(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2014 FORU LEGEA, ekainaren 18koa, Iruñerriko Bidaiari-garraio Erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 129 - 03/07/2014



ZIOEN AZALPENA

Garraiorako eskubidea, hau da, kalitate eta prezio egokian herritarren mugikortasuna bermatzea, aginte publikoen betebeharra da, eta arazo horri taxuzko irtenbidea ematen saiatu behar dute.

Nafarroatik atera gabe egiten den garraioaren arloan, Foru Komunitateak erabateko eskumena du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko Lege Organikoaren 49.1.f) artikuluaren indarrez.

Iruñerriko Bidaiari-garraio Erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legeak konponbidea eman zien Iruñerriko metropolialdeko bidaiari-garraio erregularrak zituen disfuntzioei. Eskumen administratiboen banaketak sortzen zituen disfuntzio horiek. Izan ere, hiri garraioa, udalerrietako mugen barrukoa, udalen eskumenekoa zen –kasu honetan, Iruñeko Udalak bakarrik erabiltzen zuen eskumena–, eta hiri arteko garraioa, Iruñearen eta metropolialdeko gainerako udalerrien artekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoa. Banaketa hori ez zen bat etortzen herritarren joan-etorrien benetako eremuarekin.

Foru lege horrek integrazio administratiboaren konponbidea arautu zuen, garraio agintaritza bakarra ezarriz eremu osorako; hain zuzen ere, Iruñeko Mankomunitateari esleitu zion zerbitzuaren kudeaketa. Zerbitzuaren eremuan lehendik zegoen eta beste zerbitzu publiko batzuk ematen zituen administrazio bat zen, berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna zuena, eta udalek Mankomunitatean zuten partaidetzak bermatu egiten zuen haien autonomia.

Mankomunitateak Iruñerriko bidaiari-garraio erregularraren gaineko eskumen berri horiek 1999ko apirilaren 26an hartu zituen, eta eskualdeko hiri garraioko zerbitzu berria 1999ko uztailaren 26an abian jarri zen. Ordutik aurrera bertan behera gelditu zen hiri-zerbitzuen eta hiriarteko zerbitzuen arteko bereizketa.

8/1998 Foru Legeak eskualdeko hiri garraio zerbitzua planifikatzeko tresna bat taxutu zuen eta Iruñerriko Hiriko Garraioaren Plana deitu zion.

Foru lege horren 5.1 artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio Iruñerriko Hiriko Garraioaren urte anitzeko Plana onestea, eta zerbitzuaren titular den entitateak sustatu behar du plan hori; hots, Iruñerriko Mankomunitateak.

Denborak erakutsi du plana onesteko prozedura ez dela eraginkorra, eta ez da beharrezkotzat jotzen Nafarroako Gobernuak tutoretza hori egitea, plana entitate eskudunak berak onetsi beharko lukeelakoan; hori bai, foru lege honetan jasotako printzipioei men eginez.

Horregatik garrantzitsua da gogora ekartzea aipatutako printzipioek diotena: zerbitzuaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia etengabe hobetu behar dira, eta administrazio publiko guztiek lagundu behar dute kalitatea hobetzen; horretarako, planeamendu-tresnak onetsi eta garraio publikoaren abiadura komertziala hobetzeko ekintzak garatuko dira. Halaber, garraioaren erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifen bidez zerbitzuaren kostutik zenbat estaliko den finkatzen da, eta gainerakoa nola banatuko den ukitutako administrazioen artean; hau da, Foru Komunitateko Administrazioaren eta udalen artean.

Banaketa horretan Foru Komunitateko Administrazioak parte hartzearen arrazoi nagusiak dira, batetik, ekarpena egitea bere eskumenekoa izan zen hiriarteko garraioa mantentzeko -Iruñearen eta inguruko udalerrien artekoa-, eta bestetik, toki entitateek askitasun finantzarioa izateko ekarpena egitea, zeina, Espainiako Konstituzioaren 142. artikuluak agintzen duen bezala, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoek bildutako tributuen etekinak toki entitateei emanez gauzatu behar baita.

Bestalde, arautzen den garraioa hiri garraiotzat definitzen denez, Nafarroako Gobernuak zerbitzu-ematearen eremua alda dezake foru dekretuz, zerbitzu horrek Foru Komunitatearen eskumenei eragiten dielako.

Foru lege hau eman da Nafarroatik atera gabe egiten den garraioaren arloan Foru Komunitateak duen erabateko eskumenaz baliaturik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f) artikuluaren indarrez.

Artikulu bakarra. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, Iruñerriko Bidaiari-garraio Erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legearen manu hauek testu hau izanen dute:

Bat.–3. artikuluko 1. idatz-zatia:

“1. Foru lege honek arautzen duen hiriko garraioaren aplikazio eremua honako udalerri hauek osatuko dute:

–Antsoain.

–Aranguren; hain zuzen ere, Mutiloako bizigunea.

–Barañain.

–Beriain.

–Berriobeiti; hain zuzen ere, Aitzoaingo, Artikako, Berriobeitiko eta Berriogoitiko kontzejuen eremua.

–Berriozar.

–Burlata.

–Zizur; hain zuzen ere, Zizur Txikiko Kontzejuaren eremua.

–Eguesibar; hain zuzen ere, Gorraizko eta Sarrigurengo biziguneak eta Olazko Kontzejua.

–Esteribar; hain zuzen ere, Ollokiko bizigunea.

–Ezkabarte; hain zuzen ere, Arreko eta Orikaingo kontzejuak.

–Galar; hain zuzen ere, Cordovillako Kontzejua.

–Uharte.

–Noain (Elortzibar); hain zuzen ere, Noaingo bizigunea.

–Orkoien.

–Iruña.

–Atarrabia.

–Zizur Nagusia.”

Bi.–4. artikuluaren izenburua “Eskumenen araubidea” izanen da hemendik aurrera.

Hiru.–4. artikuluko 2. idatz-zatia:

“2. Iruñerriko Mankomunitateari dagokio foru lege honen xede den garraio publikoko zerbitzuaren titulartasuna eta berari esleitzen zaio zerbitzu hori kudeatu eta antolatzeko eskumena, aplikatu beharreko legediari jarraituz.

Udalerriek Iruñerriko hiriko garraio publikoaren zerbitzua emateko izanen duten integrazio epea 9 urtekoa izanen da, gutxienez”.

Lau.–4. artikuluko 3., 4. eta 5. idatz-zatiak kentzen dira.

Bost.–5. artikulua kentzen da.

Sei.–6. artikuluaren ondoren kapitulu berri bat eransten da, II. bis kapitulua. Hona hemen:

“II. bis kapitulua. Zerbitzua planifikatzea eta hirigintza-planeamenduan integratzea.

6. bis artikulua. Zerbitzua planifikatzea.

1. Foru lege honen xede den zerbitzua Iruñerriko Hiriko Garraioaren Plana izeneko tresnaren bidez planifikatu eta antolatuko da. Urte anitzeko plana izanen da eta Iruñerriko Mankomunitateak onetsiko du.

Onetsi aurretik, Iruñerriko Mankomunitateak plan hori Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari helaraziko die, azter dezaten eta ekarpenak egin ditzaten, hilabeteko epean gehienez ere.

2. Iruñerriko Hiriko Garraioaren Planean zehaztuko dira foru lege honen xede den zerbitzuaren ematea arautuko duten ildo nagusiak, bai eta programazio eta plangintzako oinarrizko printzipioak ere; eta, gutxienez, honako gai zehatz hauek ukituko ditu:

a) Helburu eta irizpide orokorrak.

b) Zerbitzuen plangintza.

c) Inbertsioen programazioa.

d) Plana betetzearen ebaluazio ekonomiko eta finantzarioa.

e) Tarifen markoa.

f) Planaren helburuak lortze aldera zerbitzuaren titular den entitateari Foru Komunitateko Administrazioak eta foru lege honen aplikazio eremuko udalek egin behar dizkioten ekarpenak.

3. Garraio planak honako gidalerro hauek jarraituko ditu:

a) Kalitatezko garraio zerbitzu publikoa ematea, eraginkortasun eta efizientzia egokiekin.

b) Garraio publikoaren erabilera sustatzea, hura hirigintza-planeamenduko tresnetan integratuz.

c) Zerbitzuaren abiadura komertziala hobetzea, antzeko metropolialdeetan lortu diren emaitza onenen pareko balioak lortzeraino.

d) Erabiltzaileei kobratzetik heldutako zuzeneko diru-sarrerak nahiz zerbitzuari lotutako bestelakoak.

Eskualdeko hiri garraioa erabiltzeagatik erabiltzaileek ordaindu beharko duten txartel-prezioa erabakitzerakoan, zerbitzu publikoa izateari emanen zaio lehentasuna, eta ez zerbitzuaren autofinantzaketari.

Zerbitzuaren zuzeneko finantzaketa ahalik eta handiena izan dadin bilatzean, finantzaketa hori zerbitzuaren erabilera masiboan oinarritzea bilatu beharko da, eta ez ordea txartelaren pixkanakako garestitzean, edozein dela ere txartelaren modalitatea.

Garraio publikoaren eskuragarritasuna eta indartzea bermatuta egon daitezen garraio pribatuaren aldean, erabiltzaileen txartelen bidezko zuzeneko zerbitzu-finantzaketa ez da inoiz ere zerbitzu-kostuaren ehuneko 50 baino handiagoa izanen.

Zerbitzuari lotutako diru-sarreratzat hartuko dira finantzaketarako baliabideak eskuratzeko bidea ematen dutenak, hala nola publizitatea, babesletza edo bestelakoak. Diru-sarbide horiek ezin izanen dute inoiz oztopatu edo arriskuan jarri zerbitzu-emate egokia.

Foru lege honetan 2014rako ezarritako ekarpena erreferentzia hartuta, etorkizuneko zerbitzu-ekitaldi ekonomikoak ixtean, idatz-zati honetatik heldutako diru-sarrerek ezarri den ehunekoa gainditzen badute, ezin izanen dira inola ere igo indarreko tarifak, ezta KPIra egokitzeko ere.

e) Ekarpenak eta transferentziak, bai zerbitzuari atxikitako udalek eginak, bai zerbitzua ematen duen entitateak zuzenean eginak.

Zerbitzuari atxikita dauden udalek eta zerbitzua kudeatzen duen entitateak eginen dituzten ekarpen ekonomikoak kalkulatzeko, zerbitzuaren ustiapen-defizitari begiratuko zaio: ekarpen horiek defizit horren ehuneko 35ekoak izanen dira, behin idatz-zati honetako d) letratik heldutako diru-sarrerak kenduta.

Ekarpena zuzenean eginen du entitate zerbitzu-emaileak, baldin eta baliabiderik badu eta kasuan kasuko bere organoek hala erabakitzen badute, edo zerbitzuari atxikitako udalek eginen dute, zeinek bere biztanle-kopuruaren proportzioan.

f) Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik heldutako transferentziak, helburu horretara lotuak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, urtero, behar den diru-kopurua ezarriko dute, izaera finalistaz, behin idatz-zati honetako d) letran jasotako ekarpenak kenduta kalkulatutako zerbitzuaren ustiapen-defizitaren ehuneko 65 estaltzeko.

g) Foru lege honen aplikazio eremuko udalerriei dagokien zatia bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera banatzea udalerri horien artean. Gutxieneko zenbateko edo kuota finko bat ezarri ahalko da, zerbitzuaren gutxieneko eskaintza-maila ematean izandako kostua kontuan hartuko duena. Bestalde, ekarpen hori modulatu ahal izanen da, zerbitzuaren abiadura komertziala hobetzeko eta garraio publikoa hirigintza-antolamenduan egoki integratzeko udal horiek hartzen dituzten neurrien arabera.

6. ter artikulua. Hirigintza-planeamenduan integratzea.

1. Lurralde- eta hirigintza-antolamendurako tresnek Garraio Planean ezarritako helburu eta irizpide funtzionalak jasoko dituzte eta espazioan zehaztuko dituzte.

2. Garraio Planean aztertu eginen dira lurralde antolamenduko tresnek garraio publikorako ezarritako ibilbideak edo lehentasunezko trazaduren sarea, eta egokitzat jotzen diren aldaketak proposatuko dira zerbitzuaren etorkizuneko plangintzari begira.

3. Hirugarren artikuluan zehaztutako eremuko udalek sustapen lana egin beharko dute beren hiri-planeamendua lagungarria izan dadin garraio publiko eraginkorra, efizientea eta herritarrentzat eskuragarria sustatzeko. Halatan, zerbitzua behar bezala emateko behar den leku-erreserba eginen dute. Urbanizazio proiektuen bitartez planeamendua betetzerakoan elementu eta diseinu egokiak ezarri beharko dira, garraio publikoko zerbitzua hobetuko dutenak, bereziki haren abiadura komertziala. Horretarako garraio publikoa lehenesten duten neurriak ezarriko dira, hala nola:

a) Autobus-erreietarako erreserbak.

b) Eskatu ahalako semaforo-lehentasuna emateko sistemak.

c) Zirkulazio-erreian bertan gelditu ahal izatea; hots, baztergunerik gabe.

d) Galtzadan abiadura motelarazteko sistemak ezartzea, beren diseinuagatik garraio publikoaren ohiko abiadura murrizten ez dutenak.

4. Iruñerriko Mankomunitateak lurralde eta hiri antolamenduko tresnen eta urbanizazio proiektuen gaineko irizpenak eman beharko ditu, haiek garraio publikoan duten eraginaren aldetik: zerbitzua emateko egiturazko beharrak eta behar operatiboak, haien finantzaketa eta bideragarritasun ekonomikoa, sare osoan duten eragina, eta garraio zerbitzuari eragiten dion beste edozein inguruabar.

5. Eskualdeko hiri garraio publikoaren zerbitzuaren hobetzea nabarmena izan dadin kalitateari, kudeaketari eta kostuen murrizketari dagokienez, hori lortzea helburu izanen duten jardunbideei ekinen zaie, hala hirigintzaren arloan, nola bestelakoetan: trazadurak, ibilbideak, zerbitzuaren abiadura, errei propioak, geltokiak eta abar. Horretarako, garraio publikoari emanen zaio lehentasuna, ibilgailu pribatuaren aldean.

Horretarako, foru lege hau onetsi eta urtebeteko epean, udalez gaindiko plan sektorial bat prestatuko da, behar horiei aurre egiteko eta jarduketak gauzatzeko jardunbide guztiak bilduko dituena. Udalez gaindiko plan sektorial hori adostu eginen da zerbitzua kudeatzen duen toki entitatearekin.

Behin udalez gaindiko plan sektoriala onetsita, hurrengo bi ekitaldietan exekutatuko da, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako jasoko diren kontu-sailen kargura”.

Zazpi.–8. artikuluko 2. idatz-zatia:

“2. Garraio Plana ez baldin bada aldatzen edo gaurkotzen, eta kasu horretarako aurreikuspen berezirik ez baldin badu, automatikoki beste ekitaldi ekonomiko baterako luzatuko da, Nafarroako kontsumorako prezioen indizeari dagokion gehikuntzarekin. Iruñerriko Mankomunitateak planaren eguneratzearen ondoriozko aurrekontu-beharrak ebaluatuko ditu; ebaluatze hori planean jasotako oinarriak erabiliz eginen da, eta indarrean diren kontratu eta konpromisoak aplikatuz, ekitaldi berriari buruzko aurreikuspenen mugapean. Luzapenetik heldutako ekarpenak aski ez badira horrela kalkulatutako aurrekontu-beharrak orokorki orekatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekarpenak eta foru lege honen aplikazio-eremuko udalen ekarpenek orekatu egin beharko dituzte aipatutako aurrekontu-beharrak; horretarako, proportzio berean doituko dira luzatzen den planeko azken ekitaldirako ezarritako aurrekontu beharrak.”

Zortzi.–Lehen xedapen gehigarriak testu hau izanen du:

“Lehena.–Sistema horren bideragarritasuna eremu txikiago batean.

Foru lege honen aplikazio eremuko udalerriren batek Mankomunitatetik ateratzea erabakitzen badu, Iruñerriko Hiriko Garraioaren Plana aldatzeko izapideak egin beharko dira, eta aldaketa horretan erabakiko da ea foru lege honetan araututako hiri garraio publikoaren kudeaketa-sistema bideragarria ote den gelditzen den eremurako.

Iruñerriko Mankomunitateak erabakiko balu gelditzen den eremuan sistema hori ez dela bideragarria, urtebeteko epean beste kudeaketa-modu bat sustatzeko eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.”

Bederatzi.–Bigarren eta hirugarren xedapen gehigarriak kentzen dira.

Hamar.–Xedapen iragankorrak kentzen dira.

Xedapen gehigarria .–Bonu soziala.

Foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Iruñerriko Mankomunitateak bonu sozial bat ezartzeko proposamen bat eginen du; bonu horrek Gizarteratze-Errentaren taulak hartuko ditu erreferentzia.

Azken xedapenetan lehena .–Arau osagarriak.

Foru lege honetan arautzen den bidaiari-garraio erregularrari dagokionez, bertan xedatuta ez dagoen orotan Errepideko Hiri barruko Garraio Publikoa arautzen duen Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken xedapenetan bigarrena .–Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko ekainaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1409382

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web