(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2014 FORU LEGEA, otsailaren 17koa, Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituena Nota de Vigencia

BON N.º 38 - 25/02/2014



  I. KAPITULUA. Gobernu, administrazio, kudeaketa eta ordezkaritzaorganoak


  II. KAPITULUA. Patronatua eta patronatukideak


  II bis KAPITULUA. Babesletza Nota de Vigencia


  III. KAPITULUA. Lehendakaria


  IV. KAPITULUA. Zuzendaria


  V. KAPITULUA. Idazkaria


  VI. KAPITULUA. Fundazioaren betebeharrak eta kontrola


ZIOEN AZALPENA Nota de Vigencia

Foru lege honen xedea da otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legea aldatzea; lege horrek aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioen zuzendaritza organoak arautzen ditu.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzen duen apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legea onetsi ondoren funtsean aldatu da fundazioen araubide juridikoa, eta horrek eragin du Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea onestea, zeinak lehendik dagoen araudia Foru Berriari egokitzen dion eta Foru Berriaren 42. legearen babesean eratutako fundazio guztiei aplikatu beharreko araudi substantiboa biltzen duen.

Araudi berria gorabehera, 2/2014 Foru Legeak bere indarrari eusten dio, aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioek izaera berezia dutelako.

Nafarroako kasuan, Nafarroako Kutxa Fundazioa Nafarroako Kutxaren oinordekoa da. Azken horrek nortasun propiodun kreditu erakundea izateari utzi zion bere finantza-negozioa Banca Cívica banketxeari eskualdatzean –gero Caixabankek xurgatuko zuen– eta banku fundazio bilakatu zen Nafarroako Kutxaren ongintza- eta gizarte-ekintzaren muina izandakoa kudeatzeaz arduratzeko, Kreditu Erakundeak Berregituratzeari eta Suntsiarazteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aplikatuta.

Caixabank SAk Bankia SA xurgatu eta biek bat egin izana Valentziako Merkataritza Erregistroan inskribatzearen ondorioz, 2021eko martxoaren 26az geroztik Nafarroako Kutxa Fundazioak jada ez ditu betetzen aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzko araudiak banku fundazioa izateko eskatzen dituen baldintzak. Beraz, fundazio arrunt bilakatu behar da.

Kontuan izanda Nafarroako Kutxa Fundazioaren jatorria eta haren ezaugarri berezia, justifikatuta dago fundazio horiek bestelako araubidea izatea, parte-hartze eta kontrol publiko zabalagoarekin eta gardentasun-arauei lotua. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legea aldatzea egungo errealitate juridiko eta sozialera egokitzeko.

I. KAPITULUA. Gobernu-, administrazio-, kudeaketa- eta ordezkaritza-organoak

1. artikulua. Zerrenda.

1. Nafarroako aurrezki kutxen transformazioaren ondoriozko fundazioen estatutuetan aurreikusiko da fundazioaren jarduera-eremua Nafarroa dela, eta haren gobernu-organoa bederatzi kidek osatutako patronatu bat izanen dela.

2. Ezertan ukatu gabe fundazioaren helburuei ekitea eta helburu horiek ongintza eta gizarte arlokoak izatea, aurrezki kutxen transformazioaren ondoriozko fundazioen zuzendaritza-organoek beren egintzetan Nafarroaren eta nafarren aldeko helburuak bilatuko dituzte, gizarte-interesekoak.

II. KAPITULUA. Patronatua eta patronatu-kideak

2. artikulua. Patronatua.

1. Patronatua izango da foru lege honen xedapenen menpeko fundazioen zuzendaritza- eta erabakitze-organo gorena.

2. Lehendakari izendatzen duten pertsona arituko da patronatuko buru.

3. Zuzendaritza, hierarkikoki, patronatuaren menpean egonen da.

3. artikulua. Patronatuaren osaera Nota de Vigencia.

1. Patronatua honako hauek osatuko dute, patronatukide gisa:

a) Bost kide Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak hautatuak. Foru parlamentari bakoitzak hiru hautagai bozkatu ahalko ditu, gehienez ere.

b) Nafarroako Gobernuak hautaturiko hiru kide.

c) Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak hautaturiko kide bat.

2. Hautagaiek ospe profesional egiaztatua, jakintza eta esperientzia izan beharko dituzte fundazioaren xedeekin zerikusia duten arloetan. Estatutuetan zehaztuko da nola.

3. Beste edozein araudi indardun aplikatzearen ondorioz izan ditzaketen bateraezintasunez gainera, ezin izanen dira patronatuko kide hautatu edo izendatu egoera hauetan dauden pertsonak:

a) Konkurtsopean eta desgaituta daudenak, desgaikuntza aldia amaitu arte.

b) Kargu publikoetan aritzeko desgaikuntza orokorra edo berezia dakarren zigorrera kondenatuak.

c) Administrazio publikoen zerbitzuko langileak, fundazioei dagozkien jarduerekin zuzeneko zerikusia duten eginkizunak baldin badituzte.

d) Karguetarako hautatzen dituzten unean edo karguetan aritu bitartean fundazioarekin zorrak dituztenak, mugaeguneratuak eta galdagarriak, edozein motatakoak.

e) Fundazioaren aurka auzitegietan edozein erreklamazio dutenak, salbu eta lan-arloko erreklamazioak edo patronatuko kideek aurkezten dituztenak.

f) Lau merkataritza-sozietate edo entitate korporatibotan baino gehiagotan administrazio kontseiluko edo pareko organoko kide direnak. Salbuesten dira Fundazioaren ordezkari bezala edo hark hautaturik betetzen diren karguak.

g) Lotura dutenak fundazioarekin edo sozietate edo banku entitateekin, baldin eta sozietate edo banku entitate horietan fundazioak kapitalaren ehuneko 20tik gorako partaidetza badu obra-, zerbitzu- nahiz hornidura-kontratuaren bidez edo ordaindutako lanaren bidez. Bateraezintasun bera aplikatuko zaie honako hauei: ezkontide eta parekoei; eta sozietateei, baldin eta patronatukideak, zuzenean nahiz zeharka, bakarrik, ezkontidearekin batera nahiz aurreko edo ondorengo ahaideekin batera, ehuneko 20tik gorako partaidetza badu, edota horietakoren batek lehendakari, kontseilari delegatu edo pareko kargua badu.

h) Patronatukide, lehendakari, kontseilari, administratzaile, zuzendari, kudeatzaile, aholkulari edo antzeko kargu edo lanpostua dutenak banku entitateetan edo banku entitateen fundazio edo erakundeetan.

i) Hautespen bidezko edozein kargu politiko dutenak Europar Batasuneko, Estatuko, autonomia erkidegoetako edo Nafarroako Foru Komunitateko edo tokiko erakundeetan.

j) Goi kargua dutenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Estatuko Administrazio Orokorrean, Toki Administrazioan edo horiekiko lotura edo menpekotasuna duten sektore publikoko entitateetan, zuzenbide publikokoak nahiz pribatukoak izan.

k) Betearazpen edo zuzendaritza kargua dutenak alderdi politiko, enpresa elkarte edo sindikatu batean.

Artikulu honetako g), i), j) eta k) letretan aipatutako bateraezintasunek iraun eginen dute lotura edo kargua amaitu eta gero, hori amaitzen den egunetik bi urte igaro arte.

4. Patronatuko lehendakaria gehiengo osoz eta bozketa sekretuaren bidez hautatuko da patronatuko kideen artetik.

5. Patronatuaren bileretan izanen dira, halaber, zuzendari eta idazkari izateko izendatutako pertsonak, salbu eta zuzenean dagozkien lan-aferak direnean hizpide. Pertsona horiek hitza izanen dute, baina botorik ez. Ez zuzendaria ez idazkaria ez dira patronatukide izanen.

6. Patronatuaren osaera ahalik eta paritarioena izanen da. Horretarako, erakunde proposatzaile guztiek parekidetasun irizpideak erabiliko dituzte beren proposamenetan.

4. artikulua. Patronatukideak izendatzea eta karguaz jabetzea Nota de Vigencia.

Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babesletzari jakinaraziko dizkiote patronatukide kargurako hautaturiko pertsonen izenak. Horiek kargua onartu beharko dute Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritako eran, izendatzen dituztenetik hasita hilabeteko epea igaro baino lehen.

5. artikulua. Patronatukide karguaren iraunaldia Nota de Vigencia.

Patronatukideek sei urte iraunen dute karguan; hiru urtean behin, karguen berritze partziala eginen da, estatutuetan ezarritako moduan egin ere, eta karguak ezin izanen dira berriz ere hautatuak izan hurrengo agintaldian.

6. artikulua. Patronatukideen betebeharrak.

Patronatu-kideen betebeharrak dira, indarrean dagoen legediak eta Fundazioko estatutuek xedatzen dituztenez gain, honako hauek:

a) Fundazioaren xedeak zintzo betetzea.

b) Patronatuak onetsiko duen Jokaera Kode Etikoaren printzipioak zorrotz betetzea.

c) Bileretara agertzea.

d) Karguko zereginak ordezkari leial bati dagokion bezala betetzea.

e) Fundazioaren ondasunen eta balioen mantentzea eta zaintzea.

f) Legearen edo estatutuen aurka edo arduragabekeriaz egindako ekintzen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galeren erantzule izatea fundazioaren aurrean. Ez dute erantzukizunik izanen hori sorrarazi duen erabakiari berariaz aurka egiten diotenek edo, hori hartu eta gauzatzeko esku hartu gabe, hori gertatu izana ez zekitela edo, horren berri izanda, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin dutela edo horri berariaz aurka egin diotela frogatzen dutenek.

g) g) Fundazio bereziaren iturri den erakunde nagusia sortu zenez geroko dokumentazio osoa zaintzea. Gainera, kasua bada, beharrezkoak diren zuzemenak eginen ditu jatorriaren arabera dagokion dokumentazioa berreskuratzeko Nota de Vigencia.

7. artikulua. Patronatukideen ordainsariak.

1. Patronatuko kideak doan ariko dira beren karguetan. Horren truke ez dute inoiz inolako ordainsaririk edo dietarik jasoko.

2. Aurrekoa gorabehera, patronatu-kideek beren eginkizuna betetzean sortutako gastuak, behar bezala justifikatu eta gero, kobratzeko eskubidea izanen dute, beharrezkoak diren zenbatekoak eta ez besterik. Kontzeptu horiengatik jasoko dituzten zenbatekoak publikoak izanen dira.

8. artikulua. Patronatuaren ahalmenak Nota de Vigencia.

1. Edozein araudi indardun aplikatuta egokitzen ahal zaizkion ahalmenez gain, patronatuak honako ahalmen hauek ditu:

a) Patronatuak ahalmenak ditu fundazioaren gobernuarekin, ordezkaritzarekin eta administrazioarekin zerikusia duten gai guztiei buruz, estatutuetan jasotakoarekin bat.

b) Patronatuari dagokio fundazioaren estatutuak onetsi, aldatu eta interpretatzea, aurrez babesletzak nahitaezko txostena emanda. Estatutuak inola ere ezin dira izan foru lege honetan eta gainerako araudi indardunean ezarritakoaren kontrakoak.

Estatutuak onesteko, aldatzeko eta interpretatzeko, patronatuko kideen gehiengo osoak hartutako erabakia beharko da.

Estatutuak, beren aldaketak eta interpretazioari buruzko erabakiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta fundazioaren web orrian argitaratuko dira.

c) Patronatuari dagokio aurrekontuak prestatzea eta ekitaldi bakoitzean fundazioaren urteko kontuak onestea patronatukideen gehiengo soilak hartutako erabakiaren bidez.

Aurrekontuetan jasotako gastu aurreikusiek ezin izanen dute ehuneko 25etik gorako igoerarik izan ekitaldirako aurreikusitako guztizko diru-sarrerekin alderatuta, non eta babesletzak berariazko baimena ematen ez duen.

Aurrekontuetan jasotako gastu aurreikusiek ezin izanen dute ehuneko 10etik gorako igoerarik izan aurreko ekitaldiko aurrekontuan jaso ziren gastu aurreikusiekin alderatuta, non eta babesletzak berariazko baimena ematen ez duen.

Aurrekontuak eta urteko kontuak, onetsi eta gero, publikoak izanen dira.

d) Patronatuari dagokio fundazioaren urteko kontuak auditatuko dituen sozietatea izendatzea.

Izendapen hori eta auditoretzaren txostena publikoak izanen dira.

e) Jokaera Kode Etikoa onestea.

f) Fundazioaren egitura organikoa eta horren aldaketak onestea, bai eta zuzendaritza karguetan izanen direnak hautatzea ere.

g) Fundazio bereziaren dokumentazio osoa ordenatu, sailkatu eta kudeatzea, bai eta fundazioaren iturri izandako entitatearen edo entitateen dokumentazio osoa ere. Foru parlamentariek dokumentazio hori eskatu ahalko dute Parlamentuko Erregelamenduan ezarritako prozeduraren bidez. Halaber dokumentazio horrek Nafarroako gainerako erakunde publikoen eskura egon beharko du. Eskuratzeko protokoloa prestatuko da eta patronatuko kideen gehiengoak onetsi beharko du.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako ahalmenak ez dira inoiz ere delegatuko.

9. artikulua. Patronatuaren funtzionamendua.

1. Patronatua urte bakoitzeko lehen seihilekoan batzartuko da onespena emateko urteko kontuei eta emaitza-aplikazioko proposamenari, lege aplikagarrietan aurreikusten den moduan.

Era berean, ekitaldiko laugarren hiruhilekoan batzartuko da, hurrengo ekitaldiari dagokion jarduketa planari onespena emateko.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ezertan ukatu gabe patronatuak lehendakariak deitzen duen edo gutxienez ere hiru patronatu-kidek eskatzen duten bilera oro egin ahalko du. Hiru patronatu-kidek bilera eskatu eta hilabeteko epean lehendakariak deialdia egiten ez badu, eskatzaileek ahalmena izanen dute deialdi formala egiteko.

3. Patronatua modu baliozkoan eratuko da, baldin eta kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Edonola ere, lehendakariak eta idazkariak egon beharko dute, edo haien ordezkoek.

4. Patronatu-kide bakoitzak boto baterako eskubidea izanen du. Erabakiak bertaratutako kideen edo behar bezala ordezkatutakoen gehiengoaren bidez hartuko dira, espresuki bestelako gehiengo kualifikatu bat eskatzen ez bada.

5. Idazkariak patronatuaren bileren akta eginen du, eta hori onetsi beharko da, bilera bukatzen denean edo hurrengo bileran. Lehendakariak eta idazkariak sinatuko dute akta. Akta dagokion liburuan idatziko da.

6. Aktan honako hauek zehaztuko dira: bilerako kideak (bertaratu direnak zein ordezkatuta daudenak), bileraren gai-zerrenda, noiz eta non egin den, eztabaiden puntu nagusiak, patronatu-kideek hala eskatzen badute, eta hartutako erabakien edukiak.

7. Bileretarako deialdia idazkariak bidaliko du, lehendakariaren aginduz, bilera egin baino bost egun natural lehenago, gutxienez. Horretarako, jaso izana adierazteko aukera ematen duen edozein baliabide erabiliko da, eta patronatuko kide bakoitzak horretarako adierazi duen lekura edo helbidera igorriko da.

Deialdian bileraren lekua, eguna eta ordua adieraziko dira, baita gai-zerrenda ere. Deialdiarekin batera gai-zerrendako puntuak aztertzeko beharrezkotzat jotzen diren agiriak bidaliko dira.

Patronatuko kide guztiak bertan egon eta bilera egitea aho batez erabakitzen badute, ez da aurreko deialdirik egin beharko.

8. Erabakiek hartzen diren unetik aurrera sortuko dituzte ondorioak, salbu eta, legeak hala xedatu edo patronatuak erabakitzen duelako, eragina gerorako uzten bada.

II bis KAPITULUA. Babesletza Nota de Vigencia

9 bis artikulua. Babesletza: izaera eta eginkizunak Nota de Vigencia.

1. Fundazioaren babesletza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio. Ekonomia eta ogasun arloan eskumena duen departamentuaren bidez edo eskumena erregelamenduz esleitzen zaion departamentuaren bidez beteko du eginkizun hori.

2. Babesletzak, araudi indarduna aplikatuta egokitzen zaizkion ahalmenez gain, honako ahalmen hauek izanen ditu:

a) Fundazioaren legezkotasuna eta funtzionamendu ona zaintzea, estatutuen arabera fundazioak dituen helburuak egoki betetzen direla egiaztatuz eta interes orokorra lortu behar dela aintzat hartuz.

b) Fundazioaren ondarearen osotasuna, nahikotasuna eta errentagarritasuna zaintzea, eta egiaztatzea ea fundazioaren baliabide ekonomikoak fundazioaren helburuak betetzeko erabili diren, estatutu hauetan eta legean ezarritako eran. Horretarako beharrezkoa den informazioa eskatu ahalko dio patronatuari.

c) Babesletzaren ordezkari bat izendatzea, fundazioaren kide anitzeko organoen bilkuretan parte hartu ahal dezan, hizpidearekin baina botorik gabe.

d) Bere babes eginkizuna betetzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatzea fundazioari.

e) Fundazioan ikuskapenak egitea: aldian behingoak, fundazioaren funtzionamenduari eta jarduerari buruzko arau orokorrak eta estatutuetakoak betetzen direla egiaztatzeko, eta bereziak, fundazioaren edozein jarduera edo alderdi espezifikoren gainean.

f) Fundazioaren gobernu organoaren eginkizunetan behin-behinean aritzea, hura osatu behar duten pertsona guztiak falta badira, edozein arrazoi tarteko; eta fundazioa azkentzeko eskatzea.

g) Patronatukideen erantzukizuna eskatzeko akzioa egikaritzea legean jasotako kasuetan.

h) Fundazioaren organoen egintzak eta erabakiak aurkaratzea, fundazioa arautzen duten legeetako edo estatutuetako manuen kontrakoak direnean.

i) Fundazioaren bat-egiteetarako eta fundazioa azkentzeko baimenak eta patronatuak erabakiak hartzeko baimenak ematea estatutu hauetan eta legeetan aurreikusitako kasuetan.

j) Fundazioa likidatzeko prozesua kontrolatzea.

k) Legeek esleitzen dizkioten beste eginkizun guztiak.

l) Ekitaldirako aurreikusitako guztizko diru-sarrerak ehuneko 25eko aldeaz gainditzen dituzten gastuak baimentzea.

m) Aurreko ekitaldiko aurrekontuan jasotako gastu aurreikusiekin alderatuta ehuneko 10etik gorako igoera duten gastuak baimentzea.

n) Nahitaezko txostena ematea foru lege honen aplikazio eremuan dauden fundazioen estatutu-proiektuei buruz, bai eta estatutu horien aldaketei buruz ere.

III. KAPITULUA. Lehendakaria

10. artikulua. Hautaketa Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurari dagokio foru lege honen menpeko fundazioetako lehendakaritza bete behar duen pertsona hautatzea.

2. Hautagai bat baino gehiago badaude, boto gehien lortzen dituena hautatuko da lehendakari. Hautagai bakarra dagoenean, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira hautatuko da hautagaia.

11. artikulua. Eginkizunak Nota de Vigencia.

1. Lehendakariari dagokio fundazioaren ordezkaritza gorena pertsona, agintari, edo entitate publiko zein pribatu guztien aurrean. Horretarako, mota guztietako egintzak, kontratuak eta hitzarmenak egin eta beharrezkoak diren dokumentuak izenpetu ahalko ditu.

2. Patronatuaren erabakiz, lehendakariak eginkizun betearazleak hartu ahalko ditu. Halakoetan, fundazioaren kudeaketa organoen gainean ardura betearazle gorena izanen du.

3. Halaber, lehendakariari dagokio patronatuaren bileren deialdia egitea eta haietarako gai-zerrenda jartzea, patronatuaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea, bileretan eta haietan diren eztabaidetan buru eta zuzendari aritzea eta proposatzen diren erabakiak bozkaraztea. Berdinketa dagoenean kalitate-botoa izanen du.

4. Era berean, lehendakariari dagokio gardentasunaren aldeko konpromiso bat, eta kontrol, analisi eta ikerketarako informazio egokia egon dadin begiratzea, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta bestelako erakunde publikoek eskatuta.

12. artikulua. Ordeztea Nota de Vigencia.

Lehendakaria ez dagoenerako, edo gaixorik dagoenerako, edo kargua hutsik dagoenerako, patronatu-kideen artetik haren ordez jardunean ariko dena hautatuko du patronatuak.

IV. KAPITULUA. Zuzendaria

13. artikulua. Eginkizunak Nota de Vigencia.

1. Zuzendariari dagokio fundazioaren zuzendaritza eta ohiko kudeaketaren gaineko ardura, fundazioaren jarduera garatzen den gai guztietan.

Eginkizun betearazleak izanen ditu; bereziki, patronatuaren erabakiak betearaztea, besterik xedatu ez denean. Ardura betearazle gorena izanen du fundazioan lan egiten dutenen gainean. Horretarako, fundazioen kudeaketarako gainerako organoak haren menpean egonen dira, zuzenean eta bitartekorik gabe.

Halaber, patronatuak esleitzen edo eskuordetzen dizkion eginkizunak beteko ditu.

2. Lehendakariaren ordezkaritza ezertan galarazi gabe, zuzendariak fundazioaren ordezkaritza gorena izanen du, pertsona, agintari, edo entitate publiko zein pribatu guztien aurrean. Horretarako mota guztietako egintzak, kontratuak eta hitzarmenak egin eta beharrezkoak diren dokumentuak izenpetu ahalko ditu.

3. Zuzendaria izateko eta eginkizun horretarako izendatua izateko, unibertsitateko goi mailako titulua eskatuko da, eta sektore publikoaren edo enpresaren kudeaketa arloan aski esperientzia egiaztatu izana.

4. Zuzendariak eta bestelako ardura betearazleak dituztenek arrazionaltasuna, profesionaltasuna eta eraginkortasuna izanen dituzte irizpide. Fundazioaren oinarrizko xedeen, estatutuetako manuen eta patronatuaren eta haren menpeko organoen aginduei jarraikiz jokatuko dute, patronatuak onetsiko duen Jokaera Kode Etikoaren printzipioak errespetatuz betiere.

5. Fundazioko zuzendariak erabateko dedikazioko araubidea izanen du, eta bere jarduna bateraezina izanen da edozein jarduera ordaindu publiko nahiz pribaturekin, salbu eta norberaren ondarearen administrazioa bada.

6. Fundazioko zuzendariak eskubidea izanen du patronatuak ezartzen dituen ordainsariak jasotzeko. Ordainsariak publikoak izanen dira.

Karguagatik fundazioaren aldetik jasotzen dituen ordainsariak, gehienez ere, eta kontzeptu guztiengatik, urteko 60.000 eurokoak izanen dira.

7. Patronatuaren erabakiaren bidez zuzendaria kargutik kendu ahalko da.

8. Fundazioko organoek, legean eta estatutuetan ezarritakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen dituzten ahalmenak eta ahalordetzeak eman ahalko dizkiote zuzendariari, karguan jarduteko.

V. KAPITULUA. Idazkaria

14. artikulua. Idazkaria Nota de Vigencia.

1. Lehendakariak proposatuta, patronatuak idazkaria izendatuko du. Zuzenbideko lizentziaduna edo graduduna izan beharko du, eta bost urteko lanbide esperientzia frogatu.

2. Jasoko dituen ordainsariak publikoak izanen dira.

3. Idazkaritzaren titularra ez dagoenean, haren eginkizunak fundazioko langile batek beteko ditu, edo patronatu-kide batek, patronatuak berak xede horretarako gaituko baititu.

4. Idazkariaren eginkizunak honako hauek dira: fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea, eskatzen dizkioten txosten juridikoak egitea, lehendakariaren aginduz patronatuaren bileren deialdia egitea, bilerei dagozkien aktak idaztea eta behar diren ziurtagiriak eta jakinarazpenak luzatzea.

VI. KAPITULUA. Fundazioaren betebeharrak eta kontrola

15. artikulua. Fundazioaren betebeharrak Nota de Vigencia.

1. Foru lege honen menpeko fundazioen organo guztiak indarrean dagoen legediari eta estatutuei lotuko zaizkie jarduteko, eta etikaren, gobernu onaren eta profesionaltasunaren printzipioak beteko dituzte.

2. Fundazioek urtero emanen diote beren jardunaren berri Nafarroako Parlamentuari, lehendakariak eginiko agerraldi batean.

Nafarroako Parlamentuak fundazioaren organoen titularrak agertzeko eskatu ahalko du. Titularrek laguntza eman beharko diote Parlamentuari, eta eskatzen dien informazioa eskuratuko diote.

3. Foru lege honek arautzen dituen fundazioei urtero eginen zaie jardueraren auditoria, eta babesletzak aztertu eginen du, esleituta dauzkan eginkizunen barnean. Auditoria hori onetsi eta gero Nafarroako Parlamentuari igorriko zaio.

4. Fundazioaren jardueraren, bere patronatuaren, haien egintza, kontratu, hitzarmen eta diru-laguntza nagusien eta foru lege honetan aipatzen diren egintzen publizitatea fundazioaren web orri baten bidez eginen da.

Aipatu atarian argitaratuko da, halaber, fundazioaren funtsetatik, edozein kontzepturengatik, 15.000 euro baino gehiago jasotzen dituzten pertsonen zerrenda, eta kopuru horren kontzeptua eta zenbateko zehatza. Aurrekotik salbuetsita daude fundazioarekin lan harremana duten pertsonen ordainsariak, zuzendariarenak izan ezik

Lehen xedapen gehigarria Nota de Vigencia

Foru lege honetan xedatzen ez den orotan, fundazioei aplikatzekoa zaien foru araubidean ezarritakoari jarraikiko zaio; bereziki, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakoari.

Bigarren xedapen gehigarria Nota de Vigencia

Ezertan ukatu gabe Nafarroako Parlamentuaren kontrola, foru lege honetan eta legeetan oro har ezartzen den moduan, foru lege honen menpeko fundazioen jardunaren autonomia bermatzen da, gainerako edozein erakunde publikorekiko.

Hirugarren xedapen gehigarria Nota de Vigencia

Foru lege honen menpeko fundazioak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen aplikazio eremu subjektiboan sartuko dira.

Laugarren xedapen gehigarria Nota de Vigencia

Gainera, horretarako ahalmena duten agintariez gain, foru parlamentariek eskubidea izanen dute foru lege honen menpeko fundazioen eta haien babesletzaren eskuetan dauden agiriei buruzko informazioa eskuratzeko.

Bosgarren xedapen gehigarria Nota de Vigencia

Foru lege honen menpeko fundazioen patronatuen lehen eginkizuna izanen da fundazioen ondasunen eta betebeharren inbentario edo balantze osoa eta zehaztua onestea.

Seigarren xedapen gehigarria Nota de Vigencia

Foru lege honen menpeko fundazioen jarduera urtekako aurrekontuen araberakoa izanen da, eta fundazioek Kontuen Ganberari aurkeztu beharko diote aurrekontu horien garapena, hark audita dezan.

Zazpigarren xedapen gehigarria .

Foru lege honen menpeko fundazioek eskatuko dute Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusten den fundazioen araubide fiskal berezia.

Lehen xedapen iragankorra .

1. Aurrezki kutxen gobernu-organoei eta entitate horien araubide juridikoaren gaineko beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren babesean Nafarroan eratu diren izaera bereziko fundazioek, banku fundazioa edo fundazio berezia izateari uzten badiote, foru lege honetako xedapenetara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, eta horretarako hiru hilabeteko epea izanen dute, banku fundazioa edo fundazio berezia izateari uzten diotenetik aurrera. Foru lege honek indarra hartzen duenerako jada banku fundazioa edo fundazio berezia izateari utzi dioten fundazioek, berriz, indar-hartze horretatik hiru hilabete igaro baino lehen egokitu beharko dituzte beren estatutuak foru lege honetako xedapenetara.

Estatutuak onesten direnean, patronatuko kideek beren karguak utziko dituzte eta hilabeteko epean patronatu berriko kideak hautatuko dira foru lege honetan eta fundazioaren estatutuetan ezarritako eran.

Salbuespenez, estatutuen egokitzapena ez bada egiten aurreko apartatuan ezarritako epean, foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten estatutuen xedapenak indarrik gabe geratuko dira. Halaber, egungo patronatukideak kargutik kenduko dira eta Patronatu berri bat izendatuko da hilabeteko epean. Patronatu berriak estatutuen egokitzapena eginen du hiru hilabeteko epean Nota de Vigencia.

2. Egokitzapen hori egin ezean, epea iragaten denean indarrik gabe eta aplikaziorik gabe geratuko dira foru lege honen xedapenen aurka doazen bere estatutu-xedapen guztiak.

3. Estatutuak onesten direnean, eta, edozein kasutan ere, 1. idatz-zatian aipaturiko epea betetzean, izaera bereziko fundazioetako zuzendaritza-organoetako kideek beren karguak utziko dituzte.

Bigarren xedapen iragankorra . Lehendabiziko patronatua berritzea Nota de Vigencia.

Lehendabiziko agintaldian zehar, salbuespenez, estatutuetan ezarritako prozedurari jarraikiz hautatutako lau kidek kargua utziko dute agintaldia hasi eta hiru urtera, 5. artikuluan aurreikusitako berritze partziala bermatzeko. Patronatuko lehendakariak kargu-uzte horien berri emanen die kasuko entitateei muga-eguna baino bi hilabete lehenago, hautagai berriak izenda ditzaten.

Hirugarren xedapen iragankorra Nota de Vigencia

Foru lege honen menpeko fundazio bakoitzaren web orria jendearentzat eskuragarri egon beharko da, lau hilabeteko epean, foru lege honek indarra hartzen duenetik, eta bertan ezartzen den edukiarekin.

Laugarren xedapen iragankorra Nota de Vigencia

Foru lege honen menpeko fundazioek helburu gisa finkatuko dute 6. artikuluko g) letran aurreikusitakoa betetzea, patronatua eratu eta sei hilabeteko epean.

Azken xedapenetan lehena .

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan bigarrena .

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko otsailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1402736

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web