(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

59/2005 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 14KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO LANPOSTUAK BETETZEKO ERREGELAMENDUA, AZAROAREN 6KO 215/1985 FORU DEKRETUAK ONETSIA, ALDATZEN DUENA.

BON N.º 39 - 01/04/2005



Atariko

2004ko ekainaren 30ean Administrazioak eta CCOO, UGT eta AFAPNA sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2004 eta 2005erako lan baldintzei buruz sinatutako Akordioan zenbait aurreikuspen sartzen dira, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen araubide juridikoaren aldaketa dakartenak. Horien ondorioz, besteak beste, abenduaren 3ko 16/2004 Foru Legea onetsi zen, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzkoa.

Foru Lege horren I. kapituluak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina aldatzen du eta, beste kontu batzuen artean, langileen atxikipenaren esparru organikoa arautzeko aurreikuspen bat dauka, geroago erregelamendu bidez zehaztekoa. Zehaztapena foru dekretu honen bidez egiten da, Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua aldatzen baitu eta zehazten baitu, Nafarroako Foru Komunitatean eta haren erakunde autonomoetan lehen aipatutako atxikipenaren esparru organikoa, oro har, langileak diharduen Zuzendaritza Nagusia edo erakunde autonomoa dela.

Lekualdatze-lehiaketa ere arautzen da, hori baita lanpostuz mugitzeko borondatezko prozedura, dela langileak atxikita dauden esparru organiko desberdinen artean, dela esparru berean, dela udalerri edo lantegi desberdinetan kokatutako lanpostuen artean edo lanaldi arrunt edo osoko lanpostuen eta lanaldi partzialekoen artean. Bestalde, organo eskudunaren ebazpen arrazoitua beharko da, kasu horietan, nahitaezko lekualdaketa horretarako.

Legezko aldaketa horrekin batera, arauak ematen dira, titularrek egiaz bete ezagatik hutsik ez dauden lanpostuak behin-behineko destinoa duten funtzionarioek bete ahal izateko.

Funtzionarioen artean izendapen libreko lanpostuetan jarduteko araubideak lanpostu horien banakotasuna hartu nahi du aintzat, bikoiztasun ez egiazko baizik formalari ihes egiteko, orain arte bikoizturik ageri baitziren plantilla organikoan. Ildo beretik, aurreikusten da langileak diharduenean funtzionarioen artean izendapen librez jarduteko zuzendaritza-lanpostu batean edo unitate organiko baten burutza edo zuzendaritza batean, eta lekualdatze lehiaketaz edo kategoriaz igotzeko lehiaketaz esleituriko lanpostu batez jabetu bada, berehala utzi beharko diola zerbitzu zuzendari izateari edo atal nahiz bulegoburu edo horiei parekatutako unitateko buru izateari.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako esparruko funtzionarioen artean izendapen librez jarduteko zuzendaritza-lanpostu, burutza edo unitate organikoen zuzendaritzetarako izendatutako funtzionarioen kargu-uzteak arautzen dira; oro har bakoitzaren mailako eta izendapeneko eginkizunetara itzultzea aurreikusten da, kargua hartu baino lehen atxikita zeuden esparru organikora, alegia.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko martxoaren hamalauan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 3. artikuluaren aldaketa.

Lerroalde berri bat sartzen da azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean, honela idatzirik:

"Halaber, merezimendu lehiaketaz edo behin-behineko esleipenez bete daitezke hutsik ez egon arren titularrek egiaz betetzen ez dituzten lanpostuak. Bi kasuetan, esleitutako destinoa behin-behinekoa izanen da."

2. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 3. bis artikulua gehitzen da.

Erregelamendu horretan 3. bis artikulua gehitzen da, honela idatzirik:

"3. artikulua bis:

Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioak esparru organiko jakin bati atxikiak izanen dira, hain zuzen ere, langileak diharduen Zuzendaritza Nagusia edo erakunde autonomoa, oro har. Zuzendaritza Nagusietan kokatuak ez diren unitate organikoetan, funtzionarioen atxikipen-esparrua beheko mailako unitate bera izanen da.

3. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 4. artikuluaren aldaketa.

Erregelamenduan 5. atal bat gehitzen zaio 4. artikuluari, honela idatzirik:

"5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan, zerbitzuaren beharrek komeni dela erakusten badute eta organo eskudunak aldez aurretik arrazoiturik, zilegi da funtzionarioek diharduten lanpostuaren izaera bereko beste lanpostu batera lekualdaraztea, baldin eta beste atxikipen-esparru organiko, udalerri nahiz lantegi batean kokatua bada, betiere Erregelamendu honen 8. artikuluko 3. ataleko a), b) eta c) letretako borondatezko mugigarritasauneko kasuen arabera."

4. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 8. artikuluaren aldaketa.

Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 8. artikulua honela idatzirik geldituko da:

"8. artikulua:

1. Lekualdatze lehiaketaz beteko dira burutza edo unitate organiko baten zuzendaritza ez diren lanpostuak eta maila berean kategoriaz igotzea ez dakartenak, eta zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea Erregelamendu honetako 5. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten funtzionarioek, edozein delarik ere haien egoera administratiboa.

2. Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartzen badute eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte, bide horretatik sartuko dira berriro jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat esleituko zaie.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan, lekualdatze lehiaketa izanen da borondatezko mugigarritasunaren prozedura, honako kasuetan aplikatzeko:

a) Zuzendaritza nagusien artean, erakunde autonomoen artean edo zuzendaritza nagusi baten azpian kokatuak ez diren unitate organikoen artean.

b) Langileen atxikipen-esparru organiko bereko lanpostuen artean, foru dekretu honen 3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta udalerri desberdinetan kokaturik badaude.

c) Langileen atxikipen-esparru organiko beraren menpeko lantegien artean, baldin eta udalerri berean kokaturik badaude. Zentrotzat hartzen dira, kasu horretan, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko laguntza zentroak, Hezkuntza Departamentuko ikastetxeak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko eskualdeetako bulegoak ea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zentroak.

d) Ohiko lanaldi edo lanaldi osoko lanpostuen eta lanaldi partzialekoen artean."

5. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 19. artikuluaren aldaketa.

Erregelamendu horretan 19. artikuluari 5. atal berri bat gehitzen zaio, honela idatzirik:

"5. Burutza baten edo unitate organiko baten zuzendaritzaren funtzionario titularrak bere kargua uzten duenean, berehala itzuli beharko du bere maila eta izendapenari dagozkion eginkizunetara, kargua hartu baino lehen atxikita zegoen atxikipen-esparru berean betetzera. Itzultze horrek ezingo du ekarri berekin udalerri edo lantegi batetik beste batera joan beharra, Erregelamendu honen 8.3. artikuluko b) eta c) letretan adierazten diren kasuetan.

Salbuespenez, Burutza baten edo unitate organiko baten zuzendaritzaren titularrak hala eskatzen badu, zilegi da aurreko lerroaldean adierazten direnez bestelako atxikipen-esparru, udalerri edo lantegi batera joatea itzultzean, zerbitzuaren beharrek horretarako bide ematen badute."

6. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 44. artikuluaren aldaketa.

Erregelamenduko 44. artikulua honela geratzen da idatzirik:

"44. artikulua:

1. zendapen librez zuzendaritza-lanpostuetan jarduteko izendatutako funtzionarioak libreki kentzen ahal ditu beren kargutik izendatu dituen organo berak, eta kasu horretan zuzendaritza-lanpostuari dagozkion osagarriak jasotzeari utziko dio eta berehala itzuli beharko du kargua hartu baino lehen atxikita zegoen atxikipen-esparru berean bere maila eta izendapenari dagozkion eginkizunak betetzera. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoen esparruan, itzultze horrek ezingo du ekarri berekin udalerri edo lantegi batetik beste batera joan beharra, Erregelamendu honen 8.3. artikuluko b) eta c) letretan adierazten diren kasuetan.

2. Salbuespenez, izendapen libreko zuzendaritza-lanpostu bateko kargua uzten duen funtzionarioak hala eskatzen badu, zilegi da aurreko lerroaldean adierazten direnez bestelako atxikipen-esparru, udalerri edo lantegi batera joatea itzultzean, zerbitzuaren beharrek horretarako bide ematen badute."

3. Dagokion administrazio publikoan esparru organikoa zehazturik ez badago, kargua hartu aurretik zegoen lanpostura itzuliko da, funtzionarioa."

7. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 47. bis artikulua gehitzen da.

Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko 47. bis artikulua gehitzen da.

"47. bis artikulua:

1. Funtzionario batentzat gordeta dagoen lanpostu batean diharduten langileek behin-behineko destino bat izanen dute harik eta lanpostuak betetzeko ezarritako prozeduraren batean parte hartuz behin betiko lanpostu huts bat eskuratzen duten arte.

2. Lanpostu gordearen funtzionario titularra bertara itzultzen bada, behin-behineko destinoa duen langileari zuzenean eta behin-behinekoz beste lanpostu gorde edo huts bat esleituko zaio, bere maila eta izendapenekoa, ahal den heinean lehen atxikita zegoen esparru organiko, udalerri eta lantegian.

3. Behin-behinekoz lanpostu huts bati atxikiz gero, langilea behartuta dago lanpostuak betetzeko hurrengo merezimendu lehiaketetan parte hartzera, Erregelamendu honen 46. eta 47. aritkuluetan xedatutakoaren arabera."

8. artikulua . Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko lehen xedapen gehigarriaren aldaketa.

Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduko lehen xedapen gehigarria aldatzen da, eta xedapen gehigarri bakar bihurtuta, honela geldituko da idatzirik:

"Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek, zerbitzuko zuzendari, atalburu edo bulegoburuek edo aurrekoekin parekatutako unitateburuek parte har dezakete beren maila eta izendapeneko lanpostuetarako lekualdatze lehiaketetan eta mailaz igotzekoetan. Lekualdatze lehiaketaz edo kategoriaz igotzeko lehiaketaz esleituriko lanpostu batez jabetzeak berekin dakar zerbitzu zuzendari izateari edo atal nahiz bulegoburu edo horiei parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra."

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Plantilla organikoa eta langileen zerrenda

Foru dekretu honek indar hartzen duenetik, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoen Administrazioko plantilla organikoa eta langileen zerrenda argitaratzen denean, izendapen librez jarduteko zuzendaritza-lanpostu batean edo unitate organiko baten burutza edo zuzendaritza batean diharduten langileak benetan diharduten lanpostuan baizik ez dira agertuko.

Hori ez zaie aplikatuko ez Foruzaingoari, ez Hezkuntza Departamentuko irakasle ez-unibertsitarioei, eta ez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileei, gai honi dagokionez aplikagarri zaizkien lanpostuak betetzeko arau berariazkoetan xedatutakoari jarraituko baitiote.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, berariaz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde autonomoen langileen arteko mugigarritasunerako prozesua ezartzen duen abenduaren 29ko 388/1997 Foru Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena. Foru dekretua garatzeko eta gauzatzeko ahalmenematea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau betetzeko eta aurrera eramateko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indar hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web