(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

21/2001 FORU LEGEA, urriaren 18koa, Iruña-Logroño errepidea eraiki, ustiatu eta finantzatzeko.

BON N.º 130 - 26/10/2001



ZIOEN AZALPENA

Iruña-Lizarra-Logroño ardatza edukiera handiko errepide gisa eraikitzea munta handiko helburua da Nafarroako eskualde zabal bat, Estellerria batez ere, sendotu eta garatzeko, eta Nafarroako lurraldeen arteko oreka bilatzeko, errepideen azpiegiturei dagokienez. Edukiera handiko errepide horren eraikuntzari esker lotu dira Nafarroa eta Ebro Haranaren iparraldea, -Logroñon barna-, gure inguruneko herrialde eta eremu ekonomikoekin izanen ditugun harreman sozial, komertzial eta industrialen sarea zabaltzearen alde jokatuz.

Nafarroako Errepideen I. Plan Gidariak errepide hau kontuan hartu zuen Nafarroako komunikazioaren ardatz estrategiko bezala, Nafarroako Parlamentuak hura 1997ko abenduaren 2an onetsi zuenean.

Iruña-Lizarra-Logroño errepidearen egungo egoera, trafikoak zer bilakaera izanen duen eta Nafarroako eskualde horrek behar duen komunikazio sarea ikusita, argi dago berehala bihurtu behar dela autobia errepide hori.

Iruña-Lizarra-Logroño autobia berriko inbertsioak, guztira, 48.000 milioi pezeta (288,05 milioi euro) egiten ditu, behin betiko trazadurak eta haiek eraikitzeko proiektuak prestatu ahala zehaztuko bada ere. Iruña eta Lizarra arteko autobia tarterako, 30.000 milioi pezetako (180, 03 milioi euro) kalkulua egin da.

Horrelako komunikazio bide bat egitea asko luzatu daiteke baliabide ekonomikoak jartzen ez badira. Administrazio publikoen aurrekontuko gastuaren kontrolak, gaur egun, munta handiko obretarako baliabideak erabiltzeko ahalmena mugatzen du, eta horixe bera gertatzen da Iruña-Lizarra-Logroño autobian.

Espainia Ekonomia eta Moneta Batasunean integratzeko gure erkidegoak erakutsi duen elkartasunaren ondorioz, Nafarroak Aurrekontua Bategiteko Eszenatokia eta Egonkortasun Ituna onartu behar izan ditu, eta mugatuta gelditu dira zorrak hartzeko Foru Ogasunaren ahalmena eta aurrekontuaren defizita.

Horregatik, Nafarroak edukiera handiko errepide hori lehenbailehen izan dezan, ekimen pribatuaren partaidetza onartu behar da hura finantzatzeko prozeduran. Horrela, obrak egiteko epeak aise laburragoak izanen dira eta, batez ere, askoz lehenago jasoko du gizarteak onura, inbertsio horiek sortutako aberastasunaren ondorioz.

Europar Batasunak babes handia ematen dio ekimen pribatuari azpiegitura publikoak finantzatzeko, eta bada horren esperientzia bai Europan bai Espainian.

Ekimen pribatuak azpiegitura publikoen finantzaketan laguntzeko eta, beraz, dagokion arriskuaren kargu egin dadin, kontzesioa da moduetako bat, non "eskaeraren kanona" aplikatzen baita. Horren bidez, Administrazio Publikoak, eraikitzen den azpiegituraren titularra denez, komunikazio bidetik zirkulatzen duen trafikoaren arabera ordaintzen dio kontzesio-hartzaileari, eta muga batzuk jartzen dizkio ordainketa horri, trafikoaren, errentagarritasun ekonomikoaren, inbertsio eta eragiketa kostuen edo kontzesio-hartzaileari bideragarritasun ekonomikoa bermatzen dioten beste parametro batzuen arabera, baina Administrazio Publikoaren esku uzten du zer ekarpen ekonomiko egin proiektuari kontzesio epeak dirauen bitartean.

Edozein eraikuntzari dagokion industri mozkina eta ohiko zorpetze publikoaren sistemari lotutako mozkin finantzarioa bateratu nahi ditu proposatu sistemak, kontzesioa hartzen duen sozietatearen fondoei honenbesteko bat ordainduz, ustez eta enpresa proiektu baten arriskua murriztean ondoriozko tasak ere aise murrizten direla eta, beraz, enpresaren mozkina ere. Horregatik, proiektuaren kostuak, guztira, ez du nahitaez ohiko finantzaketa publikoaren kostutik aldendu behar.

Foru lege honek Iruña-Lizarra-Logroño edukiera handiko errepide berria eraikitzeko kontratazioa eta ustiapena arautzen ditu, eta, aldi berean, aukera ematen dio Nafarroako Foru Komunitateari bere laguntza ekonomikoa eman dezan, aurrekontuko baliabideen bitartez edo diruz bestelakoen bitartez, zein komeni den.

Nafarroako Ogasunari ekarriko dizkion ondorio ekonomikoen aldetik, foru legean aurreikusitako prozedurak bide ematen du urte anitzeko konpromisoak hartzeko, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko foru legeak uzten duenetik haratago, horren beharra baitago kontzesio epeari dagokion gastu konpromisoa hartzeko.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea baldintza administratibo eta finantzarioak ezartzea da, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean Iruña-Logroño edukiera handiko errepidea eraiki, zaindu eta ustiatzeko kontrataziorako.

2. artikulua. Kontratazioa.

Kontzesio bidez eraiki, zaindu eta ustiatuko da errepidea, oso-osorik edo zati bat, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 foru legean ezarritakoari jarraituz.

Lehiaketaren oinarrietan ezarriko da kontzesioaren gehieneko epea, baina inoiz ere ez 30 urtetik gorakoa.

3. artikulua. Finantzaketa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontzesio lehiaketaren klausula administratibo partikularren pleguan zehaztuko du aurrekontu bidezko fondo publikoen ekarpena, edo diruz bestelakoa.

Ekarpen guztiek ekarriko dute tarifa murriztea edo kentzea errepidea erabiltzeko; bestela, tarte jakin batzuen erreskate aurreratua.

2. Aurrekontu bidezko fondo publikoak azpiegitura erabiltzeko sartzen direnean, haien kalkulua egiteko, errepidearen tarte bakoitzeko erabiltzaileen kopurua, gizartearentzat duen errentagarritasuna eta errepideko zerbitzu publikoa egiteko obligazioa hartuko dira kontuan.

3. Aurrekontu bidezko fondo publikoak azpiegituran berean inbertitzeko sartzen direnean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beste administrazio publikoekin egindako itunen ondoriozko fondoak ezartzen ahal ditu, edo Europar Batasuneko egitura funtsetakoak.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak diruz bestelako ekarpenak egiten ahal ditu, esate baterako, lehendik egindako obrak, guztirako inbertsioa murrizteko eta kontzesio kontratuaren barrenean zaindu eta ustiatu beharreko azpiegituraren parte izan daitezen.

4. artikulua. Bideragarritasunaren azterlana.

Obra kontzesioaren espedientea abiatu aurretik, bideragarritasunaren azterlana eginen da. Bertan, azpiegitura erabiltzeko hipotesi ekonomikoak jasoko dira, Foru Komunitateko Administrazioak aurrekontu bidezko funts publikoen bitartez edo diruz bestelakoen bitartez egin beharreko ekarpenak zehazteko, eta kontzesioaren kontraturako baldintza ekonomikoak ezartzeko.

5. artikulua. Gastu konpromisoa.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 41.3 artikuluan ezarritako denbora muga ez zaio foru lege honetan aurreikusitako obrari aplikatuko, aurrekontu bidezko funts publikoen ekarpena, 3. artikuluan jasoa, egin dadin.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Emakida hartzen duen entitatea, aldez aurretik Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eskaria eginda, Enpresak Sustatzeko Sozietatetzat hartuko da, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 167. artikuluko 4. idatz-zatian ezarrikoaren ondorioetarako.

AZKEN XEDAPENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hemezortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0110836

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web