(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2009 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 12KOA, NEKAZARITZAKO AZPIEGITURETAN ESKU HARTZEA ERABAKITZEN DUENA, VALTIERRAKO LURZATIAK BERRANTOLATUZ ETA OHIKO UREZTAKETA GAURKOTUZ.

BON N.º 12 - 28/01/2009



Atariko

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak, azaroaren 28ko 230/2005 Foru Aginduaren bidez, Valtierrako ohiko ureztaketa lurrak berrantolatuz, nekazaritzako azpiegituretan esku hartzeko prozesua hasi zuen, ofizioz. Esku-hartze hori Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean sartutako ureztaketetako esku-hartze eta obrei buruzko 7/1999 Foru Legearen eranskinean ageri da. Urriaren 7ko 212/2002 Foru Dekretuaren bidez gaurkotu zen.

Esku-hartzearen helburuak honako hauek dira: alde batetik, lurzatien berrantolamenduaren bitartez landalurrak antolatzea, nekazaritzako ustiapenek egitura eta tamaina egokia izan dezaten, eta bestetik, ohiko ureztaketa gaurkotzea. Lur batzuk ureztaketa sistema aldatuz gaurkotuko dira, urpetzearen ordez presioko sistema erabiliko baita.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, urriaren 7ko 1829/2008 Ebazpenaren bidez, "Valtierrako ohiko ureztaketaren gaurkotzea" proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena aurkeztu zuen.

Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 12. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak onetsi beharko dituela foru dekretu bidez nekazaritzako azpiegituretako esku-hartzeak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak proposaturik.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 12an egin zuen bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

Valtierrako nekazaritza azpiegituretan esku hartzea erabakitzea, lurzatiak berrantolatuz eta ohiko ureztaketa gaurkotuz, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean xedatu bezala.

2. Prozedura.

Horretarako, komenigarritzat jo da Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluan datorren prozedura arrunta erabiltzea.

3. Onura publikoa eta presaz egin beharra.

Valtierrako lurzatiak berrantolatuz eta ohiko ureztaketa gaurkotuz nekazaritzako azpiegituretan egin gogo den esku-hartzearen onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzen da, ondasun eta eskubideen desjabetzerako, aldi baterako okupaziorako eta okupazio iraunkorrerako eta bidezko diren zortasunak, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, sortzeko.

4. Burutu beharreko esku-hartzeen azalpena.

Egin asmo den gaurkotzea grabitatearen bidezko urezketa eremu batek eta presioko urezketa sistema izanen duen beste batek osatuko dute.

Obrarako punpaketa estazioa hornitzen duen linea elektriko bat eraiki behar da. Emariaren presioa ur-ahoetaraino banatzean, ur-emariak ureztaketa abian jartzeko behar den presioarekin hornituko dira. Haiek lurzatietan hornitzea eta bide eta saneamendu sareak hobetzea ere barne dago.

5. Ingurumen arloko alderdiak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, urriaren 7ko 1829/2008 Ebazpenaren bitartez, ingurumen eraginaren adierazpena egin zuen, eta hartan agertzen diren baldintzak bete beharko dira. Honako hauek dira, laburbildurik:

-Obrak hasi aurretik, zuinketa lanak eta obrak egiteko aurreikusitako egutegia, zehazki, erretenak desegiteko epea, bidali beharko da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura. Dena dela, erreten zaharrak desegiteko obrak, bereziki, Mayor ibaiko hustubide nagusia desegitekoak, bertan bizi den fauna minberarentzat kritikoak diren sasoietatik kanpo eginen dira. Zehazki, zenbait espezie babesteko, hala nola bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), maiz agertzen baitira eremu horrertan, aldi hori apiriletik abuztura bitartekoa izango da.

-Honako hauek behar bezala balizatuko dira, lanek dirauten bitartean, beren zainketa bermatzeko: zaindu beharreko zuhaitz eta zuhaixken eremuak, "nahitaez zaindu beharreko ingurumen balioa" baita inbentarioaren arabera; aztarnategien indusketa eta jarraipenekoak; eta Ebroko ibarbasoak (Ebro ibaia ES 2200040 BILean sartzen direnak) babesteko perimetroa. Hori guztia Valtierrako ureztaketako lurra modernizatzeko Ingurumen eraginaren azterlanaren "Nahitaez zaindu beharreko ingurumen balioa" izeneko eranskinaren 4-1, 4-2 eta 4-3 zenbakiko planoetan ageri diren barrutietako mapak kontuan hartuta.

-Obrak hasi baino lehen, eremuko bisoi europarrari eta igabarari buruzko ikerketa bat eginen da, bi espezie horiek proiektuak ukitutako eremuan dituzten erabilera-korridore nagusiak identifikatzeko.

-Ebro ibaiaren bazterretan zuzenean isurtzen den drainatzeetakoren bat egungo baldintza berberetan, meandro itxurako trazadurarekin, mantentzeko ahaleginak eginen dira, gomendio hori ematen badu aurreko lerroaldean aipatutako azterlanak.

-Eremuan animalien bizitokia handitzeko, neurri hauek garatuko dira:

.Ebro ibaira itzultzen diren hustubide berriak, bisoi europarraren eta igabararen habitata hobetzeko interes handienekotzat jotzen diren eremuetan, 2H/1V-an jarritako ezpondak dituzten lurretan eraikiko dira, espezie horiei buruz aldez aurretik egindako ikerketaren emaitzei jarraikiz.

.Ingurumen eraginaren azterlanaren eranskinean aipatzen denez, erreten berriak, bideen gainean erortzen diren lubeta ezpondetan, lurbeltzez estaliko dira.

.Lurzatien diseinu berrian, zenbait lur ingurumeneko herrilurrerako gordeko dira, eremu ureztagarriaren barruan eta ibaiaren ezpondatik gertu. Lur horiek Ebroko ibarbasoen eremua handitzeko erabiliko dira.

.Era berean, lurzati berrantolamendurako prozesuan behar adinako lur erreserba aurreikusi beharko da, landare geruza hobetuko duten landaketak egiteko hustubide eta erreten berrietakoren baten inguruan. Drainatzeetatik gertu zaindu beharreko zerrenda horiek 3 metroko zabalera izanen dute gutxienez.

-La Isla alderdia zeharkatzen duen hustubidea ukitzen bada, lanerako kalea ahalik eta gehien gutxitu beharko da, behar bezala balizatuko da eta makina txikiekin lan eginen da. Kasu horretan, fauna babesteko aurreko lerroaldeetan proposatutako obra egutegia beteko da.

-Bide ertzeetan egin beharreko landaketei dagokienez, Ebroko Iraganbide Nagusia abelbiderako ezarritakoez gain, beste batzuk ere eginen dira, paisaia hobetu eta biodibertsitatea gehituko dutenak eta aisiarako eskaintzari erantzuna emanen diotenak, zuhaitzen arteko ibilbideak sortzen saiatuz, Valtierrako herritarrak Ebro ibaira eta ibarbasoetara hurbilarazteko. Ildo horretan, hauexek izanen dira esku-hartzeren xede: La Olivilla, Soto Alto eta Los Sequeros bideak. Horiek guztiak proiektu honek aldatuko ditu.

-Landaketa zerrendetan honako zuhaitz espezie hauek erabiliko dira: Elaeagnus angustifolia, Populus alba, Populus nigra, Ficus carica, Prunus dulcis, Fraxinus angustifolia eta Morus alba. Landareei bi urteko biziraupen tratamendua eginen zaie. Horretarako, ureztatzeko eta hutsarteak betetzeko plan bat ezarriko da.

-Proposatutako neurri guztiak ingurumen baldintzak betetzeko agiri batean jasoko dira, landaretza berritzeko proiektuarekin bat. Agiriak grafikoki adierazi beharko du non kokatuko diren natura lehengoratzeko edo landaketarako erabiliko diren ingurumeneko herrilurrerako eremuak. Dokumentazio hori zuzendaritza nagusi honetan aurkeztuko da obrak hastean, gainbegiratu eta oniritzia emateko.

-Ingurumen eraginaren azterlanean eta eranskinean fauna babesteko proposatutako neurri hauek beteko dira: Unionidoen familiako bibalboak eta apoarmatu istilzaleak lur erretenetatik hartzeari buruzkoak eta eginen den putzu berriari edo sifoi eta kutxetei buruzkoak, animaliak eror eta ito ez daitezen.

-Ponpaketa ekipamenduak energiaz hornitzeko aurreikusi diren goi tentsioko linea elektrikoak beren aldetik tramitatuko dira eta Ingurumen ukipenetarako baimena beharko dute.

-Lehengo bideak eta erretenak urratzetik ateratzen diren zabor-legarrak bide sare berria egiteko erabiliko dira. Soberako materialak baimendutako hondakindegi batera eramanen dira. Materialak esku-hartze eremuan botatzeko, dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena beharko da.

-Bide eta hustubideen sarea egiteko agregakinaren erauzketa, behar izatera eta agregakina erauzteko legezko ustiapenen bat erabili behar ez bada, bere aldetik tramitatuko da eta Ingurumen ukipenetarako baimena beharko du.

-Ureztaketarako putzua egitean, proiektuari gehitzen zaion Ingurumen eraginaren azterlanean ezarritako baldintza guztiak beteko dira.

-Abelbideak ukitzen dituzten banaketa, hustubide eta erretenen sarearen behin betiko trazadurek Plangintza eta Laguntza Atalaren aldeko txostena beharko dute.

-Dokumentatu diren aztarnategiak eta obrak egin bitartean aurkitu litezkeenak zaindu eta babestu egin behar dira, eta Ingurumen eraginaren azterlanari erantsi zaion txosten arkeologikoan, 2006ko otsailaren 20koan, dauden zehaztapenak betetzen direla bermatu.

-Bideen eta drainatzeen sareko obrak bukatutakoan eta ordezkapen finka berriak emandakoan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen eraginen balorazioa.

-Obrak amaitutakoan, ingurua ongi garbituko da eta obrako instalazioak erabat deuseztatuko dira. Proiektuaren eraginpeko eremuan obraren aztarna guztiak ezabatuko dira. Bereziki, eremua atera diren harriak zabortegi kontrolatura eramanen dira, edo lekuan bertan lurperatuko.

-Ingurumen eraginaren azterlanean proposatu neurri zuzentzaileen arabera, eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 11. artikuluarekin bat, ureztaketa lurrak eraldatu eta gaurkotzeko kasuetan, Ingurumenaren eta Uraren Departamentuak, bai zuzenean, bai Nafarroako Ureztalurrak, S.A. izeneko bere entitatearen bidez (Ureztatzaileari Aholkua Emateko Zerbitzuaren bitartez hain zuzen), behar diren esku-hartzeak gauzatuko ditu foru dekretu honen xede den esku-hartzeren ureztatzaileen batasun onuradunak ur baliabideen kudeaketa zuzena egin dezan.

6. Zer prozedura erabiliko den.

Eremu horretako lurzatiak berrantolatzeko ohiko prozedura erabiliko da, hots, Nekazaritako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluan jasota dagoena.

Ureztatzaileen Batasunak, azpiegiturak finantzatzeko soilik, erabaki zuen Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Legean xedaturikoarekin bat tramitatzea, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrean xedaturikoarekin bat.

7. Esku-hartzearen xedeko lurraldea mugatzea.

Esku-hartzearen xede den eremua Ebro ibaiaz ezkerreko aldean beheko terraza da. Guztira, 1.278 hektarea dira gutxi gorabehera, Valtierrako udal mugapean.

Hona hemen mugak:

Iparraldean: Logroño-Tutera NA-134 errepidea.

Hegoaldean: Ebro ibaia babesteko lur meta eta Castejongo udal mugapea.

Ekialdean: Arguedasko mugapea.

Mendebaldean: Cadreitako, Alfaroko eta Castejongo udal mugapeak.

Perimetro horri Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 13.4 eta 17 a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

8. Ustiatu beharreko oinarrizko eremuetako mugak zehaztea.

Valtierrako lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 200 eta 40 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Valtierrako ureztaketako eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 25 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Lehorreko lurra ureztaketa lur bihurtzeko faktorea 8,0koa izanen da.

9. Laborantzako Gutxieneko Unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitatea 40 hektareakoa izanen da lehorreko lurretarako, 5 hektareakoa presioko ureztaketarako eta 1 hektareakoa grabitatearen bidezko ureztaketarako.

10. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak zehaztea.

Lur funtsaren esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzeko, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailakotzat jo diren lurrei aplikatu beharreko modulu gisa maiatzaren 19ko 116/2003 Foru Dekretuan ageri den lehenengo mailako lurraren balioa ezarriko da. Dekretu horren bidez azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren eranskina aldatu zen. Horretan Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrerakotzat jo diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lehen mailako modulua lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko ordain-koefizienteekin biderkatuz lortuko dira.

11. Foru dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraztea.

12. Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean berean sortuko ditu ondorioak.

13. Foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren kontra errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

14. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezko esku-hartzeak eginen ditu.

15. Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web