten eta bertako espezieen inbentarioa

Egin gabe

Egina

A. Erabilera publikoa

A.1 Bertakoek eta bisitariek lekua hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea

Zaraitzu BILeko balioei buruzko dibulgazio informazioa ematen duten interpretazio zentroen kopurua

Ez dago

Natura interpretatzeko 2 zentro

A.1.1. Lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea

Dibulgazio materiala, Natura Interpretatzeko Zentroan eremuari buruz dauden edukiekin

Ez dago

Dibulgazio materiala eskuratua

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

Iragarkiaren kodea: F1410205

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web