(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

30/2013 FORU LEGEA, urriaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean gas ez-konbentzionala ikertzeko eta erauzteko teknika gisa haustura hidraulikoa erabiltzea debekatzen duena.

BON N.º 208 - 28/10/2013



ZIOEN AZALPENA

Gaur egun, gasa erauzteko haustura hidraulikoaren teknikak edo frackingak galderak planteatzen ditu, bai osasunaren ikuspuntutik bai ingurumenaren babesaren ikuspuntutik, funtsean, teknika hori erabiliz gero kutsadura eragin litekeelako lurpeko akuiferoetan; izan ere, teknika hori baliatzeko beharrezkoa da produktu toxikoak eta kutsatzaileak injektatzea. Erakunde independente eta zalantzarik gabeko inpartzialtasunekoek duela gutxi eginiko azterlanek agerian jarri dituzte teknika hori baliatzeak sor ditzakeen arriskuak. Horrekin lotuta, 2011ko ekainean, Europako Parlamentuko Ingurumeneko, Osasun Publikoko eta Segurtasuneko Batzordeak txosten bat argitaratu zuen, zeinetan zenbait galdera egiten baitziren haustura hidraulikoaren teknika ikerketarako eta gasa erauzteko teknika gisa erabiltzearen inguruan.

Horregatik guztiagatik, gaur egun gizartean bada kezka gasa erauzteko teknika ez-konbentzional hori abian jartzeak ekar ditzakeen arriskuak direla eta, eta gizartearen zenbait sektorek uste dute jarduera horrek kalte nabarmenak eragin ditzakeela ingurumenean eta lurpeko akuiferoetan.

Nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria da Nafarroako Foru Komunitatearen nortasun-ezaugarrietako bat, bere naturarekin eta paisaia-balioarekin batera. Horren frogagarri, ikusi besterik ez dago zein den Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak etorkizunerako duen apusturik handiena: Nafarroako Ubidea, eta milaka hektarea ureztalur bihurtzea landu ahal izateko.

Lurraldearen okupazio-maila baxua dela eta, bertako urak garbiak dira eta natura kalterik gabe zainduta dago, eta horri esker nazioko erreferentea gara landa-turismoan, ekoturismoan edo birdingaren moduko arloetan.

Gauzak horrela, Nafarroako Foru Komunitatean haustura hidraulikoaren teknika bidezko gas ez-konbentzionalaren erauzketa etengo da egun dauden zalantzak eta jakinkizunak argitzen ez diren bitartean.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateak baliatuko ditu alor hauetan dituen eskumenak: lurraldearen antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaren arloan; ingurumenaren eta ekosistemen babesaren arloan; osasunaren eta higienearen arloan; prebentzioaren eta osasuna sustatze eta berreskuratzearen arloan; eta industriaren eta meategi- eta energia-araubidearen arloan.

1. artikulua. Hidrokarburo ezkonbentzionalak esploratzeko eta ustiatzeko debekua.

a) Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezartzen denez, Nafarroak eskumenak ditu ingurumenaren babesean nahiz jarduera ekonomikoaren plangintzan eta garapen ekonomikoaren sustapenean Nafarroaren barnean. Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean debekatu egiten da hidrokarburo ez-konbentzionalak esploratzea eta ustiatzea haustura hidraulikoaren teknika edo frackinga erabilita.

b) Honakoak hartuko dira hidrokarburo ez-konbentzionaltzat: harri amaren barruan harrapatuak dauden hidrokarburo likido nahiz gaseosoak, harri horren iragazkortasuna milidarcy 1 baino gutxiagokoa denean, bai eta ikatz- edo harrikatz-zainetan harrapatuta dauden hidrokarburo gaseosoak, baldin eta horiek ateratzeko edo askatzeko beharrezkoa balitz gehigarri kimikoak dituzten ur-kantitate handiak presioz injektatzea”.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko agintari eta funtzionario publikoek zainduko dute foru lege honetan ezarritakoa errespetatu eta betetzen dela eta, beren eskumenen esparruan, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte lege honetan xedaturikoaren aurka egiten diren jarduerak geldiarazteko, bai eta eraldatutako egoera jatorrizkora lehengoratzeko ere.

3. artikulua. Foru lege hau indarrean sartzen denetik, 1. artikuluan aipatzen den teknika erabiltzea hirigintzako arauhaustetzat hartuko da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz; teknika horrek, izan ere, Foru Komunitateko lurraldean debekatuta dagoen lurzoruerabilera bat dakar berekin, foru lege honen 1. artikuluak debekatua.

Xedapen iragankor bakarra.–Foru lege honetan xedaturikoa aplikatzekoa izanen zaie 1. artikuluan debekaturiko jarduera gauzatzeko baimenei edo horretarako gaitzen duen beste edozein tituluri, bai jada emanda daudenei edo izapidetzen ari direnei, bai legea indarrean sartu eta gero aurkezten diren eskaerei ere.

Azken xedapen bakarra .–Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko urriaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1314537

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web