(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2010 FORU LEGEA, apirilaren 20koa, Nafarroan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako produktuen salmenta zuzena arautzen duena Nota de Vigencia

BON 03/05/2010



ZIOEN AZALPENA

Ekoizpen zentroetan eraldaketak egitea oso errotuta dago betidanik Nafarroan, eta goranzko joera duen jarduera da; izan ere, landa eremuetako familiek, batez ere nekazariek eta abeltzainek, beren errentak dibertsifikatzeko eta osatzeko beharra izaten dute.

Beharrezkoa da nekazaritzako ustiategietan egiten diren nekazaritzako elikagaien arloko ekoizpenak arautzea, araudi horrek ukitzen dituen enpresak zehaztea eta beharrezkoak diren baldintzak ezartzea enpresa ekoizle-eraldatzailea izan ahal izateko, hori ekoizle-eraldatzaileen eta kontsumitzaileen mesederako izanen baita.

Foru lege honek aukera emanen die ustiategi txiki eta ertainei -Nafarroako gehienak halakoak dira- beren jarduera nagusiaz gain beste jarduera osagarri bat garatu ahal izateko. Hala, abeltzaintzako edo nekazaritzako ekoizpena jarduera nagusitzat izateaz gain, produktu horiek eraldatu eta merkaturatzetik eratorritako balio erantsia gehitzen zaio.

Foru lege honen xedea da, halaber, abeltzaintzako edo nekazaritzako ustiategien diru iturriak dibertsifikatzea, halako moduz non bertan arautzen diren jarduerek ustiategien errentak handitu eta sektorea bideragarriagoa eginen duten.

Foru lege honek ahalbidetuko du lehen sektoreak jarduera garrantzitsua izaten jarraitzea gure erkidegoan. Halaber, ahalbidetuko du jarduera horrek landa eremuko populazioaren sektore garrantzitsuen jarduera nagusi izaten jarraitzea, eta, ondorioz, jendea herrietan geratzea eta ingurumena zaintzea.

1. artikulua. Helburua eta xedeak.

Foru lege honen helburua da Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako nekazaritzako elikagaien zuzeneko salmenta, prestaketa eta produkzioa arautzea eta sustatzea.

Hauek dira foru lege honen helburuak:

a) Nekazaritzako egiturak hobetzea, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi diren pertsonentzat errenta duinak eta kontsumitzaileentzat prezio bidezkoak lortzeko.

b) Nekazaritzako, abeltzaintzako edota elikagaien ustiategi edo enpresa bideragarriak eta iraungarriak sortzea eta sustatzea.

c) Ziurtatzea lehenengo sektoreko ustiategien jarraipena, landa inguruneko garapen ekonomikoaren oinarrizko tresna baitira, eta tokiko baliabideei lotuago dauden sistemak mantentzea, ahalik eta pertsona gehienek iraun dezaten familia-nekazaritzaren esparruan.

d) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien biziraupena ahalbidetuko duen balio erantsi gehigarri bat lortzeko aukera ematea.

e) Enplegua sortzea, nekazari gazteak jarduera horretan hastea eta enpleguaren egonkortasuna erraztea.

f) Gure nekazariak eta abeltzainak lehiatu ahal izatea araudi hau aspalditik duten Europako beste erkidegoetakoen baldintza beretan.

g) Produktu "berezituen" aukera bat sortzea, haien kalitateari, osasungarritasunari eta onargarritasunari begira, gizartean gero eta gehiago baloratzen den merkatua asetzeko.

h) Merkaturatze-zirkuitu laburrak eta zuzenak sustatzea, ekoizlearen eta eroslearen aprobetxamendu zuzena ahalbidetze aldera, produktu horien lekualdatze-, bitartekaritza- eta merkaturatze-gastuen murrizketaren ondorioz.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Legearen aplikazio eremua da nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako artisau-ekoizpenen antolamendua.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Foru lege hau Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa izanen da eta aplikatuko zaie, hain zuzen, Nafarroako Ustiategien Erregistroan erregistratutako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei.

4. artikulua. Definizioak.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako ekoizpena da:

a) Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak manipulatu eta eraldatzeko jarduera, Nafarroako Ustiategien Erregistroan erregistratutako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek eginikoa, soilik ustiategi horietan lortutako lehengaietatik abiatuta.

b) Salmenta zuzena: merkataritzako jarduera, zeinetan ez baitago ekoizle-eraldatzailearen eta kontsumitzailearen arteko bitartekaririk.

5. artikulua. Beren produktuak eraldatzen dituzten nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek bete beharreko baldintzak.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titularrek ondoko baldintzak bete beharko dituzte bere produktuak eraldatu, egin eta zuzenean saldu nahi badituzte:

a) Nafarroako Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribaturiko ustiategi baten titular izatea.

b) Instalazioak irekitzeko lizentzia eta jarduera lizentzia izatea, baldin eta 4/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera beharrezkoa bada.

c) Eraldatutako produktu guztiak kasuan kasuko nekazaritzako ustiategikoak izatea.

d) Ustiategiek betetzea indarrean dagoen legerian Nekazaritza Politika Bateratuko laguntza zuzenak jasotzen dituzten nekazarientzat ezarritako baldintzak, kudeaketari eta nekazaritzako eta ingurumen arloko baldintza egokiei dagokienez.

6. artikulua. Identifikazioa, elikagaien segurtasuna eta trazabilitatea.

1. Identifikazioaren, elikagaien segurtasunaren eta trazabilitatearen printzipioak bete beharko dituzte nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titularrek, baldin eta salmenta zuzenari edo beren produktuen eraldaketari lotutako ustiategien parte izan nahi badute.

2. Produktuen izaeraren eta indarrean dagoen legeriaren arabera, gutxienez ere ondoko informazioa eman beharko da ontziratutako produktuen etiketan, aurkezpenean eta publizitatean:

a) Izendapen komertziala.

b) Pertsona arduradunaren nortasuna eta helbidea, produktuaren jatorria, izaera, osagaiak eta, hala balitz, gehitu zaizkion gehigarriak.

c) Kalitatea era bereizgarriak, halakorik badu.

d) Produktua erabiltzeko edo kontsumitzeko gomendatutako epea, ohartarazpenak, aurreikus daitezkeen arriskuak, erregelamendu bidez ezarritako erabilera-debekuak eta, kasua bada, ekoizpen-data.

e) Fabrikazio lotea eta produktuaren kontserbazio egokirako beharrezkoak diren jarraibideak.

3. Soltean saltzen diren nekazaritzako produktuek eta elikagaiek identifikazio-agiri bat eraman beharko dute berekin, eta bertan jasoko da, gutxienez, aurreko idatz-zatiko b) eta c) letretan zehazturikoa.

7. artikulua. Nekazaritzako produktuen eta elikagaien segurtasunaren printzipioa.

Nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisau-enpresak dira ekoizten eta prestatzen dituzten produktu guztien segurtasunaren arduradun, eta, ondorioz, zaindu behar dute erabili eta ekoizten dituzten produktu guztiak kaltegabeak direla. Zehazki, garatzen duten jarduerari aplikatzekoa zaion araudian ezarritako betekizunak bete beharko dituzte beren produktuen ekoizpenaren, eraldaketaren, ontziratzearen eta merkaturatzearen fase guztietan.

Nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisau-enpresek izan beharko dituzte une bakoitzean indarrean dagoen araudiak ezarritako autokontrol sistemak, garatzen duten jardueraren arabera.

8. artikulua. Nekazaritzako produktuen eta elikagaien trazabilitatea.

1. Nekazaritzako produktuen eta elikagaien trazabilitateak berekin dakar haien prozesu osoa jarraitu ahal izatea, ekoizpenaren, eraldaketaren, ontziratzearen eta merkaturatzearen fase guztietan; horrek hartzen ditu, halaber, produktuaren biltegiratzea, garraioa, salmenta eta edonolako eskualdatzea, doakoa nahiz kostu bidezkoa. Gaitasun hori zabaldu behar da osagaietara, lehengaietara, gehigarrietara eta produktu horri eranstekoak zaizkion edo erantsi ahal zaizkion substantzietara.

2. Trazabilitatea autokontrol-sistemen osagaietako bat da, eta, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako edota elikagaien arloko enpresa guztiak behartuta daude trazabilitatea ezartzera elikakatearen etapa guztietan, prozedura egoki, ulergarri eta ziurtagarrien bidez. Trazabilitate-prozedurek ahalbidetzen dute edozein unetan ezagutu ahal izatea, sortutako informazioren bidez, zein diren produktu eta lehegaien hornitzaileak eta zein enpresa hornitu diren.

3. Nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisau-enpresek kontrolerako zerbitzu ofizialen eskura jarriko dute trazabilitate-sistemari buruzko informazio guztia, bai eta sistema horretatik eratorritako edo sistema horrek sorturiko informazioa ere.

9. artikulua. Salmenta zuzenaren motak.

Ekoizleek hiru baimen-araubideren artean hautatu ahalko dute, osasun eta erregelamendu arloan:

1. Salmenta zuzena: egoera horretan daude ustiategietako titularrak, baldin eta beren produktua azken kontsumitzaileari saltzen badiote, bai ustiategian bertan bai Nafarroako Foru Komunitateko nahiz autonomia erkidego mugakideetako merkatu eta azoketan.

2. Produkzioaren zati bat azken kontsumitzaileari zuzenean saltzea eta beste zati bat bitartekari baten bidez saltzea. Aukera hau osasun-erregistrotik salbuetsita egonen da.

3. Produkzio osoaren salmenta zuzena, Europar Batasunean saltzeko osasun baimenarekin.

10. artikulua. Salmenta zuzena.

1. Salmenta zuzena egiten duten nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisau-enpresek ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Ekipamenduari eta funtzionamenduari buruzko zenbait baldintza beteko dituzte, Europako araudi indardunari jarraikiz.

b) Higienearen printzipio orokorrak ziurtatuko dituzte eta, kasua bada, ekoizten duten produktuaren berariazko irizpide mikrobiologikoak betetzen direla ere bai.

c) Arrisku eta kontrol gune erabakigarrien azterketari (APPCC) buruzko sistema bat abian izanen dute, edo, kasua bada, higiene-jardunbide egokien gida bat (GPCH).

d) Ekoizpen osoa merkaturatuko dute azken kontsumitzaileari zuzenean salduta, azoketan, ekoizpen zentroaren gertuko ingurunean, 853/2004 (EE) Erregelamenduko 1. artikuluko 5. idatz-zatiko a) letrak xedatzen duenarekin bat.

e) Ez dago salmentarako kopuru-mugarik.

2. Salmenta zuzeneko ustiategi bakoitzak bere jarduerari buruzko aitorpen bat eginen du, eta aitorpen honen edukia erregelamenduz garatuko da.

11. artikulua. Osasunerregistrotik salbuestea.

Osasun-erregistrotik salbuetsita dauden nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisau-enpresek ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Jarduera bermez garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduari eta funtzionamenduari buruzko baldintzak beteko dituzte, Europako araudi indardunari jarraikiz.

b) Higienearen eta osasungarritasunaren printzipio orokorrak ziurtatuko dituzte eta, kasua bada, ekoizten duten produktuaren berariazko irizpide mikrobiologikoak betetzen direla ere bai.

c) Arrisku eta kontrol gune erabakigarrien azterketari (APPCC) buruzko sistema bat abian jarriko dute, edo, kasua bada, higiene-jardunbide egokien gida bat (GPCH).

d) Txikizkako merkataritzako establezimenduei egitea salmentaren zati bat, elikagaien segurtasunari buruzko Europako berariazko araudiak ezarritako baldintzak errespetatuz.

12. artikulua. Nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategiek salmenta zuzena egiteko bete beharreko baldintzak.

1. Nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategiak ondoko baldintzak bete beharko ditu gutxienez ere, 10. artikuluko lehenengo idatz-zatian jasotzen den salmenta zuzena egiteko:

a) Ekipamenduari eta funtzionamenduari buruzko zenbait baldintza beteko dituzte, araudi indardunari jarraikiz.

b) Ziurtatzea higienearen printzipio orokorrak eta, kasua bada, ekoizten duten produktuaren berariazko irizpide mikrobiologikoak betetzen direla.

c) Abian jartzea arrisku eta kontrol gune erabakigarrien azterketari (APPCC) buruzko sistema bat, edo, kasua bada, higiene-jardunbide egokien gida bat (GPCH).

d) Osasun-erregistroak abalatutako marka izatea.

e) Produktuak Europar Batasunean merkaturatu ahal izatea.

2. Osasun-erregistroa izan behar duen ustiategi bakoitzak eskabide bat eginen du, dagoen ereduaren araberakoa.

13. artikulua. Nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisauenpresen erregistroa.

Nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisau-enpresek, beren ustiategietan sorturiko lehengaiekin egiten dituzten nekazaritzako elikagaiak merkaturatzen badituzte, salmenta zuzenaren bidez edo osasun-erregistroa egiteko salbuetsitako salmentaren bidez, behar bezalako identifikazioa izango dute eta kasuan kasuko ekoizleen erroldan inskribatuta egonen dira, salmenta zuzenaren bidezkoak nahiz osasun-erregistroa egiteko salbuetsitako salmentaren bidezkoak izan.

Nekazaritzako ustiategiekin lotura duten nekazaritzako elikagaien artisau-enpresak, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzen badituzte eta osasun-erregistroa badute, Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatuta egonen dira eta eraldatzen duten lehengaiaren ekoizle direla esaten duen bereizgarri bat izanen dute. Bereizgarri horretan adieraziko da, halaber, nekazaritzako ustiategiaren izena.

14. artikulua. Praktika egokien gidak.

1. Praktika egokien gidak sortuko dira, Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako produktuen salmenta zuzenari buruzko Foru Legearen aplikazioari begira.

2. 1. eranskinean zehazten da ustiategi horiek zer jarduera egin ditzaketen.

1. eranskina

1. Fruituen eta barazkien zukuak, marmeladak eta kontserbak egitea.

2. Sagardoa, ardoa, likoreak eta pattarrak egitea.

3. Haragizko produktuak egitea.

4. Esnekiak egitea.

5. Eztia eta deribatuak manipulatu eta egitea.

6. Landare-espezieak manipulatzea, elikaduran erabiltzeko infusioetarako eta elikaduran erabiltzeko eragile aromatiko gisa.

7. Oliba-olio birjina estra egitea.

8. Arrautzen salmenta.

Xedapen iragankorra .Nafarroako Gobernuak, sei hilabeteko epean, erregelamendu bidez arautuko ditu, aplikatzekoa den araudiarekin bat eta, zehazki, Europako 852/2004, 853/2004 erregelamenduekin eta horiek garatzen dituzten arauekin bat, nekazaritzako elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren arloko arriskuak kontrolatzeko sistemak eta gainontzeko araudi aplikagarria, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiari lotutako nekazaritzako produktuen salmenta zuzenerako, lege honetan ezarritakoarekin bat.

Azken xedapena.-Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko apirilaren 20an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1007213

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web