59/2013 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 11KOA, NAFARROAKO AURREKONTU OROKORREN KARGURAKO DIRU-LAGUNTZEN ONURADUNEN GARDENTASUNERAKO BETEBEHARRAK ARAUTZEN DITUENA.
BON N.º 187 - 27/09/2013
2012ko ekainaren 21ean Nafarroako Parlamentuak Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legea onetsi zuen. Lege horrek 2012ko abenduaren 28an hartu zuen indarra. Arau klase horrek tradizio luzea izan du historikoki demokrazia aurreratuen eta sendoenetako araudian, kudeaketa publikoa hobetzeko eskakizun gisa, bai eta herritarrek jarduera publikoan duten konfiantza handitzeko elementu gisa ere.
Legearen II. tituluak (“Gardentasuna jarduera publikoan”) honako hau ezartzen du: foru legeak behartzen dituen subjektuek argitaratu beharreko informazioa; gardentasunaren kontzeptu orokorra sustatzeko betebeharra; eta horren aplikazioa jarduera eremu zehatz batzuetan.
Foru legearen 2. artikuluan haren aplikazio-eremua definitzen da, berak behartzen dituen entitate eta subjektuak zehaztuz. Dena dela, foru legeak bokazioa du harekin lotura hertsia ez duten beste erakunde eta entitate batzuetara hedatzeko edo haientzat paradigma izateko. Kasu batzuetan gardentasunerako neurriak sustatu beharko dituzte eta, beste batzuetan, bere jarduera arau horren edukietara egokitu.
Beraz, agerian da legegilearen asmo garbia Foru Komunitateko Administrazioarekin eta instituzioekin lotura duten alderdi eta entitateetara hedatzeko, osorik edo hein batean, kasu batzuetan behartuta eta beste batzuetan nolabaiteko borondatez.
Ildo horretatik, foru lege horren bederatzigarren xedapen gehigarrian agertzen da diru-laguntza publikoen onuradunek gardentasunez aritu behar dutela, eta Nafarroako Gobernuari betebehar hori erregelamendu bidez arautzeko ardura ematen zaio.
Xedapen horrek argitaratu behar diren onuradunen datuak zehazten ditu, gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoetako kideen mota guztietako ordainsariei eta urteko kontuei dagokienez. Horretarako, ezartzen du legeak behartzen dituen subjektuek horien berri emanen diola Administrazioari, horrek argitara ditzan.
Helburua da antzeko mailako ezagutza publikoa ezartzea kontrolerako, administrazioko goi kargudunen ordainsarien ezagutzarekin parekatuz, eta puntu horretan foru legeari zuzenean lotuta dauden subjektuen finantza egoerak ezagutzea.
Tratamendu horren azken arrazoia da hainbat entitatek (publikoak nahiz pribatuak) funts publikoekin duten nolabaiteko mendekotasuna, eta horren ondorioz Administrazio Publikoarekin duten lotura haien baliabideen kudeaketa ekonomikoari eta jatorriari dagokienez.
Horrenbestez, foru legeak aurreikusten du erregelamendu bidez ezarriko dela zein zenbatekotatik aitzina sortuko den betebeharra, ziurtzat jota mendekotasun horrek sortzen duela gardentasun eta kontrol irizpideekiko lotura, xedapen gehigarrian ezartzen diren baldintzetan.
Horren ondorioz, foru dekretu honek bi inguruabar eskatzen ditu onuradunek informazio jakin bat ematera behartuta egon daitezen: diru-laguntza publikoetatik datozen diru-sarrerak entitate onuradunak kudeatzen dituen baliabideen portzentaje nabarmena izatea; eta diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak, bera bakarrik edo beste batzuekin metatuta, gutxieneko zenbateko bat gainditzea.
Halaber, foru legeak agintzen duen bezala, diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileetan betebehar hori aipatzeko beharra ezartzen du foru dekretu honek, balizko onuradunek betebehar hori behar bezala jakin dezaten eta, horrekin batera, ez-betetzearen ondorioak.
Horrez gainera, eskatutako informazioa aurkezteko baldintzak ere arautzen ditu, onuradunek egin beharreko aitorpenen eta komunikazio telematikoen bidez, Administrazioari informazioa emateko modu arin bat ezartzeko asmoz, administrazio karga urrikoa, kontuan hartuta espero dela entitate eta pertsona juridikoek erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkezteko behar diren baliabide teknologikoak izatea.
Halaber, argitaratzeko aldi automatikoak ezartzen ditu, eta nola uztartzen diren datu pertsonalak babesteko araudiarekin. Babes hori bermatzen da foru lege batek ezarritako betebeharra delako.
Azkenik, 11/2001 Foru Legeak gardentasunerako ezartzen duen ildo beretik, xedatzen da herritarrei informazioa emateko betebehar bera dagoela Nafarroako Aurrekontu Orokorretan agertzen diren diru-ekarpenak egiten direnean sektore publikoko entitateen jarduera orokorki finantzatzeko haien eskumenen esparruan, funtsezko arrazoi bera dagoela ulertzen baita.
Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren 11ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, foru dekretu honen xedea da lege horren bederatzigarren xedapen gehigarriak diru-laguntza publikoen onuradunei ezartzen dizkien gardentasunerako betebeharrak betetzeko behar diren subjektuak eta baldintzak arautzea, bai eta sektore publikoko entitateei ere, Nafarroako Aurrekontu Orokorretako diru-ekarpenak jasotzen dituztenean beren jarduera orokorki finantzatzeko.
2. artikulua . Aplikazio eremu subjektiboa.
1. Foru dekretu hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluan aipatzen diren entitateei eta pertsona juridikoei aplikatuko zaie, betiere lege horren arabera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen diru-laguntzak jasotzen badituzte.
2. Foru lege horren 2. artikuluko 2 idatz-zatiko diru-ekarpenak jasotzen dituzten entitateei ere aplikatuko zaie.
3. artikulua . Gardentasunerako betebeharrak.
1. 2. artikuluak aipatzen dituen entitateek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
2. Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
3. Urte batzuetan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
4. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala bada, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.
4. artikulua . Informazioaren edukia.
1. Foru dekretu honek ukitzen dituen entitateek jarraian zerrendatzen den informazioaren berri emanen dute, administrazio organo eskudunak finkatzen duen moduan:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
2. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.
3. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, 3. artikuluko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
4. Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazio errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
5. artikulua . Informazioa aurkezteko modua eta epea.
1. 4. artikuluan aipatutako informazioa telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoa erabiliz, foru dekretu honetan agertzen diren tramite guztiak egiteko komunikazio-kanala izanen baita. Informazioa diru-laguntza kudeatzen duen unitate administratibora zuzenduko da.
2. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
3. Organo kudeatzaileak txosten bat emanen du diru-laguntzaren xedeak betetzen direla egiaztatzeko. Ordaintzeko proposamenari erantsiko zaio, eta berariaz aipatuko du foru dekretu honetan aurreikusten den informaziorako betebeharra betetzen dela.
6. artikulua . Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak.
1. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileetan foru dekretu honen 4. eta 5. artikuluetan ezartzen den betebeharra sartu beharko da, Diru-laguntzei buruzko Legearen 14. artikuluan ezarritako alderdiez gainera.
2. Halaber, oinarri arautzaileetan berariaz adieraziko da ezen foru dekretu honen 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, hurrengo artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen direla.
7. artikulua . Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzearen ondorioak.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
8. artikulua . Datuak lagatzeari buruzko klausula.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datuak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.
9. artikulua . Informazioa argitaratzeko tokia eta aldia.
1. Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da.
2. Argitaratutako informazioa aldatzeko edo kentzeko, bide bakarra izanen da entitate onuradunaren legezko ordezkariak behar bezala formalizatutako eskaera arrazoitua egitea.
3. Informazio hori urtebetez eskura egonen da argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita.
4. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Azken Xedapenetan Lehena. Garatzeko eta betearazteko ahalmenak.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2013ko irailaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1312714