(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2010 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 22KOA, IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIA ETA HORRI LOTUTAKO ERROLDA ZEHATZ BATZUK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 32 - 12/03/2010



  I. KAPITULUA. IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIARI BURUZKO BETEBEHARRAK.


  ARAU OROKORRAK


  II. KAPITULUA. PERTSONA FISIKOEI IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIA ESLEITZEA


  III. KAPITULUA. PERTSONA JURIDIKOEI ETA NORTASUN JURIDIKORIK GABEKO ENTITATEEI IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIA ESLEITZEA


  IV. KAPITULUA. ENPRESABURUEN EDO PROFESIONALEN IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIAREN BEREZITASUNAK, BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ONDORIOETARAKO


  V. KAPITULUA. IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIAREN ERABILERA


  VI. KAPITULUA. IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIAREN EZEZTAPENA


Atariko

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, pertsona fisiko eta juridiko guztiek eta nortasunik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia izanen dute beren tributu harremanetan edo tributu gaietan eragina duten harremanetan; halaber, identifikazio fiskaleko zenbaki hori administrazioak emanen du, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

Horrez gain, horrek berarekin dakar ondoren erregelamenduz garatu behar izatea bai identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko, baliogabetzeko eta ezeztatzeko prozedura, bai horren osaera eta tributu harremanetan edo tributu gaietan eragina duten harremanetan erabiltzeko modua.

Foru dekretu honek indarra hartu arte, uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretuan arautzen zen identifikazio fiskaleko zenbakia osatzeko, esleitzeko eta erabiltzeko modua.

Bestalde, pertsona juridikoei dagokienez, arau horren 2.1 artikuluak ezartzen du pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko entitateen identifikazio zenbakia Entitateen Errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuaren arabera esleitzen zaien identifikazio kodea izanen dela.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian ezarritako gaikuntza erabiliz, foru dekretu honen helburua da Identifikazio Fiskaleko Zenbakia arautzen duen uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretua eta Entitateen Errolda arautzen duen ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretua indargabetzea, eta batera bilduko ditu identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko, ezeztatzeko eta osatzeko arau orokorrak eta tributu harremanetan edo tributu gaietan eragina duten harremanetan erabiltzeko modua, bai pertsona fisikoei dagokienez, bai pertsona juridikoei eta nortasunik gabeko erakundeei dagokienez.

Foru dekretu honek berariaz zehazten du pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakiaren osaera, orain indargabetuko den ekainaren 12ko 124/1987 Foru Dekretuak aipatzen duen identifikazio kodea ordeztuta.

Kontuan hartuta pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakiak informazioa izanen duela forma juridikoari buruz (Espainiako entitatea bada) edo atzerriko entitatea edo Espainiako lurraldean egoitza ez duen entitatearen establezimendu iraunkorra izateari buruz eta, orobat, ausazko zenbaki bat eta kontrol karaktere bat izanen dituela, foru dekretuaren proiektuak ahalmena emanen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari hori zehazteko eta eratzeko behar beste xedapen emateko. Horretarako, zenbait gako ezarriko dira, adierazteko Espainiako entitateen, atzerriko entitateen edo Espainiako lurraldean egoitza ez duen entitatearen establezimendu iraunkorren forma juridikoa.

Era berean, enpresaburuen edo profesionalen identifikazio fiskaleko zenbakiaren berezitasunak arautuko dira, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako. Gauzak horrela, Batasun barneko eragiketak egiten dituzten pertsonei edo entitateei arau orokorren arabera emandako identifikazio fiskaleko zenbakia, ES aurrizkia daramana, egokituko zaie, nazioarteko ISO-3166 alfa 2 kode estandarrarekin bat etorriz.

Identifikazio fiskaleko zenbakiarekin harreman estua duela kontuan hartuta, Europar Batasunaren barneko Operadoreen Erregistroa eta Entitateen Errolda eskematikoki arautzeaz ere arduratuko da foru dekretua, bai eta Errolda eta Entitateen Aurkibidea beren artean koordinatzeaz ere, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari arautze hori garatzeko gaikuntza handia emanda.

Foru dekretuak hamahiru artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken bi xedapen ditu. Sei kapitulutan banaturik dago. Lehenengoan identifikazio fiskaleko zenbakia izan beharra eta hori egiaztatzeko modua arautzen dira. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan adierazitakoaren arabera, eta zerga administrazio eskudunekin koordinatzeko gaur egungo irizpideei jarraikiz, Nafarroako Zerga Ogasuna identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eta ezeztatzeko eskudun noiz izanen den ezartzen da. Bigarren kapitulua pertsona fisikoei identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeari buruzkoa da eta Espainiako eta atzerriko pertsona fisikoen artean dauden aldeak ezartzen ditu. Hirugarrena pertsona juridikoei eta nortasun juridikorik gabeko entitateei identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzea arautzeaz arduratzen da. Laugarrenak enpresaburuen edo profesionalen identifikazio fiskaleko zenbakiaren berezitasunak biltzen ditu, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, Batasun barneko eragiketei dagokienez. Bosgarrenak arautzen du nola eta noiz erabili behar den identifikazio fiskaleko zenbakia Zerga Administrazioan, tributu gaietarako ardura duten harremanetan eta kreditu entitateekin egindako eragiketetan. Amaitzeko, seigarren kapitulua identifikazio fiskaleko zenbakia zergatik ezeztatzen ahal den zehazteaz arduratzen da.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostena ikusi ondoren, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko otsailaren 22ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

ARAU OROKORRAK

1. artikulua . Identifikazio fiskaleko zenbakia izan beharra eta hori frogatzeko modua.

1. Pertsona fisikoek zein juridikoek eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatutako tributudunek identifikazio fiskaleko zenbakia izanen dute tributu harremanetan edo tributu gaietarako ardura duten harremanetan.

2. Titularrak identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzen ahalko du Zerga Administrazioak hori egiaztatzeko eman duen agiria erakutsiz, edo nortasun agiri nazionala edo atzerritarren identifikazio zenbaki pertsonala esleitzen duen agiri ofiziala.

3. Aurreko idatz-zatietan xedatzen dena bete arren, beste identifikazio kode edo gako osagarri batzuk ere izan behar dira, tributu bakoitzaren araudiak hala ezartzen badu.

2. artikulua . Nafarroako Foru Ogasunaren eskumena Nota de Vigencia.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoaren esparruan, Nafarroako Zerga Ogasunak eskumena izanen du identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko, errebokatzeko eta birgaitzeko, honako kasu hauetan:

1. Pertsona fisikoei, beren ohiko bizilekua Nafarroan badute.

2. Pertsona juridikoei eta nortasun juridikorik gabeko erakundeei, helbide fiskala Nafarroan badute.

3. Espainiako lurraldean egoitza ez duten pertsona fisikoei edo entitateei:

a) Espainiako lurraldean lan egiten badute establezimendu iraunkor baten bidez, establezimendu iraunkorraren helbide fiskala Nafarroan izanez gero.

b) Espainiako lurraldean lan egiten badute establezimendu iraunkorrik izan gabe, Nafarroan zerga arlokoak diren edo zerga arloko ondorioak dituzten egintzak edo eragiketak egin behar dituztenean, eta lehendik beste administrazio batek identifikazio fiskaleko zenbakirik esleitu ez badie.

II. KAPITULUA. PERTSONA FISIKOEI IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIA ESLEITZEA

3. artikulua . Espainiako nazionalitatea duten pertsona fisikoen identifikazio fiskaleko zenbakia.

1. Espainiako nazionalitatea duten pertsona fisikoentzat identifikazio fiskaleko zenbakia izanen da nortasun agiri nazionalean agertzen dena gehi egiaztapen kodea edo karakterea; kode hori letra larri bat izanen da, nortasun agiri nazionalean bertan agertu beharko duena, haren xedapen arauemaileen arabera.

2. Tributu harremanen edo tributu gaietarako ardura duten harremanen arloan eragiketak egiten dituzten edo horietan parte hartzen duten eta atzerrian bizi izateagatik edo 14 urtetik beherakoak izateagatik nortasun agiri nazionala izatera behartuta ez dauden espainiarrek identifikazio fiskaleko zenbaki propioa eskuratu beharko dute. Horretarako, nortasun agiri nazionala beren borondatez eskatzen ahalko dute, edo Zerga Administrazioari identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eskatuko diote. Identifikazio fiskaleko zenbaki hori bederatzi karakterek osatuko dute, honela: hasierako letra, zenbaki horren izaera adieraziko duena (letra hori L izanen da atzerrian bizi diren espainiarrentzat eta K, aldiz, Espainian bizi badira ere, 14 urtetik beherakoak diren espainiarrentzat); zazpi karaktere alfanumeriko eta egiaztapen karaktere alfabetiko bat. Karaktere horiek esleitzeko zerga administrazio eskudun guztiekin batera lan eginen da.

Eskatu ezean, Zerga Administrazioak alta ematen ahalko die ofizioz bidezko erroldan, eta identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzen ahalko die.

3. 14 urtetik beherako pertsonak tributu harremanetan edo tributu gaietan eragina duten harremanetan identifikatzeko, azalduko dira bai 14 urtetik beherako pertsonaren datuak, barne dela haren identifikazio fiskaleko zenbakia, bai haren legezko ordezkariarenak.

4. artikulua . Atzerriko nazionalitatea duten pertsona fisikoen identifikazio fiskaleko zenbakia.

1. Espainiakoak ez diren pertsona fisikoentzat identifikazio fiskaleko zenbakia atzerritarren Espainiako eskubideei eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren eta hura garatzeko araudiaren arabera esleitu edo ematen zaien atzerritarren nortasun zenbakia izanen da.

2. Espainiakoak ez diren eta (bai aldi baterako, hori izatera behartuta egoteagatik, bai behin betiko, hori izan beharrik ez izateagatik) atzerritarren nortasun agiria ez duten pertsona fisikoek Zerga Administrazioari identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eskatu beharko diote, tributu harremanen edo tributu gaietarako ardura duten harremanen arloan eragiketak egin nahi dituztenean. Zenbaki hori bederatzi karakterek osatuko dute, honela: hasierako letra, zenbaki horren izaera adieraziko duena (letra hori M izanen da); zazpi karaktere alfanumeriko eta egiaztapen karaktere alfabetiko bat. Karaktere horiek esleitzeko zerga administrazio eskudun guztiekin batera lan eginen da.

Eskatu ezean, Zerga Administrazioak alta ematen ahalko die ofizioz bidezko erroldan, eta identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzen ahalko die.

5. artikulua . Zerga Administrazioak Espainiako pertsona fisikoei eta atzerritarrei identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko arauak.

1. 3. eta 4. artikuluen arabera Zerga Administrazioak zuzenean emandako identifikazio fiskaleko zenbakia baliozkoa izanen da, titularrak nortasun agiri nazionala edo atzerritarren nortasun zenbakia eskuratu arte.

Identifikazio fiskaleko zenbakia izan eta gero nortasun agiri nazionala edo atzerritarren nortasun zenbakia eskuratzen dutenek horren berri eman beharko diete Zerga Administrazioari eta haren identifikazio fiskaleko zenbaki berriaren berri izan behar duten gainerako pertsona edo entitateei, bi hilabeteko epean. Identifikazio fiskaleko aurreko zenbakiak ondorioak sortuko ditu, berria jakinarazi arte.

Nortasun agiri nazionala edo atzerritarren nortasun zenbakia eskuratzeko aldiari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean aipatzen denean, ulertuko da Zerga Administrazioari horren berri eman zaiola.

2. Pertsona fisiko batek aldi berean Zerga Administrazioak esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia eta nortasun agiri nazionala edo atzerritarren nortasun zenbakia dituela antzematen denean, azken horri emanen zaio lehentasuna. Artikulu honen 1. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, Zerga Administrazioak interesdunari jakinarazi beharko dio aurretik esleitu zaion identifikazio fiskaleko zenbakia baliogabetuko dela eta, eragiketak direla-eta, baliozko zenbaki horren berri izan behar duten pertsona edo entitate guztiei jakinarazi behar diela Nota de Vigencia.

III. KAPITULUA. PERTSONA JURIDIKOEI ETA NORTASUN JURIDIKORIK GABEKO ENTITATEEI IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIA ESLEITZEA

6. artikulua . Pertsona juridikoei eta nortasun juridikorik gabeko entitateei identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzea.

1. Zerga Administrazioak identifikazio fiskaleko zenbakia esleituko die pertsona juridikoei eta nortasun juridikorik gabeko entitateei, haiek identifikatzeko. Zenbaki hori aldaezina izanen da, pertsona edo entitate horiek edonola aldatzen direla ere, haien forma juridikoa edo nazionalitatea aldatu ezean.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezarri bezala eta zerga administrazio eskudun guztiekin batera, pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakiaren osaerak honako hauek bilduko ditu:

a) Forma juridikoari buruzko informazioa, Espainiako entitatea denean, edo, hala badagokio, atzerriko entitatea edo Espainiako lurraldean egoitza ez duen entitatearen establezimendu iraunkorra izateari buruzkoa.

b) Ausazko zenbakia.

c) Kontrol karakterea.

2. Pertsona juridiko edo Espainiako lurraldean egoitza ez duen entitate batek Espainian lan egiten duenean argi eta garbi bereizita dauden jarduerak egiten dituzten eta bereiz kudeatzen diren establezimendu iraunkorren bidez, establezimendu iraunkor bakoitzak identifikazio fiskaleko zenbakia eskatu beharko du, pertsonari edo egoitza ez duen entitateari esleitu zaiona (hala badagokio) ez dena.

3. Administrazio publikoek eta nortasun juridiko propioa duten eta administrazio publikoen mende dauden erakunde edo entitateek identifikazio fiskaleko zenbaki bat izaten ahalko dute enpresa edo lanbide jardueraren sektore bakoitzeko, baita departamentu, kontseilaritza, bulego edo goi mailako organo bakoitzeko ere. Horietako bakoitzak kudeaketa gaitasun propioa izanen du.

4. Era berean, honako hauek identifikazio fiskaleko zenbakia izaten ahalko dute, hala eskatzen badute:

a) Titulartasun publikoko ikastetxeek.

b) Titulartasun publikoko osasun edo laguntza zentroek.

c) Gobernu organoek eta Espainiako Gurutze Gorriko osasun edo laguntza zentroek.

d) Erregistro publikoek.

e) Epaitegiek, auzitegiek eta justizia auzitegietako salek.

f) Aldizkari ofizialek, nortasun juridiko propiorik ez dutenean.

5. Nortasun juridiko propioa duten eliz entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia izanen dute, nahiz eta Sozietateen gaineko Zergaren ondorioetarako subjektu pasibo baten barnean egon, haren eremua elizbarruti edo erlijioso probintzia bat dela.

7. artikulua . Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia eskatzea.

1. Tributu harremanetan edo tributu gaietan eragina duten harremanetan titularrak izanen diren pertsona juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eskatu beharko dute.

2. Enpresa edo lanbide jarduerak egin nahi dituzten pertsona juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia eskatu beharko dute, jarduera garatzeko edozein ondasun edo zerbitzu eman, egin edo eskuratu, kobrantzak jaso edo ordainketak egin, eta langileak kontratatu baino lehen. Nolanahi ere, hori eratu edo Espainiako lurraldean egoitza hartu eta hurrengo hilabetearen barnean egin beharko da eskaera.

3. Aurreko artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietan adierazitako kasuetan identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko, nortasun juridiko propioa duen entitate interesdunak edo ministerioko departamentu batek edo autonomi erkidego bateko kontseilaritza batek eskatu beharko du. Eskabidean adierazi beharko da zein sektore, organo edo zentrotarako eskatu nahi den identifikazio fiskaleko zenbaki propioa eta zergatik egiten den eskaera.

Eskaera onartu ondoren, Zerga Administrazioak identifikazio fiskaleko zenbakia esleituko du.

8. artikulua . Pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak identifikazio fiskaleko zenbakia esleituko du, hamar eguneko epean.

Zerga Administrazioak interesdunek identifikazio fiskaleko behin-behineko edo behin betiko zenbakia eskatzeko idazkietan jakinarazi dituzten datuen egiazkotasuna egiaztatzen ahalko du. Egiaztapenetik ondorioztatzen bada datuak ez direla egiazkoak, Zerga Administrazioak zenbakia esleitzea ukatzen ahalko du, hamar eguneko epean (epea zabalduko dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta) interesdunei entzunaldia eman ondoren.

2. Pertsona juridikoen eta nortasunik gabeko entitateen identifikazio fiskaleko zenbakia behin-behinekoa izanen da, harik eta entitate interesdunak eskritura publikoaren edo eraketaren agiri fede-emailearen eta sozietatearen estatutuen edo agiri baliokidearen kopia eta, hala denean, erregistro publikoan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu arte.

Identifikazio fiskaleko behin-behineko edo behin betiko zenbakia ez zaie esleituko pertsona juridikoei edo entitateei, harik eta behar bezala sinatutako agiri bat aurkeztu arte, adieraziz badutela borondateen adostasuna pertsona juridikoa edo entitatea eratzeko, edo harik eta titularkidetza egoerak egiaztatzen dituen beste agiriren bat aurkeztu arte.

Eskaera sinatzen duenak frogatu beharko du pertsona juridikoaren, nortasunik gabeko entitatearen edo hori sortzeko konpromisoa hartu duen kolektiboaren izenean jarduten duela.

3. Identifikazio fiskaleko behin-behineko zenbakia esleitzen denean, entitateak identifikazio fiskaleko behin betiko zenbakia esleitzeko behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko ditu hilabeteko epean, erregistroan inskribatzen denetik edo eskritura publikoak edo eraketaren agiri fede-emailea eta sozietatearen estatutuak edo eraketaren agiri baliokideak ematen direnetik zenbatuta, erregistroan inskribatzea beharrezkoa ez denean.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea igarotzen denean edo identifikazio fiskaleko zenbaki behin-behinekoa eman eta sei hilabeteko epea bukatuta oraindik ere aurkeztu ez badira falta diren agiriak, Nafarroako Zerga Ogasunak haiek aurkezteko eskatzen ahalko du, eta hamar eguneko gehieneko epea emanen du, eskaera jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, horiexek aurkezteko edo horiek aurkezteko ezintasuna justifikatzeko. Hala bada, agiriak behin betiko aurkeztu ahal izateko zein epe behar duen adierazi beharko du Nota de Vigencia.

Falta diren agiriak aurkezteko eskaerari behar den denboran eta behar den moduan erantzuten ez bazaio, esleitutako identifikazio zenbakia ezeztatzen ahalko da 13. artikuluak adierazi bezala, interesdunari entzunaldia eman ondoren.

4. Identifikazio fiskaleko behin betiko zenbakia eskatzeko, identifikazio fiskaleko behin-behineko zenbakia eskatzeko adierazitako datuetan egon diren aldaketa guztiak, oraindik administrazioari jakinarazi ez zaizkionak, zehaztu beharko dira. Horiekin batera, falta diren agiriak aurkeztuko dira.

Betebehar hori egin eta gero, identifikazio fiskaleko behin betiko zenbakia esleituko da.

5. Identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko aurkeztu diren agiriak Nafarroako hizkuntza ofizialetako baten batera itzultzeko eskatzen ahalko du Zerga Administrazioak, agiriak ofiziala ez den hizkuntzan idatzita daudenean.

6. Nafarroako Zerga Ogasunak hitzarmenak sinatzen ahalko ditu beste administrazio publiko, instituzio eta erakunde batzuekin, horietan identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eta identifikazio txartela emateko eskaerari buruzko eginkizunak egiteko. Hitzarmen batean xedatutakoari jarraikiz eta erakunde, instituzio edo pertsonen bidez Nafarroako Zerga Ogasunak entitate bati identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko behar den informazioaren berri duenean, entitatea salbuesten ahalko du zenbakia esleitzeko eskatzetik, entitateak aurretik aurkeztu diren aitorpenetako informazioan egon diren aldaketak jakinarazteko duen betebeharra galarazi gabe.

7. Identifikazio fiskaleko zenbakia esleitu eta gero, Nafarroako Zerga Ogasunak Entitateen Erroldan inskribatuko ditu pertsona juridikoak zein nortasunik gabeko entitateak.

Nahiz eta foru dekretuaren 7. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera identifikazio fiskaleko zenbakia eskatzera behartuta dauden, pertsona juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko entitateek hori egiten ez dutenean, Nafarroako Zerga Ogasunak identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzen ahalko die eta Entitateen Erroldan alta eman ofizioz.

Entitateen Erroldan bildutako edozein datu aldatzen denean, tributudunak aldaketa horren berri eman beharko dio Nafarroako Zerga Ogasunari.

Era berean, Entitateen Erroldan inskribatzeko ondorioetarako, helbide soziala araubide komuneko lurraldetik Nafarroara lekualdatzen duten edo, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Entitateen Erroldan agertu behar diren pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek horren berri eman beharko diote Nafarroako Zerga Ogasunari.

Mota guztietako enpresa edo lanbide jarduerak garatzeari uzten dioten pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek horren berri eman beharko diote Nafarroako Zerga Ogasunari, Entitateen Erroldan baja hartzeko.

Era berean, pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek aditzera eman beharko dute zein diren iraungitako entitateen izen-deiturak, izen soziala edo izen osoa, eta identifikazio fiskaleko zenbakia, iraungipena transformazioagatik izan edo Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatutako kasuengatik izan Nota de Vigencia.

Entitateen Erroldan alta, aldaketa eta baja eskatzeko edukia, modua, aurkeztu beharreko agiriak eta epeak arautuko ditu Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak.

IV. KAPITULUA. ENPRESABURUEN EDO PROFESIONALEN IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIAREN BEREZITASUNAK, BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ONDORIOETARAKO

9. artikulua . Enpresaburuen edo profesionalen identifikazio fiskaleko zenbakiaren berezitasunak, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, artikulu honen 2. idatz-zatiak aipatzen dituen Batasun barneko eragiketak egiten dituzten pertsonentzat edo entitateentzat identifikazio zenbakia erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera zehazten dena izanen da; dena den, horri ES aurrizkia jarriko zaio aurretik, nazioarteko ISO-3166 alfa 2 kode estandarrarekin bat etorriz.

Zenbakia interesdunak Batasun barneko Operadoreen Erregistroan inskribatzeko eskatzen duenean esleituko da. Nafarroako Zerga Ogasunak zenbaki hori esleitzea ukatzen ahalko du, aurreko artikuluaren 1. idatz-zatian aipatutako kasuan eta identifikazio fiskaleko behin-behineko edo behin betiko zenbakia jaso duten pertsona edo entitateek identifikazio fiskaleko behin betiko zenbakia eskuratzeko behar diren agiriak aurkezten ez dituztenean aurreko artikuluaren 3. idatz-zatian ezarritako epean edo, hala denean, artikuluak aipatzen duen eskaeran emandako epean, epe horietan agiriak aurkezteko ezintasuna behar bezala justifikatu ezean. Nafarroako Zerga Ogasunak hiru hilabeteko epean ebazpena ematen ez badu, zenbakia esleitzea ukatutzat joko da.

2. Aurreko idatz-zatian zehaztutako identifikazio fiskaleko zenbakia honako pertsona edo entitate hauei esleituko zaie Nota de Vigencia:

a) Balio erantsiaren gaineko zergaren mende dauden Europar Batasunaren barneko ondasunak entregatu edo eskuratzen dituzten enpresaburuei edo profesionalei, Europar Batasunaren barneko eskurapen horien xede diren ondasunak atzerriko enpresa edo lanbide jarduerak egiteko erabiltzen badira ere.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren aplikazio lurraldean finkatuta ez dauden enpresaburuek edo profesionalek emandako zerbitzuen hartzaile diren enpresaburuak edo profesionalak, haien subjektu pasiboak badira.

c) Lokalizazio arauen arabera, Batasuneko beste estatu bateko lurraldean zerbitzuak eman dituzten enpresaburuak edo profesionalak, subjektu pasiboa bada zerbitzu horien hartzailea.

d) Enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoak, Europar Batasunaren barruan egindako ondasun eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergari lotuta daudenean, Zergari buruzko Foru Legearen 13.1 eta 14. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

3. Aurreko 2. idatz-zatian xedatutakoa alde batera utzita, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako ez zaie berariazko identifikazio zenbakia esleituko honako pertsona edo entitate hauei:

a) Zerga osorik edo zati batean kentzeko eskubidea ematen ez duten eragiketak bakarrik egiten dituzten edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia aplikagarri duten jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboei edo enpresaburu edo profesional jarduten ez duten pertsona juridikoei, pertsona horiek Europar Batasunaren barnean egindako ondasun erosketak balio erantsiaren gaineko zergaren mende ez daudenean, zergari buruzko foru legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Aurreko letran aipatu direnei eta enpresaburu edo profesional jarduten ez dutenei, Europar Batasunaren barnean garraiobide berrien erosketak egiten dituztenean.

c) Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 5.1.e) artikuluan aipatzen direnei.

d) Balio erantsiaren gaineko zerga aplikatzen duen lurraldean egoitza ez duten enpresaburuei edo profesionalei, baldin eta lurralde horretan subjektu pasibo bihurrarazten ez duten eragiketak egiten badituzte, zergari buruzko foru legearen 31.1, 31.2, 31.3 eta 31.4 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Balio erantsiaren gaineko zerga aplikatzen duen lurraldean egoitza ez duten enpresaburuei edo profesionalei, baldin eta lurralde horretan zergari buruzko foru legearen 23.3 artikuluak aipatzen dituen Europar Batasunaren barneko ondasun erosketak eta emateak bakarrik egiten badituzte.

4. Beste estatu kide batzuetako ondasunak ematen dituzten edo zerbitzuak egiten dituzten pertsonek edo entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia, aurreko 1. idatz-zatian definitu dena eta Europar Batasuneko edozein estatu kidek eragiketa horien hartzaileei esleitu diena, egiaztatzeko eskatzen ahalko diote Zerga Administrazioari.

5. Beste estatu kide batzuetarako ondasunak ematen dituzten edo beste estatu kide batzuetako zerbitzuak egiten dituzten enpresaburuek edo profesionalek identifikazio fiskaleko zenbakia, aurreko 1. idatz-zatian definitu dena eta estatu horietako edozeinek eragiketa horien hartzaileei esleitu diena, egiaztatzeko eskatzen ahalko diote Nafarroako Zerga Ogasunari.

6. Europar Batasunaren barneko Operadoreen Erregistroa artikulu honetan arautzen den identifikazio fiskaleko zenbakia esleituta duten pertsonek edo entitateek osatzen dute.

Foru aginduaren bidez Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak erregistro horren edukia arautuko du, baita alta, aldaketa eta baja eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak eta epeak ere. Halaber, inskribatzea ukatzeko edo baja erabakitzeko kasuak ezarriko ditu, Europar Batasunaren barneko eragiketetan zerga iruzurra saihesteko neurrien esparruan.

V. KAPITULUA. IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIAREN ERABILERA

10. artikulua . Identifikazio fiskaleko zenbakia Zerga Administrazioan erabiltzea.

1. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, tributudunek beren identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharko dute Zerga Administrazioan aurkezten dituzten autolikidazio, aitorpen, jakinarazpen eta idazki guztietan. Zenbaki hori izan ezean, esleitzeko eskatu beharko dute, foru dekretu honen 3., 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Zerga Administrazioak identifikazio fiskaleko zenbakia agertzen ez duten jakinarazpenak edo idazkiak aurkeztea onartzen ahalko du.

Tributudunak identifikazio fiskaleko zenbakirik ez duenean, zenbakia esleitzen denean baino ez da tramitatuko. Aurkezten denetik hamar eguneko epean egiaztatzen ez bada identifikazio fiskaleko zenbakiaren eskaera, jakinarazpena edo idazkia aurkeztu ez dela ulertzen ahalko da, hori adierazten duen administrazio ebazpena eman ondoren.

2. Tributudunek beraiekin tributu harremanen edo tributu gaietan eragina duten harremanen arloan eragiketak egiten dituzten pertsonen edo entitateen identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharko dute Zerga Administrazioan aurkezten dituzten autolikidazio, aitorpen, jakinarazpen edo idazkietan, foru dekretu honetan edo beste xedapen batzuetan xedatutakoaren arabera.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren ondorioetarako, tributudunek beraiekin tributu harremanen edo tributu gaietan eragina duten harremanen arloan eragiketak egiten dituzten pertsonei edo entitateei eskatzen ahalko diete haien identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazteko. Pertsona edo entitate horiek zenbakia jakinarazi eta, hala denean, frogatu beharko dute, foru dekretu honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua . Identifikazio fiskaleko zenbakia tributu gaietan eragina duten harremanetan erabiltzea.

1. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, tributudunek beren identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharko dute, jarduera garatzearen ondorioz tributu harremanetan edo tributu gaietan eragina duten harremanetan egiten dituzten agiri guztietan. Era berean, beste tributudun batzuei jakinarazi beharko diete, foru dekretu honetan edo beste xedapen batzuetan xedatutakoaren arabera. Zenbaki hori izan ezean, esleitzeko eskatu beharko dute, foru dekretu honen 3., 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Halaber, tributudunek beraiekin tributu harremanen edo tributu gaietan eragina duten harremanen arloan eragiketak egiten dituzten pertsonen edo entitateen identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharko dute agiri horietan, foru dekretu honetan edo beste xedapen batzuetan xedatutakoaren arabera.

2. Bereziki, identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi edo jakinarazi beharko da tributu gaietan eragina duten harremanetan egindako eragiketa hauetan:

a) Bai Espainian kokatutako finkaguneetatik ordaindutako lan etekinak, bai Espainiako lurraldean ordaintzen den edo lurralde horretan kokatutako edo inskribatutako ondasun edo balioetatik ondorioztatzen den kapital higigarriaren etekinak jaso edo ordaintzen direnean. Kasu horietan identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi beharko zaio etekin horiek ordaindu edo jasotzen dituenari.

Balioak edo finantza aktiboak Espainiako lurraldean kokatuta edo inskribatuta daudela ulertuko da, Espainian kokatuta dagoen pertsona, entitate edo finkagune bat haien gordailuaz, kudeaketaz, administrazioaz edo kontabilitate erregistroaz arduratzen denean.

b) Baloreak eskuratu edo transmititu nahi direnean, tituluen edo kontuko oharren bidez ordezkatuak eta Espainian kokatzen direnak. Kasu horietan, baloreak eskuratu edo transmititu nahi duten pertsonek edo entitateek, dagokion agindua ematearekin batera, beren identifikazio fiskaleko zenbakia komunikatu beharko diete entitate emaileari edo dagozkion bitartekari finantzarioei, eta haiek ez dute agindua aintzat hartuko betebehar hori bete arte, Balore Merkatuari buruzko Legearen testu berreginaren 315. artikulua betez (urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, eskuratzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharko da, etekin inplizitua duten finantza aktiboak eskuratu direla egiaztatzen duten agirietan.

Letra honetan xedatzen dena ez da aplikatuko 12.7 artikuluan aipatzen diren kontuen bidez baloreak erosten edo eskualdatzen direnean. Nota de Vigencia.

c) Ondasun higiezinen gaineko jabaria edo gainerako eskubide errealak aitortu, eratu, eskuratu, eskualdatu, aldatu edo desagertzea helburu duten notario aurreko ekintzak edo kontratuak edo tributu gaietarako ardura duten harremanetan egindako beste edozein ekintza edo kontratu gauzatzen direnean. Kasu horietan agertzen diren pertsonen edo entitateen eta ordezkatzen dituzten pertsonen identifikazio fiskaleko zenbakiak adierazi beharko dira eskrituretan edo agirietan.

Notarioek hileko informazio aitorpena aurkeztu beharko diote Zerga Administrazioari Internet bidez. Bertan agertu direnen edo horiek ordezten dituzten pertsonen edo entitateen izen-abizenak adieraziko dira, hurrengo inguruabarrak betetzen badituzte:

a`) Identifikazio fiskaleko zenbakia ez jakinaraztea.

b`) Alderdiek erabilitako ordainbideak ez zehaztea, ordain osoa edo horren zati bat dirua edo hori ordezkatzen duen ikurra izan denean.

d) Espainiakoak diren edo kokatze eskubideko araubidean, sukurtsalaren bidez edo zerbitzuak aske emateko araubidean Espainian lan egiten duten aseguru entitateekin edozein aseguru edo finantza eragiketa kontratatzen denean. Kasu horietan asegurudun agertzen diren edo kalte-ordainak edo ordainketak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek beren identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi beharko diote haiekin eragiketak egiten dituen aseguru entitateari. Zenbaki hori eragiketa horiek biltzeko balio duen polizan edo agirian adierazi beharko da.

Istripuen arloan hiru hilabete edo hortik beherako iraupena duten aseguru kontratuak salbuetsiko dira.

Nafarroako Zerga Ogasunak aseguru entitateekin egindako beste eragiketa batzuk salbuesten ahalko ditu identifikatu beharretik, baldin eta bizitzaren arloarekin zerikusirik ez duten eta iraupen zehatza duten kontratuak badira.

e) Pentsio planetarako kontribuzio edo ekarpenak egiten direnean edo haiei dagozkien prestazioak jasotzen direnean. Kasu horietan, identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi beharko zaie plan horiek barne hartzen dituzten pentsio funtsak kudeatzen dituzten entitateei edo Europar Batasuneko beste estatu kide batean helbideratuta dauden eta Espainiako legeriaren mendeko pentsio planak garatzen dituzten pentsio funtsei. Ekarpena egin beharra eta prestazioen aitorpena gauzatzeko agirietan adierazi beharko da zenbaki hori Nota de Vigencia.

f) Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeenak diren edo Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen arabera Espainian merkaturatzen diren akzioak edo partaidetzak harpidetzeko, erosteko, itzultzeko edo eskualdatzeko eragiketak egiten direnean. Kasu horietan eragiketa horiek egiten dituzten pertsonek edo entitateek beren identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi beharko diete Espainiakoak diren edo sukurtsalaren bidez edo zerbitzuak aske emateko araubidean Espainian lan egiten duten entitate kudeatzaileei edo, horiek ez badaude, inbertsio sozietateei edo merkataritza entitateei. Identifikazio fiskaleko zenbakia eragiketa horiei buruzko agirietan adierazi beharko da.

Letra honetan xedatzen dena ez da aplikatuko 12.7 artikuluan aipatzen diren kontuen bidez egiten diren eragiketetan Nota de Vigencia.

3. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, tributudunek beraiekin tributu harremanen edo tributu gaietarako ardura duten harremanen arloan eragiketak egiten dituzten pertsonei edo entitateei eskatzen ahalko diete haien identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazteko. Pertsona edo entitate horiek zenbakia jakinarazi eta, hala denean, egiaztatu beharko dute, foru dekretu honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua . Identifikazio fiskaleko zenbakia kreditu entitateekin egindako eragiketetan erabiltzea.

1. Espainiakoak diren edo sukurtsalaren bidez edo zerbitzuak aske emateko araubidean Espainian lan egiten duten kreditu entitateekin eragiketak egiten dituzten pertsonek edo entitateek beren identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi beharko dute, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian eta artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

2. Ez da beharrezkoa izanen eragiketa egiten den unean egoitza ez duela frogatzen duenak identifikazio fiskaleko zenbakia jakinaraztea kreditu entitateei, dibisa trukatzeko eta bidaia-txekeak erosteko diren 3.000 eurotik beherako eragiketetan.

3. Eratzeko unean gordailu bat edo kontu bat zabaltzen ahalko da kreditu entitate batean, identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatu gabe. Hala ere, identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi beharko da hamabost eguneko epean, eta hori aurkeztu arte ezin izanen da inolako mugimendurik egin.

Kreditu entitateak karguak edo ordainketak abiarazten ahalko ditu ukitutako kontu edo gordailuetan; era berean, horiek ezeztatzen ahalko ditu, haien titular guztiek beren identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazten duten unetik.

Kreditu entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi ez duen edo hamabost eguneko epea igaro ondoren jakinarazi duen titularraren kontuen edo eragiketen berri eman beharko diote Zerga Administrazioari hiru hilean behin, nahiz eta kontu edo eragiketa horiek deuseztatu.

Entitate horiek ukitutako kontuei edo eragiketei lotutako aitorpena, ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal dituen eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onetsi dituen euskarrien baldintzen eta diseinuaren edo ereduaren arabera egindakoa, aurkeztu beharko dute hiruhileko natural bakoitzaren ondorengo hilabetearen barruan; identifikazio fiskaleko zenbakia aurkezteko epe balioduna hiruhileko horretan amaituko da. Ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal duen euskarrian aurkeztuz gero, urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoari dagokion aitorpena otsailaren 20ra arte aurkezten ahalko da.

Aitorpenean hurrengo datuak adieraziko dira:

a) Aitortzailearen identifikazio datuak.

b) Aitorpenari lotutako pertsona edo entitate bakoitzaren abizenak eta izena (hurrenkera horri jarraikiz) edo, hala denean, sozietatearen izen osoa eta helbidea.

c) Kontuaren edo eragiketaren izaera edo mota eta kontu zenbakia, baita identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazteko epean lortutako saldoa edo gehieneko zenbatekoa ere.

Nahitaezkoa izanen da aitorpen hori euskarri magnetikoan aurkeztea, eragiketen urteko aitorpena aurkezteko modu hori nahitaezko bihurtzen duten inguruabarrak daudenean.

4. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarriaren 3. idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, kreditu entitateek idatz-zati horrek aipatzen dituen datuak agertu beharko dituzte, igorritako txekeen ondoetan edo kopietan eta ordaindutako txekeen atzealdean. Horiek ez badituzte, erregistro osagarrietan (kontabilitate arlokoak edo eragiketa horiek kontrolatzeko erabiltzen den beste mota batekoak) adierazi beharko dituzte, ondoren egiaztatzea ahalbidetzeko moduan.

Halaber, kreditu entitateek esku-dirua, ondasunak, balioak edo beste txeke batzuk emanez igortzen diren txekeei buruzko informazioa jakinarazi beharko diote urtero Zerga Administrazioari, bankuko kontu batean igortzen direnak izan ezik.

Era berean, esku-dirutan eta ez bankuko kontuan ordaintzen dituzten eta kreditu entitate batek igorri dituen edo, pertsona ezberdinek igorri arren, 3.000 eurotik gorako balio faziala duten txekeei buruzko informazioa jakinarazi beharko dute.

Entitate horiek aitorpena, ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal dituen eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onetsi dituen euskarrien baldintzen eta diseinuaren edo ereduaren arabera egindakoa, aurkeztu beharko dute. Aurreko urteko txekeak aurkezteko epea urtarrilaren 1etik 31ra bitartekoa izanen da.

Aitorpenean hurrengo datuak adieraziko dira:

a) Aitortzailearen identifikazio datuak.

b) Hartzaileen edo, hala denean, aitorpen honen xedeko txekeak kobratzeko aurkezten dituzten pertsonen abizenak eta izena (hurrenkera horri jarraikiz) edo, hala denean, sozietatearen izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Txekeen serie zenbakia eta zenbatekoa, entitateak igorri dituenak eta ordaindu dituenak bereizita, baita beste kreditu entitate batzuek egindakoak eta pertsona ezberdinek igorritakoak ere, 3.000 eurotik gorakoak badira.

Nahitaezkoa izanen da aitorpen hori ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal duen euskarrian aurkeztea, eragiketen urteko aitorpena aurkezteko modu hori nahitaezko bihurtzen duten inguruabarrak daudenean.

5. Adingabeen edo ezinduen izenean dauden kontuetan edo gordailuetan eta adingabeak edo ezinduak hartzaile dituzten txekeetan haien identifikazio fiskaleko zenbakia idatziko da, baita haien legezko ordezkariak diren pertsonena ere.

6. Hainbat titular, baimendu edo onuradunen izenean dauden kontuetan edo gordailuetan guztien identifikazio fiskaleko zenbakia adierazi beharko da.

7. Artikulu honetan ezarritako identifikazio araubidetik salbuetsiko dira Espainian egoitza ez dutela egiaztatu duten pertsona fisikoen edo entitateen izenean dauden eurotako eta dibisatako kontuak, aktibokoak, pasibokoak edo baloreetakoak izanda. Salbuespen hori ez da aplikatuko kontuetan, horien etekinak titularrak Espainian kokatuta duen finkagune bati ordaintzen zaizkionean Nota de Vigencia.

8. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian ezarritako kasuetan txekeen hartzaileak edo edukitzaileak Espainian egoitza ez dutela adierazten duten pertsona fisikoak edo entitateak direnean, identifikazio fiskaleko zenbakiaren ordez, pasaporte zenbakia edo haien jatorrizko herrialdean baliozkoa den nortasun zenbakia erabiltzen ahalko da.

9. Ez-egoiliarra izatea egiaztatzeko, aurreko 2., 7. eta 8. idatz-zatietan aipatutako kasuetan aurreikusten diren ondorioetarako bakarrik, dagokion entitateari emanen zaio hauetako bat: egoitza fiskalaren ziurtagiri bat, bizileku den herrialdeko agintari fiskalek luzatua, edo egoitza fiskalaren aitorpen bat, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak onetsitako ereduaren araberakoa Nota de Vigencia.

VI. KAPITULUA. IDENTIFIKAZIO FISKALEKO ZENBAKIAREN EZEZTAPENA

13. artikulua . Identifikazio fiskaleko zenbakia errebokatzea eta birgaitzea Nota de Vigencia.

1. Zerga Administrazioak esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia ezeztatzen ahalko du, kudeaketa, egiaztapen edo ikerketa arloko jarduera eta prozeduretan honako zirkunstantzietako baten bat egiaztatzen denean:

a) Identifikazio fiskaleko behin-behineko zenbakia jaso duten pertsonek edo entitateek identifikazio fiskaleko behin betiko zenbakia eskuratzeko behar diren agiriak aurkezten ez dituztenean 8. artikuluaren 3. idatz-zatian adierazitako epean edo, hala denean, artikuluak aipatzen duen errekerimenduan emandako epean, epe horietan agiriak aurkezteko ezintasuna behar bezala frogatu ezean.

b) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 71.1 artikuluan aipatutako kasuak gertatzen direnean.

c) Urtebetetik gorako aldian eta, gutxienez, hiru jakinarazpen ahalegin egin ondoren, ezinezkoa izan bada tributudunari helbide fiskalean jakinaraztea, edo elektronikoki egindako jakinarazpenak atzera bota badira; edo, kaudimen gabezia dela-eta, zorrei hiru zergaldi edo likidazioalditan baja eman zaienean Nota de Vigencia.

d) Zerga aitorpenen bidez Zerga Administrazioari jakinarazten zaionean faltsuak diren, ez dauden edo benetan egindakoak ez diren jarduera ekonomikoak garatu direla.

e) Sozietatea fundatzaile batek edo gehiagok eratu dutenean, identifikazio fiskaleko zenbakia eskatu denetik hiru hilabeteko epean jarduera ekonomikoa edo jarduera benetan gauzatzeko egin ohi diren ekintzak abiarazi gabe, epe horretan ekintzak egiteko ezintasuna behar bezala frogatu ezean.

Zerga Administrazioari partaidetzak, akzioak, eta funts propioak ordezkatzen dituzten gainerako tituluak ondoren hirugarrenei eskualdatzeko asmo hutsez eratzen direla eta eskualdatu arte jarduera ekonomikorik eginen ez dela jakinarazi dioten entitateak badira, aurretik adierazi den epea zenbatzen hasiko da, eskualdaketa formalizatu ondoren, aurreko jakinarazpenetako datuen (bazkideei, kideei edo partaideei buruzko datuak barne) aldean egin diren aldaketak Zerga Administrazioari jakinarazten zaizkionetik.

Aldaketa horiei buruzko jakinarazpena hilabeteko epean eginen da, eskualdaketa formalizatzen den egunetik aurrera zenbatuta.

f) Hainbat sozietate eratzeko kapital bera erabili dela frogatzen denean. Gauzak horrela, horiek guztiak oro har hartuta, araudi aplikagarriak eskatzen duen gutxieneko ordainketa ez dela egin ondorioztatuko da.

g) Jarduera ekonomikoak, administrazio kudeaketa edo negozio zuzendaritza itxurazko helbide edo helbide faltsu batean garatu dela jakinarazten denean, jarduera horiek beste helbide batean egin direnik frogatu gabe.

h) Ondoz ondoko lau ekitalditan egiaztatzea ez dela bete urteko kontuak Merkataritza Erregistroan gordailutzeko betebeharra, edo, kasua bada, aplikagarri zaien araudiaren arabera, nahitaez gordailutu beharreko dokumentuak dagokion babesletzan edo erregistroan gordailutu betebeharra bete ez bada.

2. Ezeztatzeko erabakiak tributudunari hamar eguneko epean, epea zabaltzen dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, entzunaldia ematea ekarriko du. Ezeztatzeko prozedura hastearekin batera ezeztatzeko proposamena egiteko aukera ematen duten elementu guztiak organo eskudunaren esku daudenean, ezeztatzeko proposamen hori hasteko erabakiari gehituko zaio eta tributudunari jakinaraziko zaio. Jarraian, espedientea jendaurrean jarriko dela adieraziko zaio eta hamar eguneko epea emanen zaio, komenigarritzat jotzen duena alega dezan eta egokitzat jotzen dituen agiriak eta frogak aurkez ditzan. Hamar eguneko epea igarotzen bada alegazioak egin gabe edo epe horretan alegazioak egiteari berariaz uko egin bazaio, ebazpena proposamenean agertu bezala eman dela ulertuko da. Tributudunari horren berri emanen zaio, proposamena jakinarazteko idazkian. Ondorio horretarako, ebazpena emateko eskumena duen organoak ebazpen proposamena sinatu beharko du, eta bertan adierazi beharko dira erabil daitezkeen inpugnazio bideak, horretarako epeak eta organoak.

3. Ezeztapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta tributudunari, erregistro publikoari eta kreditu entitateei jakinarazi beharko zaie.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean aurreikusitako datetan argitaratu beharko da, 99.4 artikuluan aurreikusitako datetan hain zuzen ere (bertan agertuz egiten diren jakinarazpenak).

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean identifikazio fiskaleko zenbakiaren ezeztapena argitaratzeak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarriaren 4. idatz-zatian ezarritako ondorioak sortuko ditu.

5. Identifikazio fiskaleko zenbakiaren ezeztapenak zerga betebeharrak egunean izateari buruzko egiaztagiria ez ematea ekarriko du. Pertsona juridikoei edo nortasun juridikorik gabeko entitateei dagokienez, Nafarroako Zerga Ogasunak baja ematen ahalko die Entitateen Erroldan.

6. Bidezkoa izanen da identifikazio fiskaleko zenbakia ukatzea, esleitu baino lehen ezeztapena erabakitzeko inguruabarretakoren bat gertatzen denean.

7. Identifikazio fiskaleko zenbakia errebokatzeak ekarriko du baja ematea erregistro hauetan: Europar Batasunaren barruko operadoreen erregistroan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren hileko itzulketaren erregistroan, zerga bereziei buruzko araudian ezarritako lurralde erregistroetan, berotegi efektuko gas fluoratuen gaineko zergaren lurralde erregistroan, eta alkoholaren eta edari deribatuen edo hidrokarburoen gaineko zergen esparru objektiboetan sartutako produktuen gordailu fiskalen erauzleen erregistroan.

8. Zerga Administrazioak identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitzen ahalko du, erabaki baten bidez, betiere, errebokazioa egiteko artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako publizitate baldintza berdinak betez.

Identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitzeko eskaerak tramitatuko dira soilik errebokazioa eragin zuten arrazoiak desagertu direla frogatzen denean eta, sozietateen kasuan, horrez gain, komunikatzen denean nor diren sozietatearen kapitalaren titulartasuna dutenak, legezko ordezkarien identifikazio osoarekin, haren helbide fiskala, eta sozietatearen jarduera ekonomikoa zein izanen den erakusten duen dokumentazioa aurkezten denean.

Identifikazio fiskaleko zenbakia birgaitzeko eskatu ondoren, hiru hilabeteko epean, berariazko ebazpena eman ezean, eskaera ukatutzat joko da.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Entitateen Aurkibidea Nota de Vigencia.

Entitateen Erroldatik abiatuta, Nafarroako Zerga Ogasunak Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 70. artikuluan aipatutako Entitateen Aurkibidea kudeatuko du.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Foru dekretu honen edukiaren kontra doazen maila bereko edota beheragoko xedapen guztiak indargabeturik geratuko dira, hurrengoak bereziki:

a) 124/1987 Foru Dekretua, ekainaren 12koa, Entitateen Errolda arautzen duena.

b) 182/1990 Foru Dekretua, uztailaren 31koa, identifikazio fiskaleko zenbakia erregulatzeari buruzkoa.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa. Arauak emateko ahalmena.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena emanen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko otsailaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1003361

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web