(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

25/2014 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 19KOA, NAFARROAKO ODOL ETA EHUN BANKUAREN EGITURA ORGANIKOA GARATZEN DUENA.

BON N.º 42 - 03/03/2014



Atariko

Abenduaren 13ko 20/2010 Foru Legearen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Odol eta Ehun Bankua izeneko entitate publikoa sortu zen, eta Nafarroan transfusioen eta giza ehunen eta zelulen sarearen antolamendua ezarri.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoari atxikitako Nafarroako Odol Transfusiorako Zentroaren aurreko egituratik abiatuta, foru lege horren helburua zen odola eta odolaren osagaiak atera, tratatu eta gordetzearen arloan Espainian eta Europar Batasunean dauden arauak Nafarroan aplikatzea.

Foru lege horren 1. artikuluaren bidez Nafarroako Odol eta Ehun Bankua entitate publikoa sortu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikia, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzaren menpeko zentro gisa. 11. eta 12. artikuluetan Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendaritza organoak arautu ziren.

Uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuaren bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Foru dekretu horren 67. artikuluan Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendariaren eginkizunak ezarri ziren, Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari mediko asistentzialaren menpe arituz gauzatuko dituenak.

Aurrerago, urtarrilaren 30eko 1/2013 Foru Legearen bidez, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua sortu eta arautu zen. Zehazki, Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Mediko Asistentzialari atxikitako unitate organiko gisa sortu zen, beti izaera publikoa izanen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean.

Arau horren bidez abenduaren 13ko 20/2010 Foru Legea indargabetu zen berariaz, nahiz eta lehenengo xedapen iragankorraren bidez etenik gelditu zen 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoa harik eta Nafarroako Odol eta Ehun Bakuaren egitura organikoa garatu arte. Garapen hori, beranduenik ere, foru lege hura onetsi eta urtebetera egin behar zen.

Gainera, azken xedapenetan lehenean ahalmena eman zitzaion Nafarroako Gobernuari foru lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen dituen erregelamenduzko xedapen guztiak eman zitzan.

Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko zuzendaria.

1. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren ardura zuzendari batek izanen du, Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari mediko-asistentzialaren menpe. Bankuko zuzendariak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuetan esleitutako eginkizunez gainera, honako hauek ere izanen ditu kudeaketaren eta langileriaren arloetan:

a) Urteko aurrekontuak prestatu eta kudeatzea, bai gastuenak bai diru-sarrerenak.

b) Zerbitzuen funtzionamendurako beharrezkoak diren hornidura txikien kontratuak sinatzea, baita mantentze-lan eta konponketa soilak diren obren kontratuak ere, betiere hornidura txikietarako ezarritako mugak gainditzen ez badituzte.

c) Konturako ziurtapenak, material inbentariagarriaren eta beste erosketa batzuen fakturak, mantentze-lan eta konponketa soilak diren obrak eta laguntza teknikoko kontratuak ordaintzeko baimena ematea, organo eskudunak haien gastua onetsi baldin badu.

d) Beharrezkoak diren aplikazio informatikoen eta euskarri administratiboen ezarpena, funtzionamendua eta erabilera zuzendu eta koordinatzea.

e) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari atxikitako langileen nagusi gorena izatea.

f) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari atxikitako langileen jarduera, lan eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea.

g) Langile bakoitza lanpostu zehatz bati atxikitzea Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoaren barrenean.

h) Langileen lanerako ezintasun iraunkor osoa edo absolutua eta lanerako alta-egoerak deklaratzeko proposamenak egitea.

i) Diziplina-espedienteak ireki eta ebaztea hutsegite arinengatik.

j) Aldi baterako langileen kontratazioa baimendu eta formalizatzea, erregelamenduz ezarritako prozeduraren bidez.

k) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari atxikitako langileen baimenak, lizentziak, oporrak eta joan-etorriak onartzea.

l) Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari atxikitako langileei gastuak itzul diezazkietela baimentzea, organo eskudunak ezarritako irizpideei jarraikiz.

m) Zerbitzuarengatik egin beharreko joan-etorrietarako baimenak ematea.

n) Hartzekoen eta egindako zerbitzuen ziurtagiriak ematea.

2. artikulua. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura.

Bankuko zuzendariaren ardurapean, Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak honako unitate hauek ditu bere antolamenduan:

a) Erizaintza Unitatea.

b) Laguntzaz kanpoko Kudeaketa Atala.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Baliabideak eta langileak atxikitzea.

Gaur egun Kudeaketaren eta Giza Baliabideen Zuzendariordetzari atxikita dauden baliabide eta langileak Laguntzaz kanpoko Kudeaketa Atalari atxiki zaizkio.

Bigarren xedapen gehigarria.-Unitateak kentzea.

Foru dekretu honetan jaso ez diren Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari atxikitako unitate guztiak kendu egin dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Izendapenak.

Zuzendariaren eta Erizaintza Unitateko buruaren izendapenak berresten dira, sortu ziren baldintza berberetan.

Laugarren xedapen gehigarria.-Tuterako ateratze-puntua.

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak, bere eginkizunak betetzeko, ateratze-puntu bat dauka Tuteran.

Azken xedapenetan lehena.-Garapena eta betearazpena.

Osasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko otsailaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1402751

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web