(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

49/2014 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 11KOA, “BAZTAN IBAIA ETA ARTESIAGA ERREKA” IZENEKO BATASUNAREN GARRANTZIZKO LEKUA (BGL) KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU IZENDATZEN DUENA ETA HAREN KUDEAKETA PLANA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 125 - 27/06/2014



  ERANSKINA. “BAZTAN IBAIA ETA ARTESIAGA ERREKA” IZENEKO ES2200023 KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAREN KUDEAKETA PLANA


Zioen azalpena

Baztan ibaia eta Artesiaga erreka izeneko gunea Nafarroako ipar-mendebaldeko muturrean dago, Baztango udal mugapean. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna; gainera, zenbait kasutan, espezie horiek beren banaketa naturaleko eremuan galtzeko zorian daude, edo haien banaketa naturalaren azalera murritza da, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktiborako eta prebentziorako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Natur habitatak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak zaintzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren intereseko habitat natural eta basa florako eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitat motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, “Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” izeneko ES22000023 gunea dago.

Batasunaren Intereseko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Intereseko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berriz ezartzeko.

2004ko abenduaren 7ko 2004/813/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, kontserbazio bereziko eremu izendatuko dira leku horiek.

“Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko ekainaren 11n egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak

DEKRETATU DU:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Batasunaren Garrantzizko ES2200023 Lekua, “Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” izenekoa, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.

2. “Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” izeneko ES2200023 Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa plana onestea. Foru dekretu honierantsi zaio.

2. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.

“Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” izeneko gunea Nafarroako ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta 76,04 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren lurralde mugak:

Kontserbazio Bereziko Eremu hau bi adarretan zatitzen da: Baztan ibaiarena eta Artesiaga errekarena. Baztan ibaiak tarte hau hartzen du: Elbeteko zubitik hasita Oronoz-Mugairiraino, Bertizko jaurerriaren zubiraino, hain zuzen. Bigarren adarrak, hots, Artesiaga errekak, tarte hau hartzen du: Artesiagako zentraletik hasita erreka eta Baztan ibaia elkartzen diren tokiraino, Arraoiztik gora.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 423.,424. eta 428. OPMak ukitzen ditu.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzorde bat sortzen da, “Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” gunearen kontserbazioaren kudeaketan parte hartzeko eta aholku emateko organo gisa. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.

b) Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.

c) Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.

d) Foru Komunitateko Administrazioari jakinaraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.

e) Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei neurriak garatzeko behar diren konpromisoak betetzeko eskatzea.

f) Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzala eta haiekin goza dadila ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria. Gaikuntza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria. Lotutako araudia.

Leku honen barrenean, Onura Publikoko Mendi gisa katalogatutako eremuan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Kudeaketa planaren indarraldia Nota de Vigencia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den kudeaketa planaren indarraldia:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.

Azken xedapenetako bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarerako jarduketa-ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko ekainaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

ERANSKINA. “BAZTAN IBAIA ETA ARTESIAGA ERREKA” IZENEKO ES2200023 KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAREN KUDEAKETA PLANA

ERANSKINA

Aurkibidea

I.-Planaren helburua.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

III.-Planaren azken helburuak.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

V.-Araudia.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

VII.-Jarduketak.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

IX.-Mugak.

X.-Jarraipen-programa.

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

I.-Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta prebentzio neurriak ezartzea hurrengo atalean adieraziko diren habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera onera berriz ekartzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da gunearen osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari koherentzia ematen laguntzea. Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Era berean, eremu hau babestea ekarri duten balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak saihestuko dira.

II.-Kontserbatu beharreko balio naturalak.

KBE honetan dauden Batasunaren intereseko habitaten artean hauek dira nabarmenenak: haltzadi kantauriarrak (91E0* EB Kodea) eta harizti eutrofobo kantauriarrak (91E0* EB Kodea).

Dena dela, KBE honen ezaugarrietako bat da Batasunaren intereseko fauna urtarreko edo erdi urtarreko espezie askotxo izatea. Bereziki aipatzekoak dira Cottus aturi arraina eta Oxigastra curtisii burruntzia, arraroak direlako eta mehatxu egoera larrian daudelako. Ondoko espezie hauek ere aipatu beharrekoak dira: ugaztunetan, igaraba (Lutra lutra) eta bisoi europarra (Mustela Iutreola); hegaztietan, ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta martin arrantzalea (Alcedo atthis), eta ornogabeetan, karramarro autoktonoa (Austropotamobius pallipes).

KBE hau Bidasoaren arroaren konektibitate ekologikoan garrantzi handia duen ibai-tarte bat da. Lotura-korridorea den aldetik, Belateko BILaren, Bertizko Jaurerria KBEaren eta Bidasoa ibaia BILaren konexio ekologikoa errazten du. Horrela, toki honek koherentzia ekologikoa ematen dio Bidasoaren arroan ezarri den 2000 Natura Sare osoari, faunako eta florako espezieak sare horretan barna hedatzea errazten baitu.

Aipatutako balioak kontuan hartuta, KBE honetan agertzen diren prozesu ekologiko, habitat eta espezie batzuk hautatu dira, oro har lurraldearen ezaugarri diren balio naturalak ordezkatzen dituztenak. Prozesu, habitat eta espezie horiei “funtsezko elementu” esaten zaie. Izan ere, KBEaren kontserbazio “aktiboa” oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, jarduketak, kudeaketako jarraibideak eta lege-neurriak proposatu dira, KBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak.

Hauek dira “Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremua kudeatzeko “funtsezko elementuak”:

1. Ibai korridorea.

2. Ibai bazterreko habitatak.

3. Cottus aturi.

4. Oxigastra curtisii.

Gainera, lan-arlo hau zehaztu da:

-A. Erabilera publikoa.

III.-Planaren azken helburuak.

Kudeaketak, aurreko atalean aipatutako funtsezko elementu guztien kontserbazio-egoera ona ahalik eta lasterren lortzeko, bilatu behar dituen xede edo helmugak dira azken helburuak.

1. Ibai korridorea:

1.1. Azken helburua: ibai korridorearen funtzionaltasun ekologikoa bermatzea.

2. Ibai bazterreko habitatak:

2.1. Azken helburua: ibai bazterreko habitatak kontserbazio-egoera onean egotea.

3. Cottus aturi:

3.1. Azken helburua: Cottus aturi espeziearen populazioa kontserbazio-egoera onean dagoela bermatzea.

4. Oxigastra curtisii:

4.1. Azken helburua: Oxigastra curtisii espeziearen kontserbazioa bermatzea.

-A. Erabilera publikoa:

A.1. Azken helburua: Lekuaren natur balioak jakitera ematea.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Gerta liteke ezinezkoa izatea planaren azken helburuak edo helmugak lortzea haren indarraldia bitartean, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek proposatu diren azken helburuak lortzen lagundu behar dute. Hona hemen, bada, espero diren emaitzak funtsezko elementuei eta azken helburuei emandako zenbakien arabera:

1. Ibai korridorea:

1.1.1. Helburu operatiboa: ibai bazterretan, poliki-poliki, landaredi naturaleko zerrenda etengabe bat ezartzea, funtzionaltasun ekologikoa duena.

1.1.2. Helburu operatiboa: ur korridorean dauden oztopoen iragazkortasuna hobetzea.

1.1.3. Helburu operatiboa: ur emari naturalak bermatzea (solidoak eta likidoak).

1.1.4. Helburu operatiboa: hondakin-uren zuzeneko isurketak gutxitzea.

1.1.5. Helburu operatiboa: linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea.

2. Ibai bazterreko habitatak:

2.1.1. Helburu operatiboa: ibai bazterretako habitaten eremua kontserbatu eta handitzea.

2.1.2. Helburu operatiboa: flora espezie inbaditzaileak gutxitzea.

2.1.3. Helburu operatiboa: ibai bazterretako habitatei loturiko intereseko fauna espezie batzuk kontserbatu eta hobeki ezagutzea.

3. Cottus aturi:

3.1.1. Helburu operatiboa: Cottus aturi-aren kontserbazio-egoera zehaztea.

3.1.2. Helburu operatiboa: Cottus aturi-aren habitataren baldintzak hobetzea.

4. Oxigastra curtisii:

4.1.1. Helburu operatiboa: Oxigastra curtisii-aren kontserbazio-egoera ezagutzea.

4.1.2. Helburu operatiboa: Oxigastra curtisii-aren egungo eta balizko habitata zaindu eta lehengoratzea.

Erabilera publikoa.

A.1.1. Helburu operatiboa: Lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak planifikatzea.

V.-Araudia.

-Araudi orokorra:

1. Baso-zoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Aipatutako foru legearen arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira haren eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, haiek sortu, abian jarri edo gauzatzearen ondorioz ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari, pertsonen osasunari edo segurtasunari eta haien ondasunei kalte eragiten ahal dietenak.

3. Ematen den edozein baimenek bermatuko du Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta, horrez gainera, ez direla ukitzen Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43 Zuzentarauaren II. eranskinean zerrendatutako Batasunaren intereseko animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ez eta Kontserbazio Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi berezia duten paisaiako elementuak ere.

4. Ematen diren baimen guztiek bermatuko dute honako arau hauetan ezarritakoa beteko dela: batetik, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea, eta bestetik, otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoa garatzekoa.

-Berariazko araudia:

1. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu publikoetan eta haien erabilera eta aprobetxamendu berrietan, gutxienez 5 metro zabal izanen den babes zerrenda etengabe bat utziko da ibilguaren ondoan. Haren helburua izanen da ibai bazterreko formazio naturalak sortzea.

2. Ibaiaren ibilguaren ondoan zuhaitzak botaz gero (arraseko mozketak), gutxienez 5 metro zabal izanen den zerrenda bat errekuperatuko da ibilguaren ondoan, eskualdeko landare espezie naturalekin.

3. Lekuaren mugetan jartzen diren itxituretan, behar diren neurriak hartuko dira basa-ornodunen mugimenduak eta hedapena bermatzeko eta itxituren eraginezko heriotzak saihesteko.

4. Ez da onartuko ur ibilien erregimen naturala aldatzea dakarren jarduketa edo proiekturik, salbu eta herriak hornitzeko edo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako ezinbestekoak direnak.

5. Ibilguaren alterazio morfologikoa dakarten jarduketak ez dira onartuko, salbu eta tartean giza-osasunari, segurtasun publikoari edo natur balioen kontserbazioari lotutako arrazoiak badaude.

6. Ibaien habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

7. Debeku da Lekuan eta haren inguruetan espezie exotiko inbaditzaileak landatzea, Lekuan dauden espezie autoktonoen eta habitat naturalen kontserbazioari kalte egiten ahal badiote.

8. Cottus aturi-aren habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

9. Oxigastra Curtisii-aren habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendio gisa hartu behar dira, eta kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago, aplikatu beharko dira.

1. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu, erabilera eta aprobetxamenduetan, bazter osoan landare naturaleko zerrenda bat ezartzea lehenetsiko da, ibai-tarte bakoitzean zabalera desberdina izanen duena, uholdeetako lautadaren ezaugarrien arabera (5 metro oso malkartsuak diren ibai bazterretan, eta 15 metro uholdeetako lautada zabala duten eremuetan).

2. Nekazaritzarako, oihangintzarako eta ingurumen arloko laguntzak plan honen jarraibideetara egokituko dira, ahal den neurrian.

3. Ibai aldeak lehengoratzeko proiektuetan, landaketak egin behar baldin badira, ibai bazterretako espezie autoktonoak erabiliko dira, edo inguruan dauden berezko landare espezie berberak, eta, ahal den neurrian, jatorri berekoak.

4. Zuhaitz exotiko inbaditzaileak bota behar izanez gero, Oxigastra curtisii-a dagoen edo egon daitekeen tarteak lehenetsiko dira.

5. Ibai bazterrak lehengoratzeko proiektuetan, zuhaitzak landatu behar izanez gero, batez ere haltzak (Alnus glutinosa) sartuko dira.

VII.-Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Ibai korridoreari lotutako neurriak:

1.1. Landaredi naturaleko zerrendarik ez duten edo andeatuak dauden ibai bazterrak lehengoratzeko proiektuak erredaktatu eta gauzatzea.

1.2. Harri-lubetak berriz landareztatzeko proiektuak erredaktatu eta gauzatzea.

1.3. Hiri-hondakinak isurtzen diren tokiak eta haien kutsatze maila zehaztea, eta neurri zuzentzaileak proposatzea.

2. Ibai bazterretako habitatei lotutako neurriak:

2.1. Flora espezie exotikoak desagerrarazteko plan bat prestatzea, espezieak eta jarduketa-eremuak lehenetsiz.

2.2. Espezie exotiko inbaditzaileak poliki-poliki desagerraraztea.

2.3. Flora exotikoaren arazoei buruzko informazio eta dibulgazio kanpaina bat egitea.

3. Faunari lotutako neurriak:

3.1. Bisoi europarren zentsua prestatzea.

3.2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak bost urtean behin egiten dituen igaraben laginketak egiten jarraitzea.

3.3. Desmanen zentsua prestatzea.

3.4. Martin arrantzaleen eta ur-zozoen zentsua prestatzea.

3.5. Karramarro autoktonoa errekuperatzeko plana eta hari lotutako programak gauzatzen jarraitzea.

3.6. Hegaztientzat arriskutsuak diren lineak eta baoak seinaleztatzea eta behar diren euskarriak aldatzea.

3.7. Oharrizko arrantza-haztegiko presa gaindiezina moldatzea.

3.8. Cottus aturi-aren kontserbazio-egoera ezartzea.

3.9. Cottus aturi-a aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

3.10. Cottus aturi-aren egungo populazioak konektatzeko dauden oztopo natural eta artifizialen (presak eta presa txikiak) eragina ebaluatzea eta haiek zuzentzeko proposamenak aurkeztea.

3.11. Presak iragazkortzeko proiektuak diseinatu eta gauzatzea, Cottus aturi-arentzat.

3.12. Oxigastra curtisii espeziaren kontserbazio-egoera zehazteko azterlan bat egitea.

3.13. Oxigastra curtisii-a aldian behin monitorizatzeko programa bat inplementatzea.

4. Onura publikoari lotutako neurriak:

4.1. Natura 2000 Sareari buruzko Informazio Gune bat prestatzea Baztanen.

4.2. Natura 2000 Sareari buruzko informazio-orri bat diseinatu eta argitaratzea Baztanerako.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak honako hauek hartuko ditu bere gain:

-Guneko kontserbazio-egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Ekipamenduak eta kudeaketaren egitura mantentzeko behar diren diru-zenbatekoak.

-Erabileren eta jardueren murrizketen ondoriozko kalte-ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

-Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak oso-osorik finantzatzen ahalko ditu partikularrek edo tokiko entitateek beren herrilurren ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta horien helburua plan hau garatzea bada, irabazi asmorik gabe, eta KBEaren kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie Kontserbazio Bereziko Eremu honen barnean proposatzen diren jarduketei, guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta. Halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko funtsak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.-Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/96 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak ematea edo bestelako sustapenak.

X.-Jarraipen programa.

Jarraipena egiteko programa bat ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez, helburu bakoitzerako.

Urtero, programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzen arabera, espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean ezin direla lortu ikusten denean, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak eransten ahalko zaizkio planari.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN HELBURUA

HELBURU OPERATIBOA

ADIERAZLEA

HASIERAKO BALIOA

ARRAKASTAREN IRIZPIDEA

1. Ibai korridorea

1.1. Ibai korridorearen funtzionaltasun ekologikoa bermatzea

Landaredi naturaleko zerrendan dauden etenen metro linealak

Ezezaguna

0 ml

Salmonidoentzat gaindiezinak diren oztopoak

1

0

Emari likidoen erregimena

Erregimen naturala

Ez dago zuzeneko isurketa puntualik

Uren kalitatea

Kalitate ona (zuzeneko isurketa puntualak izan ezik)

Kalitate ona

Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua

Ezezaguna

Eragina duen linea edo deribazio elektrikorik bat ere ez

1.1.1. Ibai bazterretan, poliki-poliki, landare naturaleko zerrenda etengabe bat ezartzea, funtzionaltasun ekologikoa duena

Lehengoratutako landare-zerrendaren metro kopurua / Berriz landareztatutako harri-lubeten metro kopurua

0 m lehengoratu dira / 0 m landareztatu dira

2000 m lehengoratu dira / 200 metro landareztatu dira

1.1.2. Ur korridorean dauden oztopoen iragazkortasuna hobetzea

Salmonidoentzat gaindiezinak diren oztopoak

1.

0.

1.1.3. Ur emari naturalak bermatzea (solidoak eta likidoak)

Emari ekologikoen erregimena

Ezarri gabe

Emarien erregimena habitaten eta espezieen kontserbazioa bermatzeko modukoa da

1.1.4. Hondakin-uren zuzeneko isurketak gutxitzea

Hiriko hondakin-ur kutsakorren zuzeneko isurketen kopurua

Ezezaguna

Hiriko hondakin-ur kutsakorren zuzeneko isurketen kopurua 0 da

1.1.5. Linea elektrikoek hegaztiei eragindako ukipenak gutxitzea

Hegaztiei eragiten dieten linea eta deribazio elektrikoen kopurua

Ezezaguna

Eragina duen linea edo deribazio elektrikorik bat ere ez

2. Ibai bazterreko habitatak

2.1. Ibai bazterreko habitatak kontserbazio-egoera onean egotea

Habitaten zenbateko azalera dagoen kontserbazio-egoera onean

17,89 ha

31,8 ha

2.1.1. Ibai bazterreko habitaten eremua kontserbatu eta handitzea

Ibai bazterreko habitaten eremua

17,89 ha

Hasierako balioa baino handiagoa

2.1.2. Flora espezie inbaditzaileak gutxitzea

Espezie exotiko inbaditzaileei kendutako eremua

0

12 ha

2.1.3. Ibai bazterreko habitatei loturiko intereseko fauna espezie batzuk kontserbatu eta hobeki ezagutzea

Igarabaren laginketa

Laginketa bat bost urtean behin

Laginketa bat bost urtean behin

Bisoi europarraren laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat bost urtean behin

Desmanaren laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat bost urtean behin

Martin arrantzalearen eta ur-zozoaren laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat bost urtean behin

Karramarro autoktonoen populazioa

1

Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa

“Ibai korridorea” izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

3. Cottus aturi

3.1. Cottus aturi espeziearen populazioa kontserbazio-egoera onean dagoela bermatzea

Kontserbazio-egoera

Ezezaguna

Aldekoa

3.1.1. Cottus aturi-aren kontserbazio-egoera zehaztea

Cottus aturi-aren laginketak

Laginketak egin gabe

Laginketa bat hiru urtean behin

Kontserbazio-egoera ezartzea

Egin gabe

Egina

3.1.2. Cottus aturi-aren habitataren baldintzak hobetzea

Oztopoen eraginaren gaineko azterlana

Egin gabe

Egina

Cottus aturi-arentzat irazgaiztuak dauden presen kopurua

Bat ere ez

1

“Ibai korridorea” izeneko funtsezko elementuari buruzko adierazleak aplikatuko dira

4. Oxigastra curtisii

4.1. Oxigastra curtisii espeziearen kontserbazioa bermatzea

Espeziearen aleak

Ezezaguna

Orain adina edo gehiago

4.1.1. Oxygastra curtisii espeziearen kontserbazio-egoera ezagutzea

Oxigastra curtisii-aren laginketak

Laginketak egin gabe

Laginketa bat bost urtean behin

Kontserbazio-egoera ezartzea

Egin gabe

Egina

4.1.2. Oxygastra curtisii espeziearen egungo eta balizko habitata kontserbatu eta lehengoratzea

“Ibai korridorea” eta “Ibai bazterreko habitatak” izeneko funtsezko elementuei buruzko adierazleak aplikatuko dira

A. Erabilera publikoa

A.1. KBEaren balio naturalak jakitera ematea

Dibulgazio ekintzak

Ez da zabalpenik egiten

Zabalpena egiten da

A. 1.1. Lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak planifikatzea

Lekuaren balioak jakitera emateko informazio guneen kopurua

0

1

Dibulgazio-orri bat argitaratu eta banatzea

Egin gabe

Egina

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

Iragarkiaren kodea: F1408548

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web