(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

21/2013 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak gaurkotzen dituena.

BON N.º 133 - 12/07/2013



Texto

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen duenez, pentsioen zenbatekoa urtero gaurkotuko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeak ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezartzen duen portzentajean. Gai horretan, aintzat hartu beharra dago 2013. urterako ez dagoela Nafarroako aurrekontu orokorren foru legerik, Nafarroako Parlamentuak, 2012ko azaroaren 22an eginiko Osoko Bilkuran, erabaki baitzuen atzera botatzea Nafarroako Gobernuak aurkeztutako proiektua, zeinak jasotzen baitzuen aipatutako gaurkotzea.

Hortaz, bidezkoa da foru lege bat onestea, haren bidez gaurkotzeko Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboen pentsioak 2013. urtean. Horretarako, erreferentzia gisa hartzen da aurten pentsio publikoek oro har izan duten igoera, halaxe jasotzen baita Estatuko 2013ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 17/2012 Legearen 43. artikuluan,Gizarte Segurantzaren sistema sendotu eta bermatzeko neurriei buruzko azaroaren 30eko 28/2012 Errege Lege-dekretuaren bigarren xedapen gehigarriari dagokion bezainbatean.

Foru lege honetan jasotako gaurkotzean aurreikusirik daude tratamendu berariazkoa behar duten zenbait egoera, besteak beste alargun eta umezurtz pentsio gutxienekoak, araudi indardunean ezarririk baitago haietarako lanbide arteko gutxieneko soldata hartuko dela erreferentzia gisa. Era berean, pentsio publikoen arloan indarra duen araudia aplikatuz, ezarri da pentsioak ez direla gaurkotuko baldin eta, berez edo onuradun berak jasotako beste pentsio publikoekin batera, pentsio publikoetarako oro har ezarritako urteko gehieneko zenbatekoa gainditzen badute.

Artikulu bakarra.–Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak gaurkotzea.

1. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera ondorioak izateko, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, araudi indardunari jarraikiz gaurkotzeko eskubidea dutenek, ehuneko 1eko igoera izanen dute, salbu eta urtean 14.000 eurotik beherakoak direnak, horiek ehuneko 2ko igoera izanen baitute.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, alargun eta umezurtz pentsio gutxienekoak araudi indardunean ezarritako erreferentziari lotuko zaizkio, lanbide arteko gutxieneko soldatari alegia.

3. Gaurkotzea ez zaie aplikatuko pentsioei, dagoeneko onarturik egon nahiz etorkizunean onartuko direnei, baldin eta, berez edo onuradun berak jasotako beste pentsio publiko batzuen zenbatekoa gehituta, pentsio publikoetarako ezarritako urteko gehieneko zenbatekotik gorakoak badira.

Azken xedapenetako lehena .–Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren arauak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorio ekonomikoak 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1309938

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web