(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/2004 FORU LEGEA, abenduaren 3koa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzkoa.

BON N.º 150 - 15/12/2004



  I. KAPITULUA. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginean sarturiko aldaketak


  II. KAPITULUA. OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuari atxikiriko langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean sarturiko aldaketak


  III. KAPITULUA. Langileen arloko beste arau batzuk


ZIOEN AZALPENA

2004 eta 2005. urteetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek izanen dituzten lan baldintzei buruz administrazioak eta sindikatuek 2004ko ekainaren 30ean sinatutako akordioarena bi parte horien arteko negoziazio prozesuaren emaitza izan da.

Akordio honek zenbait aldaketa egiten dizkio Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen araubide juridikoari. Aldaketa horiek eraginkortasunez aplikatze aldera, foru lege mailako arau bat onartu beharra dago honakook aldatzeko: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duena. Beharrezkoa da, bestetik, Hezkuntza Departamentuko zenbait irakasleren lansari osagarriak legez arautzea. Horren arabera, foru lege hau hiru kapitulutan egituratzen da, aipatutako hiru arauetako bat aldatzekoa bakoitza.

I. kapituluak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategina aldatzekoak, langileak atxikitzeko esparruaren arautzeari buruzko aurreikuspen bat sartu du, zeinean eginkizunen esleipena hertsiki lotua baitago langileen zuzendaritza-ahalmenak betetzearekin, nahiz eta ahalmen horiek geroagoko erregelamendu baten bidez zehaztuko diren.

Funtzionarioek izendapen libreko zuzendaritza-karguak betetzeko araubidea ere aldatu da, lanpostu horietako bakartzat har dadin, eta ez dadin gerta orain arte bezala, plantilla organikoan bikoizturik baitaude, formari dagokionez, ez halere errealitatean.

Funtzionarioei erreserbatutako zuzendaritza eta burutza karguak bakartzat hartzearekin bat, eta gaur egun aipatu zuzendaritza-postuetan aritzen diren funtzionarioen ordez aritzen direnen behin-behineko kontratu kopuru handia lanpostu finko bihurtzen joateko, asmoa dago gaur egun zerbitzuburu, atalburu eta bulegoburuek utzitako lanpostuetan ordezko gisa aritzeko daudenen behin-behineko kontratuak aldatzeko, eta behar horiek betetzeko sortzen diren lanpostu hutsak behin-behinekoz betetzeko aldatuko dira, ahalik lasterrena lan enplegu eskaintzan sartzeko.

Bide berean, aldatu egin da lege araubide indarduna, funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak behin-behineko destinoa duten funtzionarioek bete ahal izan ditzaten, betiere erregelamendu bidez erabakitzen diren baldintzei jarraikiz.

Beste alde batetik, arautu egin da lan araubideko lanaldi partzialeko lanpostuei aplikatzen zaien mugigarritasun araubidea, Akordioaren zehaztapenen arabera.

Barreneko igoerari dagokionez, bidea irekitzen da Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako zerbitzuei atxikitako justizia administrazioko langileek aukera izan dezaten Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko hautapen probetan igoera txanda murriztuan parte hartu ahal izateko.

II. kapituluak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen aldaketak arautzen ditu (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen zuen foru legea). Nabarmentzekoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak langileak hautatzeko duen prozedura berrikusiko dela. Osasun arloaz besteko estamentuetan sartzeko sistema orokorra oposizioa izanen da.

Bestetik, lan araubideko lanaldi partzialeko lanpostuen mugigarritasunerako baldintzak ere arautzen dira, administrazio erroaren esparrurako aipatutako modu berean.

Bestalde, osasun arloaz besteko estamentuetan sartzeko deialdiak batzeko aukera ematen da, Foru Komunitateko administrazioko eta haren erakunde autonomoen esparru guztirako.

III. kapituluak, azkenik, Hezkuntza Departamentuko zenbait irakasleren lansari osagarriak aldatzen ditu, 2004. eta 2005. urteetarako lan baldintzei buruzko Akordioan sarturiko igoerak jasoz.

I. KAPITULUA. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginean sarturiko aldaketak

1. artikulua. 31. artikuluaren aldaketak.

31. artikulua honela geldituko da idatzirik:

"31. artikulua.

1. Funtzionarioak esparru organiko jakin bati atxiki dakizkioke, eta esparru horretan beteko dituzte beren mailari eta izendapenari dagozkien eginkizunak.

Atxikipen-esparruak, beharrezkoa bada, erregelamenduz zehaztuko dira, dagokion administrazio publikoan ezarritako egituraren eta antolamendu-irizpideen arabera.

2. Dagokion administrazio publikoaren organo eskudunek esleituko dituzte lanpostuak."

2. artikulua. 33. artikuluaren aldaketak.

33. artikuluan beste idatz-zati bat sartuko da, 3.a; testu hau izanen du:

"3. Aurreko bi idatz-zatiek aipatutako lanpostu hutsez gainera, funtzionarioei erreserbatutako lanpostuak ere merezimendu lehiaketaren eta deialdiaren bidez bete litezke. Horrelako kasuetan, esleitzen den destinoa behin-behinekoa izanen da, erregelamenduz erabakitzen diren baldintzei jarraikiz, lanpostu huts batean behin betiko destinoa lortzen den arte."

3. artikulua. 34. artikuluaren aldaketak.

34. artikulua honela geldituko da idatzirik:

"34. artikulua.

1. Erregelamenduz erabakiko da zein diren funtzionarioen artean izendapen librearen bitartez erabakiko diren zuzendaritza-lanpostuak. Lanpostu horiek zuzen-zuzenean beteko ditu izendapena egin behar duen organoak, aldez aurretik deialdirik egin beharrik gabe.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen lanpostuak betetzeko izendatutako funtzionarioak kargutik ken litzake izendatu zituen organoak. Hala eginez gero, zuzendaritza-karguari dagozkion osagarriak jasotzetik gelditu, eta berehala jatorrian atxikita zeuden esparrura itzuliko dira, beren mailari eta izendapenari dagozkien eginkizunak betetzera.

Salbuespenez, izendapen libreko kargua utzitakoan funtzionarioak eskatuta, aurreko lerroaldean aipatutako esparrura ez baizik eta beste batera itzul liteke, betiere zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute.

3. Zehaztu gabe baldin badago administrazio publikoan zer atxikipen-esparru dagokion, jatorrian zuen lanpostura itzuliko da."

4. artikulua. 103. artikuluaren aldaketak.

103. artikuluan beste idatz-zati bat sartuko da, 3.a; testu hau izanen du:

"3. Artikulu honetako lehenbiziko idatz-zatian ezarritako osagarriez gainera, Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoari jarraikiz behin-behinekoz edo behin betikoz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanposturen bati atxikita dauden irakasleen kidegoko langileek osagarri berezi bat jaso lezakete. Osagarria zenbatekoa den foru lege bidez zehaztuko da."

5. artikulua. Hamargarren xedapen gehigarriaren aldaketa.

Hamargarren xedapen gehigarria honela idatzirik geldituko da hemendik aurrera:

"Hamargarrena.

1. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek lanbidean gora egin dezaten errazteko, ziurtatu eginen da langile horiek berdintasun-egoeran hartuko dutela parte Estatutu honetako 33. artikuluan aurreikusitako lanpostuak betetzeko lekualdatze lehiaketetan, beren araubide juridikoa zeinahi delarik ere, funtzionarioena, estatupeko langileena edo lan-kontratatuena. Nolanahi ere, lekualdatze lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridiko bera izaten segituko dute.

Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten lan-kontratatu finkoei. Langile horiek lanaldi osoko lanpostu bat hartzen dutenean pasatuko dira funtzionario izatera.

2. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoaren barnean daudenek zilegi dute merezimendu lehiaketa bidez lanaldi partzialeko lanpostu bat eskuratzea, eta kasu horretan borondatezko eszedentziako egoerara pasatuko dira funtzionario edo estatutupeko gisa, Estatutu honen 26.1.a) artikuluan araututako baldintzetan."

3. Ziurtatuko da, halaber, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek igoera txandan edo txanda murriztuan berdintasun-egoeran parte hartu ahal izatea, Estatutu honen 15. artikuluan aurreikusia baitago, beren araubide juridikoa zeinahi delarik ere, funtzionarioena, estatutupekoa langileena edo lan-kontratatuena, betiere aipatu lege aginduan eskatutako baldintzak betetzen badituzte."

6. artikulua. Hemezortzigarren xedapen iragankor berria.

Beste xedapen iragankor bat sartuko da, hemezortzigarrena; testu hau izanen du:

"Hemezortzigarrena.

Justizia administrazioaren zerbitzuei atxikitako langileek, Nafarroako Foru Komunitatera transferituak badira, aukera izanen dute Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko hauta-probetan funtzionarioen arteko txanda murriztuan parte hartzeko, Estatutu honen 15. artikuluko 1. idatz-zatitik 5.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera."

II. KAPITULUA. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikiriko langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean sarturiko aldaketak

7. artikulua. 31.2. artikuluaren aldaketak.

31. artikuluko 2. idatz-zatia honela geldituko da idatzirik:

"2. Eskuarki, oposizio-lehiaketa izanen da osasun-estamentuetan sartzeko hautapen-prozedura. Eraginkortasuna helburu, oposizio-lehiaketak dituen bi faseen ordena aldatzen ahal da.

Osasun-estamentuak ez direnetan sartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat modu orokorrean ezarritako araudia aplikatuko da."

8. artikulua. 35.1. artikuluaren aldaketak.

35. artikuluko 1. idatz-zatia honela geldituko da idatzirik:

"1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak betetzeko merezimendu lehiaketetan ziurtatuko da Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile guztiek berdintasunean parte hartzeko aukera izatea, baldin eta eskatutako beharkizun guztiak betetzen badituzte, beren araubide juridikoa zeinahi delarik ere, funtzionarioena, estatupeko langileena edo lan-kontratatuena. Nolanahi ere, aurretik zuten araubide juridiko bera izaten segituko dute. Hala ere, lanaldi partzialean diharduten eta lanaldi osoko lanpostu bat eskuratzen duten lan-kontratudunak funtzionario bihurtuko dira.

Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoaren barnean daudenek zilegi dute merezimendu lehiaketa bidez lanaldi partzialeko lanpostu bat eskuratzea, eta kasu horretan borondatezko eszedentziako egoerara pasatuko dira funtzionario edo estatutupeko gisa, Nafarroako administrazio publikoetako langileen Estatutuko 26. artikuluko 2. idatz-zatian araututako baldintzetan."

III. KAPITULUA. Langileen arloko beste arau batzuk

9. artikulua. Hezkuntza Departamentuko irakaskuntzan diharduten langile batzuen ordainsarien gehikuntza.

1. Jarraian ematen diren Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasleen ordainsariek zehazten den zenbatekoa adinako igoera izanen dute:

a) Katedradun maila ez duten langileen irakaskuntzako osagarri berariazkoa 100eko 2 igotzea, hots, bakoitzaren hasierako mailaren 100eko 27tik 100eko 29ra, kidego hauetan:

1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa eta parekatuak.

2. Musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoa eta parekatuak.

3. Arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoa eta parekatuak.

4. Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleen kidegoa eta parekatuak.

5. Bigarren Hezkuntzako erlijio irakasleak.

6. Orientatzaileak.

Igoera hori honela aplikatuko da: 2004. urtean 100eko 1 eta 2005. urtean beste 100eko 1.

b) Maisu-maistren kidegoko langileen eta parekatuen irakaskuntzako osagarri berariazkoa 100eko 3,5 igotzea, euren mailako hasierako soldataren 100eko 30etik 100eko 33,5era hain zuzen.

Igoera hori honela aplikatuko da: 2004. urtean 100eko 1,5 eta 2005. urtean beste 100eko 2.

c) Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta parekatuen irakaskuntzako osagarri berariazkoa 100eko 5,6 igotzea, euren mailako hasierako soldataren 100eko 35etik 100eko 40,6ra hain zuzen.

Igoera hori honela aplikatuko da: 2004. urtean 100eko 2,6 eta 2005. urtean beste 100eko 3.

d) Maisu-maistren kidegoko langileak, Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostuei behin-betikoz edo behin-behinekoz atxikiak badira, katedradun ez den bigarren hezkuntzako irakasle bati dagokiona jasoko dute irakaskuntzako gehigarri berariazko gisa.

2. Aurreko d) idatz-zatian adierazitako irakaskuntzako lansari osagarri berariazkoaz gain, maisu-maistren kidegoko langileek, baldin eta hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostu bati atxikita badaude, dela behin betikoz, dela behin-behinekoz, B mailari dagokion hasierako soldataren 100eko 5,45eko osagarri berariazkoa izanen dute.

Ordainsari osagarri berezi hori honela aplikatuko da: 2004. urtean 100eko 2,45 eta 2005. urtean beste 100eko 3.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Lanpostu hutsak sortzea

Foru lege honek indar hartu eta gero, eta zerbitzuen beharren arabera, Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan lanpostu hutsak sortuko dira; hain zuzen ere, burutzak edo funtzionarioen artean izendapen librearen bitartez erabakitako zuzendaritza-lanpostuak direla-eta orain indarrean diren aldi bateko kontratuei dagozkienak. Bien bitartean, aldi baterako lan-kontratudun langile horiek berek beteko dituzte sortzen diren lanpostu hutsak, eta kontratua aldatuko zaie horren arabera.

Era berean, aipatutako irizpide berak erabiliz sortuko dira lanpostu hutsak eta aldi baterako beteko, baldin eta zuzendaritza edo burutza lanpostuetan ari diren langileen ordezpena prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran dauden langile finkoen bidez egin bada.

Aurreko bi lerroaldeetan lanpostu hutsak sortu aurretik onetsitako deialdiei lanpostu horiek gehitzen ahal zaizkie, baldin eta gehitzen direnean haietarako hautapen-probak hasi gabeak baldin badira. Kasu horretan, eskabideak aurkezteko beste epe bat irekiko da.

Aurreko lerroaldeetan jasotako aurreikuspenetatik kanpo gelditzen dira Hezkuntza Departamentuko irakasleak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun zerbitzuko osasun-langileak. Osasun-estamentuetakoak izan gabe Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileei dagokienez, xedapen honetan jasotako aurreikuspenak aplikatzen ahal zaizkie, erregelamenduz finkatzen diren irizpideekin bat.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordezteko aldi baterako kontratuak bukatzea

Lanpostua erreserbatzeko eskubidea duen langile bat ordezteko egiten diren kontratuak bukatu eginen dira, horrelako kontratuentzat ezarritako arrazoi orokorrez gain, lanpostu horiek, merezimendu lehiaketaz edo deialdia baliatuz, behin-behineko destinoa duten funtzionarioek eskuratzen dituztenean.

Gauza bera gertatuko da ordezpena prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran den langileria finkoaren adierazpenaren bitartez egin denean.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile izateko deialdiak

Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 31.2 artikuluan xedatutakoa, foru lege honek emandako idazketan, foru lege hau onetsi ondoren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile izateko egiten diren deialdietan aplikatuko da, are deialdiok lege honek indarra hartu baino lehen onetsitako lan-eskaintza publikoetatik sortuak badira. Kasu horretan, harik eta erregelamendu mailako arauak egokitzen ez diren arte foru lege honek eragindako aldaketetara, osasun arloko estamentuak ez direnetan sartzeko deialdiek jarraitu beharko diote, onesteko eskumenari eta aplikatzekoak zaizkien arauei dagokienez, Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat modu orokorrean xedatutakoari.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Halaber, indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENENGOA

Araudiaren garapena

Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarrean sartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta, 9. artikuluarekin bat, 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2004ko abenduaren 3an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0418642

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web