(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2014 FORU LEGEA, maiatzaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituena Nota de Vigencia-Nota de Vigencia.

BON N.º 101 - 26/05/2014



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Interes sozialeko deklarazioa


  III. KAPITULUA. Kultur mezenasgorako zerga pizgarriak

  1. atala. Zerga pizgarriak dituzten dohaintzak

  2. atala. Zerga pizgarriak dituzten erabilera maileguak edo komodatua

  3. atala. Zerga pizgarriak dituzten lankidetza hitzarmenak

  4. atala. Zerga pizgarriak


ZIOEN AZALPENA

Foru lege honen abiapuntua da Nafarroako Foru Komunitatean kultura eta kultur sektorea garatzen laguntzea eta suspertzea, eta, horretarako, XXI. menderako mezenasgo-jardunari buruzko kontzepzio bat sustatzea.

Kultur jarduera, ondasun eta zerbitzuek dimentsio ekonomiko hutsaren gainetik dauden eta harago doazen balio eta eduki sinbolikoak biltzen dituzte.

Foru lege honek, 2006ko Kultur Gutun Iberoamerikarrarekin bat, bere egiten du kulturaren ikuspegi integrala du, agerian gelditzen dena aplikazio-esparruen zabaltasunarekin eta aniztasunarekin: arte- eta literatura-sormena, kulturaren industriak, egile-eskubideak, kultur ondare materiala eta ez-materiala, kultur eskubideak, kultura tradizionalak eta migrazio-populazioen kulturak, edo kulturaren erlazioak politika publikoetako beste esparru batzuekin, nola baitira hezkuntza, zientzia, teknologia, genero-berdintasuna, ingurumena, ekonomia eta turismoa.

Kultur Gutun Iberoamerikarrak nabarmentzen du kultur eskubideen errekonozimendua eta babesa, zeinak oinarrizko eskubide moduan ulertu behar baitira, halako moduz non pertsona guztiei bermatuko baitzaie beren sormen-gaitasunak gauzatzeko bidea, bai eta kultura eskura izatea, hartan parte hartzea eta hartaz gozatzea ere. Halaber, azpimarra jartzen du administrazio publikoen erantzukizunean, herritar guztien kultur aniztasunaren babes- eta sustapen-politiken formulazioari eta sustapenari dagokienez. Horregatik, gure inguruko herrialdeetako Konstituzio gehienetan eta Unescok sustatutako nazioarteko konferentzietan kulturarako eskubidea jaso da. Hartara, gure Konstituzioaren 44.1 artikuluak kulturarako eskubidea jasotzen du herritar guztiontzat, bai eta botere publikoen eginkizuna dela hura sustatu eta babestea.

Kulturaren Agenda 21ek adierazten du kultur politikek oreka aurkitu behar dutela interes publikoaren eta interes pribatuaren artean, bokazio publikoaren eta kulturaren instituzionalizatzearen artean. Herritarren ekimen autonomoa banakakoa edo entitateen bitartez gauzatzen dena, kultur askatasunaren oinarria da. Printzipio gidari horietatik eta egungo aurrekontu-austeritate nabarmeneko eszenatokitik abiatuta, foru legeak neurri pizgarrien multzo bat jartzen du abian. Kulturaren finantzaketan lankidetza publiko-pribatuko eredua erreformatzeko neurriak dira, eta erregulazio berri hau aukera baten gisara aurkezten da, alegia sektore publikoaren ahaleginari orain herritarrek eta enpresaburuek kultura sustatzeko eta finantzatzeko konpromisoa gehitzeko bide gisara.

Azken lau hamarkadetan, geneukan defizit historikoaren eraginez, sektore publikoak hartu du protagonismo nagusia kultur sustapenaren arloan, administrazioen aurrekontuen eta era askotako ekimenen bitartez. Hala eta guztiz ere, egungoa bezalako jokaleku konplexuan, komenigarritzat jotzen da gizarte zibilaren partaidetza bultzatzea kulturaren sustapenean eta finantzaketan; eta, horretarako, beharrezkoa da arau mailako neurri batzuk hartzea mezenasgoa sustatu eta laguntzeko, mezenasgoaren praktika berrestimarazteko eta saritzeko eta haren onuradun diren entitate eta pertsona guztien kontrolean eta gardentasunean eragiteko.

Foru lege honek, bizi dugun globalizazioaren barruan, balioan jarri nahi du mezenasgoaren kontzeptu berri bat, sektore publikoaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetza handiagoa bideratuz kultur proiektuen finantzaketan, eta partikularrek eta enpresek ondarearen kontserbazioan eta artearen eta kulturaren sustapenean egindako ahaleginak errekonozituz. Aldi berean, areagotu egiten du administrazio publikoek herritarrei, eta denei berdin, kultura eskura jartzeko duten ardura. Aurrekontu publikoak ezinbestekoak dira kultur ondarea kontserbatzeko, azpiegiturak mantentzeko, arte-sormena sustatzeko eta kultur ekimenak laguntzeko.

Kultur adierazpenen aniztasuna babestu eta sustatzeari buruzko Konbentzioak, Unescok 2005ean onartu eta Espainiak 2006an berretsitakoak, bere printzipioen artean jaso du garapenaren alderdi ekonomikoak eta kulturalak elkarren osagarri direla, eta garapenak jasangarria behar duela. Lehenbiziko printzipioarekin bat, garapenaren eragile nagusietako bat da kultura, garapenaren alderdi kulturalak ekonomikoak bezain inportanteak dira, eta pertsonek nahiz herriek horietan parte hartzeko eta haietaz gozatzeko oinarrizko eskubidea dute. Garapen jasangarriaren printzipioarekin bat, berriz, kultur aniztasuna aberastasun handia da pertsonentzat eta gizarteentzat. Kultur aniztasuna babestu, sustatu eta mantentzea funtsezko baldintzak dira garapena jasangarria izan dadin, egungo eta etorkizuneko belaunaldien onerako.

Konbentzio horretan errekonozitzen da, halaber, zein garrantzi handikoa den artisten ekarpena, sorkuntzan parte hartzen duten pertsona guztiena, bai eta horiek sostengatzen dituzten kultur komunitateena eta erakundeena ere, eta azpimarratzen da, batetik, horiek oinarrizko papera betetzen dutela, kultur adierazpenen aniztasuna elikatzen baitute, eta, bestetik, gizarte zibilaren zeregina funtsezkoa dela kultur adierazpenen aniztasuna babesten eta sustatzen.

Ildo horretan, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 88. artikuluak xedatzen duenez, “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako kultur ondarearen babes, kontserbazio, lehengoratze, ugaritze, ikerketa, dokumentazio eta zabalkundera zuzenduriko mezenasgoko jarduketak bultzatuko ditu, eta baita entitate eta pertsona pribatuek egin dezaketen finantzaketa ere”, eta jarduketa horiek, gainera, onura fiskalak eta bestelakoak izanen dituztela, Nafarroako arauek ezarritakoaren arabera.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak emandako eskumenez baliatuz, Nafarroako Foru Komunitatea kulturaren finantzaketa pribatua zerga-pizgarrien bidez bultzatzeko neurriak ezarriz joan da. Arau hauetan jaso dira: 10/1996 Foru Legea, uztailaren 2koa, fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duena; Sozietateen gaineko Zergaren Testu Bategina arautzen duen ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretua; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Testu Bategina arautzen duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua; Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legea; Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legea; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra.

Egungo araudian, kultur mezenasgoa beste kontzeptu zabalago baten barruan sartuta ageri da: lankidetza ekintzak interes orokorreko jardueretan. Lankidetzarako egungo bideak eta gaur dauzkagun zerga pizgarriak ez dira aski modu egokian sustatzeko sektore pribatuaren partaidetza kulturaren finantzaketan. Sektore pribatuak kultur jardueretan parte hartzeko bide bat baino gehiago daude, baina lege xedapen honen aplikazio-esparru objektiboa mezenasgoa da soilik, hau da, dirua, ondasunak edo eskubideak doan ematea. Egiazki, erantzukizun sozialaren printzipioa aipatzen da, mundu garaikideko mezenasen ezaugarri diren elkartasunaren eta laguntzaren balioen bitartez adierazia.

Zenbait azterlanetan nabarmendu egin da Administrazio Publikoaren eginkizunen eta inbertsio pribatuaren artean sortzen den indar-korrelazioa, halako moduan non esku-hartze publikoa, zerga arloko neurrietan islatua, ezinbestekoa baita mezenasgoaren bidez kultur jardueretara bideratzen diren baliabideak handitzea lortzeko. Azken urteetan dohaintzetarako kenkari fiskalak areagotzearen aldeko apustua egin duten gure inguruko herrialdeetan igoera aipagarria gertatu da kulturaren finantzaketa pribatuaren arloan, esponentziala zenbait kasutan, eta, horrekin batera, kultur adierazpenen aniztasunaren aldeko herritartasun kultural bat sortu da. Hortaz, foru lege honen helburua da tresna juridiko berariazko bat sortzea, bide emanen duena, zeharkako laguntza publikoa baliatuz, ekimen pribatutik kulturgintzara bideratutako diru-ekarpenen gaineko zerga kenkari eta murrizketak handitzeko; horrelako ekarpenetarako pizgarria izanen den diskriminazio positiboa ezartzen da.

Foru lege honen asmoa da, halaber, funtsak bereganatzeko tresna berritzaileak jartzea onuradunen esku. Sektorean zabalduta dagoen iritziaren arabera, eta hala adierazi dute jendaurrean zenbait eragile garrantzitsuk, kultur antolakundeetako egitura operatibo gehienek ez dute modu egokian garatu finantzaketa pribatua erakartzeko zereginen nolabaiteko profesionalizazioa. Gabezia horri aurre egiteko arautu dira, batetik, kontu erabilezinetarako ekarpenak, zeinen errentagarritasunari esker bermatzen baita kultur proiektuen finantzaketa denboran, eta, bestetik, mikromezenasgoa errazteko aplikazio informatikoak.

Foru legeak honako egitura du: hiru kapitulutan bildutako hogei artikulu, zortzi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Foru legearen I. kapituluan zedarritzen da, modu zabalean, zein diren interes sozialeko deklarazioa jaso dezaketen kultur proiektuak eta jarduerak: zinematografiarekin, ikus-entzunezko arteekin, arte eszenikoekin eta musikarekin lotutakoak, arte plastikoekin, liburuarekin eta irakurketarekin zerikusia dutenak, eta Nafarroako kultur ondare materialaren eta ez-materialaren sustapena. Kapitulu horrek zehazten du, halaber, zein pertsona eta entitate izan daitezkeen kultur mezenasgoaren onuradun. Horixe da, izan ere, foru legearen berrikuntza nabarmenetako bat, kultur mezenasgoaren onuradun izan daitezkeen pertsonen eta entitateen esparrua asko zabaltzen baita, oraingo egoerarekin alderatzen badugu, eta bertan sartzen dira administrazio publikoak eta jarduera artistikoren edo kultural batean aritzen diren pertsona fisikoak. Azken kolektibo horri dagokionez –artista diren pertsona fisikoak–, foru lege proiektuak, batetik, aintzat hartu beharreko jarduerak zein diren adierazten du eta, bestetik, haien esparrua mugatzen du, 200.000 eurotik beherako negozio bolumena duten pertsonak baizik ez baititu hartzen. Horrez gain, beste murrizketa batzuk ere sartu dira, agerikoa baita zailtasunak egon daitezkeela egiaztapenak egiteko eta simulaziorik gerta ez dadin familietan.

II. kapituluan interes sozialeko deklarazioa egiteko prozeduraren oinarrizko ildoak arautzen ditu, eta zehatz-mehatz ezartzen deklarazio hori egiteko kontuan hartu behar diren irizpideak. Ezartzen da, halaber, Nafarroako Kultura Kontseiluak interes sozialeko deklaraziorako eskaeraren gaineko ebaluazio loteslea eginen duela irizpide horietan oinarriturik, eta Kontseiluak berak deklarazioa emateko edo ukatzeko proposamena igorriko diola kulturaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari, proposamen horrekin bat ebazpena eman dezan. Nolanahi ere, interes sozialekotzat joko da eskatzen den kalitatea izan eta bere proposamen kulturalean lotura eta kohesio soziala sortzen duen jarduera edo proiektu oro.

III. kapituluan pertsona fisikoei eta juridikoei ematen zaizkien zerga pizgarriak arautzen ditu proiektuak. Horri buruz esan behar da ahalegin handia egin dela pizgarriak handitzeko, mezenasgoaren eta kulturaren arloan egun daudenekin alderatuta.

Pertsona fisikoek eskubidea izanen dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuotan kenkaria izateko, dohaintzen, erabilera maileguen eta lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako kopuruen eta egindako gastuen balorazioko lehen 150 euroen ehuneko 80koa. 150 eurotik gorako zenbatekoek ehuneko 40ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek bi onura fiskal izanen dituzte. Batetik, dohaintzen, erabilera maileguen eta lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako kopuruen eta egindako gastuen balorazioko zenbatekoak kontu-sail kengarria izanen dira. Eta horrez gain, zenbateko horiengatik kuota likidoan kenkaria egiteko eskubidea izanen dute, lehen 300 euroen ehuneko 30ekoa. 300 eurotik gorako zenbatekoek kuota likidoan ehuneko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

Dohaintzak eta lankidetza hitzarmenen ondorioz emandako laguntzak diruzkoak, gauzazkoak edo doako zerbitzu emateak izan daitezke.

Bestalde, ezarri da foru lege honetako onura fiskalak ez direla bateragarriak izanen Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean jasotakoekin. Bateraezintasun hori bera izanen dute ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginaren 22.B) artikuluan aurreikusitako kenkariek.

Zerga-onura horiek jasotzeko, pertsona edo entitate onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dohaintzak, erabilera maileguak edo lankidetza hitzarmena egiaz egin direla eta interes sozialeko deklarazioa jaso duten proiektu edo jardueretarako egiaz erabili direla frogatzea, kasuan kasuko ziurtagirien bidez.

b) Emandako egiaztagirien edukia jakinarazi beharko diote Zerga Administrazioari, zerga-araubidean ezarritako eredu eta epeekin.

Xedapen gehigarrietatik aipagarrienak hirugarrena, laugarrena eta zortzigarrena dira.

Hirugarren xedapen gehigarrian arautzen da zer finantza eta zerga araubide izanen duten finantza produktu erabilezin jakin batzuei kultur mezenasgoari laguntzeko egiten zaizkien ekarpenek. Horrela, kreditu entitateek kudeatutako finantza produktu jakin batzuetan pertsonek eta entitateek diru ekarpenak egitea bultzatzen da, denbora mugatu baterako, ekarpen horien finantza mozkinen bidez kultur jarduerak eta proiektuak finantzatze aldera.

Laugarren xedapen gehigarriak xedatzen du Nafarroako Gobernuak aplikazio informatiko bat garatuko duela, foru lege honi jarraikiz interes sozialeko deklarazioa jaso duten jarduerak eta proiektuak betetzen dituzten pertsonei eta entitateei dohaintzak egin ahal izateko bide elektronikoa erabiliz. Horren xedea da Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez edozein pertsonak dohaintzak egiteko aukera izatea pertsona edo entitate onuradunen kontu korrontean.

Zortzigarren xedapen gehigarriaren bidez, Nafarroako Gobernuari ezartzen zaio Nafarroako Parlamentuari foru lege honen emaitzen berri emateko betebeharra: interes sozialeko deklarazioa jaso duten proiektuak eta jarduerak, pertsona eta entitate onuradunak, erabilitako mezenasgo mota desberdinen balorazioa eta aplikatutako zerga-onurak.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru lege honek xede du Nafarroako Foru Komunitateko zerga-araudipeko pertsona fisikoek edo juridikoek egindako kultur mezenasgoa sustatzea, mezenasgo horri aplikatu ahal zaizkion zerga-pizgarriak arautzea, eta gizarte zibilak kulturgintzarekin lotura handiagoa izan dezan lortzea.

2. artikulua. Kultur mezenasgoaren kontzeptua.

1. Foru lege honen ondorioetarako, kultur mezenasgoa da sektore pribatuaren partaidetza Nafarroako Gobernuan kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren aldetik interes sozialeko deklarazioa jaso duten proiektu edo jardueretan.

2. Kultur proiektu edo jardueratzat hartzen dira honakoekin zerikusia dutenak:

a) Zinematografia, ikus-entzunezko arteak eta multimedia arteak.

b) Arte eszenikoak, musika, dantza, antzerkia eta zirkoa.

c) Ikusizko arteak: arte plastikoak edo arte ederrak, argazkilaritza eta diseinua.

d) Liburua eta irakurketa, literatur argitalpenak eta argitalpen fonografiko eta zinematografikoak, edozein formatutan edo euskarritan.

e) Egungo ezagutzaren gizartean dauden produktu kulturalen aniztasunetik sortutako ikerketa-prozesu eta -proiektuak.

f) Nafarroako kultur ondarearen –materialaren eta ez-materialaren– gaineko ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, zaharberritzea, berreskuratzea, zabalkundea eta sustapena egitea, Nafarroako hizkuntza aniztasunari bereziki erreparatuta.

g) Nafarroako folklorea eta herri tradizioak, bereziki herri musika (jota, aurorak eta euskarazko herri kantak) eta herri askotako dantza tradizionalak (esate baterako, jota, larrain dantza, makil dantza, bolanteak, mutil dantza edo ezpata dantza).

h) Artearen edo kulturaren arloko beste edozein jarduera.

3. artikulua. Kultur mezenasgoaren modalitateak.

Kultur mezenasgoa, betiere foru lege honetan xedatutakoaren arabera, modalitate hauen bitartez gauzatu daiteke:

a) Dohaintzak.

b) Erabilera maileguak edo komodatua.

c) Lankidetza hitzarmenak.

4. artikulua. Kultur mezenasgoaren onuradun diren pertsona eta entitateak Nota de Vigencia.

Foru lege honen ondorioetarako, honakoak dira pertsona eta entitate onuradunak:

a) Helbide fiskala Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko entitateak.

b) Nafarroako Foru Komunitateak eta Nafarroako toki entitateak, bai eta haien menpeko erakunde autonomo eta fundazio publikoak ere.

c) Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako unibertsitateak.

d) Beste autonomia erkidego batzuetan eta atzerrian egoitza duten Nafarroako txokoak, zentroak eta etxeak, bai eta entitate horien federazioak ere.

e) Eliza katolikoa eta Espainiako Estatuarekin lankidetza-akordioak dituzten elizak, konfesioak eta komunitate erlijiosoak.

f) Helbide fiskala Nafarroan izan eta jarduera artistikoak gauzatu ohi dituzten pertsona fisikoak, juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, baldin eta haien negozio zifraren zenbateko garbia ez bada izan 200.000 eurotik gorakoa aurreko urtean.

Pertsona juridikoa sozietateen talde bateko kide bada, Merkataritzari buruzko Kodean ezarritakoaren arabera, negozio zifraren zenbateko garbia kalkulatzeko kontuan hartuko da talde osoaren zifra.

Ondorio horietarako, honakoak dira jarduera artistikoak, Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat:

a') Bigarren atalean (lanbide jarduerak), 86. elkartean, 861, 862, 864 eta 869. taldeetan sartutakoak, pertsona fisikoak direnean Nota de Vigencia.

b') Hirugarren atalean (jarduera artistikoak), 01., 02. eta 03. elkarteetan sartutakoak, pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko entitateak direnean.

Foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, jarduera artistikoak betetzen dituzten pertsona fisikoak ez dira onuradunak izanen kasuko mezenasgo modalitateak ezkontideak, izatezko bikotekide egonkorrak, hirugarren gradu arteko aurreko, ondorengo nahiz alboko ahaideek edo pertsona fisiko horrekin batera errenta esleipeneko araubideko entitate bateko kide direnek haientzat eginak badira.

Era berean, jarduera artistikoak betetzen dituzten pertsona fisikoak edo entitateak ez dira onuradun izanen jasotako mezenasgo modalitateen inguruan, jarduera artistikoa betetzen duen pertsonak edo entitateak eta dohaintza- edo ekarpen-emailea denak pertsona edo entitate lotuen izaera badute sozietateen gaineko zergaren araudiarekin bat.

II. KAPITULUA. Interes sozialeko deklarazioa

5. artikulua. Interes sozialekotzat hartzea.

1. Honako kultur proiektu edo jarduera hauek interes sozialekotzat hartuko dira, berariazko deklarazioa egin behar izan gabe:

a) Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak eta haren menpeko fundazio publikoek antolatutakoak.

b) Aipatutako departamentu horrek hitzarmen edo diru-laguntza bidez sustatu edo laguntzen dituenak, 4. artikuluan aurreikusitako pertsona edo entitate onuradunek eginak badira.

c) Nafarroako toki entitateek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutakoak.

Letra honek aipagai dituen kultur proiektu edo jarduerak jakinarazi egin beharko zaizkio kulturaren arloko eskumena duen departamentuari, zeinak interes sozialeko deklarazioa modu arrazoituan ukatu egiten ahalko baitu, baldin eta proiektu edo jarduera horiek ez badatoz bat foru lege honen 2.2 artikuluan ezarritakoarekin.

Bai jakinarazpena, bai deklarazioaren ukatzea, azken xedapenetan hirugarrenean ezarritakoarekin bat onetsitako prozedurari jarraituz eginen dira.

2. Urte bakoitza amaitu baino lehen, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak zerrenda bat igorriko dio Zerga Administrazioari, non jasoko den urte horretan zer kultur proiektu edo jarduera hartu behar diren, artikulu honetan ezarritakoaren arabera, interes sozialekotzat berariazko deklarazioa egin behar gabe, bai eta aurreko idatz-zatiko b) letran adierazitako pertsona edo entitate onuradunen zerrenda bat ere.

Hori gorabehera, antolatzaileek, aurreko idatz-zatiko a) eta c) letren kasuan, eta pertsona edo entitate onuradunek, idatz-zati horretako b) letraren kasuan, foru lege honen 20. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eman beharreko ziurtagiriei eta Zerga Administrazioari kasuko informazioa igorri beharrari buruzkoak.

6. artikulua. Interes sozialekotzat deklaratzea onuradunek eskatuta.

1. Pertsona eta entitate onuradunek beraien kultur proiektu edo jardueren interes soziala deklaratzeko eskatu ahal izanen dute ezartzen den prozedurari jarraikiz. Nolanahi ere, prozedura horrek aldi berean zorrotza eta malgua izan behar du, halako moduz non gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko dituen.

2. Nafarroako Kultura Kontseiluak ebaluatuko ditu interes sozialeko deklaraziorako eskaerak, irizpide hauen arabera:

a) Kultur jardueren garrantzia eta eragin soziala.

b) Nafarroaren kultur ondarea, materiala eta ez-materiala, ikertzeko, zaintzeko eta zabaltzeko jardueren eragina, bereziki erreparatuz haren hizkuntza-aniztasunari.

c) Sorkuntza artistikoaren sustapenean eta sortzaile berrientzako laguntzan duen eragina.

d) Arte eta kultura arloko prestakuntzari dagokionez duen balioa eta interesa.

e) Herritarren parte-hartzea eta publikoen sorrera sustatzeko duen balioa eta interesa, IKTei arreta berezia eskainita.

f) Nafarroako Foru Komunitateko arte eta kultur balioak kanpoan sustatzeari dagokionez duen balioa eta interesa.

g) Arteen eta zientzien zabalkundean laguntzen duten kultur inbertsioak egiteari dagokionez duen balioa eta interesa.

h) Kulturaren esparruko ikerketarako eta lengoaia berritzaileak jorratzeko jarrera.

i) Nafarroako Foru Komunitateko kulturaren kontserbazioarekin, sustapenarekin eta garapenarekin zerikusia duen beste edozein irizpide.

j) Oinarrizko irizpide gisa, zer erlazio dagoen proiektu edo jarduerak duen aurrekontuaren eta aurreko letrek aipagai duten eraginaren artean.

3. Interes sozialeko deklaraziorako eskaera ebaluatu ondoren, Nafarroako Kultura Kontseiluak deklarazioa emateko edo ukatzeko proposamena igorriko dio kulturaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrari, eta horrek proposamen horren arabera ebatziko du.

4. Ebazpena ezezkoa bada, ebazpenak arrazoitua izan beharko du, 2. idatz-zatian ezarritako irizpideei erreferentzia eginez. Halaber, ezezko ebazpena emateko arrazoia izan ahalko da pertsona edo entitate onuradunak ez betetzea aurretik interes sozialekotzat deklaratu zitzaizkion proiektu edo jarduerei zegozkien betebehar formalak, foru lege honetan ezarritakoak. Azaldutako argudioak ikusita, pertsona edo entitate onuradunak bere proiektu edo jarduera berraztertu eta interes sozialeko deklarazioa berriz eskatu ahalko du.

7. artikulua. Kultur proiektuen edo jardueren ereduko programak interes sozialekoak direla deklaratzea.

Hurrengo urteetan antzeko edo pareko izaera edo edukia aurreikusia duten kultur proiektuak edo jarduerak urtero gauzatzen dituzten entitateek kultur jardueren ereduko programa baten interes sozialeko deklarazioa eskatu ahal izanen dute, programan aurreikusten diren kontzeptuekin bat datozen jarduerak barnebilduz.

Interes sozialeko deklarazioa egiteko, aurreko artikuluan xedatutakoari lotuko zaio.

III. KAPITULUA. Kultur mezenasgorako zerga pizgarriak

1. atala. Zerga pizgarriak dituzten dohaintzak

8. artikulua. Dohaintzek bete beharrekoak.

1. Foru lege honetan aurreikusitako kenkariak eta murrizketak egiteko eskubidea emanen dute inter vivos dohaintzek, ezeztaezin, soil eta hutsak direnek, 4. artikuluan aipatzen diren pertsonen eta entitateen alde eginak badira, interes sozialeko deklarazioa duten kultur proiektu edo jarduerak gauzatzeko.

2. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 162. legean aurreikusitako kasuen ondorioz dohaintza errebokatzen bada, dohaintza-emaileak sartuko ez dituen diru-kopuruak gehitu beharko dizkio errebokatzea gertatzen den zergaldiko kuotari, kasuan kasuko berandutza interesak barne.

3. Nafarroako Foru Komunitateari egindako dohaintzak, betiere, Nafarroako Foru Komunitateko ondarearen gaineko arauetan aurreikusitakoaren menpe egonen dira.

9. artikulua. Dohaintzengatiko kenkarien eta murrizketen oinarria.

1. Dohaintzengatiko kenkarien eta murrizketen oinarria hauxe izanen da:

a) Diruzko dohaintzetan, haien zenbatekoa.

b) Ondasun edo eskubideen dohaintzetan, eskualdaketa egiten den unean daukaten kontabilitate-balioa eta, halakorik ezean, ondarearen gaineko zergaren arauekin bat zehaztutako balioa.

Doako zerbitzu-emateetan, egindako gastuen kostua, irabazi-marjina kontuan izan gabe.

c) Ondasun higiezinen gaineko gozamenerako eskubide erreala eratzen denean, zenbateko jakin bat urtean, hauxe, alegia: gozamenak iraun bitarteko zergaldietako bakoitzean katastroko balioari ehuneko 4 aplikatzearen emaitza; zergaldi bakoitzean dagokion egun kopuruaren proportzioan zehaztuko da.

d) Balioen gaineko gozamenerako eskubide erreala eratzen denean, gozamenak iraun bitarteko zergaldietako bakoitzean gozamendunak jasotako dibidenduen edo interesen urteko zenbatekoa.

e) Beste ondasun eta eskubide batzuen gaineko gozamenerako eskubide erreal bat eratzen denean, zenbateko jakin bat urtean, alegia, ekitaldi bakoitzean diruak duen legezko interesa gozamenaren balioari aplikatzeak dakartzan emaitza adinakoa; gozamenaren balioa eratzen denean zehaztuko da, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren arauekin bat.

f) Interes kulturaleko ondasunen, ondasun inbentariatuen, tokiko garrantzia duten ondasunen edo kalitate bermatuko artelanen dohaintzetan, Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordeak egindako balorazioa. Nafarroako Kultur Ondarekoak ez diren kultur ondasunen kasuan, Batzordeak baloratuko du, halaber, lanaren kalitatea aski ote den.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz zehaztutako balioaren gehieneko muga izanen da eskualdatutako ondasunak edo eskubideak eskualdaketaren unean merkatuan duen balio arrunta.

10. artikulua. Dohaintzen justifikazioa.

1. Kenkariak eta murrizketak egiteko beharrezkoa izanen da dohaintza egiaz egin dela frogatzea, dohaintza-emailea den pertsonak edo entitateak luzatutako ziurtagiri baten bidez.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jasoko dira, gutxienez:

a) Izen-deiturak edo helbide soziala eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia, bai dohaintza-emailearena bai dohaintza-hartzailea den pertsona edo entitatearena.

b) Dohaintza-hartzailea den pertsona edo entitatea 4. artikuluan aurreikusitakoen artean dagoela berariaz aipatzea.

c) Dohaintzaren eguna eta zenbatekoa, diruzkoa denean.

d) Dohaintzaren balorazioaren zenbatekoa, diruzkoak ez diren dohaintzen kasuan edo doako zerbitzu emateetan.

e) Dohaintzan emandako ondasuna entregatu dela edo gozamenerako eskubidea eratu dela frogatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri kauto bat, diruzko dohaintzak ez direnean.

f) Dohaintza-hartzailea den pertsonak edo entitateak zertarako erabiliko duen dohaintza.

g) Dohaintzaren izaera ezeztaezina berariaz aipatzea.

2. atala. Zerga pizgarriak dituzten erabilera maileguak edo komodatua

11. artikulua. Kenkaria izan dezaketen erabilera maileguak edo komodatuak.

Foru lege honetan aurreikusitako kenkariak eta murrizketak egiteko eskubidea ematen dute interes kulturaleko ondasunen, ondasun inbentariatuen, tokiko garrantzia duten ondasunen edo kalitate bermatuko artelanen erabilera maileguak edo komodatuak, bai eta interes sozialeko deklaratutako kultur proiektu edo jarduerak egiteko erabiltzen diren lokalenak ere.

12. artikulua. Erabilera maileguengatik edo komodatuarengatik egin daitezkeen kenkarien eta murrizketen oinarria.

Oinarria urteko zenbateko bat izanen da, hain zuzen ere maileguak iraun bitarteko zergaldietako bakoitzean Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordeak ondasunaz egindako balorazioari ehuneko 4 aplikatzearen emaitza; zergaldi bakoitzeko egun kopuruaren proportzioan zehaztuko da.

Proiektuak edo jarduerak egiteko lokalen kasuan, ehuneko 4 hori katastroko balioari aplikatuko zaio, zergaldi bakoitzeko egun kopuruaren proportzioan.

13. artikulua. Erabilera maileguen edo komodatuaren justifikazioa.

1. Kenkariak eta murrizketak egiteko beharrezkoa izanen da erabilera mailegua edo komodatua egiaz egin dela frogatzea, pertsona edo entitate komodatu-hartzaileak luzatutako ziurtagiri baten bidez.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jasoko dira, gutxienez:

a) Izen-deiturak edo helbide soziala eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia, bai komodatu-egilearenak bai komodatu-hartzailearenak.

b) Komodatu-hartzaile den pertsona edo entitatea 4. artikuluan aurreikusitakoen artean dagoela berariaz aipatzea.

c) Ondasuna noiz entregatu zen eta erabilera maileguaren edo komodatuaren iraupen epea.

d) Erabilera mailegu edo komodatuaren balorazioaren zenbatekoa.

e) Agiri publikoa edo bestelako agiri kauto bat, erabilera mailegua edo komodatua eratu dela frogatzen duena.

f) Pertsona edo entitate komodatu-hartzaileak erabilera maileguaren xede den ondasunari emanen dion erabilera.

3. atala. Zerga pizgarriak dituzten lankidetza hitzarmenak

14. artikulua. Lankidetza hitzarmenak interes sozialeko proiektu edo jardueretan.

1. Interes sozialeko kultur proiektu edo jardueren arloko lankidetza hitzarmenaren ezaugarriak hauexek dira: 4. artikuluak aipatzen dituen pertsona edo entitateek izenpetzen dituzte, interes sozialaren deklarazioa duen proiektu edo jarduera bat egiteko diru-laguntza baten truke, edo balorazio ekonomikoa izan dezakeen laguntza baten truke, eta bertan konpromisoa hartzen dute, idatziz, kolaboratzaileak proiektu edo jarduera horietan parte hartu duela zabaltzeko edozein bitarteko erabiliz.

2. Lankidetza hitzarmenek eragindako kenkarien eta murrizketen oinarria 9. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.

3. Artikulu honetan zehaztutako lankidetza hitzarmenen barruan kolaboratzailearen parte-hartzearen zabalkunde lanak ez dira zerbitzu-ematea.

15. artikulua. Lankidetza hitzarmen baten ondorioz jasotako dirulaguntzen justifikazioa.

1. Kenkariak eta murrizketak egiteko beharrezkoa izanen da lankidetza hitzarmena egiaz egin dela frogatzea, pertsona edo entitate onuradunak luzatutako ziurtagiri baten bidez.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den ziurtagirian alderdi hauek jasoko dira, gutxienez:

a) Izen-deiturak edo helbide soziala eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia, bai pertsona edo entitate onuradunarenak bai kolaboratzailearenak.

b) Pertsona edo entitate onuraduna 4. artikuluan aurreikusitakoen artean dagoela berariaz aipatzea.

c) Agiri publikoa edo bestelako agiri fede-emailea, lankidetza hitzarmena egin dela frogatzen duena.

d) Lankidetza hitzarmenaren ondorioz jasotako laguntzaren zenbatekoa.

e) Pertsona edo entitate onuradunak zertarako erabiliko duen jasotako diru-laguntza.

4. atala. Zerga pizgarriak

16. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek eskubidea izanen dute zergaren kuotan kenketa egiteko; hain zuzen ere, dohaintzen, erabilera maileguen eta lankidetza hitzarmenen ondorioz (9., 12. eta 14. artikuluetan aipatzen direnak, hurrenez hurren) ordaindutako kopuruen eta egindako gastuen balorazioaren lehen 150 euroen ehuneko 80 eginen du kenketak. 150 eurotik gorako zenbatekoek ehuneko 40ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute. 150 euroko muga hori subjektu pasibo bakoitzeko eta zergaldiko aplikatuko da.

Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 64. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den mugaren ondorioetarako kontatuko da.

17. artikulua. artikulua, azkenaurreko lerroaldea Nota de Vigencia.

Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek zerga-onura hauek izanen dituzte:

a) Zerga-oinarria zehazteko, dohaintzen, erabilera maileguen eta lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako kopuruen eta egindako gastuen (9., 12. eta 14. artikuluetan aipatzen direnak, hurrenez hurren) balorazioko zenbatekoak kontu-sail kengarria izanen dira.

b) Horrez gain, eskubidea izanen dute zergaren kuota likidoan kenketa egiteko, dohaintzen, erabilera maileguen eta lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako kopuruen eta egindako gastuen (9., 12. eta 14. artikuluetan aipatzen direnak, hurrenez hurren) balorazioko lehen 300 euroen ehuneko 30ekoa. 300 eurotik gorako zenbatekoek kuota likidoan ehuneko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute. 300 euroko muga hori subjektu pasibo bakoitzeko eta zergaldiko aplikatuko da.

Zerga oinarriko kontu-sail kengarria honako muga hauetako handiena adinakoa izanen da, gehienez ere:

– Kenkari honen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30 eta, hala behar denean, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen 37., 42. eta 47. artikuluetan eta hamabigarren eta hamahirugarren xedapen gehigarrietan aipatzen direnena Nota de Vigencia.

–Negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.

Bestetik, kuotako kenkaria gauzatzeko, Sozietateen gaineko Zergaren araudian ezarritakoari jarraituko zaio, eta kontuan hartuko da Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 67.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarak.

Artikulu honetan arautzen diren zerga-onurak ez zaizkie inola ere aplikatuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboei.

18. artikulua. Beste zergaonura batzuk.

1. Dohaintza-emailearen errenta zergapetzen duen pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen dira 8. artikuluan aipatzen diren dohaintzak direla eta gertatzen diren ondare gehikuntzak eta errenta positiboak.

2. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan, berriz, salbuetsirik egonen dira 4. artikuluko f) letran xedatutakoarekin bat onuradun diren pertsona fisikoek izandako doako eskuraketak Nota de Vigencia.

19. artikulua. Bateraezintasunak.

Foru lege honetan araututako zerga-onurak bateraezinak izanen dira bai Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea Erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean zenbateko horietarako ezarritako onurekin eta bai ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginaren 22.B) Bigarrena artikuluan ezarritakoekin.

20. artikulua. Onura fiskalak aplikatzeko baldintzak.

Aurreko artikuluetan aurreikusitako zerga-onurak aplikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dohaintzak, erabilera maileguak edo lankidetza hitzarmena egiaz egin direla eta interes sozialeko deklarazioa duten kultur proiektu edo jardueretarako egiaz erabili direla frogatzea, kasuan kasuko ziurtagirien bidez.

b) Emandako egiaztagirien edukia jakinaraztea Zerga Administrazioari, zerga arloko araudian ezarritako ereduekin Nota de Vigencia.

Xedapen Gehigarria

Lehen .–Kultur mezenasgoaren arloko lehentasunezko jarduerak eta proiektuak.

1. Foru dekretu bidez ezarri ahal izanen da zergaldi bakoitzean kultur mezenasgoaren arloan lehentasuna duten jardueren eta proiektuen zerrenda bat. Nolanahi ere, jarduera eta proiektu horiek 2., 4., 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak eta baldintzak bete beharko dituzte.

2. Jarduera eta proiektu horiei dagokienez, kasuan kasuko foru dekretuak ehuneko bost gehitu ditzake, gehienez ere, foru lege honetan ezarritako kuota-kenkarien ehunekoak eta mugak.

Bigarren .–Mezenas izaera jendaurrean errekonozitzea.

Nafarroako Gobernuak behar diren tresnak ezarriko ditu mezenasgoaren praktika saritzeko, haren estimua gizartean sustatuz, ekimen horiei prestigioa eta ikusgarritasuna emanez eta pertsona fisiko eta juridikoei publikoki errekonozituz kulturaren alde mezenasgoaren bitartez egiten duten lan filantropikoa.

Nafarroako Gobernuak, nolanahi ere, anonimotasuna bermatuko die kulturarako ematen duten laguntza ezagutzera ez ematea nahi duten pertsonei edo entitateei.

Hirugarren .–Finantza produktu erabilezin batzuetarako ekarpenak kultur mezenasgoaren alde.

1. Pertsona fisikoek eta juridikoek diruzko ekarpenak egin ditzakete kultur mezenasgoari laguntzeko, kreditu entitateek kudeatutako finantza produktu jakin batzuetarako, araubide honi loturik betiere:

a) Ekarpen horiek denboran mugaturik egonen dira, eta erabilezinak izanen dira finantza produktu horretan sarturik dauden bitartean.

Ekarpenen titularrek kreditu entitateekin adostuta finkatuko dute ekarpenek zenbat denbora emanen duten finantza produktuan; denbora hori ez da izanen lagundu gogo den kultur proiektua edo jarduera garatzeko denbora baino luzeagoa.

b) Finantza produktu bakoitza lotuta egonen da kultur arloko jarduera edo proiektu bat garatzen duen pertsona edo entitate batekin, jarduera edo proiektu hori interes sozialaren deklarazioa jaso badu foru lege honetan xedatutakoarekin bat.

c) Ekarpen horien egiazko titularra ekarpen-egilea izanen da, eta, beraz, finantza mozkinak egiazko titular horri egotziko zaizkio.

Aurrekoa galarazi gabe, finantza produktu bakoitzaren mozkin horiek, atxikipena egiteko betebeharraren menpe ez daudenak, doan eskualdatuko zaizkio sei hilean behin, nahitaez, finantza produktuarekin loturik dauden pertsona edo entitate guztiei, b) letran aipatutako horiei alegia.

d) Finantza produktua kudeatzen duen kreditu entitateak urtero jakinaraziko dizkie ekarpen egileei eta pertsona edo entitate onuradunei titular bakoitzaren kasuan lortu diren eta pertsona edo entitate onuradun horiei eskualdatu zaizkien mozkinek egiten duten zenbatekoa.

2. Finantza mozkin horien zerga-araubidea hauxe izanen da:

a) Mozkin horien eskurapenak, 4. artikuluko f) letran xedatutakoarekin bat onuradun diren pertsona fisikoek doan lortutakoak, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergatik salbuetsirik egonen dira.

b) Mozkin horien dohaintzek, pertsona edo entitate onuradunen alde egindakoek, foru lege honetan ezarritako zerga onuren aplikaziorako eskubidea sortuko dute.

c) Zerga onura horiek aplikatzean, 19. artikuluan jasotako bateraezintasunak kontuan hartu beharko dira, eta 20. artikuluan ezarritako baldintzak bete.

Laugarren .–Kultur mezenasgoari laguntzeko aplikazio informatikoa

Nafarroako Gobernuak aplikazio informatiko bat garatuko du kultur mezenasgoa errazteko, halako moduan non, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, modu elektronikoan dohaintzak egin ahal izanen baitira foru lege honi jarraikiz interes sozialeko deklarazioa jaso duten jarduerak edo proiektuak garatzen dituzten pertsona edo entitateentzat.

Ogasunaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez arautuko ditu aplikazio informatiko horren ezaugarriak eta funtzionaltasunak.

Aplikazioak sistema bat jarriko du, kasuko froga-agiria lortzeko bidea emanen duena. Froga-agiri horrek Nafarroako Ogasunean balioko du foru lege honetan aurreikusitako onurak lortzeko.

Bosgarren .–Mezenasgoaren aldeko kanpaina.

Nafarroako Gobernuak, behin legea onetsita, eta beharrezko jotzen dituen baliabideekin, informazio-kanpaina bat eginen du, herritarrei jakinarazteko zein den foru lege honen irismena eta zer zerga-onura dakartzan.

Seigarren .–Nafarroako Kultur Kontseiluaren eginkizun berriak.

Nafarroako Kultur Kontseiluak modua izan dezan Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoan eta foru lege honetan esleitzen zaizkion zeregin eta eginkizun berriei aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak egokitu eginen du, legea onetsi eta hiru hilabeteko epean, kontseilu horrek jarraitu beharreko araudia.

Nafarroako Kultur Kontseiluaren osaketa berriak bilatu behar du Nafarroan presente dauden sektore desberdinek parte hartu eta laguntza eman dezatela, eta Nafarroak duen aniztasun aberatsa ahal duen modu egokienean ordezkatu beharko du. Horretarako, bere kideen artean honakoak eduki beharko ditu: elkarte eta entitateetako ordezkariak, administrazioetako ordezkariak eta beren itzal handiagatik hautatutako kideak.

Zazpigarren .–Kultur mezenasgoaren sustapena.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak, foru lege hau onetsi eta gehienez ere sei hileko epean, Mezenasgoaren Gutuna eginen du, non alor horretako jardunbide egokiak sustatuko diren.

Kultura Zuzendaritza Nagusiaren organigraman, unitate zehatz bati esleituko zaizkio honako eginkizun espezifiko hauek: sektorearentzako eta dohaintza-emale izanen direla aurreikus direnentzako aholkularitza, eta mezenasgoaren kultura sustatzeko jarduera arruntak.

Zortzigarren .–Helburuen betetze maila baloratzea eta Nafarroako Parlamentuari horren berri ematea.

Kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren ardura izanen da egiaztatzea, urtero, dohaintzak, erabilera maileguak edo komodatuak eta lankidetza hitzarmenak egiaz erabili direla interes sozialeko deklarazioa duten kultur proiektu eta jardueretan, bai eta baloratzea bete ote diren foru lege honen xedeak, kultura sustatzekoak alegia.

Nafarroako Gobernuak urtero jakinaraziko dizkio Nafarroako Parlamentuari foru lege honetan aipatzen den kultur mezenasgoaren emaitzak, honakoak ere zehaztuta: interes sozialeko deklarazioa jaso duten proiektu edo jarduerak, onuradun izan diren pertsona eta entitateak, erabilitako mezenasgo modalitate desberdinen balorazioa eta aplikatutako zerga-onurak.

Informazio hori subjektu pasiboen zerga aitorpena egiteko aldiak amaitu ondoren emanen da, datuak eskuragarri daudelarik eta informatikoki analizatu ondoren.

Xedapen Iragankorra

Lehen .–Ondasunen balorazioa.

Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunak Baloratzeko Batzarra foru lege hau onetsi eta sei hilabeteko epean eratuko da.

Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordea eratu arte, foru lege honen bidez esleitzen zaizkion eginkizunak kulturaren arloko eskumena duen departamentuak beteko ditu.

Bigarren .–Nafarroako kultur sektorearen egoerari buruzko diagnostikoa.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari Nafarroako kultur sektorearen egoerari buruzko diagnostiko bat igorriko dio, bai ikuspuntu ekonomikoa, bai kulturala aintzat hartuta.

Xedapen Indargabetzaile

Bakarra .–Arauindargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da apirilaren 19ko 118/1999 Foru Dekretua, kultur jardueren interes sozialeko deklarazioa arautzen duena.

Azken Xedapenetan

Lehena .–Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea Erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea aldatzea.

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea Erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen manu batzuek, ondotik heldu direnek, honako testu hau izanen dute:

Bat.–II. tituluari IV. kapitulua gehitzea.

“IV. kapitulua.–Onura fiskalak aplikatzeko baldintza komunak.

48. artikulua. Onura fiskalak aplikatzeko baldintza komunak.

Titulu honetan aurreikusitako onura fiskalen aplikazioak honako baldintza izanen du: entitate onuradunek Zerga Administrazioari informazioa ematea, zerga-araudian ezarritako epeetan, jasotako dohaintzei eta ekarpenei buruz”.

Bi.–Hamaikagarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hamaikagarren xedapen gehigarria.–Foru lege honen zerga-onuren bateraezintasuna.

Foru lege honen artikuluetan eta xedapen gehigarrietan araututako zerga onurak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen foru legean zenbateko berberetarako ezarritakoekin. Ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginaren 22 B) Bigarrena artikuluan ezarritako onurekin dagoen bateraezintasun hori aplikatuko zaie, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoei edo irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei Nafarroako Gobernuak ondorio hauetarako interes sozialaren deklarazioa jaso duten proiektuak egiteko dohaintzan emandako diru kopuruei”.

Hiru.–Hamabigarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hamabigarren xedapen gehigarria.–Babesletza kontratuek eragindako publizitate gastuen zerga-onurak.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginean, ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutakoan, 22 B) Hirugarrena artikuluan ezarritako zerga-onurak aplikatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eskudunek interes sozialeko deklaratutako kirol, kultur eta gizarte laguntzako jardueren babesletza kontratuek eragindako publizitate gastuengatik ordaindutako diru kopuruetarako”.

Bigarrena .–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren aldaketa.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren manu hauek (testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), honela idatzita geldituko dira:

Bat.–18. artikuluari 2. idatz-zatia gehitzea. Artikuluaren egungo edukia 1. idatz-zatia izanen da hemendik aurrera.

“2. Aurreko idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren gastuen kenkariak honako baldintza bete beharko du: subjektu pasiboek aurkeztutako kuotak agertzea lanbide-elkargoek eta sindikatuek Zerga Administrazioari zerga-araudian ezarritako eredu eta epeetan aurkeztutako deklarazioetan”.

Bi.–55.6 artikulua. Azken lerrokada bat gehitzea.

“Kenkaria egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboek ordaindutako kuotak eta ekarpenak agertzea alderdi politikoek, federazioek, koalizioek edo hautesleen elkarteek Zerga Administrazioari zerga-araubidean ezarritako eredu eta epeetan aurkeztutako deklarazioetan”.

Hiru.–62.4. artikulua.

“4. Dohaintzengatiko kenkariak.

a) Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitakoak.

Trataera bera izanen dute beren seme-alabek ikasten duten ikastetxe itunduetako irakaskuntza-kooperatibei subjektu pasiboek eginiko dohaintzek. Dohaintza horiek, betiere, aipatutako 10/1996 Foru Legearen 33. 41. eta 48. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen foru legean aurreikusitakoak”.

Hirugarrena .–Arauak emateko ahalmena.

Kulturaren arloko eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio arauak emateko, beharrezkoak direnak honakoak egiteko prozedura eta aurkeztu beharreko dokumentazioa arautzeko: interes sozialeko deklarazioa, ereduko programen interes sozialeko deklarazioa, zenbait proiektu edo jardueraren interes sozialeko deklarazioa, bai eta interes sozialeko deklarazioa jaso duten proiektu edo jarduerei eman beharreko publizitatea arautzeko ere.

Interes sozialeko deklaraziorako prozedura hori bakarra izanen da foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako eta ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginaren 22.B) Bigarrena artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Laugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, kultur mezenasgoari aplika dakizkiokeen zerga-pizgarriek 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen dute eragina.

Aurrekoa gorabehera, azken xedapenetan lehenean eta bigarrenean ezarritakoak eragina izanen du 2014eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1407328

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web