37/2013 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 5EKOA, IKUSKIZUN PUBLIKOEN ETA JOSTETA JARDUEREN ARLOAN BARNE MERKATUKO ZERBITZUEI BURUZKO 2006/123/EE ZUZENTARAUAREN TRANSPOSIZIOA EGITEKO HAINBAT NEURRI HARTZEN DITUENA. ZUZENTARAU HORI EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA KONTSEILUAK EMAN ZUTEN, 2006KO ABENDUAREN 12AN.
BON N.º 113 - 14/06/2013
Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren bidez, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi zen eta enpresa eta lokalen erregistroak arautu ziren, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 2. artikuluan xedatua betez.
Bestetik, urtarrilaren 25eko 7/1990 Foru Dekretuaren eta otsailaren 9ko 29/1998 Foru Dekretuaren bidez, josteta makinen erregelamendua onetsi eta modelo homologatuen erregistroa arautu zen.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauak, Barne Merkatuko Zerbitzuei buruzkoak, behar diren xedapen orokorrak ezartzen ditu oztopo legal eta administratiboak kentzeko, beharra, proportzionaltasuna eta bereizkeriarik irizpideei jarraitzen ez badiete, Europar Batasuneko estatuetan zerbitzuak ezarri eta emateko askatasunen aurkakoak baitira.
Aldi berean, Zerbitzuen Zuzentarauak honako helburu garrantzitsu hauek ditu: sinplifikazio administratiboa, prozedurak eta haien tramiteak egiteko bide elektronikoa derrigorrez erabiliz eta horiek gauzatzeko leihatila bakarren eraketa ezarriz; kontsumitzaileen eskubideak sendotzea, zerbitzuen erabiltzaile diren aldetik, eta zerbitzuen kalitatea bermatzea; eta Europar Batasuneko estatuen arteko lankidetza administratibo eraginkorra izatea, estatu mailan nahiz eskualde eta toki mailan.
Ildo horretan, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko sinplifikazio administratiborako neurriei buruzkoan, sinplifikazio administratiborako neurri batzuk arautzen dira, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan jarduera horiek abian jartzea errazteko.
Bestetik, Zerbitzuen Zuzentaraura egokitzeko zenbait foru lege aldatzen dituen apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legea onetsi ondoren, orain Nafarroako ordenamendu juridikoan transposizioa egiteko prozesuak erregelamendu mailako arauak egokitzea eskatzen du, bai zuzentarau horren printzipioetara bai aipatu foru legeek sartu dituzten aldaketetara.
Foru dekretu honek premia horri heltzen dio, zama administratiboak murrizteko neurri zuzenak sartuz, hala nola josteta makinei homologazioa eta baimena emateko prozedurak kentzea, ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresa eta lokalen erregistroan inskribatzeko tramitea sinplifikatzea (orain ofizioz eginen du administrazio eskudunak, behar diren baimenak lortu ondoren), administrazioen arteko komunikazioak automatizatzea, aipatu erregistroarekin lotutako datu-iturriak interkonektatzea eta jarduera bereziei baimena emateko prozedurarekin lotutako dokumentazioa sinplifikatzea.
Horrenbestez, bidezkoa da irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretua aldatzea, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzen dituena, eta urtarrilaren 25eko 7/1990 Foru Dekretua eta otsailaren 9ko 29/1998 Foru Dekretua indargabetzea, josteta makinen erregelamendua onesten duena eta josteta makinen modelo homologatuen erregistroa arautzen duena, hurrenez hurren.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko ekainaren 5eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz.
DEKRETATU DUT:
1. artikulua . Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretua aldatzea. Horren bidez, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi zen eta enpresa eta lokalen erregistroak arautu ziren.
Bat.-Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren 31. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:
“31. artikulua. Jarduera bereziak.
1. Jarduera baterako baimena duen lokal baten enpresa titularrak bestelako jarduera bat, ohiz kanpo, egin nahi badu lokalean, betiere bateragarria bada eta katalogoan badago, udal eskudunari aldez aurretik baimen berezia eskatu beharko dio, eta bera lortu, eskaerari memoria deskriptibo bat erantsita jarduerari eta bera garatzeko behar diren instalazio eta bestelako baliabideei buruz. Eskaera hori jarduera hasi baino hamabost egun lehenago, gutxienez, aurkeztu beharko da.
2. Jarduera berria egiteak eragin nabarmena badu establezimenduaren egoeran (segurtasunari, osasungarritasunari nahiz besteei sortutako eragozpenei dagokienez), udalak eskatzaileari eskatuko dio teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkez dezala, lokalaren egoera eta, halakorik bada, jarduera egiteko hartu diren beharrezko neurri zuzentzaileak egokiak direla justifikatzen duena.
Lizentzia duen lokal batean jarduera berri bat egiteak izan dezakeen eragina zehazte aldera, ulertuko da haren egoeran eragin nabarmena duela honako hauek gertatzen direnean, besteak beste: okupazioa edo bere banaketa aldatzen bada, ebakuazio elementuei dagokienez, eta/edo sortzen diren zaraten edo bibrazioen maila handitzen bada.
3. Baimena interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraziko zaie, jarduera hasi baino bi egun natural lehenago, gutxienez. Baimenean bere indarraldia agertuko da. Urte berean eskaera berriro egiten bada, udalak ezezkoa ematen ahalko dio.”
Bi.-Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren 32. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:
“32. artikulua. Antolaketa.
1. Udalek ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresa eta lokalen erregistro bat izanen dute. Erregistro horrek bi atal izanen ditu:
a) Lehen atala. Ikuskizun publikoak edo josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresak inskribatuko dira, jarduera egiteko lokal jakin bat ez badute.
b) Bigarren atala. Establezimendu publikoen katalogoan dauden lokalak inskribatuko dira.
2. Lehen atalean egiten diren idazpenetan datu hauek, gutxienez, agertuko dira:
a) Enpresa antolatzailearen identifikazioa, sozietatearen helbidea eta telefonoa.
b) Halakorik bada, bere legezko ordezkariaren identifikazioa, helbidea eta telefonoa.
c) Inskripzioa justifikatzen du(t)en jarduera zehatza(k).
3. Bigarren atalean egiten diren idazpenetan datu hauek, gutxienez, agertuko dira:
a) Establezimenduaren izen komertziala.
b) Jarduera(k) baimendua(k), establezimendu publikoen katalogoan jasotzen diren definizioen arabera.
c) Establezimenduaren helbidea, herria eta posta kodea.
d) Irekitzeko eta jarduera udal lizentziak noiz eman ziren.
e) Lokalaren azalera, gehieneko edukiera eta katastroko erreferentzia.
f) Irekitzeko lizentziaren enpresa titularraren identifikazioa, helbidea eta telefonoa eta, halakorik bada, bere legezko ordezkariarenak (edo ordezkarienak).
g) Establezimenduaren enpresa titularraren identifikazioa, helbidea eta telefonoa eta, halakorik bada, bere legezko ordezkariarenak (edo ordezkarienak). Foru dekretu honen ondorioetarako, establezimenduaren enpresa titulartzat hartuko da ikuskizuna edo josteta jarduera zuzenean antolatu eta publiko eta administrazioaren aurrean jarduera egitetik datozen erantzukizunak hartzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, irekitzeko lizentziaren titularra izan edo ez izan.”
Hiru.-Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren 33. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:
“33. artikulua. Inskribatzeko prozedura.
1. Udal eskudunak inskribatuko ditu enpresak lehen atalean, kasuan kasuko ikuskizun publikoa edo josteta jarduera egiteko baimen administratiboa eman ondoren.
2. Udal eskudunak ofizioz inskribatuko ditu establezimenduak bigarren atalean, irekitzeko dagokion udal lizentzia lortu ondoren.
3. Bi ataletako inskripzioak egiteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak horretarako prestatu dituen formulario elektronikoak erabiliko dira. Inskripzio horietan oinarrituta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresa eta lokalen erregistro orokor bat izanen du.”
Lau.-Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren 34. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:
“34. artikulua. Erregistroko datuak aldatu eta eguneratzea.
1. Udalek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eguneratu beharko dute ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresa eta lokalen erregistroko informazioa.
2. Erregistroaren bigarren atalean inskribatuta dauden establezimenduen enpresa titularrek, erregistroaren ondorioetarako, udalari komunikatu beharko dizkiote aldaketak, foru dekretu honen 32. artikuluko 3. atalaren a), f) eta g) letretan aipatzen diren datuei dagokienez. Komunikazio hori hamabost eguneko epean egin beharko da, aldaketaren egunetik hasita.
Bost.-Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren 35. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:
“35. artikulua. Epeak.
32. artikuluan agertzen diren datuen aldaketak egiazko baimenaren ondoko hamabost eguneko epean inskribatuko dira. Aldatzen den datu bakarra izen komertziala edo establezimenduaren enpresa titularra bada, aipatu inskripzioa hamar eguneko epean eginen da, datu horiek enpresak udalari komunikatu zizkion egunetik hasita, erregistroa arautzen duen araudiarekin bat.”
2. artikulua . Josteta makinak establezimendu publikoetan ustiatzeko baldintzak.
1. Foru dekretu honen ondorioetarako, jostatu makinatzat hartuko dira denbora-pasa edo josteta hutseko jokoetara bide ematen duten aparatu, tresna, ordenagailu edo bestelako euskarri informatikoak. Prezio baten truke, makina erabiltzeko edo berarekin jokatzeko denbora ematen dute eta, akuilagarri gisa, hasierako zenbateko beraren truke jokatzen jarraitzeko aukera ematen dute, edo partidaren zenbateko bera itzultzen dute (dirutan, edo gauzazko baliokide zerbait edo edonolako ondasunetan trukatzeko fitxak emanez).
2. Nafarroako Foru Komunitatean ustiatzen diren jostatu makinek ez dute baimen administratiborik beharko. Hala ere, EE marka izan beharko dute, indarreko araudiarekin bat fabrikatu direla deklaratzen duena, bai eta kanpotik argiro ikusten den identitate-plaka bat ere, makinaren ustiapen komertziala egiten duen enpresaren izena eta helbidea adierazita.
3. Nafarroako Foru Komunitatean ezin izanen dira ustiatu adingabearen eskubideak urratzen dituzten irudi, mezu edo objektuak erabiltzea edo eskubide horiek urratzen dituzten jarduerak egitea edo erakustea dakarten jostatu makinak, ez eta Espainiako Konstituzioak aitortzen dituen eskubideen aurkako mezuak helarazten dituzten jokoak biltzen dituztenak ere, bereziki elementu arrazista, sexista edo pornografikoak dituztenak edo biolentziaren edo bestelako delituen apologia egiten dutenak.
4. Foru Dekretu honetako xedapenen bat ez betetzeak zehapen bat ekarriko du, arau-haustea biltzen duten legezko xedapenetan ezarritakoarekin bat, haietan aurreikusitako tipifikazio, prozedura eta zehapenen arabera.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
1. Xedapen hauek indarrik gabe geratzen dira:
a) Otsailaren 9ko 29/1998 Foru Dekretua, josteta makinen modelo homologatuen erregistroa arautzen duena.
b) Urtarrilaren 25eko 7/1990 Foru Dekretua, josteta makinen erregelamendua onesten duena.
c) Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren I. eta II. eranskinak. Horren bidez, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi zen eta enpresa eta lokalen erregistroak arautu ziren.
2. Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetan Lehena. Garapena eta betearazpena.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2013ko ekainaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1308379