(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2014 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 73 - 14/04/2014



ZIOEN AZALPENA

Uztailaren 2ko 23/2013 Foru Legearen bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen zenbait artikulu aldatu ziren. Besteak beste, 51. artikulua, ehiza-barrutien zaintzari buruzkoa.

Aldaketa horrek zalantzak sortu ditu Nafarroako ehiztarien artean; artikulu horren interpretazioari eta aplikazioaren ondorioei buruzko dudak adierazi dituzte ehiztariek.

Hartara, 51. artikuluaren testua egokitu beharra dago, halako moduan non argiago eta beharrizanei hobeki doituz jasoko baita zein kasutan den beharrezkoa ehiza-zaintzako sistema bat edukitzea barrutietan.

Bestalde, bi akats detektatu dira ehizari buruzko araudiaren gaurkotze horretan.

20. artikuluko 2. idatz-zatiko e) letra ezabatzean kendu egin zen barrutiari behar adinako zaintza emateko ardura nork duen adierazten zuen puntua. Gabezia hori zuzendu beharra dago.

21. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letra aldatzean, hutsegitez ezabatu zen ondoko betebehar hau: “epizootia izan litekeen gaitzen bat agertuz gero Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua jakinaren gainean jartzea, bai eta barrutietan pozoitzerik izan bada edo debekatutako tresnarik erabili bada”. Betebehar hori mantendu beharra dago.

Artikulu bakarra.–Honela aldatuko da Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea:

Bat.–20. artikuluaren 2. idatz-zatiari e) letra gehitzen zaio. Honela geldituko da:

“e) Zaintza-sistema bat ematea barrutiari, foru lege honen 51. artikuluan aurreikusitako jarduketak egiteko.”

Bi.–21. artikuluaren 1. idatz-zatiko b) letra aldatzen da. Honela geldituko da:

“b) Aurreko artikuluko lehen idatz-zatiko a), b) eta e) letretan eta artikulu bereko bigarren idatz-zatiko a), c) eta h) letretan xedatutakoa betetzea, aprobetxamenduaren adjudikazioan ezartzen diren arau eta baldintzen arabera.”

Hiru.–51. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:

“51. artikulua. Zaintza.

Edonola ere, barrutiak ehiza-zaintzako sistema bat eduki beharko du ondokoak egiteko:

a) Populazioak maneiatzea, eta horren barruan sartuko dira askatzeak, birpopulatzeak eta translokazioak. Edonola ere, ehiza espezieen birpopulatze bat baimendu denean, eta espezie horiek ehizatzea debeku den denboran, eta barrutiak bestelako espezieak ehizatzeko aukera ematen duenean.

b) Oreinak zelatan ehizatzea.

c) Monteriak.

d) Populazioen urtealdi-kontrolak

e) Kudeaketa okerrarengatik edo pozoia eta amu pozoituak jartzeagatik edo lege indardunek debekatzen dituzten gai toxikoak erabiltzeagatik barrutia osorik edo zati batean itxi denean, administrazio- edo zigor-espediente bat edo kautelazko neurri bat betetzeko. Kasu honetan ehizazaina barrutian egonen da, bertan egiten den lehenengo ehiza-denboraldi efektiboa bukatu arte.

f) Salbuespeneko ehiza-baimenak betetzea, bai 39. artikuluan jasotako metodoak erabiltzeagatik, bai ohiko ehiza-denboralditik kanpo egiteagatik, basurdearen gaueko zelatak barne.

g) Erregelamenduz gara daitezkeen bestelakoak.”

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko apirilaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1405343

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web