(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

70/2008 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 23KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOARI BURUZKOA.

BON N.º 84 - 09/07/2008



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOA


  III. KAPITULUA. AGIRIEN AURKEZPENA ETA IRTEERA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOAN


  IV. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOAN AGIRI ELEKTRONIKOAK ARTXIBATZEA, ZAINTZEA ETA ESKURATZEA


Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea inflexio gunea eta jauzi kualitatiboa izan da, administrazio modernoa eta teknologikoki aurreratua lortzeko eskakizunari dagokionez. Gure gaurko gizartearen ezaugarri den komunikazio elektronikoen iraultza dela-eta, administrazio publikoen ekintza positiboak behar dira, herritarrekiko harremanak teknologia berrietan oinarritu daitezen.

Teknologia berriek, administrazio publikoetan herritarrekiko harremanetarako erabiltzen direnean, zerbitzuen eta barne kudeaketaren gardentasuna, eraginkortasuna eta kalitatea handitzen laguntzen dute. 11/2007 Foru Legeak apustu egiten du administrazio elektronikoa, hots, administrazio osoa eta bi norabidekoa, behin betikoz eta toki guztietan ezartzearen alde. Ezarpen horrek progresiboa eta mailakatua izan behar du, Administrazioaren errealitateari eta ingurune teknologikoari egokitu behar zaio, eta Administrazioaren preskripzioak betetzea bermatuko duen esparru juridikoa eratu behar da.

Aipatu foru legearen II. kapituluan arautzen dira agiri ofizialen aurkezpena eta irteera eta erregistro orokor elektronikoaren sorrera; erregistro orokor elektroniko bat eta bakarra izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio osoarentzat eta haren erakunde publiko guztientzat, berariazko erregistro elektronikoak sortzeko aukera ukatu gabe. Bosgarren artikuluko 1. idatz-zatian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari hauxe agintzen zaio: "erregistro orokor elektroniko bat prestatuko du bitarteko telematikoekin igortzen diren eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioak jaso eta ateratzeko".

Foru dekretu honen xedea da legearen agindu hori betetzea, hau da, erregistro orokor elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua antolatzea, herritarrek beraren bitartez edozein eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazio aurkeztu ahal dezaten eta, halaber, bide horretatik agiri ofizialak atera ahal izan daitezen.

"Xedapen orokorrak" izenburupean, I. kapituluan foru dekretuaren xedea eta aplikazio eremua azaltzen dira. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa sortu eta arautzea da xedea, halaxe aurreikusten baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak. Halaber, arauak eta irizpideak ezartzen dira Administrazioari bide telematikotik idazkiak, eskabideak, kontsultak eta komunikazioak aurkezteko eta agiri ofizialak bide beretik ateratzeko. Aplikazio eremuak, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde publikoak biltzen ditu.

II. kapituluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa arautzen da. Batez ere, nola sortuko den, nola eta zertarako erabiliko den, eta zein ezaugarri nagusi izanen dituzten erregistro orokor elektronikoak berak eta euskarri izanen duen sistema informatikoak. Erregistro elektronikoa Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorrean sartuko da eta horren ardura duen departamentuari atxikiko zaio. Apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak dioen moduan, erregistro orokor elektronikoa bat eta bakarra izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio osoarentzat eta haren erakunde publiko guztientzat, eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen ataritik sartuko da bertara, horretarako jarriko den helbide elektronikoa erabiliz. Web atari horretan zehaztuko dira erabiltzaileak identifikatzeko sinadura elektronikoaren sistemak, bai eta agiriak aurkeztu nahi dituzten herritarrei eskatuko zaizkien baldintza teknikoak, formatua eta segurtasun baldintzak ere.

III. kapituluan baldintza orokorrak ezartzen dira erregistro orokor elektronikoan agiriak aurkezteko eta handik agiriak ateratzeko. Aipagarria da bitarteko horren erabilera borondatezkoa izanen dela, legeren batek besterik ezarri ezean; beraz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusten diren bideen ordez erabili ahal izanen da. Sistemak onartzen dituen sinadura elektroniko aurreratuak ezinbestez erabili beharko dira, arau orokor gisa, eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak aurkeztu ahal izateko. Sinadura elektronikoen inguruko informazioa eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian. Betiere, inoren izenean dihardutenek ordezkaritza frogatu beharko dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eskatzen den moduan.

Agiri bat erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkezteak ez du esan nahi agiri hori bideratzeko tramite guztiak elektronikoak izanen direnik. Hori horrela izateko, organo eskudunak behar bezala onetsia izan behar du prozedura elektronikoak, 11/2007 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritako eran.

Arauan zehatz azaltzen da erregistro orokor elektronikoaren sisteman zer nolako jarduketak egin behar diren agiri ofizialak jasotzeko eta ateratzeko. Halaber, agiriak bide horretatik aurkezteak sortuko dituen ondorio juridikoak zehazten dira, eta horretan ez dago alderik zuzenbidean onartzen diren gainerako bideekin.

Azkenik, IV. kapituluan azaltzen da nola artxibatu eta zaindu behar diren agiriak erregistro orokor elektronikoan, euskarriek eta informatika sistemek behar adinako segurtasun neurriak izan behar dituztela esaten da, eta agiri horiek eskuratzeko arauak ezartzen dira, gai berari buruzko beste arau batzuetan xedatutakoari men eginez.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko ekainaren hogeita hiruko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa sortu eta arautzea, Nafarroako Foru Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean agintzen den moduan.

2. Gainera, foru dekretu honetan arauak eta irizpideak ezarriko dira Administrazioari idazkiak, eskabideak, kontsultak eta komunikazioak bide telematikotik aurkezteko eta agiri ofizialak bide horretatik ateratzeko.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde publikoei aplikatuko zaie.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOA

3. artikulua . Sorrera, izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa eratuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorrean sartuko da eta egitura organikoan erregistro gaietako eskumenak dituen departamentuari atxikiko zaio.

2. Erregistro orokor elektronikoaren bitartez jaso ahal izanen dira bide telematikotik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo edo erakunde publikoei igortzen zaizkien eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak, eta agiri ofizialak ateratzeko ere erabili ahalko da, Nafarroako Foru Komunitatean administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta oinarrizko araudian ezarritako eran.

3. Erregistro orokor elektronikoa bat eta bakarra da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio osoarentzat eta haren erakunde publiko guztientzat. Hala ere, foru dekretu bidez, Nafarroako Gobernuak berariazko erregistro elektronikoen sorrera baimendu edo arautu ahal izanen du bidezko arrazoiak daudenean, esate baterako, gaiaren berezitasunagatik edo kudeatu beharreko agirien kopuru handiagatik.

4. artikulua . Sarbidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa guztien eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eta horretarako jartzen den helbide elektronikoan.

2. Helbide berean argitara emanen dira, beti eguneraturik, erabiltzaileak identifikatzeko onartzen diren sinadura elektronikoko sistemen zerrenda, agiriak aurkezteko formatuaren baldintzak eta segurtasun baldintzak.

3. Lege mailako arauren batek kontrakoa xedatu ezean, herritarrek borondatez eta doan erabiliko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa.

5. artikulua . Sistema informatikoaren ezaugarriak eta bermeak

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoari eusten dion sistema informatikoak informazioaren eskuragarritasuna, egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa bermatuko ditu eta erregistro publiko guztiei eskatzen zaizkien bermeak eta betekizunak beteko ditu.

2. Sistema horretan, gainera, erregistro-unitate telematikoen bitartez organo eskudunei tramitatzeko bidaltzen zaizkien idazki, eskabide eta komunikazioak edo haiek interesdunei bidaltzen dizkieten agiriak igortzeko orduan, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira inork ez dezan komunikazioa iatzeman eta aldatu, edo baimenik gabe tartean sartu, eta datu pertsonalak babesturik egon daitezen, Datu pertsonalen babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin bat.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoari eusten dion sistema informatikoaren eskuragarritasunaren, segurtasunaren eta mantentzearen arduraduna egitura organikoan sistema informatikoen gaineko eskumena duen departamentua izanen da.

6. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoak eginkizun hauek ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioko organoei eta haren erakunde autonomoei igorritako eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioak jasotzea eta horien sarrera erregistratzea.

b) Herritarrek aurkeztutako eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioak hartu izanaren agiriak luzatzea. Sistema informatikoak berak sortuko ditu agiri horiek modu automatikoan. Eskabideari erantsitako dokumentazioa hartu izana ere adieraziko du, osorik daudela eta atzera botako ez direla bermatuz.

c) Kasuan kasuko eskabide, idazki, kontsulta edo komunikazioaren xede den tramitea edo prozedura egin behar duen sistemari datuak igortzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde publikoetako organoen idazki eta komunikazioak interesdunei edo beste administrazio publiko batzuei bidaltzea eta irteerako erregistroa egitea.

e) Urte bakoitzeko eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazio elektronikoen sarrera eta irteera idazpenen artxibo elektronikoa mantendu eta zaintzea.

7. artikulua . Funtzionamendua.

1. Eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazio elektronikoak urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan aurkezten ahal dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artxibo orokor elektronikoan. Erregistro orokor elektronikoan Espainiako data eta ordu ofizialak erabiliko dira, Iberiar Penintsulakoak, hain zuzen ere.

2. Eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioen harrera etengabea izanen da, ez badago eteteko arrazoi justifikaturen bat, mantentze tekniko edo operatiboari lotua, eta etenaldiak behar-beharrezkoa den denbora iraunen du. Etenaren berri eman beharko zaie erregistro orokor elektronikoaren balizko erabiltzaileei ahalik eta aurrerapen handienaz.

3. Erregistro orokor elektronikoaren funtzionamenduaren etenaldia aurretik planifikatzen ez den kasuetan, ahal denean, erabiltzaileak egoera horren berri ematen dion mezua ikusiko du.

4. Eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioak erregistro orokor elektronikoan jaso direla adierazteko, sistemak, erantzun automatikoan edo beste edozein modutan, eskabidearen egiaztagiria emanen dio erabiltzaileari, erregistro zenbakiarekin, harrera egunarekin eta harrera orduarekin. Erabiltzaileak agiri hori inprimatu eta kopia elektronikoa gorde ahal izanen du. Eguna eta ordua adierazten duen zerbitzu elektroniko baten bidez frogatu ahal izanen da noiz sartu edo atera diren agiri elektronikoak erregistroan.

5. Interesdunak egiaztagiririk jasotzen ez badu, edo igorpenean akatsen bat gertatu dela dioen mezua jasotzen badu, haren eskabide, idazki edo komunikazioa erregistro orokor elektronikoan sartu gabe egonen da. Beraz, interesdunak geroago berriro saiatu edo beste bide batzuetatik aurkeztu beharko du agiria.

6. Erregistro orokor elektronikoaren bidez jasotzen edo bidaltzen diren eskabide, idazki eta komunikazio guztiak sartu edo irten diren ordena berean erregistratuko dira, eta organo edo erakunde eskudunei igorriko zaizkie hala behar denean, luzamendurik gabe eta bide elektronikoetatik. Idazpen guztiak kronologikoki ordenatuko dira.

7. Erregistro orokor elektronikoan agiri elektronikoen harrera edo igorpenen inguruan sortzen diren zalantzak eta desadostasunak kasuan kasuko agiri elektronikoa tramitatzeko eskumena duen organo, erakunde publiko edo entitateak ebatziko ditu.

8. artikulua . Epeak kontatzea.

1. Eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazio elektronikoak, foru dekretu honen 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan aurkezten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artxibo orokor elektronikoan, artikulu honen 3. idatz-zatian xedaturikoa galarazi gabe.

2. Erregistro orokor elektronikoan, besterik zehaztu ezean, gaueko hamaikak eta berrogeita hemeretzi minutu eta berrogeita hemeretzi segundora arte jasotako agiriak onartuko dira egunean aurkeztutzat, betiere egun balioduna denean.

3. Egun baliogabean sartzen diren agiriak hurrengo egun balioduneko lehenbiziko orduan sartu balira bezala hartuko dira. Sarrerako idazpenean benetako eguna eta ordua jarriko dira aurkezpen egun eta ordu gisa. Sarrerako egun eta ordu gisa, ordea, hurrengo egun balioduneko zero ordua eta segundo bat jarriko da, eta eguna eta ordua adierazten duen sistema elektronikoan hala ageriko da.

4. Erregistro orokor elektronikoan egun baliogabeak izanen dira Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez Nafarroako Foru Komunitate osorako ezartzen dituenak.

5. Egun baliodunetan edo egun naturaletan emandako epeak kontatzeko, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, kontuan hartuko da artikulu honetako 3. idatz-zatian adierazitakoa: egun baliogabean aurkezten den agiria hurrengo egun balioduneko lehenbiziko orduan aurkeztutzat joko da, non eta ez duen arauren batek berariaz baimena ematen agiriak egun baliogabeetan onartzeko.

III. KAPITULUA. AGIRIEN AURKEZPENA ETA IRTEERA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOAN

9. artikulua . Agiriak aurkezteko baldintza orokorrak.

1. Agiriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan aurkeztea borondatezkoa izanen da, lege mailako arauren batek besterik ezarri ezean; beraz, interesdunek erregistro orokor elektronikoa erabiliko dute, nahi izanez gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideen ordez.

2. Erregistro orokor elektronikoan eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioak aurkeztu ahal izateko, oro har, beharrezkoa izanen da eskatzailearen sinadura elektroniko aurreratua, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluetan xedaturikoa. Foru dekretu honen 4. artikuluko 2. idatz-zatian adierazten den moduan, onartzen diren sinadura elektronikoko sistema aurreratuen zerrenda emanen da eta horien ezaugarriak azalduko dira. Zerrenda horretan, gutxienez, erabiltzen diren identifikazio elementuei buruzko informazioa jarriko da, bai eta, kasua bada, onartzen diren ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta haiek luzatzen dituztenen izenak ere.

3. Pertsona fisikoek beti erabili ahal izanen dituzte nortasun agiri nazionalari erantsitako sinadura elektronikoko sistemak.

4. Idatz-zati hauetan adierazitakoa gorabehera, inoren izenean dihardutenek beren ordezkaritza frogatu beharko dute, aldez aurretik edo administrazio organoek eskatuz gero, horrela xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32. artikuluan.

10. artikulua . Sarrera erregistroa izanen duten agiriak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sarrera erregistroa eginen zaie administrazio titularreko organo edo erakunde publikoei igortzen zaizkien eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioei, behar bezala identifikaturik badaude igorlea, eskaeraren xedea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendaritza-zentro edo administrazio-unitate hartzailea eta administrazio prozedurari buruzko araudi aplikagarrian eskatzen diren gainerako datuak.

2. Eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioen aurkezpen elektronikoari dagokionez, euskarriko sistema elektronikoak interesdunei aurkezpen hori erraztuko die, eskaeraren eredu orokorra emanez, nahitaez bete behar diren eremuak adierazirik, edo, behar denean, berariazko eskaera-ereduak emanez, denak ere nahitaez erabili beharrekoak, sistemaren funtzionamendu egokia bermatzeko.

3. Norbaitek prozedura bat hasteko eskaera aurkezten badu erregistro orokor elektronikoan eta erregistroak eskaera onartzen badio, bai Administrazioak bai interesdunak administrazio prozedura hori bide elektronikoetatik egitea onartu beharko dute eta halaxe bideratu eta amaitu beharko dute, baldin eta hasitako prozeduraren tramitazio elektronikoa organo eskudunak onetsia bada Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritako eran.

4. Prozedura jakin batean eskabideak, idazkiak eta bestelako agiriak aurkezteko edota zenbait agiri ofizial ateratzeko erregistro orokor elektronikoa erabili ahal izateak ez du esan nahi jarduketa horiei dagozkien prozedurak onetsita daudenik eta oso-osorik bide elektronikoetatik tramitatzen ahal direnik.

11. artikulua . Agiriak eranstea.

1. Eredu edo inprimaki elektronikoei beste agiri batzuk erantsi ahalko zaizkie. Agiri horiek erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izateko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabiltzen dituen formatuekin bateragarriak diren formatuak erabili beharko dira.

2. Foru Komunitateko Administrazioak jaso duen dokumentu baten formatua aldatu ahalko du baliabide teknikoak erabiliz, hura irakurtzeko beharrezkotzat jotzen duenean, baina agiriaren funtsezko edukia aldatu gabe.

12. artikulua . Agiriak erregistro orokor elektronikoaren bidez jasotzea.

1. Bide elektronikotik aurkezten zaizkion eskabide, idazki, kontsulta edo komunikazioei dagokionez, erregistro orokor elektronikoak:

a) Aurkeztutako agiriak jasotakoan, horien osotasun eta benetakotasunari buruzko egiaztapenak eginen ditu, eta ezabatu ahalko ditu sistemaren segurtasuna arriskuan jar dezaketen dokumentuak. Halakoetan, dokumentua ez aurkeztutzat joko da eta igorlea identifikaturik egonez gero ahal den azkarren jakinaraziko zaio dokumentua ezabatu dela.

b) Agiri elektronikoa zein egunetan eta ordutan aurkeztu den frogatzeko bidea emanen du, eta hurrenkera zenbakia ezarriko die egiten den idazpenari eta, kasua bada, dokumentuak hasten duen administrazio prozedura elektronikoari, eskabidea edo errekurtsoa denean.

c) Hartu-agiri bat emanen du automatikoki, artikulu honetako 2. idatz-zatian azaltzen den edukiarekin.

d) Aurkeztutako dokumentazioaren kopia gordeko du, eta aurreko artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusten den ahalmenaz baliatu ahalko da.

2. Dokumentazioa aurkezten den saio berean sistemak hartu-agiria emanen du, gutxienez ere datu hauek izanen dituena:

a) Idazkiaren hartzailea.

b) Aurkezpen eguna eta ordua.

c) Zenbakia edo erregistro kodea.

d) Aplikazioak emandako inprimakian idatzi diren datuen hitzez hitzeko kopia, eta aurkezpen-inprimakiari erantsitako fitxategien zerrenda, fitxategi bakoitzaren hatz-markarekin. Dena delako informazioari algoritmo matematiko bat aplikatuz lortzen den laburpena da hatz-marka.

e) Interesdunentzako informazioa, emandako fitxategiak behar bezala erabili, balidatu eta mantendu ahal izateko. Informazio horren ordez, hura lortzeko helbide elektronikoa eman ahalko da.

13. artikulua . Agiriak erregistro orokor elektronikoan aurkeztearen ondorioak.

1. Eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazioak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan aurkezten direnean, ondorio juridikoak zuzenbidez onartzen diren gainerako bideetatik aurkezten direnean bezalakoak izanen dira.

2. Interesdunek erregistro orokor elektronikoan eskabideak eta gainerako agiriak aurkeztu izana frogatu ahal izanen dute erregistroak automatikoki emanen dien hartu-agiri elektronikoaren bidez, foru dekretu honen 6.b eta 12.2 artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hartu-agiri horretan agertuko da zein egunetan eta ordutan aurkeztu zaion dokumentazioa Administrazioari.

3. Erregistro orokor elektronikoak agiri bat jaso duela baieztatzeko emanen duen hartu-agiria paperean inprimatu edota euskarri informatikoan gorde ahal izanen da. Hartu-agiri hori paperean aurkeztu beharko da hala behar den prozedura administratibo edo judizial ohikoetan.

4. Nolanahi ere, dokumentuak bitarteko elektronikoekin aurkeztean gerta daitezkeen arriskuak igorleak hartu beharko ditu bere gain, eta Administrazioa ez da inongo inguruabarren erantzule izanen, ez badira haren zerbitzu publikoen funtzionamenduari egotzi ahal zaizkionak.

5. Interesdunak idazki edo eskabide bera erregistro orokor elektronikoan eta erregistro arrunt batean aurkezten badu, lehenbiziko sarrera zenbakia duena baizik ez da tramitatuko.

14. artikulua . Agiri ofizialen irteerak.

1. Egun baliogabeetan, erregistro orokor elektronikoak ez du idazkien eta komunikazioen irteerarik eginen ez eta haren idazpenik ere.

2. Beste organo batzuei edo partikularrei zuzendutako idazki, komunikazio eta bestelako dokumentu ofizialen irteerari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoak:

a) Idazkia edo komunikazioa igorri den egun eta ordu zehatzak frogatzeko bidea emanen du.

b) Administrazioko organo igorlea eta haren posta elektronikoko helbidea adieraziko ditu.

c) Zein pertsonari edo administrazio organori igortzen zaion eta haren posta elektronikoko helbidea adieraziko ditu.

d) Gaiaren laburpen motz bat adieraziko du.

e) Egiten den irteera-idazpenari hurrenkerako zenbaki bat ezarriko dio.

f) Igorritako idazki edo komunikazio ofizialaren kopia gordeko du besterik gabe.

IV. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ERREGISTRO OROKOR ELEKTRONIKOAN AGIRI ELEKTRONIKOAK ARTXIBATZEA, ZAINTZEA ETA ESKURATZEA

15. artikulua . Agiriak artxibatu eta zaintzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez jasotzen edo igortzen diren agiri elektronikoak euskarri eta sistema informatikoetan artxibatu eta zainduko dira.

2. Agiri elektronikoak gordetzeko erabiltzen diren euskarriak behar diren segurtasun neurrien pean egonen dira.

16. artikulua . Erregistro orokor elektronikoko agiri elektronikoak eskuratzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoak jasotako edo igorritako agiri elektronikoak eskuratzeari dagokionez, arau hauek beteko dira: abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalen babesari buruzkoa, eta hura garatzen duten xedapenak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa. Erregistro orokor elektronikoa abian jartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa, foru dekretu honen bidez sortutakoa, 2008ko uztailaren 15ean jarriko da abian, zero ordua eta segundo bat denean.

Bigarrena. Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistro telematikoa.

Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistro telematikoa, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren bidez arautua, erregistro elektroniko berariazkotzat joko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 5.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Arauak indargabetzea.

Foru dekretu honek ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indarrik gabe geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa. Betearazteko eta garatzeko ahalmena ematea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web