(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

7/2009 FORU LEGEA, ekainaren 5ekoa, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen 100eko 0,7 arautzekoa Nota de Vigencia

BON N.º 73 - 15/06/2009



ZIOEN AZALPENA

Herritarrek hartutako erabakiekiko errespetuak eta erabaki horiek gauzatzeko modu zehatz eta berekiekiko errespetuak eskatzen du funts hori bereziki arautzea; alegia, definitu beharra dago zer diren foru erkidegoan "gizarte-intereseko beste xede batzuk", zehaztu beharra dago zertarako erabiltzen den 100eko 0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa, ezarri eta lehenetsi behar dira jarduerak eta jardueren hartzaileak, eta bide eman behar zaio Nafarroako Foru Komunitateko GKE-en eta irabazi asmorik gabeko entitateen parte-hartzeari eta inplikazioari.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araubide komunaren esparruan, Espainiako Gobernuak urtero banatzen du errenta aitorpenean Eliza Katolikoarentzat eta "gizarte-intereseko beste xede batzuetarako" bildutakoa. Azken kontzeptu hori GKE-ei itzultzen zaie, kasuan kasuko deialdiak eginez laguntza-programak, lankidetza-programak edo/eta ingurumena hobetzeko programak egiteko dirulaguntzak banatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateak zerga-araubide berekia duenez gero, Nafarroako GKE-ek eta elkarteek ezin dute parte hartu Espainiako Gobernuak tributu-dirusarrera horien kargura egiten dituen deialdietan. Alegia, Nafarroako GKEak, azaldutako arrazoi begi-bistakoak direla-eta, deialdi horietatik kanpo gelditzen dira, zergadun nafarrek ez dituztelako nazioko funts horiek elikatu bere 100eko 0,7aren bidez.

Gauza ezaguna da, orobat, Nafarroako Foru Komunitatean lan egiten duten GKE-en ondoko eskaria: ahal den neurrian argitzea zer destino izanen duen zergadun nafarrek, bere borondatez, urtero-urtero hautatzen duten "gizarte-intereseko beste xede batzuk" izeneko laukitxoaren bidez bildutakoak.

Foru lege honek orobat zehazten du zer diren Foru Komunitatearen esparruan "gizarte-intereseko beste xede batzuk", eta unean uneko gizarte-errealitatearen beharrizan aldakorrei egokitzeko tresna bat jasotzen du.

Lau jarduera-multzo ezarrita, aintzatetsi eta artatu nahi dira GKE-en eta irabazi asmorik gabeko entitateen ohiko jarduera eremuak, ondokoak hain zuzen ere: beharrizan-egoeren aurreko gizarte-elkartasuneko jarduerak (hainbat talde xede dituzten programak eta proiektuak: drogazaleak, gizarteak baztertutakoak, guraso bakarreko familiak, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, tratu txarrak jaso dituzten emakumeak, gutxiengo etnikoak, presoak, preso ohiak, pasadizokoak, zaharrak, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituztenak eta lanerako ezgaituta daudenak), natur ingurunea eta biodibertsitatea babesteko programak, natur baliabideen erabilera iraunkorra eta kutsadurari eta klima-aldaketari aurrea hartzea.

Eta horiekin batera, gizarte-intereseko beste xede batzuk sartzen dira aldi baterako, hala nola zailtasun ekonomikoko nazioarteko egungo egoeran langabetuei laguntzea eta, ongizatearen estatuaren zutabe berri bat sortzeko tresna den aldetik, Autonomia Pertsonalari buruzko Legea abian jarri eta hasiera batean garatzea.

1. artikulua Nota de Vigencia

PFEZaren aitorpena eta sozietateen gaineko zergaren aitorpena egitean ‘gizarte-intereseko beste xede batzuk’ hautatu duten zergadunen kuota osoen baturari 100eko 0,7 aplikatzetik heldu den zenbatekoak berariazko atxikipena izanen duen aurrekontu-partida bat osatuko du urte bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, ‘gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsa’ izenekoa.

2. artikulua Nota de Vigencia

“Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako ehuneko 0,7ko Funtsa” izeneko berariazko kontusaileko zenbatekoa, soilik bideratu ahalko da Nafarroako gobernuz kanpoko erakundeek eta elkarteek ondoko xedeak lortze aldera egindako lanera: laguntza ematea, nazioarteko garapenerako lankidetza, prestaziorik gabeko langabetuentzako arreta, ingurumena hobetzea, eta Autonomia Pertsonalari buruzko Legea babesteko eta garatzeko jarduketak.

3. artikulua. "Gizarteintereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsa" kontusaila, zehazki, aurreko artikuluan emandako irizpideen arabera banatuko da lehentasunez, ondoko taldeekin bat:

1. Beharrizan-egoeren aurrean egiten diren gizarte-elkartasuneko jarduerak, hala nola horrelako egoeretarako proiektuak eta programak, xede dituztenak drogazaleak, gizarteak baztertutakoak, guraso bakarreko familiak, Espainiako naziokotasuna duten adingabeak, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak, tratu txarrak jaso dituzten emakumeak, gutxiengo etnikoak, presoak, preso ohiak eta pasadizokoak, bai eta zaharrak, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituztenak eta lanerako ezgaituta daudenak ere, baldin eta laugarren multzoan jasota ez badaude.

2. Prestaziorik gabeko langabetuentzako laguntza.

3. Garapenerako nazioarteko lankidetza, herrialde azpigaratuetako biztanle behartsuenen aldekoa, bereziki gatazka belikoa bizi duten edo pairatu duten herrialdeetan edo hondamendi naturalek larriki kaltetutako herrialdeen garapenerako lankidetza.

4. Autonomia Pertsonalari buruzko Legea garatzeko laguntza.

5. Natur ingurunea eta biodibertsitatea babesteko programak, natur baliabideen erabilera iraunkorra eta kutsadurari eta klima-aldaketari aurrea hartzea.

4. artikulua

Berariazko kontusaileko 'Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsa' honela banatuko da: 1. multzoari 100eko 35; 3. multzoari 100eko 30; 2. eta 4. multzoei 100eko 15, eta 5. multzoari 100eko 5.

4. bis artikulua Nota de Vigencia

1. 1. Hiru hilabeteko epean, urteko errenta kanpaina bukatu eta gero, gizarte entitateentzako diru-laguntzetarako deialdiak onetsiko dira. Aipatu deialdiak urtea bukatu baino lehen ebatziko dira, hurrengo urteko urtarriletik aurrera bete ahal izan daitezen.

Sozietateen gaineko zergari dagokion urteroko esleipena zehazte aldera, aintzat hartuko dira aurreko hamabi hilabeteetan aurkeztutako autolikidazioetatik suertatzen diren kuota osoak, hilabete horiek abian den urteko uztailaren 31tik aurrera zenbatuta.

Aldez aurretik, Nafarroako Gobernuak eta gizarte entitateek adostuak izanen dituzte zeintzuk izanen diren deialdi horien bidez diru-laguntzak jaso behar dituzten jarduera-ildo nagusiak; deialdi horiek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari eta Nafarroako Ingurumen arloko Kontseiluari igorriko zaizkie, horien berri izan eta onets ditzaten Nota de Vigencia.

2. Tributuen ehuneko 0,7aren esleipenetik sortzen diren zenbatekoak lehia libreko deialdietan sartuko dira, eta ez dira erabiliko kontusail izendunetan.

5. artikulua

Nafarroako Gobernuak aurreko artikuluetan aipatutako taldeetako bakoitzaren ehunekoa aplikatzetik heldu den zenbatekotik gora bideratu ahalko du, bost taldeetarako ateratzen den zenbatekoa murriztu gabe.

Taldeetako bakoitzarentzako deialdiak ebatzita, dagozkien kontu-sailetan kreditu soberakinik badago, hori gainerako taldeetara zuzendu ahalko da, ehuneko berria Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezarriz Nota de Vigencia.

6. artikulua Nota de Vigencia

1. Hirugarren artikuluko 2 eta 4 jarduera-multzoek bost urteko indarraldia izanen dute, kontuan hartuta horien xedea dela egoera ekonomikoaren araberako arreta koiunturala eta Autonomia Pertsonalaren Legearen abiarazpena eta hasierako garapena.

2. 2014ko ekitalditik aurrera, foru lege honek arautzen duen funtsaren onuradun diren jaduera-multzoak berrikusi eginen dira. Jarduera-multzo berriak foru aginduz onetsiko dira, aldez aurretik Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak aldeko irizpena emanda. Foru agindua onetsiko da funtsaren zenbatekoaren argitaratze-data baino lehenago.”.

7. artikulua Nota de Vigencia

Nafarroako Gobernuak jarduera-multzo bakoitzari buruzko deialdia argitaratuko du, urte bakoitzeko aurrekontuen legeak indarra hartu ondoko hogeita hamar eguneko epean gehienez ere, edo aurreko aurrekontuak luzatutzat ematen diren egunetik, kasua bada, Gizarte Ongizateko, Garapenerako Lankidetzako eta Ingurumeneko Nafarroako kontseiluek irizpena eman ondoren; irizpen horretan, Nafarroako Gobernuak ahal den adostasun handiena lortzea bilatuko du. Halaber, PFEZaren kanpainetan zehar, zergadunentzako behar adina informazio emanen da laukitxoak markatzeko dauden aukerei buruz, bai eta foru lege horren bidez finantzatzen diren programei buruz ere.

Foru lege honetako 3. artikuluan zehaztutako multzo bakoitzeko behar adina deialdi eginen dira, harik eta unean uneko aurrekontu-ekitaldian suertatzen den ‘gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funts’ guztia agortu arte Nota de Vigencia.

Lehenengo Xedapen Gehigarria

Nafarroako Gobernuak aurreko ekitaldiko "gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsaren" betetzea ebaluatzeko atal bat sartuko du aurrekontuen lege proiektuen oroitidazkietan, bai eta hurrengo ekitaldiari buruzko aurreikuspena ere, eta horiekin batera emanen ditu bildutakoaren zenbatekoa, "gizarte-intereseko beste xede batzuk" atalari dagokion 100eko 0,7 aplikatzetik heldu den zenbatekoa eta hurrengo ekitaldiari buruzko aurreikuspenak.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Seigarren artikuluan aipatzen diren 3 eta 5 urteko epeak bukatutakoan, horien ehunekoak proportzioan gehituko zaizkie gainontzeko taldeei, non eta ez diren talde horien ordezko beste jarduera talde batzuk sortzen lege aldaketa baten bidez, edo oraingoak luzatzen.

Hirugarren Xedapen Gehigarria Nota de Vigencia

Foru lege honetako 7. artikuluan aipatutako informazioari dagokionez, Nafarroako Gobernuak, PFEZaren kanpaina hasi baino astebete lehenago, informazioa emanen du marka daitekeen laukitxoetako bakoitzaren gainean, eta gauza bera eginen du, kanpaina hori amaitzean, foru lege honetan araututakoarekin finantzatzen diren programen gainean ere.

Xedapen Iragankor Bakarra

Zergadunek 2009ko errentaren kanpainan "gizarte-intereseko beste xede batzuetara" bideratzen duten 100eko 0,7 aplikatzetik heldu den zenbatekoa, 2010ean, "Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako 100eko 0,7ko funtsa" taxutzeko eta kudeatzeko aplikatuko da.

Azken xedapena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko ekainaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0917252

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web