(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

114/2005 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 12KOA, GRIPE PANDEMIA BATEN AURREAN PRESTATU ETA ERANTZUTEKO FORU PLANAREN BATZORDE EXEKUTIBOA SORTZEN DUENA.

BON N.º 116 - 28/09/2005



Zioen azalpena

Osasunerako Mundu Erakundea (OME), Asiaren hego-ekialdeko egoera epidemiologikoa jakinik eta gripearen birusaren eboluzioa ezagutzen izan diren aurrerapenak kontuan harturik, 2005eko apirilean plan berria aurkeztu du, ager daitekeen gripe pandemiaren arriskuaren aurrean, erakundearen kide diren herrietako osasun agintariei prestatzen eta erantzuna ematen laguntzeko. 1999. urtean "Gripe pandemiaren aurrean prestatzeko plan orokorra: OMEren zeregina eta nazio eta eskualdekako plangintzarako jarraibideak" izeneko planean faseak ezarri ziren, eta oraingo plan berrian berriz definitu dira. Gripearen birusaren azpimota berri bat azaldu eta pandemia zabaltzeko dagoen arriskuaren arabera definitu dira fase berriak. Planak fase bakoitzean OMEk eta nazioetako agintariek nolako neurriak hartu behar dituzten adierazten du, nazioarteko koordinazioa hobetzeko eta gomendatzen diren neurriak gardenak izateko.

2005eko maiatzean, eta Osasunerako Mundu Erakundearen gomendioei eta Europar Batasunaren jarraibideei jarraikiz, Gripe Pandemia baten aurrean Prestatu eta Erantzuteko Plan Nazionala prestatzeko lanak bukatu ziren.

Plan nazionalean ezarria dago autonomia erkidegoek Prestatu eta Erantzuteko Plan Autonomiko bana izanen dutela, bakoitza Batzorde Exekutibo/Aholku emaile batek lagundurik. Batzordeak kide izanen ditu Osasun Kontseilaritzaren ordezkariak, autonomia erkidegoan erantzukizunen katea antolatuko duten larrialdi zerbitzuen ordezkariak, eta pandemiaren faseetan zeregina daukaten erakunde publiko eta pribatuen ordezkariak.

Nafarroako Foru Komunitatea sentsibilizaturik dago gizakiengan hegazti-gripeek sorrarazi dituzten eritasunekin eta sor litezkeen gripe pandemiekin, eta, plan nazionalean ezarritakoari jarraikiz, beharrezko deritzo Gripe Pandemia baten aurrean Prestatu eta Erantzuteko Foru Planaren Batzorde Exekutiboa sortzeari. Batzorde horrek, Osasunerako Mundu Erakundeak, Europar Batasunak eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak emandako jarraibideei atxikiz, gripe pandemia batek Foru Komunitatean izan dezakeen eragina txikiagotzeko hartu beharreko neurriak koordinatuko ditu.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko irailaren 12ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Zer den eta helburuak.

Gripe Pandemia baten aurrean Prestatu eta Erantzuteko Foru Planaren Batzorde Exekutiboa sortzen da. Osasun Departamentuari atxikitako organo kolegiatua izanen da eta plan horren jarduerak prestatu, haien jarraipena egin eta koordinatuko ditu.

2. artikulua. Osaera.

1. Batzordeak honako kide hauek izanen ditu:

a) Batzordeko burua: Osasun kontseilaria. Nahi izanez gero, burutza Osasun zuzendari nagusiaren esku uzten ahal du.

b) Batzordeko buruordea: Osasun zuzendari nagusia.

c) Kideak:

_Komunikazio zuzendari nagusia.

_Barne zuzendari nagusia.

_Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia.

_Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

_Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren ordezkari bat.

_Tuterako Osasun Barrutiko zuzendaria.

_Lizarrako Osasun Barrutiko zuzendaria.

_Laguntza Espezializatuko zuzendaria.

_Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.

_Osasun Publikoaren Institutuko zuzendaria.

_Nafarroa Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren zuzendariordea.

_Osasun kontseilariaren Kabineteko burua.

_Osasun Publikoaren Institutuko Eritasun Infekziosoen eta Agerraldien Kontrolaren Ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.

2. Jorratu beharreko gaiek hala eskatzen dutelarik, Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo batzuetako titularrak eta Nafarroako Batzordearen eginkizunak hobeki betetzeko interesgarri izan daitezkeen pertsonak eta erakundeak ere agertzen ahalko dira.

3. artikulua. Eginkizunak.

Batzordeari ondoko eginkizunak dagozkio:

a) Gripe Pandemia baten aurrean Prestatu eta Erantzuteko Foru Plana diseinatzea.

b) Foru Komunitatearen lurraldean gerta litekeen gripe pandemiari erantzuteko erabakietan eta kontrol eragiketetan antolamenduaren eta erantzukizun mailaren egituraketa ezartzea.

c) Planean ezarritako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

d) Larrialdiei eta osasun laguntzaren eskaera handitzeari aurre egiteko kontingentzia planak prestatzea eta komunitatearendako garrantzitsuak diren beste zerbitzu batzuk iraunaraztea.

e) Pandemiaren fasearen arabera, jarduteko irizpideak hartzea, beti ere Batzorde Exekutibo Nazionalaren gomendioei eta Europar Batasunaren eta Osasunerako Mundu Erakundearen jarraibideei kasu eginez.

f) Osasun langileei, hedabideei eta, oro har, populazioari behar den informazioa ematea, erantzun planean agente guztiek parte hartze egokia izan dezaten.

g) Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publikoen eta pandemiari aurre egiteko inplikatutako erakunde pribatuen jarduerak koordinatzea.

4. artikulua. Funtzionamenduaren araubidea.

Batzordearen funtzionamendurako, organo kolegiatuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak xedatzen duenari men eginen zaio.

5. artikulua. Lan taldeak.

1. Batzordean lan talde berariazkoak sortzen ahal dira Gripe Pandemia baten aurrean Prestatu eta Erantzuteko Foru Planaren funtsezko alderdiak teknikoki garatzeko.

2. Lan taldeen osaera, eginkizunak eta edukia Batzordeak erabakiko ditu.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Eraketa

Batzordeak foru dekretu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita hamar egunetan eratu beharko du.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Indarraldia

Batzordea indarrean egonen da sorrerako helburuak beteko direla bermatzeko beharrezkoa den bitartean.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko irailaren 12an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0518920

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web