(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2009 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 9KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIONARIOEN OPOR, LIZENTZIA ETA BAIMENEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 24 - 25/02/2009



  NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIONARIOEN OPOR, LIZENTZIA ETA OPORREN ERREGELAMENDUA

  I. KAPITULUA. OROTARIKO XEDAPENAK

  II. KAPITULUA. OPORRAK

  III. KAPITULUA. LIZENTZIA SOLDATADUNAK

  IV. KAPITULUA. NORBERAREN AFERETARAKO LIZENTZIA SOLDATAGABEAK

  V. KAPITULUA. BAIMEN SOLDATADUNAK


Atariko

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuak, 36. artikuluan, oporrak, lizentziak eta baimenak aurreiskusten ditu funtzionarioen eskubideen artean, erregelamenduaren bidez ezartzen diren kasu eta baldintzetan. Artikulu horrek agintzen duena garatzeko asmoz, ekainaren 19ko 121/1985 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zen. Horrek aldaketa asko izan ditu urteetan zehar.

Gero, urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretua eman zen, arautzen duena zer araubide aplikatu behar zaien Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei beren opor, lizentzia eta baimenetarako. Horrek ere aldaketa batzuk izan ditu, familia eta lana bateratzen laguntzeko neurriak bildu baititu, sindikatuen ordezkariekin hartu eta adostu izan direnak.

Funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenak erregelamendu baten bidez arautu nahi direnez, Nafarroako Publiko Administrazioetan orotariko aplikazioa izan dezan, eta Gizon eta Emakumeen arteko Egitezko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bidez onetsiriko Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan ezartzen diren aurreikuspenen ondoriozko aldaketak bildu behar direnez, bidezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen beste erregelamendu bat ematea, gaur egun arlo horretan dagoen arautegia ordezten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuko XI. kapituluan xedaturikoarekin bat, proiektua sindikatuen ordezkariekiko negoziazio kolektiboaren mende jarri da Negoziaziorako Mahai Orokorrean.

Kontuan hartuz erregelamendu berriak Nafarroako Administrazio Publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, baita toki entitateak ere, proiektua Toki Araubideko Foru Batzordean tramitatu da. Horrek aldeko txostena eman dio.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Erregelamendua onestea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten da, foru agindu honen eranskinean ageri dena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra. Erregelamendua indarra duten lizentzia eta baimenenei aldi baterako aplikatzea.

Erregelamendu honetan aipatzen diren aurreikuspenak indarra hartu baino lehen hasi diren lizentzia eta baimenei aplikatuko zaizkie, baldin eta data horretan bukatu ez badira eta langileak hartzeke duen denborarako bakarrik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira:

a) 121/1985 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

b) 348/2000 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, arautzen duena zer araubide aplikatu behar zaien Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei beren opor, lizentzia eta baimenetarako.

c) 181/2007 Foru Agindua, apirilaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana. Haren bidez arautzen da haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik aitak gozatzen duen baimen ordainduaren iraupena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatzen zaiena.

d) Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena. Foru agindua garatu eta betearaztea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIONARIOEN OPOR, LIZENTZIA ETA OPORREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. OROTARIKO XEDAPENAK

1. artikulua . Erregelamenduaren xedea.

Erregelamendu honen xedea Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginean aurreikusten diren opor, lizentzia eta baimenak arautzea da. Testu bategin hura abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2. artikulua . Aplikazio esparrua.

Erregelamendu hau Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei aplikatuko zaie.

3. artikulua . Oporrak, lizentziak eta baimenak emateko araubidea.

1. Kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emanen ditu erregelamendu honetan aipatzen diren opor, lizentzia eta baimenak, interesdunak eskatu ondoren. Horrek, ezinbesteko kasuetan izan ezik, hamar egun natural lehenago aurkeztu beharko du eskaera.

2. Oporrak zerbitzuaren beharren arabera emanen dira.

3.bis. artikulua. Ebazteko epea eta ebazpen espresik administrazio prozeduretan ez izatearen ondorioak Nota de Vigencia.

1. Erregelamendu honetako opor, lizentzia eta baimenei buruzko prozedura administratiboak ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 20 egunekoa izanen da.

2. Epe hori ebazpen espresik jaso gabe iraganez gero, dagozkion eskabideak baietsitzat hartzen ahal dira isiltasun administratiboa dela medio.

4. artikulua . Oporrak, lizentziak eta baimenak emateko eskumena.

Administrazio Publikoan oporrak, lizentziak eta baimenak emateko eskumena langileria arloko eskudantziak zehazten dituen berariazko arautegiak esleitzen dion organoari dagokio.

II. KAPITULUA. OPORRAK

5. artikulua . Oporren iraupena.

1. Funtzionarioek, zerbitzu aktiboko urte bakoitzeko, eskubidea izanen dute hogeita zazpi laneguneko opor soldataduna hartzeko, edo zerbitzu denbora gutxiagokoa izan bada, proportzionalki zor zaien oporraldia.

2. Lanaldia orotariko araubidearen arabera banaturik ez daukaten langileei dagozkien oporrak lanaldiaren iraupenaren arabera doituko zaizkie, kasuan-kasuan lantokian egon beharreko urteroko lanaldia kontuan hartuz.

6. artikulua . Oporrak hartzeko araubidea.

1. Opor horiek urte naturalean hartu beharko dira, eta hartzeko eskubidea urteroko abenduaren 31n galduko da. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartzen ahalko dira, gehienez.

Ikastetxeen urte-sasoiko jarduera-eza dela-eta instalazioak ixtea aurreikusten bada, irakasle ez diren langileen oporrak hartzeko aldiak bat etorriko dira ixteko denboraldian. Aurrekoa gorabehera, irakasle ez diren langileek, laguntzaileak ez badira, eskubidea izanen dute aipatu den ixteko denboraldi horretatik kanpo bost egun, gehienez, hartzeko Nota de Vigencia.

2. Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, ezartzen da funtzionarioek eskubidea izanen dutela oporrak metatzeko erditze, adopzio edo harreraren eta haurdunaldiko arriskuaren eta edoskitze naturalaren ondoriozko lizentzien ondoren eta gurasotasun baimenen edo denbora osoko edoskitze baimenaren ondoren, erregelamendu honetan xedatutakoak, opor horien urte naturala bukatuta ere Nota de Vigencia.

3. Opor horiek hartzen ez dituzten funtzionarioek ez dute diru-ordainik izanen non eta ez hartzea zerbitzuko beharrengatik izan ez den.

4. Oro har, langile guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren 15 egun, gehienez, udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era. Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera eta langileen laneko bizitza eta familiakoa bateragarriak izatearen arloan indarra duen araudia kontuan hartuta Nota de Vigencia.

5. Hezkuntza Departamentuaren ikastetxeetan irakaskuntzan edo laguntzan diharduten funtzionarioek eskubidea izanen dute aurreko artikuluan zerbitzu aktiboan emaniko ikasturte oso bakoitzerako adierazten diren oporregunetarako, eta eskubide hori sortu deneko ikasturte berean hartu beharko dituzte.

6. Aldi baterako ezintasuna dela-eta artikulu honen 1. ataleko aldian oporrak hartu ezin izan dituzten funtzionarioek lanera itzuli ondoan har ditzakete, haiek sortu ziren urtea bukatu ondoko 18 hilabeteko epean. Irakasleen eta ikastetxeetako laguntzaileen kasuan, lanera itzuli eta segituan hartu beharko dira oporrak nahitaez Nota de Vigencia.

7. artikulua . Oporren etenaldia Nota de Vigencia.

Funtzionarioak oporretan daudelarik baimen ordaindu bat hartzen hasten direnean erditze, adopzio edo harreragatik edo haurdunaldiko eta edoskitze naturaleko arriskuagatik, edo gurasotasun baimen bat edo lanaldi osoko edoskitzeagatiko baimena, edo aldi baterako ezintasuna gertatzen zaienean, oporrak eten eginen dira, eta hartzeko falta diren egunak lizentzia edo baimena bukatu ondoren edo alta medikoarekin lanera itzuli eta gero hartuko dira, opor horiei dagokien urte naturala bukatuta egonda ere. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, hartu gabe dauden oporrak egun ezberdinetan hartzen ahalko dira, 6. artikuluko arau orokorren arabera.

III. KAPITULUA. LIZENTZIA SOLDATADUNAK

8. artikulua . Lizentzia ordaindua, prestakuntza jarduerak egiteko Nota de Vigencia.

1. Lizentzia ordainduak emanen dira azken azterketetara eta ikastetxe ofizialetako bestelako behin betiko gaitasun eta ebaluazio probetara aurkezteko beharrezkoa den denboran, baita lanbide ziurtagiria lortzeko probetara edo langileak lan egiten duen Administrazioak sustatutako enplegu publikoaren arloko hautaprobetara aurkezteko ere.

Lizentzia honek barnean hartzen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren hizkuntzak baloratzeko azterketak eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak antolatzen dituen euskararen maila egiaztatzeko probak.

2. Lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko (hala Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nola beste erakunde nahiz entitate publikoek antolatuak), baimen ordainduak emanen dira, baina gehienez ere berrogeita hamar ordu urtean, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Zerbitzuaren beharrak.

b) Prestakuntza ikastaroko edukiek langileak duen lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin duten lotura.

c) Prestakuntza ikastaroak egiteari dagokionez, nolabaiteko oreka mantendu beharra kasuko unitateko langileen artean.

Oro har, osorik edo zati batean lanalditik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen.

Langileak Administrazioaren aginduz joaten direnean ikastaroa egitera baino ez zaizkie lanordu gisa kontatuko ordu horiek, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela-eta egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen dute.

3. Baimen ordaindugabea, hiru urtean behin bederatzi hilabeteko gehieneko iraupena duena, lanbide hobekuntzako beste ikastaro batzuetara joateko, baldin eta zerbitzuaren kudeaketak eta lanaren antolaketak aukera ematen badute.

Baimen hori ez da kontatuko 14. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako epemugaren ondorioetarako.

4. Aurreko apartatuek aipatzen dituzten lizentziak emanak dituzten funtzionarioek beren Administrazio Publikoko organo eskudunean aurkeztu beharko dute azterketak, probak edo prestakuntza jarduerak egin dituztela adierazten duen ziurtagiria.

9. artikulua . Lizentzia soldataduna, ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik.

1. Ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik funtzionarioek hamabost egun naturaleko lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea izanen dute. Lizentzia hori ezkontzen diren edo bikote egonkorra dagoela egiaztatzen den egun zehatzaren aurretik eta/edo ondoren hartzen ahalko da Nota de Vigencia.

2. Ezkontzea frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko du funtzionarioak bere administrazio publikokoko organo eskudunean. Bikote egonkorraren osaera zuzenbidean frogatako onartzen den edozein baliabideren bidez frogatzen ahalko da.

3. Pertsona berek ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik artikulu honetan arautzen diren lizentzietako bat bakarra hartzeko eskubidea izanen dute Nota de Vigencia.

10. artikulua . Lizentzia ordaindua, erditzeagatik Nota de Vigencia.

1. Funtzionarioek eskubidea edukiko dute hamazazpi asteko lizentzia ordaindua edukitzeko erditzeagatik. Hamazazpi aste horietatik sei, erditzearen ondoz ondokoak, nahitaez eta etengabe hartzekoak izanen dira. Lizentzia hori bi astez luzatuko da (bana guraso bakoitzarentzat) haurrak desgaitasunik badu, eta, aldi berean ume bat baino gehiagoz erditzean, bigarrenetik aurrera ere bai.

Ama zenduz gero, beste gurasoak eskubidea izanen du lizentzia osoa edo hartzeke dagoen zatia hartzeko.

2. Bi gurasoek lan egiten badute eta atsedeneko nahitaezko lehen sei asteak pasatu eta gero, lizentzia hau gurasoek nahi duten moduan hartzen ahal da, etenak eginez nahi izanez gero, betiere aldi honen barruan: erditu eta geroko nahitaezko atsedena amaitzen denetik seme-alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte. Lizentzia etenak eginez hartuko bada, aldi bakoitzean aste osoak hartu behar dira, eta hartzen den aldi bakoitzerako, beharrezkoa izanen da 15 egun aurretik abisatzea.

3. Garaia baino lehen erdituz gero edo beste edozein arrazoi dela medio jaioberriak jaio ondoren ospitalean iraun behar badu, lizentzia jaioberriak ospitalean diraueino luzatuko da, betiere beste hamahiru astez, gehienez ere.

4. Haurra zenduz gero, lizentzialdia ez da murriztuko, salbu eta erditu eta gero nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaren ondoren, lanpostura itzultzea eskatzen bada.

5. Baimen honek irauten duen bitartean, nahitaezko atsedenaldia amaitu eta gero, Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko da.

10.bis artikulua. Haurdunaldiagatiko lizentzia ordaindua Nota de Vigencia.

Haurdun dauden emakumezko funtzionarioek lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea izanen dute hogeita hamazazpigarren asteko lehenengo egunetik erditze-egunera arte. Haurdunaldi anizkoitzaren kasuan, lizentzia haurdunaldiaren hogeita hamabosgarren asteko lehenengo egunean hasten ahalko da.

10.ter artikulua. Bere garaia baino lehen jaio diren edo jaio ondoren ospitaleraturik egon behar duten semealabengatiko lizentzia ordaindua Nota de Vigencia.

Funtzionarioek eskubidea izanen dute egunean lantokitik bi orduz lekutzeko semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar duelako, ordainsariak osorik jasota. Gainera, semea edo alaba ospitaleratuta dagoen bitartean, beren lanaldia gehienez bi orduz murrizten ahalko dute, eta ordainsaria ere proportzioan murriztuko zaie.

11. artikulua . Lizentzia ordaindua adopzioarengatik, adoptatzeko zaintzarengatik edo harreragatik Nota de Vigencia.

1. Adopzioaren, aldi baterako harreraren edo harrera iraunkorraren eta adoptatzeko zaintzaren kasuan, lizentziak hamazazpi aste iraunen du. Lizentzia hori bi astez luzatuko da (bana guraso bakoitzarentzat), adoptaturiko edo harreran harturiko haurrak desgaitasunik badu, eta, ume bat baino gehiagoko adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreran, bigarrenetik aurrera ere bai.

2. Sei aste, nahitaez, lanaldi osoz eta etenik gabe hartu beharko dira adopzioa eratzen duen epailearen ebazpenaren ondoren, edo adoptatzeko zaintza edo harrera baiesten duen erabaki administratiboaren ondoren.

3. Bi gurasoek lan egiten badute eta atsedeneko nahitaezko lehen sei asteak pasatu eta gero, lizentzia hau etenak eginez egiten ahalko da, betiere aldi honen barruan: gertaera eragile eta geroko nahitaezko atsedena amaitzen denetik seme-alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte. Lizentzia etenak eginez hartuko bada, aldi bakoitzean aste osoak hartu behar dira, eta hartzen den aldi bakoitzerako, beharrezkoa izanen da 15 egun aurretik abisatzea.

4. Gurasoek erabakiko dute noizdanik kontatu epe hori, edo administrazioak adoptatzeko zaintza edo harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera. Adingabe berak ez du behin ere sortuko lizentzia honek arautzen duen aldi bat baino gehiago hartzeko eskubiderik.

5. Nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko paragrafoetako kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia epaileak adopzioari buruz emaniko ebazpena eman edo administrazioak edo epaileak harrerari buruz harturiko erabakia baino lau aste lehenagotik ere hartzen ahal izanen da. Horrez gain, halako kasuetan bi hilabete bitarteko baimen bat hartzeko eskubidea izanen da, aldi horretan oinarrizko ordainsariak soilik jasoko direlarik.

6. Artikulu honetan aipatzen diren adopzioa, adoptatzeko zaintza edo harrera, aldi baterakoa edo iraunkorra, aplikatzekoa den arautegian ezarriko direnak izanen dira. Aldi baterako harrerak gutxienez ere urtebete iraunen du.

7. Baimen honek irauten duen bitartean, nahitaezko atsedenaldia amaitu eta gero, Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko da.

12. artikulua . Erditze, adopzio eta harreraren ondoriozko lizentzia soldataduna lanaldi partzialean hartzea.

1. Erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzia soldataduna, aurreko artikuluetan ezarri dena, lanaldi partzialez hartzen ahalko da, arau hauei jarraituz:

a) Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko, interesdunek aldez aurretik eskatu beharko dute eta organo eskudunak ebatzi. Ebazpen hori emateko, beharrezkoa izanen da haien ordezkoak izatea, bidezkoa bada.

b) Lanaldi partzial hori lanaldiaren heren baterako edo erdirako izanen da, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako langileen kasuan izan ezik, horiek, betiere, lanaldiaren erdirako hartu beharko baitute.

c) Lizentzia hau, oro har, egunero hartuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

d) Txandaka ari diren langileen kasuan, lanaldi partziala lanaldi osoei metatzen ahalko zaie, zerbitzuaren beharren arabera.

2. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldia hura onartzeko ebazpenean zehaztuko da eta, etenik gabe, bukatu arte luzatuko da, erditze kasuetarako hurrengo atalean xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

3. Bai amak bai aitak izanen dute lizentzia hau lanaldi partzialez hartzeko eskubidea eta atsedenaldia batera edo bata bestearen ondoren hartzeko edozein kasutan.

Erditze kasuan, amak ezin izanen du lizentzia modalitate hau erabili, erditu ondoko sei asteetan, horiek nahitaez atsedena hartzekoak baitira.

4. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldian, interesdunek behin ere ezin izanen dute aparteko ordurik edo bestelako zerbitzurik egin modalitate horretan bete behar duten lanalditik aparte.

5. Langileak, lizentzia hau lanaldi partzialez hartzen dueino, ez ditu eskubide hauek izanen:

a) Hamabi hilabetetik beherako haurren edoskitze aldiaren ondoriozko baimen soldataduna, foru dekretu honen 17. artikuluan xedatzen dena.

b) Lanaldia murrizteko erregelamendu bidez ezarririko edozein kasuren gozatzea.

13. artikulua . Lizentzia soldataduna, haurdunaldian edo berezko edoskitze aldian arriskuak izateagatik.

Lanpostu baten baldintzek haurdun baten edo haren haurraren osasunari kalte egin diezaiokeenean, lizentzia soldataduna ematen ahalko zaio, haurraldian arriskuan egoteagatik, laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegian ezarririko baldintzetan.

Aurreko lerroaldean xedatzen dena berezko edoskitze aldian ere aplikatuko da.

13bis. artikulua. Minbiziak edo bestelako gaixotasun larriak jotako semealaba adingabea zaintzeko lizentzia ordaindua Nota de Vigencia.

1. Funtzionarioek eskubidea izanen dute lanaldia erdira murrizteko, ordainsaria murriztu gabe, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme edo alaba adingabea zaintzeko, baldin eta adingabeko hori zuzenean, modu jarraituan eta etengabe zaindu behar bada gaixotasunaren tratamendu jarraituan zehar, kontuan hartu gabe aurretik ospitaleratu behar izan den ala ez. Salbuespenez, lanaldiaren murrizketa handiagoa izan daiteke, %75era bitartekoa gehienez, frogatzen bada hura beharrezkoa dela lizentziaren helburua betetzeko Nota de Vigencia.

2. Lizentzia emanen da semearen edo alabaren ospitaleratzeak irauten duen bitartean eta/edo gaixotasunaren tratamendu jarraituak irauten duen bitartean; gehienez ere, adingabekoak hemezortzi urte bete arte Nota de Vigencia.

3. Adingabekoaren ardura duen osasun zerbitzu publikoko sendagileak deklarazio bat eginda frogatuko da adingabekoa minbiziak edo beste gaixotasun batek jota dagoela, bai eta zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar dituela ere gaixotasunaren ospitaleratze eta/edo tratamendu jarraituak irauten duen bitartean. Adingabekoa onuraduna bada mutualismo administratiboaren araubide berezian, entitate horretako sendagile batek egin beharko dio frogagiria Nota de Vigencia.

4. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua ematearen ondorioetarako, kasuan kasuko laguntza ekonomikoa emateko oinarri den Gizarte Segurantzaren sistemaren zerrendan sartuta dauden horiek hartuko dira gaixotasun larritzat.

5. Bi gurasoek lan egin behar dute lizentzia emateko. Funtzionarioek ordainsari guztiak jasotzeko eskubidea izanen dute soilik beste gurasoa ez bada arrazoi horri dagokion laguntzaren onuraduna aplikatu beharreko aurreikuspen sozialeko araubidean. Bi gurasoak funtzionarioak badira, soilik haietako batek izanen du eskubidea lizentzia hori emategatik ordainsariak murrizturik ez edukitzeko.

6. Lizentzia hori hartzeko eskubidearen baldintzak betetzen dituen seme-alaba adingabe bat baino gehiago baldin baditu funtzionarioak, haietako bakoitzari dagokion lizentzia ematen ahal zaio.

7. Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero gauzatuko da funtzionarioak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera. Zerbitzuaren funtzionamendu egokiarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osoetan meta daiteke, hilabeteko kontaketarekin gehienez ere.

8. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua berdin-berdin aplikatuko da adopzioaren, aldi baterako harrera edo iraunkorraren eta adoptatzeko zaintzaren kasuan Nota de Vigencia.

9. Adingabe batek ez du behin ere eskubiderik emanen artikulu honetan arautzen diren lizentzietako bat baino gehiago hartzeko Nota de Vigencia.

10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lizentzia hori emateko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik txostena egin beharko du, lizentzia hartzeko ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren Nota de Vigencia.

13.ter artikulua. Lizentzia ordaindua, gaixotasun oso larria duen senidea zaintzeko Nota de Vigencia.

1. Funtzionarioek lanaldiaren ehuneko berrogeita hamar arteko murrizketa ordaindua eskatzeko eskubidea izanen dute, gaixotasun oso larria duen ezkontidea, bikotekide egonkorra edo lehen mailako senidea zaintzeko hilabeteko gehieneko epean. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, murrizketa ondoz ondoko lanaldi osoetan metatzen ahalko da.

2. Gertaera eragile beragatik eskubide horren titular bat baino gehiago badaude, horien artean banatzen ahalko da murrizketa hori hartzeko denbora, nolanahi ere hilabeteko gehieneko epea errespetatuta.

IV. KAPITULUA. NORBERAREN AFERETARAKO LIZENTZIA SOLDATAGABEAK

14. artikulua . Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeen iraupena eta araubidea.

1. Zilegi izanen da lizentzia soldatagabeak ematea, osotara bi urte naturaletan gehienez hiru hilabete osatu artekoak.

2. Artikulu honetan aipatzen diren lizentziak arrazoiak azaldurik eskatu beharko dira eta, emateko, betiere zerbitzuaren beharren arabera jokatuko da.

3. Halaber, lizentzia hori funtzionarioei ematen ahalko zaie Nafarroako Segurtasun Eskolak antolaturiko oinarrizko prestakuntza ikastaroetara joan daitezen, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetakora, hain zuzen ere.

Lizentzia horiek ez dira zenbatuko artikulu honen 1. atalean ezarririko mugaegunaren ondorioetarako eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiteko behar-beharrezkoa den denborarako emanen dira bakarrik, interesdunak hasi aitzin eskatu ondoren.

15. artikulua . Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeen araubidearen berezitasunak Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan ematen diren lizentzia soldatagabeek gehienez ere bost hilabete iraunen dute bi urte naturaletan, betiere ere arau hauei jarraituz:

a) Eskaerak arrazoien gainean eginen dira.

b) Lizentzia hau eskatzeko ez da beharrezkoa izanen oporrak aurretik ahiturik izatea.

c) Lizentzia eman edo ukatzeko, zerbitzuaren beharrak hartuko dira aintzat, salbu eta eskatzaileak lizentzian hasi baino lehendik ordezkoa duenean.

d) Lizentzia ukatzen denean, departamentuko edo erakunde autonomoko organo eskudunak ukatze horren arrazoiak azaldu beharko ditu.

e) Lizentzia soldatagabean egondako denborak ez du opor eskubiderik sortuko eta beraz kontzeptu hori ez da kontuan hartuko egin behar den soldata deskontuan, salbu eta opor horiek lehendik hartu badira edo eskatzaileak nahitaez gero hartu behar baditu.

V. KAPITULUA. BAIMEN SOLDATADUNAK

16. artikulua . Ama biologikoa ez den gurasoarentzako baimena semealaba baten jaiotza, adoptatzeko zaintza, harrera edo adopzioarengatik Nota de Vigencia.

1. Hamazazpi asteko baimen ordaindua emanen da seme-alaba baten jaiotza, adoptatzeko zaintza, harrera edo adopzioarengatik. Horietatik, gertaera eragilearen ondoz ondoko sei asteak nahitaez hartu beharko dira. Baimen hori bi astez luzatuko da (bana guraso bakoitzarentzat), jaiotako, adoptaturiko edo harreran harturiko haurrak desgaitasunik badu, eta, ume bat baino gehiagoko jaiotzaren, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren kasuan, bigarrenetik aurrera. Baimena hartzen ahalko da jaiotzaren egunetik, administrazioak adoptatzeko zaintza edo harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera.

2. Baimen hau hartuko duen gurasoak banatzen ahalko du, lehen sei asteak etenik gabeak eta jaiotzaren egunaren, administrazioak adoptatzeko zaintza edo harrera erabakitzen duen egunaren edo epaileak adopzioa ebazten duen egunaren ondoz ondokoak izateko baldintza beteta.

3. Bi gurasoek lan egiten badute eta lehen sei asteak pasatu eta gero, baimen hau etenak eginez hartzen ahalko da, betiere aldi honen barruan: nahitaezko atsedena amaitzen denetik seme-alabak hamabi hilabete betetzen dituen arte. Lizentzia etenak eginez hartuko bada, aldi bakoitzean aste osoak hartu behar dira, eta hartzen den aldi bakoitzerako, beharrezkoa izanen da 15 egun aurretik abisatzea.

4. Baimen hau hartu nahi bada erditzeagatiko lizentziaren hamazazpigarren astea eta gero, azken lizentzia hori hartu duen gurasoak eskatu badu hamabi hilabete baino gutxiagoko seme-alaba baten edoskitzealdiaren denbora lanaldi osoetan metatzea, 17.5 artikuluaren arabera, aldi hori amaitzen denean emanen zaio hasiera ama biologikoa ez den gurasoaren baimenari geratzen zaizkion hamaika asteak zenbatzeari.

5. Garaia baino lehen erdituz gero edo beste edozein arrazoi dela medio jaioberriak jaio ondoren ospitalean iraun behar badu, lizentzia jaioberriak ospitalean diraueino luzatuko da, betiere beste hamahiru astez, gehienez ere.

6. Haurra zenduz gero, lizentzialdia ez da murriztuko, salbu eta erditu eta gero nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaren ondoren, lanpostura itzultzea eskatzen bada.

7. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetan gurasotasunagatik arautzen den baimen ordaindua lanaldi partzialean har daiteke, lanaldiaren heren edo erdi baterako, enplegatuak ezarrita duen lanaldiaren lehenengo eta/edo azken orduetan. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen kasuan, lanaldi partzialeko baimen hori lanaldiaren erdirako izanen da kasu guztietan.

Baimen hori partzialki hartzean, foru dekretu honen 12. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarritako mugak aplikatuko dira kasu guztietan.

8. Baimen honek irauten duen bitartean, jaiotzaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren egunaren ondoren etenik gabe hartzen diren lehen sei asteak igaro eta gero, Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko da.

17. artikulua . Baimen soldataduna, hamabi hilabetik beherako haurrei bularra emateagatik Nota de Vigencia.

1. Hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra duten funtzionarioek eskubidea izanen dute egunean ordubetez lantokitik lekutzeko. Denbora horren ordez zilegi izanen dute, funtzionarioak nahi duen moduan, 3 ordu laurdeneko bi aldi hartzea edo lanaldia ordu batez murriztea. Kasu horretan, lanaldiaren hasieran edo bukaeran hartu beharko da.

2. Haur batez baino gehiagoz erdituz gero, baimen hori hein berean handituko da.

3. Artikulu honetan biltzen den baimena funtzionarioen eskubide indibiduala da, eta eskubidea gauzatzea ezin zaio aldatu beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harrera-egile bati Nota de Vigencia.

4. Bularra emateko baimena bateraezina izanen da aitak edo amak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentziak baliatzearekin Nota de Vigencia.

5. Bularra emateko denboraren ordez bidezkoa den denbora lanaldi osoetan metatzen duen baimen ordaindu bat eskatzen ahalko da Nota de Vigencia.

Baimena modu honetan hartuta, enplegatuak zerbitzuak egiteari uzten badio baimenaren kontzesioa ekarri duen seme-alabak 12 hilabete bete baino lehen, beharrezko erregularizazioa eginen da.

18. artikulua . Ernalketa lagunduko tekniketan parte hartzeko baimen ordaindua Nota de Vigencia.

Funtzionarioek eskubidea izanen dute ernalketa edo ugalketa lagunduko tekniketarako behar-beharrezkoa den denboraz lanetik ateratzeko, betiere aldez aurretik lanaldian egin beharra frogatuz gero.

19. artikulua . Jaio aurreko azterketetarako eta erditzea prestatzeko tekniketarako baimen soldataduna.

Zilegi izanen da baimen soldatadunak ematea emakumezko funtzionarioei erdi-aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanaldian egitekoak direnean.

19.bis artikulua. Baimen ordaindua, adopziorako edo harrerarako informazio eta prestaketa saioetara joateko Nota de Vigencia.

Funtzionarioek lantokitik lekutzeko eskubidea izanen dute adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko zaintzaren kasuan, derrigorrezko informazio eta prestaketa saioetara joateko, baita egokitasun deklarazioaren aurreko derrigorrezko txosten psikologikoak eta sozialak egiteko ere, beharrezkoa den denboran eta horiek lanaldiaren barnean egin behar direla justifikatu ondoren.

20. artikulua . Baimen soldataduna, emakumezko funtzionarioen kontrako genero bortizkeriagatik.

Genero bortizkeriaren biktimak diren emakumezko funtzionarioak egun osoz edo ordu batzuetan lanera joan ezik, justifikatutzat joko da, laguntzarako edo osasunerako gizarte zerbitzuek, kasuan-kasuan, ezartzen dituzten denbora eta baldintzetan.

21. artikulua . Baimen ordaindua, desgaitasuna duten semealabak zaintzeko Nota de Vigencia.

Legez onartutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten funtzionarioek zilegi dute lanetik ateratzea beharrezkoa den denboran, hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun edo gizarte esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko.

Baimen hori berdin-berdin emanen da adopzioaren, aldi baterako harrera edo iraunkorraren eta adoptatzeko zaintzaren kasuan.

22. artikulua . Baimen ordaindua, ahaideak hiltzeagatik Nota de Vigencia.

1. Lau laneguneko baimen ordaindua emanen da ezkontidea edo bizikidea eta odol bidezko nahiz ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak hiltzen direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bost lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

2. Hiru laneguneko baimen ordaindua emanen da ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak eta neba-arrebak hiltzen direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta lau lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

3. Lanegun bateko baimen ordaindua emanen da odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak, aurreko apartatuetan aipatzen ez direnak, hiltzen direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bi lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

4. Baimena ondoz ondo edo egun solteetan hartzen ahalko da, ahaidea hiltzen den egunetik (hori barne) hilabeteko epean.

23. artikulua . Baimen ordaindua, ahaideen gaixotasun edo ospitaleratzeagatik Nota de Vigencia.

1. Lau laneguneko baimen ordaindua emanen da, ezkontideak edo bikotekide egonkorrak eta odol bidezko lehen mailako ahaideak bost egun baino gehiagoz ospitalean ingresatu edo etxean ospitaleratu beharra duenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bost lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

2. 1. apartatuan ezarritako arrazoi berdinengatik, hiru laneguneko baimen ordaindua emanen da ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak edo neba-arrebak ukitzen dituenean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta lau lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

Lanegun bateko baimen ordaindua emanen da odol bidezko nahiz ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak, aurreko apartatuetan aipatzen ez direnak, direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bi lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

3. Lanegun bateko baimen ordaindua emanen da ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren, odol bidezko edo ezkontza bidezko ahaideen eta neba-arreben ospitaleko egonaldiak eta/edo etxeko ospitaleratzeak hori baino gutxiago irauten duenean edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuko eritasunarena edo eritasun ez hain larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bi lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

4. Kasu bakoitzari dagozkion baimen ordainduko egunak gaixotasunaren edo ospitaleratzearen iraupen osoan hartzen ahalko dira, eta, azken kasu horretan, ospitaleko alta jaso eta hurrengo 15 egunean ere bai, baldin eta hori bateragarria bada zerbitzuaren beharrekin.

5. Baimen hori ematen ahalko da ahaide beragatik, subjektu eragile beraren ospitaleratzeagatik edo gaixotasunagatik hartutako aurreko baimen ordaindua amaitu zenetik gutxienez ere hilabete igaro bada. Ospitaleratzeen kasuan, dagokion baimena amaitu denetik hilabetea igaro ondoren oraindik ospitaleratuta badago ahaidea, baimen berria ematen ahalko da.

6. Larrialdietako behaketako egonaldia ospitaleratzetzat joko da.

24. artikulua . Baimen ordaindua, zenbait tratamendu mediko jaso ondoren laneratzen laguntzeko Nota de Vigencia.

1. Erradioterapia edo kimioterapia tratamendu bat amaitutakoan laneratzen diren funtzionarioek beren ohiko lanaldiaren %25era arteko mailakako egokitzapena eskatzen ahalko dute, eta denbora hori benetako lan-denboratzat joko da.

2. Egokitzapenak hilabetez irauten ahalko du alta medikoa jasotzen denetik, eta beste hilabete batez luzatzen ahalko da, tratamendu mediko horien ondorioek irauten badute.

3. Salbuespen gisa, lanaldiaren egokitzapen hori ematen ahalko da larritasun bereziko beste tratamendu batzuetako sendatze prozesuetan, egokitzapen mota hori gomendatzen duen medikuaren txostena oinarri hartuta, baina kasu horretan dauden inguruabarrak aztertu beharko dira.

25. artikulua . Zehaztapenak senitartekoen heriotzagatik edo gaixotasunagatik hartzeko baimen ordainduen kontaketan Nota de Vigencia.

Aurreko artikuluetan ezarritako senitartekoen gaixotasunagatik edo heriotzagatik hartu beharreko baimen ordainduen kasu guztietan, enplegatuak lan egin badu baimenaren lehenbiziko egunean, egun osoan zein zati batean, lan egindako aldia baimena bukatu ondoren hartuko da.

25.bis. artikulua. Zehaztapenak senitartekoen heriotzagatik edo gaixotasunagatik hartzeko baimen ordainduen kontaketan Nota de Vigencia.

Senitartekoen gaixotasunagatik edo heriotzagatik aurreko artikuluetan ezarritako baimen ordainduen kasu guztietan, enplegatuak lan egin badu baimenaren lehendabiziko egunean, egun osoan zein zati batean, lan egindako aldia baimena bukatu ondoren hartuko da.

26. artikulua . Baimen soldataduna, ahaideen kirurgia anbulatorio handiagatik.

1. Bi egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontide edo bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia anbulatorio handia egin behar zaien kasuetan.

2. Kasu horietan, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira eriak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen diren prozedura kirurgikoak, zein ere anestesia mota aplikatu zaien eta ebakuntzak zenbat ere iraun duen.

3. Halaber, kirurgiako prozeduraren ondorioz pazienteak ospitaleraturik egon behar duenean emanen da baimena, non ez zaion egokitzen iraupen handiagoko baimen bat, aurreko artikuluetan xedatuarekin bat Nota de Vigencia.

4. Baimenak barnean hartuko ditu ebakuntza kirurgikoaren eguna eta hurrengo egun naturala, jarduketa enplegatuaren lanaldia amaitu ondoren programatu ezean; izan ere, kasu horretan baimena hurrengo bi egun naturaletan hartzen ahalko da Nota de Vigencia.

26.bis artikulua. Baimen ordaindua, laguntza eskatzen duten prozedura kirurgiko eta diagnostikoengatik Nota de Vigencia.

Egun natural bateko (proba egiten den eguna bera) baimen ordaindua emanen da ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren eta odol bidezko lehen mailako ahaideen laguntza eskatzen duten prozedura kirurgiko eta diagnostikoetan, medikuaren txostenak behar hori xedatzen badu.

27. artikulua . Baimen soldataduna, aldairagatik.

Egun natural bateko baimen soldataduna emanen da etxe aldairagatik.

28. artikulua . Baimen ordaindua, saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako eginbeharrengatik Nota de Vigencia.

Zilegi izanen da baimen ordainduak ematea ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako eginbeharrengatik behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren, honako kasu hauetan:

a) Organo judizial, polizia-etxe edo beste erakunde ofizial batzuen zitazioen ondoriozko agerraldiak.

b) Lantokitik lekutu beharra seme-alaben edo desgaitasun psikikoa, fisikoa edo zentzumenetakoa duten odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko adinekoen bila joateko, dagokion ikastatxeak edo eguneko zentroak gaixotasun baten berri eman ondoren.

c) Hauteskunde-prozesuetan parte hartzea eta sufragio-eskubidea gauzatzea, indarra duen legerian ezarri bezala.

d) Funtzionarioen semea edo alaba dagoen ikastetxeak deitutako tutoretza bileretara joatea.

e) Funtzionarioak lan egiten duen administrazioan eratutako hautaketa epaimahai bateko kidea den aldetik, horren saioetara edo bileretara joatea.

f) Funtzionarioak lan egiten duen administrazioak deitutako laneratze edo betetze prozesuen ondorioz, destinoa edo lanpostu hutsa hautatzeko ekitaldietara joatea.

g) Udalbatzaren edo toki entitatearen, mankomunitatearen edo patronatuaren gobernu organoen edo horien mendeko batzordeen bileretara joatea, baita beste administrazio publiko batek berariaz eskatzen dizkion lan-bileretara ere, zinegotzi, parlamentari, diputatu edo senatari kargu hautetsia izateagatik baino ez.

h) Gidabaimenaren azterketa edo berritzea, lanpostuari atxikitako eginkizunak gauzatzeko baldintza hori eskatzen denean.

i) Seme-alaba adingabeekin batera joatea horiek onuradun dituen gizarte aurreikuspeneko sistemako zentroetako kontsulta medikoetara edo osasun laguntzako kontsultetara.

j) Ezkontidea edo bikotekide egonkorra, odol bidezko edo ezkontza bidezko lehen mailara arteko ahaideak edo legez onartutako desgaitasuna duten odol bidezko bigarren mailara arteko ahaideekin batera joatea horiek onuradun dituen gizarte aurreikuspeneko sistemako zentroetako kontsulta medikoetara edo osasun laguntzako kontsultetara.

k) Beste edozein eginbehar, horren ez-betetzeak erantzukizun penala, zibila edo administratiboa sorrarazten badu.

28.bis artikulua. Baimen ordaindua, odola edo odol osagaiak emateko Nota de Vigencia.

Funtzionarioek eskubidea izanen dute baimen ordaindua hartzeko behar den denboran, odola edo odol osagaiak emateko, hori justifikatu ondoren.

28.ter artikulua. Baimen ordaindua, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkezteko Nota de Vigencia.

Funtzionarioei baimen ordaindua emanen zaie Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen pertsonala aurkezteko behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren.

29. artikulua . Baimen soldataduna hauteskundeetan hautagai izateko.

Funtzionario bat hautagai baldin bada Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Gorte Orokorretako diputatu eta senadoreak hautatzekoetan, Nafarroako Parlamentukoetan edo autonomia erkidego bateko beste parlamentu baterakoetan eta Toki Entitateetakoetan, zilegi izanen da hauteskunde kanpainaren denboran lan egin beharretik libratzea, hartarako behar den baimen soldataduna emanik, interesdunak hala eskatuta.

29.bis artikulua. Baimen ordaindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan hauteskunde sindikaletako hautagai izateagatik Nota de Vigencia.

Kandidatura bakoitzaren ordezkariak eskaera egin ondoren, lanera ez joateko baimena emanen zaie aldarrikatutako kandidaturetako kideei bozketaren aurreko hamar egun naturalean, honako eskala honen arabera:

a) 250 hautesle baino gutxiago dituzten hauteskunde unitateetako kandidaturak: kide bat kandidaturako.

b) 250 eta 4.000 hautesle artean dituzten hauteskunde unitateetako kandidaturak: bi kide kandidaturako.

c) 4.000 hautesle baino gehiago dituzten hauteskunde unitateetako kandidaturak: hiru kide kandidaturako.

30. artikulua . Baimen ordaindua, eginkizun partikularrengatik Nota de Vigencia.

1. Urtean funtzionarioek eskubidea izanen dute gehienez hiru laneguneko baimen ordaindua (edo, zerbitzualdia laburragoa izan bada, proportzioan dagozkien egunetakoa) hartzeko, aurreko artikuluetan aipatu ez diren eginkizun partikularretarako. Egun horiek hartzeko epea hurrengo urteko urtarrilaren 31n amaituko da Nota de Vigencia.

2. Lanaldia eskuarki ezarririkoa ez bezala banaturik daukaten langileei, kasuan-kasuan ezarririk daukaten lanaldiaren iraupenaren arabera dagozkien egunetara egokituko da baimenaldia.

3. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetako baimen ordaindua orduka har daiteke.

31. artikulua . Baimen soldatadunen justifikazioa.

Foru dekretu honen 16. artikulutik 29. artikulura bitarte arautu diren baimenak eskatzen dituztenek bere administrazio publikoko organo eskudunean aurkeztu beharko dituzte baimena emateko baldintzak betetzen dituztela adierazten duten frogagiri guztiak.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Ordaindutako aitatasunbaimenaren iraupenaren aldaketak Nota de Vigencia.

Ordaindutako aitatasun-baimenaren iraupenean Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat orokorrean ezarri daitezkeen aldaketak zuzenean aplikatuko zaizkie Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei.

Bigarren xedapen gehigarria. Legezko tutoreei aplikatzea Nota de Vigencia.

Erregelamendu honetan aurreikusten diren eta seme-alabei buruzkoak diren baimen eta lizentziak berdin-berdin aplikatuko zaizkie funtzionarioei, baldin eta legezko tutoretza onartuta badute zenbait pertsonaren gainean.

Hirugarren xedapen gehigarria. Genero neutraltasuna Nota de Vigencia.

Erregelamendu honetan funtzionarioei edo enplegatuei buruz aipatzen den terminologiak gizonezko zein emakumezko funtzionario guztiak biltzen dituela ulertuko da, testu osoaren idazketari genero neutraltasuna emateko asmoz.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web