(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2014 FORU LEGE DEKRETUA, ekainaren 18koa, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 119 - 19/06/2014



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen helburua kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzea da, Konstituzioaren eta gainerako antolamendu juridikoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan.

Lege horrek arautzen duen arlo bat Nafarroako kirol entitateen araubide juridikoa da, eta, zehatzago, haien artean, Nafarroako kirol klubena.

Azken horiei dagokienez, haien gobernu organoak arautzen ditu besteak beste. Alor horretan, hain zuzen, agerian gelditu da ezen, bazkideen kopuruagatik nahiz Nafarroako herritarrak ordezkatzeko duen gaitasun handiagatik eta haren balio sinbolikoagatik Nafarroan garrantzi handienetakoa duen kirol klub baten egoeraren ondorioz, erregulazio hori ez dela nahikoa eta hura osatu behar dela zenbait aurreikuspenekin, klubetako aginpidea betetzeko hutsik gelditzen denean, horren inguruan estatutuetako arauetan aurreikuspenik ez badago.

Kirol klub horrek, Club Atlético Osasunak alegia, kirol arloan, arlo ekonomikoan eta arlo instituzionalean aurrean duen kinka larriak ekarri du erregulazio hori ezin atzeratzea, ahalik eta lasterren heldu behar baitzaio aukera bat eman nahi bazaio bizirik irauteko eta, horrela, Nafarroako Foru Ogasunaren interes ekonomikoak babesteko.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. bis artikuluak, 1. atalean, aurreikusten du kasu berezi eta oso presakoetan, Nafarroako Gobernuak behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izanen dituela, foru lege-dekretu forma hartuko dutenak. Ezin izanen dira foru lege-dekretuaren xede izan honakoak: Foru Komunitateko erakundeen eta nafarren eskubideen, betebeharren eta askatasunen garapen zuzena, lege organiko honetan arautuak daudenena; lege organiko honen erreforma, eta lege hau garatzeko emandako foru legeena, legean bertan espresuki aipatzen direnena, hain zuzen; hauteskunde-araubidea; eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak.

Lehenago adierazitakoa dela eta, beharrezkoa da ohiz kanpoko baliabide hori erabiltzea. Behin-behinekoa izanen da, Nafarroako Parlamentuak hura berresten ez duen bitartean, konponbideari presa handiz heldu behar izan baitzaio.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko ekainaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 37. artikulua aldatzea.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 37. artikuluak idazketa berria izanen du eta, beraz, eduki hau:

“37. artikulua. Kluben gobernu organoak.

1. Batzar orokorra eta presidentea izanen dira kirol kluben gobernu organo beharrezkoak.

Presidenteak kargua uzten badu zentsura mozioa ez den arrazoi batengatik, hura aukeratzeko hauteskunde prozesuaren deialdia eginen da.

Presidente berria hautatzen ez den bitartean, klubaren estatutuek bestelakorik adierazi ezean, batzar orokorrak, egiten duen lehendabiziko bilkuran eta gai-zerrendan berariaz bildu beharrik gabe, kudeaketa batzorde bat izendatu beharko du, kide guztiak zuzenean izendatuz edo soilik presidentea izendatuz. Kasu horretan, presidenteari dagokio batzordeko gainerako kideak izendatzea. Kudeaketa batzordeak kirol kluba ordezkatzeko eta administratzeko eginkizun arruntak beteko ditu eta hauteskundeen deialdia gehienez ere hiru hilabeteko epean eginen du, haren izendapenetik aurrera.

2. Elkartearen estatutuek beren gobernu organoen erabidea, osaera, deialdi egiteko modua eta jardunbidea arautuko dituzte eta zuzendari eta kideen erantzukizun araubidea, foru lege honen garabideko xedapenekin bat.”

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauak indargabetzea

Foru Lege dekretu honek indarra hartzean, bertan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabeturik geldituko dira.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Nafarroako Parlamentuari igortzea

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Foru lege dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko ekainaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Íñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1408901

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web