(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

24/2013 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.º 133 - 12/07/2013



ZIOEN AZALPENA

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. artikuluak honakoa ezartzen du: “Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku-sorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere”. Bestalde, Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak ezartzen duenez, “espainiar guztiek dute etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea”. Halaber, dei egiten die botere publikoei behar diren baldintzak susta ditzaten eta egoki diren arauak ezar ditzaten eskubide hori gauzatzeko, interes orokorrari begira arautuz lurzoruaren erabilera, espekulaziorik egon ez dadin.

Agindu horiek betez, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldarrikatu zen, besteak beste. Lege horren bidez, zenbait neurri hartu ziren, eskubide hori eta botere publikoei, etxebizitzak ezinbestez daukan ikuspegi soziala betetze aldera, dagozkien betebeharrak zehazteko.

Konstituzioak etxebizitzarako eskubideari ematen dion garrantzia gorabehera, praktikan merkatuko legeei lotutako kontsumo-ondasun huts baten gisara hartzen da. Ingurumari horretan, premiazkoa eta beharrezkoa da botere publiko guztiek behar diren neurriak har ditzatela etxebizitzaren eginkizun soziala ziurtatze aldera eta, hartara, Konstituzioko 47. artikulua bete dadila, administrazio publikoek eskubide horren gauzatzea bermatuz.

Konstituzioko 33. artikuluak jabetza pribaturako eskubidea finkatzen du, eta ezartzen du eskubide horren edukia haren “funtzio sozialak” zedarritzen duela, eta delako funtzio sozial hori funtsezkoa da eskubide sozialak orokortzeko. Konstituzioak ez ditu, beraz, babesten jabetza-eskubidearen erabilera antisozialak. Printzipio hori lotu beharra dago Konstituzioko 128. artikuluarekin, zeinaren arabera, “herrialdearen aberastasun guztia, edozein dela ere haren forma eta titulartasuna, interes orokorraren mendeko” baita, eta 40. artikuluarekin, zeinak hauxe xedatzen baitu: “Botere publikoek bide egokiak jarriko dituzte aurrerapen sozial eta ekonomikoa bermatzeko eta ekitate handiagoz bana dadin eskualdeen nahiz pertsonen errenta”. Etxebizitzaren berezko xedea, kasu honetan, teilatupe bat edukitzeko eskubidea betetzeko bidea bultzatzea denez, bertan pertsonak normaltasunez gara ahal daitezen gizartearen barruan, etxebizitzak hutsik egotea da ondasun horren xedea eta funtzio soziala ez betetzearen erakusgarririk handiena.

Lege-aldaketa honen bitartez, hobetu nahi da etxebizitzaren jabetzaren funtzio sozialaren eta funtzio sozial hori ez betetzearen ondorioen definizioa, larrialdi sozial eta ekonomikoko garaitzat jo daitezkeen hauetan. Aldi berean aurkitzen ditugu, batetik, erabiltzen ez diren edo azpi-erabiltzen diren etxebizitzen parke neurrigabe bat eta, bestetik, bete gabe dagoen eskari bat, behar adinakoa ez den eskaintza batekin eta prezio ez-egokiekin, bai eta etxebizitzak kentzeko prozesu ugari ere, bereziki exekuzio hipotekarioen ondoriozko etxegabetzeak, etxebizitza horietan bizi direnek ezin ordaintzeagatik etxebizitza erosteko prezioa edo alokairua, krisi ekonomiko iraunkorraren eta langabezi tasa handiaren ondorioz diru-sarrerek behera egin dutelako orokorrean. Etxebizitzak hutsik egoteko modu desberdinen artean, errefusa handiagoa merezi du gisa desberdinetan pertsona juridikoen jabetzakoak diren etxebizitzen multzoari dagozkionak, bereziki, finantza-entitateenak eta haien higiezin-filialenak, aktiboen kudeaketarako entitateenak, banku-berregituratzeetatik heldu direnak barne eta higiezin-entitateenak. Garrantzi kuantitatibo handikoak dira, gainera. Ohargarria da pertsona juridikoek etxebizitzak inbertsio-ondasun bezala erabiltzea, eta hori kontrajartzen zaio pertsona fisikoei etxebizitzarako eskubidearen gainean dagokien erabilerari. Hori elementu bereizgarri bat da, izaera ekonomiko eta sozialeko beste batzuekin batera, nolakotasun bat gehitzen diona pertsona juridikoek etxebizitzei egiazko bizileku-erabilera emateko daukaten betebeharraren urraketari. Horrek justifikatzen du polizia-ekintza publiko bat ezartzea, hutsik dauden etxebizitza horiei zuzendua.

Bizi gareneko esparru ekonomiko bereziak eskatzen du urgentzia larrizko aparteko jarduketa bat egin dezagun, jokoan diren oinarrizko eskubideen izaera kontuan izanda.

1.artikulua Nota de Vigencia

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatzen da. V. bis titulua gehituko zaio, honako edukiarekin.

“V. bis TITULUA

Etxebizitza hutsak egotea saihesteko tresna administratiboak

I. KAPITULUA

Etxebizitza hutsak. Halakoak deklaratzeko prozedurak

42. bis artikulua. Etxebizitza hutsen definizioa.

1. Titulu honen ondorioetarako, etxebizitzatzat hartzen da bere exekuzio-egoerarengatik egiazki okupatuta egoteko legezko baimen guztiak dituen eraikina, edo legezko baimen horiek eskatzeko egoeran dagoena eta aplikatzekoa den hirigintza planeamenduaren arabera bizitoki-erabilera xehakatua duena edo bizitoki-erabilera baimendua duena erabilera-aldaketako kasuko hirigintza lizentziaren bitartez, hiri lurzorutzat edo lurzoru urbanizagarritzat sailkatutako lurzoru batean. Aurrekoa ulertuko da baimen horiek eskatzeko betebeharra ezertan galarazi gabe.

2. Etxebizitza bat hutsik egotearen presuntzioa aplikatuko da bizitoki-erabilera eman zitzaion azken egunetik hasita urtebeteko epean ez bazaio ematen, elkarren segidako sei hilabete baino gehiagoz, antolamendu juridikoak edo hirigintza-planeamenduak ezarritako bizitoki-erabilera. Eragin horietarako, bizitoki-erabilerarako azken eguntzat hartuko da bizitoki-erabilerako gutxienez ere sei hilabete jarraituko aldiari amaiera ematen dion azken eguna. Bizitoki gisa sekula erabili ez diren etxebizitzetarako, epe hori kontatzen hasiko da haien exekuzio-egoerak egiazko okupaziorako legezko baimenak eskatzeko bidea ematen duenetik aurrera; edo, baimen horiek jada eman badira, ematearen jakinarazpenetik aurrera. Legezko baimenak eskatu bai baina oraindik eman ez diren kasuan, haiek emateko epea deskontatuko da.

3. Lege honetan xedatuaren eraginetarako, honakoak salbuesten dira:

a) Turismoaren arloko legedian araututako erabilera baterako eraikinak, kasuko hirigintza lizentziak eta irekitzeko lizentziak badituzte, turismoaren arloko lege indardunetan eta kasuan kasu aplikatzekoak diren gainerako baimen sektorialetan exijitzen diren baldintzez gainera.

b) Pertsona fisikoen etxebizitzak, haien erabilera esklusiboa aisialdikoa edo jostetakoa denean.

c) Sasoika eginiko errentamendua tarteko, hiri finken moduan egiazki erabiltzen diren etxebizitzak, dela udaldietarako, dela beste edozein alditarako, bai eta kasuko finkan industria, merkataritza edo artisautza jarduera bat edo jarduera profesional bat edo josteta, laguntza, kultura nahiz irakaskuntza jarduera bat gauzatzeko eginiko kontratua dutenak ere, betiere jarduera horietan aritzeko behar diren lege baldintzak betetzen badira eta, gutxienez ere, urtebetean hogeita hamar egun baino gutxiagokoa ez den okupazioa badute.

4. Pertsona fisikoen titulartasunekoak diren etxebizitza hutsen kasuan, ez da zehapen ahalmen hau baliatuko, foru lege honetan ezarritako terminoetan.

5. Foru lege honetan araututako zehapen ahalmenaz baliatzearen eraginetarako, etxebizitza hustzat hartuko da modu erregularrean nahiz irregularrean eratutako pertsona juridiko baten titulartasunekoa dena soilik. Titulartasuntzat joko da bai etxebizitzaren jabari osoa izatea, bai haren gaineko jabekidetasunaren partaidetza gehiena izatea.

6. Etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen ebazpena titulu honetan araututako kontradikzio-prozeduraren bitartez eman beharko da, betiere administrazio-prozedurari buruzko oinarrizko arauetan ezarritakoaren arabera.

42. ter artikulua. Etxebizitza hutsik izatearen zantzuak.

1. Besteak beste, honakoak izanen dira etxebizitza bat hutsik dagoela jotzeko kontuan hartuko diren zantzuak:

a) Biztanle-erroldako datuak eta bizilagun edo okupatzaileen beste erregistro publiko batzuetako datuak.

b) Ur, gas eta elektrizitate hornikuntzarik ez izatea edo haietan kontsumo anormalki txikiak izatea, hurrengo ataletan ezarritakoaren arabera.

c) Posta eta jakinarazpenak beste helbide batzuetan jasotzea.

d) Komunikazio telefoniko eta informatikoetarako beste toki batzuk erabiltzeko ohitura izatea.

e) Etxebizitzaren titularraren aitorpenak edo egintzak.

f) Bizilagunen deklarazioak.

g) Etxebizitzaren titularra den pertsonak justifikaziorik gabe ezezkoa ematea etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak egiaztapenak egiteari, horretarako inolako kausa sinesgarririk sumatzen ez denean eta etxebizitza hutsik egotearen beste aztarnaren batzuk ere badirenean.

2. Hornigaien kontsumoari dagokionez, kontuan hartuko da etxebizitza bakoitzeko eta urte bakoitzeko ohiko batez bestekoa, erreferentziako herrian zerbitzua ematen duten enpresa hornitzaileek emandako balioetatik ateratzen dena. Halako daturik ez badago, hurrengo ataletan adierazitako balioak erabili ahalko dira. Atal horiek erregelamendu bidez aldatu edo gaurkotu ahalko dira.

3. Ur kontsumoa, zeinak, kasuko zerbitzu hornitzaileek informazio zehatzagoa ematen ez duten bitartean, aukera ematen baitu etxebizitza hutsik dagoela jotzeko:

–Etxebizitza eta hilabete bakoitzeko 0,21 metro kubiko baino txikiagoa.

–Etxebizitza eta urte bakoitzeko 2,47 metro kubiko baino txikiagoa.

4. Elektrizitate kontsumoa, zeinak, kasuko zerbitzu hornitzaileek informazio zehatzagoa ematen ez duten bitartean, aukera ematen baitu etxebizitza hutsik dagoela jotzeko:

–Etxebizitza eta hilabete bakoitzeko 24 kilowatt/ordu baino txikiagoa.

–Etxebizitza eta urte bakoitzeko 291 kilowatt/ordu baino txikiagoa.

42. quater artikulua. Etxebizitza hutsei buruzko informazioaren arloko betebeharrak eta informazio horren edukia.

1. Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, behartuta egonen dira Foru Komunitateko Administrazioari ematera, azken horrek eskatuta, etxebizitza hutsen edo egoera horien ardura duten pertsonen edo entitateen azterketan, zuzenean nahiz zeharka eragin lezaketen inolako datu, txosten, aurrekari eta egiaztagiriak.

2. Eragin horretarako, informazio-eskarian, zeina, nolanahi ere, egokia, pertinentea eta ez-gehiegizkoa izanen baita, zehaztuko da hura zenbateraino den beharrezkoa arlo horretako ikuskapen-ahalmenak garatzeko, eta hura oinarritzen duten lege-xedapenak zehaztuko dira.

3. Horretarako bidaltzen den informazio-eskariak helburu izan dezake, bai etxebizitza jakin batzuen huts-egoera banaka ikertzea, bai informazio-eskaria egiteko garaian aurredefinituta ez zeuden baina Administrazioak ikuskatze-ahalmenak baliatzeko beharrezkoak izan daitezkeen inguruabarrak argitzea, etxebizitzaren arloko biurteko ikuskatze-planaren helburu, lehentasun eta lurralde-esparruen edo esparru subjektiboen arabera.

4. Eskatutako informazioa euskarri informatikoan gordetzen denean, euskarri horretantxe eman beharko da, hala eskatzen bada.

5. Ur, elektrizitate eta gas zerbitzuen hornidurarako konpainiek, etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakorik eskatzen duenean, bidaliko dute behar den informazioa -ukitutako pertsonen adostasunik gabe ere eta datuen babesari buruzko arauetan ezarritakoari loturik-, eskarian zehaztuko diren etxebizitzek dauzkaten batez besteko kontsumoei dagokienez. Eskatzen badira, berariaz adierazitakoez beherako kontsumoak dituzten etxebizitzen edo etxebizitza-multzoen zerrendak bidaliko dira, zerrenda horietan jasotako etxebizitzak kokatuta daudeneko bide, kale edo plazaren izena adierazita, eta zehaztuz, halaber, kontratuaren eta etxebizitzaren titularraren izen-abizenak edo sozietate-izena, bai eta pertsona titularraren helbidea eta IFZa edo sozietatearen IFKa ere. Horretarako, aipatutako departamentuaren eskaria izan ahalko da kokapen zehatzei buruzkoa, kale, bide edo haien multzo bati buruzkoa edo grafikoki nahiz deskriptiboki berariaz mugatutako esparruei buruzkoa.

6. Etxebizitzaren arloko departamentuari aurrez eskatu ondoren eta soilik foru lege honen esparruko eskumenez baliatzeari dagokionez, udalek departamentuari informazioa igorriko diote -ukitutako pertsonen adostasunik gabe ere eta datuen babesari buruzko arauetan ezarritako terminoetan- udalaren azken zentsuari edo biztanle-erroldari buruz, errolda-orrien arabera inor inskribaturik ageri ez den etxebizitzei dagokienez. Horietako bakoitzaren kasuan adieraziko da, gutxienez ere, zehazki non dagoen kokatuta, katastroan zein erreferentzia duen eta titularraren edo titularren izen-abizenak, sozietate-izena, IFKa edo IFZa eta helbidea.

7. Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak eskatuta, finantza-entitateek eta haien higiezin-filialek, aktiboen kudeaketarako entitateek -banku-berregituratzetik heldu direnak barne- eta higiezin-entitateek, edozein dela ere haien helbide soziala, informazioa bidaliko dute -ukitutako pertsonen adostasunik gabe ere eta datuen babesari buruzko arauetan ezarritako terminoetan-, ondorio hauetarako finkatzen den esparru zehatzari dagokionez, hutsik dauden beren titulartasuneko etxebizitzei buruz, eta haietarako bakoitzaren kasuan, honakoak adieraziko dituzte: kokaleku zehatza, katastroko erreferentzia, finkak erregistroan duen zenbakia, izena, abizena, sozietate-izena, IFZa edo IFKa. Etxebizitza babestua baldin bada, berariaz zehaztu beharko da hori, kalifikazioari buruzko ebazpena adierazita.

8. Artikulu honetan aipatzen diren komunikazioak hogeita hamar eguneko epean igorri beharko zaizkio departamentu eskatzaileari, informazio-eskaria jasotzen denetik hasiz kontatuta.

42. quinquies artikulua. Etxebizitza bat hutsik dagoela deklaratzeko prozeduraren izapidetzea.

1. Etxebizitza bat hutsik dagoela deklaratzeko prozeduraren hasiera, izapidetzea eta ebazpena eta hortik eratortzen diren zehapenen ezarpena etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari dagokio.

2. Prozedura aurrera eramanen da erregistroko titularra den pertsonarekin edo, hura ez badago, etxebizitzaren edo etxebizitza-multzoaren katastro-titularra den pertsonarekin. Halaber, pertsona intesduntzat hartuko dira, kasua bada, eskubide errealen eta egoera juridikoen titularrak, Jabetzaren Erregistroan inskribatu eta ohar bidez jasotakoak; hori, halere, ez da eragozpena izanen eskubide edo interes legitimoen titularrei komunikazioak bidaltzeko.

3. Etxebizitza edo etxebizitza-multzoa pro indiviso araubidean pertsona titular batzuena edo nortasun juridikorik gabeko erkidego edo entitate batena baldin bada eta haren lege-ordezkaria zein den ez bada ezagutzen, pro indiviso-ko titularretako bakoitza eta erkidegoa osatzen duten pertsonetako bakoitza, daukan erantzukizun solidarioari erreparatuta, ordezkaritzat joko da, prozedura hau izapidetzearen ondorioetarako; hori, halere, ez da eragozpena izanen gainerako kotitularrei edo erkidegoko pertsonei komunikatzeko.

4. Prozedura hasiko da etxebizitzaren arloko departamentu eskudunaren organo egokiaren erabakiaren bidez. Prozeduraren hasierari buruzko erabakia pertsona interesdun guztiei eta Etxebizitza Hutsen Erregistroari jakinaraziko zaie, erregistro-orri bat ireki dezan eta behin-behineko identifikazio zenbakia eslei diezaion.

5. Kontradikzio-prozedurari hasiera emateko erabakian, etxebizitza hutsik egoteari buruzko aztarnak zehaztuko dira, hain zuzen prozedura irekitzeko bidea ematen dutenak, eta entzute-tramiteari hasiera emanen zaio, hura jakinarazten denetik hamar egunez. Epe horretan interesdunek komenigarritzat jotzen dutena alegatu ahalko dute eta egokitzat jotzen dituzten probak aurkeztu edo proposatu ahalko dituzte.

6. Interesdunek egiaztatzen edo justifikatzen badute etxebizitzak hutsik egoteari buruzko aztarnarik ez dagoela kontradikzio-prozedura hasteko arrazoia ematen duenik, amaitze-ebazpena emanen da, eta ildo horretatik egindako alegazioak baietsiko dira; gero prozedura artxibatzeko aginduko da, eta ebazpen hura Etxebizitza Hutsen Erregistroari bidali beharko zaio, prozedura hasterakoan irekitako erregistro-orria eta behin-behineko identifikazio-zenbakia deusezta ditzan.

7. Alegaziorik aurkezten ez bada, edo interesdunen alegazioek prozedurari hasiera emateko arrazoia izan ziren aztarnak, etxebizitza hutsik egoteari buruzkoak, aldarazten ez badituzte, aurrera jarraituko da instrukzioarekin.

8. Kontradikzio-prozeduraren xedea den etxebizitzaren titulartasuna pertsona fisiko bati edo zenbait pertsona fisikori erkidegoan dagokienean, behin entzute-tramitea amaiturik ebazpena emanen da, eta ebazpen horretan zehaztuko dira titularrari edo titularrei eskaintzen zaizkien sustapen neurriak, haiei etxebizitza errentan ematea erraztera bideratuak; eta xede horretarako hilabete emanen da, egintza jakinarazten denetik kontatzen hasita, titularrak nahi duena adieraz dezan neurrien onarpenari buruz. Tarte horretan, prozedura eten eginen da, ebazpenaren gehieneko epea kontatzearen ondorioetarako. Epea betetzen bada jabeak neurrien onarpenari buruzko iritzia idatziz eman gabe, prozedura automatikoki berrabiaraziko da. Sustapen neurri bat edo batzuk onartzen badira, prozedura eteteko ebazpena emanen da, eta jabeak etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari jakinarazi beharko dio, neurri horiek onartu eta bi hilabeteko epean, egiazki noiz hasiko den etxebizitzan bizitzen. Onarpena eman denetik bi hilabete iragan direnean jabetzak egiazki etxebizitzan bizitzen hasteari buruzko jakinarazpenik egin gabe, ebazpena emanen da etetea bertan behera uzteko eta prozeduraren instrukzioarekin aurrera jarrai dezan agintzeko.

Jabetzak, sustapen neurrien onarpena adierazteaz gainera, egiazki etxebizitzan bizitzen hasteko data jakinarazi duenean, prozeduraren eteteari eutsiko zaio, harik eta etxebizitzaren bizileku-erabileraren egiazko betetzea frogatzen den arte. Izan ere, erabilera hori formalizatutzat joko da baldin eta hasi zen egunetik gutxienez ere hurrengo sei hilabeteetan etenik gabe eusten bazaio. Adierazitako epean egiazko bizilekua izateari etenik gabe eutsi zaiola frogatu ezean, etetea bertan behera uzteko eta prozedurarekin jarraitzea agintzeko ebazpena emanen da.

9. Bizileku izate efektiboa etenik gabeko sei hilabetez izan dela egiaztatu ondoren, jabetzak eragin horretarako jakinarazitako hasierako datatik kontatzen hasita, prozedura amaitutzat emateko ebazpena emanen da, eta jarduketak artxibatzea erabakiko da, ezertan kendu gabe egin daitezkeen jarraipen eta ikuskapen jarduketak. Hori guztia irekitako erregistro-orrian jasoko da, eta horri eutsiko zaio baita etxebizitza hutsik egotearen inskripzio-oharra egiten ez bada ere. Ebazpen bera eta eragin berdinekin emanen da jabetzak, proposatutako sustapen neurriak onartu gabe ere, egiaztatzen duenean etxebizitzari bizileku-erabilera eman zaiola.

Aurrekoa gorabehera, etxebizitza edo etxebizitzen multzo bera hutsik egoteari buruzko aztarnak berriz egiaztatuz gero artxibatzeko ebazpena eman eta urtebeteko epean, berriz ere hasiera eman ahalko zaio kontradikzio-prozedurari, aurretik sustapen-neurriak eskaini behar izan gabe.

10. Alegazioak aurkezteko epea iraganik eta, kasua bada, egoki diren probak eginik, ebazpen proposamena eginen da, instrukzio-organoak izenpetua, non kasuan kasu onartu diren proben berariazko balorazioa eginen den eta aurkeztutako alegazioen baiespen edo ezespen erabatekoa nahiz partziala ere emanen den. Proposamen hori pertsona interesdunei jakinarazi beharko zaie, proposamen horretan egitate, alegazio, proba edo dokumentu berriak edo interesdunek ezagutzen ez dituztenak kontuan hartzen direnean baino ez.

11. Etxebizitza bat hutsik dagoela deklaratzeko kontradikzio-prozedura ebazteko eta haren ebazpena jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, ireki zenetik kontatzen hasita. Hura iraganda, iraungi eginen da. Etxebizitza hutsik dagoela deklaratzeko ebazpena Etxebizitza Hutsen Erregistroari igorriko zaio, inskripzioa egin dezan.

II. KAPITULUA

Etxebizitza hutsen erregistroa

42. sexies artikulua. Etxebizitza Hutsen Erregistroa.

1. Etxebizitza Hutsen Erregistroa sortzen da, foru lege honetan aurreikusitako kasuak gertatzeagatik hustzat deklaratu diren etxebizitzak kontrolatzeko eta jarraitzeko tresna gisa. Erregistro horretarako sarbidea izanen dute etxebizitzak hutsik daudela deklaratzeko ebazpenek, bai eta huts-egoeran eragina duten jarduketak edo inguruabarrak islatzen dituzten bestelako ebazpenek ere.

2. Etxebizitzen arloko departamentu eskudunak Etxebizitza Hutsen Erregistroa eratzeak berarekin ekarriko du titulartasun publikoko datu-fitxategi bat sortzea, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudian aurreikusitako ondorioetarako, betiere horrelako fitxategiak sortzeari buruz Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 20. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. Erregelamenduz ezarriko dira idazpen motak, ebazpenak eta inskribatzekoak diren egintzak, epeak eta idazpenak deuseztatzeko edo erregistro-orriak ezeztatzeko arrazoiak.

III. KAPITULUA

Etxebizitza hutsak egon daitezen saihesteko sustapen-jarduketak

42. septies artikulua. Etxebizitzen erabilera soziala sustatzeko politikak eta jarduketak.

1. Foru Komunitateko Administrazioak Etxebizitzen Parke Publiko bat sortuko du, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonei etxebizitzak errentan emateko. Pertsona horiei dauzkaten diru-sarreren araberako errenta bat exijituko zaie. Parkea honakoek osatuko dute:

a) Desjabetutako etxebizitzek, edo erabilera desjabetu zaien etxebizitzek, foru lege honetan ezarritakoaren arabera.

b) Foru Komunitateak xede horretarako eskura edo susta ditzakeen etxebizitzek.

c) Modu automatikoan, Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasunekoak edo erabilerakoak diren etxebizitza guztiek, edozein dela ere arrazoia, beste xederik ez badute.

2. Administrazio publikoek, zuzenean edo entitate publiko instrumentalen bitartez, bitartekari lanak egin ahalko dituzte hutsik dauden etxebizitzen esparruan, haien okupazioa errazte aldera, jabeen eta etxebizitza eskatzen duten pertsonen edo bizikidetasun-unitateen arteko errentamenduak hitzartzeko formulak sustatzearen eta erraztearen bitartez.

Etxebizitzen errentamenduaren merkaturako bitartekaritza neurri gisa, alokairuko etxebizitza-poltsen programak egin ahalko dira; hitzarmenak egin ahalko dira etxebizitza hutsen jabeak diren pertsona juridikoekin edo fisikoekin, haiek errentamenduaren merkatuan integratzeko; eta erabilgarri dauden eta prezio egokia duten errentamendu araubideko etxebizitzen parkea handitzeko beste edozein neurri ere hartu ahalko da.

Erregelamendu bidez ezarriko da zein kalitate-baldintza eta ezaugarri eduki beharko dituzten etxebizitza horiek, bai eta errentamendu-eskatzaileen eta errentarien ezaugarriak ere; halaber, ezarriko da administrazio eskudunak zein baldintzatan segurtatuko dituen errenten kobrantza bermatzearekin lotutako gorabeherak, defentsa juridikoa eta sortutako kalteen konponketa, hutsik dauden etxebizitzen jabeei segurtasun juridiko egokia emate aldera.

Halaber, maizterren segurtasun juridikoa bermatze aldera, etxebizitzak administrazio eskudunari eskaini ahalko zaizkio, azken horrek bere kasa nahiz edozein ente publikoren, partaidetza publikoa duten sozietateen, fundazioen eta irabazi asmorik gabeko entitateen bitartez kudea dezan haien errentamendua, honakoak bermatzearen truke: haien mantentzea, etxebizitza-erabilera iraunkor eta egiazkoa emanen zaiela, errenten kobrantza, defentsa juridikoa eta kalteen konponketa. Horretarako, kasuko aseguru polizak kontratatuko dira, ezertan galarazi gabe sektoreko legedian eta etxebizitza planetan eraikuntzari dagokionez aurreikusten diren neurri berariazkoak, jabetza nahiz edukitza modalitateetan.

3. Etxebizitza hutsak errentan emateko programei estaldura egokia ematearen ondorioetarako, administrazio publikoek, sustapen-neurri gisa, etxebizitza horiek bizilekutarako okupatzeari berezko zaizkion arriskuen aseguratzea hitzartu ahalko dute, hartara honakoak bermatzeko: errentaren kobrantza, eragindako kalteak, erantzukizun zibila, etxeko laguntza eta defentsa juridikoa. Foru Komunitateak etxebizitzen errentamenduaren merkatuan gauzatuko dituen bitartekaritza programei dagokienez, erregelamenduzko xedapen baten bidez arautuko dira kasuko aseguru polizak kontratatzeko baldintzak.

4. Foru Komunitateko Administrazioak diru-laguntzak emanen ditu hutsik dauden etxebizitzak egiazki okupatzen laguntzeko, kontuan izanda kontu publikoek ekitaldi bakoitzerako finkatzen dituzten aurrekontuko diru-kopuruak. Diru-laguntza horiek emanen zaizkie jabeei eta errentariei eta bitartekaritza-entitateei. Diru-laguntzak etxebizitza planetan jasotako programen bitartez bideratuko dira. Hori, halere, ez da eragozpena izanen zenbait kasutan diru-laguntza bereziak emateko, interes publikoko, sozialeko, ekonomikoko edo humanitarioko arrazoiak egiaztatzen direnean edo behar bezala justifikatuta dauden bestelako arrazoiak daudenean, deialdiak egitea zailtzen dutenak. Betiere, aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira.

5. Etxebizitzen titularrek, pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan, beren etxebizitzak eskaintzen dituztenean errentamendurako bitartekaritza programa publikoetan sartzeko, honako onurak izanen dituzte:

a) Kasua bada, etxebizitzan egiazki norbait bizi dela justifikatzeko epea eten eginen da, etxebizitza hutsik dagoela deklaratzeko kontradikzio-prozeduraren barruan.

b) Kasuko etxebizitza baldin bada pertsona juridiko batek eskuratua lehengo jabeak hipoteka-kreditu baten ordainean emanda, hipoteka-subrogazioa duen salerosketa baten bitartez edo gisako negozio juridiko baten bidez, errenta jasoko duela bermatuko da etxebizitza hori bitartekaritza programan sartzen den egun beretik. Kasu horietan, etxebizitza hori programan sartu ahalko da maizterrak mantenduz, beraiek hori eskatzen badute.

c) Foru Komunitateko Administrazioak, programaren kudeaketarako ezartzen den organo edo ente instrumentalaren bitartez, errentaren ordainketa bermatuko dio etxebizitzaren titularrari.”

2. artikulua. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 52. artikulua honela geratuko da idatzita Nota de Vigencia:

“52.artikulua. Desjabetzeko arrazoiak.

1. Ondoko gertaera hauek nahitaez desjabetzeko bidezko arrazoiak izanen dira, jabetzak eginkizun soziala ez betetzeagatik:

a) Etxebizitza babestua ohiko bizileku iraunkor gisa egiazki erabiltzeko errekerimendu bati kasurik ez egitea.

b) Etxebizitza babestua ohiko bizileku iraunkor gisa ez erabiltzea urtebetetik gora, baldin eta ez bada lortu okupatu gabe edukitzeko nahitaezkoa den administrazio baimena.

c) Etxebizitza babestua lortzeko eskatutako datuak faltsutzea.

2. Halaber, nahitaez desjabetzeko arrazoitzat jo daiteke jabetzaren eginkizun soziala ez betetzeagatik:

a) Etxebizitza bat hutsik edukitzea, foru lege honen arabera zehatzeko moduko arau-hauste diren kasuetan, eta berariaz emandako epean ez betetzea egoera horri amaiera emateko errekerimendua.

b) Etxebizitza babesturako lursailak urbanizatzeko edo haietan eraikitzeko ezarritako epeak ez betetzea. Epe horiek izanen dira lurrak kokatzen diren udalerriko Udal Plan Orokorrean ezartzen direnak, edo horrelakorik ezean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoak.”

3.artikulua. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 59. artikulua honela geratuko da idatzita:

“59. artikulua. Eginkizunak.

Etxebizitzako ikuskatzaileei eginkizun hauek dagozkie:

a) Foru lege hau, bere garapenerako xedapenak eta, oro har, Nafarroako Foru Komunitatean etxebizitzari buruz aplikatu beharreko araudia betetzen ote diren ikertzea eta egiaztatzea, eta horretarako behar diren neurketa eta froga guztiak egitea.

b) Etxebizitzak hutsik egoteari buruzko aztarnak berariaz egiaztatzea.

c) Indarreko legedia betetzen dela bermatzeko behin-behineko eta behin betiko neurriak hartzeko proposamenak egitea, horren barne direla legezkotasuna babestu eta berrezartzeko neurri-proposamenak.

d) Zehapen espedienteak irekitzeko eta legezkotasuna babestu eta berrezartzeko bidezkoak diren neurriak hartzeko proposamenak egitea.”

4. artikulua. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 65. artikulua honela geratuko da idatzita:

“65. artikulua. Arau-hauste larriak.

Hauek dira arau-hauste larriak:

1. Etxebizitza babestu bat edo etxebizitzetarako laguntza publikoa lortzeko eskatutako datuak faltsutzea, datuak ezkutatzea edo aitorpen faltsuak egitea etxebizitzan egiazki bizitzeari buruz edo etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan izena emateko eskaeran, betiere datuak faltsutzeak edo ezkutatzeak edo aitorpen faltsua aurkezteak eragin erabakigarria izan badu eman diren administrazio-ebazpenetan, deusetan galarazi gabe etxebizitzaren nahitaezko desjabetzea egitea.

2. Administrazioaren egiaztapen lanak errazteari uko egitea, bidezko arrazoirik gabe.

3. Etxebizitza babestuen salerosketa kontratuak edo jabetzan esleitzekoak ikus-onestera ez eramatea.

4. Etxebizitza babestuen jabetza, haien zati alikuota edo haien gaineko eskubide errealak eskualdatzeko negozio juridikoak egitea aplikagarria den araudian eskatutako betebeharrak bete gabe.

5. Etxebizitza babestu bat errentan ematea aplikagarria den araudian eskatutako betebeharrak betetzen ez dituen norbaiti.

6. Etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazioaren zedulan eranskin gisa agertzen ez den lokal bat etxebizitzarekin batera saltzea edo errentan ematea.

7. Etxebizitza gisa saldu edo errentan ematea bertan bizitzeko baldintza objektiboak betetzen ez dituzten higiezinak edo lokalak.

8. Etxebizitza babestuen salerosketetan gainprezioak edo baimenduta ez dauden diru kopuruak jasotzea.

9. Etxebizitza babestua ohiko bizitoki iraunkor gisa ez erabiltzea ezarritako epeetan, okupatu arte urtebete edo gehiago igarotzen bada.

10. Etxebizitza babestua legez baimendu ezin diren erabileretarako erabiltzea.

11. Okupatzen ari zen etxebizitza babestua okupatu gabe edukitzea administrazio baimenik izan gabe, sei hilabetez edo denbora gehiagoz.

12. Etxebizitza babestua ez okupatzea ezarritako epean.

13. Administrazio eskudunak egindako errekerimenduan ezarritako epean etxebizitza babestua ez desokupatzea.

14. Foru lege honen V. tituluko II. kapituluan etxebizitza babestuak erosi edo errentan emateko aurreikusita dagoen informazioa ez ematea, ez-emate horrek kontratuaren funtsezko baldintzen gaineko nahasterik sortzen badu.

15. Etxebizitza babestuetarako nahitaezko aseguruak ez kontratatzea.

16. Etxebizitza babestuen eraikuntzari eta etxegintzari buruzko arau teknikoak edo instalazioei, materialei, produktuei, isolamenduei, suteen kontrako babesari edo bizigarritasunari buruzkoak urratzea.

17. Planeamenduan aurreikusitakoaren arabera, etxebizitza babestuaren kalifikazioa jaso beharko lukeen etxebizitza bat halakotzat hartzea galaraztea.

18. Etxebizitza babestuen eraikuntzan atzemandako eta behar bezala frogatutako gabeziengatik edo ezkutuko akatsengatik egiten diren errekerimenduetan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, egitez edo ez-egitez, behin betiko kalifikazioaren egunetik hasita hurrengo hiru urteetan salatzen badira eta eraikuntzaren antolamenduaren oinarrizko legedian aipatzen diren aseguruek estalita ez badaude.

19. Etxebizitza babestuak behin erabiltzaileen esku utzi ondoren, bertan hornidura zerbitzuak (ura, argindarra, saneamendua, berokuntza eta, halakorik bada, igogailua) jartzeko lanak ez erraztea, sustatzaileari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik. Horrelakoetan, sustatzaileek beren gain hartuko dute sustapenean parte hartu duten gainerako eraikuntza-agenteen egintzen eta ez-egiteen gaineko erantzukizuna.

20. Etxebizitza babestuetan obrak baimenik gabe egitea, betiere etxebizitzaren azalera erabilgarria handitzen badute edo legeztatzeko aukerarik ez badago.

21. Etxebizitza babestuak esleitzea foru lege honetan ezarritako esleipen prozedura larriki edo behin eta berriz urratuz.

22. Etxebizitza babestuak eraikitzeko obrak onetsitako proiektuan aurreikusitako modua nabarmen aldatuz egitea.

23. Etxebizitza babestuak eraikitzeko obretan aginduzko kalitate-kontrolak ez egitea.

24. Etxebizitza zaintzeko edo zaharberritzeko betebeharrak ez betetzea edo hari bizigarritasun baldintzak kentzea, horri buruzko errekerimendu administratiboari erantzuten ez zaionean.

25. Eraikuntzaren kalitate-kontrolerako entsegu-laborategi gisa edo eraikuntzaren kalitate-kontrolerako entitate gisa aritzea aplikagarria den oinarrizko estatu-legedian eskatutako oinarrizko baldintzak bete gabe.

26. Eraikuntzaren kalitate-kontrolerako entitate gisa aritzen hasi aurreko jakinarazpenean emandako datuen aldaketen berri ez jakinaraztea, edo erantzukizuneko aitorpenean sartutako datuenak, eraikuntzaren kalitate-kontrolerako entsegu-laborategien kasuan, jakinarazten ez diren datuak funtsezkotzat jotzen badira jarduera egiteko.”

5. artikulua. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 66. artikulua honela geratuko da idatzita Nota de Vigencia:

“66. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

1. Etxebizitzan egiazki ez bizitzea foru lege honetan ezarritako moduan, bi urtez; betiere, etxebizitzaren titularra pertsona juridiko bat denean, eta pertsona juridiko horrek etxebizitzaren jabari osoa badu edota, etxebizitzaren jabekide izanda, partaidetzaren gehiengoaren titularra bada. Arau bera aplikatuko zaie sozietate irregularrei.

2. Eskubide ekonomikoak, babes eskubideak edo bizigarritasun eskubideak jasotzen dituen ebazpen administratibo bat lortzeko behar diren dokumentuak edo ziurtagiriak faltsutzea, arau-hausleen edo hirugarren batzuen aldeko egintza bat lortze aldera, exekuzio agindu bat edo interesdunen aldekoa ez den beste egintzaren bat saiheste aldera edo foru lege honetan jasotako sustapen neurriak lortze aldera.

3. Etxebizitza babestuak edo etxebizitzarako laguntza publikoak lortzeko eskatzen diren datuak faltsutzea, datuak sustatzaile batek faltsutu baditu balizko erosle bati edo gehiagori mesede egiteko iruzur bidez, deusetan galarazi gabe esleipenak ofizioz berrikustea, faltsutze hori esleipena egiteko erabakigarria izan baldin bada.

4. Planeamenduan aurreikusitakoaren arabera etxebizitza babestuen kalifikazioa jaso beharko luketen etxebizitza batzuk halakotzat kalifikatzea galaraztea.

5. Eraikuntzari eta etxegintzari buruzko arau teknikoak edo instalazioei, materialei, produktuei, isolamenduei, suteen kontrako babesari edo bizigarritasunari buruzkoak urratzea, urraketa horren ondorioz arrisku larriko egoerak edo osasunaren kalterako egoerak sortu badira.

6. Eraikuntzaren kalitate-kontrolerako entsegu-laborategi gisa edo eraikuntzaren kalitate-kontrolerako erakunde gisa aritzea, lehendik egin gabe behar den erantzukizuneko aitorpena edo jakinarazpena, hurrenez hurren.”

6. artikulua. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 72. artikulua honela geratuko da idatzita:

“72. artikulua. Etxebizitza hutsei buruzko neurriak.

1. Etxebizitzan egiazki ez bizitzeagatik, foru lege honetan ezarritako moduan, egindako arau-hauste oso larriarengatiko zehapena arau-hauste arinetarako ezarritako zenbatekoetara gutxitu ahalko da baldin eta zehatutako pertsonak justifikatzen baldin badu etxebizitzan ez bizitzearen egoerari amaiera eman zaiola zehapen-prozedura amaitu baino lehen, edo hori egiteko konpromisoa hartzen baldin badu zehapen ebazpena irmoa izan eta hiru hilabeteko epean. Interesdun batek konpromiso hori idatziz adierazten baldin badu, zehapena betearaztea etenda geratuko da, harik eta beste ebazpen bat ematen den arte, non, konpromisoaren betetzea egiaztatuta, inguruabar hori deklaratu eta zehapena gutxituko den.

2. Foru lege honetan ezarritako moduan etxebizitzari bizitoki-erabilera eman ez eta arau-hauste oso larri horrengatik desjabetze-zehapenik ezarri ez denean, entitate titularrari eskatuko zaio egoera horri amaiera emateko beranduenez sei hilabeteko epean, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu isun hertsagarriak ezarriko zaizkiola edo etxebizitzaren erabileraren desjabetze-prozedura hasi ahalko dela.”

7. artikulua. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean xedapen gehigarri berri bat eransten da. Testu hau izanen du Nota de Vigencia:

“Hamargarren xedapen gehigarria.–Larrialdi sozialeko inguruabar berezietan dauden pertsonen etxebizitza-premiak asetzearen gizarte interesaren deklarazioa, nahitaezko desjabetzearen eraginetarako.

1. Gizarte interesekotzat deklaratzen da larrialdi sozialeko inguruabar berezietan dauden pertsonen etxebizitza-premia asetzea, pertsona horiek hipoteka-exekuzioaren ondoriozko etxegabetze prozeduretan daudenean, eta etxegabetze horren xedea den etxebizitzaren erabileraren nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, gehienez ere bost urteko epe baterako, organo jurisdikzional eskudunak erabakitako kanporatze-datatik kontatzen hasita, edo, kasua bada, kanporatzea eteteari dagokionez azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege-dekretuak ezarritako epea amaitzen denetik.

2. Foru lege hau aplikatuko zaie finantza-entitateek, haien higiezin-filialek edo haien aktibo-kudeaketarako entitateek premiatzen dituzten etxegabetze prozeduretan dauden etxebizitzei, etxegabetze horietan errematearen adjudikazio-hartzaileak finantza-entitate bat, finantza-entitateen higiezin-filialak edo haien aktibo-kudeaketarako entitateak direnean. Hori guztia, halere, ez da eragozpena izanen Estatuko oinarrizko arauetan ezarritakoa aplikatzeko.

3. Erabileraren desjabetze horren onuradun izan ahalko dira honako baldintzak betetzen dituzten pertsonak:

a) Kasuko pertsonak ohiko bizileku iraunkorra izatea hipoteka-exekuzioaren xede den etxebizitzan, eta horixe izatea jabetzan daukan etxebizitza bakarra, eta hipoteka-exekuzioaren xede den etxebizitzan bizi den familia-unitateko inongo kidek ez izatea inolako etxebizitzaren titulartasunik.

b) Jabe eta hipoteka-zordun izatea, hasierako izaera gisa.

c) Kanporatzeak larrialdi egoera bat edo gizarte bazterketako egoera bat sortu ahal izatea.

d) Baldintza ekonomiko hauek betetzea:

Lehena.–Hipoteka-exekuzioaren prozedura izatea pertsonak etxebizitzarako eskubidea gauzatu ahal izateko emandako mailegu bat ez ordaintzearen ondorioa.

Bigarrena.–Kasuko pertsonaren egoera ekonomikoak nabarmen behera egin izana, eta horrek gerora ustekabeko zorpetze-egoera bat ekarri izatea hipoteka-mailegua eman zenean zeuden baldintza eta inguruabarren aldean. Ulertuko da egoera ekonomikoak nabarmen behera egin duela hipoteka-zamak familia-errentaren gainean eginarazten duen ahalegina gutxienez ere 1,5 bider handiagoa denean eta horrek familiaren diru-sarreren heren bat baino gehiago egiten duenean.

Hirugarrena.–Familia unitatearen diru-sarreren guztizkoa ez denean Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaren halako hiru baino handiagoa. Familia-unitateak hiru kide dituenean, muga hori 3,25 izanen da; lau kide dituenean, 3,50; eta kide gehiago dituenean, 0,25 gehituko da kide horietako bakoitzeko.

4. Etxebizitzaren erabileraren aldi baterako desjabetzearen prozedura lotu beharko zaio nahitaezko desjabetzeari buruzko legedian ezarritakoari eta, kasua bada, aplikatzekoa den legedia sektorialean ezarritakoari. Prozedurari hasiera emanen dion ebazpena jakinaraziko zaio kasuko hipoteka-exekuzioaren prozeduraz arduratzen ari den organo judizialari.

5. Etxebizitzaren arloko kontseilari eskudunaren foru agindu baten bitartez, informazio publikoa emanez eta arrazoiak azalduz, okupazioaren gizarte interesa eta beharra deklaratuko dira, etxebizitzen erabileraren aldi baterako nahitaezko desjabetzearen eraginetarako.

6. Argitaratze-iragarkiak aldez aurreko akta egiteko zitazioa ere jaso ahalko du.

7. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeko 52. artikuluaren ondorioetarako, okupazio urgentekotzat jotzen da foru lege honetan aurreikusitako desjabetzea.

8. Okupazio-aktan ezarriko da jabetzak nola berreskuratuko duen etxebizitzaren erabilera, behin erabileraren aldi baterako desjabetze-epea iragan denean. Bereziki, atzera egiteko eskubidea aitortuko da inguruabarrak aldatzen baldin badira 1. idatz-zatian ezarritako hiru urteak iragan aurretik, halako moduz non etxebizitza duin eta egoki baterako eskubidea bete ahal izanen baitu, hipoteka-exekuzioko prozeduraren xede izan zen etxebizitzak ahalbidetzen duenaren antzeko moduan. Halaber, atzera egiteko arrazoia izanen da onuradunaren izaera galtzea.

9. Onuradunak desjabetzearen egilea den Administrazioari kopuru bat ordaindu beharko dio balio justuaren ordainketarako ekarpen moduan. Kopuru hori ez da izanen etxebizitza horretan bizi den familia-unitatearen diru-sarreren ehuneko 25 baino handiagoa, ez eta balio justutik gorakoa ere.

10. Onuradunak 3. idatz-zatian jasotako baldintzak betetzerakoan edo 11. idatz-zatian aipatzen den dokumentazioa aurkezterakoan informazio faltsua ematen badu edo informazioa ezkutatzen badu, onuradun izaera galduko du. Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak begiratuko du aipatutako baldintzak betetzen direla eta aurreko idatz-zatian ezarritako moduan onuradun gisa ordaindu behar dituen diru-kopuruak ordaintzen dituela.

11. Nahitaezko desjabetzearen prozedurari hasiera emateko, interesdunak, berariaz egindako eskariaz eta bere etxebizitzaren hipoteka-exekuzioko prozesuaren egiaztagiriez gainera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko du:

a) Interesdunaren egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak:

Lehena.–Errentari buruzko ziurtagiria eta, kasua bada, Ondarearen gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu izateari buruzko ziurtagiria, azkeneko lau zerga-ekitaldiei buruzkoa, eskudun den tributu-erakundeak emana.

Bigarrena.–Jasotako azken hiru nominak.

Hirugarrena.–Prestazioen entitate kudeatzaileak emandako ziurtagiria, non langabeziarengatiko prestazio edo laguntzen kontzeptuan jasotako hileko zenbatekoa agertuko baita.

Laugarrena.–Ordainsari sozialen, gizarteratzeko gutxieneko errenten edo Foru Komunitateko Administrazioak edo, kasua bada, beste autonomia erkidego edo toki entitate batek emandako antzeko gizarte laguntzen egiaztagiria.

Bosgarrena.–Bere konturako langilearen kasuan, tributu-erakunde eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da edo, jarduera eteteagatik prestaziorik jasotzen ari bada, haren ziurtagiria, organo kudeatzaileak emana, non hilero jasotzen duen zenbatekoa jasoko baita.

Seigarrena.–Aurreko zenbakietan aipatutako dokumentazioa aurkeztu ordez, interesduna mugatu ahalko da Administrazio jarduleari baimena ematera, datu fiskalak eta gizarte segurantzakoak erregistro eta administrazio eskudunetan kontsultatzekoa.

b) Familia unitateko kideek izandako diru-sarreren egiaztagiriak, onuradunarentzat ezarritako moduan.

c) Etxebizitzan bizi diren pertsonen kopuruari buruzko egiaztagiriak:

Lehena.–Familia-liburua edo izatezko bikote gisa izena eman dutela adierazten duen egiaztagiria.

Bigarrena.–Etxebizitzan erroldatutako pertsonen erroldatze-agiria, egiaztagiriak aurkezteko uneari eta aurreko sei hilabeteei erreferentzia eginda.

d) Ondasunen titulartasuna:

Lehena.–Jabetzaren Erregistroak emandako titulartasun-ziurtagiriak, familia unitateko kide bakoitzari buruzkoak edo, bestela, erantzukizuneko aitorpena eta Administrazio jarduleari emandako kontsulta-baimena, datu katastralak eta Jabetzaren Erregistrokoak eskatu ahal ditzan.

Bigarrena.–Etxebizitzaren salerosketa-eskriturak eta hipoteka-bermearen eraketari dagozkionak, bai eta eratutako gainerako ondasun-bermeak edo berme pertsonalak, halakorik badago, frogatzen dituzten beste agiriak ere.

e) Zordunaren edo zordunen erantzukizuneko aitorpena, foru lege honen aplikazio esparruaren barruan dagoela edo daudela jotzeko exijitzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

f) Gizarte zerbitzuen txostena, onuraduna etxetik kanporatuz gero geratuko litzatekeen larrialdiko edo gizarte bazterketako egoerari buruzkoa.

12. Eskabideak hasiera-hurrenkera zorrotzaren arabera izapidetuko dira, salbu eta, ahultasun bereziko kasuetan edo kanporatzea berehala gertatu behar denean, bestelako lehentasun-hurrenkera ezartzen duen ebazpen arrazoitua ematen denean. Ebazpen hori jasota geratuko da.

Aurreko lerrokadetan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertuko da ahultasun bereziko egoera bat dagoela kanporatzeak eragina duenean adingabeak, mendetasuna duten adineko pertsonak, ezgaituak, generoko indarkeriaren biktima izan diren pertsonak edo prestaziorako eskubiderik ez duten langabetuak dituzten familiengan.

Kasu horietan eta antzeko egoeretan, izapidetzean lehentasunezko toki bat emanen zaie nolabaiteko babes publikoko araubide baten menpeko etxebizitza daukaten pertsonei.

13. Etxebizitzaren okupazioa ezin bada egin etxegabetze prozedurarekin lotutako arrazoiengatik edo Administrazioari ezin egotz dakizkiokeen bestelako arrazoiengatik, horrek ez du berarekin ekarriko desjabetzearen onuradunari inongo eskubiderik aitortzea.

14. Nolanahi ere, xedapen honetan ezarritakoa aurrekontuetan dagoen diruaren araberakoa izanen da.

15. Xedapen honetan ezarritakoa hipoteka-exekuzioko prozesu judizialei edo estrajudizialei aplikatuko zaie, foru lege honek indarra hartu aurretik hasitakoei, baldin eta haietan ez bada kanporatzerik exekutatu edo kanporatzea egin bada hark indarra hartu ondoren, baina etxebizitza hutsik egonda.”

8. artikulua. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean xedapen gehigarri berri bat eransten da. Testu hau izanen du:

“Hamaikagarren xedapen gehigarria.–Etxebizitza babestuak ordainean ematea.

Salbuespen bezala, etxebizitza babestuen titularrak izan ahalko dira pertsona juridikoak etxebizitza horiek eskuratu dituztenak lehengo jabeak hipoteka-kreditu baten ordainetan emanda, hipoteka-subrogazioa duen salerosketa baten bitartez edo gisako negozio juridiko baten bidez. Titular horiek foru lege honetan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, etxebizitza horiek eskualdatzeari edo errentan emateari dagokienez.”

Xedapen iragankorra .–Finantzaentitateek, haien higiezinfilialek eta aktiboen kudeaketarako entitateek etxebizitza babestuei buruzko komunikazioak egiteko betebeharra.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik hilabeteko epean, finantza-entitateek, haien higiezin-filialek eta aktiboen kudeaketarako entitateek -banku-berregituratzetik heldu diren aktiboak barne-, etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari jakinarazi beharko diote beren balantzean sartzen diren eta Foru Komunitatearen lurraldean dauden etxebizitza babestuen inbentarioa, adierazita non dauden, zein prezio eta erosketa-data duten eta zein egoera administratibotan dauden. Hori guztia, datuak babesteari buruzko arauetan eta Estatuko oinarrizko arauetan ezarritakoak betez.

Xedapen indargabetzaile bakarra .–Arauindargabetzea.

Foru lege honen aurka doazen lege- nahiz erregelamendu-xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.

Azken xedapenetan lehena .–Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak foru lege honek ezarritakoak aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emanen ditu. Betiere, beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emanen ditu Etxebizitza Hutsen Erregistroa abian jartzeko, foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean.

Azken xedapenetan bigarrena .–Etxebizitzek hutsik iraun duten epeen kontaketa.

Etxebizitzek hutsik iraun duten epeak, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeko 42. bis artikuluak aurreikusitakoak, foru lege honek indarra hartzen duenetik hasiko dira kontatzen.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1309917

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web