(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

71/2008 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 23KOA, ARLO KLINIKO KARDIOLOGIKOAREN EGITURA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 90 - 23/07/2008; corr. err., BON 3/10/2008



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. ARLO KLINIKO KARDIOLOGIKOAREN EGITURA ETA ANTOLAMENDUA


Atariko

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen oinarrizko printzipioen ardatza herritarra da. Lege horrek herritarrei osasun zerbitzu integrala berdintasunez, kalitatez eta eraginkortasunez emateko konpromisoa hartzen du. Hori horrela izan dadin, lege berak aitortzen duenez, osasun sistema deszentralizatua behar da eta profesionalek eta erabiltzaileek parte-hartze handia izan behar dute hartan. Printzipio horiek oraindik modu egokian garatu gabe daude.

Zilegitasun osoz, osasun arloko profesionalek antolamendu prozesuan parte-hartze zabalagoa eskatu izan dute, osasun laguntzaren arloan duten erantzukizun handiaren parekoa. Antolamendurako autonomia eta osasun baliabideen erabilera arrazionala bateragarri egitea, horra hor kudeaketa klinikoaren erronka, osasun arloko profesionalen eskurantzen eta erantzukizunen arteko koherentzia bermatzea ahalbidetuko duen formula.

Abenduaren 26ko 380/2000 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Arlo Kliniko Kardiologikoaren egitura eta funtzionamendua arautu ziren.

Nafarroako Arlo Kliniko Kardiologikoari egitura malgu eta dinamikoa eman zitzaion. Osasun laguntzaren prozesuari begira jarrita dauden arlo askotako unitate funtzionalez osatua dago, eta unitate horiek gaixo kardiologikoen eskakizun eta behar mediko-kirurgiko aldakorrei etengabe egokitzen zaizkie.

Igaro den denborari eta bildutako esperientziari aipatu arloa sustatu eta bultzatu beharra gehitu zaie, bai Nafarroako Ospitalearen barnean bere burua kudeatzeko daukan autonomiari dagokionez, bai bere jarduera eremua den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barneko lidergo teknikoaren aldetik. Horregatik komeni da aipatu arloa berriz arautzea. Gaur egungo langileria aldatu gabe, Arlo Kliniko Kardiologikoa izena hartuko du, halako moduan non profesionalek, parte-hartze eta erantzukizun osoz, gaixo kardiologikoei arreta integrala eman ahalko baitiete Foru Komunitate osoan, Arlo Kliniko Kardiologikoaren barnean. Arlo hori egitura berri gisa eratuko da eta behar duen autonomia izanen du kudeaketan.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko ekainaren hogeita hiruan egin bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Arlo Kliniko Kardiologikoaren egitura eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoaren egitura.

1. Arlo Kliniko Kardiologikoa Nafarroako Ospitalearen mende dagoen diziplina askotako unitate organikoa da. Erabiltzaileei kalitatezko zerbitzu integrala emateko asmoz, funtzioen aldetik modu autonomoan antolatzen diren langile eta baliabide multzo batez osatuta dago, eta Nafarroako Ospitaleko Zuzendaritzaren aurrean osasun emaitzei eta erabilitako baliabideen kudeaketa eraginkorrari buruz erantzun beharko du.

2. Arlo Kliniko Kardiologikoak urtero Kudeaketa Klinikorako Itun berariazkoa sinatuko du Nafarroako Ospitaleko Zuzendaritzarekin, non aurrekontu klinikoak eta eman beharreko zerbitzuez, haien kalitateaz eta kostuaz hartzen dituen konpromisoak bilduko diren. Kudeaketa Klinikorako Itun hori urtero ebaluatuko da, eta ebaluazioaren emaitza kontuan hartuko da besteak beste, honako ondorio hauek ateratzeko:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aurrekontuen aurreproiektuaren zirriborroan Arlo Kliniko Kardiologikoarentzat sartu beharreko finantzaketa publikoaren proposamena zehazteko.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren esparruan, eskuarki, ezartzen diren pizgarri-sistemak aplikatzeko.

3. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoaren eginkizunak.

Arlo Kliniko Kardiologikoa kardiologia arloan osasun laguntza mediko-kirurgiko integral, eraginkor eta kalitatezkoa eskainiko dela bermatzea du helburu. Horretarako, honako eginkizun hauek izanen ditu:

1. Prebentzio arloan, Osasun Departamentuari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendeko zentroei aktiboki laguntzea, bihotz-hodietako eritasunei aurrea hartzeko programak diseinatu eta gauzatzeko orduan.

2. Osasun laguntzaren arloan:

a) Kardiologia arloko laguntza mediko-kirurgiko espezializatua ematea.

b) Bihotzeko kirurgiaren arloan, koronarioen unitatean, arritmien unitatean, azterketa hemodinamikoetan eta etorkizunean garatu beharreko goi mailako teknologiaren arloan, Nafarroako Osasun Lurralde osorako hirugarren mailako erreferentzia zentro bakarra izatea, hala nola osasun laguntzarako hitzarmena sinatua duten autonomia erkidego mugakideentzako erreferentea ere.

c) Larrialdietan gaixo koronario akutuei hasierako laguntza emateko ardura osoa bere gain hartzea.

d) Kontsentsu teknikoak sustatu eta hedatzea Nafarroako kardiologiako espezialista guztien artean eta oinarrizko osasun laguntzaren arloko profesionalen artean.

e) Deribazio prozedura eta zirkuituak ezartzea eta beste toki batera bidali beharreko gaixoak ospitale itunduetara bidaltzeko baimena ematea, horren beharra dagoenean.

3. Errehabilitazioaren arloan:

a) Operatu berri diren edo infartua izan duten gaixoen hasierako pronostiko oneko errehabilitazioaren ardura bere gain hartzea.

b) Mantentze eta gizarteratze programetan, ukituen elkarteekin batera lan egitea.

4. Irakaskuntza arloan:

a) Irakaskuntzarako baimena eta espezialisten prestakuntza egokia bermatzea.

b) Nafarroako unibertsitateei laguntzea, osasun arloko profesionalei graduatu aurreko prestakuntza ematen.

c) Arlo Kliniko Kardiologikoaren langile guztientzat urteko prestakuntza programa garatzea, bere lurralde eremuko gainerako ospitaleetako espezialistak ere hartuko dituena.

d) Oinarrizko osasun laguntzako langileentzako etengabeko prestakuntza programetan aktiboki parte hartzea.

5. Ikerkuntza arloan:

a) Arlo estrategikoen inguruko ikerketa-ildoak garatzea.

b) Zentroen arteko azterlanak sustatzea, Arlo Kliniko Kardiologikoari eta bere lurralde eremuko beste osasun zentroei loturiko espezialistek parte har dezaten.

c) Prestazioak eta teknikak hobetu eta etengabe ebaluatzeko prozesuak sustatzea.

6. Arlo Kliniko Kardiologikoak, bere eremuan, Nafarroako Ospitaleko Langileria Zuzendaritzarekin eta Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzarekin koordinaturik, honako eginkizun hauek beteko ditu, horretarako ematen zaizkion baliabide eta langileen bitartez: gaixoen harrera, laguntza administratiboa, informazioa, osasun laguntzaren kontrola eta kontrol ekonomikoa.

II. KAPITULUA. ARLO KLINIKO KARDIOLOGIKOAREN EGITURA ETA ANTOLAMENDUA

4. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoaren kudeaketa organoak.

Organo hauek kudeatuko dute Arlo Kliniko Kardiologikoa:

-Zuzendaria.

-Arreta Kardiologikoaren Zuzendaritza Kontseilua.

-Batzorde Exekutiboa.

5. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendari kargua betetzeko modua.

Osasun kontseilariak libreki izendatu eta kenduko du kargutik Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendaria, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen proposamenez. Baldintza hauek betetzen dituen profesionala izendatu behar da:

a) Arlo Kliniko Kardiologikoaren espezialitate bateko sendagile espezialistaren titulua edukitzea.

b) Aurreko atalean aipatutako espezialitateetakoren batean gutxienez bi urtez aritu izana.

6. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendariaren eginkizunak.

1. Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendariak Arlo Klinikoaren zerbitzu eta jarduera guztien zuzendaritza eta kudeaketa gorenaren ardura izanen du, osasun arloan eta arlo tekniko-asistentzialean, betiere Nafarroako Ospitaleko zuzendariaren mende zuzenean.

2. Esleitzen zaizkion osasun laguntzaren arloko eginkizunez gainera, eta zuzendaritza teknikoaren arloan zerbitzuburuei esleitu zaizkien ahalmenak deusetan galarazi gabe, Arlo Klinikoaren zuzendariak honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Batzorde Exekutiboaren burua izatea eta hura zuzentzea.

b) Arlo Kliniko Kardiologikoari atxikitako unitateen jarduera eta helburuak antolatu, zuzendu eta ebaluatzea, denen partaidetza bultzatuz.

c) Nafarroako Ospitaleko Zuzendaritzak ezartzen dituen gidalerroak eta arauak betetzea eta betearaztea.

d) Arloak kudeaketa klinikoan dituen helburuak ezartzeko eta urteroko ebaluazioa egiteko orduan, Nafarroako Ospitaleko Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea.

e) Kudeaketa klinikoan, Arlo Klinikoari atxikitako unitate organiko eta funtzionalek izan behar dituzten helburu berariazkoak finkatzea eta urteroko ebaluazioa egitea, unitateetako arduradunekin batean.

f) Arlo Klinikoari atxikitako unitate organiko eta funtzionalen arduradunak ebaluatzea eta lortutako emaitzen berri ematea.

g) Zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea ebaluatu eta kontrolatzeko informazio sistema bat sortu eta mantentzea.

h) Zerbitzuen berrikuntza, etengabeko hobekuntza eta kalitatearen ebaluazioa sustatzea eta gaixoari eman beharreko laguntzan etenik ez dela egonen bermatzea.

i) Nafarroako Ospitaleko zuzendariari aholku ematea etengabe eta egoki iruditzen zaizkion hobekuntzak proposatzea.

j) Baliabideen esleipena aldatzea Arlo Klinikoaren unitateen artean.

k) Egin beharreko jarduerak Nafarroako Ospitaleko zuzendaritzekin koordinatzea eta arlo estrategikoetarako lankidetza hitzarmen berariazkoak sinatzea, Ospitalearen eta Arlo Klinikoaren beraren funtzionamendu orokorra hobetzeko.

l) Gaixoei ematen zaien laguntza integralaren inguruko prozedura eta funtzionamendu arauak ezartzea eta administratzea.

m) Gaixoei, beraiek aurretik eskatutakoaz beste espezialista bat esleitzea, abuztuaren 3ko 241/1998 Foru Dekretuak arautzen duen moduan (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako medikuek mediku espezialista aukeratzeko ahalmenari eta osasun laguntza espezializatuaren mailako atentzio eta segimendu pertsonalizatuari buruzko foru dekretua).

n) Gaixoak zentro itunduetara igortzeko baimena ematea, Arlo Klinikoaren laguntzarako ahalbideak gainditzen diren kasuetan.

o) Nafarroako Ospitaleko Zuzendaritzak Arlo Klinikoaren inguruan propio esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

3. Langileriaren arloan, Arlo Klinikoaren zuzendariak honako eskumen hauek izanen ditu bere gain:

a) Arlo Klinikoari atxikitako langile guztien buru izatea.

b) Arlo Klinikoari atxikitako langileen jarduera, lan eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea.

c) Langileak hautatzeko prozedurei buruz informatua izatea, Arlo Klinikorako sendagileak eta erizaintzako osasun diplomatuak aldi baterako kontratatu behar direnean, zainketa intentsibo edo kardiologikoetan aritzeko edo goi mailako teknologiako tresna diagnostiko edo terapeutikoak erabiltzeko.

d) Indarra duten arauekin bat, Arlo Klinikoan sendagile gisa aldi baterako aritzeko barne igoerako prozesuak baimentzea, hala nola aurreko lerroaldean aipatutako erizaintzako osasun diplomatuenak.

e) Arlo Klinikoaren esparruan, langileen atxikipenerako proposamenak egitea, zerbitzuen beharrak eskatuta edo antolamendua hobetzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 3. eta 4. ataletan xedatutakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan langileak hartzeko eta lanpostuak betetzeko modua arautzen du.

f) Arlo Klinikoari atxikitako langileen baimenak, lizentziak, opor-egunak eta joan-etorriak baimentzeko txostenak egitea.

g) Arlo Klinikoari atxikitako langileei produktibitatearen osagarriak ordaintzeko baimena ematea, organo eskudunak ezarritako irizpideei jarraikiz.

h) Arlo Klinikoaren Ikerkuntza eta Irakaskuntza Programa prestatzea.

7. artikulua . Arreta Kardiologikoaren Zuzendaritza Kontseiluaren osaera eta eginkizunak.

1. Arreta Kardiologikoaren Zuzendaritza Kontseiluak honako kide hauek izanen ditu:

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko zuzendaria.

-Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendaria, idazkari ariko dena.

-Nafarroako Ospitaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

-Tuterako "Reina Sofía" Ospitaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

-Lizarrako "García Orcoyen" Ospitaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria edo hark izendatzen duena.

Gainera, aztertu beharreko gaian adituak diren beste profesional batzuek parte hartu ahal izanen dute, kontseiluburuak eskatuz gero.

2. Arreta Kardiologikoaren Zuzendaritza Kontseiluak urtean bi bilera eginen ditu gutxienez.

3. Arreta Kardiologikoaren Zuzendaritza Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Foru Komunitatean arreta kardiologikoa garatzeko ildo estrategikoak, osasun laguntzaren arloko helburuak eta egiturazko helburuak aztertu, berrikusi eta onestea.

b) Zainketa kardiologikoen jarraipena erraztea, Nafarroako ospitaleek gaixoak elkarri bidaltzeko irizpideak finkatuz.

c) Nafarroako Foru Komunitatean gaixo kardiologikoentzako arreta ebaluatu, antolatu, koordinatu eta zuzentzea, arreta kardiologiko integrala emanez, prebentziotik hasi eta tratamendurik aurreratuenetaraino, betiere berdintasuna lehentasunezko helburua duela.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren edozein zentrotan antolamenduaren aldaketak proposatzea, kardiologiaren esparruan, antolamendu sistema orekatua izateko, une oro erantzun egokia ematen diena gizartearen eta profesionalen eskakizunei; hau da, gaixoari begira ari den sistema, osasun laguntza, irakaskuntza eta ikerkuntza batuz lehiakortasuna lortzen duena.

e) Kudeaketa klinikoaren arloko helburuen urteko ebaluazioa egitea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zentro guztietan, eta helburu horiek formalizatzea zentroetako zuzendaritzekin batera.

f) Prestazio kardiologikoetarako aukera berdintasuna bermatzeko behar diren inbertsioak proposatzea.

8. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoari atxikitako unitateak.

Unitate organiko hauek Arlo Kliniko Kardiologikoari atxiki zaizkio:

-Nafarroako Ospitaleko Kardiologia Zerbitzua, honako unitate hauekin:

-Ospitale Kardiologiaren Atala.

-Hemodinamika Atala.

-Koronarioen Unitatearen Atala.

-Kardiologia Atala.

-Nafarroako Ospitaleko Bihotzeko Kirurgiaren Zerbitzua.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko Kardiologia Atala.

-Arlo Kliniko Kardiologikoko Erizaintza Arloko Burutza.

-Nafarroako Ospitaleko Ospitalizazio Kardiologikoaren Erizaintza Unitatea.

-Nafarroako Ospitaleko Bihotzeko Kirurgiarako Ospitalizazioaren Erizaintza Unitatea.

-Nafarroako Ospitaleko Koronarioen eta Azterketa Kardiologikoen Erizaintza Unitatea.

9. artikulua . Koordinazio unitate funtzionalak.

1. Ondoren azaltzen diren koordinazio unitate funtzionalak sortu dira. Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendariaren mende ariko dira, eta, goian aipaturiko zerbitzu, atal eta unitateekin batera, bihotz-hodietako gaixoak zaintzeko sistema integrala garatuko dute, gaur egungo beharrak bete eta etorkizunekoak planifikatuko dituena. Plan estrategiko global bat abiaraziko dute, kardiologiaren arloko beharrak zehaztu eta sailkatzeko, eta komunikazio-estrategia eta lan-eredu berariazkoak diseinatuko dituzte.

a) Oinarrizko eta Prebentzioko Kardiologia eta Errehabilitazioa Koordinatzeko Unitate Funtzionala. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Oinarrizko koordinazio espezializatuaren arloko batzordeetan parte hartzea.

-Oinarrizko Laguntzan gaixo kardiologikoei arreta emateko gida eta protokoloak egiteko lanetan parte hartzea.

-Errehabilitazioari buruzko arau eta irizpideak ezartzea ospitalez kanpoko kardiologiarako.

-Oinarrizko Laguntzako kardiologiaren arloko etengabeko prestakuntzaren plangintzan parte hartu eta laguntzea.

-Bihotz-hodietako gaixotasunei aurrea hartzeko giden erabilera sustatu eta bultzatzea.

b) Ospitalez Kanpoko Kardiologia koordinatzeko Unitate Funtzionala. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Iruñerriko Barrutiko kontsulta anbulatorioak antolatu eta kudeatzea.

-Tutera eta Lizarrako barrutietako zuzendaritzei ospitalez kanpoko arreta kardiologikoa antolatzen laguntzea.

-Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzarekin batera, kardiologiako kontsultak egiteko langileak eta baliabideak koordinatzea.

-Eraginkortasun handiko prozeduren kontsulten garapena sustatzea.

-Arlo Klinikoko unitateek eta beste zerbitzu kliniko batzuek proba osagarriak egiteko irizpideak prestatzea.

c) Ospitale arteko Kardiologia Koordinatzeko Unitate Funtzionala. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Ospitaleko arreta kardiologikorako arau orokorrak zehaztu eta adostea, gaixoaren ardura duen ospitalea edo zerbitzua edozein izanik ere.

-Gaixoak bideratzeko zirkuituak eta erantzukizun mailak zehaztu eta adostea.

-Gaixo kardiologikoen ardura duten ospitalizazio arloetarako irizpide diagnostiko eta terapeutikoak normalizatu eta adostea.

-Bigarren mailako prebentziorako protokoloak zehaztu eta ezartzea, bihotz-hodietako gaixotasunei dagokienez.

-Gaixo kardiologikoak artatzen dituzten unitate klinikoetako arduradunekin batera, zainketa kardiologiko etengabeari eusteko egin behar diren jarduketak zehaztea.

d) Berrikuntza eta Eraginkortasun Handiko Prozedurak Koordinatzeko Unitate Funtzionala. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Hobekuntzak aztertu eta proposatzea, laguntza lerro berriak eta diagnostikorako edo/eta esku hartzeko teknika berriak sartuz; hori guztia, praktika klinikoari buruzko gidaliburuak eta ebidentzian oinarritutako medikuntza irizpidetzat hartuta.

-Bihotz gutxiegitasun aurreratua duten eta bihotz transplantearen edo zelula amen bidezko tratamenduaren zain dauden gaixoentzat etengabeko zainketak planifikatzea.

-Batzorde Exekutiboak maneiu mediko-kirurgikoa izan dezaketen gaixoentzat edo gaixo multzoentzat ezartzen dituen lehentasunezko jarduketa ildoak zehaztea.

-Emaitzak ebaluatzea, behar diren hobekuntzak egiteko.

2. Sortu diren unitate funtzionalek koordinatzaile bana izanen dute.

10. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoari laguntzeko zerbitzuak.

Arlo Kliniko Kardiologikoak epidemiologian, osasun arloko kudeaketan eta osasun publikoan espezializatutako teknikarien laguntza jaso ahalko du. Arlo Kliniko Kardiologikoaren plantillako teknikariak edo Nafarroako Ospitaleko beste unitateetakoak izan daitezke.

Langile horiek Kudeaketa Plana garatzeko behar diren informazio guztiak antolatu, koordinatu eta emanen dituzte, Arloaren informazio sistema mantenduko dute eta Arloaren zuzendariari aholku emanen diote.

11. artikulua . Erizaintza Arloko burua.

1. Arlo Kliniko Kardiologikoko Erizaintza Arloko burua Arloaren zuzendariaren mende ariko da, Nafarroako Ospitaleko Erizaintzako Zuzendaritzarekin koordinaturik, Batzorde Exekutiboan ezartzen diren ildoei jarraituz.

Erizaintza Arloko burua izendatzeko proposamena egitea Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendariari dagokio.

2. Erizaintza Arloko buruak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Erizaintza unitateen funtzionamendua eta haietako langileen jarduera ebaluatzea.

-Erizaintzako langileek osasun arretaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloetan egiten dituzten jardueren kalitatea sustatu eta ebaluatzea.

-Erizaintzako laguntza jarduerarako prozedurak finkatu eta administratzea kardiologia espezialitateko arreta ematen duten unitateei.

-Arlo Kliniko Kardiologikoa osatzen duten unitate eta zerbitzuetako erizaintzaren arduradunen jarduketa koordinatzea, irizpide batasuna izan dadin langileriaren kudeaketan, irakaskuntzan eta prestakuntzan.

-Arlo Kliniko Kardiologikoari laguntzen dioten zerbitzuen prozedurak eta funtzionamendua ezarri eta ebaluatzea.

-Arloak kudeaketa klinikoan dituen helburuak ezartzeko eta urteroko ebaluazioa egiteko orduan, Arlo Klinikoaren zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea.

-Arreta kardiologikoaren esparruko jarduketak eta interes orokorreko gai guztiak zentroetako erizaintzako arduradunekin koordinatzea.

-Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendariak berariaz ezartzen dizkion eginkizunak bere gain hartzea.

3. Arlo Kliniko Kardiologikoko erizaintza unitateetako buruak Erizaintza Arloko buruaren mendean egonen dira.

4. Erizaintza unitateetako buruek esleitzen zaizkien erizaintza unitateak koordinatuko dituzte eta Erizaintza Arloko buruak ezartzen dizkien gainerako eginkizunak izanen dituzte.

12. artikulua . Batzorde Exekutiboaren osaera eta eginkizunak.

1. Arlo Kliniko Kardiologikoaren Batzorde Exekutiboak honako kide hauek izanen ditu:

-Arlo Kliniko Kardiologikoaren zuzendaria, idazkari ariko dena.

-Nafarroako Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Bihotzeko Kirurgiaren Zerbitzuko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Ospitale Kardiologiaren Ataleko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Koronarioen Unitatearen Ataleko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Hemodinamika Ataleko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Kardiologia Ataleko burua.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko Kardiologia Ataleko burua.

-Nafarroako Ospitaleko Erizaintza Arloko burua.

-Oinarrizko eta Prebentzioko Kardiologiaren eta Errehabilitazioaren Unitate Funtzionaleko koordinatzailea.

-Ospitalez kanpoko Kardiologiaren Unitate Funtzionaleko koordinatzailea.

-Ospitale Arteko Kardiologiaren Unitate Funtzionaleko koordinatzailea.

-Berrikuntza eta Eraginkortasun Handiko Prozeduren Unitate Funtzionaleko koordinatzailea.

Behar izanez gero, Batzorde Exekutiboaren bilkuretan beste kide batzuek ere parte hartu ahalko dute, hizpidearekin baina botorik gabe, aholku emateko.

2. Arlo Kliniko Kardiologikoaren Batzorde Exekutiboak idazkari bat izendatuko du bere kideen artetik, eta bere barne araubideko erregelamendua ezarri ahal izanen du.

3. Arlo Kliniko Kardiologikoaren Batzorde Exekutiboak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Praktika kliniko egokietarako protokoloak eta gidak onestea.

b) Arlo Klinikoaren unitateen funtzionamendurako ordutegia proposatzea.

c) Arlo Klinikoaren Ikerkuntza eta Irakaskuntza Programa onestea.

d) Arlo Klinikoaren urteko helburuak prestatzeko lanetan parte hartzea, eta urtero sinatu beharreko Arlo Klinikoaren Kudeaketarako Ituna onestea.

e) Arlo Klinikoaren Urteko Ebaluazioaren Memoria prestatzeko lanetan parte hartzea.

f) Arlo Klinikoaren langileei produktibitatearen osagarriak esleitzeko, Arlo Klinikoaren zuzendariak egiten dituen proposamenei buruzko txostena egitea.

g) Arlo Klinikoaren zuzendariari aholku ematea, iritzia eskatzen dion guztietan.

13. artikulua . Arlo Kliniko Kardiologikoaren antolamendu funtzionala.

Eginkizunei dagokienez, Arlo Kliniko Kardiologikoaren antolamendua malgua izanen da, prozesu klinikora bideratua, eta osasun eta gizarte ingurunearen behar eta eskakizun aldakorrei egokitzeko moldaketak eginen dira uneoro. Betiere, organo eskudunak eratuko ditu laguntzarako edo eginkizunetarako unitateak, Batzorde Exekutiboaren proposamenez, Nafarroako Ospitaleko zuzendari mediko-asistentzialak eta Laguntza Espezializatuko zuzendariak ados agertuz gero.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Tuterako "Reina Sofía" Ospitalea eta Lizarrako "García Orcoyen" Ospitalea.

Tuterako "Reina Sofía" Ospitalean eta Lizarrako "García Orcoyen" Ospitalean jarduten duten kardiologiako espezialistek Arlo Kliniko Kardiologikoan garatzen diren irakaskuntza eta ikerkuntza jarduera guztietan parte hartuko dute, Arlo Kliniko Kardiologikoak ezartzen dituen irizpide tekniko adostuak errespetatuz.

Bigarrena.- Genero berdintasuna.

Foru dekretu honetan gaztelaniaz genero maskulinoko substantiboak erabili dira zenbait kargu edo lanpostu izendatzeko, esate baterako "Director del Area Clínica del Corazón", "Jefe de Servicio", "Jefe de Area de Enfermería", eta abar. Laburtu beharrez egin da hori, ez beste ezergatik, eta ulertu behar da gizonezkoek zein emakumezkoek bete ditzaketela toki horiek, aukera berdintasun osoz, ondorio juridikoei dagokienez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra

Indarrik gabe geldituko dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta bereziki abenduaren 26ko 380/2000 Foru Dekretua, Nafarroako Arlo Kliniko Kardiologikoaren egitura eta funtzionamendua arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.- Ahalmena ematea.

Osasun kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web