(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

58/2013 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 4KOA, SARRIGURENGO OSASUN ESKUALDE OINARRIZKOAREN OINARRIZKO OSASUN LAGUNTZAREN EGITURA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 175 - 11/09/2013



Atariko

Nafarroako Osasun Zonifikazioari buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legea betearazi eta garatzeko maiatzaren 30ean emandako 148/1986 Foru Dekretuak Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzaren egiturak arautu zituen, oro har, eta gero, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak behin betiko sendotu. Foru lege horrek, Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Laguntza Espezializatuko zerbitzuen antolamendua modu orokorrean ezartzeaz gainera, berariaz definitzen ditu, 56. artikuluan, Oinarrizko Osasun Laguntzaren egituren eginkizunak.

Bestetik, aipatu artikuluak osasun arloko langileen eta Oinarrizko Osasun Laguntzako egituren arteko lotura ezartzen du; izan ere, osasun eskualde oinarrizkoen laguntzaren oinarrizko mailan hari lotuta edo atxikita aritzen diren profesionalak Oinarrizko Osasun Laguntzako egiturari atxikitzen zaizkio, zein araubide ekonomiko-administratibotik datozen, hura errespetatuta.

2010eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legeak, hamabosgarren xedapen gehigarrian, Sarrigurengo osasun eskualde oinarrizkoa sortu zuen, hauek hartzen dituena: Eguesibarko udalerriko Sarrigurengo, Badostaingo eta Ardazko kontzejuak, eta Erripagañako lurralde eremua. Egia esan, nahiz eta Sarrigurengo kontzejua aipatzen den, ulertzekoa da Sarrigurengo biziguneaz ari dela, ez baita kontzejutzat hartzen.

Horrenbestez, bidezko da Sarrigurengo osasun eskualde oinarrizkoari dagokion oinarrizko osasun laguntzaren egitura ezartzea, plantilla organikoa eta sortu berria den osasun eskualde oinarrizkoko zuzendaritza egituraren ekipamendua finkatuta eta zuzendaritzako lanpostuen sailkapen multzoa esleituta.

Horiek horrela, Osasuneko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua .

Sarrigurengo osasun eskualde oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzaren egitura ezartzen da, 2010eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legean ezarritako lurralde mugaketaren arabera.

2. artikulua .

Ezartzen den oinarrizko osasun laguntzaren egituraren antolaketa eta funtzionamendurako araubidea maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuan (Nafarroako oinarrizko osasun laguntzaren egiturak arautzen ditu, oro har) eta azaroaren 2ko 351/1992 Foru Dekretuan (oinarrizko osasun laguntzako langileen ordutegia ezarri eta haien arreta etengabea arautzen du) ezarritakoari eta aplikatu beharreko araudi indardunean xedatutakoari jarraikiko zaio.

3. artikulua .

Sarrigurengo osasun eskualde oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzako lantaldea langile kopuru hau izatera iristen ahal da, osasun arreta ematen zaion populazioaren arabera betiere:

a) Oinarrizko osasun laguntzako lantaldeko medikuak: 12.

b) Pediatrak: 6

c) Erizaintzako diplomadunak: 18.

d) Gizarte Laneko diplomadunak: 1.

e) Administrazioko eta zerbitzu orokorretako langileak: 8.

4. artikulua .

Sarrigurengo Osasun Eskualde oinarrizkoaren lurraldeak Eguesibarko udalerriko Sarrigurengo bizigunea, Badostaingo eta Ardazko kontzejuak eta Erripagañako lurralde eremua hartzen diu bere barrenean.

5. artikulua .

Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren osasun etxea Sarrigurenen egonen da.

6. artikulua .

Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa Emakumeari Laguntzeko II. Zabalguneko eta Alde Zaharreko Zentroari atxikitzen zaio.

7. artikulua .

Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoa IIC sektorea-Donibaneri atxikitzen zaio, osasun mentala antolatzeko ondorioetarako.

8. artikulua .

Osasun mentalaren sektoreetako eta osasun eskualde oinarrizkoetako erizaintza unitateko zuzendaritza eta burutzak, eginkizunak eta eskudantziak ezartzen dituen ekainaren 15eko 225/1992 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Zuzendaritza, Erizaintzako Unitatearen Burutza eta Unitate Administratiboaren Burutza I. multzoan sailkatzen dira.

9. artikulua .

Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoan bizi diren herritarrei ekainaren 10eko 122/2002 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko zaie. Foru dekretu horretan, zenbait osasun eskualde oinarrizkotako oinarrizko osasun laguntzako mediku orokorra eta pediatra libreki hautatzeko eskubidea zabaldu eta emakumeari laguntzeko zentroetan Obstetriziako eta Ginekologiako espezialista libreki hautatzeko eskubidea garatzen da.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Osasun arloko udal zerbitzuekiko lankidetza.

Oinarrizko osasun laguntzako lantaldea osasun arloko udal zerbitzuarekin koordinatuko da, eta harekin batean eginen du lan, higiene eta osasungarritasun publikoari buruzko eginbeharrak betetzearren. Udalak eta taldeko zuzendariek erabakiko dute nolakoa izanen den koordinazioa.

Lehen Xedapen Iragankorra. Osasun arloko kontseiluak.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean, Osasun Kontseilua eratuko da, maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzako lantaldearen hasierako egitura.

1. 3. artikuluan xedatutakoa baztertu gabe, hurrengo profesionalekin hasiko da funtzionatzen Sarrigurengo Osasun Eskualde Oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzako lantaldearen plantilla:

a) Oinarrizko osasun laguntzako lantaldeko medikuak: 4.

b) Pediatrak: 4.

c) Erizaintzako diplomadunak: 8.

d) Gizarte Laneko diplomadunak: 1.

e) Administrazioko eta zerbitzu orokorretako langileak: 3.

2. 3. artikuluan jasotako egitura ezartzeko egin den aurreikuspenera iritsi arte, ikusita nola handitzen den oinarrizko eskualdeko biztanleria, horren arabera handituz joanen da plantilla, aurrekontuan behar adina diru baldin badago.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzeak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.-Sarrigurengo osasun eskualde oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzaren egiturak ezartzeko ahalmena ematea.

Ahalmena ematen zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari foru dekretu honek ezarritako oinarrizko osasun laguntzaren egitura abian jartzeko, baita ondorioak izan ditzaketen osasun eskualde mugakideetako osasun babesa bermatzeko ere.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko irailaren 4an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1312404

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web