(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

12/2010 FORU LEGEA, ekainaren 11koa, defizit publikoa murrizteko neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitaterako moldatzen dituena Nota de Vigencia

BON N.º 72 - 14/06/2010



ZIOEN AZALPENA

Maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez, Nazioko Gobernuak neurri berezi batzuk hartu ditu defizit publikoa murrizteko, jasaten ari garen krisi ekonomikoaren ondorioz. Neurri horiek, Espainiako administrazio publiko guztietan aplikatzekoak, Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13., 14., 16., 17. eta 18. idatz-zatien babesean ematen dira, errege lege dekretuaren arabera. Izan ere, arau horietan xedatzen da Estatuaren eskumen esklusiboa direla, hurrenez hurren, ekonomia jarduera oro har planifikatzeko oinarriak eta koordinazioa, ogasun orokorra eta Estatuaren zorra, farmazia produktuen gaineko legeria, Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeria eta araubide ekonomikoa eta funtzionario publikoen estatutu araubidearen oinarriak.

Behar bezala aplika daitezen Nafarroako Foru Komunitatean, eta indarreko araudiarekin bat, beharrezkoa da foru lege mailako arau bat onestea aipatutako neurriak jasotzeko, zehazki honako hauei buruzkoak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2010eko ordainsariak; horien ondorioz Foru Komunitatearen Administrazioaren aurrekontuan egin beharreko kudeaketa; eta toki entitateei ekonomia eta finantza arloan aplikatu beharrekoak, besteak beste.

Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen ordainsariei dagokienez, lehenik hau hartu da kontuan: 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legeak ezartzen du, langileria gastuei buruzko II. tituluan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsariak ez direla behin-behinekoz gehituko harik eta Negoziazio Mahai Orokorrarekin egin beharreko negoziazioa bukatu arte. Halaber, horren arabera, behin sindikatuen ordezkariekin 2010eko lansariek izan beharreko gehikuntza orokorrari buruzko akordioa lorturik (aipatutako aurrekontuetako langileria gastuei buruzko I. kapituluan onetsitako kredituen kargura finantzatu behar da), Nafarroako Gobernuak tramitatuko du dagokion foru lege proiektua. 2010eko martxoaren 26an, Administrazioaren eta sindikatuen arteko akordioa sinatu da Negoziazio Mahai Orokorrean, hain zuzen ere Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2010. eta 2011. urteetarako lan baldintzei buruz. Akordio horren 2. puntua langileen erosahalmena mantentzeari buruzkoa da, eta hartan ezartzen da 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera %0,3 igoko direla, oro har, langileen ordainsariak. Igoera hori bera ezarri du, oro har, 2010erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak sektore publikoko langileentzat, langileria gastuen arloko ekonomia jardueraren planifikazio orokorrerako oinarrien eta koordinazioaren barnean.

Maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuak ezartzen du 2010eko ekainaren 1etik aurrera sektore publiko guztiaren ordainsariak ehuneko bost murriztu behar direla, guztira, urte guztia kontuan harturik, oinarritzat harturik 2010eko maiatzaren 31n indarra zutenak. Ondoren, xedatzen du nola gauzatuko den eta zer eragin izanen dituen bai oinarrizko ordainsarietan bai osagarrietan. Aintzat harturik Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritako ordainsarien sistema berariazkoa, aipatutako irizpideak hari moldatu behar zaizkio, foru lege honetan jaso diren xedapenen bidez.

Kontuan izanik ordainsariak sektore publiko osoan murriztu behar direla, foru lege honek aurreikusten du Nafarroako Justizia Administrazioaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariak ere murriztuko direla, foru araudian ezarritako ordainsarien kontzeptuei dagokienez. Halaber, enpresa eta fundazio publikoetako langileei ere murriztuko zaizkie.

Beste alde batetik, eta irakasleen ordainsariak finkatzeari dagokionez, ikastetxe itunduetan ordainketa eskuordetuan sartuta dauden irakasleen ordainsariak finkatzeko, erreferentziatzat hartzen dira irakasle funtzionarioen kidegoen ordainsariak. Hala jasotzen da aplikatzekoa den araudian; zehazki, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 117.4 artikuluan (modulu ekonomikoaz aritzean, hau ezartzen du: "aurreko paragrafoan adierazitako irakasleen soldatei dagozkien kopuruek horien ordainsaria etapa bakoitzeko irakasle publikoenarekin pixkanaka parekatzea ahalbidetuko dute"), eta, ildo beretik, lege horren 27. xedapen gehigarrian (moduluak berrikusteko betebeharra ezartzen du, horretarako ere funtzionario publikoen ordainsariak erreferentziatzat harturik).

Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen ondotik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko irakasleen ordainsariekiko analogia %95ekoa izan da. Foru lege horren ildotik, bai 2008ko martxoko "Irakaskuntza itunduaren sektorean hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza eta hobekuntza sozialak negoziatzeko oinarrien akordioak" bai urte hartako bereko ekaineko "Irakaskuntza itunduaren sektorean hezkuntzaren kalitatea eta lan baldintzak hobetuz joateko akordioak" (biak ere indarrekoak) ezartzen dute zer neurri hartu behar diren sare publikoko irakasleen ordainsariekiko %95eko analogia izan dadin urtero. Analogia prozesu horretan, 2010eko ekitaldian ikastetxe itunduetan ordainketa eskuordetuan sartzen diren irakasleen ordainsariak zehazteko, beharrezkoa da sare publikoko langileen ordainsarien aldaketak kontuan hartzea. Horregatik modulu ekonomikoak aldatu behar dira, lehenik 2008ko ekaineko akordioa (lan baldintzak hobetuz joateari buruzkoa) gauzatzeari dagokionez, behin "Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen baldintzei buruz Administrazioak eta sindikatuek 2010. eta 2011. urteetarako sinatutako akordioa" lortu ondoren (2010eko martxoaren 26an), eta, bigarrenik, 8/2010 Errege Lege Dekretua aplikatzeari dagokionez.

Bestalde, Nafarroako toki entitateei dagokienez, foru lege honetan jasotako neurriak aplikatuta toki entitateetan lortzen diren aurrezkiak honetarako erabiliko dira: geldikin negatiboak sanotzeko, zorpetzea murrizteko edo, hala dagokionean, inbertsioak finantzatzeko. Halaber, bidezkoa da baimena ematea toki entitateek kredituak sina ditzaten toki azpiegituren eta inbertsioen planen babeseko obrak finantzatzeko, betiere obra horien finantzaketan onuradunei dagozkien portzentajearen zenbatekokoak. Izan ere, horrela beteko da 2005-2008 eta 2009-2012 aldietarako toki azpiegituren eta inbertsioen planen foru lege arautzaileetan aurreikusitakoa, horrela gauzatuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan ezarritakoa. Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenekin bat datorren tokiko garapenerako lanabes bat arautzen dute bi lege horiek.

1. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsarien igoera orokorra 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera.

1. 2010eko urtarrilaren 1etik 2010eko maiatzaren 31ra, 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legearen 6., 7.1, 8. eta 9.5 artikuluetan aipatutako ordainsariak %0,3 igoko dira.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatuta, E mailako hasierako soldata 13.548,64 eurokoa da.

2. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsarien murrizketa orokorra 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

1. 2010eko ekainaren 1etik aurrera, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariak %5 murriztuko dira guztira, urte guztia kontuan izanik, oinarritzat harturik 2010eko maiatzaren 31n indarra zutenak. Defizit publiko nazionala murrizteko maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuak hartutako neurri berezien ondoriozkoa da murrizketa hau, eta foru lege honekin bat aplikatu da.

2. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariak beraien mailen arabera eta irizpide hauekin bat murriztuko dira:

a) Ondoren adierazten da zer portzentaje murrizten den maila bakoitzeko hasierako soldatan, eta 2010erako, data horretatik hasita, urteko zenbateko hauek ezartzen dira:

MAILA

MURRIZKETA
PORTZENTAJEA

ONDORIOZKO URTEKO ZENBATEKOA

A

%6,70

25.  281,76 euro

B

%4,86

21.  268,80 euro

C

%3,54

17.  643,22 euro

D

%1,38

15.  365,84 euro

E

%0,24

13.  516,16 euro

b) Maila bakoitzean, hasierako soldataren portzentaje baten ondoriozko ordainsari-kontzeptu baten zenbatekoa kalkulatzeko, aurreko idatz-zatian maila bakoitzerako ezarritako soldatak erabiliko dira.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen destino osagarrien indizeetako zenbatekoak %5 murrizten dira oro har, eta berariazko osagarria behar adina doituko da, ukitutako langileei artikulu honetako 2. idatz-zatiko a) letran haien mailarako aurreikusitako murrizketa portzentajea aplika dakien.

d) Gainerako ordainsari-kontzeptuak %5 murrizten dira oro har, salbu konpentsazio osagarri pertsonalak. Horiei, dagokien mailarako ezarritako murrizketa portzentajea aplikatuko zaie.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako zerbitzu zuzendarien ordainsariak eta funtzionarioen artean izendapen librearen bidez hautatutako gainerako langileen ordainsariak, oroharreko zenbatekoan ezarrita badaude, %7 murrizten dira.

4. 2010eko ekainaren 1etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan kontratudunen ordainsariak beraien mailen arabera murrizten dira, eta ondoko irizpide hauekin bat:

a) Talde bakoitzeko oinarrizko soldata eta hirurtekoak artikulu honetako 2. idatz-zatiko a) letran langile funtzionarioen eta estatutupeko langileen maila bakoitzerako ezarritako portzentajearen arabera murrizten dira.

b) Gainerako ordainsari-kontzeptuak artikulu honen 2. idatz-zatiko a), b) eta c) letretako irizpideen arabera murrizten dira.

5. Nafarroako gainerako administrazio publikoen zerbitzuko lan kontratudunen kasuan, administrazio bakoitzak zehaztuko du ordainsarien murrizketa, foru lege honetan ezarritako irizpideekin bat.

3. artikulua. Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen ordainsarien murrizketa orokorra 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

1. 2010eko ekainaren 1etik aurrera, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen ordainsariak beraien ordainsari sistema arautzen duen araudiko irizpideekin bat murrizten dira.

2. Nafarroako Gobernuak onetsitako Jarduketa Planaren ondorioz langile horiek jasotzen duten osagarri iragankorrari dagokionez, kidego bakoitzeko zenbatekoa behar adina murrizten da, ordainsarien murrizketa orokorra bat etor dadin foru lege honetako 2. artikuluan dagokion mailarako ezarritako portzentajearekin.

4. artikulua. Ordainsarien murrizketa orokorra, Nafarroako Gobernuko kideentzat, zuzendari nagusientzat, erakunde publikoetako zuzendaritzako langileentzat eta gainerako behinbehineko langileentzat, 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

1. 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legean Nafarroako Gobernuko lehendakariarentzat eta kontseilarientzat ezarritako ordainsariak %15 murrizten dira 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

2. 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legean Nafarroako Foru Administrazioaren zerbitzuko zuzendari nagusientzat ezarritako ordainsariak %8 murrizten dira 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

3. 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legean erakunde autonomoetako zuzendaritzako langileentzat ezarritako ordainsariak %7 eta %12 artean murrizten dira 2010eko ekainaren 1etik aurrera, urteko zenbatekoaren arabera, honako eskalarekin bat:

a) Urteko zenbatekoa 70.000 euro edo gehiago: %12.

b) Urteko zenbatekoa 56.000 eta 70.000 euro artean: %8.

c) Urteko zenbatekoa 56.000 euro baino gutxiago: %7.

4. 2010eko ekainaren 1etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gainerako behin-behineko langileen ordainsariak %7 murrizten dira, salbu Nafarroako Gobernuko kideen kabineteetako administrazio langileen eta laguntzaileen kasuan. Horiei foru lege honen 2. artikuluan dagozkien mailetarako ezarritako murrizketa aplikatzen zaie.

5. artikulua. Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua kudeatzeko neurriak.

1. "Defizit publikoa murrizteko neurri berezien aplikazioa" izeneko 110000-11000-1800-923400 gastuetako kontu-saila sortzen da, eta zabaltzen ahalko da.

2. Foru lege honek indarra hartu eta handik hilabeteko epean eginen da kontu-sailaren hasierako zuzkidura, 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako langileria gastuaren kontu-sailen kargura. Foru lege hau aplikatzearen ondorioz langileen arloan sortutako kreditu soberakinei dagokien zenbatekoa izanen du kontu-sail honek.

3. Kontu-sail sortu berri honetan egindako aurrekontu aldaketek ez dituzte izanen Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluan eta 44. artikulutik 50.erainokoetan (biak barne) ezarritako mugak. Aurrekontuko langileria gastuen gainerako kontu-sailekin izandako funts mugimenduak doikuntzatzat hartuko dira, baldin eta behin mugimenduak eginik kontu-sail honen zenbateko orokorra mantentzen bada.

4. Aurreko idatz-zatiko funts mugimendu guztiak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak baimenduko ditu, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak proposaturik.

6. artikulua. Murrizketa orokorra enpresa eta fundazio publikoetako langileen ordainsariei aplikatzea.

1. 2010eko ekainaren 1etik aurrera, enpresa publikoek beraien langileen ordainsariak, guztira, %5 murriztuko dituzte batez beste, urte guztia kontuan izanik, oinarritzat harturik 2010eko maiatzaren 31n indarra zuten ordainsariak, artikulu honetan ezarritako irizpideekin bat, eta betiere aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan itundutakoa errespetatuz.

2. 2010eko ekainaren 1etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enpresa eta fundazio publikoetako zuzendaritzako langileen ordainsariak, guztira, goi kargudunak izan zein ez, %7 eta %12 artean murriztuko dira, urteko zenbatekoaren arabera, foru lege honen 4. artikuluaren 3. idatz-zatian jasotako eskalarekin bat.

3. Aipatutako enpresa eta fundazio publikoetako gainerako langileei, hala dagokionean, ordainsarien murrizketa orokorra aplikatuko zaie, foru lege honen 2. artikuluan jasotako irizpideekin bat, betiere aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan itundutakoa errespetatuz.

4. Nafarroako gainerako Administrazio Publikoen enpresa, fundazio eta bestelako erakunde publikoen kasuan, haietako bakoitzak zehaztuko du bere langileen ordainsarien murrizketa, foru lege honetan ezarritako irizpideekin bat.

7. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoari aplikatu beharreko neurriak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen araubidea ezartzen duen apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretuan ezarritako ordainsariak foru lege honen 2. artikuluan langile horiei dagokien mailan ezarritako portzentajea murrizten dira, 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanaldi osoan aritzen diren irakasle eta ikertzaile funtzionarioen banakako merezimenduei dagozkien ordainsari osagarrien esleipena arautzen duen apirilaren 20ko 37/2009 Foru Dekretuan ezarritako ordainsari osagarrien zenbatekoa %5 murrizten da, 2010eko ekainaren 1etik aurrera.

3. 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legearen 22. artikuluaren a) idatz-zatia aldatzen da, irakasleen ordainsari osagarriei erantzuteko transferentzia arrunten gehieneko zenbatekoari dagokionez, eta 2.854.250 euroko gehieneko zenbatekoa ezartzen da.

4. Aurrekoen ondorioz sortzen den aurrezkia dagokien kontu-sailen ez-betetzetzat hartuko da 2010eko aurrekontuen itxieran.

8. artikulua. Toki entitateei ekonomia eta finantza arloan aplikatu beharreko neurriak.

1. Nafarroako toki entitateetan 2010. eta 2011. urteetako ekitaldietan langileen kostuak murrizteko neurriak aplikatzearen ondorioz sortzen diren baliabideak honetarako erabiliko dira, eta lehentasun ordena honetan: a) azkeneko likidazioko diruzaintza geldikin negatiboak sanotzea, b) epe luzeko zorpetzearen gutxitzea, eta c) inbertsioak finantzatzea.

Diruzaintzan geldikin negatiborik ez bada eta epe luzeko zorpetzerik ere ez bada, ekitaldi batean inbertsioak finantzatzeko erabili ez diren baliabideak hurrengo ekitaldietan erabiliko dira, helburu beretarako, lehentasun ordena berarekin.

2. 2005-2008 eta 2009-2012 aldietarako toki azpiegituren eta inbertsioen planen babeseko obrak dituzten toki entitateek dagokien ekarpen portzentajea finantzatzeko kredituak ituntzen ahalko dituzte, behin Toki Administrazioko Departamentuak proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa egiaztaturik Nota de Vigencia.

Gainerako inbertsioetarako, toki azpiegituren eta inbertsioen planen babesa ez dutenetarako, kredituak ituntzen ahalko dira, baldin eta aurretik Toki Administrazioko Departamentuak baimena ematen badu, kontuan harturik aplikatzekoa den foru araudia eta 2011. urterako defizit publikoa murrizteko helburuak. Helburu horiek Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak hartzen dituen maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuan zehaztu ziren.

Lehen Xedapen Gehigarria .Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz sinatutako akordioak hein batean etetea.

2010eko ekainaren 1etik aurrera, hein batean eteten dira Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan sinatutako akordio eta itun guztiak, foru lege honetan ordainsariei buruz jasotako neurriak egoki aplikatzeko behar den neurrian; zehazki, eteten da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruzko 2010. eta 2011. urteetarako Akordioa, Negoziazio Mahai Orokorrean sinatu zena 2010eko martxoaren 26an.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Kotizazio oinarriak.

Kotizaziorako kontuan hartu beharreko ordainsaria, Gizarte Segurantzan aplikatzen diren irizpide berberekin zehaztuko dena, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarritako sistemari eta azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 3 bis artikuluan aurreikusitakoari dagokienez, 2010eko maiatzeko bera izanen da, salbu eta jasotzen diren ordainsariengatik handiago bat baldin badagokio. Kasu horretan, ordainsari handiago horren arabera eginen da hileroko kotizazioa.

Hirugarren Xedapen Gehigarria .Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak ikastetxe itunduei aplikatzea.

Ikastetxe itunduetako eskola unitateetako modulu ekonomikoen urteko zenbatekoak (hezkuntza maila eta modalitate guztietakoak) aldatu egiten dira 2010eko ekitaldirako, halako moduz non irakasleen ordainsariei buruzko aurreikuspenek ahalbidetuko duten "Irakaskuntza itunduaren sektorean hezkuntzaren kalitatea eta lan baldintzak hobetuz joateko akordioa" betetzea, mantenduz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko irakasle funtzionarioen oinarrizko soldatarekiko eta irakasleen osagarri berariazkoarekiko ordainsarien %95eko analogia, kontuan harturik irakasle funtzionarioentzat foru lege honetan ezarritako aldaketak.

Laugarren Xedapen Gehigarria .Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak Iruñeko eta Tuterako UHUNeko ikastetxe elkartuei eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari aplikatzea.

2010ean Iruñeko eta Tuterako UHUNeko ikastetxe elkartuetako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen ordainsariak murriztu eginen dira, eta horrek sortzen duen aurrezkia (bai Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak hartzen dituen maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretua zuzenean aplikatzearen ondorioz, bai Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileei Foru Komunitateko Administrazioko langileentzako foru lege honetan jasotako neurriak aplikatzearen ondorioz) dagozkien 2010eko azken hiruhileko transferentzia arrunten kontu-sailetatik kenduko da, dagokien ordainketa aurreratutik. Horretarako, Iruñeko eta Tuterako UHUNeko ikastetxe elkartuetako idazkariek eta Nafarroako Unibertsitateko kontu-hartzaileak Hezkuntza Departamentuari jakinaraziko diote, irailaren lehen hamabostaldian, zer aurrezki sortu duen neurri honek 2010eko ekainaren 1etik abenduaren 31ra. 2010eko aurrekontu itxieran, aurrezki hori dagozkion kontu-sailen ez-betetzetzat hartuko dira.

Bosgarren Xedapen Gehigarria .Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren araupeko langileei aplikatzea.

Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 28.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, foru lege honen 1. eta 2. artikuluetan jasotako xedapenak berdin aplikatuko zaizkie aipatutako estatutuaren araupeko langileei.

Azken Xedapenetako Lehena .Foru legearen garapena eta aplikazioa.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan, foru lege hau garatzeko eta aplikatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko ekainaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria (Nafarroako Gobernuko lehendakaria falta baita, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 26. artikulua), Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1010273

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web