(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/2014 FORU LEGEA, maiatzaren 16koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea aldatzen dueña Nota de Vigencia

BON N.º 101 - 26/05/2014



ZIOEN AZALPENA

Krisi ekonomiko eta politikoak markaturiko testuinguru batean bizi gara, eta kudeaketa publikoarekiko mesfidantza sakona da haren ezaugarrietako bat. Jarduera publikoaren garapenean gardentasuna eta argitasuna izatea funtsezko ardatza da erakundeekiko konfiantza eta horien sinesgarritasuna pixkanaka oinarritzen joateko.

Gardentasun-eskaera horrek politikaren esparru guztietan du eragina. Horietako bat da –eta, zalantzarik gabe, aparteko garrantzia du– erakundeek beren kontuen egoerari eta etorkizunerako hartzen dituzten arriskuei buruz ematen duten informazioaren kantitatea eta kalitatea.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak, besteak beste, Nafarroako kontu orokorren edukia arautzen du, bai eta finantza-eragiketak ere.

Foru lege proposamen honek hobekuntza batzuk ezarri nahi ditu bi esparru horietan.

Foru Legearen III. tituluak finantza-eragiketak arautzen ditu –horien barruan zorpetzea eta abalak daude–, eta berariazko xedapen batzuk ematen ditu Nafarroako Foru Komunitateko enpresa-entitate publikoei, fundazio publikoei eta sozietate publikoei buruz.

Zehazki, abalei dagokienez, ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak xedatuko duela abalek uneoro izanen duten gehieneko arrisku bizia. Puntu horretan, bi hobekuntza proposatzen dira. Alde batetik, Nafarroako Foru Komunitatearen gehieneko arrisku bizia zehatz dadila, menpeko enpresa-entitate publikoak, fundazio publikoak eta sozietate publikoak kanpoan utzita; eta, bestetik, bigarren arrisku bizi gehieneko bat zehatz dadila menpeko entitate horiek osatzen duten bigarren kolektibo horretarako. Bestalde, zehatz daitezela, halaber, bi kolektiboek –Nafarroako Foru Komunitateak, alde batetik, eta haren menpeko entitateek, bestetik– kasuan kasuko ekitaldian eman ahalko dituzten abalen gehieneko kopuruak.

Azken batean bilatzen dena da argi zehatz daitezela har daitekeen balizko arriskuaren mugak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zuzeneko jardueran ez ezik, haren menpeko entitateen jardueran ere.

Bestalde, finantza-eragiketei buruzko III. titulu horretan bertan, kapitulu berri bat sortzen da, Ogasun Publikoak hirugarrenei emandako maileguei buruzkoa.

Aldaketa honetara arte, Nafarroako Gobernuak askatasun osoa zuen erabakitzeko maileguak nori eman, zenbatekoak izanen ziren eta zer baldintzatan emanen ziren. Arrazoizkoa dirudi, bistakoa denez, Gobernuak erabakimen zabala izatea gai honetan, baina, aldi berean, muga batzuk zehaztu beharra dago eskumen hori egoki gauza dadin, hala interes-tasei nola gabealdiei dagokienez, eta bermatu beharra dago, gainera, mailegatutako funtsak, betiere, erabakitako helburuetara bideratuko direla.

VI. tituluak kontabilitatea arautzen du: I. kapituluan arau orokorrak ematen ditu, eta II. kapituluan urteko kontuak arautzen ditu.

Arau orokorrei dagokienez, ezinbestekoa da ondasun, eskubide eta betebehar guztien erregistroari buruzko kontabilitate publikoko printzipioa argitzea. Zehazki, estatuko eta Europako arauekin bat etorriz, ibilgetuaren barruan sartu beharrekoak dira erabilera publiko edo orokorreko azpiegiturak eta ondasunak. Gai hori behin eta berriz gogorarazi izan du Kontuen Ganberak bere urteroko auditoria txostenean.

Kontu orokorrak direla eta, egokia dirudi bi gogoeta egiteak.

Alde batetik, etorkizuneko ekitaldien kargura hartutako gastu-konpromisoen egoerari buruzko informazio gehigarria emateko eskakizun bat. Zehaztu beharra dago ezen informazioa, egun ematen denaz gainera –kode ekonomikoen arabera xehakatua, batetik, eta programa eta departamentuen arabera, bestetik–, kapitulu ekonomikoen arabera xehakaturik ere aurkeztu beharko litzatekeela, 40. artikuluan ezarritakoa egiaztatu ahal izateko.

Bigarrenik, ezinbestekoa da zorpetzeari eta emandako abalei buruz ematen den informazioak aipamena ez egitea bakarrik Nafarroako Foru Komunitateak zuzenean hartutakoaz, baizik eta menpeko entitateek -enpresa-entitate publikoak, enpresa-fundazio publikoak eta sozietate publikoak- hartutako zorpetzearen eta abalen bilakaeraz ere, eta zehaztasunez xehaka dezala bilakaera hori.

Horregatik guztiagatik onesten da foru lege hau, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea aldatzekoa.

Artikulu bakarra. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen honako agindu hauek testu hau izanen dute aurrerantzean:

Bat.–75. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatzen da.

“1. Foru lege baten bidez baimendu beharko da abalen ematea. Horretarako, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak ezarriko du abalek uneoro izan dezaketen gehieneko arrisku bizia, bai eta kasuko ekitaldian eman ahal izanen diren abalen gehieneko zenbatekoa ere, bi balio horiek bereiz finkatuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat, batetik, eta, bestetik, haren menpeko entitateen multzoarentzat –enpresa-entitate publikoak, fundazio publikoak eta sozietate publikoak–”.

Bi.–75. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatzen da.

“3. Parlamentuak berariazko baimena eman ezean, inongo pertsona fisiko edo juridiko ezin izanen da izan aipatutako Aurrekontuei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren ehuneko 5etik gorako zenbatekoa duten abalen onuradun. Gehieneko arrisku bizia entitate emailearen arabera aintzat hartuko da, hau da, abalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren menpeko entitateek emanak izatearen arabera”.

Hiru.–III. tituluari beste kapitulu bat gehitzen zaio, IV. kapitulua; testu hau izanen du:

“IV. kapitulua.–Nafarroako Ogasun Publikoak emandako maileguak

82. bis artikulua. Emandako maileguak.

Foru Komunitateak eta haren mendeko entitateek –enpresa-entitate publikoak, fundazio publikoak eta sozietate publikoak–, kapitulu honetan ezarritakoarekin bat, funtsak utzi ahalko dizkiete maileguan pertsona fisikoei edo juridikoei, publiko nahiz pribatuei, kasuan kasuko mailegu-kontratua eginez.

82. ter artikulua. Legezko gaitasuna.

1. Foru lege baten bidez baimendu beharko da mailegu-ematea. Horretarako, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak ezarriko du uneoro maileguek uneoro izan dezaketen gehieneko arrisku bizia, bai eta kasuko ekitaldian eman ahal izanen den gehieneko mailegu-bolumena ere, bi balio horiek bereiz finkatuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat, batetik, eta haren menpeko entitateen multzoarentzat –enpresa-entitate publikoak, fundazio publikoak eta sozietate publikoak–, bestetik.

Ulertuko da aurreko lerrokadan aipatzen den gehieneko arrisku bizia dagokiola emandako maileguetatik kobratzeke dagoen printzipalari.

2. Parlamentuak berariazko baimena eman ezean, inongo pertsona fisiko edo juridiko ezin izanen da izan aipatutako Aurrekontuei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren ehuneko 5etik gorako zenbatekoa duten maileguen onuradun. Gehieneko arrisku bizia entitate emailearen arabera aintzat hartuko da, hau da, maileguak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren menpeko entitateek emanak izatearen arabera.

3. Parlamentuak berariazko baimena eman ezean, inongo pertsona fisiko edo juridiko ezin izanen da izan Nafarroako Foru Komunitateak mailegu-hartzaile gisa formalizatutako azken zorpetze-operazioko interes-tasaren ehuneko 50 baino interes-tasa txikiagoa duen mailegu baten onuradun.

4. Parlamentuak berariazko baimena eman ezean, inongo pertsona fisiko edo juridiko ezin izanen da izan printzipalaren amortizazio-gabealdia 4 urtetik gorakoa duen mailegu baten onuradun.

5. Parlamentuak berariazko baimena eman ezean, Nafarroako Foru Komunitateak ezin izanen du eman xede jakin baterako mailegurik bermerik ezartzen ez duenik, ziurtatzeko ezen lortu nahi den xederako baliatuko dituela mailegu-hartzaileak funts horiek, ez beste ezertarako.

82. quater artikulua. Mailegua emateko erabakia.

1. Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez emanen dira aurreko artikuluan aipatzen diren maileguak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik.

2. Nafarroako Gobernuaren erabakia berariaz operazio bakoitzerako emana nahiz zenbait operaziotarako emana izan ahalko da, eta betiere honako hauek zehaztuko ditu: mailegu-hartzailearen nortasuna, maileguak emateko epea eta gehieneko zenbatekoa, banakakoa edo osotarakoa.

82. quinquies artikulua. Maileguak formalizatzea.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak formalizatuko ditu maileguak, eta erregelamendu bidez ezartzen den moduan dokumentatuko dira”.

Lau.–121. artikuluaren 1. idatz-zatiaren f) letra aldatzen da.

“f) Ondasun, eskubide eta betebehar guztiek erosteko prezioaren edo ekoizteko kostuaren arabera agertu behar dute. Azpiegiturak eta erabilera publiko edo orokorreko gainerako ondasunak sartuko dira. Betebeharrak diru-itzulketaren aldetik duten balioaren arabera kontabilizatu behar dira”.

Bost.–127. artikuluaren e) letra aldatzen da.

“e) Memoria global bat, balantzean, ekonomia eta ondare arloetako emaitzaren kontuan eta aurrekontuaren likidazioaren egoera-orrian informazioa handitu eta iruzkintzen duena. Partikularki, memoriak argibide hauek emanen ditu:

–Diruzaintzako gerakina.

–Aurrekontu itxietatik kobratu beharreko eskubideen eta ordaindu beharreko betebeharren bilakaera eta egoera erakusten dituen egoera-orria.

–Geroko ekitaldien kargura harturiko gastu konpromisoen egoera-orria, gutxienez kapitulu ekonomikoka xehakatuta, foru lege honetako 40. artikuluan aipatzen den baimenaren babesean.

–Diruzaintzako kontu orokorra. Ekitaldia hastean eta bukatzean den egoera eta ekitaldiko eragiketak adierazi beharko ditu.

–Zorpetzeari buruzko kontu orokorra, zeinak informazio xehakatua izanen baitu, batetik, Nafarroako Foru Komunitatearen zorpetzeari buruz eta, bestetik, haren menpeko entitateen zorpetzeari buruz.

–Ondasun eta eskubideen inbentarioa.

–Emandako abalen egoera-orria, ekitaldian zehar saldo bizi abalatuan izandako aldaketak adierazita, informazio xehakatua emanez, batetik, Nafarroako Foru Komunitateari buruz eta, bestetik, haren menpeko entitateei buruz.

–Ekitaldian, erabilera orokorrari lotutako jabari publikoko ondasunetan egindako inbertsioak erakusten dituen egoera-orria.

–Plantilla organikoaren egoera eta bilakaera adierazten duen egoera-orria”.

Sei.–128. artikulua aldatzen da.

“Foru lege honetako 2. artikuluko e) eta f) letretan aipatzen diren sozietate publikoen eta enpresa-entitate publikoen kontuak Espainiako Enpresen Kontabilitate Plan Orokorrean aipatzen direnak izanen dira. Gainera, gutxieneko eduki hau ere izan beharko dute:

–Administrazio publikoetatik harturiko diru-laguntza eta bestelako transferentziak adierazten dituen egoera-orria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emanak diren adieraziko da.

–Plantillaren egoera eta bilakaera adierazten duen egoera-orria.

–Parte hartzen duteneko sozietateen kapitala ordezkatzen duten titulu baloreen zerrenda, non adieraziko baita kasuan kasuko sozietatea, partaidetza-portzentajea, hasierako balorazioa, eta erosketengatik edo salmentengatik ekitaldian izaniko aldaketak.

–Kontabilitate erregulartasuneko auditoretza”.

Xedapen Iragankor

Bakarra Nota de Vigencia

– Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko 75.1 eta 82. ter.1 artikuluetan aurreikusitakoa betetzen ez den bitartean -sozietate publikoek abalak eta maileguak emateari buruzko baimena Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen bidez eman beharrari dagokionez, haietako gehieneko arrisku bizia eta gehieneko bolumena ezarrita-, baimena ematen da sozietate publikoek abalak eta maileguak eman ditzaten, betiere honako muga hauekin:

– Urtean eman daitezkeen abalen gehieneko bolumena: 15 milioi euro.

– 2014ko ekitaldirako abaletako gehieneko arrisku bizia: 185 milioi euro; kopuru hori egungo gehieneko arrisku biziari 15 milioi euro gehitzearen emaitza da. Hurreneko ekitaldietarako, abaletako gehieneko arrisku bizia izanen da aurreko ekitaldiaren amaieran dagoen gehieneko arrisku biziari 15 milioi euro gehitzearen emaitza.

– Urtean eman daitezkeen maileguen gehieneko bolumena: 30 milioi euro.

– 2014ko ekitaldirako maileguetako gehieneko arrisku bizia: 180 milioi euro; kopuru hori, egungo gehieneko arrisku biziari 30 milioi euro gehitzearen emaitza da. Hurreneko ekitaldietarako, maileguetako gehieneko arrisku bizia izanen da aurreko ekitaldiaren amaieran dagoen gehieneko arrisku biziari 30 milioi euro gehitzearen emaitza

Azken Xedapen

Bakarra .–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1407330

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web