(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

44/2014 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 28KOA, NEKAZARITZA-TURISMOARI BURUZKOA Nota de Vigencia

BON N.ş 113 - 11/06/2014



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. INSKRIBATZEKO PROZEDURA


  III. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA


  IV. KAPITULUA. TURISMO ARLOKO DIZIPLINA


  ERANSKINA. NEKAZARITZATURISMOKO JARDUERAK


Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari ematen dio eskumen esklusiboa turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan.

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak, turismo jarduerak antolatzen dituenean, 28. artikuluan honela definitzen ditu turismo jarduera osagarriak: prezio baten bitartez, lanbide gisa eta ohikotasunez, kultura, aisia, kirol, natur edo antzeko arloetako zerbitzuak eskaintzen dituztenak bezeroen aisiarako eta jolaserako, eta eransten du erregelamendu bidez zehaztuko direla jarduera horiek eskaintzen dituzten enpresei eskatuko zaizkien baldintzak.

Gero eta handiagoa da turisten eskaera nekazaritzari, abeltzaintzari eta mendiei loturiko jardueretarako, esparru horietan egiten diren jarduerak ezagutu nahian; horregatik komeni da jarduera horiek haien eskura jartzea modu antolatu eta egokituan. Hori guztia bi helbururen atzetik: turistei aisia ematea eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta mendien munduari loturiko guztia ezagutzen eta estimatzen laguntzea.

Horregatik, Nafarroako Turismo Plan Integralarentzat, Nafarroako Turismo Kontseiluak onetsia baita, nekazaritza-turismoa Landa Turismoaren esparruan garatu beharreko produktu turistikoa da.

Nafarroako Landa Garapenari buruzko martxoaren 17ko 17/2003 Foru Legeak 4.4 artikuluan ezartzen ditu landa garapenaren politikako helburu sektorialak turismo arloan, eta hiru behar zehazten ditu: landa turismoa indartzea, oinarrizko alternatiba gisa, herrietako ekonomiak dibertsifikatzeko aukeren barrenean; turismoaren ekipamendua, sustapena eta merkaturatzea hobetzea, landa guneetako eta natur inguruneko aisia jardueren gero eta eskaera handiagoa betetzeko, turismoaren destinoa izan daitezen; eta natur ingurunearekin orekan den landa turismoa bultzatzea.

Orobat, Europar Batasunak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduaren bidez, nekazaritzako ustiategi eta industrien dibertsifikazioa bultzatzen du lehen sektoretik kanpoko jardueretara, hala nola, turismora, baita landa guneak erakargarriagoak eginen dituzten inbertsioak egitera ere. Aipatu erregelamendua LGENFaren bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa da, eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

Horregatik guztiagatik, esparru hau antolatu beharra dago, turistek aukera izan dezaten jarduera horietara hurbiltzeko eta haiek ezagutu eta gozatzeko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko maiatzaren 28an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat.

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritza-turismoa arautzea du xede foru dekretu honek.

2. artikulua . Nekazaritzaturismoaren definizioa.

1. Nekazaritzako elikagaien enpresei loturiko turismo jarduerak prezio baten bidez eskaintzeari esaten zaio nekazaritza-turismoa, bai jendearen gozamenerako zein prestakuntzarako, bai enpresa horietako produktuak sustatzeko.

2. Foru dekretu honen ondorioetarako, eranskinean adierazitakoak dira nekazaritza-turismoko jarduerak.

3. artikulua . Nekazaritzako elikagaien enpresa.

1. Lehen sektoreari eta elikadurari loturiko jarduera ekonomikoa egiten duten entitate edo establezimenduak nekazaritzako elikagaien enpresatzat jotzen dira, zein den ere haien forma juridikoa.

2. Nekazaritza-turismoan aritzeko, aurreko puntuan aipatu edozein enpresak baldintza hauek bete beharko ditu, aldez aurretik:

a) Honako hauek araututako erregistroetako batean inskribatua egotea:

a.1) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretua.

a.2) Maiatzaren 7ko 559/2010 Errege Dekretua, industrien erregistro integratua onesten duena.

a.3) Maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretua, Nafarroan nekazaritzako elikagaien eskulangintza arautzen duena.

b) Nekazaritzako ustiategi bat izanik, gutxienez 0,5 UTAko (lan unitateak urtean) jarduera izatea, dagokion erregistro ofizialean erabilitako baliokidetasun taulen arabera kalkulaturik.

c) Mikroenpresaren tamaina ez gainditzea, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz.

4. artikulua . Nekazaritzaturismoan aritzeko baldintzak.

Nekazaritza-turismoan aritzeko, baldintza hauetako bat bete beharko da:

a) Nekazaritzako elikagaien enpresa baten titular izatea, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

b) Lehen mailako ahaide lotura izatea nekazaritzako elikagaien enpresaren titularrarekin.

5. artikulua . Nekazaritzaturismoko jardueren gutxieneko egutegia.

Urtean gutxienez hiru hilabetean eskaini beharko dira jarduerak; betiere, udako hilabete bat sartuko da.

II. KAPITULUA. INSKRIBATZEKO PROZEDURA

6. artikulua . Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea.

1. Jarduera hasi aurretik, eta Nafarroako Turismo Erregistroan nekazaritza-turismo gisa inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Erantzukizuneko aitorpena, foru dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen direla adierazita.

b) Burutu beharreko jardueren gaineko txostena, izaera, norentzat den, helburuak, segurtasun neurriak eta iraunaldia adierazita.

c) Erantzukizun zibileko aseguru kontratuaren polizaren kopia eta primaren ordainketa egiaztatzen duen ordainagiriarena, nekazaritza-turismoaren titularrei edo haien mendekoei egozten ahal zaizkien egintzengatik bezeroek izan ditzaketen kalte eta lesioak behar adina estaltzeko, gutxienez ere 150.000 euroko estalduraz. Kontratu horrek indarra izaten jarraitu beharko du jarduerak egiten diren bitartean eta, urtero, prima ordaindu izanaren kopia aurkeztu beharko da.

d) Nekazaritzako elikagaien enpresako produktuak salduz gero, haien gaineko txostena.

2. Enpresetako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira.

3. Turismo arloko kontseilari eskudunak lehen ataleko c) letran aipatu gutxieneko estalduraren zenbatekoa eguneratzen ahalko du.

III. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

7. artikulua . Nekazaritzaturismoari eta jarduerari buruzko informazioa erabiltzaileei.

Nekazaritza-turismoaren titularrak bezeroek ikusteko moduan azaldu beharko dute hurrengo puntuei buruzko informazioa eta, web orririk badute, hartan argitaratu:

a) Eskaintzen diren jardueren prezioei buruzko informazio zehatza.

b) Funtzionamenduaren denboraldia.

c) Barne araubideko arauak.

d) Erreklamazio orriak erabiltzaileen eskura daudela adieraztea Nota de Vigencia.

e) Jarduerak erabiltzeko ordutegien taula.

f) Egin beharreko jarduera mota.

g) Natura eta kultur ingurunea errespetatzeari buruzko jarraibideak.

h) Ekipamendua eta materialak erabili behar izanez gero, haietarako neurriak.

8. artikulua . Publizitatea.

Nekazaritza-turismoan eskaintzen diren jarduerei buruzko publizitatea, edozein bitartekoz egiten dela ere, eta haien prezioa, kokalekua eta gainerako ezaugarriak errealitateari egokitu beharko zaizkio, eta ez dute oker edo nahasmendurik eraginen.

9. artikulua . Plaka bereizgarria.

Nekazaritza-turismoko establezimendu guztietan nahitaez erakutsi beharko da plaka normalizatu bat, non dagokion bereizgarria agertuko baita; turismo arloko kontseilari eskudunak onetsiko ditu plaka horren ezaugarriak.

10. artikulua . Barne araubideko arauak.

Nekazaritza-turismoen titularrek egokitzat jotzen dituzten barne araubideko arauak ezartzen ahalko dituzte jarduerei eta instalazioen erabilerari buruz, eta bezeroei ezagutzera emanen zaizkie.

Arau horietan prestazioaren ordutegia, eskura jartzen zaizkien tresna eta aparatuen funtzionamendurako jarraibideak eta baliabideak zentzuz erabiltzeko oharrak sartzen ahalko dira.

11. artikulua . Natur eta kultur inguruneak babestea.

1. Nekazaritza-turismoko jarduerak ahalik eta baldintza egokienetan garatu beharko dira, haien praktika bateragarria izan dadin natur eta kultur ingurunearen kontserbazioarekin, eta kontserbazio horren aldeko jarrerak sustatuko dituzte bezeroengan.

2. Nekazaritza-turismoak berariazko legerian xedatutakoari egokituko zaizkio hirigintzaren eta lurralde antolamenduaren, ingurumenaren, eta ondare historiko-kulturalaren arloan, eta galdetzen ahal diren baimen guztiak emateko eskatu beharko dizkiete agintari eskudunei.

12. artikulua . Erreklamazio orriak Nota de Vigencia.

Nekazaritza-turismoek erreklamazio orriak izan beharko dituzte bezeroen eskura, eta ikusteko moduan iragarri beharko dituzte, arloan indarra duen araudiari jarraituz.

13. artikulua . Fakturazioa.

1. Bezeroak behartuta daude jardueren prezioak ordaintzera, dagokien faktura kobratzeko aurkezten zaien unean.

2. Fakturetan, bezeroaren izenaren ondoan, zer jarduera egin dituzten eta noiz egin dituzten agertu beharko da, gutxienez ere.

IV. KAPITULUA. TURISMO ARLOKO DIZIPLINA

14. artikulua . Zehapen araubidea.

Nekazaritza-turismoko establezimenduaren titularrak foru dekretu honek ezartzen dituen eginbeharrak betetzen ez baditu, dagozkion zehapenak jasanen ditu, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearekin bat.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Nekazaritzaturismoko landetxeak.

Foru dekretu honek indarra hartzean Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon eta “nekazaritza-turismoa” terminoa erabiltzea baimendua duten landetxeek termino hori erabiltzen jarraituko dute, titularrak edo kudeatzaileak nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak egiten jarraitzen duten bitartean, bezeroak haietan parte hartzen dutela.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzeak.

Indarrik gabe gelditzen dira ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren 2. idatz-zatia, landetxeetan ostatu hartzea arautzen duena, eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauak emateko gaikuntza.

Turismo arloan eskumena duen kontseilariak beharrezkoak diren xedapen guztiak ematen ahalko ditu, foru dekretu hau garatu eta betearazteko.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. NEKAZARITZA-TURISMOKO JARDUERAK

ERANSKINA

1) Nekazaritzaren esparruan:

-Zerealak, lekadunak, eta abar erein eta uzta biltzea.

-Pentsuak egitea.

-Baratzea: ereitea, zaintzea eta uzta biltzea.

-Zainzuria, piperra eta orburua: landaketa zaintzea eta uzta biltzea.

-Olibadia: zaindu, kimatu eta olibak biltzea.

-Mahastia: zaindu, kimatu eta uzta biltzea.

-Sendabelarrak: zaindu, bildu eta eraldatzea.

-Tabakoa: landaketa bisitatzea.

2) Abeltzaintzaren esparruan:

-Azienda larrera ateratzea.

-Siloa: ebaki, bildu eta garraiatzea.

-Azienda garbitu, zaindu eta elikatzea.

-Jeztea.

-Ardien, behien eta abarren erditzea.

-Ardiei ilea moztea.

-Zaldi, asto eta abarren gainean paseatzea.

-Eztia eta polena biltzea.

-Eskortako animaliak zaintzea.

-Arrautzak biltzea.

3) Mendien esparruan:

-Basoko fruitu eta produktuak: gaztainak, onddoak, intxaurrak, marrubiak, eta abar bildu eta eraldatzea.

-Basogintza.

4) Beste esparru batzuetan:

-Nekazaritzako ustiategiak, ardandegiak, dolareak, eta abar bisitatzea.

-Ustiategitik, gaztategitik, ardandegitik, dolaretik, eta abarretik ateratako produktuak dastatu eta zuzenean saltzea.

-Barazkiak potetan sartzea: piperrak, tomatea, zainzuriak, eta abar.

-Hestebeteak prestatzea.

-Esnearen produktuak eta esnekiak prestatzea: gazta, gaztanbera, eta abar.

-Marmeladak prestatzea.

-Ardoa eta likoreak egin eta dastatzea.

-Olioa egin eta dastatzea.

-Kremak egitea.

5) Beste edozein jarduera, turismo arloan eskudun den departamentuak onetsia eta nekazaritzako elikagaien enpresari lotua bada.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web