(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

54/2014 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 2KOA, "IRATI, URROBI ETA ERRO UGALDEEN SISTEMA" IZENEKO BATASUNAREN GARRANTZIZKO LEKUA (BGL) KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU IZENDATZEN DUENA ETA HAREN KUDEAKETA PLANA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 158 - 13/08/2014



  ERANSKINA


Zioen azalpena

Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Orbaitzetako, Orbarako, Hiriberri Aezkoako, Aribeko, Garraldako, Garaioako, Orotz-Beteluko, Agoizko, Longidako, Urraulbeitiko, Irunberriko, Ledeako, Zangozako, Orreagako, Aurizko, Artzibarko, Erroibarko, Esteribarko, Lizoain-Arriasgoitiko eta Urrotz- Hiriko udal mugapeetan, hain zuzen. Gune horretan Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarriak diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude; gainera, zenbait kasutan espezie horiek beren banaketa naturalaren eremuan galtzeko zorian daude, edo haien banaketa naturalaren azalera murritza da, bai atzera egiten ari direlako, bai, berez, eremu murritza dutelako. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktibo eta prebentiborako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren interesekotzat hartu diren basa florako eta faunako espezie eta habitat natural guztien adierazgarriak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitat motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, "Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema" izeneko ES2200025 gunea dago.

Batasunaren Garrantzizko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Garrantzizko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio-egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berriz ezartzeko.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpinoaren barreneko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onetsi zuen, eta 2006ko uztailaren 19ko 2006/6013/EE Erabakiaren bidez, berriz, eskualde biogeografiko mediterraneoarena. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, kontserbazio bereziko eremu izendatuko dira leku horiek. "Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema" izeneko lekua bi zerrendei dagokie.

"Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema" gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko uztailaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Batasunaren Garrantzizko ES2200025 Lekua, "Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema" izenekoa, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.

2. Onestea "Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema" izeneko ES2200025 Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa plana, foru dekretu honi erantsia.

2. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.

"Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema" izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 1.101,04 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren lurralde mugak:

Espazio honek Irati, Urrobi eta Erro ibaien hainbat tarte biltzen ditu, baita Txangoa errekaren zati bat ere. Irati ibaiaren bi tarte sartzen dira, Itoizko urtegiak etenak; haietako lehena Txangoa errekarekin bat egiten duen puntuan hasten da, eta Orotz-Betelutik behera bukatzen da; bigarrena, berriz, Itoizko urtegitik (Agoitz) Aragoi ibaiarekin bat egin arte doa. Urrobi ibaiaren tartea Orreagako Alorzar alderdian hasten da, eta Itoizko urtegiaren iparraldeko aldean bukatu, Nagoretik hurbil. Erro ibaiaren tartea Urnizan hasten da, eta Irati ibaiarekin bat egiten duen puntuan bukatu. Azkenik, Txangoa errekak Orbaitzetako Olatik Irati ibaiari lotzen zaion tokiraino doan tartea eransten du.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi duen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 1., 15., 24., 26., 27., 35., 36., 45., 46., 47., 48., 56., 62., 81., 114., 117., 157., 158., 176., 177., 181. eta 205. zenbakietako OPMak ukitzen ditu, guztira, 291,14 ha.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzorde bat sortzen da “Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema” gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsultarako eta partaidetzarako organoa izateko asmoz. Kudeaketa Planaren aplikazio esparruko eragileek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.

b) Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.

c) Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.

d) Foru Komunitateko Administrazioari adieraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.

e) Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

f) Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzala eta haiekin goza dadila ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria. Gaikuntza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria. Lotutako araudia.

1. Tristuibartea natur erreserbari dagokionez (NE-8), oso-osorik "Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema" lekuan sartutako espazioa baita, eta Irunberriko arroilako natur erreserbari (NE-25) dagokionez, zati batean leku berean sartutako espazioa baita, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Leku honen barrenean, onura publikoko mendi gisa katalogatutako eremuan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Kudeaketa Planaren indarraldia Nota de Vigencia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den kudeaketa planaren indarraldia:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.

Azken xedapenetako bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarerako jarduketa-ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko uztailaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

ERANSKINA

ERANSKINA

"IRATI, URROBI ETA ERRO UGALDEEN SISTEMA" IZENEKO ES2200025 KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAREN KUDEAKETA PLANA

Aurkibidea

I.-Planaren helburua.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

III.-Planaren azken helburuak.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

V.-Araudia.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

VII.-Jarduketak.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

IX.-Mugak.

X.-Jarraipen-programa.

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

I.-Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta prebentzio neurriak ezartzea hurrengo atalean adieraziko diren habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera onera berriz ekartzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da gunearen osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari koherentzia ematen laguntzea. Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Era berean, eremu hau babesteko arrazoi diren balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak saihestuko dira.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

Espazio horretan ibai ertzeko habitat interesgarriak biltzen dira, eurosiberiarrak eta mediterraneoak. Batasunaren intereseko 7 habitat mota inbentariatu dira, eta honako hauek nabarmentzen dira: lizardiak (submediterraneoak eta subkantauriarrak), zuhaixkako sahasti piriniotarrak eta haltzadiak (submediterraneoak eta subkantauriarrak). Haltzadiak, gainera, lehentasuneko interesekotzat jotzen dira.

Nafarroako eremu atlantiko eta piriniotarreko hezegune garrantzitsuenetako bat sartu da: Jauregiaroztegi hezegunea. Eremu honen barnean zohikaztegiko habitat ugari daude, Batasunaren intereseko habitat gisa hartzen direnak.

Tristuibarteko haritz ilaunduak (natur erreserba) eremuaren parte dira, eta han ibaiertzeko basoek okupatutako azalera garrantzizkoa da.

Flora espezieen artean, Galanthus nivalis-a nabarmentzen da. Espezie nemoral bat da, Nafarroan katalogatua, non soilik hiru tokitan aurkitu baita. Honako hauek dira Nafarroan oso urriak izanik eremuan aurkitzen diren beste espezie batzuk: Menyanthes trifoliata, Sanguisorba officinalis-a, Triglochin palustris-a, Angelica razulii-a eta Prunus padus-a. Haietako lehenengo hiruak Jauregiaroztegi hezegunean aurkitzen dira, eta azken biak, berriz, Urrobi ibaiko goiko tarteetan.

Eremuko fauna aipagarrienaren artean hauek daude: igaraba arrunta (Lutra lutra), ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) eta Pirinioetako desmana (Galemys Pyrenaicus). Espezie horiek habitatei buruzko zuzentarauan sartuta eta Nafarroan katalogatuta daude. Halaber, saguzarren zenbait kolonia aipatu behar dira, zehazki Batasunaren intereseko espezie batzuena: Rhinolophus hipposideros-a, R. ferrumequinum-a eta Miniopterus schreibersii-a. Martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus) ere sartuta daude KBEan, intereseko fauna gisa. Taxon horiek Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan daude, eta lehenbizikoa, halaber, Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean. Anfibioen artean uhandre piriniotarra (Euproctus asper) nabarmentzen da. Nafarroan katalogatuta dago, eta habitatei buruzko zuzentarauan sartuta.

Ibaietako arrainek beren egitura autoktono nabarmena dute bereizgarri. Aipagarria da loinaren presentzia (Chondrostoma miegii), zein habitatei buruzko zuzentarauan sartuta baitago, baita mazkar arantzadunarena (Cobitis calderoni), zein Nafarroan katalogatu baita. Barbo buztangorria (Barbus haasi), bertan ere badagoena, urritzat hartzen da Penintsularen mailan.

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk eta KBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei "funtsezko elementu" esaten zaie. Izan ere, KBEaren kontserbazio "aktiboa" oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, arauak, kudeaketako jarraibideak eta jarduketak proposatu dira, KBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak.

Hona hemen KBEa kudeatzeko "funtsezko elementuak":

1. Ibai korridorea.

2. Ibaietako habitatak.

3. Jauregiaroztegi hezegunea.

4. Arrainak: loina eta mazkar arantzaduna.

5. Igaraba arrunta eta ur-ipurtatsa.

6. Pirinioetako desmana.

7. Saguzarrak.

Gainera, lan-arlo hau zehaztu da:

-A. Erabilera publikoa.

III.-Planaren azken helburuak.

Kudeaketak, aurreko atalean aipatutako funtsezko elementu guztien kontserbazio-egoera ona ahalik eta lasterren lortzeko, bilatu behar dituen xede edo helmugak dira azken helburuak.

1. Ibai korridorea.

1.1. Azken helburua: ibai korridorearen egoera ekologiko ona bermatzea.

2. Ibaietako habitatak.

2.1. Azken helburua: ibai habitaten kontserbazioa eta ibaien mosaikoko heterogeneotasuna hobetzea.

3. Jauregiaroztegi hezegunea.

3.1. Azken helburua: Jauregiaroztegi hezegunea ongi kontserbatuta mantentzea.

4. Arrainak: loina eta mazkar arantzaduna.

4.1. Azken helburua: arrain autoktonoen kontserbazioa bermatzea.

5. Igaraba arrunta eta ur-ipurtatsa.

5.1. Azken helburua: igaraba arruntaren eta ur-ipurtatsaren presentzia bermatzea.

6. Pirinioetako desmana.

6.1. Azken helburua: pirinioetako desmanaren presentzia bermatzea.

7. Saguzarrak.

7.1. Azken helburua: neguko kolonien kontserbazioa eta saguzarren ugalketa bermatzea.

-A. Erabilera publikoa.

A.1. Azken helburua: bertakoek eta bisitariek tokia hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Gerta liteke ezinezkoa izatea planaren azken helburuak edo helmugak lortzea haren indarraldiaren bitartean, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek proposatu diren azken helburuak lortzen lagundu behar dute. Hona hemen, bada, espero diren emaitzak funtsezko elementuei eta azken helburuei emandako zenbakien arabera:

1. Ibai korridorea.

1.1.1. Helburu operatiboa: ibai bazterretan, landaredi naturaleko zerrenda etengabe bat berreskuratu eta kontserbatzea, funtzionaltasun ekologikoa duena.

1.1.2. Helburu operatiboa: ibai korridorearen irazkortasuna hobetzea arrainentzat.

1.1.3. Helburu operatiboa: ibilgu naturalen erregimena bermatzea eremuko hiru ibaietan.

1.1.4. Helburu operatiboa: azaleko uren kalitate fisikoa, kimikoa eta biologikoa hobetzea.

1.1.5. Helburu operatiboa: linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea.

2. Ibaietako habitatak.

2.1.1. Helburu operatiboa: ibaietako habitaten eremua kontserbatu eta handitzea.

2.1.2. Helburu operatiboa: flora espezie inbaditzaileak gutxitzea eremuan.

2.1.3. Helburu operatiboa: Populus nigra-ren baliabide genetikoak babestea.

2.1.4. Helburu operatiboa: ibaietako habitatei loturiko intereseko faunaren eta floraren espezie batzuk hobeki ezagutu eta haien kontserbazioa bermatzea.

3. Jauregiaroztegi hezegunea.

3.1.1. Helburu operatiboa: hezegunearen babesa bermatzea eta bertako egoera hidrologikoak lehengoratzea.

3.1.2. Helburu operatiboa: hezeguneari lotutako faunaren espezie batzuk hobeki ezagutzea.

4. Arrainak: loina eta mazkar arantzaduna.

4.1.1. Helburu operatiboa: loinaren eta mazkar arantzadunaren populazioen egoera ezagutzea.

4.1.2. Helburu operatiboa: arrainen habitataren egoera hobetzea.

5. Igaraba arrunta eta ur-ipurtatsa.

5.1.1. Helburu operatiboa: igaraba arruntaren presentzia eremuko tarteetan nola eboluzionatu den jakitea.

5.1.2. Helburu operatiboa: ur-ipurtatsaren banaketa eta osasun-egoera ezagutzea.

5.1.3. Helburu operatiboa: ur-ipurtatsaren eta igaraba arruntaren habitaten baldintzak hobetzea.

6. Pirinioetako desmana.

6.1.1. Helburu operatiboa: Pirinioetako desmanaren populazioak nola eboluzionatu diren jakitea.

6.1.2. Helburu operatiboa: Pirinioetako desmanaren habitataren baldintzak hobetzea.

7. Saguzarrak.

7.1.1. Helburu operatiboa: hobeki ezagutzea saguzarren banaketa eta ugaritasuna.

7.1.2. Helburu operatiboa: saguzarrek negurako eta hazierarako dituzten babeslekuak hobetzea.

-A. Erabilera publikoa.

A.1.1. Helburu operatiboa: lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea.

V.-Araudia.

-Araudi orokorra.

1. Baso-zoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Foru lege horren arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira haren eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, haiek sortu, abian jarri edo gauzatzearen ondorioz ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari, pertsonen osasunari edo segurtasunari eta haien ondasunei kalte eragiten ahal dietenak.

3. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez direla ukitzen Batasunaren intereseko animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ezta Kontserbazio Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak ere.

4. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da honako arau hauetan ezarritakoa beteko dela: batetik, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea, eta bestetik, otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoa garatzekoa.

5. Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatu beharko da, baita obra hidraulikoen arloko zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko azaroaren 18ko 1391/1988 Errege Dekretuan ezarritakoa ere.

-Berariazko araudia.

1. Tristuibartea Natur Erreserba (RN-8).

1.1. Tristuibartea Natur Erreserbako edozein jarduera edo jarduketa Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

2. Irunberriko arroilako natur erreserba (NE-25).

2.1. Irunberriko arroilako natur erreserban egiten diren jarduera edo jarduketa guztiak Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

3. Ibai tarteak.

3.1. Emarien erregimena uren gaineko araudiaren eta kontzesioaren araberakoa dela bermatuko da, habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko.

3.2. Ez da onartuko azaleko uren erregimen naturala aldatzea dakarren jarduketa edo proiekturik, salbu eta herriak hornitzeko edo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako ezinbestekoak direnak.

3.3. Ibilguaren alterazio morfologikoa dakarten jarduketak ez dira onartuko, salbu eta tartean giza-osasunari, segurtasun publikoari edo natur balioen kontserbazioari lotutako arrazoiak badaude.

3.4. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu publikoetan eta haien erabilera eta aprobetxamendu berrietan, gutxienez 5 metro zabal izanen den babes zerrenda etengabe bat utziko da ibilguaren ondoan, ibai bazterreko formazio naturalak sor daitezen.

3.5. Ibaiaren ibilguaren ondoan zuhaitzak botaz gero (arraseko mozketak), gutxienez 5 metro zabal izanen den zerrenda bat errekuperatuko da ibilguaren ondoan, eskualdeko landare espezie naturalekin.

3.6. Debeku da urak kutsatzeko edo tokia degradatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, obra-hondakinak edo substantziak uztea ibaian.

3.7. Lekuaren mugetan jartzen diren itxituretan, behar diren neurriak hartuko dira basa-ornodunen mugimenduak eta hedapena bermatzeko eta itxituren eraginezko heriotzak saihesteko. Instalazioak 5 metroko zortasuna errespetatu beharko du kasu guztietan.

3.8. Ibaien habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

3.9. Debeku da Lekuan eta haren inguruetan espezie exotiko inbaditzaileak landatzea, gunean dauden habitat naturalen kontserbazioari kalte egiten ahal badiote.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendio gisa hartu behar dira, eta kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago, aplikatu beharko dira.

1. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu, erabilera eta aprobetxamenduetan, bazter osoan landare naturaleko zerrenda bat ezartzea lehenetsiko da, ibai-tarte bakoitzean zabalera desberdina izanen duena, uholde-lautadaren ezaugarrien arabera (5 metrokoa oso malkartsuak diren ibai bazterretan, eta 15 metrokoa uholde-lautada zabala duten eremuetan).

2. Nekazaritzarako, oihangintzarako eta ingurumen arloko laguntzak plan honen jarraibideetara egokituko dira, ahal den neurrian.

3. Ibai aldeak lehengoratzeko proiektuetan, landaketak egin behar baldin badira, ibai bazterretako espezie autoktonoak erabiliko dira, edo inguruan dauden berezko landare espezie berberak, eta, ahal den neurrian, jatorri berekoak.

VII.-Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Ibilguari eta ibai-korridoreari lotutako neurriak.

1.1. Landaredi naturaleko zerrendarik ez duten edo andeatuak dauden ibai bazterrak lehengoratzeko proiektuak erredaktatu eta gauzatzea.

1.2. Proiektu pilotuak egitea harri-lubetak landareztatzeko.

1.3. Arrain eskalen eraginkortasuna ebaluatzea eta funtzionalak ez direnak zuzentzea.

1.4. Iragateko modurik ez duten presa txikiak irazkortzea.

1.5. Aztertzea nolako eragina izan duen Itoizko urtegiak Irati ibaiko habitaten eta espezieen gainean emarien erregimena eta uraren tenperatura aldatzearen ondorioz.

1.6. Urrobi ibaia Zanduetako desbideratzean lehengoratzeko proiektua egitea.

1.7. Aztertzea zergatik kutsatu diren amonioen eta fosfatoen bidez Erro eta Urrobi ibaietako goiko tarteak eta hala aurkitzen diren beste leku batzuk, eta zuzentzeko neurriak hartzea.

2. Habitatei lotutako neurriak.

2.1. Lekuan sartutako habitaten eremu berrien inbentarioa eta kartografia egitea.

2.2. Espezie exotiko inbaditzaileak aurkitzea eta poliki-poliki desagerraraztea.

2.3. Jauregiaroztegi hezegunearen kontserbazioa aldian-aldian monitorizatzea.

2.4. Jauregiaroztegi hezegunearen gaineko aldaketa hidrologikoak berreskuratzeko proiektua gauzatzea.

2.5. Jarraibideak prestatzea abeltzaintzaren kudeaketa egokia izan dadin Jauregiaroztegi hezegunearen balioak kontserbatzeko.

3. Faunari lotutako neurriak.

3.1. Potamogeton nodosus-en eta Ranunculus penicillatus-en populaziogune nagusien inbentarioa eta kartografia egitea, eta haien jarraipenerako protokolo bat ezartzea.

3.2. Prunus padus-aren egungo egoera zehaztea eta proiektu pilotu bat egitea Urrobi ibaian berreskuratzeko, eskualdeko material genetikoa erabiliz.

3.3. Populus nigra-ren unaden inbentarioa egin, ezaugarri morfologikoak eta genetikoak zehaztu eta hura kontserbatzeko jarraibideak ezartzea.

4. Faunari lotutako neurriak.

4.1. Prospekzioak egitea ibaietako tarteetan arriskupeko odonatorik ote dagoen eta nola dauden kontserbatuta zehazteko, Gomphus graslinii-ari arreta berezia emanez.

4.2. Prospekzioak egitea Jauregiaroztegi hezegunean arriskupeko odonatorik ote dagoen eta nola dauden kontserbatuta zehazteko.

4.3. Zentsu osoa egitea Erigoaster catax-aren presentzia eta ugaritasuna zehazteko.

4.4. Landako prospekzioak egitea 2002an atzeman ziren bibalboen koloniek bertan jarraitzen duten egiaztatzeko.

4.5. Martin arrantzaleen (Alcedo atthis) eta ur-zozoen (Cinclus cinclus) zentsuak prestatzea.

4.6. Behar diren linea elektrikoak zuzentzea, hegaztiek haien aurka jo edo elektrokutatzeko arriskua baldin badago.

4.7. Prospekzioak egitea uhandre piriniotarraren (Euproctus asper) presentzia eta kontserbazioa zehazteko.

4.8. Prospekzioak egitea apoarmatu istilzalearen (Emys orbicularis) presentzia eta kontserbazioa zehazteko.

4.9. Zentsuak bertan egitea loinarako (Chondrostoma miegii) eta mazkar arantzadunerako (Cobitis calderoni), haien populazioen parametro nagusiak monitorizatzea ahalbidetzen duten laginketaren eta metodologiaren arabera.

4.10. Nafarroako Gobernuak bost urtean behin egiten dituen igaraba arruntaren laginketak mantentzea.

4.11. Ur-ipurtatsaren zentsua egitea, eta, horrekin batera, behar diren osasun-laginak hartzea.

4.12. Pirinioetako desmanaren populazioak aldian-aldian monitorizatzea Irati, Urrobi eta Erro ibaietan.

4.13. Minizentralek desmanen populazioen gainean izaten dituzten eraginei buruzko azterlan bat egitea.

4.14. Saguzarrek negurako eta hazierarako dituzten kolonia nagusiak aldian-aldian monitorizatzea.

4.15. Prospekzioa egitea saguzarren kokapen potentzialetarako.

4.16. Saguzarrak dituzten haitzulo nagusien gainean bisitariek eta espeleologoek sortzen dituzten eraginak aztertzea eta haiek kontserbatzeko neurriak hartzea.

5. Erabilera publikoari lotutako neurriak.

5.1. Informazioa eta edukiak paratzea eremuko balio naturalen inguruan Irunberriko Natura Interpretatzeko Zentroan.

5.2. Interpretaziorako ekipamenduak egokitzea Jauregiaroztegi hezeguneko floraren eta faunaren balioen inguruan.

5.3. Eskuorri bat diseinatu eta argitaratzea bisita nork bere kasa egin ahal izateko Jauregiaroztegi hezegunean.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak honako hauek hartuko ditu bere gain:

-Guneko kontserbazio-egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Ekipamenduak eta kudeaketaren egitura mantentzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

-Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak oso-osorik finantzatzen ahalko ditu partikularrek edo tokiko entitateek beren herrilurren ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta horien helburua plan hau garatzea bada, irabazi asmorik gabe, eta KBEaren kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie Kontserbazio Bereziko Eremu honen barnean proposatzen diren jarduketei, guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta. Halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko funtsak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.-Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak ematea edo bestelako sustapenak.

X.-Jarraipen programa.

Jarraipena egiteko programa bat ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez, helburu bakoitzerako.

Urtero, programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzei erreparatuta, ikusten bada espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean ezin direla lortu, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak eransten ahalko zaizkio planari.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN HELBURUA

HELBURU OPERATIBOA

ADIERAZLEA

HASIERAKO BALIOA

ARRAKASTAREN IRIZPIDEA

1. Ibai korridorea

1.1 Ibai korridorearen egoera ekologiko ona bermatzea.

Landaredi naturaleko zerrendan dauden etenen metro linealak

Ezezaguna

0 ml

Arrainentzat irazkor diren oztopoen %

Ezezaguna

Oztopoen %100 irazkorrak

Ingurumeneko emarien erregimena

Ezezaguna

Emarien erregimena habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko modukoa da

Amonioaren eta fosfatoen kargarik ote dagoen Erroko eta Urrobiko goiko tarteetan

Altuak aroaren arabera

Baxuak urte osoan

Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua

21 linea eta deribazio ukipenarekin

Eragina duen linea edo deribazio elektrikorik bat ere ez

1.1.1. Ibai bazterretan landaredi naturaleko zerrenda etengabe bat berreskuratu eta ezartzea, funtzionaltasun ekologikoa duena

Lehengoratutako landare-zerrendaren metro kopurua / Berriz landareztatutako harri-lubeten metro kopurua

Lehengoratutako landare-zerrenda, 0 metro / Berriz landareztatutako harri-lubetak, 0 metro

Lehengoratutako zerrenda, 5000 ml / 700 ml landareztatuak

Habitat naturalen azalera

519,78 ha (ur azalera kanpo)

Azalera mantentzen da

1.1.2. Ibai korridorearen irazkortasuna hobetzea arrainentzat

Eskala funtzionalen kopurua

Ezezaguna

%100

Kendutako oztopoen kopurua

0

2

1.1.3. Ibilgu naturalen erregimena bermatzea eremuko hiru ibaietan.

Ingurumeneko emarien erregimena

Ezezaguna

Emarien erregimena habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko modukoa da

Urrobiaren emaria Zanduetan

Emaria bideratua

Emaria desbideratua

1.1.4. Azaleko uren kalitate fisikoa, kimikoa eta biologikoa hobetzea.

Amonioaren eta fosfatoen kargarik ote dagoen Erroko eta Urrobiko goiko tarteetan

Altuak aroaren arabera

Baxuak urte osoan

Uraren tenperatura aldatzeak habitaten eta espezien gainean duen eragina

Ezezaguna

Ezaguna

1.1.5. Linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea

Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua

21 instalazio elektriko ukipenarekin

Instalazio elektriko bakar batek ez du ukipenik

2. Ibaietako habitatak

2.1. Ibai habitaten kontserbazioa eta ibaien mosaikoko heterogeneotasuna hobetzea.

Ibaietako habitaten zenbateko azalera dagoen kontserbazio-egoera onean

279,87 ha

Hasierako balioa baino handiagoa

2.1.1. Ibaietako habitaten eremua kontserbatu eta handitzea

Ibaietako habitaten eremua

279,87 ha

Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa

2.1.2. Flora espezie inbaditzaileak gutxitzea

Espezie exotiko inbaditzaileen eremua

Ezezaguna

Azaleraren 100 kenduta

2.1.3. Populus nigra-ren baliabide genetikoak babestea

Populus nigra-ren unada identifikatuen kopurua

Unadak identifikatu gabe

Unaden %100 identifikatuak

2.1.4. Ibaietako habitatei loturiko intereseko faunaren eta floraren espezie batzuk hobeki ezagutu eta haien kontserbazioa bermatzea.

Odonatoen laginketa

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Bibalboen prospekzioa

Egin gabe

Eginda

Eriogaster catax-ari buruzko laginketak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 3 urtetik behin

Uhandre piriniotarraren laginketak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Apoarmatu istilzaleen prospekzioak

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Desmanaren laginketa

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Martin arrantzalearen eta ur-zozoaren laginketa

Laginketak egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Prunus padus-aren kontserbazio egora

Kontserbazio egoera zehaztu gabe

Kontserbazio egoera zehaztua

Prunus Padus-a berreskuratzeko proiektu pilotua

Egin gabe

Egina

3. Jauregiaroztegi

hezegunea

3.1 Jauregiaroztegi hezegunea ongi kontserbatuta mantentzea

Hezegunearen kontserbazio egoera

Txarra

Ona

3.1.1. Hezegunearen babesa bermatzea eta bertako egoera hidrologikoak lehengoratzea.

Habitat paraturbosoen azalera

10 ha

Egungoa bezalakoa edo handiagoa

Ingurune paraturbosoetako flora espezieen populazioak

Menyanthes trifoliata-ren populazio 1 eta Triglochin palustris-en populazio 1

Irauten dute

Hezeguneko ukipen kopurua

Ukipenak uren eta abeltzaintzaren gainean

Ez da ukipenik uretan eta abeltzaintzaren gainean

3.1.2. Hezeguneari lotutako faunaren espezie batzuk hobeki ezagutzea

Odonatoen laginketa

Egin gabeko laginketak

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Anfibioen laginketa

Egin gabeko laginketak

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

4. Arrainak: loina eta

mazkar arantzaduna

4.1 Arrain autoktonoen kontserbazioa bermatzea.

Loinaren eta mazkar arantzadunaren ugaritasuna

Ezezaguna

Hasierako balioa baino handiagoa

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

4.1.1 Loinaren eta mazkar arantzadunaren populazioen egoera ezagutzea

Loinaren eta mazkar arantzadunaren zentsuak

Bat ere ez

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

4.1.2. Arrainen habitataren baldintzak hobetzea

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

5. Igaraba

eta ur-ipurtatsa

5.1. Igaraba arruntaren eta ur-ipurtatsaren presentzia bermatzea.

Igaraba arruntaren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Laginketa-estazioen %100ean positibo

Laginketa-estazioen %100ean positibo

Ur-ipurtatsaren presentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Ezezaguna

Gai diren ibai-tarteen %100ean bada ur-ipurtatsik

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

5.1.1. Igaraba arruntaren presentzia eremuko tarteetan nola eboluzionatu den jakitea

Igaraba arruntaren laginketak

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

5.1.2. Ur-ipurtatsaren banaketa eta osasun-egoera ezagutzea

Populazioaren banaketari eta osasun-egoerari buruzko laginketak

Bat ere ez

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

5.1.3. Ur-ipurtatsaren eta igaraba arruntaren habitaten baldintzak hobetzea

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

6. Pirinioetako desmana

6.1. Pirinioetako desmanaren kontserbazioa bermatzea

Pirinioetako desmanaren presentzia/absentzia gai diren ibai-tarte guztietan

Irati eta Urrobi ibaiak: presentzia Itoizko urtegitiko gora; Erro ibaia: presentzia Urnizatik gora

Gai diren ibai-tarte guztietan badira

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

6.1.1. Pirinioetako desmanaren populazioak nola eboluzionatu diren jakitea

Desmanaren zentsuak

2007an eta 2008an egindako zentsuak

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

6.1.2. Pirinioetako desmanaren habitataren baldintzak hobetzea

Desmanaren gainean eragin txarra duten minizentralen kopurua

Ezezaguna

Ezaguna

Ibai korridorea izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

7. Saguzarrak

7.1. Neguko kolonien kontserbazioa eta saguzarren ugalketa bermatzea

Hibernazioan eta ugalketan dauden kolonien kopurua

3 kolonia hibernazioan eta aldi baterako kolonia 1

Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa

7.1.1. Hobeki ezagutzea saguzarren banaketa eta ugaritasuna

Saguzarren kolonian zentsuak

Egin gabe

Ebaluazio bat 5 urtetik behin

7.1.2. Saguzarrek negurako eta hazierarako dituzten babeslekuak hobetzea

Ukipen kopurua saguzarren kolonien gainean

Ezezaguna

Ez dago ukipenik

A. Erabilera publikoa

A.1 Bertakoek eta bisitariek lekua hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea

Dibulgazio materiala eta ekipamendua bertako balioen gainean

Ez dago

Badago

A.1.1. Lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea.

Dibulgazio materiala, Natura Interpretatzeko Zentroan eremuari buruz dauden edukiekin

Ez dago

Dibulgazio materiala eskuratua

Dibulgazio materiala eta ekipamenduak Jauregiaroztegi hezeguneari buruzko edukiekin

Ez dago.

Ekipamenduak eta materialak sortuak

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

Iragarkiaren kodea: F1410203

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web