(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2008 FORU LEGEA, maiatzaren 30ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langile diplomadunen lanbide karreraren sistema ezarri, eta finantzabiderako kreditu gehikuntza onesten duena.

BON N.º 70 - 06/06/2008



ZIOEN AZALPENA

Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen baitu, 34. artikuluan ezartzen du zein diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erabiliko dituen formulak bere langileen barne-igoerarako, eta d) letran aipatzen du Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat igorriko duela Parlamentura lanbide karreran edo beste elementu batzuetan oinarritutako lansari-pizgarriak sortzeko.

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen eta azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legearen bidez, Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko osasun arloko langile fakultatiboentzako lanbide karreraren sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean. Lanbide karreraren sistema hori abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuaren bidez garatu zen.

Estatuan, berriz, Osasun arloko lanbideen antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak ezarri du osasun arloko profesionalen -unibertsitateko lizentziadunak nahiz diplomadunak- lanbide garapenerako sistema, hau da, osasun arloko profesional batek gai hauetan lortutako garapen-mailaren aitortza publiko, espres eta banakakoa: ezagupenak, laguntza, irakaskuntza eta ikerketa eginkizunetako esperientzia, bai eta zerbitzuak ematen dituzten erakundearen laguntza eta ikerketa helburuak betetzeari dagokiona ere.

Azaroaren 21eko 44/2003 Legeak bi aurreikuspen ditu lanbide garapenerako sistemaren ezarpenaren inguruan. Bata da osasun administrazioek zehaztuko dituztela lanbide garapenerako sistema aplikatzeko epeak eta aldiak, irizpide orokorra izanik ezarpenerako prozedurak legeak indarra hartu eta lau urteko epean abian egon beharko dutela. Bestea da lanbide garapeneko mailak aitortzeak lansarien egituran eta zenbatekoan ekar ditzakeen ondorioak dagokien sindikatuekin negoziatuko direla kasu bakoitzean, aplikatzekoak diren arauetan xedatutakoaren arabera.

Unibertsitate diplomadunak diren osasun arloko langileentzat lanbide karrera baten eredua ezartzea helburu orokor baten barruko neurria da: osasun laguntzaren hobekuntza lortzea, oinarrizko zenbait alderdiz baliatuz eta horiek garatuz, hala nola etengabeko prestakuntza kontuan hartzea kalitate teknikoa eta laguntzaren kalitatea hobetzen bakoitzak egindako ahaleginaren adierazgarri gisa, bideak irekitzea profesionalek osasun zerbitzuen zuzendaritzan eta kudeaketan parte-hartze handiagoa eta eraginkorragoa izan dezaten, motibazio eta pizgarriak sortzeko mekanismoak jartzea, aukera eman dezaten ahaleginak modu egokian bideratzeko eta laguntzari dagokionez lortutako emaitzen aitortza egiteko.

Alderdi horiek garatzeko bideak dira profesionalei beraiei protagonismoa ematea lanbide karreraren eredua aplikatzea eta geroko garapena gauzatzea, eta sistema arautuak definitzea lanbide jarduera ebaluatzeko, aitortzeko eta saritzeko.

Osasun arloko langile diplomadunentzat lanbide karreraren sistema bat ezartzean aintzat hartu behar dira nahitaez, lansarietako ondorioei dagokienez, egun lansarien sistema osatzen duten kontzeptuak, zeinak ez baitira bat heldu gainerako osasun administrazioetan osasun arloko langile diplomadunentzat finkatutakoekin, Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publikoaren arloan dituen eskumen historikoak direla eta. Ildo horretan, aintzat hartu behar da, nagusiki, graduari dagokion lansaria, Foru Komunitatean indarra duen araudian funtzionarioen karrera administratiboarekin lotutako kontzeptua baita, sistema gaur egun aldi baterako etenda badago ere.

Foru araudiak berezkoak dituen alderdiez gain, gainerako osasun administrazioetan osasun arloko langile diplomadunen lansari-maila orokorrari begiratuta, Nafarroako Foru Komunitatean langile horientzako lanbide karreraren sistema bat ezartzeak, beste administrazioetan ezarritakoaren antzekoa, bere lansari-sistema gaur egun osatzen duten kontzeptuak aldatu eta egokitu beharra eraginen du. Hori gertatu bitartean, sistemaren aplikazio iragankorra ezarri beharra dago, Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko gainerako langileekin ez ezik gainerako osasun administrazioetako osasun arloko diplomadunak diren langileekin ere dagoen oreka hautsiko ez duten zenbatekoekin.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langile finko diplomadunei aplikatu beharreko lanbide karreraren sistema ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

1. Foru lege honen bidez arauturiko lanbide karreraren sistema Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostu bat jabetzan duten langileei aplikatuko zaie, betiere zerbitzu horri atxikitako langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinean aipatzen den osasun arloko diplomadunen estamentuan sartutako espezialitateetarako izendatuak badira.

2. Foru lege hau ez zaie aplikatuko kupoko eta eskualdeko langileei, ez eta udaletako osasun funtzionarioei ere, Foru Komunitateko administraziora toki osasunaren zerbitzuko funtzionario gisa eskualdatuta ez badaude.

3. artikulua. Definizioa.

Lanbide karrera langileen motibaziorako eta osasun zerbitzuen hobekuntzarako lanabes bat da, eta profesionalek banaka aurrera egiteko duten eskubidearen adierazgarri, lanbidean izandako garapena aitortzen dielako, ezagupenei, laguntza, irakaskuntza eta ikerketa eginkizunetako esperientziari, eta zerbitzuak ematen dituzten erakundearen helburuak betetzeari dagokienez.

4. artikulua. Lanbide karreraren mailak.

1. Foru lege honen aplikazio esparruko langileen lanbide karreraren sistema lau ordainsari-mailatan ezartzen da.

2. Lanbide karrerako mailetan gora egiteko, profesionalak frogatu beharko ditu iraunaldiko urteei, lanbide jarduerari eta laguntza arloko jarduerei eta hobekuntza eta gaurkotze profesionalekoei dagozkien merezimenduak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karreraren sistema arautzen duen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean ezarritako moduan.

3. Mailaz igotzeko bete beharrekoak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karreraren sistema arautzen duen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean eta hura erregelamenduz garatzeko arauetan ezarritakoak izanen dira, foru lege honetan eta, halakorik bada, erregelamenduzko garapenerako arauetan ezarritako berezitasunekin.

5. artikulua. Lanbide karreraren ordainsariak.

1. Foru lege honetan arautzen den lanbide karrera berariazko osagarri bat emanez ordainduko da. Osagarri hori ordainsari osagarritzat joko da, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 6. artikuluaren ondorioetarako. Foru lege horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikiriko langileen berariazko araubidea arautzen du.

2. Lanbide karrerako osagarria hamalau hilekotan pagatuko da; horietako hamabi arruntak izanen dira, eta bi, apartekoak.

6. artikulua. Ebaluazio sistema.

1. Osasun arloko profesional diplomadun bakoitzaren laguntza-jardueraren ebaluazioa, helburu eta emaitzen gainekoa, urtero eginen da, aurreko ekitaldiari dagokionez.

2. Zuzendaritza eta kudeaketa, prestakuntza eta garapen teknikoko jardueren ebaluazioa, berriz, interesdunak eskatuta eginen da eta betiere maila aldatzeko gainerako baldintzak betetzen baditu.

3. Ebaluazio prozedura Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karreraren sistema arautzen duen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean eta hura erregelamenduz garatzeko arauetan ezarritakoa izanen da, foru lege honetan eta, halakorik bada, erregelamenduzko garapenerako arauetan ezarritako berezitasunekin.

7. artikulua. Ebaluazio batzordeak.

1. Erregelamendu bidez ezarriko dira beharrezkoak diren ebaluazio batzordeak, langileak atxikitzeko esparru funtzionalen arabera.

2. Ebaluazio Batzordeak paritarioak izanen dira eta zortzi kidez osatuak; kideetako lau Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatuko ditu eta beste lauak esparru bakoitzeko osasun arloko diplomadunen artean izendatuko dira, erregelamenduz ezarritako arauekin bat.

3. Foru lege honetan eta hura erregelamenduz garatzeko arauetan aurreikusi gabe dagoen guztian, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karreraren sistema arautzen duen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legea erregelamenduz garatzeko araudian ezarritakoak arautuko ditu ebaluazio batzordeak.

8. artikulua. Akreditatzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, kasuan kasuko ebaluazio batzordeak eskaturik, osasun arloko diplomadun bakoitzak lanbide karreran lortutako mailaren akreditatze formala eginen du.

9. artikulua. Finantzabidea.

1. 3.100.000 euroko kreditu gehikuntza eman da, Nafarroako 2008ko aurrekontu orokorretako "Erizaintzako lanbide karrera" izeneko 540000-52000-1239-311102 kontusailari egotziko zaiona.

2. Kreditu gehikuntza hori aurrekontu indarduneko "Aurreko ekitaldietako superabitaren erabilera" izeneko 112000-11400-8700-000000 kontusailean izandako dirusarrera gehigarrien kargura finantzatuko da.

3. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 44. artikuluko 3. idatz-zatiarekin bat, foru lege honetan onetsitako osagarria aplikatzeko beharrezkoak diren aurrekontu mugimenduak ez dira aurrekontu aldaketatzat hartuko.

Lehenbiziko xedapen gehigarria .Lanbide karrerako osagarriaren zenbatekoak.

1. Osasun arloko diplomadunak diren langileen lanbide karrerako osagarriak zenbateko hauek izanen ditu urtean:

-I. maila: 1.800 euro.

-II. maila: 3.600 euro.

-III. maila: 5.400 euro.

-IV. maila: 7.200 euro.

2. Aurreko atalean aipatutako zenbatekoak urtero eguneratuko dira, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lansarietarako ezartzen diren igoera portzentajean oinarrituta.

Bigarren xedapen gehigarria .Aldi baterako emandako zerbitzuak.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera bere aplikazio esparruko zentro eta zerbitzuetan aldi baterako kontratuaren bidez emandako zerbitzuak foru lege hau erregelamenduz garatzeko araudietan finkatzen diren arauei jarraikiz ebaluatuko dira edo, halakorik ezean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karreraren sistema arautzen duen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legea erregelamenduz garatzeko araudian ezarritako arauei jarraikiz.

Hirugarren xedapen gehigarria .Egoera bereziak.

1. Foru lege honetan araututako lanbide karreraren sistema bere aplikazio esparruko langileei aplikatuko zaie Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza, zuzendariordetza, burutza postuetan edo zuzendaritza arloko beste edozein ardura kargutan ari diren bitartean. Kasu horretan, eta foru lege honek erregulamenduzko garapenik ez duen guztian, aplikatzekoak izanen dira apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen erregelamenduzko garapenerako araudian ezarritako ebaluazio arauak.

2. Foru lege honetan araututako lanbide karreraren sistema bere aplikazio esparruko langileei aplikatuko zaie langileen ordezkaritza organoetako kide diren bitartean, legez ezarritako ordu kredituaz lanaldi osoan baliatzen direnean. Kasu horretan, mailaz igotzeko, iraunaldiak betetzeaz gain, prestakuntza, ikerketa eta garapen teknikoko jarduerei buruzko baremoko ataleko betebeharrak baizik ez zaizkio eskatu eta ebaluatuko, foru lege honen erregelamenduzko garapenik ez duen guztian, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen erregelamenduzko garapenerako araudian ezarritako arauekin bat.

Laugarren xedapen gehigarria .Langile fakultatiboen lanbide karrerako mailak parekatzea.

Foru lege honek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboen lanbide karreraren sistema arautzen duen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aurreikuspenetara bidaltzen duenean, lanbide karreraren mailen baldintzei eta ezaugarriei dagokienez, foru lege honetan araututako lanbide karrerako I. maila fakultatiboen lanbide karrerako II. mailaren parekoa dela ulertuko da, eta hortik aurrerakoak modu berean.

Bosgarren xedapen gehigarria .Lanbide karrerako maila aitortua Osasun Sistema Nazionaletik etorritako langileei aplikatzea.

Osasun Sistema Nazionaletik etorritako langileei lanbide karrerako osagarria jasotzeko eskubidea aitortzen zaie, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan zerbitzuak ematen dituzten bitartean, foru lege honetan ezarritako zenbatekoan. Era berean, mailaz igotzeko baldintzak foru lege honetan ezarritakoak izanen dira.

Seigarren xedapen gehigarria .Foru lege honen aplikazioa Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadunei.

Foru lege honetan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langile diplomadunentzat ezarritako lanbide karreraren sistema aplikatzekoa izanen zaie, halaber, Osasun Departamentuko eta hari atxikitako erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadunei.

Lehenbiziko xedapen iragankorra .Osasun arloko langile diplomadunei lanbide karrerako hasierako maila ematea.

1. Osasun arloko langile finko diplomadunei dagokien hasierako maila emateko, Europar Batasuneko kide diren estatuetako sistema publikoetan jabetzako lanpostuan emandako zerbitzu urteak kontuan hartuko dira, izendapena foru lege honen 2. artikuluan aipatuetakoa baldin bada. Eskala honi jarraituko zaio:

a) I. maila emanen zaie 5 urte zerbitzuan egin badituzte.

b) II. maila emanen zaie 14 urte zerbitzuan egin badituzte.

c) III. maila emanen zaie 22 urte zerbitzuan egin badituzte.

d) IV. maila emanen zaie 29 urte zerbitzuan egin badituzte.

2. Jabetzako lanpostu batean zerbitzuan emaniko urteak hasierako maila emateko behar direnak baino gehiago izanez gero, kontuan hartuko dira etorkizunean, foru lege honetan ezarritako prozedurari jarraikiz mailaz igotzeko.

Bigarren xedapen iragankorra .Kupoko eta eskualdeko langileak sartzea.

Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako edo laguntza espezializatuko zerbitzu hierarkizatuetako lanpostuak lortzen dituzten kupoko eta eskualdeko langileei, horietan lanaldi orokorra egiten badute, lanbide karrerako dagokien maila emanen zaie, osasun sistema publikoetan jabetzan emandako zerbitzu urteak kontuan hartuta, baldin eta foru lege honen 2. artikuluan adierazitako izendapenetako batekin eman badira zerbitzuok, lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarririko eskalaren arabera.

Hirugarren xedapen iragankorra .Lanbide karrerako osagarriaren zenbatekoen izaera iragankorra ezartzea.

Lanbide karrerako osagarriaren zenbatekoak, foru lege honen lehen xedapen gehigarrian osasun arloko langile diplomadunentzat ezarri direnak, izaera iragankorrarekin aplikatuko dira, egun indarra duten lansari kontzeptuen zenbatekoak, foru lege honetan araututako lanbide karrerako sistemara egokitzeko, ondorio guztiekin aldatu bitartean.

Laugarren xedapen iragankorra .Foru lege honetan osasun arloko langile diplomadunentzat arautu den lanbide karrerako sistema pixkanaka ezartzea.

Osasun arloko langile finko diplomadunentzat foru lege honetan ezarri den lanbide karreraren sistema pixkanaka ezartzen joanen da hiru urtetan, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hori dela eta, foru lege honen lehendabiziko xedapen gehigarrian lanbide karrerako osagarrirako finkatutako zenbatekoen portzentaje hauek eginen ditu osagarriak urtez urte:

-2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, 100eko 40.

-2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, 100eko 70.

-2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, 100eko 100.

Azken xedapenetako lehenbizikoa .Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Azken xedapenetako bigarrena.-Foru lege hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0808614

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web