(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2014 FORU LEGEA, ekainaren 18koa, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatzen duena.

DOUE N.º 129 - 03/07/2014



ZIOEN AZALPENA

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak modu integralean arautzen du kontratazio publikoa Nafarroan. Esleipen-prozedurak dira sistemaren giltzarrietako bat.

50. artikuluan ezartzen da zein diren lau prozedura posibleak: prozedura irekia, murriztua, negoziatua eta lehia-elkarrizketa; prozedura negoziatua izan daiteke publizitateduna edo publizitaterik gabea. Prozedura negoziatua eta lehia-elkarrizketa, hala ere, Foru Legean bertan berariaz adierazitako kasuetan soilik erabili ahalko dira.

Kontuan izanda prozedura horiek oso sarritan erabiltzen direla (kontratuen ehuneko 60 baino gehiago egin dira prozedura negoziatu publizitaterik gabea erabilita, Kontratazio Publikorako Batzordearen Erregistroaren arabera, eta kontratatutako zenbatekoaren ehuneko 17 egiten du horrek), Nafarroako Parlamentuari iruditu zaio egokia dela, gardentasunaren eta aukera berdintasunaren printzipioen mesedetan, prozedura horiek beste modu batera arautzea, eta, horrela, bizi ditugun garaiotarako aproposagoak diren atalaseak ezartzea.

Horrenbestez, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen aldaketa honek funtsezko bi helburu ditu. Batetik, lehenago esan denez, mekanismook hobetu nahi ditu, halako moduz non, zenbatekoak mugatuz eta publizitate-bitartekoetan funtsezko hobekuntzak eginez, mekanismo gardenagoak izanen diren, eta, era horretan, aukera-berdintasuna bermatuko duten. Bigarrenik, eztabaida baliatu da 73. artikulua egokitzeko gai horri buruzko Europako zuzentarau berrira; aldaketa horrek, era berean, legearen beste artikulu batzuk doitu beharra ekarri du, multzoari koherentzia ematearren.

Aldaketa hau prestatzeko, kontuan hartu da Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren iritzia, halatan hobetzeko, ahal den guztian, Auzitegiaren lehenbiziko jardun-urtean agertu diren zenbait alderdi oso bat ez datozenak kontratazioaren arloan sortzen diren beharrekin; erraztu egin dira errekurtsoak jartzeko mekanismoak, eta hobetu, halaber, errekurtso horiei erantzuna emateko denbora-tarteak.

Artikulu bakarra. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen aldaketa.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat.–8.4 artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“4. Enkarguaren xede diren lanen esleipenean interesa dutela frogatzen duten enpresek eta profesionalek kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa aurkeztu ahalko dute foru lege honen 210. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.”

Bi.–24. artikuluko 8. idatz-zatian beste lerrokada bat eransten da. Hona testua:

“Era berean, kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko metodoa ezin izanen da aukeratu 89.3 artikuluan jasotako publizitate-betebeharrak saihesteko asmoarekin.”

Hiru.–73. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“73. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua: erabilera kasuak.

1. Obra, hornidura eta laguntza kontratuetan Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabili ahalko da honako kasu hauetan:

a) Prozedura ireki edo murriztu bati erantzuteko inolako partaidetza-eskaintzarik edo -eskaririk aurkeztu ez bada, edo egokia ez bada, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatzen ez diren guztietan.

Eskaintza bat egokia ez dela ulertuko da kontraturako pertinentea ez denean, nabarmenki ez delako gai asetzeko, muntako aldaketarik egin ezean, botere entitate kontratatzailearen beharrizanak eta baldintzak, kontratazio-orrietan zehaztuak. Partaidetza-eskari bat egokia ez dela ulertuko da baldin eta kasuko eragile ekonomikoa baztertuta geratu behar bada edo gera badaiteke, ahalmenik ez edukitzeagatik, kontratatzeko debekua edukitzeagatik edo entitate kontratatzaileak ezarritako kaudimen-irizpideak ez asetzeagatik.

b) Obra, hornidura edo zerbitzuak eragile ekonomiko jakin batek bakarrik ematen ahal baditu, honako arrazoi hauetako bat dela medio:

i) Kontratazioaren xedea izatea artelan bat sortzea edo erostea edo arte-emanaldi bakar bat egitea.

ii) Lehiarik ez egotea, arrazoi teknikoengatik.

iii) Esklusibotasun-eskubideak babestu behar izatea, jabetza intelektualerako edo industrialerako eskubideak barne.

Goiko ii) eta iii) azpiletretan aipatutako salbuespenak soilik aplikatuko dira arrazoizko beste aukera edo ordezkorik ez dagoenean eta lehiarik eza ez denean kontratazioaren parametroen murrizketa artifizial baten ondorio.

c) Urgentziaz izapidetzeko esleipen-prozeduren epeak aplikatuz egiterik egon ez bada, entitate kontratatzaileak aurreikusi ezin izan dituen gertakarien ondoriozko urgentzia larriagatik, eta behar-beharrezkoa den neurrian; urgentzia larria justifikatzeko alegatutako inguruabarrak ezin izanen zaizkie inolaz ere egotzi entitate kontratatzaileei.

2. Obra kontratuetan ere Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabili ahal izanen da ondoko kasuetan:

a) Beharrezkoak diren eta hasierako kontratazioan sartu gabe zeuden obra osagarrietan, hasierako kontratistaren kargura direnean. Baldintzak izanen dira kontratistaz aldatzea ezinezkoa izatea, esaterako dagoen ekipoarekiko edo hasierako kontratazio-prozeduran erositako instalazioekiko edo zerbitzuekiko trukagarritasun- edo interoperatibitate-betekizunengatik, eta kontratista-aldaketa horrek entitate kontratatzaileari eragozpen handia edo kostu-igoera nabarmena ekartzea.

Hala ere, esleipen berri horietatik heldu den prezioa ez da hasierako kontratuaren balioaren ehuneko 50 baino handiagoa izanen. Jarduketa horiek ez dute xede izanen foru lege honetako xedapenak saihestea.

b) Obra berriak egin behar direnean, entitate kontratatzaile berek esleitutako hasierako kontratistari enkargatutakoen antzekoen errepikapena direnak. Betiere, obra berri horiek oinarrizko proiektu bati lotuko zaizkio, eta proiektu hori prozedura ireki edo murriztu batean esleitutako hasierako kontratu baten xede izandakoa izanen da. Oinarrizko proiektu horretan aipatuko da zenbat obra osagarri egon daitezkeen eta zein baldintzatan esleituko diren. Prozedura hau erabili ahal izateko aukera jakitera eman behar izanen da lehen kontratuaren lizitazio-deialdiaren hasieratik beretik, eta entitate kontratatzaileek kontuan hartuko dute geroko obretarako aurreikusitako kostu osoa, kontratuaren balio zenbatetsia ezartze aldera. Hasierako kontratua egin eta ondoko hiru urteko aldian baino ezin izanen da prozedura horretara jo.

c) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, gehienez 600.000 eurokoa duten kontratuetan. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 30.000 eurotik gorakoa ez bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea, besterik gabe.

3. Laguntza kontratuetan, halaber, Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabiltzen ahalko da ondoko kasuetan:

a) Beharrezkoak diren eta hasierako kontratazioan sartu gabe zeuden zerbitzu osagarrietan, hasierako kontratistaren kargura direnean. Baldintzak izanen dira kontratistaz aldatzea ezinezkoa izatea, esaterako dagoen ekipoarekiko edo hasierako kontratazio-prozeduran erositako instalazioekiko edo zerbitzuekiko trukagarritasun- edo interoperatibitate-betekizunengatik, eta kontratista-aldaketa horrek entitate kontratatzaileari eragozpen handia edo kostu-igoera nabarmena ekartzea.

Hala ere, esleipen berri horietatik heldu den prezioa ez da hasierako kontratuaren balioaren ehuneko 50 baino handiagoa izanen. Jarduketa horiek ez dute xede izanen foru lege honetako xedapenak saihestea.

b) Zerbitzu berriak egin behar direnean, hasierako kontratua duen kontratistari entitate kontratatzaile berek enkargatutakoen antzekoen errepikapenak direnak. Betiere, obra horiek oinarrizko proiektu bati lotuko zaizkio, eta proiektu hori prozedura ireki edo murriztu batean esleitutako hasierako kontratu baten xede izandakoa izanen da. Oinarrizko proiektu horretan aipatuko da zenbat zerbitzu gehigarri egon litezkeen eta zein baldintzatan esleituko diren. Prozedura hau erabili ahal izateko aukera jakitera eman behar izanen da lehen kontratuaren lizitazio-deialdiaren hasieratik beretik, eta entitate kontratatzaileek kontuan hartuko dute geroko zerbitzuetarako aurreikusitako kostu osoa, kontratuaren balio zenbatetsia ezartze aldera. Hasierako kontratua egin eta gero, hiru urteko aldian baino ezin izanen da prozedura horretara jo.

c) Proiektu lehiaketa baten irabazleari laguntza kontratua esleitu behar zaionean, lehiaketari buruzko arauak aplikatzearen ondorioz. Proiektu lehiaketaren irabazleak bat baino gehiago badira, denei egin behar zaie negoziaziorako gonbita.

d) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, gehienez 75.000 eurokoa duten kontratuetan. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 6.000 eurotik gorakoa ez bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa aparte 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan, faktura aurkeztea besterik ez da eskatuko.

4. Hornidura kontratuetan ere Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatura jo ahalko da:

a) Dena delako produktuak fabrikatzen direnean ikerketak, esperimentuak, azterlanak edo garapen-lana egiteko bakarrik. Edonola ere, xedapen honen arabera esleitutako kontratuek ez dute barne hartuko serieko ekoizpena, helburu duena produktuaren merkataritza-bideragarritasuna ezartzea edo ikerketa eta garapeneko kostuak berreskuratzea.

b) Hasierako hornitzaileak entrega gehigarriak egiten dituenean hornidura edo instalazioen zati bat berritzeko edo, bestela, lehendik diren hornidura edo instalazioak gehitzeko, hornitzaile-aldaketa batek ezaugarri tekniko desberdinak dituen hornidura erostera behartzen duenean entitate kontratatzailea, horrela bateraezintasunak edo erabili eta mantentzeko zailtasun tekniko handiegiak sortzen dituelarik; halako kontratuen iraupena, eta kontratu berriztagarriena ere, gehienez hiru urtekoa izanen da oro har.

Horrelakoetan, frogatu beharko da ezin dela beste hornitzaile batekin kontratatu arrazoi ekonomiko edo teknikoengatik, esaterako dagoen ekipoarekiko edo hasierako kontratazio-prozeduran erositako instalazioekiko edo zerbitzuekiko trukagarritasun- edo interoperatibitate-betekizunengatik, eta ezinezkoa dela eragozpen handia edo kostuak nabarmen igotzea dakarrelako entitate kontratatzailearentzat.

Hala ere, kontratua aldatzetik heldu den prezio-igoera ez da hasierako kontratuaren balioaren ehuneko 50ekoa baino handiagoa izanen. Zenbait aldaketa segidan eginez gero, muga hori aplikatuko zaio aldaketa bakoitzaren balioari. Aldaketa horiek ez dute helburu izanen foru lege honetako xedapenak saihestea.

c) Lehengaien poltsa batean kotizatu eta erositako hornidurak direnean.

d) Baldintza bereziki onuragarrietan erositako hornidura edo zerbitzuak direnean, dela merkataritza-jarduera behin betiko utzi behar duen hornitzaile bati erositakoak, dela kaudimengabezia prozedura bateko administratzaile bati, dela hartzekodunekiko hitzarmen baten karietara edo lege nahiz erregelamendu xedapenetan dagoen izaera bereko prozedura baten karietara.

e) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, gehienez 75.000 eurokoa duten kontratuetan. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 6.000 eurotik gorakoa ez bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea.

5. Halaber Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren bidez lizitatu ahalko dira Europar Batasuneko atalasetik beherako zenbatekoa duten kontratuak, 71. artikuluan adierazitako kasuetan.

6. Debeku izanen da enpresa edo profesional berari administrazio berak aurrekontu-ekitaldi berean faktura bidez edo kreditu-erreserbadun faktura bidez esleitzea kontratu-kopuru bat zeinaren zenbateko metatuak honako mugak gainditzen dituen: 80.000 euro, BEZa aparte, obren kasuan, eta 30.000 euro, BEZa aparte, gainontzeko kontratuetan”.

Lau.–89. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Prozedura negoziatua Nafarroako Kontratazioaren Atarian iragartzen ahalko da, eskaintza aurkezteko informazioa zein helbidetan jaso daitekeen adierazita. Iragarki horrek ez du prozeduraren funtsa hutsalduko. Hala ere, Nafarroako Kontratazioaren Atarian iragarki hori paratzea nahitaezkoa izanen da, baldin eta publizitaterik gabeko prozedura negoziatuak, foru lege honetako 73. artikuluan ezartzen diren mugak gainditu gabe, 200.000 euroko muga gainditzen badu obra-kontratuen kasuan, BEZa aparte, eta 60.000 eurokoa, BEZa aparte, gainontzekoetan”.

Bost.–193. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabiliko da 73. artikuluan adierazitako kasuetan.”

Sei.–210. artikuluko 2. idatz-zatiaren c) letra aldatu da. Testu hau izanen du:

“c) Hamar egun natural, kontratuaren esleipena argitaratu eta biharamunetik hasita, lizitazio iragarkia argitaratzea aginduzkoa ez denean, edo ente instrumental bati enkargua egiteari buruzko iragarkia argitaratu eta biharamunetik hasita.”

Zazpi.–210. artikuluko 3. idatz-zatiaren d) letra aldatzen da. Testu hau izanen du:

“d) Bitarteko instrumental propioei enkarguak egitea, edo kontratuan aldaketak egitea -aldaketa horiek hasierako kontratuan aurreikusita egon edo ez-, baldin eta foru lege honetan agindutakoa urratuz egiten badira eta kontratu publiko baten legez kanpoko esleipena badakarte edo ekar badezakete. Kontratuen aldaketen kasuan, erreklamazioa egiteko legitimazio aktiboa soilik izanen dute hasierako kontratuaren lizitazioan onartutako lizitatzaileek.”

Zortzi.–212. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“212. artikulua. Erreklamazioa izapidetzea.

1. Erreklamazioa telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Kontratazioaren Atarian, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari zuzendua, erregelamenduz zehazten diren baldintzak betez, foru lege honetako 210.2 artikuluan ezarritako epeetan, eta helbide elektroniko bat emanen da jakinarazpenetarako.

Erreklamazio idazkiari honakoak erantsi beharko zaizkio:

a) Aurkaratzen den egintzaren komunikazioaren edo jakinarazpenaren kopia bat, edo egintza horren argitalpenaren zehaztapena, adierazita zer prozeduratan izan zen egintza hori edo zer datatan argitaratu zen iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian.

b) Agiri bat, auzian agertutakoaren ordezkaritza eta erreklamazioa jartzeko legitimazioa frogatuko dituena.

c) Bere eskubidea oinarritzen duen agiria edo agiriak, eta erabili nahi dituen gainerako frogabideak.

d) Behar izanez gero, kautelazko neurrien eskaera.

Erreklamazioa jartzea doanekoa da; ez dago inongo tasarik ez erreklamatzailearentzat, ez entitate erreklamatuarentzat.

2. Erreklamazioa osagabea bada, bi egun balioduneko epea emanen da hura osatzeko.

3. Behin erreklamazioa jarrita, Auzitegiko Idazkaritzak egun horretan bertan emanen dio horren berri kontratazio-organoari, eta erreklamazio-idazkiaren kopia igorriko dio. Halaber, kontratazio-espedientea edo kontratuaren dokumentazioa eskatuko dio kontratua izapidetu duen entitateari, eta azken horrek ondorengo bi egun balioduneko epean igorri beharko dio, bere eskubideak aldezteko egoki deritzen alegazioekin batera.

Espedientea ez bada osorik epe horretan igortzen, erreklamazioa ebazteko epea etenda geldituko da espedientea osorik igorri arte. Kasu horretan, etena gehienez ere bost egunekoa izanen da, eta behin egun horiek pasatuta, Auzitegiak izapideekin jarraituko du. Horrek ez du esan nahi, hala ere, kontratazio-espedientea igortzeko ardura zuten pertsonek ez dutenik erantzukizunik izanen; erantzukizun hori administrazio publikoren baten zerbitzuan lan egiten duten langileena den kasuan, indarreko legediak ezarritakoaren arabera eskatuko zaie. Administrazio publiko ez diren entitateen kasuan, aplikatzekoa den araudiaren arabera eskatzen ahalko da erantzukizuna.

Espedientea aurkibide batekin aurkeztuko da, non kronologikoki ordenatuta zerrendatuko diren espedientea osatzen duten artxiboak; prozeduran parte hartutako lizitatzaile guztiak bilduko dituen zerrenda bat ere erantsiko da, bakoitza bere helbide elektronikoarekin.

4. Administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa jasorik, erreklamazioa gainerako interesdunei jakinaraziko zaie, hiru egun balioduneko epean bidezkotzat jotzen dituzten alegazio edo frogak aurkez ditzaten. Horri dagokionez, interesdunek posta elektronikoko konturik ez badute, nahikoa izanen da alegazioetarako epea Nafarroako Kontratazioaren Atarian ezartzea.

5. Interesdunek eskatzen badute edo prozedurak hala exijitzen badu, frogaldi bat egotea erabakitzen ahalko da, bost egun baliodunekoa gehienez ere, egoki jotzen den froga oro egin dadin; frogak egin aurretik, interesdun guztiei emanen zaie horren berri. Auzitegiak ukatu egin dezake proposatutako froga, baldin eta ez badu egokitzat edo beharrezkotzat jotzen. Froga kontraesanaren printzipioaren arabera gauzatuko da; egoki jotzen den edozein agiri aurkeztu ahalko da. Behin froga eginda, froga horren balorazioa eginen da, eta aldeek, bi eguneko epean, beren behin betiko pretentsioak aurkeztuko dituzte. Froga egitearen ondoriozko gastuak froga egitea eskatu zuenak ordaindu beharko ditu. Froga egiten den denbora-tartean, etenda geldituko da Auzitegiak ebazpena emateko duen epea.”

Bederatzi.–213. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“213. artikulua. Erreklamazioa ebaztea.

1. Erreklamazioari buruzko ebazpena hogei egun balioduneko epean emanen da, hura aurkezten denetik hasita. Epe hori iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, ulertuko da erreklamazioa ezetsi dela.

2. Prozedura amaitzen duen ebazpena eskaeraren araberakoa izanen da, eta bertan, behar bezala arrazoituta, esleipen prozeduran legez kanpo hartu diren erabakien deuseztatzeari buruz ebatziko da, bai eta bereizkeriazko ezaugarri tekniko, ekonomiko edo finantzarioak honakoetatik kentzeari buruz ere: lizitazio iragarkitik, aldiroko iragarkietatik, administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren agirietatik, kontratua arautzeko baldintzetatik edo lizitazioarekin edo esleipenarekin zerikusia duten gainerako agirietatik. Auzitegiak erabateko deuseztasuna dagoela uste badu, horri buruzko ebazpena emanen du, aldeek alegatu ez dutenean ere; betiere, interesdunak horren jakinaren gainean jarriko ditu, eta hiru egun naturaleko alegazio-epea emanen die.

3. Erreklamazioa ez onartzeko arrazoiak honakoak izanen dira:

a) Epez kanpo aurkeztea.

b) Erreklamazio-egileak legitimaziorik ez izatea.

c) Eskabidearen akatsak ez zuzentzea.

d) Auzitegiak eskumenik ez izatea.

e) Erreklamazioak inolako funtsik ez izatea.

f) Foru lege honetan edo bere garapen-araudian ezarritako bide telematikotik kanpo aurkeztea.

4. Auzitegiak hautematen badu ausarkeriaz edo fede txarrez jokatu dela erreklamazioa jartzean edo kautelazko neurriak eskatzean, erreklamazio-egileari isun bat ezartzea erabaki ahalko du; Auzitegiak justifikatu egin beharko du, betiere, zer arrazoirengatik jartzen dion isuna eta zer zirkunstantzia hartu dituen kontuan zenbatekoa zehazteko. Isuna jartzeko, nahitaezkoa izanen da erreklamazioan adierazitako pretentsioak guztiz ezetsi izana.

Isunaren zenbatekoa 1.000 eta 15.000 euro bitartekoa izanen da, eta zenbatekoa zehaztuko da hautemandako fede txarraren eta interes publikoari zein gainerako lizitatzaileei eragindako kaltearen arabera. Idatz-zati honetan adierazitako zenbatekoak bi urtean behin eguneratuko dira, Nafarroako Gobernuan ekonomiaren arloko eskumena duen kontseilariaren foru aginduz, Estatistikako Institutu Nazionalak kalkulatutako kontsumoko prezioen indizea aplikatuta”.

Hamar.–Hamabosgarren xedapen gehigarria eransten zaio Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeari. Testu hau izanen du:

“Hamabosgarren xedapen gehigarria. Entitate eta elkarte kultural irabazi-asmorik gabeen parte-hartzea Nafarroako toki entitateek antolatutako edo sustatutako jarduera kulturaletan, festa-arlokoetan, artistikoetan eta folklorea hedatzekoetan.

Foru lege honen aplikaziotik salbuetsita gelditzen dira kasuan kasuko udaleko entitate eta elkarte kultural irabazi-asmorik gabeak, hala nola musika-bandak, dantza-taldeak, txarangak eta antzekoak, Nafarroako toki entitateek antolatutako edo sustatutako jarduera kulturaletan, festa-arlokoetan, artistikoetan eta folklorea hedatzekoetan parte hartzen dutenean, eta parte-hartze hori, zeinak ez baitu ordain-izaerarik izanen, horretarako sinatutako lankidetza-hitzarmen baten babesean gauzatzen denean; hitzarmenok diru-laguntza publikoen arloko legedian xedatutakoarekin bat formalizatzen ahalko dira.”

Xedapen gehigarria .–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aldaketa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluko 4. idatz-zatia aldatzen da. Testu hau izanen du:

“4. Halaber, zilegi izanen da aurreko idatz-zatian aipatutako bermea ez eskatzea sindikatuei eta enpresa-erakundeei, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaia fundazioari eta irabazteko asmorik gabeko kultur entitateei, kasu bakoitzaren inguruabar bereziak kontuan izanik ekonomiaren eta ogasunaren arloko kontseilariak hala erabakitzen duenean.”

Xedapen iragankorra .–Hasitako prozeduren tramitazioa.

Foru lege honek indarra hartu aurretik hasitako prozeduren tramitazioak aurreko legeriarekin jarraituko du.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko ekainaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1409383

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web