(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

32/2013 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 22KOA, GIZARTE ZERBITZUEI BURUZKO FORU LEGEA OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN PROGRAMA ETA FINANTZAKETA ARLOAN GARATZEKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

BON N.º 112 - 13/06/2013



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN PROGRAMAK


  III. KAPITULUA. FINANTZAKETA SISTEMA


Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen garapen berri bat eratzearen esparruan, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eman zen. Lege horrek unibertsaltasunaren printzipioa jasotzen du, gizarte zerbitzuak pertsonen eskubide subjektibo gisa hartuz, baita berdintasunaren printzipioa ere, hau da, pertsona guztiei prestazio homogeneoen gutxieneko maila bermatzea Nafarroako Foru Komunitate osoan, herri batean edo bestean bizi.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legeak 19. artikuluan arautzen du esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroa. Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen zorro hori; besteak beste, toki entitateen erantzukizun izanik, Foru Komunitatearen lurralde osoan gutxienez bermatu beharreko prestazioak biltzen ditu, hau da, eskubide subjektibo gisa eskatzen ahal direnak prestazio bermatuak diren kasuan.

Foru lege horren 29. artikuluaren arabera, oinarrizko gizarte zerbitzuak gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko unitatea dira, eta toki entitateei dagokie haien titular izatea. Oinarrizko gizarte zerbitzuen jarduera foru legearen 31. artikuluan jasotako lau programak ezarriz bideratuko da, eta programa horien kostuaren %50a bederen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzatuko du; bestetik, programen nahitaezko edukia bat etorriko da, gutxienez ere, esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroak xedatutakoarekin. Programen parte diren prestazioak, haien kostua zehazteko modua eta oinarrizko gizarte zerbitzuen finantzaketarako irizpideak erregelamenduaren arabera ezarri beharko dira.

Beraz, erregelamendu bidezko arau bat da eta, alde batetik, oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko lau programek osatzen dituzten prestazioak zehazten ditu, nahitaez ezarri beharrekoak baitira foru dekretuak agintzen dituen baldintzetan; bestetik, haien finantzaketa erabakitzeko irizpideak zehazten ditu.

Alde horretatik, bi baldintzatan oinarritzen den finantzaketa sistema ezarri da: alde batetik, toki entitateak behartuta daude gutxieneko lantalde bat izatera, tarte finko gisa finantzatuko dena, lau programak populazioaren estratuen arabera ezarri ahal izateko eta, bestetik, indar desberdinez eragiten duten inguruabarrak ematen dira oinarrizko gizarte zerbitzu bakoitzean eta prestazio batzuetan baliabide gehiago aplikatzera behartzen dute, esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroak herritarren eskubide subjektibo gisa ezarritako mugetara iristeko. Inguruabar horiek aintzat hartuta, modulu ekonomiko baten arabera kalkulatzen den tarte aldakor bat ezarri da, oinarrizko eskualde bakoitzaren finantzaketa berariaz igotzen duena, ezarritako adierazleak kontuan izanda.

Horrenbestez, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko maiatzaren 22an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

1. Oinarrizko gizarte zerbitzuen programen edukia garatzea eta haien kostua zehaztea ditu xede foru dekretu honek, esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroak Nafarroako Foru Komunitatean bermatzen dituen prestazioak kontuan izanda.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak programa horiek finantzatuko ditu Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean, foru dekretu honetan eta aurrekontuko diru-izendapenen esparruan aurreikusitako moduan.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu honen aplikazio eremuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa hartzen du; hortaz, nahitaez bete behar dira oinarrizko gizarte zerbitzuen programen prestazio guztiak, arauan berean aurreikusitako salbuespen bakarrekin.

II. KAPITULUA. OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN PROGRAMAK

3. artikulua . Oinarrizko gizarte zerbitzuen programak.

1. Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraituz, oinarrizko gizarte zerbitzuak lau programaren bitartez bideratuko dira:

a) Harrera eta orientabide sozialerako programa.

b) Mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programa.

c) Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa.

d) Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako arreta programa.

2. Foru dekretu honek programa horien gutxieneko edukia jasotzen du, eta nahitaez ezarri behar dira Nafarroako Foru Komunitate guztian, non ez diren bideraezintzat jotzen.

3. a) eta b) ataletako programak bideragarritzat jotzen dira oinarrizko eskualde guztietan; aldiz, c) eta d) ataletakoak 5.000 biztanleko edo gehiagoko oinarrizko eskualdeetan. Horrenbestez, 5.000 biztanleko edo gehiagoko eskualdeetan nahitaez ezarri beharko dira lau programak.

4. 5.000 biztanletik beheragoko oinarrizko eskualdeetan nahitaez ezarri beharko dira a) eta b) ataletako programak; gainera, haien xedeko premien eragin berezia kontuan hartuta:

a) Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa, oinarrizko eskualdeko populazioaren milako bosta gizarteratze prestazio baten onuradun izan bada aurreko hiru urteetako bakoitzean.

b) Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako arreta programa, oinarrizko eskualdeko populazioaren ehuneko hamabosta edo gehiago 18 urtez azpikoa bada, edo aurreko hiru urteetako bakoitzean arreta jaso duten haurren kopurua gutxienez ere 15ekoa izan bada.

Aurrekoak ez du galarazten lau programak ezartzera behartuta ez dauden oinarrizko eskualdeek aukera izatea beren kargura ezartzeko, hala erabakiz gero.

4. artikulua . Harrera eta orientabide sozialerako programaren edukia.

1. Harrera eta orientabide sozialerako programak, populazio guztiari zuzendua baitago, herritarren eskaerak hartzea eta haien arazo sozialei lehen erantzuna ematea, babes sozialeko sistemetan sartzen laguntzea eta oinarrizko gizarte zerbitzuaren gainerako programetan sarrera ematea ditu xede. Esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroan ezarritakoaren arabera eskaintzen diren prestazio teknikoak honako hauek dira:

a) Harrera: hasierako harremanaren prozesua profesionalaren eta erabiltzearen artean, non planteatutako premiaren lehen balorazio soziala egiten baita, lehen erantzuna ematen baitzaio eskaerari eta erreferentziako harremana sortzen baita profesionalaren eta erabiltzailearen artean, aukera ematen duena esku-hartze iraunkorra ezartzeko eta agerian ez dauden beste premia batzuk azaltzeko.

b) Orientazio soziala eta aholkularitza: esku-hartze prozesua da, arreta jasotzen duenari entzuna izatea, denbora eta laguntza eskaintzen dizkiona bere eskaera berrikusi eta aztertu ahal izateko bere premien arloan; orobat, lankidetza, erabakiak hartzeko prozesuan, eta lagun egiten dio prozesu hori ebazten.

c) Balorazio soziala: esku-hartze prozesua da, erabiltzaileek egindako eskaerari lotutako premia-egoera identifikatu gogo duena, zuzenean edo zeharka.

d) Diagnostiko soziala edo/eta gizarte eta hezkuntza arlokoa: prozesu horretan irizpen profesional bat ematen da informazio egokia sistematizatuz; horrela, premien izaera eta tamaina eta haien hierarkia zehazten dira, lan hipotesia ezartzen da, pronostikoa edo baloratutako egoerak izan dezakeen bilakaera eta epai tekniko bat egiten dira.

e) Oinarrizko gizarte zerbitzuaren oinarrizko laguntzako beste programa batzuetara bideratzea: balorazio sozialak erabakitzen duenean erabiltzaileek zenbait egoeratan osasun laguntzako gainerako programen prestazioen onura izan dezaketela, haietara bideratuko dira, informazio egokia emanen zaie haiei buruz eta haien aplikaziotik atera daitezkeen espektatiba eta konpromisoak landuko dira.

f) Beste zerbitzu espezializatu batzuetara bideratzea, gizarte zerbitzuen sistemarenak berarenak edo gizarte babeseko beste sistema batzuenak izan: balorazio sozialak erabakitzen duenean pertsonaren edo familiaren premiek esku-hartze tekniko espezializatua, sektore batekoa, behar dutela, haietara bideratuko ditu kasu bakoitzerako ezarritako protokoloari jarraituz eta, aldi berean, txosten sozial bat eginen da, deribazio horren arrazoiak azalduko dituena.

g) Egindako esku-hartzeen jarraipena, heldutako egoeraren bilakaera ezagutzeko eta arreta eskatzen duten premia-egoera berriak atzemateko. Beste programa batzuetara bideratu gabeko erabiltzaileekin ez ezik, esku-hartzea bukatu duten beste programa batzuetara bideratutako kasuekin ere eginen da jarraipena.

h) Prestazioen tramitazioa, gizarte zerbitzuen sistemako prestazio ekonomiko eta teknikoak eskuratzea bermatzeko eta gizarte babeseko beste sistema batzuetako prestazioak eskuratzen laguntzeko, prestazioetarako eskaerak kudeatuz eta behar den dokumentazioaren bitartez eta txosten soziala eginez, horren beharra duten prestazioetarako.

i) Komunitatearen premiak, arrisku egoerak eta zailtasun soziala ezagutzea komunitateko talde, entitate eta elkarteekiko harremanaren bidez eta premia horien eta zerbitzuak eman ditzakeen erantzunen berri ematea komunitateari eta erakundeei.

j) Jarrera sozial positiboak sustatzeko eta jendeak eta taldeek dituzten arazoekin komunitatea sentsibilizatzeko jarduketak egitea.

k) Gizartearen parte-hartzea sustatzea, komunitatean gizarte laguntzako moduak bultzatuz, komunitateko taldeekin lan egiteko proposamenak eginez eta gizarte ekimeneko entitateak edo/eta entitate publikoak biltzen dituzten ekintza komunitarioak bultzatuz edo/eta haietan parte hartuz.

5. artikulua . Mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programaren edukia.

1. Mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programak funtsezko helburu ditu norberaren autonomia sustatzea, mendekotasun egoerak aurreikustea eta beren ohiko bizimoduan berez baliatzeko zailtasunak dituzten eta mendekotasuna duten edo horren arriskuan dauden pertsonen premiei arreta ematea; orobat, etxean ez gelditzeko alternatibak eskuratzen laguntzea, beharrezkoa bada. Esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroan ezarritakoaren arabera eskaintzen diren prestazio teknikoak honako hauek dira:

a) Harrera: hasierako harremanaren prozesua profesionalaren eta erabiltzearen artean, non planteatutako premiaren lehen balorazio soziala egiten baita, lehen erantzuna ematen baitzaio eskaerari eta erreferentziako harremana sortzen baita profesionalaren eta erabiltzailearen artean, aukera ematen duena esku-hartze iraunkorra ezartzeko eta agerian ez dauden beste premia batzuk azaltzeko.

b) Orientazio soziala eta aholkularitza: esku-hartze prozesua da, arreta jasotzen duenari entzuna izatea, denbora eta laguntza eskaintzen dizkiona bere eskaera berrikusi eta aztertu ahal izateko bere premien arloan; orobat, lankidetza, erabakiak hartzeko prozesuan, eta lagun egiten dio prozesu hori ebazten.

c) Balorazio soziala: esku-hartze prozesua da, erabiltzaileek egindako eskaerari lotutako premia-egoera identifikatu gogo duena, zuzenean edo zeharka.

d) Diagnostiko soziala edo/eta gizarte eta hezkuntza arlokoa: prozesu horretan irizpen profesional bat ematen da informazio egokia sistematizatuz; horrela, premien izaera eta tamaina eta haien hierarkia zehazten dira, lan hipotesia ezartzen da, pronostikoa edo baloratutako egoerak izan dezakeen bilakaera eta epai tekniko bat egiten dira.

e) Banakako esku-hartze plana prestatzea kasu bakoitzean.

f) Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ): ohiko ingurunean beren oinarrizko premiak betetzeko mugak dituzten herritar guztiei zuzendutako udal zerbitzua da, banakako hainbat zerbitzu eskaintzen dituena; aldi baterakoa edo iraunkorra izan daiteke egoera bakoitzaren arabera, eta pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea bilatzen ditu. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak jarduketa hauek guztiak edo batzuk egin gogo ditu:

1. Sostengu eta arreta pertsonaleko jarduketak, hau da, zuzenean erabiltzailearentzat direnak, eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak egin ditzan. Norberaren higienearekin, arropa eta oinetakoak janztearekin, oinarrizko mugikortasunarekin eta jarduketa soziosanitarioekin zerikusia dute.

2. Etxeko lanetan laguntzeko jarduketak: elikadurarekin, erosketarekin, oinetakoak eta norberaren arropa eta etxekoa zaintzearekin eta etxebizitzaren mantentze-lanekin zerikusia dute.

3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak: norberaren, familiaren edo/eta familiaren arloan planteatzen diren egoerak konpontzera bideratutako laguntza prozesuan egiten diren jarduketak dira:

Jarduketa psikosozialak eta hezkuntzakoak: oinarrizko trebetasun, jokabide eta abileziak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta baliatzera bideratzen direnak, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta gehien bultza daitezen.

Familiari edo/eta zaintzaileei sostengua emateko jarduketak: familiaren edo/eta zaintzaileen lana bultzatu eta indartzera bideratuak, erabiltzailea zaintzeko.

Sostengu soziokomunitarioko jarduketak: erabiltzaileak bizitza sozialean eta harremanetan parte hartzen jarrai dezan eta parte-hartze hori bultza dadin egiten direnak, baita komunitatearen baliabideak ezagutu eta erabiltzera bideratzen direnak ere.

4. Sostengu teknikorako jarduketak: etxebizitzan sostengu teknikoa ematen duten jarduketak dira, etxebizitza erabiltzaileen premietara egokitu dadin bideratuta.

g) Beste baliabide batzuk, aldi baterakoak edo iraunkorrak, osagarriak edo etxeko laguntzarekiko alternatiboak eskuratzeko tramitazioa, norbera bere buruaz baliatzeko egoerak hartara bultzatzen duenean bizi baldintza ezin hobeei eusteko.

h) Laguntza teknikoak eskuratzen laguntzea, mailegatuz edo sostengu emanez.

i) Beren buruaz baliatzeko zailtasunak dituzten eta mendekotasuna dutenen edo horren arriskuan dauden pertsonen premiak ezagutzea, komunitateko talde, entitate eta elkarteekiko harremanen bidez.

j) Komunitatea sentsibilizatzea norberaren autonomian mugak dituzten eta mendekotasun egoeran edo horren arriskuan diren pertsonen egoera eta zailtasunei buruz, jarrera sozial positiboak sustatzea eta gizarte zerbitzuek eman ditzaketen erantzunei buruzko informazioa zabaltzea.

k) Autonomiaren galera eta arretaren premia duten egoerak atzemateko sare sozialak ezartzea.

l) Zaintzaileak prestatu eta haiei orientabidea eta sostengua ematea.

m) Komunitatean sostengu soziala ematen duten modu desberdinak (boluntarioen zeregina antolatzen laguntzea, elkarri laguntzeko egiturak sortzen bultzatzea zaintzaileentzat, familiaz kanpoko sostengu sozialeko sareak laguntzea, eta abar) bultzatzea, norberaren autonomia sustatzeko eta beren buruaz baliatzeko zailtasunak dituzten eta mendekotasuna duten pertsonei.

n) Norberaren autonomia sustatzearekin eta beren buruaz baliatzeko zailtasunak dituzten eta mendekotasuna duten pertsonenganako arretarekin zerikusia duten ekintza komunitarioak bultzatzea edo/eta haietan parte hartzea.

6. artikulua . Oinarrizko laguntzako gizarteratze programaren edukia.

1. Oinarrizko laguntzako gizarteratze programak gizartetik haren edozein eremutan baztertuta edo horren arriskuan diren pertsonak gizarteratzen laguntzea izanen du helburu, esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroan aurreikusitakoaren arabera burutuko diren prestazio hauen bidez:

a) Harrera: hasierako harremanaren prozesua profesionalaren eta erabiltzearen artean, non planteatutako premiaren lehen balorazio soziala egiten baita, lehen erantzuna ematen baitzaio eskaerari eta erreferentziako harremana sortzen baita profesionalaren eta erabiltzailearen artean, aukera ematen duena esku-hartze iraunkorra ezartzeko eta agerian ez dauden beste premia batzuk azaltzeko.

b) Orientazio soziala eta aholkularitza: esku-hartze prozesua da, arreta jasotzen duenari entzuna izatea, denbora eta laguntza eskaintzen dizkiona bere eskaera berrikusi eta aztertu ahal izateko bere premien arloan; orobat, lankidetza, erabakiak hartzeko prozesuan, eta lagun egiten dio prozesu hori ebazten.

c) Balorazio soziala: esku-hartze prozesua da, erabiltzaileek egindako eskaerari lotutako premia-egoera identifikatu gogo duena, zuzenean edo zeharka.

d) Diagnostiko soziala edo/eta gizarte eta hezkuntza arlokoa: prozesu horretan irizpen profesional bat ematen da informazio egokia sistematizatuz; horrela, premien izaera eta tamaina eta haien hierarkia zehazten dira, lan hipotesia ezartzen da, pronostikoa edo baloratutako egoerak izan dezakeen bilakaera eta epai tekniko bat egiten dira.

e) Gizartetik baztertzeko egoerak aurreikustea, gizarteratze programarako indarra duten erreferentzia planen esparruan.

f) Gizarte zerbitzuen sistemaren beraren baliabideak eskuratzeko bermea (batez ere, gutxieneko diru-sarreren bermearekin, langileen prestakuntzarekin eta gaikuntzarekin, gizartean eta lanean txertatzearekin zerikusia dutenak), gainerako babes sistemetako (enplegua, osasuna, etxebizitza, hezkuntza) baliabideak eskuratzen lagunduz.

g) Aldeen artean adostutako banakako gizarteratze ibilbideen diseinua, komunitatearen barrenean ahalik eta autonomia maila handiena ekarriko duen sustapen pertsonalik gorena lortzera zuzendua.

h) Akonpainamendu soziala, gizarteratze prozesuetako sostengu gisa diseinatutako ibilbidearen arabera, eta gizartean eta lanean txertatzeko akordioak sinatuz, aldeen arteko konpromisorako tresna gisa.

i) Gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dauden pertsonen premiak ezagutzea, komunitateko talde, entitate eta elkarteekiko harremanen bidez.

j) Komunitatea sentsibilizatzea gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dauden pertsonen egoera eta zailtasunei buruz, jarrera sozial positiboak sustatzea eta gizarte zerbitzuek eman ditzaketen erantzunei buruzko informazioa zabaltzea.

k) Hainbat sostengu sozial sustatzea eta gizarteratzen laguntzen duten komunitatearen baliabideekin lan egitea.

7. artikulua . Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako arreta programaren edukia.

1. Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako arreta programak adingabeei garapen pertsonala ekarriko dien ingurunea segurtatzea du helburu, babes mekanismoen, sostengu pertsonal, familiar eta sozialaren bidez, esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroan aurreikusitako jarduketa hauek baliatuz:

a) Harrera: hasierako harremanaren prozesua profesionalaren eta erabiltzearen artean, non planteatutako premiaren lehen balorazio soziala egiten baita, lehen erantzuna ematen baitzaio eskaerari eta erreferentziako harremana sortzen baita profesionalaren eta erabiltzailearen artean, aukera ematen duena esku-hartze iraunkorra ezartzeko eta agerian ez dauden beste premia batzuk azaltzeko.

b) Orientazio soziala eta aholkularitza: esku-hartze prozesua da, arreta jasotzen duenari entzuna izatea, denbora eta laguntza eskaintzen dizkiona bere eskaera berrikusi eta aztertu ahal izateko bere premien arloan; orobat, lankidetza, erabakiak hartzeko prozesuan, eta lagun egiten dio prozesu hori ebazten.

c) Balorazio soziala: esku-hartze prozesua da, erabiltzaileek egindako eskaerari lotutako premia-egoera identifikatu gogo duena, zuzenean edo zeharka.

d) Diagnostiko soziala edo/eta gizarte eta hezkuntza arlokoa: prozesu horretan irizpen profesional bat ematen da informazio egokia sistematizatuz; horrela, premien izaera eta tamaina eta haien hierarkia zehazten dira, lan hipotesia ezartzen da, pronostikoa edo baloratutako egoerak izan dezakeen bilakaera eta epai tekniko bat egiten dira.

e) Babesgabezia eta gatazka sozialaren egoerak aurreikustea, adingabeen garapen pertsonalerako aukera emanen duen ingurunea sustatuz komunitatearen arloan jarduketak eginez, eta babesgabezia zuzendu eta aldatzera bideratutako sostengua bultzatzea lehen eta bigarren mailako prebentzio programa eta jarduketak eginez.

f) Babesik gabeko egoerak atzeman eta deklaratzea, haurren babesik gabeko egoerak ezagutu, aztertu eta baloratzearren, atzeman eta oinarrizko gizarte zerbitzuari jakinarazitako kasuen babes eskasiaren zenbaterainokoa zehaztuta:

1. Babesik gabeko egoeran edo horren arriskuan diren adingabeen detekzio goiztiarra.

2. Gizarte eragileen sare bat sortzea eta mantentzea (herritarrak, profesionalak eta komunitate zerbitzuak), biziki lagun dezaten antzemate lan horretan.

3. Arrisku eta babesik gabeko egoeren gaineko jakinarazpen guztiak jasotzea eta haietaz arduratzea, oinarrizko jakingarriak lortzea eta gauzatu beharreko ekintzak erabakitzea.

4. Kasu guztiak ikertzea, salbu eta legezko babes neurri presazkoa behar dutenak eta, haien larritasunagatik, berehala adingabea babesteko administrazio unitatera bideratu behar direnak.

5. Arrisku eta babesik gabeko egoera arin/moderatuko kasu guztiak baloratzea, salbu eta presazko legezko babes neurriren bat behar dutenak.

g) Banakako esku-hartze plan bat diseinatu eta garatzea oinarrizko laguntzako gainerako zerbitzuekin (eskola, osasun, familia eta gizarte alorrekoak) koordinatuta, sareko lan sistema bat ezarriz eta esku-hartzeak gainbegiratuz eta ebaluatuz.

h) Familian esku-hartzea babesik gabeko egoera arin eta moderatuetan, babesik gabeko egoera desager dadin edo larriagoa izan ez dadin, eta adingabea familiaren ingurunetik banatu ez dadin; horretarako, familiarekin lan egin beharko da gurasoen hezkuntzarako trebetasunetan, bisitak eginen dira eta esku-hartzeak familian, akonpainamendua, adingabea babesteko administrazio unitatearekin koordinatuz.

i) Esku-hartzea gatazka sozialean bizi diren adingabeekin; horretarako, familiarekin lan egin beharko da gurasoen hezkuntzarako trebetasunetan, bisitak eginen dira eta esku-hartzeak familian, akonpainamendua, neurri judizialean jarraipena, adingabea babesteko administrazio unitatearekin koordinatuz.

j) Komunitatearen zerbitzuek eta Administrazio Publikoaren bestelako mailetako zerbitzuek ere parte har dezaten sustatzea, arriskuan edo babesik gabe dauden adingabeak gizarteratzeko.

k) Eta legeriak toki entitateei haurren eta gazteen arloan esleitutako eskumenen ondoriozkoak, horiek oinarrizko gizarte zerbitzuei dagozkienean.

III. KAPITULUA. FINANTZAKETA SISTEMA

8. artikulua . Oinarrizko gizarte zerbitzuen finantzaketa.

1. Oinarrizko gizarte zerbitzuen eta ematen dituzten programen finantzaketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen kargura eginen da.

2. Aurreko lerroaldearekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arloan eskumena duen departamentuaren bidez, oinarrizko gizarte zerbitzuen lau programen finantzaketa bultzatuko du aurrekontuko diru-izendapenen barrenean.

9. artikulua . Hitzarmenak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta oinarrizko gizarte zerbitzuen titularrak diren toki entitateen eskubide eta betebeharrak urte anitzeko hitzarmenetan ezarriko dira, eduki hau dutela, gutxienez ere:

a) Urte bakoitzerako xedea.

b) Alderdiak.

c) Oinarrizko gizarte zerbitzuaren urte bakoitzeko programak.

d) Programen kostuaren balorazioa urte bakoitzerako.

e) Oinarrizko gizarte zerbitzuaren finantzaketa.

f) Alderdien betebeharrak.

g) Justifikazio prozedura.

h) Jarraipena eta ebaluazioa.

i) Iraupena.

2. Toki entitate titular guztiek sinatu beharko dituzte urte anitzeko hitzarmenak, eta denak daude neurri berean behartuta.

10. artikulua . Urteko finantzaketa zehaztea.

Oinarrizko gizarte zerbitzuak finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekarpena urtero zehaztuko da, kapitulu honetan aurreikusitakoa aplikatuta.

11. artikulua . Erreferentziako datuak.

1. Unitate kudeatzaileak kapitulu honetan ezarritako indizeak aplikatuko ditu, toki entitate bakoitzak jaso beharreko finantzaketa zehaztearren.

2. Horretarako, kontuan hartuko dira Nafarroako Estatistika Institutuak ofizialki argitaratutako azken datuak eta toki entitate bakoitzak emandakoak, foru dekretu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraituz.

12. artikulua . Finantzaketa unitatea.

Titulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, oinarrizko eskualdea hartuko da finantzaketa unitate gisa, erregelamenduz onetsitako eskualdeen arabera, non ez dauden oinarrizko gizarte zerbitzu bat baino gehiago oinarrizko eskualde berean, kasu horretan haien toki entitate titularrak izanen baitira finantzaketa unitatea.

13. artikulua . Gutxieneko lantaldea.

Oinarrizko gizarte zerbitzu bakoitzak erregelamenduz onetsitako lanbide arteko gutxieneko lantaldea eduki beharko du bere populazio estraturako, ezarrita eduki behar dituen programen arabera.

14. artikulua . Finantzaketaren kalkulua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzaketa unitate bakoitzari emanen dion finantzaketa zehazteko, tarteak ezarriko dira: tarte finko bat, programetarako zenbatetsitako kostuaren araberakoa, eta tarte aldakor bat, foru dekretu honetan ezarritako adierazleen arabera neurtuko dena.

15. artikulua . Programetarako zenbatetsitako kostua.

1. Finantzaketa unitate bakoitzean lau programetarako zenbatetsitako kostua lanbide arteko gutxieneko lantaldearena da, populazio estratuaren arabera erregelamendu bidez onetsia.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileek pareko postuan duten oinarrizko lansariaren eta osagarrien arabera kalkulatuko da lanbide arteko gutxieneko lantaldearen kostua.

16. artikulua . Tarte finkoa.

1. Populazio estratu bakoitzarentzat ezarrita den lanbide arteko gutxieneko lantaldearen kostuari dagokion zenbatekoa da tarte finkoa.

2. Gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak ordainduko dio finantzaketa unitate bakoitzari bere populazio estratuaren arabera ezarrita behar dituen programetarako zenbatetsitako kostuaren %50, eta toki entitateari dagokio gainerako %50a jartzea.

3. Jarduketa bereziko eskualdeen kasuan, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak programetarako zenbatetsitako kostuaren %80 ordainduko du, eta oinarrizko gizarte zerbitzuaren titularra den toki entitateari gainerako %20a ordaintzea dagokio. Lau jarduketa programetakoren bat ezarrita ez duten kasuan, ezarrita dituzten programei atxikitako langileei dagokiena izanen da gutxieneko lantaldearen zenbatekoa, erregelamendu bidez onetsitako gutxieneko lantaldearen arabera.

17. artikulua . Tarte aldakorra.

1. Tarte finkoa iristen ez den premietarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, foru dekretu honetan aipatu lau oinarrizko programak garatzeko, finantzaketa unitate bakoitzerako jartzen duen kopurua da tarte aldakorra; kopuru hori ez da premia horien kostuaren %80 baino gehiago izanen.

2. Beren lurralde eremua eta oinarrizko eskualdea erabat berdinak dituzten finantzaketa unitateak bakarrik izanen dira tarte aldakorraren onuradunak.

3. 18. artikuluan aurreikusitako modulua bider finantzaketa unitate bakoitzeko adierazleen puntu batuketa eginez kalkulatuko da tarte aldakorra. Adierazle horiek foru dekretu honetan ezarrita daude.

4. Toki entitateek ezin izanen dute tarte aldakorra aplikatu tarte finkoa finantzatzeko.

18. artikulua . Modulua.

Urtero, azaroan, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko du finantzaketaren tarte aldakorra kalkulatzeko modulua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuarekin bat.

19. artikulua . Tarte aldakorraren adierazleak.

17. artikuluko bigarren lerroaldean ezarritako baldintza betetzen duen finantzaketa unitate bakoitzerako kalkulatuko da, urtero, tarte aldakorra, aurreko urtean oinarrizko eskualde bakoitzean neurtutako adierazle hauek kontuan hartuta:

a) Lehendabizi, lurraldearen heterogeneotasuna kontuan hartuta kalkulatuko da konpentsazioa, irizpide honi jarraituz: 5 bizigune edo gehiago dituzten oinarrizko eskualdeak, non udalerri bakar batek eskualdeko biztanleen %80 edo gehiago dituen; betiere, oinarrizko gizarte zerbitzu bakar batek ematen baditu zerbitzuak eskualdeko udalerri guztietan. Oinarrizko eskualdeko finantzaketaren tarte finkoa %10 igoko da.

b) Gero, eta foru dekretu honen I. eranskinean ezarritako baremoari jarraituz:

1. Sakabanatze geografikoa: 0-35 puntu, oinarrizko eskualdeko kilometro koadroen kopurua bertako bizigune kopuruarekin biderkatuta ateratzen den emaitza kontuan hartuta, I. eranskinean ezarritako eskalarekin bat.

2. Zahartzea: 0-28 puntu, oinarrizko eskualde bakoitzeko 65 urteko edo gehiagoko biztanleen portzentajea kontuan hartuta, I. eranskinean ezarritako eskalarekin bat.

3. Oinarrizko gizarte zerbitzuaren arreta jasotzen duen oinarrizko eskualdeko biztanleriaren portzentajea: 0-16 puntu, I. eranskinean ezarritako eskalarekin bat.

4. Haurreria: 0-28 puntu, 18 urtez azpiko biztanleen portzentajeari arreta jasotzen duen 18 urtez azpiko biztanleen portzentajea gehituta ateratzen den emaitza kontuan hartuta, I. eranskinean ezarritako eskalarekin bat.

5. Gizarteratzea: 0-8 puntu, gizarteratze baliabideen erabiltzaile portzentajearen eta oinarrizko eskualdeko gizarteratze prestazioen onuradunen portzentajearen batez bestekoa kontuan hartuta, I. eranskinean ezarritako eskalarekin bat.

6. Etorkinak: 0-3 puntu, oinarrizko eskualdeko etorkinen portzentajearen eta etorkin izateagatik arreta jasotzen duten biztanleen portzentajearen batez bestekoa kontuan hartuta, I. eranskineko eskalarekin bat.

7. Toki entitateak oinarrizko gizarte zerbitzuari eskaintzen dion aurrekontuaren portzentajea, hari finantzatzea dagokion programen kostuaren %50aren gainean: 0-20 puntu, I. eranskinean ezarritako eskalarekin bat.

Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da finantzaketa unitate bakoitzean.

20. artikulua . Ordainketa.

Lau epetan ordainduko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargurako finantzaketa:

a) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emanen du lehen ordainketarako, hau da, urte horretarako guztira kalkulatzen den kopuruaren %25ari dagokion zenbatekoa ordaintzeko agindua, urteko lehen hiruhilekoan, hitzarmena sinatu ondoren, halakorik bada.

b) Aurreko ekitaldiko txostenak kudeatzen dituen unitateak baliozkotu eta biharamunetik hilabeteko epean, gehienez ere, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emanen du bigarren ordainketarako, hau da, urte horretan finantzatu beharreko kopuruaren %25ari dagokion zenbatekoa ordaintzeko agindua.

c) Hirugarren hiruhilekoa bukatuta dela, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emanen du hirugarren ordainketarako, hau da, urte horretarako guztira kalkulatzen den kopuruaren %25ari dagokion zenbatekoa ordaintzeko agindua.

d) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak hurrengo ekitaldiko urtarrilean emanen du laugarren ordainketarako, hau da, urte horretarako guztira kalkulatzen den kopurutik gelditzen den %25ari dagokion zenbatekoa ordaintzeko agindua.

21. artikulua . Finantzatzen ahal diren gastuak.

Foru dekretu honetan ezarritakoari jarraituz, oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko jarduketa programen prestazioari zuzenean edo zeharka egozten zaizkionak dira, zalantzarik gabe, finantzatzen ahal diren gastuak, baldin eta finantzatutako jarduera gauzatu behar izan zeneko ekitaldiaren kargura ordaindu baziren.

22. artikulua . Justifikazio ekonomikoa eta teknikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarritako funtsen kargura egindako gastuaren justifikazio ekonomikoa eta teknikoa aurkeztu beharko dute toki entitateek, baita beren aurrekontuen kargura jarritakoarena ere, horretarako emandako ereduan, aurrekontu hori betearazi eta hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen. Justifikazioan funts horien zenbatekoa, jatorria eta finantzatutako jardueretan aplikatu izana egiaztatu beharko dira.

2. Aitortzaileak erantzukizuna duela egin beharko da justifikazio ekonomikoa gastuen kontuaren bitartez, bertan, gutxienez ere, langileen, jardueren eta funtzionamenduaren kostua zehaztuta. Gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpenaren bidez onetsitako ereduari jarraituz emanen dira datuak.

3. Oinarrizko lau jarduketa programak foru dekretu honetan definitu diren moduan aurrera eramateko, oinarrizko gizarte zerbitzuak burututako edozein jarduerari egozten ahalko zaio justifikazio ekonomikoaren zenbatekoa.

4. Oinarrizko gizarte zerbitzu baten titular den toki entitate bakoitzak, zerbitzua eman behar izan eta hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen, txosten tekniko bat aurkeztu beharko du programa bakoitzeko egindako jarduerari buruz, horretarako eskuratzen ahal diren ereduetan; betiere, gutxieneko lantaldearen justifikazioa jaso beharko du, populazio estratu bakoitzerako ezarritako profil eta lanaldiekin bat.

5. Unitate kudeatzaileak 15 eguneko epea emanen du txosten teknikoan zein ekonomikoan atzematen diren akatsak zuzentzeko.

6. Epe hori iraganik, kapitulu honetan ezarritako moduko justifikazioaren betebeharra betetzen ez bada edo behar adina justifikatzen ez bada, justifikatu gabeko kopuruak itzuli beharko dira edo finantzaketa murriztuko da, foru dekretu honen 23. artikuluan ezarritako moduan.

7. Unitate kudeatzaileak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, hala badagokio, gastuaren justifikazioari, diru-laguntzaren zati bat aurretik ordaindu bada; txosten horren bidez egiaztatuko da finantzaketa ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.

23. artikulua . Itzulketa eta murrizketak.

1. Oinarrizko gizarte zerbitzuak mantentzeko finantzaketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskutik jasotzen duten toki entitateak behartuta daude jasotako diru kopuruak itzultzera, ez badira dagokien ekitaldian aplikatu haiek emateko arrazoi izandako helburuari.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzatutako zenbatekoaren zati bat ez bada foru dekretu honetan ezarritako moduan eta epean justifikatzen, arloko departamentu eskuduneko unitate kudeatzaileak murriztu eginen du ekitaldian eman beharreko finantzaketaren guztirako zenbatekoa, epe hauen arabera:

a) Gastuen justifikazioa eta jardueraren txostena aurkezteko epea bukatzen den egunean, haietako bakar bat ere aurkeztu ez duten toki entitateek finantzaketarako eskubidea galduko dute.

b) Gastuen justifikazioa eta jardueraren txostena zuzendu beharreko akatsekin aurkezten duten toki entitateek finantzaketaren zenbatekoaren %100 hartzeko eskubidea izanen dute, hura foru dekretu honen arabera kalkulatuta, baldin eta horretarako ezarritako 15 eguneko epean egiten badute zuzenketa.

c) Akatsak eskaeratik 30 egunean zuzentzen badira, finantzaketaren guztirakoa %10 murriztuko da.

d) Akatsak eskaeratik 60 egunean zuzentzen badira, finantzaketaren guztirakoa %20 murriztuko da.

e) Akatsak eskaeratik 90 egunean zuzentzen badira, finantzaketaren guztirakoa %50 murriztuko da.

f) Aurkeztutako dokumentazioko akatsak zuzentzeko eskaeratik 90 egun iraganik, finantzaketaren guztirakoa %75 murriztuko da.

24. artikulua . Bateraezintasunak.

Nafarroako Gobernuak emandako beste diru-laguntza batzuen bidez ezin izanen da finantzatu foru dekretu honen xedeko betearazpena.

Lehen Xedapen Gehigarria. Tarte aldakorreko datuen definizioak eta jatorria.

1. Nafarroako Estatistika Institutuak finantzaketaren aurreko urteari buruz egindako argitalpen ofiziala izanen da biztanleriari edo lurraldeari buruzko datuen iturria (km², biztanle kopurua, 65 urtetik gorako pertsonak, 18 urtez azpiko pertsonak, etorkinen kopurua).

2. Toki entitateek egindako txostenetatik eskuratzen ahalko dira oinarrizko gizarte zerbitzuen arretari buruzko datuak (arreta jaso duten biztanleen kopurua, haur eta familien programako kasuak, gizarteratzeko baliabideak, etorkin izateagatik arreta jasotzen duten pertsonak), baita oinarrizko gizarte zerbitzuek beraiek erabilitako datu-baseetatik ere, beti finantzaketa hitzarmenen bidez arautu badira, eta beste iturri batzuetatik, komenigarri iritziz gero.

3. Aurreko bi lerroaldeetan aurreikusitako ondorioetarako, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen kontseilariak foru agindu baten bidez finkatuko ditu tarte aldakorra neurtzeko behar diren datuen iturriak.

4. Oinarrizko eskualdea osatzen duten herri bakoitzeko udal mugapeko azaleren batuketaren emaitza, kilometro koadrotan neurtua, dira haren kilometro koadroak (km²).

5. Biziguneak Nafarroako izendegian populazio unitate gisa definituta dauden guztiak dira, hau da, biztanleak dituzten toki, eskola, monasterio, baserri, hiribildu, kontzeju, auzo, jaurerri, ermita, geltoki, herrixka, hiri, auzune, santutegi, lantegi, errota, abeltegi edo auzoberriak.

6. Gizartearen edozein esparrutan, hartatik baztertuta edo horren arriskuan dagoen jendea gizarteratzeko helburua dutenak dira gizarteratze baliabideak.

7. Esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren I. eranskineko F atalean eta II. eranskineko D atalean, esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroan, jasotakoak dira gizarteratze prestazioak.

8. Espainiako nazionalitatea ez duen pertsona da etorkina.

9. Oinarrizko lau programak aurrera eramatekoa dena da toki entitateak oinarrizko gizarte zerbitzurako duen aurrekontua.

10. Betiere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Iruñeko oinarrizko eskualdea.

Gizarte zerbitzuen arloko Iruñeko oinarrizko eskualdearen antolaketa egiturarekin bat, auzoko unitate bakoitza finantzaketa unitate bat izanen da.

Tarte aldakorra kalkulatzeko, foru dekretu honetan ezarritako adierazleak oinarrizko eskualde osoari aplikatuko zaizkio eta emaitza une horretan jardunean diren auzo unitateen kopuruarekin biderkatuko da.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. 30.000 biztanletik gorako oinarrizko eskualdeak.

30.000 biztanletik gorako oinarrizko eskualdeak bi finantzaketa unitatetzat hartuko dira.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Lizarrako oinarrizko gizarte zerbitzua.

Lizarrako oinarrizko gizarte zerbitzuari ez zaio 17. artikuluko bigarren lerroaldeko aurreikuspena aplikatuko; izan ere, foru dekretu honen onespena baino lehenagokoa da oinarrizko beste gizarte zerbitzu bat oinarrizko eskualde horretan berean.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Populazio estratuetako aldaketak.

Oinarrizko gizarte zerbitzu baten finantzaketaren tarte finkoa kalkulatzean populazio estratuan izandako aldaketa onartzeko, tarte berriari dagokion biztanle kopurua bi urte segidan mantendu beharko da.

Estratu aldaketa baten ondoko finantzaketa foru dekretu honek indarra hartu aurretik jasotzen zena baino txikiagoa bada, haren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa aplikatuko da.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Jarduketa berezikoak izatera iristen ahal diren oinarrizko eskualdeak.

5.000 biztanletik 5.100 biztanlera bitarteko populazioa duten oinarrizko eskualdeak beren populazio estratuko programen kostu zenbatetsiaren %70arekin eta foru dekretu honen 17. artikuluan aurreikusitakotik aplikatzekoa den tarte aldakorrari dagokion zenbatekoarekin finantzatuko dira.

5.100 biztanletik 5.200 biztanlera bitarteko populazioa duten oinarrizko eskualdeak beren populazio estratuko programen kostu zenbatetsiaren %60arekin eta foru dekretu honen 17. artikuluan aurreikusitakotik aplikatzekoa den tarte aldakorrari dagokion zenbatekoarekin finantzatuko dira.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Ikuskapena.

Gizarte zerbitzuen ikuskapenak foru dekretu honetan eskatutako betekizunak betetzen direla egiaztatuko du, eskatzen diren gutxieneko lantaldeei buruz, baita foru dekretu honetan araututako edozein programa ezartzeari edo behar bezala gauzatzeari buruz ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean eta esparru orokorreko gizarte zerbitzuen zorroan ezarritakoari jarraituz.

Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Mendekotasuna dutenentzako Etxeko Laguntza Zerbitzua.

Aurreko artikuluetan jasotako finantzaketaz gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio oso-osorik ordaintzea Udalaren Etxeko Laguntza Zerbitzua ematearen kostua, Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun-Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako aplikazio gehikorraren egutegiaren aplikazioa bermatua dutenentzat. Gizarte zerbitzuen arloko kontseilari eskudunak erregelamendu bidez garatuko du prestazio horren kalkulua.

Lehen Xedapen Iragankorra. Gutxieneko lantaldeak.

Oinarrizko laguntzako lanbide arteko gutxieneko lantaldeak erregelamenduz garatu bitartean, oinarrizko gizarte zerbitzuen titular diren toki entitateen finantzaketaren tarte finkoa kalkulatzeko, II. eranskinean ezarritakoa izanen da gutxieneko lantaldea.

Foru dekretu honek indarra hartu eta hiru urteko epean, toki entitateek oinarrizko gizarte zerbitzuaren parte diren figura profesionalak foru dekretu honetan lanbide arteko gutxieneko lantalderako ezarritako mailekin parekatuko dituzte, edo hura ordezten duen garapeneko araudiak ezarritakoekin.

Bigarren Xedapen Iraunkorra. Finantzaketa berdintzea.

Foru dekretu honen testuan eta eranskinetan ezarritakoaren arabera sistema berriaren finantzaketa eta zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako finantzaketa osagarria aplikatuta, finantzaketa unitatearen finantzaketa foru dekretu honek indarra hartu aurretik izenpetutako azken hitzarmenaren bidez jasotakoa baino txikiagoa bada, besterik gabe konpentsatuko zaie zenbatekoa, aipatu hitzarmenekoa adinakoa izan dadin.

Hirugarren Xedapen Iragankorra. Programen ezarpena.

1. Foru dekretu honek indarra hartu eta bigarren urteko abenduaren 31n ezarrita egon beharko du oinarrizko laguntzako haur eta familientzako laguntza programak foru dekretu honen 3. artikuluaren arabera horretara behartuta dauden oinarrizko eskualde guztietan.

2. Foru dekretu honek indarra hartu eta hirugarren urteko abenduaren 31n ezarrita egon beharko du oinarrizko laguntzako gizarteratze programak foru dekretu honen 3. artikuluaren arabera horretara behartuta dauden oinarrizko eskualde guztietan.

Laugarren Xedapen Iragankorra. Toki entitateen oinarrizko gizarte zerbitzurako aurrekontuari buruzko tarte aldakorraren adierazlea.

Foru dekretu honen lehen urteko aplikazioan, toki entitateen oinarrizko gizarte zerbitzurako aurrekontuari buruzko adierazlea ez da aplikatuko finantzaketaren tarte aldakorraren zenbatekoa kalkulatzeko.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta urte bereko urtarrilaren batetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politiketako kontseilaria, Íñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA. TARTE ALDAKORRAREN BAREMOAK

SAKABANATZEA

BAREMOA

UDALERRI BAKARREKO OGZ

0

0-2.500

1

2.500-5.000

8

5.000-7.500

12

7.500-10.000

14

10.000-12.500

16

12.500-15.000

20

15.000-17.500

25

17.500-20.000

28

“ 20.000

35

ZAHARTZEA

BAREMOA

%0-%10

0

%10-%15

5

%15-%18

10

%18-%20

16

%20-%25

20

“25%

28

HAURRAK

BAREMOA

%0-%10

0

%10-%15

1

%15-%17

2

%17-%20

4

%20-%25

6

“ %25

8

GIZARTERATZEA

BAREMOA

%0-%2

0

%2-%5

1

%5-%6

3

%6-%7

5

%7-%8

6

%8-%9

8

%9-%10

8

“ %10

8

ARRETA JASOTZEN DUEN POPULAZIOA

BAREMOA

%0-%10

0

“%10-%12

2

“%12-%14

4

“%14-%16

7

“%16-%18

10

“%18-%20

13

“%20

16

IMMIGRAZIOA

BAREMOA

%0-%5

0

%5-%10

1

%10-%15

2

%15-%20

3

“%20

3

OGZ-RAKO PUNTUAK

BAREMOA

%0-%25

0

%25-%100

1

“%100

2

II. ERANSKINA. GUTXIENEKO LANTALDEAK

HARRERA

MEND. ARR. ETA AUTON.

HAURRAK

GIZARTERATZEA

“ 5.000 bizt.

0,75 TS. 1 ADM.

0,5 ASC

0,25 TS. 2TTFF

0,25 ES

0,25 ES

1 TS. 1 ADM. 0,5 ES. 0,5 ASC. 2 TF.

5.000-7.500 biztanle

1 TS. 1 ADM.

0,50 TS 2,5 TTFF

0,50 ES

0,50 ES

1,5 TS. 1 ADM. 2,5 TF. 1 ES.

7.500-10.000 biztanle

1 TS. 1 ADM.

0,50 TS 3 TTFF

0,25 TS 0,50 ES

0,25 TS 0,50 ES

2 TS. 1 ADM. 3 TF. 1 ES.

10.000-15.000 biztanle

1,25 TS. 1 ADM.

0,75 TS. 3,5 TTFF

0,25 TS 0,75 ES

0,25 TS 0,75 ES

2,50 TS. 1 ADM. 3,5 TF. 1,5 ES.

15.000-20.000 biztanle

1,50 TS. 1,5 ADM.

1 TS. 4 TTFF

0,50 TS. 1 ES

0,50 TS. 1 ES

3,50 TS. 1,5 ADM. 4 TF. 2 ES.

20.000-30.000 biztanle

1,5 TS. 1,5 ADM.

1 TS. 4,5 TTFF

0,75 TS. 1,25ES

0,75 TS. 1,25ES

4 TS. 1,5 ADM. 4,5 TF. 2,5 ES.

30.000 biztanletik gora

2 TS. 1,5 ADM

1 TS 5 TTFF

0,5 TS. 1 ES

0,5 TS. 1ES

(4TS. 1,5ADM. 2ES. 5TF) x ZB

F1307610

Iragarkiaren kodea: F1307610

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web