(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2009 FORU LEGEA, ekainaren 5ekoa, Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzekoa Nota de Vigencia

BON N.º 73 - 15/06/2009; corr. err., BON 1/07/2009, BON 15/07/2009



ZIOEN AZALPENA

1

Azken urteotan, etxebizitzaren sektoreko jarduerak oso aldekoa izan du ingurunea, zehazki, Foru Komunitatearen kasuan ezaugarri hauekin: ekonomiaren jarduera bizia izan da, oro har, BPGren 100eko 3tik gorako igoerekin, eta langabeziaren datuak jaisten joan dira pixkanaka, ia enplegu osora iritsi arte. Bereziki aldekoa izan du eraikuntzaren sektorearen bilakaera, urteko hazkundeak 100eko 4tik goiti ibili baitira, eta langileen kontratazio maila oso altua. Egoera horren eragileetako batzuk dira interes tasa txikiak eta etxebizitza erosteko eskaera asko handitu izana -bai premiaren ondorioz bai inbertsioari begira-, eta horrekin batera bankuen sektoreak krediturako erraztasunak eman izana.

Egungo testuingurua arras desberdina da. Nafarroan ere, Espainiako gainerako erkidegoetan eta erregio eta herrialde garatuagoetan bezalaxe, eragin handia izan du finantza eta ekonomia krisiak. Espainiaren kasuan, higiezinen sektorean gertatutako "geldialdiak" larriagotu egin du egoera.

Krisi ekonomikoak familien kontsumoa eta ekoizpen jarduera nabarmen apaltzea ekarri du eta, azken hilabeteotan lan merkatura ere zabaldu denez, langabeen kopuruak ere gora egin du.

Nafarroa ez da egoera honetatik kanpo gelditu eta, Populazio Aktiboaren Inkestak emandako datuen arabera, 2008an langabeen kopuruari beste 12.100 pertsona gehitu zitzaizkion, eta 25.100eraino iritsi ziren. Nafarroako langabezia tasa, 100eko 8,12koa, Espainiako erregioetakoen artean txikiena izan zen 2008an, eta batez besteko nazionala, berriz, 100eko 13,91koa.

Nafarroako Gobernuak, egoeraz jabetuta, zenbait neurri abiarazi ditu, krisi ekonomikoaren egoerari berehalako erantzuna emateko xedearekin.

Esparru zabaleko lehen neurria "Nafarroa 2012" Plana izan da, Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean onetsia, 2008ko apirilaren 14an Nafarroako Alderdi Sozialistarekin akordioa izenpetu ondoren. Plan horretan aurreikusirik dago 2008tik 2011ra bitarteko urteetan 4.508,9 milioi euroko inbertsioa egitea ekipamendu eta azpiegitura publikoetan. Nafarroa 2012 plana 2008ko maiatzaren 23an onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak.

Era berean, Nafarroako ekonomia suspertzeko 2009-2011 urteetarako neurriei buruzko azaroaren 6ko 18/2008 Foru Legea onestearekin lege izaerako arauzko lege pausoa eman zen Nafarroak pairatzen duen egoera ekonomiko kaltegarri honi aurre egiteko bidean.

Nafarroako ekonomia suspertzeko neurri garrantzitsu hauek hirigintza eta etxebizitza arloetako bestelako neurriekin osatu behar dira. Foru lege proiektu honetan jasotzen diren neurrien helburua da, batetik, herritarren eta enpresen beharrei erantzutea eta, bestetik, baliagarria izatea krisi ekonomikoak eraikuntzaren sektoreko enpleguan sortutako kalteak arindu eta, ahal dela, zuzentzeko.

2

Foru lege honek lau titulu ditu: Lehenbizikoak hirigintzaren arloko neurriak arautzen ditu; bigarrena, etxebizitzaren arlokoak; hirugarren tituluan zerga arloko zenbait neurri biltzen dira; laugarrenak, azkenik, "Nafarroako Etxebizitzak, S.A." sozietate publikoaren jarduna datorren hirurtekoan zuzenduko duten irizpideak finkatzen ditu. Legearen osagarri, lau xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor eta bi azken xedapen.

3

Hirigintza arloko neurrien xede nagusia da lurralde eta hirigintza antolamendurako tresnak onesteko tramitazio administratiboa arintzea, beharrezkoa baita eraikitzeko lurzoru egokia lehenbailehen jartzeko eragile ekonomikoen eskura, eta halaber abian diren hirigintza garapenak unean-unean sustatzea. Horretarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen zenbait artikulu aldatzen dira, helburu hauek betetzeko asmoarekin:

-Planak erredaktatu eta tramitatzeko prozesuan zuzendaritza eginkizuna sendotzea, prozesu hori agenda bati jarraikiz eta lan metodo zalu eta partaidetzazkoaren arabera gauzatu dadin.

-Hirigintza antolamendurako tresnetan udalen autonomia eta erantzukizuna indartzea.

-Planeamenduko tresnen katalogoa erraztea eta prozedura hobeki definitzea.

Hirigintza arloko neurriei buruzko tituluan, aipagarria da beste modu batez erredaktatu dela 35/2002 Foru Legearen 53. artikulua, planeamendurako tresnetan aurreikusi beharreko ekipamendu eta zerbitzuetarako tokiei buruzko zehaztapenei buruzkoa; halatan, espazio mota horretarako nahitaez erreserbatu beharrekoa doitu eta murriztu egin da, gainerako autonomia erkidegoekin alderatuz gero gehiegizkoak direlako. Horrela, hiri lurzoruen eta urbanizagarrien erabilera areagotzea lortzen da, hiri espazioek ematen duten bizi kalitatea eta lurzoruaren kontsumo arrazoizkoagoa bateratuz, kontuan hartuta lurzoru hori baliabide urria dela. Hortaz, aldaketak hiru xede ditu:

-Alde batetik, lagapenak egokitzea Eraikuntzaren Kode Teknikoa eraikin berriei aplikatzeak dakartzan inguruabar berrietara, eraikitako azalera berarekin azalera erabilgarria txikiagotzea eragiten baitu, eta beraz irabazizko eraikigarritasun erabilgarri osoa proportzioan murriztea, azalera eraikiaren eta azalera erabilgarriaren arteko erlazioa handiagoa bihurtzen baita.

-Bestetik, lurzoruaren sektore desberdinen hirigintza diseinua malguagoa izatea lortu nahi da, ekipamendu publikoetarako lurzatien erabilerak udalen behar errealetara egokitu ahal izateko, betiere berdeguneetarako eta espazio libre publikoetarako gutxieneko azalera bermatuz, beste autonomia erkidego batzuetan planteatzen denaren modukoa.

-Amaitzeko, gainerako autonomia erkidegoetako lagapenak aztertu eta 35/2002 Foru Legean ezarritakoekin alderatuta, ondorioa da exijentzia askoz handiagoa dela Nafarroan, eta horrek betebehar handiagoak dakartzala sustatzaileentzat eta, beraz, urbanizazio eta lagapen karga handiagoak ere, etxebizitzen amaierako prezioaren kaltetan. Eta alderdi hori, esan bezala, okerragotu egin da Eraikuntzaren Kode Teknikoa ezarri ondoren.

Nolanahi ere, Foru Komunitatea da, oraindik ere, autonomia erkidegoen artean bere hirigintza garapenetan espazio publiko eta ekipamenduetarako espazio gehien gordetzen duena.

Hirigintza prozesuak azkartzeko neurrien esparruan, 35/2002 Foru Legearen egungo 65. artikuluari laugarren idatz-zatia gehitu zaio. Arautze berriaren asmoa da Jarraipen Batzordearen izaera eta eginkizuna hobeki zehaztea, lidergoa eta autoantolaketarako gaitasuna emanez, arautze berriaren ondorio nagusia hainbat alderdi batzorde horrek berak ebaztea izanen dela ulertuta; batzordean toki entitateen eta foru administrazioaren ordezkariek parte hartzen dute, eta beraz udalen plan orokorren prestaketa lanak dinamikoagoak izanen dira.

35/2002 Foru Legearen 70. artikuluari emandako testu berriaren xedea da lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren eta aldez aurreko itunaren izaera argitu eta tramitatzea hobetzea, udal plan orokorraren testuinguruan, zeinaren parte baita, eta horrela egungo testuak dituen zehazgabetasunak zuzentzea, maiz atzerapenak eta zalantzak sortzen dituztelako planen tramitazioko prozesu tekniko eta administratiboan. Halaber, foru lege honetan nagusi den azkartze printzipioarekin bat, artikulua aldatuz udal plan orokorren tramitaziorako epeak ere laburtzen dira.

Hirigintza tresnen tramitazio eta onespen prozedura azkartzeko helburu hori bera da 35/2002 Foru Legearen 71., 74., 75. eta 79. artikuluek aurrerantzean izanen duten testu berria zuzendu dutenak: epeak laburtu, Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea erraztu, toki entitateei eskumen gehiago ematea.

Bestetik, gaur egun, udal plana erredaktatzen den unetik bertan sartutako lurzoru sektoreak garatu arteko denbora-tartea luzea denez, hirigintza jarduketaren onurak eta kargak banatzeko udal plan horretan aurreikusten diren koefizienteak zahartuta gelditzen dira, hasieran haiek zehazteko oinarritzat hartutako inguruabarrak, higiezinen merkatukoak, aldatzearen ondorioz, eta horrexegatik distortsioak gertatzen dira garatze bidean den sektorearen edo unitatearen jabeen artean banaketa egitean.

150. artikuluaren a) letra berriaren bitartez, aukera ezartzen da banaketa horiek birzatiketa proiektua erredaktatzeko unean higiezinen merkatuak duen egoera errealaren arabera egiteko, udal planean finkatutako homogeneizazio koefizienteen aldaketa ahalbidetzeko. Horrela, koefizienteak arrazoiz egokitzeko bide ematen da, inolako aukerarik utzi gabe guztira birzatitu beharrekoaren aprobetxamendua handitu edo murrizteko, ez eta betetzen den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere.

Horrez gain, bi xedapen gehigarri gehitu zaizkio 35/2002 Foru Legeari.

Haietako lehenbizikoan, toki entitateei baimena ematen zaie planeamenduak toki ekipamenduetarako gordetako azaleraren zati bat erabiltzeko, bertan alokairuaren araubideko etxebizitza babestua eraikitzeko, ahal dela, azalera eskubidearen lagapenaz baliatuz, betiere ziurtatzen bada azalera horrek toki entitatearen ondarekoa izaten jarraituko duela.

Bestalde, 35/2002 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarri berrian ezartzen denez, etxebizitzetarako udalez gaindiko plan sektorial baten barruko jarduketak toki kontroletatik salbuesteko aukera egonen da, Nafarroako Gobernuak interes orokorreko izaera deklaratu ondoren.

Azkenik, hirigintza arloko neurrien multzoari dagokionez, foru lege honek beste neurri bat ezartzen du xedapen iragankor gisa, dagoeneko urbanizatuta dauden sektoreetan, Administrazioari lagapenak behin eginda daudela eta lurzoruaren jabeek bere gain hartu beharreko kargen banaketa juridikoki aldatzerik ez dagoenean, aukera izan dadin sektorearen eraikigarritasuna merkatuaren beharretara egokitzeko, 35/2002 Foru Legearen 53. artikulu berriak ezartzen dituen estandarrak aplikatu beharrik gabe eta kudeaketarako onetsitako tresnak eta kargen banaketa aldatu beharrik gabe horren ondorioz.

Halere, neurri hori behin-behinekoa da, eta eraikigarritasunaren gehikuntzak, gehienez ere, sektorerako edo unitaterako hasiera batean aurreikusitako eraikigarritasunaren 100eko 30ekoak izanen dira, are txikiagoa, 100eko 15ekoa, delako sektorea edo unitatea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak indarra zuen bitartean onetsitako plan bati legokiokeen kasuan. Neurriak bermatzen du, halaber, eraikigarritasuna eta, horren ondorioz, etxebizitzen kopurua handituz gero, gehikuntza horren 100eko 80 gutxienez etxebizitza babestuak egiteko erabiliko dela. 10/1994 Foru Legeak indarra zuen bitartean onetsitako planei dagozkien sektore edo unitateen kasuan, nahitaez etxebizitza babestuak eraikitzeko erabili beharreko portzentaje hori aldatutako sektorean edo unitatean aurreikusitakoa adinakoa izanen da, gutxienez.

4

II. tituluak hiru kapitulu ditu, hiru neurri mota desberdin aurreikusten dituztenak.

II. tituluko I. kapituluak eraikuntzaren eta zaharberritzearen sektoreak suspertzea du helburu, partikularrei eta sustatzaileei eskainiko zaizkien dirulaguntza zuzenen bitartez. Hartara, nabarmen gehitzen dira etxebizitzak zaharberritzeko obra babestuetarako dirulaguntzen portzentajeak, bai eta dirulaguntzak jaso ditzaketen pertsonen gehieneko diru-sarrerak ere, gehiagok jaso ahal ditzaten laguntza horiek. Dirulaguntzaren xedea ere zabaldu da, orain arte dirulaguntzarik jaso ez zezaketen kontzeptuak sartuz.

Beste alde batetik, kapitulu honetan laguntza berriak ezarri dira, ohiko bizitoki diren etxebizitzetako sukaldeetan eta komunetan barneko erreformak egiteko, baldin eta etxebizitzek hamabi urte badituzte gutxienez, domotika instalatzeko edo etxeetako eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanetarako.

Kapitulu honen azken neurria da etxebizitza babestuaren maizterrentzako laguntza bat, errenta ordaintzeko zailtasun ekonomikoak izanez gero, dirulaguntza jaso dezan, alokairua ordaintzeari uzten badio. Zeharka, sustatzailearentzako laguntza ere bada, zenbait kasutan ekar dezakeelako sustatzaileak alokairuaren prezioaren 100eko 75 jasotzea, maizterrak ordaintzen ez badu ere.

Titulu honen II. kapituluan arautzen da Jabetzaren Erregistroan dagoeneko inskribatuta dauden birzatitze proiektuetan aurreikusita edo amaituta dauden etxebizitza libreak babestutzat kalifikatzeko aukera, alde batera utzita lurzoruaren eta urbanizazioaren kostuak izan beharreko gehieneko oihartzunari dagokiona, Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean aurreikusitakoa. Era berean, aukera ematen da babes araubidea aldatzeko. Horrela, gaur egun eskaera faltagatik saldu ez diren etxebizitzak ondasun eskuragarri bihurtzea lortuko da.

Azkenik, prezio mugatuko etxebizitza librea arautzen da. Etxebizitza libre berria da, eta haren prezioa legez ezarri eta aldatzen da kokaturik dagoen tokiaren arabera. Etxebizitza horrek bi onura ditu, bata mailegu kualifikatuez baliatu ahal izatea babestuentzat hitzartutako baldintzetan, eta bestea lege honetan aurreikusitako zerga arintzeak. Horrela lortzen den produktua erakargarria izan daiteke populazioren zati batentzat, alegia etxebizitza babestuaren eskatzaileak ez direnentzat edo, eskatzaileak izanik ere, prezioa behar bezain egokituta egonez gero etxebizitza mota hau eskura dezaketenentzat; horrek, gainera, eraikuntzaren sektorea suspertzen lagundu dezake.

5

III. kapituluan partikularrentzako zuzeneko neurri batzuk jasotzen dira. Bide ematen da, horrela, babestutako etxebizitzei atxikitakoak etxebizitzatik bereizirik saldu edo errentan emateko. Horren xedea da jabeek diru-sarrerak lortu ahal izatea ondasun horietaz baliatuz (garajea edo trastelekua), behar izanez gero. Helburu hori bera du gelak alokatzeko aukera emateak.

Etxebizitza babestuak saltzerik egon ez denean hutsik gera ez daitezen, errentan ematea baimenduko da, haien kalifikazioa salerosketakoa izanik ere. Are gehiago, posible izanen da sustapen berean bi erabilerak, salerosketa eta alokairua, batera ematea. Etxebizitza babestua eskuratzeko legez ezarritako gutxieneko baldintzak (gutxieneko diru-sarrerak eta erroldatuta egotea) betetzetik salbuesteko aukera ere ezartzen da, zenbait herritan etxebizitza mota honen eskaera faltagatik etxebizitza babestuak adjudikatu gabe gera ez daitezen.

14. artikuluan, etxebizitza babestua salerosteko kontratua bertan behera uzteagatik ezar daitekeen penalizazio ekonomikoa murrizten da, etxebizitza mota hori erosi eta, beharrezkoa den finantzaketarik ez izateagatik edo ondoren gertatutako arrazoiengatik, etxebizitzari uko egin behar dioten eta aurreratutako diruaren zati bat, askotan handia, galtzen duten erosleen onerako.

Gizartean eragin handia izanen du 15. artikuluko neurriak, haren bitartez etxebizitza babestua errentan hartzen lagundu nahi zaielako arazo gehien dituzten sektoreei, beharrezkoa den abala lortzeko zailtasunak dituztenei hain zuzen.

Helburu horrekin berarekin ezarri da hurrengo artikuluko neurria, zeinaren bitartez errazten baita dagoeneko kalifikaturik dauden etxebizitza babestuen kasuan araubidea aldatzea, babes ofizialeko etxebizitzak, araubide orokorrekoak, prezio tasatukoak eta itundukoak izatetik babes ofizialeko etxebizitzak, araubide berezikoak izatera pasa daitezen; hartara, maizterrek araubide horretako laguntzak jaso ahal izanen dituzte, hobeak baitira.

2008-2011 urteetarako Etxebizitzaren aldeko Gizarte Itunean taxutzen den alokairuko sistema publiko eraginkor bat sustatzen laguntzen duten neurriak; izan ere, itunak ezartzen du etxebizitzaren arloan eskuduna den departamentuak titulartasun publikoko alokairu araubideko etxebizitzak eraikitzea sustatuko duela, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren lagapenetatik heldu diren eta erabiltzeko moduan dauden lurzoruetan, harik eta 2008-2011 urteetarako sinaturiko Etxebizitzaren aldeko Gizarte Itunean aurreikusitako 2.000ko kopurura iritsi arte.

Azkenik, legeak jasotzen du gizartean antzeman den eskakizun bat, etxebizitza eskuratzeko baremo bakarrean penalizaziorik ez ezartzekoa legezko beharkizunak betetzen zituen etxebizitza kontu baten titularrak izanda, etxebizitza babestua adjudikatu ez eta zerga onurak galdu dituztenei; horren helburua da diru-sarreren zati bat etxebizitza erosteko aurrezten duten eskatzaileak saritzea.

6

III. titulua zerga arloko neurriei buruzkoa da, Nafarroan etxebizitza eskuratzen laguntzeko eta sektorearen suspertzeari bultzada emateko.

18. artikuluak ohiko etxebizitzan egindako inbertsiogatik egiten den kenkaria handitzea ezartzen du, foru lege honek indarra hartzen duenetik 2011ko abenduaren 31ra, hori barne, erosten diren prezio libre mugatuko etxebizitzak erosteko. Etxebizitza mota horren lehenbiziko erosleentzat, ohiko etxebizitza erosteagatik aplikatzen den kenkaria egungoa baino bost puntu handiagoa izanen da. Horren bitartez prezio mugatuko etxebizitza librea eskuratzeko laguntza eman nahi da, eta etxebizitza mota hori eraiki eta sustatzea bultzatu ere.

19. artikuluaren xedea da abenduaren 24ko 22/2008 Foru Legean onetsi zen neurri bat osatu eta zabaltzea; izan ere, aipatutako neurriaren bidez, ohiko etxebizitza eskualdatzean berrinbertsioagatiko salbuespena egiten den kasurako, ohiko etxebizitza desjabetzeko epea bi urtetik lau urtera zabaltzen da, eskualdaketa ohiko etxebizitza berri bat erosi eta zaharberritzeko diru-kopuruak erabili ondoren egiten bada. Arau horrekin, luzapenaren aplikazioa 2008an gertatutako kasuetara ere zabaltzen da.

20. artikuluak ezartzen duenez, ohiko etxebizitza erosteko etxebizitza kontuko dirua erabili eta, salbuespenezko arrazoiengatik, hura erosterik ez duen zergadunak ez du galduko kenkarirako eskubidea baldin eta diru-kopuru horiek berriz sartzen baditu kontu horretan edo beste berri batean. Etxebizitza kontutik hartutako diru-kopurua saltzaileari edo sustatzaileari eman zaiola eta etxebizitza kontuan itzuli edo sartu direla frogatu beharko da.

7

Amaitzeko, legearen IV. tituluko gaia "Nafarroako Etxebizitzak, S.A." da, sortu zenetik Nafarroako Gobernuarekin batera eraginkortasunez jardun duen sozietate publikoa, haren lurzoruaren eta etxebizitzaren arloko politika aurrera eramaten. Bertan ezartzen denez, hurrengo hiru urteetan VINSAk, batez ere, zaharberritzearen eta alokairuko sistema publikoaren arloetara bideratuko du bere lana, eta salerosketako etxebizitza babestuaren merkatua beste eragile ekonomiko batzuen esku utziko du.

I. TITULUA

Hirigintza arloko urgentziazko neurriak

1. artikulua. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen aldaketa Nota de Vigencia.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aldaketa hauek egin dira:

Bat.-45. artikuluan 3. idatz-zatia aldatu eta 5. idatz-zatia gehitu da, testu honekin:

"3. Ekinbide partikularrak sustatutako plan eta proiektu sektorialak onesteko eskaerak ezetsi direla ulertuko da, baldin eta espresuki ebazten ez badira, espediente osoa erregistroan sartzen denetik lau hilabete igarota.

5. Udalez gaindiko plan sektorialen zehaztapen xehakatuen aldaketak egiteko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onetsi beharko ditu, jendaurrean hilabetez egon eta ukitutako udalei entzutea eman ondoren, edo kasuan kasuko udalak, departamentu horrek baimentzen badu eta hark emandako jarraibideekin bat."

Bi.-53. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"53. artikulua. Ekipamendu eta zerbitzuetarako eremuei buruzko zehaztapenak.

1. Planeamenduko tresna jakin batek zehaztuko du zein espazio erabiliko den komunitate-ekipamenduetarako, parke, lorategi eta espazio publiko berezietarako, hiriko ura arazteko instalazioetarako eta populazioarentzat behar diren zerbitzuak bermatzeko behar diren gainerako azpiegituretarako.

2. Ekipamendu eta azpiegitura kategoria eta mota bakoitzerako, planeamenduak kalkulatuko ditu populazio osoarentzat behar diren erreserbak, antolamenduaren gehieneko ahalmenean oinarrituz, elementu bakoitzaren hierarkia edo zerbitzu-mailaren arabera bereiziz, eta kontsideratuz artikulaturik daudela zerbitzu publikoetan dagokien sarean. Bereizketa hori zehaztuko da bakoitzaren kalifikazioan, sistema orokorrak diren edo zerbitzu-maila tokikoa duten bestelakoak diren.

3. Artikulu honetan ezartzen diren zehaztapenak gutxienekoak dira, baina udal planeamenduak handitu ahalko ditu, udalerri osorako edo parte baterako, ikusten diren behar kolektiboei erantzuteko.

4. Planeamenduak zehaztu beharko du udalerri bakoitzeko ekipamendu publikoen sarea, parke, lorategi, berdegune, kirol eremu eta josteta guneez osatua, udalerriko hiri-sektoreetan eta urbanizagarrietan behar bezala banaturik, zerbitzuaren eta osagarritasunaren arteko orekarik handiena bermatzeko. Ekipamendu publikoen sare hori osatzen duten lurrek jabari eta erabilera publikokoak izan beharko dute, deusetan ukatu gabe partikularrekin finkatzen diren formula hitzartuak, haien mantentze-lan eta kontserbaziorako. Ekipamendu mota honetarako gutxieneko moduluak honako hauek izanen dira:

a) Sistema orokor gisa, espazio libre publikoetarako erreserbak zehaztu beharko dira, eta azalera bateratu erabilgarria ez da izanen biztanleko bost metro koadrokoa edo etxebizitzetarako eraikitako 100 metro koadroko hamabost metro koadrokoa baino txikiagoa, hiri-lurzoruen eta sektorizatutako lurzoru urbanizagarrien guztirako gehieneko ahalmenaren arabera neurturik. 500 biztanlera iristen ez diren populazio guneek ez dute beharkizun hau bete beharko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hala erabakita.

b) Lurzoru urbanizagarria eta/edo etxebizitzetarako hiri-lurzoru finkatu gabea duten sektoreetan, toki-ekipamendu gisa eta, beraz, bere barrenean sartzen diren sistema orokorreko elementuak edozein direla ere, zehaztu beharko dira ekipamendu publikoetarako lur erreserbak, eta haien azalera ez da izanen 50 metro koadrokoa baino txikiagoa etxebizitzetarako eraikitako 115 metro koadroko. Berdeguneetarako eta espazio libreetarako baizik erabiliko ez den erreserba horren azalera ez da inola ere izanen 20 metro koadrokoa baino txikiagoa eraikitako 100 metro koadroko, ez eta sektorearen azalera osoaren 100eko 10ekoa baino txikiagoa, azalera horretan kontuan hartu gabe bertan sartutako sistema orokorrak. Lagapen horiek txikiagoak izan ahalko dira 500 biztanletik beherako populazioguneetan, horretarako arrazoiak emanez. Udal plan orokorra onetsi ondoren egin daitezkeen lurzoru-hedapenek erreserben gutxieneko proportzio horri eutsi beharko diote.

c) Industrialdeetan edo zerbitzu-poligonoetan, sektorearen ehuneko 10 gutxienez berdegune handietarako erabiliko da. Berdegune horiek antolamendu osoarekin bat datozela kokatuko dira, eta ahal dela ez dira jarriko bazter-lurretan edo sobran gelditutako eremuetan.

Sektorizatutako lurzoru urbanizagarrian eta/edo industriarako edo zerbitzuetarako erabilerako hiri-lurzoru finkatu gabean, erabilera anitzeko ekipamendurako azalera, antolatutako azalera guztiaren 100eko 4koa izanen da.

5. Lurzoru urbanizagarri sektorizatuan eta/edo etxebizitzetarako hiri-lurzoru finkatu gabean, ibilgailuentzako aparkalekuen aurreikuspena bi tokikoa izanen da, gutxienez, sestra gaineko edozein erabileratarako eraikinaren ehun metro koadroko, garajeetarako tokia kenduta; erabilera publikoko espazioetan, aldiz, gutxienez 0,7 tokikoa izanen da edozein erabileratako ehun metro koadroko. Sektore edo unitatearen testuingurua eta hirigintza tipologia kontuan hartuta, eta batez ere inguruan garraio publikoak duen egoera eta perspektibak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabaki dezake espazio publikoan ezarri beharreko toki kopuru zehatza, arestian ezarritakoa baino handiagoa edo txikiagoa. Horretarako, ezinbesteko baldintza izanen da mugikortasunari buruzko azterlan bat egitea, administrazio eskudunak ezarritako irizpideen araberakoa.

Lurzoru urbanizagarri sektorizatuan eta/edo industriarako edo zerbitzuetarako hiri-lurzoru finkatu gabean, ibilgailuentzako aparkalekuen aurreikuspena, lurzatien tipologien eta bertan kokatu gogo diren jardueren araberakoa izanen da. Merkataritza saltoki handien kasuan, tokiak zehazteko orduan kontuan hartu beharko da bertan biltzen diren mota desberdineko jardueren funtzionamendu konbinatua, aldi bereko erabilera bere unerik gorenean dagoenean. Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, aparkalekuetarako modulu orokorrak ezarri ahalko ditu, kontuan harturik industriako edo zerbitzuetako tipologia desberdinak eta hirigintzako antolamenduan jasotzen diren erabilera zehatzek sortzen dituzten beharrak.

6. Hezkuntza edo osasun ekipamendurako azalera kasu bakoitzean zehaztuko da, Foru Komunitateko administrazioaren hezkuntza edo osasun politikaren beharren arabera, dagokien organoek egindako txostenaren bidez, udal plan orokorraren behin-behineko onespena baino lehen.

7. Lurzoru urbanizagarriko sektoreetan, nagusiki etxebizitzetarako erabiltzen direnetan, planeamenduak lur erreserba bat zehaztu beharko du udalez gaindiko ekipamenduaren izaerarekin; erreserba horrek 3 metro koadroko azalera izan beharko du, gutxienez, etxebizitzetarako eraikitako 100 metro koadroko, orube izaerakoa; erreserba hori titularitate publikoko etxebizitzak eraikitzeko edo bestelako etxebizitza-erabileretarako kalifikatuko da. Lur horiei esleituko zaien eraikigarritasuna ez da izanen, guztira, sektoreak osotara duen eraikigarritasunaren 100eko 7tik beherakoa. Lurzati horietan, eraikinen hirigintza baldintzak inguruko lurzatietakoek dituztenen antzekoak izan beharko dira. Lurzati horietako eraikigarritasuna ez da kontuan hartuko udalari egin beharreko aprobetxamendu lagapena kalkulatzeko, eta ez da gainerakoarekin batuko sektorearen gehieneko aprobetxamendua kalkulatzeko; horrez gain, ez du ekipamendu publikoetarako erreserbarik sortuko.

Idatz-zati honetan aurreikusitako erreserbaren ondorioz eratzen den lurzatiaren azalera 300 metro koadrokoa edo txikiagoa baldin bada, kokatuta dagoen udalerriaren ondarean sartuko da, eta ekipamendu publikoetarako erabili beharko du udal horrek.

8. 92. artikuluaren 1. idatz-zatiko c) letraren bigarren paragrafoak aipatzen duen hiri-lurzoru finkatu gabean, udal plan orokorrak edo, kasua bada, garapenaren planeamenduak, finkatuko ditu erreserben aurreikuspenak, artikulu honetan adierazitakoetatik hurbil egon daitezen.

Hiru.-56. artikuluaren izena eta 1. idatz-zatia aldatu dira, eta testu hau izanen dute:

"56. artikulua. Udal plan orokorra.

1. Udal plan orokora honako hauek osatuko dute:

a) Lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua.

b) Udaleko Hirigintza plana."

Lau.-62. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"62. artikulua. Xehetasun azterlanak.

1. Xehetasun azterlanak hirigintza planeamenduko tresnak dira, eta beren xede bakarra da antolamendu xehakatuko zehaztapen hauek ezarri, aldatu edo berregokitzea:

a) Lerrokadura eta sestra lerroak seinalatzea, sistema orokorren barrenean sartzen diren bide elementuetakoak izan ezik.

b) Eraikinen bolumenen eta altueren antolamendua eta osaera, udal plan orokorrean finkatutako baldintzen arabera, bai eta etxebizitzen eta eraikinen morfologia eta tipologia.

c) Fatxaden antolamendua.

2. Udal plan orokor batek, plan partzial batek edo indarrean dagoen plan bereziren batek antolamendu xehakatua lehendik ezarrita daukaten espazioen gainean bakarrik formulatu ahalko dira xehetasun azterlanak. Beren xedearen ondoriozko zehaztapenak kenduta, xehetasun azterlanek ezin izanen dute indarra duten planeamendu-tresnen antolamendu xehakatuko zehaztapenik aldatu eta, bereziki, ezin izanen dute beren esparruko lurrei dagokien eredu-aprobetxamendua edo batez bestekoa handitu. Halaber, ezin izanen dituzte inola ere aldatu mugakide dituzten finketako hirigintza baldintzak.

3. Xehetasun azterlanek beren xede diren zehaztapenak zehatz-mehatz justifikatu eta ezartzeko behar diren dokumentuak izanen dituzte.

Bost.-65. artikuluaren 3. idatz-zatiko bigarren paragrafoa kendu da eta 4.a gehitu, testu honekin:

"4. Horretarako, kasuan kasuko udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua artean planaren jarraipen batzorde bat eratuko da, harik eta plan hori behin betiko onesten den arte. Batzorderako arau gutxienekoak hauek dira:

a) Toki entitateak bertan izanen dituen ordezkarien kopurua 3tik 5era bitartekoa izanen da, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ordezkariena 2tik 3ra bitartekoa.

b) Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ordezkarietako bat izanen da batzordeko burua.

c) Planaren jarraipen batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

-Udal plan orokorra egin eta tramitatzeko prozesurako agenda ezarri eta kontrolatzea.

-Plana erredaktatzeko prozesuaren alderdi metodologikoak, dokumentalak eta partaidetza sozialekoak zuzendu eta gainbegiratzea.

d) Bere jardunerako barne araubidea ezarri ahalko du.

e) Bere jarduera dokumentatuko du."

Sei.-70. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"70. artikulua. Mila biztanletik goitiko udalerrientzako udal plan orokorraren tramitazioa.

1. Mila biztanletik goitiko udalerriek lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua erredaktatu eta tramitatu beharko dute lehenbizi.

2. Udalak prozesu bat irekiko du, lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua gizartearen parte hartzearekin aztertzeko; horren barrenean, jendaurrean jarriko da hilabetean gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan iragarki bat argitaratuz, herritarrek beraien iradokizunak aurkez ditzaten.

3. Udalak, iradokizunak kontuan hartuta, lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua onetsi eta Nafarroako Gobernura igorriko du, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarekin ituntzeko; departamentu horrek Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztietara eta kasuan kasuko erregio mailako erakunde publikoetara igorriko du, udal plan orokorrean eragina duten politika sektorialei buruzko txostena egin dadin.

4. Departamentuko erregistroan sartu zenetik bi hilabeteko gehieneko epea iraganik, departamentuak lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua, jasotako txostenak eta itunerako proposamena Lurraldearen Antolamenduko Batzordera igorriko ditu, bidezkoa bada onets ditzan; itun proposamena bi administrazioetako ordezkariek izenpetutako dokumentu bat da, definitutako lurralde eredu hori, hirigintzako udal planaren fasean garatu behar dena, osatzen duten elementuak zehazten dituena. Lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua eta ituna hirigintzako udal plana tramitatzen den bitartean egokituz joon ahal izanen dira, jendaurrean egoteko prozesuaren eta txosten sektorialen arabera.

5. Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak Lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua eta ituna onetsi ondoren, hasiera emanen zaio hirigintzako udal plana erredaktatzeari, jarraipen batzordearen zuzendaritzapean.

6. Udal plan orokorraren prestaketa amaituta, udalak hasierako onespena emanen dio eta jendaurrean jarriko du hilabetean gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan iragarki bat argitaratuz.

7. Hasiera batez onetsitako plana ukitutako kontzejuen eta udala sartua dagoen mankomunitatearen esku utziko da, txostena egin dezaten, planeamenduak ukitzen dituen udal zerbitzu mankomunatuei buruz.

8. Halaber, eta jendaurreko aldiarekin batera, hasiera batez onetsitako plana igorriko da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, hark txostena egin dezan Nafarroako Gobernuko departamentuen eskumenetako gaiez, eta bereziki departamentu hauenetakoei buruz:

a) Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

c) Hezkuntza Departamentua.

c) Osasun Departamentua.

e) Kultura eta Turismo Departamentua.

f) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak txosten orokor bat eginen du Nafarroako Gobernuko departamentuetako inguruabar sektorialak bilduta. Txostena luzatzeko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaera Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkezten denetik hasita, eta epe hori iragaten bada udalak txostena jaso gabe, tramitea egintzat joko da.

9. Udalak, informazioa eta, halakorik badago, entzunaldiaren tramitea ikusirik, behin-behinekoz onetsiko du, bidezko diren aldaketekin. Aldaketa horiek hasieran onetsitako planaren Lurraldea okupatzeko estrategia eta ereduan funtsezko aldaketa ekartzen badute, plana berriz jarriko da jendaurrean, hilabetean, behin-behineko onespena eman baino lehen.

10. Plana behin-behinekoz onesten delarik, espediente osoa bidaliko zaio Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, behin betiko onespena eman diezaion.

11. Planaren espedientea aurkeztu ondoren, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, agiriak falta direla edo akats teknikoak daudela ohartuz gero, horiek zuzentzeko eskatuko dio udalari.

12. Espedientea osatzen delarik, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak plana aztertuko du, ikusiz indarrean dagoen legeriari, itunari eta lurraldearen antolamendurako tresnen zehaztapenei egokitzen zaien, eta udaletatik eskainitako irtenbideak nola koordinatzen diren komunikazio bide eta azpiegiturei buruzko politikekin, etxebizitza, ingurumen, mendi, ureztalur eta ondare historikoaren gainekoekin, eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren bestelako politika sektorialekin.

13. Aurreko idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak honako ebazpen hauetako bat emanen du:

a) Behin betiko onespena emanen du, baldin eta Plana egokitzen bazaio aurreko idatz-zatian ezarritakoari.

a) Behin betiko onespena ukatuko du, Planean sartzen badira aurreko idatz-zatian ezarritakoaren kontra nabarmen jotzen duten zehaztapenak.

c) Ukitutako udalari eskatuko dio Plana alda dezan, baldin eta bere zehaztapenetakoren bat ez bazaio egokitzen aurreko idatz-zatian ezarritakoari. Behar diren aldaketak egin ondotik, udalak Plana aurkeztuko dio Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariari, behin betiko onespena eman dakion.

14. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak bere ebazpenak jakinaraziko dizkio ukitutako udalari, espediente osoa Foru Komunitateko Administrazioaren erregistroan sartzen denetik hasi eta hiru hilabeteko apean. Epe hori igarotzen bada udalari inolako ebazpenik jakinarazi gabe, udal plan orokorra onetsita dagoela ulertuko da."

Zazpi.-71. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"71. artikulua. Mila biztanle edo gutxiagoko udalerrientzako udal plan orokorraren tramitazioa.

1. Mila biztanle edo gutxiagoko udalerrientzako udal plan orokorra tramitatzeko, 70. artikuluan finkatutako arauei jarraituko zaie, puntu hauetan izan ezik:

a) Udalak udal hirigintza planaren hasierako onespena egitean hasiko da tramitazioa, zuzenean.

b) Udal plan orokorrak ezarriko du idatziz eta grafikoekin, dokumentu bereizietan, planaren hirigintza zehaztapenak gidatuko dituen Lurraldea okupatzeko estrategia eta eredua.

2. Aurreko puntuan ezarritakoa gorabehera, udalerriaren lurralde garrantziaren arabera, Lurraldearen Antolamendu Planak 70. artikuluaren araberako tramitazio osoa ezarri ahalko du bere udal plan orokorrerako."

Zortzi.-74. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"74. artikulua. Plan partzialen eta garapeneko plan berezien tramitazioa.

1. Udal plan orokorretako zehaztapenak garatzen dituzten plan partzialen eta plan berezien tramitazioan, arau hauek bete beharko dira:

a) Kasuan kasuko plana formulatu duen udal berak emanen dio hasierako onespena, gero jendaurrean jartzeko, gutxienez ere hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez eta Nafarroan editatzen diren egunkarietan, bederen, argitaratuta.

Hasierako onespenaren gainean erabakia hartzeko epea, edo ukatzeko, ekinbide partikularreko planen kasuan, bi hilabetekoa izanen da, dokumentazio osoa udal erregistroan aurkezten denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik eman gabe, plan partziala edo berezia hasiera batez onetsita dagoela ulertuko da." Hasierako onespenetik hasi eta hilabeteko epean, udalak igorriko du aurreko paragrafoan aipatzen den iragarkia, baina jarduketa hori, bestela, planeamenduko tresnaren sustatzaileak berak zuzenean egin dezake.

Dena den, antolamendu-proposamena aurkeztu den kasuetan, 66. artikuluko 3. idatz-zatiak xedatuaren arabera jokatuko da.

b) Jendaurreko epearen emaitza ikusita, udalak behin betikoz onetsiko du, behar diren aldaketekin. Aldaketa horiek hasieran onetsitako planari funtsezko aldaketa eragiten badiote, jendaurreko beste aldi bat hasiko da, behin betiko onespena eman baino lehen.

c) Plana behin betikoz onesteko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, jendaurreko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik eman gabe, plan partziala edo berezia onetsita dagoela ulertuko da. Hala gertatzen denean, sustatzaileak zuzenean bete ahalko ditu plana argitaratu eta jakinarazteko beharkizunak, foru lege honen 81.1 artikuluak aipatzen dituena.

2. Proposatutako plan partzial edo bereziak txosten bat beharko du, toki administrazio jardulearen edo foru lege honen 16. eta 18.2 artikuluetan aurreikusitako organoetako bateko teknikari batek emana, udal plan orokorrarekin eta gainerako antolamendu juridikoarekin bat datorrela egiaztatuko duena.

Halakorik ez badago, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak txostena eskatu ahal izanen du behin betiko onespena eman aurretik.

3. Udalak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorri beharko dio behin betiko onetsitako plan partziala edo plan berezia, txostenekin batera, onespena ematen denetik 10 eguneko epean gehienez ere, haren gaineko kontrola egiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz."

Bederatzi.-75. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"75. artikulua. Aparteko plan berezien tramitazioa.

Udal plan orokorraren zehaztapenak garatzen ez dituzten plan bereziak foru lege honen 72. artikuluan ezarritako arauekin bat tramitatuko dira."

Hamar.-79. artikuluan 3. eta 4. idatz-zatiak aldatu dira, eta testu hau izanen dute:

"3. Udal plan orokorretako antolamendu xehakatuko zehaztapenen aldaketa 74. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, ekinbide publiko edo pribatuari jarraikiz, deusetan ukatu gabe plan partzial eta bereziek antolamendu xehakatuan egiten dituzten aldaketak.

4. Sektorizazio planetako, plan partzial eta berezietako eta xehetasun azterlanetako zehaztapenen aldaketa beren onespenerako ezarritako prozedura beraren arabera eginen da."

Hamaika.-150. artikuluaren a) letra aldatu da, eta testu hau izanen du:

"a) Jabeen eskubidea bakoitzaren lurzatien azaleraren proportzioan aterako da, bakoitzari dagokion batez besteko edo eredu-aprobetxamenduaren arabera.

Birzatitzeko proiektuak eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko erabilitako homogeneizazio koefizienteen egokitasun edo desegokitasunari buruzko azterlan bat jasoko du, birzatitzeko proiektua tramitatzerakoan onuren eta kargen banaketa parekatua dela bermatze aldera.

Azterlan horrekin egiaztatzen bada balioen parekotasunak indarra galdu duela, birzatitzeko proiektuak berregokitu ahalko ditu, horretarako arrazoiak emanez, betiere birzatiketaren xede den aprobetxamendu osoa handitu edo gutxitu gabe, ez eta betetzen ari den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere.

Hamabi.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari zortzigarren xedapen gehigarria gehitu zaio, testu honekin:

"Zortzigarren xedapen gehigarria.-Planeamenduaren arabera ekipamenduetarako den azalera.

Planeamenduak toki ekipamenduetarako gordetako azaleraren 100eko 5 erabili ahal izanen dute toki entitateek, gehienez ere, horretarako arrazoiak emanez, bertan alokairuaren araubideko etxebizitza babestuak eraikitzeko, foru lege honen 236. artikuluan eta harekin lotutakoetan aurreikusitako azalera eskubidearen lagapenaz baliatuz, edo zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabiliz, betiere ziurtatzen bada azalera horrek toki entitatearen ondarekoa izaten jarraituko duela."

Hamahiru.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari bederatzigarren xedapen gehigarria gehitu zaio, testu honekin:

"Bederatzigarren xedapen gehigarria.-Nagusiki etxebizitzetarako diren erabilerak ezartzeko udalez gaindiko plan sektorial batzuetarako interes orokorraren deklarazioa.

1. Foru lege honen 47. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, nagusiki etxebizitzetarako erabilerak ezartzeko xedea duen plan bat Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plan sektorial deklaratzean, haren tramitazio, onespen eta exekuziorako behar diren obrak eta lanak, bai eta ekartzen dituen jarduketak ere interes orokorrekoak direla deklaratu ahal izanen du. Deklarazio hori planaren behin betiko onespenarekin batera ere egin ahal izanen da.

2. Xedapen gehigarri honetan aurreikusten den interes orokorraren deklarazioan etxebizitza babestuak egiteko lanak ere sartu ahalko dira. Ondorio horiekin, behin-behineko kalifikazioa eman aurretik, etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak proiektatuko obrei buruzko txosten ez-lotesle bat eskatuko dio ukitutako toki entitateari, 30 egun naturaleko epean gehienez igorri beharrekoa.

3. Interes orokorreko deklarazioa udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu edo plana behin betiko onetsi ondoren egin ahal izanen da, Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez."

Hamalau.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 57., 58. eta 72. artikuluak kendu egin dira.

II. TITULUA

Etxebizitzaren arloko urgentziazko neurriak

I. KAPITULUA

Aldi bateko indarra izanen duten laguntzak Nota de Vigencia

1. sekzioa

Etxebizitza zaharberritzeko dirulaguntzak

2. artikulua. Etxebizitza zaharberritzeko dirulaguntzak.

1. Zaharberritzearen sustatzaile erabiltzaileei ematen zaizkien dirulaguntzak, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuan jasotakoak, honakoak izanen dira:

FAMILIAKO DIRU-SARRERA PONDERATUAK

IPREM HALAKOAK

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

2,5 halako, gehienez

%25, eraikinak 50 urte baino gutxiago eta 12 urte baino gehiago baldin baditu.

%30, eraikinak 50 urte edo gehiago baldin baditu.

%40, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan, edo arkitektura-oztopoak kendu eta mugimenezko minusbaliotasuna duten pertsonen onurarako denean, edo eskatzaile batek edo haren ezkontideak 65 urte edo gehiago dituztenean.

%50, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan esku-hartze orokorreko proiektuak egiten direnean.

2,5 halakotik 5,5 halakora bitarte

%20, eraikinak 50 urte baino gutxiago eta 12 urte baino gehiago baldin baditu.

%25, eraikinak 50 urte edo gehiago baldin baditu.

%40, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan.

%50, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan esku-hartze orokorreko proiektuak egiten direnean.

5,5 halakotik 7,5 halakora bitarte

%16, eraikinak 50 urte baino gutxiago eta 12 urte baino gehiago baldin baditu.

%20, eraikinak 50 urte edo gehiago baldin baditu.

%40, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan.

%40, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan esku-hartze orokorreko proiektuak egiten direnean.

2. Aurreko portzentaje horiei 3 puntu gehituko zaizkie kategoria orokorreko familia ugarien kasuan, eta 6 puntu kategoria berezikoen kasuan.

"3. Artikulu honen ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen artean sartuko dira domotika instalatzea, zeina ezgaitasunen bat duten pertsonei egokitu eginen baitzaie teknikaren nahiz zentzumenen aldetik, barruko ateak edo zoladurak edo zoruak aldatu edo ordeztea, bai eta sukaldea eta bainugelak berritzeko lanak ere, ekintza hauetakoren bat behar dutenean: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, eskaiola eta zoladuren edo/eta estalkien aldaketa, bai eta komunak eta bainuontziak, dutxak eta instalazio finkoa eskatzen duten sukaldeko nahiz komuneko altzariak aldatzea. Etxetresna elektrikoak erosteko edo konpontzeko nahiz aurreko zerrendan jaso ez diren bestelako elementu eta jardueretarako, berriz, ez da dirulaguntzarik emanen."

3. artikulua. Etxebizitzak barrutik berritzeko dirulaguntza berezia.

Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuari 87.bis artikulua gehitu zaio, testu honekin:

"87 bis artikulua. Etxebizitzak barrutik berritzeko dirulaguntza berezia.

1. Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu bizilagunen ohiko bizitoki iraunkorra den edo izan behar den etxeko sukaldea eta bainugelak berritu eta barneko zurajea eta zoladurak edo zoruak ordezteko lanak, betiere aurreko artikuluetan aurreikusitakoaren arabera etxebizitza zaharberritzeko obra baten parte ez direnean.

2. Aurrekontu babesgarriak, foru dekretu honen 78.2 artikuluan ezarritako mugak izan gabe, 4000 euroko zenbatekoa izanen du gutxienez, eta lan hauek hartuko ditu barne: barruko ateak edo zoladurak edo zoruak aldatu edo ordeztea, bai eta sukaldea eta bainugelak berritzeko lanak ere, ekintza hauetakoren bat behar dutenean: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, eskaiola eta zoladuren edo/eta estalkien aldaketa, bai eta komunak eta bainuontziak/dutxak eta instalazio finkoa eskatzen duten sukaldeko nahiz komuneko altzariak aldatzea. Etxetresna elektrikoak erosteko edo konpontzeko nahiz aurreko zerrendan jaso ez diren bestelako elementu eta jardueretarako, berriz, ez da dirulaguntzarik emanen.

3. Dirulaguntza aurrekontu babesgarriaren 100eko 20koa izanen da, gehienez ere 3.000 euro etxebizitza bakoitzeko.

4. Dirulaguntza hauek emateko prozedura laburtua ezarriko da, eta ordainketa eginen da lanak egin direla frogatzen duten agiriak ekarri ondoren, gehienez ere dirulaguntza eman zenetik urtebeteko epean; agiri horien artean egonen dira, nahitaez, etxebizitzaren jabearen erantzukizuneko aitorpena, egindako lanak dirulaguntza lortzeko aurkeztu zen aurrekontuarekin bat datozela adierazten duena, eta lanaren exekuzioari dagozkion faktura guztiak.

5. Nafarroako Gobernuak ikuskapenak eginen ditu, tramitatutako espediente guztietatik batzuk lagin gisa hartuta, egindako lanak eta dirulaguntzak bat datozela egiaztatzeko. Horretarako, laguntza hauek jasotzen dituzten etxejabeek etxebizitzan sartzen utzi beharko diete lan hori egiteko gaitasun ofiziala izanen duten ikuskatzaileei.

6. Artikulu honetan aurreikusitako dirulaguntza eman ondoren, onuradunak ezin izanen ditu berriz eskatu laguntza hauek, eta ezin izanen da honelako dirulaguntzarik eskatu berriz haien xede izandako etxebizitza batean egin beharreko lanetarako."

2. sekzioa

Eraikin eta etxebizitzetako eraginkortasun energetikorako eta domotikarako laguntza

4. artikulua. Etxebizitza eraginkortasun energetikoarekin zaharberritzeko dirulaguntza.

Foru lege honen 2. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako dirulaguntzen portzentajeak 5 puntu gehituko dira obretan eraginkortasun energetikoaren hobekuntzak aurreikusita daudenean, eta kasuan kasuko kalifikazioan halakotzat hartuta.

5. artikulua. Ingurakari termikoa berritzea etxebizitzetako eraikinetan.

Isolamendua handitzeko xedearekin, eraikinetako ingurakari termikoa hobetzeko lanetarako zaharberritze babestuko espedienteak sustatzen dituzten etxejabeen elkarteek obra horien aurrekontu babesgarriaren 100eko 40ko dirulaguntza jasoko dute, etxebizitza bakoitzeko 5.000 eurokoa gehienez ere.

Ondorio horietarako, eraikin baten ingurakari termikoa kanpoko giroak edo lurrak edo berokuntzarik ez duten beste lokal batzuek ukitzen dituzten eraikuntza elementu guztiek osatzen dutela ulertzen da. Hauek dira aipatutako elementuak: kanpoko nahiz barruko fatxadak, teilatua, estalpe eta hegalkinen gaineko forjatuak eta, halakorik badago, lurrak edo berokuntzarik ez duten lokalek -garajeak edo biltegiak, kasu- ukitzen dituzten forjatuak eta paretak, hori guztia aplikatzekoa den araudi teknikoarekin bat.

6. artikulua. Etxebizitza babestuen sustapenean kalifikazio energetikoa lortzeko dirulaguntza.

1. Etxebizitza babestuen sustatzaileek, haien proiektuek A, B edo C motako kalifikazio energetikoa (eraikin berrien eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onesten duen urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera) lortzen badute, dirulaguntza hauek jasoko dituzte:

A mailako kalifikazio energetikoa: 40 euro etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

B mailako kalifikazio energetikoa: 30 euro etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

C mailako kalifikazio energetikoa: 20 euro etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

2. Dirulaguntza etxebizitzen behin betiko kalifikazioa lortu ondoren ordainduko da, baina sustatzaileak zenbatekoaren erdia, gehienez ere, jaso ahal izanen du behin-behineko kalifikazioa lortu ondoren, eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa estaltzeko adinako abala aurkezten badu.

7. artikulua. Domotika instalatzeko dirulaguntza.

1. Etxebizitzen sustatzaileek, proiektuetan domotika instalazioak aurreikusten badituzte etxebizitza berrietan, instalazioaren 100eko 40ko dirulaguntza jasoko dute, gehienez ere 1.500 euro etxebizitza bakoitzeko. Egin beharreko instalazioak gutxieneko baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Modulu domotiko bat instalatzea, lapurreten eta suteen kontrako segurtasun funtzioak beteko dituena, ur eta gas ihesen berri emanen duena eta urrutitik, telefono linea erabiliz erabil daitekeena.

b) Instalazioak, gutxienez, kontrol unitate bat izanen du, erabiltzailearen interfazearekin, bertatik kontrolatu ahal izateko sistemaren funtzionalitate desberdinak, bai eta detektagailuak, zundak, kableak, telefono hartuneak, konexioak eta funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren elementu guztiak.

c) Etxebizitza eraiki berrietako domotika instalazioek eraikuntza proiektuan aurreikusi beharko dute instalazioak ezgaitasunen bat duten pertsonei egokitzen zaizkiela teknikaren nahiz zentzumenen ikuspuntutik.

2. Etxebizitza babestuen kasuan, dirulaguntza etxebizitzen behin betiko kalifikazioa lortu ondoren ordainduko da, baina sustatzaileak zenbatekoaren erdia, gehienez ere, jaso ahal izanen du behin-behineko kalifikazioa lortu ondoren, eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa estaltzeko adinako abala aurkezten badu.

3. Etxebizitza libreen kasuan, berriz, dirulaguntza etxebizitzen bizigarritasun-zedula lortu ondoren ordainduko da osorik, sustatzaileak hura eskatu ondoren.

3. sekzioa

Errentamenduari eusteko laguntzak

8. artikulua. Errentamenduari eusteko laguntzak.

1. Araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak errentan hartuak dituztenek, IPREMa halako 1,7 baino diru-sarrera txikiagoak izanez gero, dagozkien dirulaguntzak jaso ahal izanen dituzte, hilabete horietan sei hilabeteko errenta ordaindu gabe baldin badute, gehienez ere, azken hamabi hilabeteetan ordaindu gabe utzi zuten lehenbizikotik kontatuta.

2. Errentariak ezin izanen dira aurreko idatz-zatian xedatutakoaz berriz baliatu, harik eta, artikulu honetan aurreikusitako laguntzarako eskubidea eragin zuen azken hilabete ordaindu gabetik urtebete, gutxienez, iragan arte, eta errentak ordainduta badituzte.

II. KAPITULUA

Aldi baterako neurriak

9. artikulua. Etxebizitza libreei babestuen kalifikazioa ematea eta babestutako etxebizitza mota aldatzea Nota de Vigencia.

1. Foru lege honek indarra hartu aurretik Jabetzaren Erregistroan behar bezala inskribatutako birzatiketa proiektuetan aurreikusita dauden edo amaituta dauden etxebizitzen sustapen osatuei etxebizitza babestuen kalifikazioa eman ahalko zaie edo kalifikatuta dauden araubidea aldatu, lurzoruaren eta urbanizazioaren kostuak salmentarako gehieneko prezioan duen eragina Nafarroako Etxebizitzaren Babes Publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean aurreikusitako portzentajetik gorakoa izan arren, betiere arrazoitzen bada beharrezkoa dela etxebizitza horiek babestuen kalifikazioa izatea edo kalifikazioa aldatzea, exekuzioa zuzenekoa dela ziurtatzen bada eta betetzen badira alderdi hauetaz etxebizitza babestuaren araudi berariazkoan ezartzen diren baldintzak: azalera, diseinua, bizigarritasuna, xedea, erabilera, kalitatea eta gehieneko prezioa.

2. Alokairuko araubidean ezarri gogo diren sustapenak aurreko idatz-zatitik salbuesten dira.

10. artikulua. Prezio mugatuko etxebizitza librea.

1. Etxebizitza berriak prezio mugatuko etxebizitza libreak izanen dira baldin eta haien gehieneko prezioa, lehen eskualdaketan, hau baino txikiagoa bada, etxebizitza eta garajeko metro koadro erabilgarriko:

- 2.310 euro metro koadro erabilgarri bakoitzeko, honako udalerri hauetan dauden etxebizitzen kasuan: Iruña, Antsoain, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Uharte, Atarrabia, Galar, Oltza Zendea, Orkoien, Noain(Elortzibar), Aranguren, Egues, Ezkabarte, Zizur Nagusia, Olloki eta Arleta (Esteribar).

- 1.980 euro, Nafarroako gainerako herrietan dauden etxebizitzen kasuan.

Beste eranskinetarako erabiltzen den metro koadro erabilgarriaren gehieneko prezioa ez da izanen etxebizitza eta garajeetarako erabiltzen den metro koadro erabilgarriaren gehieneko prezioaren ehuneko 40tik gorakoa.

Prezio mugatuko etxebizitzaren eta haren eranskinen prezioak urtero berrikusiko dira 2010eko eta 2011ko Nafarroako aurrekontu orokorren foru legeetan, merkatuaren baldintzei jarraikiz.

2. Planeamenduaren arabera salmenta libreko etxebizitzak eraikitzeko diren lurzatietan, Nafarroako Gobernuko etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuak eginbidetuko ditu prezio mugatuko etxebizitza libreen lehendabiziko eskualdaketak, honako baldintza hauek betetzen direla dokumentuen bidez egiaztatu ondoren:

a) Etxebizitzak eskualdatu ahal izanen dituzte Nafarroako etxebizitzaren babes publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat sustatzaile izaera dutenek soilik.

b) Edozein kasutan ere, etxebizitzaren lehen eskualdaketa izan beharko da, sustatzaileak pertsona fisikoari egindakoa.

c) Salerosketaren kontratuan jasoko den etxebizitzaren amaierako prezioa, metro koadro erabilgarriko, eranskinak barne, ez da inolaz ere izanen artikulu honen 1. idatz.zatian ezarritakoa baino handiagoa.

3. Etxebizitzaren sustatzaileak aurkeztu beharko du salerosketaren kontratua etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan, eginbidetzeko.

4. Prezio mugatuko etxebizitza libreen erosleek mailegu kualifikatuak eskatu ahal izanen dituzte, etxebizitza babestuen adjudikazio-hartzaileentzat aurreikusitako baldintzetan, administrazioak egiaztatu ondoren erosketaren kontratuan jasotako prezioa ezarritako gehienekotik behera dagoela.

III. KAPITULUA

Behin betiko neurriak

11. artikulua. Babestutako etxebizitzen erabilera aldatzea.

1. Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak baimendu ahal izanen du, sustapen beraren barruan eta sustatzaileak eskatuta, behin betiko salerosketaren araubidearen kalifikazioa hartu duten etxebizitza babestu guztiak edo batzuk alokairuaren araubidean erabiltzea.

2. Salerosketaren araubidean kalifikatu behar diren etxebizitza babestuen sustapenetan, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak baimendu ahal izanen du, sustatzaileak eskatuta, etxebizitzetako batzuk gordetzea alokairuan emateko.

12. artikulua. Etxebizitza babestua eskuratzeko gutxieneko baldintza batzuk betetzetik salbuestea.

1. Jendaurreko deialdia egin ondoren, eskatzaileen kopurua adjudikatu beharreko etxebizitza babestuena baino txikiagoa den sustapenetan, etxebizitza guztien edo batzuen adjudikazioa eman gabe gelditzen denetik hiru hilabete iraganik, sustatzaileak eskatu ahal izanen dio etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari eskatzaileak gutxieneko diru-sarrerak frogatzeko betebeharretik salbuesteko, bai eta Nafarroako udalerri batean erroldatuta egoteko betebeharretik ere.

2. Halaber, 2011ko abenduaren 31era arte, etxebizitza guztien edo batzuen adjudikazioa eman gabe gelditzen denetik urte bat iraganik, sustatzaileak eskatu ahal izanen dio etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari eskatzaileak gehieneko diru-sarrerak frogatzeko betebeharretik salbuesteko.

3. Artikulu honetan xedatuari jarraikiz etxebizitza bat erosten duten pertsonek ezin izanen dute eskuratu etxebizitza babestua sustatzeko aurreikusten diren dirulaguntza orokorretarik bakar bat ere.

13. artikulua. Etxebizitza babestuko logela eta/edo eranskinak errentan ematea.

1. Etxebizitza babestuaren jabeek, ohiko bizileku iraunkorrerako erabiltzen segitzen badute, etxebizitza horretako logelak eman ahal izanen dituzte errentan, banaka, betiere etxebizitzaren arloko eskumen aduen departamentuak errentamenduaren kontratua aurkezten bada.

Logeletako bakoitza errentan emateko gehieneko prezioa ez da izanen, inolaz ere, etxebizitza osoa errentan emateko gehieneko prezioaren eta bertako logelen kopuruaren arteko zatidura baino handiagoa.

2. Era berean, babestutako etxebizitzen jabeek eranskinak errentan eman edo saldu ahal izanen dituzte, banaka, Nafarroako Gobernuak urtero etxebizitza mota bakoitzerako ezartzen duen prezioa gainditu gabe, eta kontratua etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan aurkeztu ondoren.

3. Bi kasuetan, errentan emateak edo saltzeak ez du ekarriko jasotako dirulaguntzak itzuli beharrik, eta ez da eskatuko errentariak edo eskuratzaileak etxebizitza babestua eskuratzeko gutxieneko baldintzak bete ditzan.

14. artikulua. Penalizazio klausulak, etxebizitza babestuen salerosketakontratuei edo jabetza adjudikatzekoei uko egiteagatik.

1. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera ikus-onetsi administratiboa jasotzeko aurkezten diren kontratuek, etxebizitza babestuaren jabetza adjudikatzekoek edo salerosketakoek, nahitaezko klausulak edukiko dituzte, erosleek horiei uko egiteko aukera arrazoitua izan dezaten; kasu horietan, gehieneko penalizazioa ezarriko da kontzeptu guztietan, 500 eurokoa lehen urtean, kontratua izenpetzen denetik hasita, eta 1.200 eurokoa bigarren urtetik aurrera.

2. Babestutako etxebizitza baten adjudikazioari erosleek uko egitearen ondorioz egin beharreko dirulaguntzen itzulketak ez du interesik sortuko.

15. artikulua. Errentamendurako sustapenetan eskatu beharreko abala.

Babes ofizialeko etxebizitzak errentan emateko kontratuetan, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera izenpetzen direnetan, sustatzaileak, kasuan kasuko fidantzaren berme osagarri gisa, eskatu dezakeen bakarra bankuko abala da, sei hilabeteko errenta adinakoa gehienez ere araubide orokorreko etxebizitzen kasuan, eta hiru hilabeteko errenta adinakoa gehienez ere araubide berezikoetan.

16. artikulua. Etxebizitzak errentan emateko sustapenetan araubidea aldatzea.

Araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, prezio tasatuko etxebizitzetan eta errentan emateko prezio itunduko etxebizitzetan, behin-behineko nahiz behin betiko kalifikazioa azken hamar urteetan lortu baldin badute, etxebizitza guztiak edo batzuk araubide bereziari atxikitzea eskatu ahal izanen da, eta errentan emateko erabiliko dira araubide berezi horretarako ezarritako modu eta baldintzetan, errentari horiek ere beste araubide horretakoentzat ezarritako dirulaguntzak jasotzeko aukera barne.

17. artikulua. Etxebizitzarako kontuaren antzinatasuna aitortzea, baremoko puntuazioaren ondorioetarako.

1. Etxebizitza babestu bat eskuratzeko, etxebizitzarako aurrezteko kontuaren titularitatearen antzinatasunak etenik ez izateko baldintza bete dela ulertuko da baldin eta eskatzaileak frogatzen badu kenkarirako eskubidea zekarren etxebizitzarako kontu baten titularitatea eduki duela, horretarako eskubidea sortzen zuen epea mugaegunera iristeagatik kontua itxita egon arren, betiere etxebizitzarako kontu berriak, kenkarirako eskubidea ematen duenak, aurrekoa itxi eta hiru hilabeteko epean ireki bada, gehienez ere.

2. Era berean, baldintza hori baldintza berberetan betetzen dela ulertuko da etxebizitzarako kontu baten titular izan eta bertan gordetako diru-kopuruak etxebizitza babestu bat erosteko erabili dituzten eskatzaileen kasuan, azkenik etxebizitza horren erosle bihurtu ez badira ere, arrazoiturik emandako ukoagatik edo haiei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik ikus-onetsia ukatu zaielako.

III. TITULUA

Zerga arloko neurriak

18. artikulua. Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria, prezio libre mugatuko etxebizitza erosteko.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari hogeita hamahirugarren xedapen gehigarria gehitu zaio.

Hogeita Hamahirugarren xedapen gehigarria.-Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria, prezio libre mugatuko etxebizitza erosteko.

1. Ohiko etxebizitzaren inbertsioagatiko kenkariak, Testu Bategin honen 62.1 artikuluan aurreikusitakoak, dituen ondorioetarako, prezio libre mugatuko etxebizitzaren kalifikazioa jasotzeko baldintzak betetzen dituen etxebizitzaren lehen erosleak zergaldian ordaindutako zenbatekoen kasuan, artikulu horren a) eta g) letretan ezarritako kenkarien portzentajeak ehuneko bost gehituko dira eta, beraz, 100eko 20koa, 100eko 23koa eta 100eko 35ekoa izanen dira, hurrenez hurren.

Ehuneko bost puntuko igoera hori soilik aplikatu ahalko da etxebizitza erosten duenak ordainketa egiten duen lehen zergaldian eta zergaldi horren ondoko bederatzi zergaldietan.

2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egiaztatuko du etxebizitzak prezio libre mugatuko etxebizitzaren kalifikazioa hartzeko baldintzak betetzen dituela eta, zehazki, sustatzaileak pertsona fisiko bati eginiko lehen etxebizitza-eskualdatzea dela.

3. Xedapen gehigarri honetan aurreikusitako kenkaria prezio libre mugatuko etxebizitzaren kalifikazioa duten etxebizitza libreetan aplikatuko da, baldin eta 2011ko abenduaren 31 baino lehen egin bada salerosketako kontratuaren administrazio-eginbidea."

19. artikulua. Berrinbertsioaren epea luzatzea 2008an ohiko etxebizitza eskualdatzen den kasuan, betiere eskualdaketa hori ohiko etxebizitza izanen den beste bat erosi edo zaharberritzeko dirukopuruak ordaindu ondoren egin bada.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari Hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria gehitu zaio.

Hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria.-Berrinbertsiorako epea luzatzea, 2008an ohiko etxebizitzaren eskualdaketa egiten denean.

Testu bategin honen hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria aplikatzeko, 2008an ohiko etxebizitzaren eskualdaketa egin den kasurako, ohiko bizitokia izanen den beste etxe bat erosi edo zaharberritzeko 2006an ordaindutako diru-kopuruak berrinbertitutako dirutzat hartuko dira, ohiko etxebizitza besterendu aurreko bi urtetik gorako epean ordaindu badira ere.

20. artikulua. Etxebizitzarako kontuetan gordetako dirukopuruak, ohiko etxebizitza erosteko erabili ez direnak etxebizitzaren saltzaile edo sustatzailearekiko kontratua suntsitzeagatik.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategin honen 62.1.a) artikuluan ezarritako betebeharra, alegia etxebizitzarako kontuetan gordetako diru-kopuruak ohiko etxebizitza lehen aldiz erosi edo zaharberritzen erabiltzekoa, ez da betegabetzat joko baldin eta, etxebizitzaren salerosketako kontratua suntsitzen bada salbuespeneko arrazoiengatik, saltzaileak edo sustatzaileak subjektu pasiboari itzuli badizkio kontura emandako kopuruak, eta subjektu pasiboak etxebizitzarako zeukan kontuan edo, hura itxi badu, berri batean berriz sartu baditu.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak zehaztuko du zein diren salerosketaren kontratua suntsitzea eragin dezaketen salbuespenezko arrazoiak, horrek ekarri gabe betebeharra ez betetzea, eta, halaber, etxebizitzaren saltzaileak edo sustatzaileak itzulitako kopuruak etxebizitzarako kontuan berriz sartzeko baldintzak eta arrazoi eta baldintza horiek frogatzeko modua ere bai.

21. artikulua. Etxebizitza kontuaren epea zabaltzea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduko 53. artikuluan ezarritako epea, bera iraungitzearekin ohiko etxebizitzarako inbertsioagatik kenkaria izateko eskubidearen galera dakarrena, hamar urtekoa izanen da.

Epe horren aplikazioak eragina izanen du 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera ireki diren etxebizitza-kontuetan sartutako diru kopuruen gainean.

Etorkizunean, Nafarroako Gobernuak erregelamendu mailako arauen bidez erregulatzen ahalko du gai hau.

2008ko abenduaren 31n 53. artikuluan aipaturiko zortzi urteko epea iragan bada eta etxebizitza-kontuaren jabeak 2008ko urtarrilaren 1etik hasi eta foru lege honek indarra hartu arte kontutik diru-zenbateko batzuk erabili baditu ohiko etxebizitza lehen aldiz erostea edo zaharberritzea ez diren beste xede batzuetarako, epea hamar urteraino zabaldu ahal izateko aurrena data horietan erabilitako zenbatekoak itzuli beharko ditu, etxebizitza-kontu zaharrean edo, aurrekoa deuseztatu baldin badu, beste etxebizitza-kontu batean. Diru-itzulketa hori foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean gauzatu beharko da.

Itzulketa etxebizitza-kontu berri batean gauzatzen bada, aurreko etxebizitza-kontua deuseztatu delako, joko da etxebizitza-kontu berria aurrekoa ireki zen data berean ireki dela.

22. artikulua. Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria, babesturiko etxebizitza kalifikatuak erosteko, babes ofizialekoak nahiz prezio tasatukoak izan.

Babes ofizialekotzat nahiz prezio tasatukotzat kalifikaturiko etxebizitzetan aplikatuko da, haien salerosketa kontratuak modu administratiboan bisatu badira foru lege honek indarra hartzen duenetik 2011ko abenduaren 31ra bitartean. Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko Testu Bateginari hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria gehituko zaio, honako testuarekin.

Hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria.-Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria, babesturiko etxebizitza kalifikatuak erosteko, babes ofizialekoak nahiz prezio tasatukoak izan.

1. Ohiko etxebizitzaren inbertsioagatiko kenkariak, Testu Bategin honen 62.1 artikuluan aurreikusitakoak, dituen ondorioetarako, babes ofizialeko edo prezio tasatuko etxebizitzaren kalifikazioa jasotzeko baldintzak betetzen dituen etxebizitzaren erosleak zergaldian ordaindutako zenbatekoen kasuan, artikulu horren a) eta g) letretan ezarritako kenkarien portzentajeak ehuneko bost gehituko dira eta, beraz, 100eko 20koa, 100eko 23koa eta 100eko 35ekoa izanen dira, hurrenez hurren.

Ehuneko bost puntuko igoera hori soilik aplikatu ahalko da etxebizitza erosten duenak ordainketa egiten duen lehen zergaldian eta zergaldi horren ondoko bederatzi zergaldietan.

2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egiaztatuko du etxebizitzak babes ofizialeko nahiz prezio tasatuko etxebizitzaren kalifikazioa edukitzeko baldintzak betetzen dituela.

23. artikulua. Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko hogeita zortzigarren xedapen gehigarria aldatzeko zuzenketa.

Hona Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko hogeita zortzigarren xedapen gehigarriaren testu berria:

Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria.-Etxebizitzak Zaharberritzearen eta Eraginkortasun Energetikoari buruzko Plan berezia.

1. Ohiko etxebizitza zaharberritzeagatik zergaldian ordaindutako zenbatekoek ondoko tratamendua izanen dute ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkariaren kuotan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, testu bategin honetako 62. artikuluan ezarritako eran, baldin eta bizileku eta hiri ondarea zaharberritzeari buruz legeak eskatutako baldintzak betetzen baditu eta hori dena Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emandako ziurtagiri bidez frogatzen bada:

Oro har, testu bategin honetako 62.1 artikuluko a) eta g) letretan ezarritako kenkarien ehunekoak %3 igoko dira, eta, hurrenez hurren, %18koa, %21ekoa eta %33koa izatera pasatuko dira.

Zaharberritzeko obrak energia-efizientzia hobetzeko neurriak jasotzen baldin baditu, testu bategin honetako 62.1 artikuluko a) eta g) letretan ezarritako kenkaria ehuneko bost igoko da, eta, hurrenez hurren, %20koa, %23koa eta %35ekoa izatera pasatuko da.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egiaztatuko du, etxebizitzen zaharberritze babestuko espedienteen kalifikazio-zedulen bidez, obra horiek 2009tik 2011ra bitarte, biak barne, hasi izana, bai eta obra horiek energia-efizientziako neurriak jasotzen badituzte ere. Hasitako obratzat hartuko dira zaharberritze babestuko behin-behineko kalifikazioa 2009-01-01etik 2011-12-31ra bitarte eskatu eta eman den obrak. Erregelamendu bidez ezarri ahalko da, sektoreko araudi berariazkoan ezarri ere, zaharberritze obrek noiz jasotzen duten energia-efizientzia hobetzea.

2. Kenkari hori ez zaie aplikatuko etxebizitzak barrutik berritzeko aparteko dirulaguntzak dituzten obrei; dirulaguntza horiek Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 87 bis artikuluan jasotzen dira hain zuzen ere.

IV. TITULUA

Nafarroako Etxebizitzak S.A. (VINSA)

24. artikulua. Nafarroako Etxebizitzak S.A. (VINSA).

1. 2009-2011 aldian, VINSAren jarduera gehienbat hauetara bideratuko da:

- Zaharberritzeko eta hiri erreformarako ekintzak.

- Alokairuaren araubideko etxebizitza babestuaren sustapena.

2. Aldi horretan, halaber, VINSAk bere gainerako helburuak bermatzeko -batez ere Alokairuko Sistema Publikoaren sustapena- behar duen neurrian baizik ez du sustatuko salerosketaren araubideko etxebizitza babestua, eta betiere sustatuko etxebizitza babestuen 100eko 15 gainditu gabe.

Lehenbiziko xedapen gehigarria .Foru lege honek indarra hartu ondoren tramitatzen diren plan aldaketak.

Foru lege honek indarra hartu ondoren tramitatzen diren plan aldaketek bete beharko dituzte, gutxienez ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan, foru lege honetan onetsitako testuan, ekipamendu eta zerbitzuetarako eremuei buruz ezarritako zehaztapenak, eta horretarako erreferentziatzat hartuko dute osorik aldatu nahi den sektore edo unitatea.

Bigarren xedapen gehigarria .Berandutza interesak.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 50.2.c) artikuluan aipatzen den berandutza korrituaren tasa, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, 100eko 5 izanen da.

Hirugarren xedapen gehigarria .Zaharberritze babestuko araubideko etxebizitzak Nota de Vigencia.

2011ko abenduaren 31 arte, etxebizitzen zaharberritze babestuaren araubideko jarduketak eta haiei legozkiekeen laguntza ekonomikoak jaso asmoz, eraikinak edo etxebizitzak 12 urte edo gehiago izan behar ditu.

Laugarren xedapen gehigarria .Zaharberritzeko laguntzak Pirinio alderako.

Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoan sarturiko udalen batean dauden eta eraikitzen bukatu zirenetik 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitza-eraikinen zaharberritze-jardueretarako, Nafarroako Gobernuari dagokion neurrian, lehentasunez zaharberritu beharreko eremu deklaratutakoetan zaharberritze babestuko jardueretarako arauetan ezartzen diren laguntza ekonomikoak emanen dira.

Lehen xedapen iragankorra .Eraikigarritasuna handitzea eragiten duten planeamendu aldaketek bete beharreko baldintzak.

1. 35/2002 Foru Legeak indarra zuelarik izapidetutako planei dagozkien sektore edo unitateetan, edo foru lege honek indarra hartzean banaketa parekaturako proiektuak behin betikoz onetsita dituzten sektore edo unitateen kasuan, eraikigarritasuna handitzea dakarten aldaketak onetsi ahalko dira -baldin eta etxebizitzetarako garapenari lotutako azpiegiturak eta zerbitzuak oztopo ez badira aldaketa horietarako, eta handitzea, gehienez ere 100eko 30ekoa bada-, horien zehaztapenak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan jasotako estandarretara egokitzeko beharrik gabe, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Aldaketaren esparrua sektore edo unitate osoa izatea.

b) Hirigintza aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik ez eragitea, ez eta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik ere.

c) Foru lege honek indarra hartu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztea onesteko.

d) Proposatutako eraikigarritasun gehikuntzaren 100eko 80, gutxienez, etxebizitza babestuak eraikitzeko erabiltzea.

2. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak indarra zuelarik onetsitako planei dagozkien sektore edo unitateetan, ondoren ez badute bere egin gutxienez 100eko 50 babes ofizialeko etxebizitzarako erabiltzeko aurreikuspena, eraikigarritasuna handitzea -gehienez ere 100eko 15ekoa- dakarten aldaketak onetsi ahalko dira, horien zehaztapenak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan jasotako estandarretara egokitzeko beharrik gabe, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Aldaketaren esparrua sektore edo unitate osoa izatea.

b) Hirigintza aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik ez eragitea, ez eta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik ere.

c) Foru lege honek indarra hartu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztea onesteko.

d) Proposatutako eraikigarritasunaren gehikuntza etxebizitza babestuak eraikitzeko erabiltzea, aldatu beharreko unitatean edo sektorean aurreikusitakoa adinakoa den portzentajean, gutxienez.

3. Xedapen honetan aurreikusitako aldaketak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 74. artikuluan eta, dagokion kasuan, 45.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira. Nolanahi ere, aldaketaren espedienteak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 70.8 artikuluan, foru lege honen bidez emandako testuan, aipatzen diren txosten sektorialak eduki beharko ditu 15 egun naturaleko epean; epe hori eman gabe iraganik, txostena proposatutako aldaketaren aldekoa dela ulertuko da.

Bigarren xedapen iragankorra .Zenbait laguntzaren aldi baterako indarra.

1. Foru lege honen II. tituluko I. kapituluan aurreikusitako laguntzak behin-behineko kalifikaziorako eskaera foru lege honek indarra hartu ondoren eta 2011ko abenduaren 31ra arte aurkezten duten obra eta jarduketetan aplikatuko dira. Ez dute inola ere foru lege honetan xedatutakoaz baliatzerik izanen behin-behinekoz kalifikatutako obra edo jarduketak edo Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 191.2.d) artikuluan aurreikusitako txostena foru lege honek indarra hartu aurretik eskuratu dutenak Nota de Vigencia.

2. Foru lege honen II. tituluko II. kapituluan aurreikusitako neurriak 2011ko abenduaren 31ra arte aplikatuko dira.

Hirugarren xedapen iragankorra .Foru lege honek indarra hartzean izapidetzen ari diren planeamenduak.

Planeamenduaren berrazterketak edo aldaketak, bai eta foru lege honek indarra hartzeko unean Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legean ezarritakoaren arabera garatzen ari ziren tresnak, foru lege honen indarra hartu aurretik xedatutakoaren arabera izapidetzen jarraitu ahalko dira.

Azken xedapenetako lehena .Nafarroako Gobernuari ahalmena ematea.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra eta ordutik aurrera izanen ditu ondorioak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko ekainaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0917253

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web