(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

15/2009 FORU LEGEA, abenduaren 9koa, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzkoa.

BON N.º 155 - 18/12/2009



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Garapen ekonomikoa bultzatzeko neurri administratiboak


  III. KAPITULUA. Jarduera ekonomikoak abian jarri eta betetzen laguntzeko neurriak


  IV. KAPITULUA. Administrazioizapidetza errazteko neurriak


ZIOEN AZALPENA

Administrazio publikoek ez dute inoiz alboratzen prozedura administratiboak erraztu eta hobetzeko borondatea. Haien jarduera eta funtzionamenduaren oinarri diren printzipio berriak direla-eta, beharrezkoa da zerbitzu hobea ematea herritarrei, alegia, zerbitzu azkarra, koordinatua, gardena, eraginkorra, eragimenezkoa eta modernoa. Prozedura administratiboetan teknologia berrien erabilerak ez du bueltarik; kultura aldaketa eskatzen du, prozedura administratiboen berrikuspenetik eta teknika administratibo berriak sortzetik hasita.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea mugarria izan zen egungo garaiekin bat datorren Administrazio malguago eta modernoagoa lortzeko bidean, eta, horrekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren errealitatera moldatutako esparru juridikoa eratu zuen. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak, berriz, egiazko administrazio elektronikoa pausoz pauso, osotara eta norabide asko kontuan hartuta gauzatzeko testuingurua eratu zuen; administrazio horrek teknologia berrien aldeko apustu garbia egiten du, hartara Administrazioa herritarrengana hurbilduko delakoan eta prozedura administratiboak arindu, malgutu eta, finean, erosoagoak bilakatuko. Helburuetako bat burokrazia murriztea eta administrazio izapideak normalizatzea da.

Testuinguru orokor eta iraunkor hau ez da salbu gelditu krisi ekonomiko latz baten astindutik. Administrazio Publikoa ahalegindu behar da suspertze ekonomikoaren eragile gisa jarduten, herritarrengan konfiantza ernatu eta jarduera pribatua bultzatuko duten tresnak sortuz. Horretarako, lan administratiboen zama arindu, erraztu eta ezabatu ere egin behar du, bereziki jarduera ekonomikoak ezarri, negozio berrietarako ekimenak sustatu eta enpresak sortzea helburu duten prozeduretan.

Nafarroako Gobernuak eta Foru Parlamentuak buru-belarri heldu diote zeregin horri, eta jadanik ezarrita dauden beste neurri batzuekin batera, foru lege honen bidez administrazio-lanak errazteko neurri administratibo multzo bat aurkezten dugu, pertsona fisiko edo juridikoei Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedea dutenak. Era berean, beste xede bat esparru juridiko berri bat eratzea da, izapide eta prozedurak gutxitzen lagunduko duena, bai ekoizpenaren arloko proiektu publikoen sustapenari begira bai negozio eta enpresa berriak sortu eta ezartzeari begira Nafarroako Foru Komunitatean. Hortaz, foru legearen xedetzat hartzen dira, besteak beste, ezinbestekoak diren administrazio-zamak kentzea, enpresa eta lanbide jarduera bultzatzeko lanetan aritzen diren eragileekin harremanak izateko bide berriak ezartzea, administrazio elektronikoaren eta prozedurak erraztu eta modernizatzearen aldeko apustua berrestea; aipatutako alderdi guztiak aintzat hartu behar dira xedapen orokorrak egiterakoan.

Foru lege honetan jaso diren neurrietako batzuk garapen ekonomikoari laguntzeko dira, beste batzuk jarduera ekonomikoak abian jarri eta betetzeko, eta beste batzuk, azkenik, administrazio-izapidetza errazteko.

Lehenbiziko multzoko neurrietako bat Nafarroako garapen ekonomiko, sozial edo lurraldekoari begira garrantzi berezia duten proiektuak foru intereseko inbertsio deklaratzea da, horren ondorioz, Nafarroako Administrazio Publiko guztiek lehentasunezko eta presako bultzada eman diezaieten.

Bigarren multzokoak askoz gehiago dira, eta horien arteko bat protokoloak egitea da, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzean eragina izan dezaketen prozeduretako bakoitzean beharrezkoak diren izapideak eta betebeharrak bertan jasotzeko; protokoloa tresna argigarria da, herritarrak eskatzen diren izapideen jakitun izan daitezen erabiliko dena. Administrazio-izapidetzarako bulego bat ere sortuko da, informazio, aholkularitza, izapidetza bateratu eta, beharrezkoa denean, ebazpen zerbitzuak modu zentralizatuan emateko, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzearekin zerikusia duten gai edo prozedura guztietan. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian ere enpresentzako zerbitzuetarako atari berezi bat jarriko da abian. Foru legeak sistema telematikoaren alde egiten du, enpresen eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde publikoen arteko lehentasunezko komunikazio bidea izan dadin; horrekin batera ezarri da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek informazio betebehar horiek berrikusi eta murriztu beharko dituztela.

Eta, azkenik, administrazioa errazteko neurrien artean, xedapen orokorren proiektu edo aurreproiektuetan administrazio-zamei buruzko azterlana egin beharra jasotzen da, xedapen berriek izanen luketen eragina baloratzeko haiek ezarri aurretik, bai eta jarduera ekonomikoak ezarri eta garatzea eragotziko duten oztopo gehiago, beharrik gabekoak, ekarriko ote dituzten argitzeko, zuzentzeko aukera egon dadin. Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuei eskatzen zaie espresuki zeinek bere eskumenekoak dituen prozedurak azter eta erraz ditzala, horretarako behar diren arau-aldaketak sustatuz. Oro har, erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa izanen dira kasuan kasuko enpresa edo lanbide jarduera epe askoz motzagoan hasteko bide emanen duten tresnak, eta egun Administrazioak egiten duen aurretiazko kontrola ondorengoa izanen da aurrerantzean, betiere ekimenaren sustatzailearen erantzukizunaren bermearekin eta eskatutako dokumentu guztiak aurkeztuta. Halaber, xede horrekin berarekin arautzen dira baldintzapeko lizentziak. Hala lanbide elkargoen nola jarduera mota honen sustapena xedetzat duten erakundeen inplikazioa handiagoa izatea ezinbestekoa dela ulertzen da. Administrazioak laguntza eman behar du proiektuak eta ikus-onetsiak modu telematikoan aurkezteko. Erregistroko liburuak bitarte elektronikoak erabiliz eramateko beharra betetzea ere bultzatzen da, betebehar hori dagoen prozeduren berrikuspenarekin batera. Era berean, garrantzi handiko neurritzat hartzen da arautzea dokumentuen ikus-onetsia eta egokitasunekoa, arauak definitutakoak, aukera emanen baitu enpresa edo lanbide jardueren proiektuetako espedienteetan esku hartzen duten lanbide elkargoak Administrazioarekin elkarlanean aritzeko eta, eskuordetuta edo hitzarmen bidez haien esku utzitako eginkizun publikoak eraginkortasunez betetzeko, kasuan kasuko Administrazio Publikoari eginkizun horien zama kenduta.

Aurreko neurrien osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen aldaketa batzuk eginen dira, prozedura batzuk arintzeko eta lineako Administrazioaren jarduera bultzatzeko foru lege honetan jasotako neurri batzuekin.

Laburbilduz, neurri multzo honek zenbait maila desberdinetako teknika batzuk biltzen ditu, enpresa edo lanbide jarduerak ezartzeko xedea dutenak, helburuen artean jarduera ekonomiko horiek sustatzea duten eragileak inplikatuz; horrela, aukera egonen da esparru juridiko arinagoa lortzeko, pizgarria izanen dena pertsona fisikoek edo juridikoek Nafarroako Foru Komunitatean negozio eta enpresa berriak ezartzeko proiektuak aurkez ditzaten.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru lege honen xedea da Administrazioa errazteko neurri batzuk arautzea, pertsona fisiko edo juridikoei Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzea errazteko.

2. Foru lege hau aplikatuko zaie, besteak beste, Administrazioaren informazio-, aholkularitza-, izapide- eta ebazpen-prozesuei, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean enplegua eta ekonomia sustatzeko eta produkzio eredua dinamizatzeko lagungarri izan daitezkeen enpresa-ezarpeneko proiektuei edo jarduerak egokitzeko eta handitzeko proiektuei eragiten badie".

3. Foru lege hau ez da tributuen arloan aplikatuko.

2. artikulua. Helburuak.

Foru lege honen helburuak hauek dira:

a) Bilatzen diren helburuei balio erantsirik ez emateagatik beharrezkoak ez diren administrazio-zamak kentzea.

b) Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde publikoekin harremanak izateko tresna berriak ezartzea, irmotasun bereziarekin bultzatuz administrazio elektronikoa.

c) Lanbide elkargoek eta entitate publikoek jarduera ekonomikoak arintzen eta abian jartzen parte har dezaten bultzatzea.

d) Kultura administratiboan txertatzea prozedurak errazteak eta modernizatzeak duen garrantzia, eta interes bereziarekin baloratzea alderdi horiek xedapen orokorrak egitean.

3. artikulua. Neurrien sailkapena.

Foru legean jasotako neurriak erdietsi gogo diren helburuen arabera egituratzen dira, honela ezarriz:

a) Garapen ekonomikoa bultzatzeko neurri administratiboak: foru intereseko inbertsioen deklarazioa.

b) Enpresa edo lanbide jarduerak abian jarri eta betetzen laguntzeko neurriak:

b.1) Protokoloak egitea.

b.2) Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoa ezartzea.

b.3) Enpresentzako zerbitzuen ataria sortzea.

b.4) Informazioa emateko betebeharra murriztu eta erraztea.

c) Administrazio-izapidetza errazteko neurriak:

c.1) Administrazio-zamak aztertzea.

c.2) Prozedurak berrikustea.

c.3) Erantzukizuneko aitorpena eta administrazioaren aurretiazko komunikazioa arautzea.

c.4) Baldintzapeko lizentziak arautzea.

c.5) Proiektuak eta ikus-onetsiak modu telematikoan aurkeztea.

c.6) Dokumentuen ikus-onetsia eta egokitasuneko ikus-onetsia arautzea.

c.7) Erregistro liburuak eramateko modua erraztea.

II. KAPITULUA. Garapen ekonomikoa bultzatzeko neurri administratiboak

4. artikulua. Foru intereseko inbertsioak.

1. Nafarroako Gobernuak, erabaki bidez, foru intereseko inbertsio deklaratu ahal izanen ditu Nafarroako garapen ekonomiko, sozial edo lurraldekoari begira garrantzi berezia duten proiektuak.

2. Deklarazio hori administrazio-izapidetzaren edozein unetan erabaki ahal izanen da, eta onesten denetik aurrera izanen ditu ondorioak. Erabakian ezarriko dira moduak, baldintzak eta epeak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da denek ezagut dezaten.

3. Proiektu bat foru intereseko inbertsiotzat deklaratzen duten Nafarroako Gobernuaren erabakiak, onetsi direnetik bi hilabeteko epean gehienez ere, Nafarroako Parlamentura igorri eta Parlamentuko kasuan kasuko batzordean aurkeztu beharko dira, kalifikazio hori emateko aintzat hartu diren ezaugarriei buruz informatzeko.

4. Nafarroako administrazio publikoek lehentasunezko eta presako bultzada emanen diete foru intereseko inbertsio deklaratutakoei haien izapideetan.

5. Administrazio prozeduretan jarduera ezartzeko aurreikusi diren eta foru legeetan, foru dekretuetan eta foru aginduetan araututa dauden izapideetako ohiko epeak erdira murriztuko dira foru intereseko inbertsio deklaratutakoen kasuan, salbu eta eskaera eta errekurtsoak aurkezteari dagozkionak.

6. Era berean, erdira murriztuko dira hirigintza planeamenduaren izapidetzearen, onespenaren eta exekuzioaren arloan ezarririk dauden epeak, haien xedea foru intereseko inbertsio deklaratutako obrak eta instalazioak direnean.

7. Halaber, erdira murriztuko dira obra eta instalazio horien exekuzio, irekitze edo funtzionamendurako beharrezkoak diren lizentziak emateko epeak.

8. Aurreko ataletan jasotakoak eragina izanen du foru legeetan, foru dekretuetan eta foru aginduetan ezarritako epeetan; betiere, epeok ez badute jatorria Estatuko nahiz Europako legeetan, eta eraginik ez badute interesdunek bete beharreko tramiteetan.

III. KAPITULUA. Jarduera ekonomikoak abian jarri eta betetzen laguntzeko neurriak

5. artikulua. Protokoloak egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzean eragina duten prozedurak izapidetzeko eskumena dutenek, protokolo batzuk egin beharko dituzte foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, zeinek bere eskumeneko prozeduretako bakoitzean beharrezkoak diren izapide eta betebeharrak bertan jasotzeko. Protokolo horiek lanbide elkargo guztiei eta parte hartzen duten entitate publikoei igorriko zaizkie, eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian ere argitaratuko dira. Horrez gain, protokolo horiek etengabe eguneratuko dira.

6. artikulua. Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoa.

1. Nafarroako Gobernuak administrazio-izapidetzarako bulego bat sortuko du, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzearekin zerikusia duten gai edo prozedura guztietan informazio, aholkularitza, izapidetza bateratu eta, beharrezkoa denean, ebazpen zerbitzuak modu zentralizatuan emanen dituen unitate administratiboa alegia. Erregelamenduz garatuko dira haren eginkizunak eta atxikipen organikoa.

2. Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoa enpresei zerbitzuak emateko eskumena duten gainerako unitate administratiboekin koordinatuta arituko da, eta batera bultzatu beharko dute administrazio elektronikoa, zeinek bere jardun eremuan, eta, zehazki, teknologia berrien erabilera eta izapidetza telematikoa sustatzea, Administrazioaren eta enpresen arteko lehentasunezko bidea izan dadin. Lanbide edo enpresa proiektuak izapidetzean parte hartzen duten entitate publikoekin ere koordinatuz arituko da.

3. Erregelamenduz zehaztuko da enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoaren zerbitzuen katalogoa, beteko dituen informazio, aholkularitza, izapide eta ebazpen zerbitzuak jasoko dituena. Aipatutako katalogoan beharrezkotzat jotzen diren izapide guztiak sartu ahal izanen dira, tributuen arlokoak barne, arlo hori foru lege honen aplikazio esparrutik kanpo badago ere, 1. artikuluaren 2. idatz-zatian xedatu bezala.

4. Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoak erregistroko bulegoaren izaera edukiko du enpresei ematen dizkien zerbitzuei dagozkien prozedura guztietan.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eskatzen dien laguntza eman beharko diote Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoari, ahal den modurik azkarren eta eraginkorrenean.

7. artikulua. Enpresentzako eta profesionalentzako zerbitzuen ataria.

Gehienez ere sei hilabeteko epean, Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoa atxikia duen Departamentuak, gainerako departamentu eskudunekin elkarlanean, enpresentzako eta profesionalentzako zerbitzuetarako bere atari berezia jarriko du abian Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, eta bertako edukiak koordinatuko ditu, eta horien eguneratzea eta mantentze lanak bermatuko.

8. artikulua. Informazioa emateko betebeharrak.

1. Sistema telematikoa erabiliko da, lehentasunez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen arteko komunikaziorako, arau indardunek dakarten informazio betebeharrak betetze aldera.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek enpresei eta haien ordezkariei eskatutako informazio betebeharrak aztertu eta murriztu beharko dituzte.

IV. KAPITULUA. Administrazio-izapidetza errazteko neurriak

9. artikulua. Administraziozamen azterketa.

Xedapen orokorren proiektu edo aurreproiektuen memorian edo memorietan administraziozamei buruzko azterlan bat eginen da, arau berriaren eragina aztertzeko, enpresa edo lanbide jarduerak ezarri eta garatzeko beharrezkoak ez diren trabak, garapen ekonomikoa oztopa dezaketenak, ekar ez ditzan, eta administrazioa erraztea eta prozedurak bide telematikoa ezartzea bultzatzeko, hain zuzen ere beti bilatu behar baitira helburu horiek. Azterlan horren eduki zehatza lehendakaritzako eskumena duen kontseilariaren foru agindu bidez arautuko da; foru agindua foru lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean emanen da.

10. artikulua. Prozedurak berrikustea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu bakoitzak, gehienez ere sei hilabeteko epean, bere eskumeneko administrazio prozedurak aztertuko ditu, ahalik eta izapide gehien erraztu eta/edo kentzeko, izapidetu eta ebazteko epeak murrizteko eta enpresek Administrazioarekiko kudeaketetan dituzten kostuak gutxitzeko xedearekin.

Horrekin batera, izapidetze elektronikoaren ezarpena bultzatuko dute, teknikoki posible den neurrian. Horretarako, lanbide elkargoen iritzia kontuan hartuko da, bai eta horiek esku hartzen duten prozedurekin zerikusia duten entitateena ere.

2. Prozedura horiek aztertu ondoren, arauen aldaketak bultzatuko dituzte, beharrezkoa den kasuan, erregelamendu proiektuak egin eta aurkeztuz edo foru legeen aurreproiektuen bidez.

11. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena.

1. Erantzukizuneko aitorpena Administrazioaren kontrolpean dagoen enpresa edo lanbide jarduera bat abian jarri nahi duen pertsona batek edo legez hura ordezkatzen duenak izenpetutako dokumentu bat da, zeinetan aitortzen duen, bere erantzukizunpean, kasuan kasuko enpresa edo lanbide jarduerari ekiteko betebehar guztiak, arau indardunetan ezarrita daudenak, betetzen dituela, horren egiaztagiriak badituela eta jarduerak dirauen bitartean beteko dituela hitz ematen duela.

2. Nafarroako Gobernuak, foru lege hau indarrean sartu eta hilabeteko epean, arautuko du zein kasutan ekin ahal izanen zaion enpresa- edo lanbide-jarduerari behar bezala betetako erantzukizuneko aitorpena aurkeztuz, bai eta ezartzen diren gainerako baldintzak ere betez, haien artean deklarazio bat aurkeztea adieraziz ez duela aldez aurretik aurkeztu deuseza gertatutako beste erantzukizuneko aitorpenik. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezteak berarekin ekarriko du, besterik gabe, jarduera lizentzia ematea, arau indardunekin bat datorrela egiaztatzeko baldintzapean betiere.

12. artikulua. Aurretiazko komunikazioa.

1. Aurretiazko komunikazioa dokumentu bat da, zeinaren bitartez enpresa edo lanbide jarduera bat abian jarri nahi duen pertsona batek, edo hura legez ordezkatzen duenak, Administrazio Publiko eskudunari jakinarazten dizkion jarduera baten hasierari buruzko gertaerak edo elementuak, bertan adierazirik jarduera baldintzatu dezaketen alderdiak eta behar bezala betetzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak erantsita, kasuan kasuko araudian ezarritakoarekin bat.

2. Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez arautuko du zein jardueratan ekin ahal izanen zaion enpresa edo lanbide jarduerari artikulu honek aipatzen duen aurretiazko komunikazioa, behar bezala izenpetua, aurkeztuz, bai eta bete beharreko beste baldintzak zein diren ere.

13. artikulua. Erantzukizuneko aitorpenaren eta aurretiazko komunikazioaren aurkezpena eta Administrazioaren kontrola.

1. Foru lege hau indarrean sartu eta hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak prest izan beharko ditu erantzukizuneko aitorpenaren eta aldez aurreko komunikazioaren ereduak, hala euskarri digitalean, web atariaren bidez bete ahal izateko, nola paperean.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak interesa dutenen eskura jarri beharko ditu erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko ereduak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es); eredu horietan argi eta berariaz agertuko dira kasu bakoitzean bete beharreko baldintzak, bai eta horiek onartzen diren prozedura guztien zerrenda ere, etengabe eguneratua.

3. Erantzukizuneko aitorpenak edo aurretiazko komunikazioak ahalmena ematen dio dagokion administrazio publikoari edozein unetan egiaztatzeko, zuzenbidearen arabera onartuta dauden bitartekoak erabiliz, dokumentuak eta datuak egiazkoak ote diren eta baldintza guztiak betetzen ote diren.Horretarako, organo eskudunen ikuskaritza-eginkizuna bultzatuko du, adierazitako datuak egiaztatzeko, eta, beharrezkoa bada, organo horiei premiatzeko zehapen-ahalmena erabil dezaten.

4. Erantzukizuneko aitorpen edo aurretiazko komunikazio batek erantsia duen edo harekin batera aurkezten den funtsezko edozein datu, adierazpen edo dokumentu gezurrezkoa edo okerrekoa bada, egindakoa deuseztatuta geldituko da, eta ukitutako jarduera betetzea galarazita, horren berri izaten den une beretik; bidezko diren erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ere ez dira baztertzen.

5. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren inguruabarrak adierazteko Administrazio Publikoak emandako ebazpenak eragin dezake interesduna kasuan kasuko jardueran hasi aurretik zegoen egoera juridikora lehengoratu beharra, bai eta aldi zehatz baterako xede bera duen prozedura berri bat eskatzeko ezintasuna, hori guztia aplikatzekoak diren arauetan ezarrita dagoen moduan, betiere.

14. artikulua. Baldintzapeko lizentziak.

1. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako toki entitateek, enpresa edo lanbide jarduera bati eragiten dioten lizentziak emateko ekintzetan beretan, aipatu lizentziak ukatzea saihesteko klausulak gehitu ahalko dituzte, aplikatzekoak diren legeek ezarritako baldintzak eskatuz, azkartasun eta eraginkortasun administratiboa direla eta.

2. Baldintza horiek eskatu dezakete lizentzia behar duen proiektu baten alderdiak, aplikatzekoa den araudiarekin bat ez datozenak, egokitu, osatu edo kentzea, betiere eskatutakoa legez ezarritakora egokitzea erraza denean, funtsezko baldintzak ez ukitzeagatik, eta egin nahi den jarduketa funtsean aldatzen ez bada. Baldintza horiek lizentzia emateko ekintza ezartzen den epean bete beharko dira.

15. artikulua. Proiektuak eta ikusonetsiak modu telematikoan aurkeztea.

1. Nafarroako Gobernuak, foru lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean gehienez ere, sistema telematiko bat jarriko du lanbide elkargoei eta beste entitate batzuei, proiektuaren titularrak ados badaude, edo titularrei beraiei aukera emateko haien enpresa edo lanbide jardueren proiektu teknikoak eta haien ikus-onetsiak biltoki batean gordetzeko. Biltoki horretan gordetzeak salbuetsi eginen ditu titularrak Foru Komunitateko Administrazioan izapidetu beharreko prozedurei dagozkien administrazio espedienteetan aurkezteko betebeharretik, aski izanen baita proiektuari biltokian emandako kodearen aipamena egitea. Horretarako, behar diren hitzarmenak izenpetuko dira lanbide elkargoekin. Nafarroako toki entitateak sistema honi atxiki ahalko zaizkio.

2. Proiektu horiek modu telematikoan aurkezteak erregistroan aurkeztean dituen ondorio administratibo berak izanen ditu.

16. artikulua. Dokumentuen ikusonetsia eta egokitasun ikusonetsia.

1. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako toki entitateek, berariazko arauek edo hartzaileak elkargoaren ikus-onetsia eskatzen ez duten kasuetan, enpresa edo lanbide jardueren proiektuetako prozeduretan esku hartzen duten lanbide elkargoei eskuordetu ahal izanen dizkiete, edo haiekin hitzartu, aurkeztutako dokumentazioa eta proiektuen zuzentasun teknikoa egiaztatzeko eginkizunak, dokumentuen ikus-onetsia eta egokitasuneko ikus-onetsia emanez, hurrenez hurren; elkargoaren beraren ikus-onetsia aurrekoetatik bereizirik emanen da, lanbide elkargoei buruzko araudian ezartzen diren eduki eta ondorioekin. Ikus-onetsi horiek emateko kostua ez du proiektuaren sustatzaileak ordainduko.

2. Dokumentuen ikus-onetsia dagokion lanbide elkargoak emanen du, behin egiaztaturik aurkeztutako dokumentazioa osatuta dagoela eta kasuan kasuko araudiak eskatzen duenarekin formalki bat datorrela; fede eginen du aurkeztutako proiektuak aplikatzekoak diren legeek eskatzen duten dokumentazio guztia duela, eta ez du aldez aurretik erabakiko haren edukia lege horiekin bat datorrela. Horretarako, ikus-onetsia emanen duten lanbide elkargoei zerrenda batzuk emanen zaizkie, hitzarmenetan sartutako prozeduretako bakoitza izapidetzean eskatuko diren dokumentu guztiak adierazita.

3. Egokitasuneko ikus-onetsia dagokion lanbide elkargoak emanen du, behin egiaztaturik lan profesionalaren dokumentazioa zuzena eta formalki osoa dela, proiektuaren edukiak zehaztapen teknikoei buruzko arauak betetzen dituela eta aplikatzekoak diren gainerako arau indardunekin bat datorrela bermatuta dagoela alegia.

4. Ikus-onetsi horiek emateak ez du proiektuaren egilea den profesionala dagokion erantzukizunetik salbuetsiko. Edozein kasutan ere, lanbide elkargoek eskatuko dute elkargoko kideek aurkeztutako proiektuetan berariaz zehaztea, esku hartzen duen profesionalaren sinaduraren ondoan, kide horrek bere erantzukizunpean onartzen duela proiektuaren edukia aplikatzekoa den araudiarekin bat datorrela.

5. Administrazio Publikoak osatutzat hartuko du dokumentuen ikus-onetsia atxikita aurkezten den proiektua, eta osatu eta baliozkotzat egokitasun ikus-onetsia daukana, baina horrek ukatu gabe bi kasuetan dagokion ikuskapen eta zehapen ahalmenaz baliatzea.

17. artikulua. Erregistro liburuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren baliabideak ezarriko ditu erregistro liburuak eraman behar dituzten enpresa eta pertsona erabiltzaileek zeregin hori formatu elektronikoan bete ahal izan dezaten. Era berean, horietan pixkanaka eginbideak kentzen joatea bultzatuko da.

Lehen Xedapen Gehigarria .Prozeduren berrikuspena.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, 10. artikuluan aurreikusitako prozedurak berrikusiko dira.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoaren funtzionamendua.

1. Foru lege honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean, Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoa jarriko da abian.

2. Funtzio publikoaren arloko eskumena duen kontseilariak emandako foru aginduaren bidez, Jarduera Ekonomikoak Izapidetzeko Bulegoari beharrezkotzat jotzen diren langile publikoen eginkizunak atxikiko zaizkio, zein den ere haien atxikipen organikoa.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena .Ingurumena Babesteko Eskuhartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen aldaketa.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aldaketa hau egin da:

Bat. 49. artikuluaren 3. idatz-zatiak testu hau izanen du:

"3. Ezin izanen da jarduera sailkatuetarako obra lizentziarik eman, harik eta behar den jarduera lizentzia eman arte. Aurrekoa gorabehera, ingurumenean eragin txikia duten zenbait jardueraren kasuan, eta erregelamenduz ezarriko diren modu eta baldintzetan, obra lizentzia eman ahal izanen da jarduera lizentzia izapidetzen ari den bitartean. Kasu horietan, obren exekuzioa sustatzailearen ez beste inoren erantzukizunekoa izanen da, horrek jarduera lizentzia eman edo ukatzea baldintzatu gabe, ez eta ingurumenaren arloko erakundeak ezartzen dituen baldintzetara egokitzea ere, beharrezkoa eta nahitaezkoa baita."

Bi. 52. artikuluaren 3. idatz-zatiak testu hau izanen du:

"3. Arestiko idatz-zatiak hizpide duen epean ebazpenik eta jakinarazpenik ez egoteak proiektuak Ingurumen eraginaren ebaluazioa ez duela behar esan nahiko du."

Hiru. 58. artikuluaren 4. idatz-zatiak testu hau izanen du:

"4. Irekitzeko baimena lortu aurretik, energia elektrikoaren hartune edo hedapen, erregai likido zein gasezkoen erabilpen, edateko uraren horniketa baimenak eta jardueran aritzeko nahitaezkoak diren gaineko baimenak eskuratu ahal izanen dira, erregelamenduz kontrakoa zehazten den kasuetan izan ezik. Baimen horiek irekitzeko lizentzia lortzearen menpe egonen dira, hura ukatuz gero beste baimenak ere besterik gabe ukatuko baitira, eta hornidura berehalakoan eten beharra ekarriko du."

Azken Xedapenetan Bigarrena .Foru lege hau garatzeko gaitasuna.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau betearazi eta garatzeko behar diren erregelamendu mailako xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko azaroaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0927770

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web