(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2008 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 10EKOA, NAFARROAKO BABES ZIBILERAKO BATZORDEA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 41 - 31/03/2008



Atariko

Uztailaren 4ko 131/1994 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea sortu zen eta haren osaera eta eginkizunak arautu ziren.

Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeak, Foru Komunitateak arlo horietan dituen eskumenak garatzen dituenak, 29. artikuluan jasotzen du Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea, Nafarroak berezkoa duen arau-antolamenduan sartuta, Administrazio Publikoen koordinazio eta lankidetza organo izaera ematen dio eta, azkenik, dagozkion eginkizunak ezartzen ditu. Nafarroako Babes Zibilerako Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez eginen dela dio legeak, baina batzordean, Estatuko administrazio orokorraren, Foru Komunitateko administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen ordezkariak izanen direla ezartzen du.

Foru dekretu honek Foru dekretu honek legezko betebehar hori betearazten du, batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen baititu, bere eginkizunak betetzeko prestaziorik onenak lor ditzan.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2008ko martxoaren 10ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Babes Zibilerako Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua . Izaera juridikoa.

Nafarroako Babes Zibileko Batzordea kontsulta eta partaidetza organoa da, Babes Zibileko sistema publikoaren barrukoa, kide anitzeko funtzionamendu araubidea duena, Administrazio Publikoek babes zibilaren arloko koordinazio eta lankidetza ekintzak egin ahal ditzaten, Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 29. artikuluan aurreikusitako moduan.

3. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Babes Zibileko Batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Babes zibileko jarduerak koordinatzen parte hartzea.

b) Nafarroako babes zibileko lurralde planari buruz, Babes Zibilerako Batzorde Nazionalean homologatu beharreko plan bereziei buruz eta plan berariazkoei buruz txostena egitea.

c) Babes zibileko udal eta udalez gaindiko lurralde planak homologatzea.

d) Babes zibilaren arloko arautegien proiektuei buruz txostena egitea.

e) Organo eskudunei babes zibilaren gaineko xedapen eta planak berrikus daitezela proposatzea.

f) Arrisku egoerak edo hondamendi publikoak saihesteko prebentzio neurriak aztertzea eta organo eskudunei proposatzea.

g) Babes zibileko planen funtzionamendua berrikustea, gorabehera aipagarri bat gertatzen den bakoitzean.

h) Babes zibileko planen organo betearazleei mota guztietako laguntza ematea.

i) Indarreko legediak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

4. artikulua . Osaera.

Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Batzordeko buru arituko dena.

2. Barne zuzendari nagusia, Batzordeko buruorde arituko dena.

3. Kideak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak:

a. 1) Honako departamentu hauetako ordezkari bana, zuzendari nagusien artean izendatuak batzordearen jarduerari dagozkion gaiekin duten lotura kontuan hartuta: Toki Administrazioa; Landa Garapena eta Ingurumena; Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendua; Osasuna; Herri Lan, Garraio eta Komunikazioak; Berrikuntza, Enpresa eta Enplegua.

a. 2) Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea.

a. 3) Foruzaingoaren burua.

b) Nafarroako toki entitateen ordezkariak:

b. 1) Iruñeko alkatea.

b. 2) Nafarroako toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak.

c) Estatuko Administrazioaren ordezkari gisa, batzordeko eskubide osoko kide izateko gonbita helaraziko zaie honakoei:

c. 1) Gobernuak Foru Komunitatean duen Ordezkaritzako Babes Zibileko Unitateko burua.

c. 2) Iruñeko Poliziaren goi burua.

c. 3) Nafarroako Guardia Zibilaren goi koronela.

4. Aurreko zenbakiko a), b) eta c) letretan aipatutako kideek, Batzordeko bileretara joaterik ez badute, haien ordez arituko den pertsona bat izendatu ahalko dute.

5. Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko titularra idazkari lanetan arituko da hizpidearekin baina botorik gabe.

Idazkari postua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta justifikatutako gainerako kasuetan, idazkariaren ordez Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea arituko da.

6. Batzordeko bileretara teknikariak edo aholkulariak ere joan ahalko dira, kideek proposatuta, baina betiere hizpidearekin baina botorik gabe.

5. artikulua . Antolaketa.

Hauxe izango da Nafarroako Babes Zibilerako Natzordearen:

a) Osoko Bilkura.

b) Batzorde teknikoak.

c) Batzordeko burua.

d) Batzordeko buruordea:

e) Idazkaria.

6. artikulua . Osoko Bilkura.

1. Osoko Bilkura batzordearen borondatea eratzeko organo gorena da. Batzordeko kide guztiek osatuko dute.

2. Ondokoak dira osoko bilkuraren eginkizunak:

a) Batzordeak bere duen irizpide, jarrera edo borondatea adieraztea.

b) Halakorik bada, batzorde teknikoen osaera eta eginkizunak finkatzea.

c) Batzorde teknikoek egindako azterlanak, txostenak edo ebazpenak onestea.

d) Urtero jardueren memoria onestea.

7. artikulua . Kideak.

Batzordeko kideek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

b) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Batzordean Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langile edo agintari gisa aritzen diren kideek ezin izanen dute bozketetan abstentzioa egin.

c) Galderak eta eskaerak egitea.

d) Esleituak dituzten eginkizunak betetzeko behar den informazioa lortzea.

e) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

8. artikulua . Batzorde teknikoak.

1. Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak batzorde teknikoak eratu ahal izanen ditu bere kideekin; batzorde horien osaera, burutza eta eginkizunak Osoko Bilkurak erabakiko ditu, eta beti bermatuko da haietako bakoitzean gutxienez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari bat egotea.

2. Batzorde teknikoek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Osoko Bilkurari onesteko aurkeztu beharreko azterlanak, txostenak eta ebazpenak prestatzea.

b) Osoko Bilkurari proposamenak egitea.

c) Osoko Bilkurak bere esku uzten dituenak.

3. Batzorde teknikoek lantaldeak eratu ahal izanen dituzte, administrazio publikoetako teknikarien eta sektore pribatukoen partaidetzarekin, kasuan kasuko batzordeak esleituta dituen gaien arloan lan egiteko.

9. artikulua . Batzordeko burua.

Batzordeko buruaren eginkizunak hauek dira:

a) Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Ohiko eta ohiz kanpoko bilkuretarako dei egitea eta eguneko gai zerrenda ezartzea.

c) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

d) Legeak bete daitezen ziurtatzea.

e) Batzordearen aktak eta ziurtapenak ikus-onestea.

f) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

g) Batzordeko buru karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.

10. artikulua . Batzordeko buruordea.

Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeko buruaren postua hutsik badago, ez badago edo eri bada, buruordea arituko da haren ordez.

11. artikulua . Idazkaria.

Idazkariaren eginkizunak hauek dira:

a) Bileretan parte hartzea, hizpidearekin eta botorik gabe.

b) Batzordearen bilkuretarako dei egitea, buruak hala aginduta, eta kideentzako hitzorduak egitea.

c) Batzordeko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

d) Bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Batzordeko buruari bilkuretan laguntza eman, eta batzordearen ardura diren aferei buruzko Zuzenbidezko txostenak egitea, bere ekimenez nahiz batzordeburuak eskaturik

g) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua . Funtzionamendu araubidea.

1. Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak Osoko Bilkura eginen du, buruak deialdia egin ondoren, urtean behin gutxienez ohiko bilkuran, eta ohiz kanpokoan buruak horretarako deialdia egiten duen guztietan, bere ekimenez edo kideek erdiek eskatuta.

2. Deialdiak idazkariak bidaliko ditu, batzordeburuaren aginduei jarraikiz, idatziz eta gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago, eta haiekin batera eguneko gai-zerrenda eta erabakiak hartzeko bidezkotzat jotzen den dokumentazioa emanen da.

3. Batzordea lehenbiziko deialdian modu baliozkoan eratuko da eta, hortaz, erabakiak hartu ahal izanen ditu, batzordeko burua eta idazkaria edo, hala behar izanez gero, haien ordezkoak, eta gutxienez kideen erdia bertan badaude.

Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdira eginen da besterik gabe, eta horretan erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoa izanen da gutxienez batzordeko burua eta idazkaria edo, bidezko bada, haien ordezkoak, eta batzordeko kideen heren bat egotea.

4. Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, batzordeko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

5. Batzorde teknikoak behar den guztietan bilduko dira, kasuan kasuko batzordeko buruak edo haren ordezkoa den kideak deituta.

6. Foru dekretu honetan aurreikusita ez dagoen guztian honako hauek izanen dira aplikatzekoak: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, kide anitzeko organoen antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez.

13. artikulua . Aktak.

1. Idazkariak batzordearen bilkura bakoitzaren akta eginen du, eta bertan azalduko nor bertaratu den, zer gai jorratu diren eta zer erabaki hartu diren.

2. Batzordeko kideren batek eskatuz gero, aktan, halaber, hartu den erabakiaren kontrako botoa edo abstentzioa ere jasoko da, eta bai haren arrazoia edo aldeko boto baten azalpena ere.

3. Edozein kidek zilegi izanen du, halaber, bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo organoko buruak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da

4. Gehiengoaren erabakiarekin bat etortzen ez diren kideek zilegi izanen dute boto partikularrak egitea idatziz, batzordeko buruak ezartzen duen epearen barrenean. Boto partikularra onartutako testuan jasoko da.

5. Aktak bilkura berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, baina zilegi izanen da idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe.

14. artikulua . Urteko memoria.

Batzordeak urtean egindako jarduerei buruzko memoria bat prestatuko du. Batzordeak memoria onetsi eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio batzordeko buruaren bitartez.

Xedapen gehigarri bakarra. Nafarroako Babes Zibilerako Batzordearen eraketa.

Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea foru dekretu honek indarra hartu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko gehieneko epean eratu beharko da; epe horretan, Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak dagozkien kideak izendatu beharko dituzte.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indarrik gabe gelditu da Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea sortu eta arautu zuen uztailaren 4ko 131/1994 Foru Dekretua, bai eta foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dion maila bereko edo beheragoko xedapen oro ere.

Azken xedapenetan lehena. Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web