(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2010 FORU LEGEA, apirilaren 28koa, Terrorismoaren biktimei laguntzekoa.

BON N.º 57 - 10/05/2010



  I. KAPITULUA. Arau orokorrak


  II. KAPITULUA. Terrorismoaren biktimen eskubideak


  III. KAPITULUA. Kalte fisiko edo psikikoengatiko kalteordainak, kalte materialen konponketa eta mendekotasun egoeragatiko kalteordainak

  I. atala. Kalte fisiko edo psikikoengatiko kalteordainak eta kalte materialen konponketa

  II. atala. Mendekotasun egoeragatiko kalteordainak


  IV. KAPITULUA. Dirulaguntzak


  V. KAPITULUA. Bakerako eta bizikidetasunerako hezkuntza


  VI. KAPITULUA. Laguntzaren arloko ekintzak


  VII. KAPITULUA. Ohorezko sariak eta elkartasun funtsen bermea


  VIII. KAPITULUA. Enplegu publikoa


  IX. KAPITULUA. Zerga arloko neurriak


  X. KAPITULUA. Terrorismoaren biktimei laguntzeko batzordea


ZIOEN AZALPENA

Terrorismoa da herritarrek gaur egun pairatu behar duten gaitz handienetako bat, biktimei eta haien senideei eragiten dien atsekabea izugarria baita; atsekabe hori gizarteak berak ere jasaten du, eta horren aurrean ez dago elkartasuna eta aintzatespena erakustea baino; atsekabe hori erailketen bidez azaltzen da, baina baita mehatxuen, bahiketen, estortsioen eta xantaien bidez ere; fanatikoek, izan ere, horiek denak baliatzen baitituzte euren helburuak erdietsiko dituztelako ilusio faltsuarekin.

ETA talde terroristak etengabe jardun du Nafarroan azken berrogeita hamar urteetan. Gaitz hori, nafarrek sendo, etengabe eta tinko gaitzetsiagatik, gure artean izan dugu hala trantsizio demokratikoan nola egungo esparruan, hau da, Espainiako 1978ko Konstituzioak nahiz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak taxututako eskubideen eta askatasunen esparruan.

Zorionez, gizartearen gehiengo handi batek irmotasunez gaitzesten ditu ekintza terroristak, eta hortaz, ez dago soberan gizarte hori bera ordezkatzen duten erakundeek, eta zehazki Nafarroako Parlamentuak, terrorismoari aurre egiteko ez ezik ekintza basati horien biktimei ordaina emateko ere balio duten tresnak abian jartzea. Hartara, gure ustez egokia da, ordaina erabatekoa izan dadin, lege-mekanismoak artikulatzea, ekidite aldera hiltzaile terroristek nahiz haien ekintzekin pozten direnek eta terrorismoa postulatu politikoak erdiesteko tresna baliagarri gisa babesten dutenek terrorismoa goratzen eta biktimak laidotzen jarraitu ahal izatea.

Sekula baino beharrezkoagoa da erakunde publikoek, baita Nafarroako Parlamentuak ere, biktimen aldeko konpromiso zehatza izenpetzea, zaurien minari edo senide baten galeraren minari ez dakien gehitu beste nahigabe bat, hain zuzen ere hiltzaileak omenaldiak jasotzen ikusi beharra edo haien argazkiek gune publikoak betetzea hilketak gertatu diren leku beretan eta hildakoen senideek igaro behar duten leku beretan. Sekula baino beharrezkoagoa da Nafarroako erakundeek indarrak batzea, ekidite aldera gisa horretako ekintzak, ekidite aldera terrorismoak eta bere inguruneak jarrera anbiguoetan babeslekua aurkitu eta, hala, terrrorismoak biziraun dezan.

Espainian, abenduaren 30eko 13/1996 Legearen bitartez arautu zen terrorismoaren biktimentzako laguntza -ondoren, aurrekontu legeen bidez aldatu izan da-, eta batez ere urriaren 8ko 32/1999 Legearen bitartez, zeina martxoaren 12ko 2/2003 Legeak aldatu baitzuen.

Nafarroan, aldiz, Estatuko araudiak biktimentzako ezartzen dituen laguntzak indartzeko eta osatzeko lege-testu berekiak onetsi dituzten autonomia erkidegoetan ez bezala, ez dugu legearen mailako araurik, eta, legebiltzar honen ustez, hori zuzendu beharra dago; izan ere, Nafarroa da terrorismoak gehien zigortutako gizarteetako bat eta ETA banda terroristaren lehentasunezko helburuetako bat. Nafarrok, horrenbestez, gure eginahala gehitu behar diogu beste batzuenari, biktimenganako aitorpena eta erreparazioa ahalik eta osoena izan dadin Foru Komunitatean ere; denok dugu, izan ere, biktimenganako zor moral eta material bat, kasu askotan nekez ordain daitekeena; baina, gutxienez ere, ahalegina egin daiteke aintzatespena, laguntza eta elkartasuna ahalik eta handienak izan daitezen.

Foru lege honen kezka nagusia da ETAren terrorismoaren biktimei aitorpena egitea eta babesa ematea; izan ere, bereziki Foru Komunitateko herritarrek terrorismoaren laztasuna, iraunkortasuna eta errealitate tristea pairatzen jarraitzen dute. Horrekin, ordea, ez dira gutxietsi behar beste errealitate tamalgarri batzuk, hala nola nazioarteko terrorismoa, ez eta ahantzi ere gaur egun zorionez desagertu diren indarkeria terroristaren beste egoera batzuk, esaterako GAL taldearena eta eskuin muturreko taldeena, eta halaxe dago jasota foru lege honen xedean.

Parlamentu honen aburuz, erakundeen eginahala gehitu behar diogu Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek terrorismoaren eta terrorismoa babesten dutenen aurka egiten duten ahalegin adoretsuari, biktimek, eragin zaien atsekabearen ordainetan, dagokien tokia har dezaten. Azken finean, pairatu duten atsekabearen ordainetan babes handiagoa eman nahi zaie.

I. KAPITULUA. Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honek xede du omenaldia egitea eta aitorpenik handiena adieraztea ekintza terroristak pairatu dituztenei oro har eta, Nafarroan zehazki, ETAren terrorismoaren biktimei, bai eta ekintza terroristak pairatu dituztenentzako laguntza integrala emateko sistema bat ezartzea ere, inguruabar eta beharrizan pertsonal, familiar eta sozialak artatzeko zenbait neurri eta jarduketa artikulatuz Nafarroako Foru Komunitateak arlo horietan esleiturik dituen eskumenen esparruan.

2. artikulua. Aplikazio esparrua eta onuradunak.

1. Foru lege hau Nafarroan kaltetuta gertatzen diren pertsona fisiko edo juridikoei aplikatuko zaie, banda edo talde antolatu eta armatuetan eta haiekin loturikoetan sartuta dauden pertsonek gauzaturiko atentatu terroristen ondorioz edo atentatu horiek direla-eta; bereziki, ETA banda terroristan sartutako pertsonek gauzaturikoak, baldin eta aipaturiko egintzak talde edo erakunde terrorista horiek erreibindikatuak badira edo, aurretiazko, aldibereko edo ondorengo gertakariei buruzko interpretazio harmoniko baten bidez, arrazionalki deduzitu ahal bada kalteak terrorismo-jarduera horrek sorturikoak direla eta hala ezartzen bada foru lege honetako 5.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber aplikatuko zaie Nafarroako lurraldetik kanpo kalteak jasaten dituzten pertsona fisikoei, baldin eta foru lege honen indarraldian zehar nafar-izaera politikoa badaukate eta kontzeptu berarengatik ez badute beste autonomia erkidego baten laguntzarik jaso.

2. Foru lege honen ondorioetarako, kaltetutzat hartuko dira biktimaren ezkontide legez edo izatez ez bereizia edo ezkontideenaren antzeko afektibitate-harremanaren bidez lotuta dagoen pertsona, odolbidezko bigarren mailako familiartekoak eta biktimarekin modu egonkorrean bizi eta haren mende dauden pertsonak.

3. Foru lege hau orobat aplikatuko zaie irabazi asmorik gabeko elkarte, fundazio, entitate eta erakundeei, baldin eta haien xede nagusia bada terrorismoaren biktimen interesak aldeztea eta ordeztea.

4. Foru lege honetan ezarritako laguntzen onuradun izanen dira orobat, erregelamendu bidez jasotako moduan eta zenbatekoan, bere ibilgailua atentatu batean edo ihes egiteko erabiltze aldera terroristek atxikitako pertsonak, bai eta mehatxupean edo babespean bizi izateagatik bere lana normaltasunez egiteko zailtasunak dituztenak ere.

II. KAPITULUA. Terrorismoaren biktimen eskubideak

3. artikulua. Kalteordainen, laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoak eta ezaugarriak.

1. Lege honetan ezarritako kalte-ordainen, laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoa, oro har, Estatuko Administrazio Orokorrak kasu beretarako ezarritakoen ehuneko 30ekoaren parekoa izanen da; zenbatekoak, guztira, ezin izanen du egin kaltetutako ondasunen baliotik goiti.

2. Foru lege honen babesean emandako laguntzak beste erakunde batzuek ezarritako gisa berekoen osagarri izanen dira. Horrenbestez, onuradunak beste entitate batzuen laguntzak jasotzeko eskubidea baldin badu eta beste entitate horiek emandako zenbatekoa, guztira, Foru Komunitateko Administrazioak emandakoa baino txikiagoa baldin bada, bi laguntzen arteko aldea baizik ez dio emanen honek. Alderik ez baldin badago edo beste erakunde batzuek emandako laguntzen zenbatekoa Foru Komunitateak emandakoa baino handiagoa baldin bada, honek ez dio ezer emanen onuradunari.

4. artikulua. Laguntza motak.

1. Ondoko laguntza dagokie biktimei foru lege honen babesean:

a) Kalte fisikoengatiko kalte-ordainak.

b) Kalte psikikoengatiko kalte-ordainak, bidezko den kasuetan.

c) Kalte materialen konponketa.

d) Erregelamendu bidez ezartzen diren beste dirulaguntza batzuk.

e) Osasun, hezkuntza, lan, prestakuntza eta etxebizitza arloko laguntza.

5. artikulua. Laguntza emateko baldintzak.

1. Foru lege honetan ezarritakoa baliatzeko, nahitaez bete behar dira ondoko baldintzak:

a) Eragindako kalteak ekintza terrorista baten ondorio izatea. Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek edo kasuan kasuko epaiek ezarriko dute zer den ekintza terrorista edo, bestela, kalifikazio hori berariaz ezartzen duen administrazio eskudunaren ebazpen bidez.

b) Interesdunak salaketa jartzea organo eskudunetan eta Gobernuaren Ordezkaritzak gertakariari buruzko ziurtagiria ematea.

c) Interesdunek aldez aurretik eskatzea Estatuko Administrazio Orokorrari araudian kasu beretarako ezarritako kalte-ordainak eta konpentsazioak. Baldin eta eskabidea Administrazio zentralari aurkeztu bazaio eta, nahiz eta foru lege honetan laguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak bete, ez baldin bada eskaria aintzat hartu, eskubidea izanen du eskatzaileak foru lege honetan ezarritako kalte-ordainak, laguntzak eta dirulaguntzak jasotzeko.

d) Interesdunak aldez aurretik konprometitzea kasuari buruzko informazio guztia ematera, hala beste administrazio batzuetatik jasotakoari buruzkoa nola kontratua duen aseguru enpresa baten kargura jasotakoei buruzkoa. Halaber, interesdunak konpromisoa hartuko du Foru Administrazioko organo eskudunei beharrezkoa den informazio guztia emateko kasuan-kasuan ezarritako fiskalizazioari begira.

2. Artikulu honetako c) eta d) letretan ezarritako baldintzak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez salbuetsi ahalko dira, baldin eta Administrazioak datu horiek ofizioz baditu.

3. Interesdunei terrorismoaren biktima direla onartzeko administrazio ebazpenak baliagarriak izanen dira, betiere, kasuko administrazio espedienteak izapidetzeko eta ebazteko.

6. artikulua. Eskabideak.

1. Foru lege honetan ezarritako kalte-ordainak, konponketak edo laguntzak emateko administrazio prozedura ofizioz nahiz interesdunek eskatuta abiatuko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak; eskabidean ondokoak jasoko dira: eskatzailearen datu pertsonalak eta kasu zehatzaren aipamena, jasandako kalteen azalpena eta aseguru entitateren batekin edo batzuekin kontraturik ote zuen, aseguratzailearen sozietatearen izena eta hitzartutako poliza edo polizen zenbakia zehaztuta. Eskabidean orobat jasoko dira lege honen arabera laguntzak jasotzeko izapideak abiatze aldera ezinbestekoak diren datuak eta ziurtagiriak.

2. Foru lege hau baliatzeko eskabideak kasuko atentatu edo ekintza terroristaren egunetik aitzina aurkeztuko dira, edo sendatu ondoren edo ondorioen zenbaterainokoa ezarritakoan, kalte fisikoen edo psikikoen kasuan.

3. Foru lege hau indarrean sartu aurretik ekintza terrorista baten biktima izan diren pertsona guztiek baliatu ahal izanen dituzte foru lege honetan ezarritako laguntzak.

4. Nafarroako Foru Komunitatean, eskabideak ebazteko epea ezin izanen da izan sei hilabetetik goitikoa, Estatuko Administrazio Orokorrak laguntza eskabidea ebatzi izana Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari jakinarazten zaion egunetik kontatzen hasita. Baldin eta administrazio honek ez baditu espresuki ebazten berari aurkezturiko eskabideak, sei hilabeteko epea zenbatuko da Estatuko Administrazio Orokorraren administrazio-isiltasuna gertatzen den egunetik aurrera.

7. artikulua. Laguntzen onespena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio foru lege honetan ezarritako laguntzak eta diru-laguntzak onestea; hartara, egin beharreko kreditu transferentzia edo gaikuntzak eginen ditu foru lege honen aplikaziotik heldu diren kalte-ordainei aurre egiteko.

2. Biktimentzako laguntzen funtsezko zati gisa, Nafarroako Gobernuak behar adina lankidetza hitzarmen eginen ditu Foru Komunitatean jarduten diren finantza entitateekin, terrorismoaren biktimei eta kaltetutako pertsonei baldintzarik onenetan eskaintzearren finantzaketa.

III. KAPITULUA. Kalte fisiko edo psikikoengatiko kalte-ordainak, kalte materialen konponketa eta mendekotasun egoeragatiko kalte-ordainak

I. atala. Kalte fisiko edo psikikoengatiko kalte-ordainak eta kalte materialen konponketa

8. artikulua. Kalteordainen eta konponketen edukia.

Kalte-ordain gisa, biktimek pairatutako kalte fisiko edo psikikoengatiko laguntzak emanen zaizkie biktimei edo haien senide gertuenekoei, ezkontideenaren antzeko afektibitate-harremana duten pertsonei eta, biktima hilez gero, harekin bizi eta haren mende dauden pertsonei. Kalte materialengatiko konponketak kaltetutako ondasunen titularrei eginen zaizkie.

9. artikulua. Kalte fisiko edo psikikoak.

1. Kalte fisikoengatiko kalte-ordainak emanen dira ondoko kasuetan: heriotza, baliaezintasun handia, ezintasun iraunkor absolutua, ezintasun iraunkor partziala, aldi baterako ezintasuna eta baliaezintasun gabeko lesio iraunkorra.

2. Kalte psikikoengatiko kalte-ordainak emanen dira ondoko kasuetan: baliaezintasun handia, ezintasun iraunkor absolutua eta ezintasun iraunkor osoa.

10. artikulua. Kalte materialen konponketa eta prebentzioa.

1. Kalte materialen konponketako zenbatekoan ondokoak sartuko dira: pertsona fisikoen etxebizitzetan eragindako kalteak, merkataritza edo industriako establezimenduetan edo enpresetako ekoizpen-elementuetan, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte-erakundeen egoitzetan nahiz ibilgailuetan eragindakoak, betiere lege honetan ezarritako baldintzetan eta mugekin.

2. Ekintza terroristek eragindako kalte materialak konpontze aldera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak foru lege honen babesean ematen dituen laguntzak Estatuko Administrazio Orokorrak kontzeptu berengatik emandakoen osagarri izanen dira eta, kasua bada, aseguru konpainiek edo Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak emandako kalte-ordainena.

3. Baldin eta artikulu honetan ezarritako laguntzen onuradunak aseguru entitate baten edo Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren kalte-ordainik jasotzen badu kontzeptu bera dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kalte-ordainaren zenbatekoa kenduko du laguntzatik. Kalte-ordaina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandakoaren berdina edo handiagoa bada, Foru Komunitateak ez du inolako zenbatekorik ordainduko.

4. Merkataritza edo industriako establezimenduetako edo enpresetako ekoizpen-elementuetako kalteen konponketan sartuko da establezimendu horiek berriz ere funtzionatzen jartzeko beharrezkoa den zenbatekoaren balioa, eta hori ez da eragozpen izanen foru lege honetako 7. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitako finantza-entitateekiko lankidetza hitzarmenak egiteko.

5. Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte-erakundeen egoitzetan eragindako kalteen konponketan sartuko dira funtzionamendu-baldintzak lehengoratzeko beharrezkoak diren jarduketak, hondatutako altzariak eta elementuak barne.

6. Ibilgailuetan eragindako kalteen konponketan muga izanen da behar bezala funtzionatzeko beharrekoa den gastuaren zenbatekoa. Baldin eta ibilgailua deseginda gelditzen bada edo konponketaren zenbatekoa haren balio erreala baino gehiagokoa bada, gisako ezaugarri teknikoekiko eta gisako erabilera-baldintzekiko ibilgailu batek merkatuan duen balioaren parekoa izanen da kalte-ordaina. Aditu-txostenean jasota ageriko da, kasuan-kasuan, konponketen edo bestearen ordez emandakoaren balioa. Bakarrik konpondu ahalko dira ibilgailu partikularretan eragindako kalteak eta pertsonen nahiz salgaien lurreko garraiorakoek, salbu eta titulartasun publikokoek, pairatutakoak. Kalte-ordaina ordaintzeko ezinbesteko baldintza izanen da ibilgailuak indarrean izatea derrigorrezko asegurua atentatua gertatu den unean.

7. Ekintza terroristekin lotutako jazarpena, mehatxua edo hertsapena jasaten duten pertsona fisiko eta juridikoek dirulaguntza eskuratu ahal izango dute beren etxebizitzetan, establezimenduetan eta ibilgailuetan segurtasun-sistema egokiak instalatzeak dakartzan gastuak ordaintzeko, erregelamendu bidez ezartzen den modan. Orobat ordaindu ahal izango dira mehatxupean edo arrisku-egoeran dauden pertsona fisiko eta juridikoek segurtasun-arrazoiengatik ondasun higigarrietan eta higiezinetan egin behar izan dituzten gastuak.

Nafarroako Foru Komunitatean segurtasun publikoaren arloko organo eskudunak aldeko irizpena eman beharko du segurtasun-sistema horiek ezartzea premiazkoa dela jotzeko, eta baita sistema egokia dela jotzeko ere.

11. artikulua. Pertsona fisikoen etxebizitzetan eragindako kalteak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, ohiko etxebizitza da gutxienez ere urtean sei hilabetez pertsona edo familia-unitate baten egoitza den eraikina. Orobat hartuko da ohiko etxebizitzatzat baldin eta okupazioa urtean sei hilabetetik beheitikoa bada baina etxebizitzaren okupazioa hasi zen egunetik iragandako denboraren erdiaren parekoa izan bada gutxienez ere.

2. Pertsona fisikoen ohiko etxebizitzen konponketan ondokoak sartuko dira: etxebizitzaren galera erabatekoa; egituran, instalazioetan eta altzarietan izandako kalteak; eta atentatuaren aurreko bizigarritasun-baldintzak leheneratzeko berritik jarri beharreko norberaren gauzak eta tresnak, salbu eta luxuzko elementuak.

3. Baldin eta kaltetutako etxebizitza ez bada ohiko bizilekua, luxuzkoak ez diren elementuetan eragindako kalteen 100eko 80ko muga izanen du laguntzak; ehuneko hori kalkulatzeko, kontuan hartuko dira jaso izan diren laguntzak.

4. Konponketak betiere hartuko ditu etxebizitzetako elementu pribatiboak. Etxebizitza dagoen eraikineko elementu komunetan eragindako kalteak ere hartuko ditu, baldin eta horiek Nafarroako Foru Komunitatean badaude.

5. Konponketaren zenbatekoa etxebizitzen jabeei edo konponketa legez egin edo agindu duten maizterrei edo okupatzaileei ordainduko zaie. Jabetza horizontalaren araubideari atxikitako higiezinetako elementu komunetan eragindako kalteen kasuan, konponketaren zenbatekoa jabeen erkidegoari ordaindu ahalko zaio.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behin-behineko ostatua emanen die ekintza terroristak eragindako kalteak direla-eta bere ohiko etxebizitza aldi baterako erabiltzerik ez dutenei; hartara, ordaindu eginen die kaltetutako etxebizitzaren gisako baten alokairua edo hark onetsitako hotel-establezimendu bateko ostatualdia konponketa lanek iraun bitartean, baldin eta konponketa lanak ez badira onuradunaren erruz luzatzen.

7. Nafarroako Gobernuak zehaztuko du, kasuko erregelamendu-garapenaren bidez, zer laguntza-mota berezi eman ahalko dien biktimei, jazarpen terroristaren karietara, baldin eta biktimek bere etxebizitza edo ohiko bizilekua utzi beharra badute jazarpen horren ondorioz, terrorismoaren biktimei inguruabar horrek ekartzen dizkien kalte ekonomikoak ordaintze aldera.

12. artikulua. Zenbatekoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kalte fisiko edo psikikoengatiko kalte-ordainak edo kalte materialen konponketagatikoak eman aurretik, Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu behar zaizkio bere araudian kapitulu honetako kasuetarako ezarritako kalte-ordainak eta konpentsazioak

2. Nafarroako Foru Komunitatek 100eko 30 igoko ditu Estatuko Administrazioak emandako zenbatekoak.

3. Kalte materialak konpontzean ezin izanen da inolaz ere gainditu kaltetutako ondasunen balioa.

II. atala. Mendekotasun egoeragatiko kalte-ordainak

13. artikulua. Kalteordainen edukia. Mendekotasuna.

1. Ekintza terroristaren ondoriozko mendekotasun egoeragatiko kalte-ordain gisa, laguntzak emanen zaizkie biktimei, baldin eta Autonomia Sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legeari jarraikiz mendekotasun egoera onartu bazaie.

2. Mendekotasun egoeragatiko kalte-ordainak emanen dira arlo horretako eskumena duen departamentuak mendekotasuna, zeinahi gradu eta mailatakoa, aitortutakoan.

3. Atal honetan aipatzen den mendekotasun egoera aitortze aldera, departamentuak presako balorazio prozedura bat ezarriko du, egoki iritziz gero balio ahalko duena mendekotasunaren eta horren zergatien eremuko larrialdi egoeretarako.

4. Bateragarriak izanen dira mendekotasun egoera aitortzeagatiko kalte-ordainak direla-eta jasotako zenbatekoak eta biktimek jasotzeko eskubidea duten bestelako kalte-ordain oro, non eta ez zaizkion kontzeptu berari zor. Edozein modutan, bateragarriak izanen dira Biktimari Laguntzeko Banakako Programan ezar litezkeenak eta Autonomia Sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko 14. artikuluan aipatzen diren prestazio ekonomikoak.

14. artikulua. Mendekotasun egoeragatiko kalteordainen zenbatekoak.

Mendekotasun egoera aitortzeagatiko kalte-ordainak graduaren arabera ezarriko dira; halatan, ondoko ehunekoen arabera igoko dira Foru Komunitateko Administrazioak kalte fisiko eta psikikoengatiko kalte-ordain gisa emandako zenbatekoak, foru lege honetan ezarritakoak:

1. 100eko 30eko igoera III. gradua -mendekotasun handia, 1. eta 2. mailak- onartu zaien pertsonentzat.

2. 100eko 20ko igoera II. gradua -mendekotasun larria, 1. eta 2. mailak- onartu zaien pertsonentzat.

3. 100eko 10eko igoera I. gradua -tarteko mendekotasuna, 1. eta 2. mailak- onartu zaien pertsonentzat.

15. artikulua. Mendekotasunagatiko babesmaila osagarria.

1. Autonomia Sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko 7.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes-maila osagarria ezarriko du mendekotasuna duten pertsonentzat, baldin eta haien zaintzaile ez-profesionala, aipatu legeko 14.4 artikuluan aipatzen dena, atentatu terrorista bateko biktima suertatzen bada eta ondoko baldintzak batera gertatzen badira:

a) Bien arteko familia lotura egotea eta lotura hori kontuan hartu izana mendekotasunagatiko laguntzak lortzeko, arloko foru araubideak ezarritakoaren arabera.

b) Atentatu terroristaren ondorioz zaintzaile ez-profesionala hiltzea edo II. graduko mendekotasun egoera -mendekotasun larria- edo III. gradukoa -mendekotasun handia-, edozein mailatakoa, aitortzea hari.

2. Artikulu honetan ezarritako babes-maila osagarria 9.000 euroko laguntza bat izanen da, zeina justizia arloko departamentu eskudunaren funts berekien kargura finantzatuko baita eta izaera subjektiborik ez baitu izanen.

IV. KAPITULUA. Dirulaguntzak

16. artikulua. Dirulaguntzak ematea.

1. Dirulaguntzak eman ahalko zaizkie irabazi asmorik gabeko erakundeei, entitateei, fundazioei eta elkarteei, baldin eta haien xede nagusia bada terrorismoaren biktimen interesak aldeztea eta ordeztea, biktimen egoera pertsonal nahiz kolektiboak arintzera bideratutako laguntza programak garatzea edo biktimak nabarmentzeko jarduera programak edo terrorismoaren gaitzaren ezein agerraldiren aurkako gizarte-kontzientziazio eta hezkuntzara bideratutako jarduerak garatzea eta betetzea bilatzen badute, bizikidetasun baketsu eta demokratikoaren balioak aldeztuz.

2. Nafarroako Gobernuak, erregelamendu bidezko garapenaren bitartez, dirulaguntza horien ematea nahiz dirulaguntzen kontzeptuak arautzeko baldintzak ezarriko ditu.

V. KAPITULUA. Bakerako eta bizikidetasunerako hezkuntza

17. artikulua. Bakerako eta bizikidetasunerako hezkuntza.

1. Nafarroako Gobernuak Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Heziketa Programa bat sustatuko du, Nafarroako gizarte osoari zuzendua. Programa horrek xede izanen du oinarrizko estrategiak eta edukiak unibertsalizatzea, herritarrek indarkeriarik ezaren, tolerantziaren, demokraziaren, herritartasunaren eraikuntzaren eta giza eskubideen sustapenaren balioak garatze aldera.

2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, urtean behin, hezkuntza programa bat zabalduko du Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak jasotzen dituzten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetan, egoki iritzitako iraupena izanen duena, terrorismoaren aurkako bizikidetasun baketsu eta demokratikoaren balioak jaso eta islatuko dituena eta gazteak kontzientziatuko dituena hitzak ideia demokratikoak aldezteko bitarteko eta modua den aldetik duen balioari buruz. Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuei ere emanen zaie aukera hori.

VI. KAPITULUA. Laguntzaren arloko ekintzak

18. artikulua. Eremua.

Foru lege honek arautzen dituen laguntza-prestazioak ondoko eramuetakoak izanen dira:

a) Osasun laguntza.

b) Irakaskuntza.

c) Lana.

d) Etxebizitza.

19. artikulua. Osasun laguntza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Osasunbidearen bitartez, biktimaren nahiz haren gertueneko senideen edo harekin modu egonkorrean bizi diren pertsonen osasun laguntza hartuko du bere gain, baldin eta laguntza hori ez bada aseguru publiko edo pribatu bidez ziurtatzen. Posible ez den kasuetan eta laguntza beste zentro batzuetan eman behar denean, sorturiko gastuak ordainduko dira.

2. Osasun laguntzan sartuko dira jasandako lesioetatik heldu diren tratamendu medikoa, protesiak jartzea, kirurgia-operazioak eta ortopedia-beharrizanak.

20. artikulua. Laguntza psikologikoa.

Laguntza psikologikoa hiru motatakoa izanen da:

1. Berehalako laguntza psikologikoa, biktimaren nahiz haren gertueneko familiartekoei edo harekin modu egonkorrean bizi diren pertsonei emanen zaiena. Hartara, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere baliabide berekiak erabiliko ditu edo, bestela, laguntza mota horretan adituak diren beste erakunde edo entitate pribatuenak.

2. Ondorioetarako laguntza psikosoziala. Biktimek nahiz gertueneko familiartekoek eta haiekin modu egonkorrean bizi diren pertsonek izanen duten eskubidea laguntza hori jasotzeko, eta, medikuaren agindua jaso ondoren, atentatuek eragindako edo agerian utzitako nahaste psikologikoak agertzen diren unetik jaso ahalko da. Behar duten laguntza pertsonala eta soziala ere emanen zaie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko osasun eta gizarte ongizate arloko eskumena duten departamentuek esku hartuta. Beharrezkoa baldin bada, hitzarmenak egin ahalko dira entitate edo erakunde pribatuekin, zerbitzu publikoek eman ezin dituzten prestazioak ziurtatze aldera, eta Nafarroako Gobernuak finantzatuko du beharrezkoak diren banakako zerbitzu eta tratamendu horien kostua.

3. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako laguntza psikopedagogikoa, baldin eta, haiek nahiz haien gertueneko familiartekoek eta haiekin modu egonkorrean bizi diren pertsonek pairatutako atentatu terrorista baten ondorioz, ikaskuntza arloko zailtasunak edo gizarte-egokitzapeneko arazoak badituzte. Laguntza hori ere doakoa izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuek bere gain hartuko baitute.

21. artikulua. Ikasteko bekak eta laguntzak.

1. Ikasteko laguntzak emanen dira baldin eta, ekintza terrorista baten ondorioz, ikasleak berak nahiz haren gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek kalte pertsonalak -garrantzi berezikoak nahiz bere ohiko lanbidean aritzeko ezgaitzen dituztenak- jasan badituzte. Kalte horien garrantzi berezia baloratzean, pairatutako lesioek biktimaren bizitzan eta familia-ekonomian dituzten ondorioei erreparatuko zaie. Betiere, baliaezintasuna dakarten lesioak edo heriotza gertatzen denean.

2. Ikasteko laguntzetan sartuko dira hala zerbitzu akademikoen tasak ordaintzera bideratutakoak nola eskolako materialeko, garraioko, jantokiko eta, kasua bada, familiaren etxebizitzatik kanpo bizitzeko gastuak.

3. Laguntza horiek Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan emanen dira, baina aparteko kasuetan beste erkidego batzuetako ikastetxeetara hedatu ahalko dira, eta lanerako prestakuntza, lanbide heziketa edo unibertsitate ikasketak bukatu arte luzatuko dira, baldin eta errendimendua -gerta litekeen atzerapen psikopedagogikoa onartuta- egokitzat jotzen bada.

4. Ikasleak ezin izanen du jaso ikasturte bakoitzeko beka bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean egin zenbait ikastaro edo karrera. Bateraezinak izanen dira terrorismoaren biktimei emandako bekak eta beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek kontzeptu beragatik emandakoak.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza arloko departamentu eskudunak lehentasuna emanen die terrorismoaren biktima diren ikasleei emandako laguntzei eta bekei, eta, salbuespenez, gainontzeko ikasleei oro har emandako zenbatekotik goitikoak izatea ezarri ahalko du, familia-unitatearen errentaren mugen arabera, zeinetan ez baitira aintzat hartuko foru lege honetan ezarritakoari jarraikiz emandako laguntzak eta kalte-ordainak.

6. Ikasle horientzako ikasteko bekak eta laguntzak kasuan kasuko deialdian ezarritako prozedurari eta epeei jarraikiz eskatu eta emanen dira.

22. artikulua. Lan arloko laguntzak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, ekintza terrorista baten ondorioz bere lana arazorik gabe egitea eragozten dieten kalteak pairatu dituzten pertsonei lan arloan laguntzarik onena emate aldera, birlaneratzeko planak eta autoenpleguko programak -doakoak betiere- taxutuko ditu, pertsona horiek hobeki egoki daitezen lanera. Halaber, egoki iritzitako laguntzak sortuko ditu, ukituei enpresa berriak sortzen laguntzeko, eta orobat bultzatuko du ezen, enpresen erantzukizun sozial korporatiboaren barruan, kontratatzeko lehentasuna izan dezaten terrorismoaren biktima direnek.

Arlo horretako eskumena duen departamentua arduratuko da programa eta plan horiek sortzeaz.

23. artikulua. Etxebizitza eremuko laguntzak.

Ekintza terrorista batetik zuzenean edo zeharka eratortzen diren etxebizitzaren premia bereziak kontuan hartuko ditu kasuan kasuko administrazio publiko eskudunak, eta hauetarako aukera ematen duten bitartekoak erregelamenduz garatuko ditu:

1. Atentatu terrorista batek kaltetutako pertsonek lehentasunez eskuratu ahal izatea babes ofizialeko etxebizitza bat, arlo horretako foru araudian kasu horietarako egiten den erreserbari jarraikiz.

2. Ekintza terrorista baten ondorioz ezgaitasunen bat duten pertsonentzat ohiko etxebizitza egokitzea, hori bada komeni dena. Horretarako erregelamendu bidez ezarriko dira egokitzapen-gastuei aurre egiteko dirulaguntzak.

3. Babes ofizialeko etxebizitzak trukatzea edo, hala egokituz gero, kalifikazio hori kentzea, terrorismoaren eragina nozitu izanagatik, ez bestelako arrazoiengatik, etxebizitza aldatzeko justifikazioa duten pertsonentzat.

24. artikulua. Ekintzak sustatzea.

1. Nafarroako Gobernuak izaera osagarria duten jarduerak bultzatuko eta sustatuko ditu, ordaina osorik jasotzeko eta laguntza integrala emateko foru lege honetan ezarritako xedeak hobeto bete ahal izateko komenigarriak edo beharrezkoak badira.

2. Sustapen-politika horren helburua elkarteek eta erakundeek sustatutako egitarauak eta jarduerak bultzatzea izanen da, egitarau eta jarduera horien xedea honako hau denean: batetik, biktimei arreta eta giza laguntza ematea, lagunekin eta familiakoekin batera epaiketetara laguntzea, terrorismoaren biktimei orientazio edo laguntza psikosoziala ematea; edo, bestetik, gai honi buruzko foroak, ikastaroak eta mintegiak egitea eta hezkuntzara edo balio etiko eta demokratikoen sustapenera bideratutako bestelako jarduera eta proiektuak lantzea.

3. Aipatutako laguntzen onuradun izanen dira ohiko jarduera terrorismoaren biktimen eremuan gauzatzen duten erakundeak eta elkarteak, elkartearen egoitza Nafarroako Foru Komunitatean baldin badute, bai eta eremu geografiko horretatik kanpo egon arren, beren kideen artean ekintza terroristak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen barruan nozitu dituzten herritarrak dituztela behar bezala egiaztatzen duten elkarteak eta biktimen kolektiboak ere. Elkartearen egoitzari dagokionez, terrorismoaren biktimei laguntzeko batzordeak ezarri beharreko tresnak ezarriko ditu hori ahalbidetzeko.

VII. KAPITULUA. Ohorezko sariak eta elkartasun funtsen bermea

25. artikulua. Sariak ematea.

Nafarroako Gobernuak, kasuan-kasuan gertatzen diren inguruabarrak aldez aurretik baloratuta, arlo horretako foru araudian ezartzen diren sariak eman eta ohoreak egin ahalko dizkie biktimei eta terrorismoaren aurka nahiz balio demokratikoen defentsan nabarmendu diren erakundeei eta entitateei, nafar gizarteak haiei elkartasuna erakuste aldera eta Nafarroako erakundeek, Gobernuak ordezkatuta, aitorpena erakuste aldera.

26. artikulua. Elkartasun funtsen bermea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, biktimen beharrizan lehentasunezkoei eta berehalakoenei erantzuteko adina funts ziurtatze aldera, ekonomia arloan hartu beharreko neurriak hartuko ditu funtsa bideragarria izan dadin biktimek, foru lege honetan ezarritakoari jarraikiz, kasuan kasuko kalte-ordainak jaso arte.

VIII. KAPITULUA. Enplegu publikoa

27. artikulua. Langile publikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen zerbitzuko langile, irakasle, osasun eta ikerkuntza arloko langile diren biktimei behar diren eskubideak, baimenak eta lizentziak, bai eta administrazio-egoerak ere onartuko zaizkie, biktima direla frogatzen baldin bada, kasuko eremuko araudiaren esparruan, eragingarria izan daitezen haien babesa eta laguntza integrala jasotzeko eskubidea. Halaber, lanpostua atentatuak kaltetutako langilearen berezitasun fisikoetara eta psikologikoetara egokituko dela ziurtatuko da, bai eta haren egoerari ondoen egokitzen zaion lanpostura atxikiko zaiola ere, eta herriz aldatzea ekidinen da, non eta interesdunak ez duen espresuki eskatzen.

IX. KAPITULUA. Zerga arloko neurriak

28. artikulua. Zerganeurriak.

Nafarroako Gobernuak, zerga arloan dituen eskumenen esparruan, egoki iritzitako zerga-onuren ezarpena sustatuko du terrorismoaren biktima direnen alde eta, atentatuaren ondoriozko heriotza kasuan, ezkontidearen edo ezkontideenaren antzeko afektibitate-harremanaren bidez lotuta dagoen pertsonaren eta seme-alaben alde, baldin eta heriotzaren unean biktimarekin modu egonkorrean bizi eta ekonomikoki haren mendean bizi baziren.

X. KAPITULUA. Terrorismoaren biktimei laguntzeko batzordea

29. artikulua. Sorrera, osaera eta funtzionamendua.

1. Nafarroako Gobernuak, foru lege honen behar bezalako garapena lortze aldera, Nafarroan terrorismoaren biktimei laguntzeko batzordea sortuko du, legea indarrean sartu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean. Batzordea kide anitzekoa izanen da eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikiko zaio.

2. Batzordea lehendakari batek, lehendakariorde batek, zazpi kidek eta idazkari batek osatuko dute. Lehendakaria departamentuko kontseilaria izanen da. Lehendakariordea barne zuzendari nagusia izanen da. Kide izanen dira Barne Departamentuko ordezkari bat, Gizarte Gaietarako Departamentuko ordezkari bat, Osasun Departamentuko ordezkari bat, Etxebizitza Departamentuko ordezkari bat, Hezkuntza Departamentuko ordezkari bat eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko ordezkari bat. Kideak Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak izanen dira, arloko burutza dutenak eta arlo bakoitzeko kontseilariak horretarako izendatuak. Batzordeko idazkari izanen da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako funtzionario bat, batzordeko lehendakariak izendatuta.

3. Batzordeak berak ezarriko du, egiten duen lehen bilkuran, zer funtzionamendu izanen duen.

4. Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu, foru lege honen babesean Nafarroako Gobernuaren berariazko erabaki bidez eslei dakizkiokeen beste batzuez gain:

a) Kasuan kasuko informazio eta laguntza tekniko zehatza ematea foru lege honetan aipatzen diren terrorismoaren biktimei eta familiartekoei, legediarekin bat jaso ditzaketen laguntza publiko guztiak izan ditzaten eskura.

b) Sustatzea eta bultzatzea ezen Nafarroako Gobernuko departamentuek egiten dituzten dirulaguntzei eta laguntzei buruzko deialdiek kontuan hartuko dutela foru lege honetan ezarritakoa eta foru lege honetan ezarritako laguntzei dagokienez lehentasuna izanen dutela terrorismoaren biktimek, deialdi bakoizean ezarritako laguntzek eskuratzerakoan.

c) Foru lege honetan jasotako neurrien ordezkoak aztertzea, biktimei eta haien familiartekoei ahalik eta ordainik onena emateko helburu nagusia lortze aldera.

Lehenengo xedapen gehigarria .Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere eskumenen esparruan ezarriko du behar adina kreditu gaitzea foru lege honetan ezarritako laguntzei aurre egiteko.

Bigarren xedapen gehigarria .Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio, erregelamendu bidezko garapenaren bidez, foru lege hau aplikatze eta garatze aldera kalteordainen zenbatekoak edo zenbateko horien ehunekoak eta egoki diren gainontzeko elementuak eguneratu ahal izan ditzan.

Hirugarren xedapen gehigarria .Nafarroako Gobernuak eta Biktimei Laguntzeko Batzordeak haren funtzionamendua foru lege honetako VIII. kapituluak arautzen du pertsona mehatxatuen edo babestuen inguruabarrak ezarriko dituzte, kasuankasuan aplikatu beharreko laguntza mota zehazte aldera eta, laguntza horiek ekonomikoak izanez gero, zer zenbateko dagokien zehazte aldera.

Laugarren xedapen gehigarria .Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren finantzaketa jasotzen duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek uko egiten baldin badiote haien ikastetxeetan foru lege honetako 16.bis.2 artikuluan ezarritako programa zabaltzera, galdu ahalko dituzte dirulaguntzak.

Bosgarren xedapen gehigarria .Foru lege honetako 18.3 artikuluan biktimentzako ezartzen den osasun laguntza ziurtatze aldera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ziurtatuko du badagoela gutxienez ere psikologo bat gaitasuna eta ekintza terroristetatik heldu den krisi egoeretan eskarmentua duena laguntza eman ahalko diona edozein biktimari, bai Nafarroako Foru Komunitatean bai hortik kanpo.

Seigarren xedapen gehigarria .Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Batzordeak batzordea eratzeko bilkuran bertan zehaztuko du zer modutan parte hartuko duten batzordean Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza duten terrorismoaren biktimen elkarteek, zeinek, betiere, ahotsa izanen baitute, baina ez botorik.

Xedapen indargabetzailea .Foru lege honen aurka doazen xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.

Azken xedapenetan lehena .Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari egoki diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan, foru lege hau ahalik eta ondoen aplikatze eta garatze aldera.

Azken xedapenetan bigarrena .Kalte fisiko edo psikikoengatiko kalteordainen nahiz kalte materialen eta laguntza ekintzen eskabidea justiziaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian aurkeztuko da, gertakariaren egunetik hasi eta Nazioko Gobernuaren ebazpenetik urtebetera bitarte, edo, kalte fisiko eta psikikoen kasuan, sendatu arte edo ondorioen zenbaterainokoa ezarri arte. Foru lege hau indarrean sartu aurretik gertatutako terrorismo ekintzen kasuan, eskabidea aurkezteko epea 2012ko abenduaren 31n bukatuko da.

Azken xedapenetan hirugarrena .Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra; halere, hori ez da oztopo izanen bertan xedatutakoa 1960ko ekainaren 27tik aurrerako gertakariei aplikatzeko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko apirilaren 28an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1007477

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web