185/2007 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 10EKOA, KRISIAN DAUDEN ENPRESAK SALBATU ETA BERREGITURATZEKO LAGUNTZEI BURUZKO EKAINAREN 22KO 3/2000 FORU LEGEA ARLO HORREN GAINEAN INDARRA DUTEN EUROPAR BATASUNEKO JARRAIBIDEETARA EGOKITZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA
BON N.º 119 - 24/09/2007
Krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legearen azken xedapenetariko lehenbizikoak esku ematen dio Nafarroako Gobernuari haren edukia krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideetan izan litezkeen aldaketetara egokitzeko.
Otsailaren 3ko 26/2003 Foru Dekretuaren bidez, aipatutako ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legea indarra duten Europar Batasuneko jarraibideetara egokitzeko arauak eman ziren.
2004ko urriaren 1ean, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibide berriak. Hortaz, foru dekretu bat onetsi behar da, ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legearen edukia aipatutako jarraibideetan jasotzen diren berrikuntzetara egokitzeko.
Foru dekretu honen proiektua Batzordeari jakinarazi zaio, Europar Batasuna osatu zuen Itunaren 88. artikulua aplikatuz, Kontseiluaren 1999ko martxoaren 22ko 659/1999 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.
Adierazitakoarekin bat, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak eskaturik, eta Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Foru Dekretu honen xedea da krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legea arlo horren gainean indarra duten Europar Batasuneko jarraibideetara egokitzeko arauak ematea. Jarraibide horiek Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, 2004ko urriaren 1ean.
2. artikulua . Enpresa txiki eta ertainen definizioa.
Ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, enpresa txiki eta ertaintzat joko dira Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361 EE Gomendioan ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresak. Gomendio hori mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa da.
3. artikulua . Krisian dagoen enpresaren kontzeptua.
Ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legearen ondorioetarako, enpresa bat krisian dagoela ulertuko da egoera hauetan:
1. Erantzukizun mugatuko sozietate bat denean, izenpeturiko kapitalaren erdia baino gehiago desagertu denean eta azken 12 hilabeteetan haren laurdena baino gehiago galdu denean.
2. Gutxienez sozietateko kideetako batek erantzukizun mugagabea duenean, haren berezko funtsen erdiak desagertu direnean, haren liburuetan adierazi bezala, eta azken 12 hilabeteetan funts haien laurdena baino gehiago galdu denean.
3. Enpresa mota guztietarako, porrot edo kaudimengabezia adierazteko prozedura pasatzeko barne zuzenbidean ezarririko baldintzak biltzen dituztenean.
4. artikulua . Enpresa sortu berriak eta talde baten zati direnak.
1. Enpresa sortu berriek ezin izanen dute salbatu eta berregituratzeko laguntzarik jaso, ezta haien hasierako finantza egoera prekarioa denean ere. Horixe gertatuko da, bereziki, enpresa sortu berria beste enpresa bat iraungitzean edo haren aktiboak xurgatzean sortu bada.
Enpresa sortu berria dela ulertuko da, printzipioz, dagokion jarduera sektorean eragiketak hasi eta hurrengo hiru urteetan.
2. Printzipioz, talde handiago baten zati den edo talde handiago bat xurgatzen ari den enpresak ezin du salbatu eta berregituratzeko laguntzarik jaso, salbu eta froga badezake enpresak dituen zailtasunak bereak direla, ez direla taldearen barruko kostuen esleipen arbitrarioaren ondorio hutsa, eta taldeak berak konpontzeko konplexuegiak direla.
5. artikulua . Aurreko legez kontrako laguntzen onuradunak.
Aldez aurretik krisian zegoen enpresa bati legez kontrako laguntza bat eman zaionean, Batzordeak horri buruzko erabaki negatiboa hartu eta berregituratze agindua eman badu eta hura gertatu ez bada, enpresa horri emanen zaion salbatu eta berregituratzeko edozein laguntza ebaluatzean, kontuan hartu beharko da, lehenik, bi laguntzen _zaharra eta berria_ eragin metatua eta, bigarrenik, lehenengoa ez dela itzuli.
6. artikulua . Banakako jakinarazpenak Batzordeari.
Hauek denak banan-banan jakinarazi beharko zaizkio Batzordeari:
a) Enpresa txiki edo ertaintzat jotzeko baldintzak betetzen ez dituzten enpresei ematen zaizkien laguntzak.
b) Foru dekretu honetan krisian dagoen enpresatzat jotzeko aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten enpresentzako laguntzak.
c) Aspaldian egiturazko gaitasun handiegiko merkatu batean diharduten enpresentzako laguntzak, onuradunaren dimentsioa alde batera utzita.
d) Sei hilabete baino gehiagorako ematen diren salbamendu laguntza guztiak, edo enpresari lehenengo ordainketa egin eta hurrengo sei hilabeteen barruan itzuli ez direnak.
e) Banakako enpresa bati salbamendu edo berregituratze eragiketa baten zati gisa, baita plana aldatu behar denean ere, ematen zaizkion laguntzak, ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legean ezarritako gehieneko zenbatekoak gainditzen dituztenak.
f) Salbamendu edo berregituratze laguntzak behin baino gehiagotan ematea, Europar Batasuneko jarraibideetan aipatzen diren salbuespenak salbuespen, laguntza bakarreko irizpideari jarraikiz.
g) Berregituratze aldian sortutako aldaketak berregituratze planean eta laguntzaren zenbatekoan.
7. artikulua . Salbamendurako eman daitezkeen laguntzak (Foru Legearen 5. artikulua).
1. Salbamendu laguntzen funtsa da hirugarrenengandik lortu beharreko kredituen bermeetarako abalak ematea, edo maileguak ematea, enpresa berriro abian jartzeko behar duen likidotasunaz hornitzeko premiazkoa den zenbatekoan, gauzatzen ahal den berregituratze edo likidatze plan bat prestatzeko aldirako bakar-bakarrik.
Abalak emateko baldintzak Nafarroako Gobernuak ezarri ohi dituen berak izanen dira, eta maileguen korritu tasa Batzordeak onarturiko erreferentziako tasen antzekoa izanen da.
Mailegu guztiak itzuli beharko dira, eta bermeak enpresari lehenengo ordainketa egin eta hurrengo sei hilabeteetan amaitu beharko dira.
2. Salbamendu laguntza gizarte arrazoi serioek justifikatu beharko dute eta ezin izanen du alboko ondorio negatibo larririk sortu Europar Batasuneko beste estatu batzuetan.
3. Beharrezko zenbatekoa enpresaren galeren ondoriozko likidotze beharretan oinarrituko da eta ezin izanen du enpresaren kutxako fluxu negatibo eraginkorraren %50 gainditu.
Zenbateko hori kalkulatzeko, emaitzei itxitako azken ekitaldiko amortizazioak eta zirkulazioko kapitala batuko zaizkie, laguntza eman aurreko ekitaldiko korrituak eta zergak gehitu baino lehen, eta lortutako emaitza zati bi egin beharko da.
Enpresa bakar bati emandako laguntza konbinatuaren gehieneko zenbatekoa, bai salbamendurako bai berregiturarako, ezin izanen da 10 milioi eurotik gorakoa izan, beste iturri batzuetatik jasotako edo beste araubide batzuen araberako edozein laguntza barne.
4. Salbamendu laguntzek ez dute sei hilabete baino gehiago iraunen, eta behin baizik ez dira emanen, laguntza bakarraren printzipioari jarraikiz.
8. artikulua . Salbamendu eragiketaren amaiera (Foru Legearen 8.2 artikulua).
Salbamendu eragiketarako ezarririko epean gauzatzen ahal den berregituratze planik ezin izan bada prestatu eta abian jarri, plan hori burutzearekin zentzuz espero baliteke enpresa geroan bideragarria izatea, Nafarroako Gobernuak erabakiko du, industria arloan eskumena duen departamentuak proposaturik, nola eta zer baldintzatan itzuliko zaion eragiketagatik emaniko dirua.
9. artikulua . Berregituratze laguntzak lortzeko betebeharrak (Foru Legearen 10. artikulua).
Ondoko hauek izanen dira berregituratze laguntzak lortzeko betebeharrak:
1. Enpresa krisian dagoela jotzeko ezarritako egoeretan egotea.
2. Berregituratze plan zehatza, bideragarria, koherentea eta errealista aurkeztea. Plan horrek, enpresaren egoeratik eta egoera horren arrazoietatik abiaturik, ahalik eta lasterren bideragarri izateko moduan jartzeko hartu behar diren denetariko neurriak zehaztu eta proposatuko ditu.
3. Neurriak proportzionalak izanen zaizkio laguntzaren faltsutzearen ondorioari eta, bereziki, enpresaren tamainari eta enpresak bere merkatuan edo merkatuetan duen garrantzi erlatiboari, eta berregituratze planaren barruan egon behar dute.
Enpresa ertaina bada, kontrakontuak ezarriko dira: aktiboak saltzea, gaitasuna edo merkatuko presentzia murriztea, oztopoak murriztea ukitutako merkatuetan sartzean eta abar. Barkamenak eta galerak sortzen dituzten jardueren itxierak, edonola ere bideragarritasuna berrezartzeko behar izanen ziratekeen jarduerenak, alegia, ez dira gaitasunaren edo merkatuko presentziaren murriztapentzat joko, kontrakontuen ebaluaziorako.
Enpresa txikiek ezin izanen dute ekoizteko gaitasuna handitu, berregituratze plana egiten den bitartean, salbu eta enpresaren bideragarritasuna berreskuratzeko beharrezkoa bada eta lehiakortasuna faltsutzen ez bada, guztion interesen kontra.
Onuradunak aspalditik egiturazko gaitasun handiegia duen merkatu batean badihardu, enpresaren gaitasunaren edo merkatuko presentziaren murriztapena %100 izaten ahalko da, betiere inbertsio proiektu handiei ematen zaizkien eskualde-laguntzei buruzko Europar Batasuneko sektore anitzeko jarraibideetan zehazten denarekin bat.
4. Laguntzaren zenbatekoa eta intentsitatea enpresaren, haren akziodunen edo osatzen duen merkataritza taldearen finantza aukeren araberako berregituratzeari bide emateko baizik beharko ez liratekeen berregituratze kostuetara mugatu beharko dira. Horren ebaluazioak aldez aurretik emandako edozein salbamendu laguntza hartuko du kontuan.
Laguntzaren onuradunek modu nabarmenean parte hartu beharko dute berregituratze planean, beren baliabideekin, enpresak bizirik irauteko behar ez dituen aktiboak salduz eta guzti, edo merkatu baldintzetan lortutako kanpo finantzaketaren bidez. Eginen duten ekarpena benetakoa izanen da, etorkizunean aurreikusitako inolako onurarik, hala nola diruzaintza fluxua, barnean hartu gabe, eta ahalik eta handiena izan behar du.
Berregituratzeari eginen zaion ekarpen hori %25ekoa izanen da, gutxienez, enpresa txikien kasuan, eta %40koa, gutxienez, enpresa ertainen kasuan. Dena dela, ekarpen txikiagoa onartzen ahalko da, salbuespen egoeratan edo zailtasun berezitan. Enpresa onuradunak justifikatu beharko ditu egoera edo zailtasun horiek.
10. artikulua . Berregituratze laguntzen mugak (Foru Legearen 12.3 artikulua).
Laguntza bakarraren printzipioari jarraikiz, berregituratze laguntzak, salbamendu laguntzak bezala, behin baino ez dira emanen.
Ondorioz, laguntzak eman baino lehen egiaztatu beharko da enpresak ez duela lehenago jaso berregituratze laguntzarik. Hala izatekotan, eta hamar urte baino gutxiago igaro badira salbamendu laguntza eman zenetik, berregiruratze aldia amaitu zenetik edo plana eten zenetik (datarik hurbilena aplikatuz), ez da salbamendu edo berregituratze languntza gehiagorik baimenduko, Europar Batasunaren jarraibideetan ezarritako kasuetan izan ezik.
11. artikulua . Batzordearentzako urteko txostenak (Foru Legearen 22. artikulua).
Industria arloan eskumena duen departamentuak txosten bat igorriko dio urtero Europako Batzordeari, foru legean ezarritako laguntzen araubidearen gaineko funtzionamenduari buruz. Bertan, Batzordeak horretarako ezarritako datuak eta informazioak jasoko dira, bereziki, zenbatekoa eta onuradunak ekarpena egiteko modua eta, egoki denean, kontrakontuen modua eta maila.
Urteko txosten hori Nafarroako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko gizarte eragileei igorriko zaie baita ere.
Lehena. Laguntzen bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak izanen dira edozein administrazio publikok, erakundek edo entitate publikok ematen duen beste edozeinekin, baldin eta krisian dauden enpresei buruzko Europar Batasuneko arautegian laguntzetarako ezarririko gehieneko mugak gainditzen ez badira.
Bigarrena. "De minimis" laguntzak, larrialdian dauden enpresentzat.
Industria arloan eskumena duen departamentuak larrialdian dauden enpresentzako laguntzak ematen ahalko ditu, haien zenbatekoak, dirulaguntza gordinaren baliokidean neurturik, "de minimis" laguntzatzat jotzeko ezarririko mugak gainditzen ez baditu eta laguntza mota horretan sarturik ez dauden sektore edo jardueretarako erabiltzen badira. Hori guztia Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduarekin eta, hala badagokio, Batzordearen urriaren 6ko 1869/2004 (EE) Erregelamenduarekin bat. 1998/2006 (EE) Erregelamenduak "de minimis" laguntzei buruzko EE Ituneko 87. eta 88. artikuluak ukitzen ditu eta 1869/2004 (EE) Erregelamendua nekazaritza eta arrantza sektoreetako "de minimis" laguntzei buruzkoa da.
Indarrik gabe gelditzen da 26/2003 Foru Dekretua, otsailaren 3koa, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legea arlo horren gainean indarra duten Europar Batasuneko jarraibideetara egokitzeko arauak ematen dituena.
Lehena. Krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko Foru Legearen aplikazioa.
Krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko Foru Legea foru dekretu honen arauak kontuan hartuz beteko da; arau horiek osatu eta, hala badagokio, ordezten dituzte hartako aginduak.
Krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko Foru Legeak arautzen duen laguntzen araubidearen indarraldia 2012ko urriaren 9an amaituko da. Egun horretan bertan amaituko da krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideen indarraldia. Jarraibideok Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren 2004ko urriaren 1ean.
Hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.