(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

222/1999 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 14KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ESPARRUAN KIMIKA LANTEGIKO PROZESU LANETAKO TEKNIKARIAREN TITULUARI DAGOKION ERDI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOAREN CURRICULUMA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 113 - 10/09/1999



  XEDAPEN GEHIGARRIAK


  AZKEN XEDAPENAK

  I. ERANSKINA

  II. ERANSKINA. Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako heziketa zikloko lanbide moduluetan irakaslanean arituko diren irakasleen espezialitateak

  III. ERANSKINA. Ikasketa hauetarako gutxienez behar diren leku eta instalazioak


Atariko

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak 4. artikuluan ezarri zuenez, Gobernuari dagokio Estatu osoko gutxieneko ikasketak zehaztea, eta hezkuntza administrazioen eskumena da beren menpeko lurraldeko curriculuma ezartzea. Halaber, lege horren 35. artikuluaren arabera, Gobernuak ezarri behar ditu lanbide heziketako ikasketetako tituluak, komunitate autonomoei kontsulta egin ondoren.

Maiatzaren 7ko 676/1993 Errege Dekretuaren bitartez (1993-5-22ko "E.A.O.") jarraibide orokorrak ezarri ziren lanbide heziketako tituluez eta haiei dagozkien gutxieneko ikasketez. Maiatzaren 28ko 817/1993 Errege Dekretuak (93-7-30eko "E.A.O.") Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren titulua eta hari dagozkion gutxieneko ikasketak ezarri zituen, eta apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuak (1998-5-8ko "E.A.O.") lanbide heziketaren antolamenduaren zenbait alderdi garatu zituen hezkuntza sistemaren eremuan. Behin dekretu horiek argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio eskudun den lurraldean curriculuma ezartzea, kontuan harturik Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak 47. artikuluan xedatu zuena eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak xedatutakoa; izan ere, horren bidez onetsi zen unibertsitatez kanpoko irakaskuntza gaietan Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak lanbide heziketaren alorrean berrikuntza sakona hasi zuen; haren bidez, hezkuntza eta produkzio sistemen arteko erlazioak hobetu eta bideak jarri ziren ikasleak lantokietan presta daitezen.

Lanbide heziketaren xedea da ikasleak prestatzea lanbide eremuetan jarduteko; bide horretan, behar duten prestakuntza balioanitza emanen zaie bizitzan zehar lanbidean gerta dakizkiekeen aldaketei egokitzeko gauza izan daitezen. Lanbide heziketak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle guztiek jasotzen duten oinarrizko lanbide heziketa eta erdi eta goi mailako berariazko lanbide heziketa ere hartzen ditu barne.

Berariazko lanbide heziketak moduluka antolatutako heziketa ziklo sail bat biltzen du. Ziklo horiek iraupen desberdinekoak dira eta lanbide heziketaren hainbat arlotako ezaguera-arlo teoriko eta praktikoek osatuta daude. Berariazko lanbide heziketak gazteei lan munduan sartzea errazten die, lagungarria da herritarren etengabeko prestakuntzarako, eta produkzio-sistemaren koalifikazio eskakizunei erantzuten die.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 4. artikuluari jarraikiz, curriculuma esaten zaio hezkuntza sistemaren maila, etapa, ziklo, gradu eta mota bakoitzeko irakaskuntza arautzen duten xede, eduki, baliabide pedagogiko eta ebaluazio-irizpideen multzoari. Hori dela eta, Foru Dekretu honetan xedeak zehaztu dira, gaitasun gisa adierazirik, bai eta modulu guztien edukiak eta ebaluazio-irizpideak ere. Horretarako, kontuan hartu da otsailaren 13ko 35/1995 Foru Dekretuak (1995-3-10eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketako eta Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketen egitura eta antolamenduari buruzko jarraibideak eman zituenak, hari dagokionez ezarritakoa.

Lanbide moduluen xedeak, Foru Dekretu honetan amaierako gaitasun gisa adierazi eta zehaztutakoak, curriculumaren gakoa dira. Ikasleen portaera definitzen dute lanbide gaitasunaren oinarrizko alderdiak lortzeko ezinbestekoak diren emaitza ebaluagarri gisa. Oinarrizko alderdi horiek tituludunen amankomuneko koalifikazioa segurtatzen dute, eta horixe da titulua Estatu osoko lurraldeetan baliagarria izanen delako eta koalifikazioak Europakoen parekoak izanen direlako bermea.

Curriculumaren edukiak ezinbestekoak dira amaierako gaitasunak erdiesteko, eta oro har disziplinartekoak dira, tituluari lotutako lanbide gaitasunaren nolakoaren ondorioz. Gaitasun unitate bakoitzak lan munduan duen balio eta esanahiak, eta lan teknikoaren balioaniztasun funtzional eta teknologikoaren premia gero eta biziagoak hartaraturik, jakintza teknologikoaren arlo askotako edukiak sartu dira curriculumean, lanbide profil bakoitzaren azpian diren produkzio-prozeduren bidez bilduak.

Amaierako gaitasun bakoitzari dagozkion ebaluazio irizpideek bidea ematen dute amaierako gaitasun hori noraino lortu den egiaztatzeko, eta ebaluazio prozesuaren berezko jarduerak zehazteko gida eta euskarri dira.

Aipatu heziketa zikloa irakasteko baimena duten ikastetxeek curriculuma garatu eginen dute, heziketa zikloa osatzen duten lanbide moduluetako bakoitzaren curriculum proiektuak eta programazio didaktikoak eginez, otsailaren 13ko 35/1995 Foru Dekretuaren V. kapituluak ezarri bezala, eta, ebaluazioari doakionez, kontuan hartuz Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren uztailaren 11ko 426/1995 Foru Aginduak (1995-9-4ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) xedatu zuena; izan ere, agindu horrek arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean Berariazko Lanbide Heziketan ari diren ikasleen ebaluazio prozesua eta kreditazio akademikoa.

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren lanbide gaitasunak, gaitasun unitatetan antolatuak, honakoak dira: gai kimikoak prestatzea eta haiekin saiakuntzak egitea; prozesu kimikorako instalazioak prestatzea eta zerbitzu osagarriak baliatzea; prozesu kimikoko lanak egitea; prozesu kimikoa kontrolatzea; fabrikazio onari, segurtasunari eta ingurugiroari buruzko arauak betez jardutea.

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren lanbide tituluak kimikaren sektorean dauden prestakuntza beharrei erantzun nahi die, produkzio arloetan.

Teknikari honek azpisektore nagusi hauetan egin dezake lana:

.Oinarrizko kimika: petrolioaren errefinaketa, petrokimika, gasak, kimika ez-organikoa, kimika organikoa, ongarriak, lehen mailako gai plastikoak, kautxu sintetikoa, pigmentuak eta zuntz sintetikoak.

.Kimika eraldatzailea: Pinturak, bernizak, lakak, itsasgarriak, inprimatzeko tindagaiak, argazkigintzarako material sentikorra, olio esentzialak eta substantzia aromatikoak, ehungintza eta larrugintzarako kolak eta jelatinak; xaboiak, detergenteak, lisibak, lehergaiak, argizaria eta parafinak.

.Beste produkzio sektore batzuetan, kimikako oinarrizko lanak egiteko instalazioak egonez gero (arazketa, metalurgia etab.).

.Oro har, gorago aipaturiko produktuak fabrikatzen dituzten enpresa handi edo ertain, publiko zein pribatuetan.

Tituluaren profilean zehaztu eta adierazitako lanbide gaitasunak erantzuna izan nahi du lan teknikoak dituen prestakuntza beharrentzat, eginkizun hauek betetzeko: produkzioa/prestaketa, burutzapena, kontrola, manipulazioa eta ontziraketa.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren 14ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, ondokoa

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu hau, Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren tituluari lotutako lanbide heziketako ikasketen curriculuma ezartzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean aplikatuko da.

2. artikulua

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako heziketa zikloa erdi mailako berariazko lanbide heziketa da, eta 1.400 orduko iraupena du.

3. artikulua

Foru Dekretu honetako I. eranskinean ezarri dira produkzio-sistemaren erreferentzia, zikloaren xede orokorrak eta lanbide moduluak, haien iraupena, amaierako gaitasunak, ebaluazio irizpideak eta edukiak.

4. artikulua

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren tituluari dagozkion ikasketak ondoko lanbide moduluetan antolatuko dira:

1. Ikastetxeko prestakuntza:

- Kimika aplikatua.

- Prozesu kimikoaren zerbitzu osagarriak.

- Kimika lantegiko prozesu lanak

- Prozesu kimikoen tresneria eta kontrola

- Antolamendua, segurtasuna eta ingurune kimikoa

- Lan prestakuntza eta orientazioa

2. Lantokietako prestakuntza:

- Lantokiko prestakuntza.

5. artikulua

Foru Dekretu honen II. eranskinean adierazi da irakasleek zein espezialitate behar dituzten Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren lanbide heziketako tituluari dagozkion ikasketen curriculumeko lanbide moduluak irakatsi ahal izateko, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuan (horren bidez Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoetako irakasleak berariazko lanbide heziketako espezialitate berekiei atxiki zitzaizkien), lanbide heziketaren zenbait alderdi hezkuntz sistemaren eremuan garatzen dituen apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuan eta behar diren gainerako xedapen guztietan ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua

Ikastetxeek behar adinako autonomia pedagogikoa izanen dute ikasketak garatzeko eta beren ingurune sozioekonomiko, kultural eta profesionalaren ezaugarriei egokitzeko, Foru Dekretu honetan ezarritakoaren esparruan.

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren lanbide heziketako tituluari dagozkion ikasketak zehaztu eta garatzeko, ikastetxeek heziketa ziklo horren Curriculum Proiektua eginen dute, ikasleen beharrak beteko dituena, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuaren esparru orokorrean.

Aurreko lerroaldean aipatu den Curriculum Proiektua garatzeko, kontuan hartu beharko da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoak horri buruz ezarritakoa.

7. artikulua

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloa irakasten den ikastetxeetako departamentuek lanbide moduluetako programazioak eginen dituzte. Programazio horiek ondokoak bildu beharko dituzte, gutxienez: lanbide moduluen amaierako gaitasunen egokitzapena, ikastetxearen inguru sozioekonomiko eta kulturalean txerta daitezen eta ikasleen ezaugarrietara molda daitezen; edukien banaketa eta garapena; oinarri metodologiko orokorrak, ebaluazio prozesuari buruzko irizpideak, eta ikasleek erabiliko dituzten material didaktikoak.

8. artikulua

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloko ikasketak ebaluatzeko, kontuan hartuko dira lanbide moduluetan ezarritako amaierako gaitasunak, ebaluazio irizpideak eta heziketa zikloaren helburu orokorrak, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren uztailaren 11ko 426/1995 Foru Aginduak ezarri zuenari jarraikiz, zeinek Nafarroako Foru Komunitatean Berariazko Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazio prozesua eta kreditazio akademikoa arautzen baititu.

9. artikulua

Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua duten ikasleek egin ahal izanen dituzte Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloaren ikasketak.

10. artikulua

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modua izanen da Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloan sartu ahal izateko, nahiz eta ezarritako baldintza akademikoak ez bete. Horretarako, ikaslegaiak Gizarte Bermerako egitarauren bat "Gai" kalifikazioarekin gainditua izan behar du, edo bestela hemezortzi urte eduki behar ditu, edo zikloa hasten duen urte naturalean betetzeko izan behar ditu, eta hiru kasuetan ere sarbide-proba bat gainditu behar du, Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren tituluari dagozkion ikasketak aprobetxamendu onez ikasteko ezagupen eta gaitasun nahikoak dituela erakusteko.

Ikastetxeek antolatu eta ebaluatuko dute Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloan sartzeko proba, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezarriko dituen arauei jarraikiz.

Sartzeko proba osorik egin beharretik salbuetsi ahal izanen dira gizarte bermerako egitarauren bati edo arautu gabeko beste heziketa-ekimenen bati dagozkion ikasketen helburuak lortuak dituzten ikaslegaiak. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak adieraziko du gizarte bermerako zein egitarauk eta zein heziketa-ekimenek emanen duten bidea sarrera-proba osorik egin beharrik ez izateko.

11. artikulua

1/1990 Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloko ikasketak gainditzen dituzten ikasleek Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren titulua jasoko dute.

Aurreko idatz-zatian aipatutako titulua erdiesteko, beharrezkoa izanen da Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloaren lanbide modulu guztiak gainditzea.

12. artikulua

Honako hauek dira lanbide heziketa okupazionalarekin baliokidetzen ahal diren lanbide moduluak:

- Prozesu kimikoaren zerbitzu osagarriak.

- Kimika lantegiko prozesu lanak.

- Prozesu kimikoen tresneria eta kontrola.

13. artikulua

Honako hauek dira laneko praktikarekin korrespondentzia izan dezaketen lanbide moduluak:

- Kimika lantegiko prozesu lanak.

- Prozesu kimikoen tresneria eta kontrolak.

- Antolamendua, segurtasuna eta ingurune kimikoa.

- Lantokiko prestakuntza.

- Lan prestakuntza eta orientazioa.

14. artikulua

Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren tituluaren jabe diren ikasleek bidea izanen dute zuzenean Batxilergoko modalitate guztietara pasatzeko.

15. artikulua

Batxilergoko ikasgai hauek baliokidetu ahal izanen dira:

LANBIDE MODULUABATXILERGOKO IRAKASGAIA
Kimika aplikatuaKimikaLaboratorioko praktikak (F.D. 37/1999)

16. artikulua

Ikastetxeei Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren lanbide heziketako tituluari dagozkion ikasketak irakasteko baimena emanen zaie, bai ikastetxe pribatuei unibertsitatez kanpoko eta araubide orokorreko ikasketak irakasteko baimena emateko prozedura ezarri zuen uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuan, bai hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamenduaren zenbait alderdi garatu zituen apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuan, bai eta hura garatzen duten xedapen guztietan ezarritakoari jarraikiz. Aipatu Errege Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, gutxienez behar diren leku eta instalazioak Foru Dekretu honetako III. eranskinean ageri dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Foru Dekretu honek aipatzen duen curriculuma egokitu ahal izanen du, helduen hezkuntzarako antolamenduaren eta metodologiaren betebeharrei jarraikiz, bai irakastokiko hezkuntzaren modalitatean bai urrutiko hezkuntzarenean. Halaber, curriculuma hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen berezitasunetara moldatu ahal izanen da.

Bigarrena

Foru dekretu honetako 9. eta 10. artikuluek aipatzen dituzten ikasleez gain, ondotik adieraziko diren ikasleek egin ahal izanen dituzte Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako heziketa zikloaren ikasketak:

a) Irakaskuntza Ertainen Erreforma Esperimentaleko Lehen Zikloko ikasketak gaindituak dituztenak.

b) Teknikari titulua dutenak.

c) Lehen mailako Lanbide Heziketako Teknikari Laguntzaile titulua dutenak.

d) Batxilergo Bateratu Balioanitzeko lehen eta bigarren ikasmailak gaindituak dituztenak.

e) Arte Aplikatu eta Arte Lanbideetako ikasketetatik, 1963ko Planeko hirugarren ikasmaila edo Guztiendako Ikasketa Esperimentaletako bigarrena gainditua dutenak.

f) Ondore akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotzen diren ikasketak gaindituak dituztenak.

Hirugarrena

Ondotik adieraziko diren teknikari laguntzaileen tituluek, lanbideari dagokionez, Foru Dekretu honek arautzen duen Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako teknikariaren tituluak bezalako ondorioak izanen dituzte: Lantegiko Operadorea (lehen mailako Lanbide Heziketa, Kimika adarra) eta Operadore Kimikoa (2. mailako lanbide modulua, Kimika adarra).

Hori guztia bat dator lanbide heziketa hezkuntza sistemaren esparruan antolatzeko zenbait alderdi garatu dituen apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren uztailaren 20ko 444/1995 Foru Aginduak xedatutakoarekin. Agindu horrek jarraibideak eman zituen Berariazko Lanbide Heziketako heziketa zikloak aurretiaz ezar zitezen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Baimena eman zaio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari foru dekretu hau burutu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren hamalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

I. ERANSKINA

I. ERANSKINA

1. Produkzio sistemaren erreferentzia.

1.1. Lanbide profila.

1.1.1. Gaitasun orokorra.

Prozesu kimikoetako oinarrizko lan eta kontrol-lan guztiak egitea, ekipoen funtzionamendua, abiaraztea eta geldiaraztea kontrolatuz, segurtasunari, kalitateari eta ingurugiroari buruz ezarritako baldintzak betez, eta ekipoen lehen mailako mantenimenduaren ardura izatea.

1.1.2. Lanbide gaitasunak.

-Eskuartean duen prozesuko oinarrizko lanen eta kontrol-lanen ikuspegi orokorra eta osoa edukitzea eta instalazio eta ekipoen egitekoak ulertzea, produkzioaren helburuak lortzeko.

-Kimika lantegiko lanpostu ezberdinetara eta lanbidearen teknologian eta antolamenduan gerta litezkeen berrikuntzetara moldatzeko gai izatea.

-Kimika lantegiko prozesuetako lanei eta kontrolari buruzko informazioa eta, oro har, hizkuntza sinbolikoa interpretatu eta ulertzea.

-Oinarrizko prozesu kimikoetan behar diren tenperaturak, lurruna eta aire egokitua aplikatzea, horretarako diren ekipoak eta instalazioak erabiltzea, erregulatzea eta haien sekuentziak antolatzea, lan osagarria prozesuarekin sinkronizatzea, ezarritako prozedurak betez, eta prozesu horietan anomaliak antzemanez gero horiek ebaluatzea (eta behar denean horien berri ematea).

-Prozesu kimikoko oinarrizko lanak gidatzea edota kontrolatzea, bai kanpoan bai kontrol-gelan; aldagaien balioei aurrez ezarritako tarteetan eustea; lehengaiekin eta prozesatzen ari diren gaiekin kontrolak eta saiakuntza zehatzak gitea; produkzioari buruzko datuak erregistratzea eta laneko gora-behera edo anomalien berri ematea.

-Bere talde funtzionaleko kideekin harreman onak izatea, taldeari esleitutako helburuak lortzen lagun eginez, besteen lana errespetatuz, talde-eginkizunen antolamendu eta burutzapenean modu eragilean parte hartuz, eta sortzen diren zailtasunak gainditzeko lagun eginez, lankide nahiz menpekoen ideiekiko jarrera tolerantea agertuz.

-Lanean ari denean harreman eraginkorrak izatea, eta batez ere, lantaldeko kideen arteko koordinazio handia behar duten lanetan; aginduak eta informazio interpretatzea; jarraibide argiak bizkor sortzea, eta lanean ezusteko arazoak sortzen direnean lantaldeko kide egokiari jakinaraztea eta laguntza eskatzea.

-Larrialdietan alarma-seinaleak bizkor eta lasaitasunez transmititzea eta ezarritako segurtasun-bitartekoak erabiltzea balizko arrisku kimikoak saihesteko edo ezabatzeko.

-Teknika edota funtzio anitzeko ekintza-multzoa burutzea, bere kabuz, bere lanbideko teknikak erabiliz eta aurretiaz ezarritako metodoei jarraikiz.

-Arazoak konpontzea eta erabakiak bere kabuz hartzea, bere eskumen-eremuan ezarrita dauden arauak betez, eta aurretik kontsulta egitea, baldin eta erabakiak ekonomian edo segurtasunean ondorio garrantzitsuak izanen dituela uste badu.

-Kimika lantegiko ustekabeko egoeretan, pertsona egokiari kontsulta egitea beharrezkoa den ala ez jakitea.

Erantzukizuna eta autonomia.

Langile honek prozesu kimikoari buruzko informazioaren bidez jasoko ditu lanerako jarraibide nagusiak. Informazio hori agirietan nahiz bestelako euskarrietan egon daiteke. Bere mailako lanak egin ahal izateko, prozesua irudikatzen duten eskemak, diagramak eta seinaleak interpretatzen eta deskodetzen jakin behar du.

Larrialdietan, aurretiaz definitutako jarraibideak aski ez direnean egoera konpontzeko, kimika lantegiko operadorearen eginbeharra hierarkiako nagusia lehenbailehen jakinaren gainean jartzea izanen da, besterik ez.

Teknikari honek laguntzarik gabe eginen ditu funtzio edo jarduera orokor hauek:

Prozesu etena: Bere eskumeneko ekipoa abiaraztea, ekipoa gai egokiez elikatzea eta ekioparen aldagaiak doitzea. Ekipoa garbitu eta artetzea, behin lana bukatu eta ekipoa deskargatu ondoren. Laginak hartzea kalitatea kontrolatzeko. Segurtasunerako ekintzak. Saiakuntza errazak.

Prozesu etengabea: Bere lan-ingurunea garbitu eta zaintzea. Prozesuaren aldagaiak doitu, kontrolatu eta erregistratzea. Laginak hartzea kalitatea kontrolatzeko. Saiakuntza errazak egitea. Segurtasunerako ekintzak egitea.

Laguntza jaso dezake lan hauek egiteko:

Prozesu etena: Prozesuaren aldagaiak aldatzea. Ekipoak muntatu eta desmuntatzea etapa anitzeko prozesuetarako. Produktuaren ezaugarriak erabakitzea.

Prozesu etengabea: Prozesuaren aldagaiak kontrol-sistemen bidez aldatzea. Lagin konplexuak edo arriskutsuak hartzea. Okerrak diagnostikatzea.

Laguntza jaso behar du lan hauek egiteko:

Prozesu etena: Matxurak diagnostikatu eta konpontzea. Aldagaien balioak erabakitzea, eskatzen zaion produktuaren arabera. Hainbat etapa ukitzen dituzten arazo larriak.

Prozesu etengabea: Matxurak diagnostikatu eta konpontzea. Ekipoen mantenimendua. Larrialdi konplexuak.

1.1.3. Gaitasun unitateak.

1. Gai kimikoak prestatzea eta haiekin saiakuntzak egitea.

2. Prozesu kimikorako instalazioak prestatzea eta zerbitzu osagarriak baliatzea.

3. Prozesu kimikoko lanak egitea.

4. Prozesu kimikoa kontrolatzea.

5. Fabrikazio onari, segurtasunari eta ingurugiroari buruzko arauak betez jardutea.

1.1.4. Lanbide gaitasunak eta errealizazioak.

1. gaitasun unitatea: gai kimikoak prestatzea eta haiekin saiakuntzak egitea.

a) Errealizazioak eta errealizazio irizpideak.

1.1. Lehengaiak/produktu kimikoak eta atonketarako materialak jasotzea edota biltegiratzea, aurretik ezarritako baldintzak betez eta behar adinako segurtasunarekin.

-Jasotako gaiak, kalitatearen eta kopuruaren aldetik, aurretiaz egindako eskariarekin bat datozen begiztatuko da.

-Lehengaiak honela biltegiratuko dira:

-Barneko arauek agintzen duten ontzian.

-Barneko arauek agintzen duten lekuan.

-Barneko arauek ezartzen dituzten baldintzak betez.

-Behar bezala identifikaturik eta segurtasunarekin.

1.2. Laginak hartzea kalitatea kontrolatzeko, aurretiaz ezarritako material kopuruak hartuz eta baldintzak betez eta tresna egokiak erabiliz.

-Lagina hartuko da, ezarritako arauei jarraituz, kasuan-kasuko lehengai edo produktuari eta berarekin egin behar diren saiakuntzei dagokien moduan.

-Lagina identifikatuko da, ezarritako kodeak erabiliz, eta kalitate-kontrolaren arduradunei eskuratuko zaie.

1.3. Analisi errazak egitea, ezarritako denboran eta moduan eta ezarritako segurtasun-arauak betez.

-Aztertu beharreko ezaugarriak eta analisian erabili beharreko tresnak identifikatuko dira.

-Saiakuntzarako tresnak eta materialak trebetasunez eta arretaz erabiliko dira.

-Erreaktiboak eta saiakuntzarako materialak ahalik ongien erabiliko dira.

-Ezarritako saiakuntza-prozedurak beteko dira eta lana ahalik arinen burutuko da.

-Neurriak eta saiakuntzaren emaitzak behar bezain zehatzak izanen dira.

-Kalkuluak zuzen eginen dira.

-Segurtasunari buruzko arauak beteko dira.

1.4. Lanaren emaitzei buruzko datuak erregistratzea eta lanean izandako gora-beheren berri ematea.

-Jasoketa, biltegiratze eta ontziraketari buruzko datu guztiak egiaztatu eta erregistratuko dira, euskarri egokietan, ezarritako prozedurak betez eta ezarritako kodeak erabiliz.

-Datuek agerian jartzen dituzten garrantzizko akatsen berri emanen da eta behar izanez gero, ahal bada, akats horiek konpontzeko prozesuei ekinen zaie.

b) Lanbide eremua.

Produkziorako bitartekoak: Garraio sistemak: Solidoak garraiatzeko zintak eta fluidoen bideak. Biltegiratzeko sistemak: Zisternak, tankeak edo biltegiak. Neurketak eta saioak egiteko ekipoak eta tresnak: Balantza, emaria neurtzekoa, zunda, dentsimetroa, biskosimetroa, manometroa, konduktimetroa, pHmetroa, termometroa, kalorimetroa eta analizatzaile automatikoa. Laginak hartzeko tresnak.

Tarteko materialak eta produktuak: Lehengai kimikoak (solidoak, fluidoak, organikoak eta ez-organikoak, naturalak eta sintetikoak), produktu kimikoak, produktuak atontzeko materiala (ontziak, hesgailuak, etiketak).

Produktuak edo lanaren emaitzak: Lehengaiak eta produktuak biltegiraturik eta erabiltzeko prest. Laginak.

Prozesuak, metodoak eta prozedurak: Jarduteko prozedura normalizatuak (biltegiratzea, saiakuntzak, ontziraketa). Lehengaiekin saiakuntzak egiteko eta haien laginak hartzeko metodoak. Produktu kimikoen segurtasunari buruzko arauak eta ingurugiroa babestekoak.

Informazioa: erregistro informatikoaren aplikazio kimikoak, albaranak, garbiketa eta artapenari buruzko arauak.

Langile edota erakunde hartzaileak: Lehengaien eta produktuak atontzeko gaien hornitzaileak. Produktu kimikoak eskatzen dituzten bezeroak. Kalitatea kontrolatzeko departamentua.

2. gaitasun unitatea: prozesu kimikorako instalazioak prestatzea eta zerbitzu osagarriak baliatzea.

a) Errealizazioak eta errealizazio irizpideak.

2.1. Prozesuak behar duen egoera termikoa sortzea, sorgailuak, trukagailuak eta hotz-unitateak erabiliz.

-Labeak edo hotz-zirkuituak lanerako prest utziko dira, beraiek abiarazteko eragiketa guztiak egin ondotik, behar den hurrenkeran eta lan-arlo berean diharduten gainerako ekipoekin sinkronizaturik.

-Labeak edo hotz-zirkuituak prozesuak behar duen tenperaturan edukiko dira produkzioak dirauen bitarte osoan; horretarako, eskuz eraginen zaie prozesuaren erregulatzaileei edota kontrol-bitartekoei.

-Labeak edo hotz-zirkuituak geratu behar diren unean beraiek gerarazteko eragiketak eginen dira, hurrenkera egokian eta lan-arlo bereko gainerako ekipoekin sinkronizaturik.

-Bero-trukerako ekipo eta sistemen sarrerako eta irteerako tenperaturak beti kontrolpean edukiko dira, prozesuak behar duen mailan; kontrola eskuz edo/eta prozesuen kontrol automatikorako sistemaren bitartez eginen da.

-Prozesuan zehar ekipoak nola dauden begiratuko da, haien mantenimendu-beharrizanei antzemateko.

-Prozesuan ezusteko arazoren bat sortzen bada horren berri emanen da eta zuzentzeko neurri egokiak jarriko dira.

2.2. Ur-lurruna sortzea, prozesuak behar duen moduan, eta lurrun-galdarekin lan egitea.

-Galdarak lanerako prest utziko dira, beraiek abiarazteko eragiketa guztiak hurrenkera egokian egin ondotik.

-Galdarek uneoro prozesuak behar duen presioa izanen dute; horretarako galdarak eskuz kontrolatuko dira edo/eta prozesuen kontrol automatikorako sistemak erabiliko dira.

-Galdarak geratu behar diren unean beraiek gerarazteko eragiketak eginen dira, hurrenkera egokian.

-Prozesuan ezusteko arazoren bat sortzen bada horren berri emanen da eta zuzentzeko neurri egokiak jarriko dira.

2.3. Prozesua airez edo bestelako gasez hornitzea, ezarritako baldintzak betez.

-Egokitzapen-sistemak funtzionatzeko prest utziko dira, beraiek abian jartzeko eragiketak hurrenkera egokian burutu ondotik.

-Egokitzapenak prozesua bukatu arte iraunen du.

-Egokitzapen-sistemak geratu behar diren unean beraiek gerarazteko eragiketak eginen dira, hurrenkera egokian.

b) Lanbide eremua.

Produkziorako bitartekoak: Beroa sortzeko ekipoak (labeak). Lurruna sortzeko ekipoak (lurrun-galdarak). Lurrun-galdaretarako ura tratatzeko ekipoak. Hozkuntzarako ekipoak. Bero-trukagailuak. Airea prozesurako egokitzeko ekipoak. Tresnak erabiltzeko eta ekipoak kontrolatzeko sistemak. Erabiltzeko mantenimendurako tresnak eta erremintak.

Tarteko materialak eta produktuak: Mantenimendurako produktuak (koipeak, disolbatzaileak, olio lubrifikatzaileak etab.). Erregaiak (gasak, likidoak). Gas geldoak eta deshidratatzaileak.

Produktuak edo lanaren emaitzak: Prozesuaren zerbitzu osagarriak: beroa, hotza, ur-lurruna eta prozesurako egokitutako airea.

Prozesuak, metodoak eta prozedurak: Lan egiteko prozedura normalizatuak. Mantenimendu plana. Ekipoak eta tresnak ongi daudela egiaztatzeko metodoak.

Informazioa: Lan-baimena. Segurtasunari buruzko arauak. Lan-agindua. Makinen historikoa. Ekipoei buruzko eskuliburuak. Prozesuaren diagrama. Energi fluxuaren diagrama. Lurrun-galdarei buruzko erregelamendua.

3. gaitasun unitatea: prozesu kimikoko lanak egitea.

a) Errealizazioak eta errealizazio irizpideak.

3.1. Bere kargu dituen ekipoak eta lan-gunea garbi eta behar bezala atondurik edukitzea.

-Lana bukatu ondotik lan-gunea hondakinetatik garbituko du edo lana egin dutenei garbitzen lagunduko die.

-Beraren kargu dagoen lan-gunea garbitu eginen da produktu edo hondakinen bat isurtzen denean.

-Elementu osagarriak (laginen ontziak, suteetarako ekipoak, babesak eta bestelakoak) ordenaturik eta euren lekuetan edukiko dira.

3.2. Lehen mailako mantenimendua egitea eta bere lan-arloko beste makina eta instalazio batzuen mantenimendu lanak prestatzea/zaintzea, mantenimendu-fitxan agindutako moduan eta ezarritako prozedurari jarraituz.

-Mantenimendurako fitxa edo plana oinarri harturik, esleituta dituen ekipoak eta elementuak ongi funtzionatzeko prest egon daitezen lortuko du. Horretarako ondoko lanak eginen ditu:

.Lanean ari diren ekipoak koipeztatzea.

.Analisi errazak egiteko erabili behar dituen tresnen mantenimendua edo kalibraketa.

.Suteen kontrako eta langileak babesteko ekipoen mantenimendua.

.Ekipoen elementuak garbitzea, eskura dituen bitartekoekin ahal badu (adibidez, iragazkiak garbitzea).

-Prozesuko ekipoak mantenimendu lanetarako prest utziko dira, horretarako egin behar diren gauzak ezarritako hurrenkeran egin eta gero:

.Prozesuko ekipoak geldiaraztea, ezarritako sekuentziari jarraituz.

.Ekipoak inertetzea, lurruna edo gas geldoren bat (nitrogenoa eskuarki) haietan zehar iragaziz.

.Ekipoak edo makinak itsutzea, disko itsuak edo bestelako elementuak instalatuz.

-Lan-guneko giroa mantenimendu-lanak egiteko egokia dela egiaztatuko da, analisi edo egiaztapen hauen bitartez:

."Lan-baimen"ean agindutako giro-analisiak egitea bere bitartekoak edo besterenak erabiliz: lehertzeko arriskurik eta gai toxikorik ba ote dagoen, arnasa hartzerik badagoen.

.Ekipoen egoera aztertzea eta behar denean ekipoak itsutzea.

-Lanak egiten diren bitartean uneoro "lan-baimen"ean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betetzen direla egiaztatuko da.

3.3. Prozesurako materialak banatzea, solidoak edota fluidoak behar bezala garraiatuz.

-Balbulak eta ponpa edo konpresoreak behar bezala atonduko dira, fluidoa bere iturritik helbururaino bideratu dezaten.

-Fluidoaren emaria prozesuari edo punpaketa-programari dagokion moduan kontrolatuko da.

-Solidoak garraiatuko dira, horretarako ezarritako garraiabideak edo zirkuitua erabiliz, eta aurretik ezarritako programa betez.

3.4. Nahasturak eta disoluzioak egitea, prozesurako ezarritako prozeduren bidez.

-Formulazioa emanda, nahastura egiteko kalkuluak eginen dira.

-Agindutako konposizioa/kontzentrazioa duen nahastura/disoluzioa prestatuko da.

-Nahastura/disoluzioa prestatzeko ekipoa eta haren funtzionamendu-denbora kontrolatu eginen dira.

3.5. Nahastura batetik osagai solidoak edota fluidoak bereiztea, banaketa mekaniko egokiaren bitartez, eta eskatutako ezaugarriak dituen emaitza lortzea.

-Osagaiak banatzeko sistema aukeratuko da, haien ezaugarriak eta xedea kontuan harturik eta ezarritako arauei jarraituz.

-Banaketa-ekipoa zerbitzurako eta lan egiteko prest jarriko da. Horretarako egin behar diren eragiketak ezarritako hurrenkeran eginen dira eta fabrikazioan parte hartzen duten beste prozesuekin sinkronizatuko dira.

-Prozesua kontrolaturik edukiko da bukatu arte eta produktuak bereiz edukiko dira, aurretiaz zehaztutako eran.

-Ekipoa geldiaraziko da, eta horretarako egin behar diren eragiketak ezarritako hurrenkeran eginen dira.

-Prozesuan ezusteko arazoren bat sortuz gero horren berri emanen da, eta ahal bada arazoa zuzentzeko neurriak jarriko dira.

3.6. Osagai solidoak edota fluidoak difusioaren bidez bereiztea, ezarritako baldintzak betez eta agindutako kontrolak eginez.

-Osagaiak banatzeko sistema aukeratuko da, haien ezaugarriak eta xedea kontuan harturik eta ezarritako arauei jarraituz.

-Banaketa-ekipoa zerbitzurako eta lan egiteko prest jarriko da. Horretarako egin behar diren eragiketak ezarritako hurrenkeran eginen dira eta fabrikazioan parte hartzen duten beste prozesuekin sinkronizatuko dira.

-Prozesua kontrolaturik edukiko da bukatu arte eta produktuak bereiz edukiko dira, aurretiaz zehaztutako eran.

-Ekipoa geldiaraziko da, eta horretarako egin behar diren eragiketak ezarritako hurrenkeran eginen dira.

-Prozesuan ezusteko arazoren bat sortuz gero horren berri emanen da, eta ahal bada arazoa zuzentzeko neurriak jarriko dira.

3.7. Produktu kimiko jakinak prozesuko erreakzio kimiko jakinen bitartez lortzea, erreakzio-ekipoak ongi erabiliz.

-Erreakzio-ekipoak zerbitzurako eta lan egiteko prest jarriko dira. Horretarako egin behar diren eragiketak ezarritako hurrenkeran eginen dira eta fabrikazioan parte hartzen duten beste prozesuekin sinkronizatuko dira.

-Erreakzioa uneoro kontrolaturik edukiko da eta aldagaien balioei aurretiaz ezarritako tarteetan eutsiko zaie.

-Prozesuan zehar egin behar diren tarteko lanak, hala nola gehikuntzak, doikuntzak, lagin-bilketak etab., behar denean eta ezarritako baldintzak betez eginen dira.

-Ekipoa geldiaraziko da, eta horretarako egin behar diren eragiketak ezarritako hurrenkeran eginen dira.

-Prozesuan ezusteko arazoren bat sortuz gero horren berri emanen da, eta ahal bada arazoa zuzentzeko neurriak jarriko dira.

3.8. Produktu kimikoak ontziratzea, aurretik ezarritako eta kalitate-kontrolean ontzat emandako atonketa-materialak erabiliz.

-Ontziratze-lerroan behar diren material eta ontzi guztiak prestatuko dira.

-Ontziratze-lerroa aurretik ezarritako prozedurei jarraituz gidatuko da.

-Produktuak behar bezala ontziratuko dira, ontziak behar adina beteko dira eta agindutako eran itxiko dira, etiketak behar bezala jarriko zaizkie eta biltegiratzeko edo bidaltzeko prest utziko dira.

b) Lanbide eremua.

Produkziorako bitartekoak: Solidoak garraiatzeko ekipoak (mekanikoak eta hondo fluidokoak) eta fluidoak garraiatzekoak (pneumatikoak). Banaketa mekanikorako ekipoak: Baheak, banagailu magnetikoak eta elektroforetikoak, sedimentadoreak, zentrifugak eta iragazkiak. Difusio bidezko banaketarako ekipoak: Erauzgailuak, adsortzio-aparatuak, trukagailu ionikoak, absortzio-dorreak, kristalizadoreak, distilagailuak eta artezgailuak, lurrungailuak, lehorgailuak, hezagailuak, likidotzekoak eta liofilizagailuak. Desintegrazio, nahasketa eta disoluziorako ekipoak: Hauskailuak, birringailuak, ehogailuak, aglomeragailuak, nahasgailuak, fluidifikagailuak, sakabanagailuak, bitsa kentzekoak, emultsifikagailuak, eragingailuak. Presioa eta hutsa sortzeko ekipoak: punpak, konpresoreak eta husteko eiektoreak. Erreaktoreak eta elektrolisi-upelak. Tresneria eta ekipoak erregulatzeko sistema. Txanden liburua. Ontziratze eta paketatze lerroak.

Tarteko materialak eta produktuak: Lehengai naturalak edo sintetikoak. Beroa, ur-lurruna eta prozesurako egokitutako airea.

Produktuak edo lanaren emaitzak: Produktu kimiko naturalak edo sintetikoak, kalitate kontrolatua dutenak.

Prozesuak, metodoak eta prozedurak: Hainbat prozesu kimiko, hurrenez hurreneko oinarrizko eragiketen bitartez lortzen direnak. Jarduteko metodo idatziak.

Informazioa: Jarduteko prozedura normalizatuak (SOP), ongi fabrikatzeko arauak (GMP). Materiaren eta energiaren fluxuen diagramak eta erdigrafikoak. Lantegiaren eta prozesuko elementuen planoak eta eskemak. Jarduteko baldintzak. Fabrikaziorako gida, lan-agindua.

4. gaitasun unitatea: prozesu kimikoa kontrolatzea.

a) Errealizazioak eta errealizazio irizpideak.

4.1. Prozesu etengabeak eta etenak abiarazten parte hartzea, prozedura egokien bidez eta eragiketak sinkronizatuz.

-Prozesuak abiarazteko eta geldiarazteko jarraibideak ulertu eginen dira eta zuzen deskribatuko dira.

-Ekipoak prozesurako prestatuko dira.

-Kontrol tresnek eta neurgailuek ongi funtzionatzen duten begiztatuko da.

4.2. Prozesuan esku hartzea, kontrolerako tresnak erabiliz, behar bezalako lan-erregimena lortu arte.

-Prozesua abiarazten den bitartean eta geldialdietan kontrol-sistemari kontsigna-puntuak emanen zaizkio, ezarritako eragiketa-segidari jarraituz.

-Lan-erregimen egokia lortutakoan kontrol-sistemari kontsigna-puntuak emanen zaizkio, ezarritako produkzio-planen arabera.

-Prozesuan behar ez diren aldaketak gertatzen direnean kontsigna-puntuak zuzendu eginen dira, kontrolatutako aldagaien balioei finko eusteko.

-Kontrol-sistematik kanpo dauden elementuekin lan egiteko jarraibideak emanen dira.

-Prozesuan ezusteko arazoren bat gertatuz gero horren berri emanen da eta zuzentzeko neurriak jarriko dira.

4.3. Prozesuko aldagaiak neurtzea, neurgailu egokiekin eta ezarritako maiztasunarekin.

-Kontrol-sistemaren pean dauden aldagaien etengabeko neurketari eutsiko zaio.

-Kontrol-sistematik kanpo dauden aldagaiak aldian-aldian neurtuko dira, behar adinako maiztasunarekin.

-Kontrolatu beharreko magnitudearen arabera, neurgailu egokiak erabiliko dira.

-Hartzen diren neurriak prozesuaren egoerarekin bat datozela egiaztatuko da, eta kontrol-sistemako tresnen mantenimendu-beharrizanei antzemanen zaie.

4.4. Prozesua kontrolatzea, produkzio-planaren arabera.

-Prozesuko aldagaien balioak produkzio-planean ezarritako balioekin erakatuko dira.

-Prozesuko aldagaien balioei produkzio-planean ezarritako mailetan eutsiko zaie, parametro egokiak zainduz.

-Kontrolatutako aldagaien eta produkzio-planaren arteko aldeen berri emanen da.

4.5. Neurketetan edo kontroletan bildutako datuak erregistratzea, horretarako ezarrita dauden prozedurak ezarritako epean eta hurrenkeran betez.

-Prozesuko aldagaien bilakaerari buruzko datuak euskarri egokietan erregistratuko dira, horretarako ezarrita dauden prozedurak ezarritako epean eta hurrenkeran betez.

-Datuak baliozkotu eginen dira erregistratu aurretik.

b) Lanbide eremua.

Kontrolerako bitartekoak: Neurgailuak (manometroa, termometroa, pHmetroa, higrometroa, biskosimetroa, dentsimetroa, lineako analizatzaileak). Erregulaziorako elementuak (balbulak, punpak eta konpresoreak). Kontrol-begiztak sentsore, transmisore eta kontroladorearekin, aktuadorea. Kontrol-panela eta kontrol logiko programagarria.

Tarteko materialak eta produktuak: Lantokiko tekniariaren informazioa. Tresnen eta erregulatzaileen seinaleak.

Produktuak edo lanaren emaitzak: Erregistro-orriak eta kontrol-gutunak.

Prozesuak, metodoak eta prozedurak: Neurtzeko sistemak. Doitu eta erregulatzeko sistemak. Kontrolerako metodoak (tarte zatitua, jauzia etab.).

Informazioa: Prozesuaren diagrama. Materia eta energiaren fluxuen diagrama. Jarduteko prozedura normalizatuak. Fabrikazio-agindua. Datuak eskuz erregistratzeko sistemak eta sistema elektronikoak.

Langile edota erakunde hartzaileak: Eragiketak egiten dituzten langileak, kontrol automatikoaren eta ez-automatikoaren emaitzen berri jaso behar dutenak. Kalitatea kontrolatzeko departamentua.

5. gaitasun unitatea: Fabrikazio onari, segurtasunari eta ingurugiroari buruzko arauak betez jardutea.

a) Errealizazioak eta errealizazio irizpideak.

5.1. Ekipoak, instalazioak eta lan-guneak erabiltzean barneko segurtasun-arauak betetzea.

-Lan guztiak segurtasunari buruzko barneko arauak betez eginen dira.

-Arlo sailkatuetan egiten diren lanetan, barneko araudia betetzen dituzten erremintak, babesak eta ekipoak erabiliko dira.

-Ez-ohiko edo ezusteko egoeren berri emanen da eta ahal bada horiek zuzentzeko neurriak hartuko dira.

5.2. Segurtasunari, ingurugiroari eta arrisku kimikoari buruzko barneko arauak lanean aplikatzea.

-Beraren ardurapeko lan-gunean egiten diren lanetan segurtasunari eta ingurugiroari buruzko barneko arauak beteko dira.

-Lan-giroaren parametroei behar bezalako mailan eutsiko zaie; haren anomaliak jakinarazi edota zuzendu eginen dira eta anomaliak eragiten dituzten ekipoetan esku hartuko da.

5.3. Langileak arriskuan egotea saihestea, banakoentzako babes-ekipoak erabiliz.

-Lanean banakoentzako babes-ekipoak erabiliko dira hala behar denean, ezarritako prozeduren arabera.

-Ekipo egokia aukeratuko da.

-Ongi erabiliko da.

-Berriro erabiltzeko moduan utziko da.

5.4. Larrialdietan behar bezain arin eta behar bezala jokatzea.

-Eskura dauden bitartekoak erabiliko dira larrialdia kontrolatzeko.

-Larrialdia kontrolaturik dagoenean horren berri emanen da, behar diren neurriak har daitezen berriro gerta ez dadin, norberak halako neurriak hartzeko biderik ez badu.

-Larrialdia kontrolatzerik ez dagoenean alarma joko da, larrialdietarako planak bete daitezen.

-Larrialdietarako planak indarrean dauden bitartean haietan ezarri bezala jokatuko da.

-Larrialdietan norberaren irizpideen arabera eta hartutako prestakuntzaren arabera jokatuko da.

5.5. Txanda hartzera datozen lankideekin eta beste departamentu batzuekin ongi koordinatzea.

-Txanda hartzera datorren lankideari ekipoen eta prozesuaren egoerari buruzko behar adina informazio emanen zaio euskarri egokian. Halaber, bere ardurapeko arloan egiten ari diren mantenimendu-lanen berri emanen zaio.

-Gainerako unitate organikoekin egokiro komunikatuko da, bere ardurapeko lanak hala eskatzen duenean, fabrikazioak ongi egin dezan aurrera.

-Nagusiei behar duten informazioa emanen die gainerako unitate organikoekin komunikatu eta koordinatu ahal izan daitezen.

5.6. Produkzio kimikoaren edota arazketaren prozesua zaintzea, ingurugiroa babesteko neurriak errespetatuz.

-Produkzio edota arazketa ekipoek kanporatzen dituzten hondakin solidoen, likidoen eta gaseosoen kopurua, konposizioa eta kontzentrazioa zainduko dira.

-Produkziorako, arazketarako edo hondakinak sakabanatzeko ekipoak ongi funtzionatzen duela egiaztatuko da.

-Laginak hartuko dira eta horiekin saiakuntzak eginen dira ingurugiroa zaintzeko (OEB, OEK, uraren pH, sedimentuak, keak).

-Emaitzak erregistratu eginen dira eta prozeduretan ingurugiroari buruz dauden preskripzioekin erkatuko dira, eta norberaren eskumen-eremutik kanpoko anomalia ororen berri emanen da.

b) Lanbide eremua.

Produkziorako bitartekoak: Langileak babesteko ekipo normalizatuak (jantziak, botak, kaskoak, betaurrekoak etab.). Babeserako aparatuak (gas jarioen detektagailuak, suaren detektagailuak, begiak garbitzekoak, dutxak, suitzalgailuak). Makina eta instalazioetako segurtasun-aparatuak. Giroaren egoera detektatzeko eta horren parametroak neurtzeko aparatuak (isurkiak irteten diren guneetan instalatutako monitoreak, airearen laginak hartzeko aparatuak, uraren laginak hartzeko aparatuak, pHmetroak, termometroak, uretan disolbatutako oxigenoaren analizatzaileak, errekuntza-gasen analizatzaileak, airean edo uretan egon daitezkeen konposatu jakinen analizatzaileak). Giroko parametroak neurtzeko tresna eramangarriak. Larrialdietarako ekipo finkoak eta mugikorrak (mahukak, suitzalgailuak, suteetarako eskilarak). Arazketarako ekipoa (dekantagailuak, flotagailuak, iragazkiak, haizagailuak, iragazki biologikoak, zentrifugak). Kontrolerako ekipoa. Txanden liburua.

Tarteko materialak eta produktuak: Produkzio edota arazketa prozesuko isurkiak eta hondakinak.

Produktuak edo lanaren azken emaitzak: Prozesu kimikoaren arrisku fisiko, kimiko eta mikrobiologikoak saihesteko eta horiei aurka egiteko neurriak.

Prozesuak, metodoak eta prozedurak: Ongi fabrikatzeko arauak (GMP). Larrialdietan jarduteko prozedura normalizatua, larrialdietarako barneko planaren arabera antolatua. Larrialdiak ekiditeko eta larrialdiei aurre egiteko ekipoen erabilerari buruzko eskuliburuak. Langileen segurtasunari eta higieneari buruzko arauak. Produktu toxikoen, erreberen eta korrosiboen arriskuak saihesteko prebentziozko metodoak.

Informazioa: Segurtasunerako arauak eta seinaleak. Lan-gaztiguak. Gora-beheren liburuak. Isurkiei buruzko preskripzioak.

1.2. Lanbide gaitasunaren bilakaera.

1.2.1. Faktore teknologiko, antolamenduzko eta ekonomikoen aldaketak.

Prozesuen automatizazioa areagotu eginen da: instalazio berriak automatizazio handiagoarekin diseinatuko dira eta lehendik dauden instalazioetan automatizazioa gehitu eginen da. Kontrol banatuko sistemen erabilera hedatuagoa eta konplexuagoa izanen da, kontrol modulatuaren pean dauden aldagaien kopurua handitu eginen da, kontrolerako sistema sekuentzialak (CLP) eta teleagintea gehiago erabiliko dira. Era berean, gehiago erabiliko dira lineako analizatzaileak eta kontrol logiko programagarria.

Enpleguari dagokionez, industri instalazioetan teknikari honentzako lanpostuen kopuruak behera eginen du, oro har. Enpleguaren hazkundea kimika sektorearen hazkundearen menpe egonen da.

Informazioak bateratu eginen dira: Euskarri informatikoa duten informazio sistema berrietan bilduko dira kudeaketarako behar diren datu guztiak: prozesuari buruzko datuak, kontrol banatuko sistemetatik zuzenean lortutakoak; biltegietako datuak, kalitate-kontrolari buruzkoak, mantenimenduari buruzkoak etab., eta bai kontabilitateko datuak eta kudeaketaren ratioak ere.

Lanpostuak malguagoak izanen dira: paneletik egiten diren kontrol lanak eta kanpoan egiten direnak, gaur egun ez dira langileak bere bizitza profesionalean zehar aldi berean egin ohi dituenak, baina aurrerantzean ohikoagoa izanen da lan horiek batera egitea. Aldaketa horren ondorioz beharrezkoagoa izanen da prestakuntzan lan mota bi horiek batera jorratzea.

1.2.2. Lanbide jardueretako aldaketak.

Prozesuen automatizazio handiagoaren ondorioz, eskuzko lanak gutxitu eginen dira bai prozesuan eta bai haren kontrolean, eta kontrol sistemen bidezko lanak gehitu eginen dira. Kontrol sistemez arduratzen diren langileen erantzukizuna handiagoa izanen da. Laginak hartzeko eta analisi errazak egiteko lanak gutxitu eginen dira, eta lineako analizatzaileak gehitu.

Informazioaren integrazio handiagoaren ondorioz, datuak eskuz biltzeko eta erregistratzeko jarduerek garrantzia galduko dute eta informazio sistemek darabiltzaten datuen baliozkotzeak garrantzia hartuko du. Datuak eskuz biltzen segituko duten lantokietan ere euskarri informatikoa gero eta gehiago erabiliko da haiek erregistratzeko.

Lanpostuen malgutasunaren ondorioz, lanbide-figura honek, oro har, ekipo eta instrumentuen mantenimenduaren inguruko lanen gaineko eskumena bereganatuko du.

1.2.3. Prestakuntzako aldaketak.

Prozesuak kontrolatzeko aplikazio informatikoak ezagutu beharko dira. Analisiak egiteko sistema automatizatuak ere ezagutu beharko dira, nola lantegikoak (lineako analizatzaileak) hala laboratoriokoak, eta bai analisien erregistro automatikoa eta informatikoa ere.

Kimika-fisikako ezaguerak eta hauek kimika industrialari aplikatzekoak gehitu egin beharko dira.

Automatizazioari, automatizazioaren erregulazioari eta prozesuko aldagaiak neurtu eta kontrolatzeko elementuei buruzko ezaguera teknologikoak beharko dira.

Mekanika eta elektrizitatearen arloetako oinarrizko ezaguerak beharko dira, ekipo eta tresnen lehen mailako mantenimendua egiteko. Sistema informatikoak erabiliko dira aurrearretazko mantenimendua egiteko.

1.3. Kokapena produkzio prozesuan.

1.3.1. Lanbide eta lan ingurunea.

Teknikari honek kimika sektorean jardunen du, produkzio arloan.

Teknikari honek azpisektore nagusi hauetan egin dezake lana:

-Oinarrizko kimika: petrolioaren errefinaketa, petrokimika, gasak, kimika ez-organikoa, kimika organikoa, ongarriak, lehen mailako gai plastikoak, kautxu sintetikoa, pigmentuak eta zuntz sintetikoak.

-Kimika eraldatzailea: Pinturak, bernizak, lakak, itsasgarriak, inprimatzeko tindagaiak, argazkigintzarako material sentikorra, olio esentzialak eta substantzia aromatikoak, ehungintza eta larrugintzarako kolak eta jelatinak; xaboiak, detergenteak, lisibak, lehergaiak, argizaria eta parafinak.

-Beste produkzio sektore batzuetan, kimikako oinarrizko lanak egiteko instalazioak egonez gero (arazketa, metalurgia etab.).

Oro har, gorago aipaturiko produktuak fabrikatzen dituzten enpresa handi edo ertain, publiko zein pribatuetan.

Ekipoen mantenimenduarekin eta kalitate-kontrolarekin lotura duten lanetan, harreman funtzionalak izanen ditu lan horien arduradunekin.

1.3.2. Ingurune funtzionala eta teknologikoa.

Lanbide-figura honen jarduerak, batik bat, eginkizun eta azpieginkizun hauek beteko ditu: produkzioa/prestaketa, burutzapena, kontrola, manipulazioa eta ontziraketa.

Teknikak eta ezagutza teknologikoak kimika industrialaren eremukoak dira, eta zuzeneko lotura dute ondotik aipatuko diren prozesu eta ezagutzekin:

-Fabrikazio prozesua: kimika lantegiko ohiko ekipoen multzoa, eta eskala handian eta prozesu etengabeen bitartez oinarrizko lanak egiteko prozesuen kontrolerako tekniken multzoa.

-Substantzia kimikoen ezaugarri eta propietateei buruzko ezaguerak, haiek behar bezala erabiltzeko eta dituzten arrisku kimikoak saihesteko.

Eginbeharrak, lanpostu-eredu garrantzitsuenak.

Adibide gisa, eta batez ere lanbideari buruzko orientazioa helburu izanik, jarraian aipatuko dira tituluaren profilean zehaztutako lanbide gaitasuna eskuratuta bete daitezkeen eginbehar edo lanpostuak:

Kimika lantegiko operadorea, kanpoko operadorea, galdaren operadorea/gidaria, labeen operadorea/gidaria, distilazioaren operadorea/gidaria, nahasketen operadorea/gidaria, lehorketaren operadorea, lehengaiak prestatzeko operadorea, erreakzioen operadorea, polimerizazioaren operadorea, paneleko operadorea edo panelzaina, kontrolaren operadorea.

Egin litezkeen espezializazioak:

Deskribatutako lanbide-figurak, behin lanpostu jakin batean lanean hasiz gero, hainbat espezializazio lor ditzake, baina horretarako lanpostuan prestakuntza/egokitzapen aldia egin beharko du. Figura honen espezializazioa prozesu motari loturik dago (etengabea edo etena) eta kasuan-kasuko baldintzen eta kontrol-moten araberakoa izanen da.

2. Curriculuma.

2.1. Heziketa zikloaren helburu orokorrak.

.Materiaren propietate fisikokimikoak neurtzeko erabili behar diren terminoak, ikurrak, instrumentuak eta metodoak ezagutzea edota aplikatzea eta prozesu kimikoen kontrola egitea.

.Prozesu kimikoko oinarrizko lan nagusiak interpretatzea, aztertzea eta egitea, prozedura egokiak betez, eta agindutako ezaugarriak dituzten osagai eta produktuak lortzea.

.Prozesu kimikoen kontrolari buruzko seinale edo informaziorik adierazgarrienak kontrolatu beharreko materiaren aldagai fisikokimikoekin eta prozesua erregulatzeko elementuetan eta kontrolatzeko sistemetan egin behar diren jarduketekin lotzea, prozesuan gerta litezkeen desbideraketei antzematea eta halakoak zuzentzeko zein neurri hartu behar diren jakitea.

.Lan-baldintzek norbanakoen eta taldearen osasunean eta ingurunean izan ditzaketen ondorioez jabetzea, lan egiteko baldintzak prebentziozko neurrien eta babes egokien bitartez hobetzeko.

.Erabiltzailearentzako informatika erabiltzea bere lanbide-jardueran, informazioa biltzeko, komunikatzeko eta kimika lantegia kudeatzeko tresna gisara.

.Industri jarduera arautzen duten legeak, haren esparru ekonomikoa eta antolamendua ulertzea eta lan-inguruneko harremanetatik sortzen diren eskubideak eta betebeharrak ezagutzea.

.Bere lanbideari buruzko informazio iturriak eta prestakuntza bideak bilatzea eta erabiltzea, kimikaren sektorea ezagutzeko, sektore horretan sartu ahal izateko eta bere lanbide-gaitasunak sektoreko aldakuntza teknologikoetara eta antolamenduzkoetara moldatu ahal izateko.

2.2. Lanbide moduluak.

1. lanbide modulua: Kimika aplikatua.

Iraupena: 192 ordu.

1. gaitasun unitateari lotua: gai kimikoak prestatzea eta haiekin saiakuntzak egitea.

a) Amaierako gaitasunak eta ebaluazio irizpideak.

1.1. Gai kimikoak deskribatzea, haien propietateak, formulak eta izenak azalduz, modu egoki eta seguruan sailkatu eta manipulatu ahal izan daitezen.

.Substantzia bakunak eta konposatu kimikoak identifikatzea, ontziak markatzeko sistemen laguntzaz edo zehaztapen teknikoei buruzko agirien laguntzaz, haiek behatuz eta haien propietateak erkatuz.

.Konposatu kimikoen formulazio eta nomenklaturari buruzko ariketak egitea, nazioarteko arauak erabiliz; zein motatako loturak dituzten adieraztea, beraiek osatzen dituzten elementuen propietateak eta sistema periodikoan duten lekua kontuan hartuz.

.Konposatu kimikoak beren talde funtzionalaren eta egoera fisikoaren arabera sailkatzea.

1.2. Kontzentrazio jakineko eta mota ezberdinetako disoluzioak prestatzea, teknika eta ekipo egokiak erabiliz.

.Disoluzioek beren fase fisikoaren eta kontzentrazioaren arabera izan ditzaketen ezaugarriak azaltzea.

.Disoluzioak prestatzeko kalkuluak egitea, haien kontzentrazioak unitate ezberdinetan emanda.

.Disoluzioa prestatzeko erak bereiztea, kontzentrazio-unitateen arabera, eta disoluzioak egiteko etapak eta ekipoak zein diren esatea.

.Disoluzioak eta horien diluzioak prestatzea, masak eta bolumenak neurtuz eta disoluzioak prestatzeko teknika behar adinako segurtasunarekin erabiliz.

1.3. Erreakzio kimikoen motak bereiztea, eta bai erreakzioen zinetikan eragina izan dezaketen faktoreak ere.

.Analisian, sintesian eta arazketan izaten diren erreakzio mota guztiak identifikatzea.

.Azido-base arteko, hauspeaketako eta oxidazio-erredukzioko erreakzio kimikoei buruzko kalkulu estekiometrikoak egitea, erreakzioa exotermikoa edo endotermikoa den esatea, eta erreakzio kimikoetan parte hartzen duten substantzien kopuruak zehazteko ariketak egin eta problemak ebaztea.

.Laboratorioan erreakzioak dituzten prozesu kimiko errazak egitea, erreakzioaren abiadura aldarazten duten faktoreak identifikatzea, eta erreakzioan zehar azaltzen diren aldaketa garrantzitsuei antzematea, erreakzioaren bilakaera adierazten baitute.

1.4. Hainbat parametro neurtuta, substantzia bat identifikatu eta deskribatzea, saiakuntza fisikoak eta analisi kimikoak egiteko ezarritako prozedurei jarraituz.

.Jarraitu beharreko prozedura interpretatzea, egin beharreko eragiketak identifikatzea eta horiek neurtu beharreko substantziaren parametroekin erlazionatzea.

.Substantzien parametro fisikoak neurtzeko materiala, tresnak eta neurgailuak prestatzea.

.Analisia egiteko behar diren disoluzioak edo erreaktiboak prestatzea, prozedurari buruzko zehaztapenen arabera.

.Substantziak identifikatzeko kontuan hartu behar diren ezaugarrien balioak neurtzea (dentsitatea, biskositatea, irakite-tenperatura, urtze-tenperatura, pH, kolorea...).

1.5. Substantzia identifikatzeko egindako saiakuntzetan lortu diren datuekin kalkuluak eta grafikoak egitea eta emaitzak azaldu eta baloratzea.

.Eragiketa matematikoak zuzen egitea, datuen zeharkako neurketaren bidez emaitzak kalkulatzeko.

.Funtzioa eta neurtutako aldagaia grafikoan irudikatzea, eta datuak sartzea emaitzak lortzeko.

.Erreferentziako balioa eta identifikaziorako teknikaren bidez lortutako balioa erkatzea.

.Lortutako emaitzak dena-delako substantzia ziurtasunez identifikatzeko aski direla frogatzeko argudioak azaltzea.

1.6. Industri prozesu kimikoa kontrolatzeko laginak edo substantzia kimikoak analizatzeko laginak behar bezala hartzea.

.Industri prozesu kimikoetan substantzien laginak eskuz edo tresna automatikoen bidez hartzeko metodo nagusiak bereiztea.

.Materiaren egoera fisikoaren arabera laginak hartzeko zein ekipo eta tresna erabili behar diren esatea.

.Lagin-multzo adierazgarriak lortzeko ezarrita dauden prozedurak interpretatzea.

.Lagina hartzeko prozedura betetzea, lagina ontzi egokian sartzea eta giro egokian gordetzea, bere ezaugarriak kontuan harturik.

.Lagina bitarteko egokien bidez markatzea, patroietatik eta gainerako laginetatik bereizteko, eta lagin-bilketak industri jarduera kimikoan duen garrantziari ohartzea.

1.7. Saiakuntzetan eta manipulazioetan txukuntasuna, zorroztasuna eta garbitasuna agertzea.

.Esperimentuen emaitzak behar bezain zehatz azaltzea.

.Saiakuntzak egiteko materiala eta tresnak arretaz erabiltzea.

.Lantokia garbi eta txukun edukitzea, ekipoak eta tresna osagarriak garbitzeko teknikak erabiliz.

1.8. Industri biltegian gorde behar diren gai eta produktu kimikoak antolatu eta sailkatzea, haien ezaugarri fisikoak, jarduera kimikoa, haiek manipulatzearen arriskuak eta beraien toxikotasuna kontuan harturik.

.Gai eta produktu kimikoak antolatu eta biltegiratu behar diren kasu praktiko batean:

.Solidoak, likidoak eta gasak biltegiratzeko eraibltzen diren teknika eta ekipo nagusiak beriztea.

.Lehengaiak eta produktu kimiko bukatuak antolatzeko baldintza edota irizpide nagusiak identifikatzea.

.Industri biltegian gorde behar diren produktu kimikoak sailkatzeko erak bereiztea.

.Produktuak biltegian edukitzeko bete behar diren baldintzak kontuan harturik, haiek antolatu eta biltegiratzeko jokabide logikoren batzuk deskribatzea.

b) Edukiak.

.Materiaren egitura eta konposatu kimikoen lengoaia:

-Teoria atomiko-molekularra. Dalton-en teoria eta bilakaera. Gay-Lussac-en legea. Avogadroren hipotesia. Mol kontzeptua. Gas perfektuen legeak. Masa atomikoa eta masa molekularra.

-Atomoa. Thomson, Rutherford eta Bohr-en atomo-ereduak. Kuantu-zenbakiak. Egitura elektronikoa. Honen eragina elementuen erreaktibotasunean.

-Elementuen antolamendua Sistema Periodikoan eta propietate periodikoak (atomo-erradioa, ioi-erradioa, ionizazio-potentziala eta elektroi-afinitatea).

-Loturak: Lotura ionikoaren, kobalentearen eta metalikoaren azterketa. Konposatu ionikoen, substanzia kobalenteen eta substanzia metalikoen propietateak. Hidrogeno-loturak eta Van der Waals-en indarrak.

-Konposatu nagusien formulazioa eta nomenklatura. IUPACen arauak.

.Karbonoaren kimika:

-Karbono atomoa eta konposatu organikoak. Funtzio-taldearen kontzeptua. Nomenklatura eta formulazioa: hidrokarburoak, funtzio oxigenatuak (aldehidoa, zetona, azidoa, esterra eta eterra) eta funtzio nitrogenatuak (amina eta amida). Isomeria.

-Funtzio-talde nagusien erreakzio organikoen deskripzioa: ordezpena, adizioa eta eliminazioa.

-Kimika makromolekularra: sarrera. Polimero artifizialen garrantzia gizartean eta ekonomian. Kasu baten azterketa. Makromolekula naturalak. Haien garrantzia biologikoa.

.Teknika esperimentalak laboratorioan:

-Laboratorioan substantziak eta materialak manipulatzeko teknika orokorrak.

-Laboratorioko materiala garbitzeko teknikak.

-Produktu kimikoen identifikazioa.

-Materiaren masa eta bolumena neurtzea. Teknikak eta prozedura esperimentalak.

.Sistema sakabanatuak:

-Disoluzioak. Disoluzioen kontzentrazioa adierazteko eta kalkulatzeko erak. Erreaktiboak eta disoluzio-patroiak prestatzeko eta normalizatzeko prozedurak.

.Erreakzio kimikoetako aldakuntza materialak eta energetikoak:

-Transformazio kimikoen azterketa. Ekuazio kimikoen esanahia. Estekiometria. Erreakzio kimikoek zientzian, teknikan eta gizartean duten garrantzia.

-Termokimika. Erreakzio endotermikoak eta exotermikoak. Termodinamikaren lehen printzipioa. Entalpia kontzeptua. Hess-en legea.

-Entropiaren eta Gibbs-en energia askearen aldaketa erreakzioan. Aktibazio-energiaren kontzeptua. Prozesu kimiko interesgarri batzuetarako aplikazioak.

-Oreka kimikoak. Erreakzio kimikoen alderdi dinamikoa: oreka. Oreka-konstanteak: Kc eta Kp. Aplikazioak substantzia gaseosoen eta disoluzioen kasuetan. Oreka-egoeraren aldaketak. Le Chatelier-en legea. Honen garrantzia zenbait industri prozesutan. Erreakzio-abiaduraren eta berau erabakitzen duten faktoreen azterketa koalitatiboa. Katalizatzaileen erabilera zenbait prozesu industrial eta biologikotan.

-Protoi-transferentziako erreakzioak. Arrhenius-en eta Br”nsted-Lowry-ren teoria. Aplikazioak zenbait substantziatan. Azido-base orekak ur-ingurunean: uraren disoluzioa, pH kontzeptua. Azidoen eta baseen uretako disoziazio-konstanteak. Azido eta base gogorrak.

-Elektroi-transferentziako erreakzioak. Oxidazio eta erredukzio kontzeptuak. Oxido-erredukzioko erreakzioen doikuntza. Estekiometria. Substantzia oxidatzaileak eta erreduzitzaileak. Oxidatzaile eta erreduzitzaileen eskalaren bilaketa esperimentala. Erredukzio-potentzial normalak.

.Materiaren identifikazioa eta neurketak:

-Laginak hartzea: Laginak hartzeko metodoak, ekipoak eta prozedurak.

-Materia identifikatzen duten propietate fisikokimikoak (dentsitatea, urtze-tenperatura, irakite-tenperatura, bero espezifikoa). Esperimentuetarako tresnak, ekipoak eta prozedurak.

-Materiaren kopurua edo kontzentrazioa neurtzea. Industrian eta laboratorioan erabiltzen diren teknikak eta ekipoak. Azido-base eta redox bolumetrien azterketa esperimentalak.

.Kimikaren aplikazioak industrian eta laboratorioan:

-Gai kimikoak antolatzeko, sailkatzeko eta gordetzeko sistemak. Teknikak eta ekipoak.

-Izakinak identifikatu eta kontrolatzeko sistemak.

-Laboratorioko kimika eta industriako kimika: diferentzia nagusiak.

-Petrolioaren azterketa, distilazio eta craking bidez produktuak lortzeko iturri naturala den aldetik. Petrolioaren aplikazio materialak eta energetikoak.

-Prozesu kimiko itzulgarri bat: pilak eta elektrolisi-upelak. Redox prozesu baten aplikazioren bat eta industriarako eta ekonomiarako duen garrantzia aztertzea.

-Laboratorioan substantziaren bat lortzea eta lehengaietatik hura lortzeko industri prozesua aztertzea.

2. lanbide modulua: Prozesu kimikoaren zerbitzu osagarriak.

Iraupena: 128 ordu.

2. gaitasun unitateari lotua: prozesu kimikorako instalazioak prestatzea eta zerbitzu osagarriak baliatzea.

a) Amaierako gaitasunak eta ebaluazio irizpideak.

2.1. Beroa sortzeko ekipoen funtzionamendua aztertzea, haiek erabiltzeko eta kontrolatzeko parametroak eta prozesuak behar duen energia-hornidura erlazionatuz.

.Beroa sortzeko erabiltzen diren erregai motak identifikatzea, errekuntzan duten bero-ahalmenarekin eta haiek manipulatzearen arriskuekin erlazionatuz.

.Labe motaren bat deskribatzea, haren egitura, atal nagusiak eta industri prozesu kimikoetan dituen aplikazioak azalduz.

.Labea lanerako prestatzeko, abian jartzeko eta geldiarazteko hurrenez hurren egin behar diren gauzak eta labea mantenimendurako prestatzeko egin behar direnak azaltzea.

.Neurgailuak eta labea erregulatzeko tresnak erabiltzea, labearen energi hornidura eta segurtasuna kontrolatzeko, eta keak analizatzeko zuzeneko neurketak egitea.

2.2. Bero-trukerako ekipoen simulatzaile edo laboratorioko ekipo txikiak erabiltzea, bero-transferentziako lanak egiteko.

.Beroa transmititzeko erak bereiztea eta bero-trukerako gehien erabiltzen diren materialen bero-eroankortasunen taulak erabiltzea.

.Trukagailu motak identifikatzea eta lan egiteko moduaren eta industri prozesu kimikoetan dituzten aplikazioen arabera sailkatzea.

.Bero-trukagailuak substantzia eta bitarteko egokiez garbitzeko metodoak identifikatzea eta sor litezkeen inkrustazio motak identifikatzea.

.Bero-trukagailuren bat (lurrungailua, hozkailua, kondentsagailua edo irakigailua) abian jartzea, haren funtzionamendua zaintzea eta hura geldiaraztea, balbulei eraginez eta adierazleak (presioarena, tenperaturarena) kontrolatuz.

.Bero-trukagailuetako materia eta energiaren balantzearen kalkulu erraza egitea.

2.3. Lurrun-galda txikiak edo haien simulatzaileak erabiltzea prozesuan behar den ur-lurruna lortzeko.

.Ur-lurrunaren motak definitzea, mota bakoitzari dagokion energia zehaztea eta hori guztia ur-lurrunaren propietate termodinamikoekin erlazionatzea.

.Galdararen eskemak azterturik, galdararen atal nagusiak interpretatzea eta atalen, osagarrien eta erregulazio eta kontrol elementuen funtzioak adieraztea.

.Galdarak abian jartzeko, zerbitzuan jartzeko eta geldiarazteko hurrenez hurren egin behar diren gauzak identifikatzea, presioa aldarazten duten faktoreak interpretatzea eta segurtasuna zaintzeko baldintzak betetzea.

.Galdararen mantenimendu lanak egitea (koipeztaketa, junturak) eta galdaren erabilerari buruzko eskuliburuan agintzen diren aldizkako azterketak eta garbiketak egitea.

."Presioko aparatuei buruzko Erregelamenduan" agindu bezala ereduzko gaztigu-orria betetzeko egin behar diren saioak egitea.

2.4. Industriako produkzio-prozesu edo arazketa-prozesu kimikoetan ura zeintzuk eratan erabiltzen eta tratatzen den azaltzea, eta arazketarako ekipo eta instalazioak operadore mailan kontrolatzea.

.Ura baliatzeko bideak ezagutzea eta uraren propietate fisiko eta kimikoekin erlazionatzea.

.Urari baliabide gisara ematen zaizkion tratamenduak xedearen arabera bereiztea: prozesurako ura, hozkuntzarako ura, galdaretarako ura.

.Ura arazteko prozesuan egiten diren tratamendu fisikoak, kimikoak edo mikrobiologikoak eta urak prozesuko baliabide nahiz emaitza gisa izan behar duen kalitatea erlazionatzea.

.Ur-laginetan disolbatutako substantziak, suspentsioak eta koloideak behatu eta ezagutzea, laboratorioko teknikak eta ekipoak erabiliz.

.Ura arazteko prozesuek ingurugiroa zaintzeko duten garrantziaren arrazoiak azaltzea.

2.5. Airearen eta industrian erabiltzen diren beste gas batzuen erabilera, produkzioa eta egokitzapena zenbait industri prozesu kimikotako lan osagarriekin, produkzio-lanekin eta ingurugiroa zaintzeko lanekin lotzea.

.Industria kimikoetan erabiltzen diren airearen eta gas inerteen konposizioa, konprimagarritasuna eta egoera-aldaketak deskribatzea, inertizazioa, instrumentazioa, garraioa eta gas horien gainerako industri erabilerak direla-eta.

.Aire konprimatuko instalazioa osatzen duten elementuak identifikatu eta deskribatzea, instalazio hori zerbitzu orokorretan eta instrumentazioan maniobratzeko eta zaintzeko helburuarekin.

.Airea egokitzeko prozesua azaltzea, alegia, airea lehortu, hezatu, garbitu eta likidotzeko prozesua; airea eta gas inerteak ekoizteko, garraiatzeko eta gordetzeko instalazioak eta instalazio osagarriak interpretatzea.

.Manipulatu edo ekoitzi behar den produktuaren ezaugarrien arabera lan-guneko aireak izan behar dituen ezaugarriak azaltzea (gune garbia, presio positiboa).

b) Edukiak.

.Lehen mailako, elektrizitateko eta mekanikako mantenimenduetarako elementuak kimikaren eta prozesuen industriako ekipoetan:

-Maiz erabiltzen diren materialak. Metalak eta metal ez direnak, aleazioak. Propietate mekanikoak eta egiturazkoak. Korrosioa.

-Lehen mailako mantenimendu lanak tailerreko-lantegiko ekipo eta instalazioetan.

-Lan mekaniko errazak. Energia elektrikoa. Agintezko babes-sistemak: Kontaktoreak, erreleak eta koadro elektrikoak. Tresna elektriko eramangarriak. Motore elektrikoak.

.Adierazpen grafikoko teknikak kimika industrialari eta lehen mailako mantenimenduari aplikatuta:

-Marrazteko arauak industria kimikoari aplikatuta. Koloreen kodea eta sinbologia instalazio kimikoei, tresna elektrikoei eta ekipo mekanikoei aplikatuta.

-Irudikapen grafiko cartesiarrak, funtzioen eta estatistiken irudikapen grafikoak.

-Prozesu kimikoen fluxu-diagramak eta ekipo eta instalazio kimikoen plano eta eskemen interpretazioa.

.Termoteknia. Energia termikoaren eta lurrunaren sorkuntza eta transmisioa:

-Bero eta tenperatura kontzeptuak eta unitateak. Horiek neurtzeko tresnak. Bero-transmisioa: eroapena, konbekzioa eta erradiazioa.

-Presioa, beraren neurketa eta unitateak. Presioaren, bolumenaren eta tenperaturaren arteko erlazioa.

-Egoera-aldaketak.

-Energia termikoaren iturri konbentzionalak eta berriak. Errekuntza. Erregai eta errekari motak. Erregailuak. Ur-lurrunaren sailkapena eta erabilerak haren konposizioaren eta kalitatearen arabera.

-Bero-sorgailuak, bero-trukagailuak eta lurrun-galdarak:

-Printzipio fisikoak. Ekipoen identifikazioa eta funtzionamendua. Prozesu eta ekipoei buruzko informazioaren azterketa.

-Presioko aparatuei buruzko erregelamendua. Segurtasun aparatuak.

-Laboratorioko edo tailerreko ekipoa prestatzeko, erabiltzeko eta zaintzeko prozedurak eta teknikak.

.Uraren arazketa:

-Uraren konposizioa, ezaugarriak eta propietateak araztu aurretik eta ondotik.

-Ur araztegia: tratamendu fisikoa, kimikoak eta mikrobiologikoak. Galdaretarako, hozkuntzarako eta prozesurako ur gordina tratatzeko prozedurak. Industri urak tratatzeko prozedurak. Ura hozteko eta berreskuratzeko dorreak. Hondakin-uren arazketa. Lehen mailako tratamenduak, bigarren mailakoak eta bereziak. Araztegietako lanak eta kontrolak. Uraren ezaugarriak zuzenean neurtzeko saiakuntzak.

.Airearen eta beste gas batzuen tratamendua, garraioa eta banaketa:

-Airearen eta beste gas industrial batzuen konposizioa eta ezaugarriak. Propietateak eta industria kimikorako aplikazioak.

-Zerbitzu orokorretarako eta tresneriarako airea eta beste gas batzuk tratatzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioak. Amaierako tratamenduak: lehorketa, iragazketa eta presioaren erregulazioa. Segurtasuna.

3. lanbide modulua: Kimika lantegiko prozesu lanak.

Iraupena: 320 ordu.

3. gaitasun unitateari lotua: prozesu kimikoko lanak egitea.

a) Amaierako gaitasunak eta ebaluazio irizpideak.

3.1. Industri produktu kimikoak ekoizteko eta arazteko prozesuen ezaugarri nagusiak aztertzea.

.Fabrikazio prozesu etengabea eta etena bereiztea.

.Industria kimikoaren ohiko fabrikazio prozesuak deskribatzea/azaltzea.

.Prozesu-diagramak erabiliz, fabrikaziorako instalazioa osatzen duten ekipoak interpretatzea.

.Hainbat prozesu kimiko interpretatzea, oinarrizko eragiketen eta fabrikazio-erreakzio eragiketen konbinazioak diren aldetik.

.Norberaren inguru geografikoko prozesu jakin bat emanda, zein ekiporen bidez burutzen ahal den azaltzea.

3.2. Makinak eta ekipoak prozesu kimikorako prestatzeko egin behar diren gauzak egitea.

.Ekipo edo instalazio baten mantenimendu-fitxa emanda:

-Mantendu beharreko elementuak identifikatzea.

-Lehen mailako mantenimendu lan hauek egitea: koipeztatzea, itsutzea, iragazkiak garbitzea. Paketadura eta estankotasun-junturak aldatzea, lan bakoitzerako erreminta eta tresna egokiak erabiliz.

-Bultzatzeko punpak, ixteko balbulak eta adarretako balbulak muntatzea eta desmuntatzea.

.Giroaren lehergarritasun, toxikotasun eta arnasgarritasunaren analisiak, "lan-baimen"ean ezarritakoak, zertan diren azaltzea.

3.3. Ekipoek prozesuan zehar ematen dituzten seinaleak edota informazioak fabrikaziorako jarraibideekin erlazionatzea.

.Ekipoek fabrikazio prozesuan zehar ematen ituzten seinale edo informazioak sailkatzea/bereiztea.

.Prozesuko seinalerik garrantzitsuenak bereiztea.

.Ekipoek emandako seinaleak kontuan harturik zuzenketa neurri egokiak proposatzea/jartzea.

3.4. Garraio ekipoak kontrolatzeko eta erregulatzeko lanak azaltzea, prozesuari buruzko informazioa, parametroak eta kontrol eta erregulazio elementuak erlazionatuz.

.Solidoen eta fluidoen portaerak bereiztea haien manipulazioari begira.

.Likidoak garraiatzeko ekiporik arruntenen elementuak identifikatzea.

.Ekipoen elementuak beren funtzioekin erlazionatzea.

.Garraio ekipoak abiarazteko edo geldiarazteko sekuentzia egokiak erabiltzea/aukeratzea, prozesuaren ezaugarrien arabera.

3.5. Nahasturik dauden gai kimikoak metodo mekanikoen bidez edo difusio bidez banatzeko lanak kontrolatzea, laboratorioan, eta lan horietan erabiltzen diren ekipoak, informazioa eta kontrolak industri prozesukoekin alderatzea.

.Laboratorioan difusio bidez gai kimiko batzuk banatu behar diren kasu praktiko batean:

-Oinarrizko prozesu hori bere printzipio fisikoarekin eta materiaren propietateekin lotzea.

-Difusio prozesuko materiaren eta energiaren balantzeak egitea.

.Banaketa mekanikoa edota difusio bidezko banaketa egin behar den balizko kasu batean, benetako prozesuari buruzko informazioaren bidez kasuaren deskripzioa emanda:

-Banaketa mekanikoa edota difusio bidezko banaketa egiteko ekipoaren funtzionamendua, elementu nagusiak eta kontrol elementuak deskribatzea.

-Kontrol eta erregulaziorako elementuak prozesuko parametroekin erlazionatzea.

-Prozesuaren ezaugarrien arabera, ekipoak abiarazteko edo geldiarazteko sekuentzia egokiak deskribatzea.

.Laboratorioko kasua benetako kasuarekin alderatzea eta kontrolaren ikuspegitik dituzten diferentzia nagusiak azaltzea.

3.6. Produktu kimikoak laboratorioan nahastu eta eraldatzeko lanak kontrolatzea, eta lan horietan erabiltzen diren ekipoak, informazioa et akontrolak industri prozesukoekin erkatzea.

.Produktu kimiko batzuk laboratorioan eraldatu behar diren kasu praktiko batean:

-Erreakzioen prozesu egokia formulatzea eta deskribatzea.

-Erreakzioko materia eta energiaren balantzeak egitea.

.Eraldakuntza kimikoko prozesu bat kontrolatu eta erregulatu behar den balizko kasu batean, benetako prozesuari buruzko informazioaren bidez kasuaren deskripzioa emanda:

-Prozesuaren ezaugarriak azaltzea, eskema, erreakzio, kalkulu eta abarrekon bidez.

-Erreaktorearen funtzionamendua eta hura erabiltzeko eta kontrolatzeko elementuak deskribatzea.

-Kontrol eta erregulaziorako elementuak prozesuko parametroekin erlazionatzea.

-Prozesuaren ezaugarrien arabera, ekipoak abiarazteko edo geldiarazteko sekuentzia egokiak deskribatzea.

.Laboratorioko kasua benetako kasuarekin alderatzea eta kontrolaren ikuspegitik dituzten diferentzia nagusiak azaltzea..kp on

3.7. Produktu kimikoak ontziratzeko lanak egitea.

.Produktu kimikoak euren ezaugarri fisiko edo kimikoen arabera nola ontziratzen diren azaltzea.

.Produktu bukatuak ontziratzeko lekuak eta instalazioak deskribatzea, eta bai horretarako erabiltzen diren makinak ere.

.Produktu arriskutsuak edota toxikoak ontziratzeko arauak betetzea.

b) Edukiak.

.Prozesu kimikoak:

-Fabrikazio prozesu etengabeak eta etenak. Ereduzko prozesu kimikoak. Sinbolizazioa eta prozesu-diagramen interpretazioa. Prozesu kimikoa, oinarrizko lanen konbinazio gisa.

.Prozesu kimikoko oinarrizko lanak:

-Solidoak eta fluidoak garraiatu eta banatzeko lanak. Ezaugarriak, tutuerien instalazioa eta tutuerien osagarriak. Bultzatze-sistemak, punpen erabilera.

-Solidoak disgregatzeko eta sailkatzeko lanak. Ehotzea eta bahetzea.

-Produktuak nahasteko eta eraldatzeko lanak.

-Banaketa mekanikorako lanak. Sedimentazioa, dekantazioa, iragazketa eta zentrifugazioa.

-Nahasturen osagaiak difusio bidez banatzeko lanak. Distilazioa eta artezketa. Lurrunketa. Erauzketa. Absortzioa. Adsortzioa. Kromatografia. Kristalizazioa. Liofilizazioa.

-Lan guztietarako: Metodoaren funtsak eta hura aukeratzeko irizpideak. Ekipoen identifikazioa eta funtzionamendua. Ekipoak prestatzeko, gidatzeko eta mantentzeko prozedurak ereduzko lantegian. Neurtu behar diren aldagaiak eta kontrolatu behar diren parametroak. Prozesuko produktuen kalitatea kontrolatzeko saiakuntzak. Segurtasun neurriak. Materia eta energiaren balantzea: sarrera.

.Materiaren eraldakuntza kimikoa:

-Erreaktore kimiko etengabeak eta etenak. Industrian ohikoenak diren erreakzio kimiko motak.

-Ekipoen identifikazioa eta funtzionamendua. Lana egiteko edota erreakzioaren ingurunea, hozkuntza, agitazioa, bero-ekarpena eta katalizatzaileak kontrolatzeko parametroak. Ekipoak prestatzeko, gidatzeko eta mantentzeko prozedurak laboratorioan eta ereduzko lantegian. Segurtasun neurriak.

.Prozesuan lortzen diren produktu kimikoak:

-Produktuen sailkapena, garrantzia eta aplikazioa, beste industria batzuetan edo kontsumo-gai gisa dituzten erabileren arabera.

-Zientzia, teknika eta gizartearen arteko erlazioa produktu kimikoen fabrikazioan.

4. lanbide modulua: Prozesu kimikoen tresneria eta kontrola.

Iraupena: 128 ordu.

4. gaitasun unitateari lotua: prozesu kimikoa kontrolatzea.

a) Amaierako gaitasunak eta ebaluazio irizpideak.

4.1. Industri prozesu kimiko bati buruzko informazio teknikoa emanda, hura kontrolatzeko parametroak identifikatzea.

.Prozesu kimikoa behar bezala burutu dadin zaindu behar diren parametro nagusiak identifikatzea.

.Produkziorako prozesu kimikoak erregulatzeko neurketetan erabili ohi diren unitateak azaltzea.

.Industri prozesu kimikoa definitzen duten parametroen arteko loturak azaltzea.

4.2. Neurketa eta kontrolerako ekipoak aukeratzea, kontrolatu beharreko parametroen arabera; neurketa egitea eta lortutako datuak interpretatu eta irudikatzea.

.Balizko kontrol prozesu bat emanda:

.Neurtzeko tresna eta ekipoen funtzionamenduaren printzipioak azaltzea.

.Presioa, maila, emaria, tenperatura, pH, eroankortasuna eta kontzentrazioa neurtzea, tresna eta adierazle egokien bidez.

.Neurtzeko tresnak behar bezala muntatu eta desmuntatzea, haiek instalatzeko edota aztertzeko, irakaskuntza-ekipoetan.

.Parametro konstanteen eta proportzionalen neurketan gerta daitezkeen errore motak azaltzea.

.Lortutako datuak euskarri magnetikoetan behar bezala sartu eta biltzea.

.Neurgailuetan azaltzen diren datuak interpretatzea eta grafikoetan irudikatzea.

4.3. Fabrikazio prozesu kimikoetan erabiltzen diren erregulazio-teknikak eta arazketa prozesuetan erabiltzen direnak bereiztea.

.Fabrikazio prozesuen instrumentazioan eta kontrolean eta industria kimikoaren ekipo osagarrietan erabiltzen diren ikur grafikoak interpretatzea.

.Koloreen kodeak, tutuerien zenbakiak eta anagramak segurtasunerako informazioarekin erlazionatzea.

.Instrumentazio eta kontrolean erabiltzen den nomenklatura definitzea eta erabiltzea; adibidez, kontsigna-puntua, proportzionaltasuna, errorea eta instrumentu itsua.

.Kontrol-begizta irekia osatzen duten elementuak kontrol-begizta itxiaren elementuetatik bereiztea eta fabrikazio etengabeko edo eteneko prozesuetan horiek nola aplikatzen diren jakitea.

.Produkzio funtzio bakoitzean egin behar diren kontrolak deskribatzea (kalitatearen, mantenimenduaren, produkzioaren eta segurtasunaren kontrolak).

.Kontrol motak bereiztea: "Dena-deus ere ez", proportzionala, integratua, eta erregulazioen beste konbinazio batzuk.

.Kontrolaren lehen mailako elementuak, seinalea transmititzekoak eta amaierakoak deskribatzea.

4.4. Erregulazio eta kontroletan jardutea simulatzaileen bidez, diagramak, eskemak eta prozesuari buruzko alegiazko datuak erabiliz, eta prozesua kontrolpean edukitzea.

.Kontrol-panelak eta kontrol logiko programagarriak interpretatzea, amaierako produktuaren kalitatea eta prozesuaren segurtasuna erabakitzen dituztelako kontrolatu beharrekoak diren seinale kritikoen kokapen zehatza identifikatuz.

.Erregulazio ekipoetan esku hartzea, kontsigna-puntuak eta beste parametro batzuk aldaraziz.

.Prozesu kimikoen instrumentazio eta kontrolari aplikatutako programa eta euskarri informatikoak erabiltzea.

b) Edukiak.

.Prozesuko aldagaiak neurtzeko eta transmititzeko metodoak eta tresnak:

-Industriako magnitude fisikoak neurtzea: tenperatura, presioa, maila eta emaria. Neurtzeko unitateak.

-Neurtzeko tresnak eta ekipoak: funtzionamenduaren funtsak, ezaugarriak eta aplikazioak. Kalibratzeko prozedura.

-Transmisoreak.

-Beste aldagai batzuk neurtzeko metodoak eta transmititzeko erak.

.Prozesuen erregulazioa eta kontrola:

-Prozesuak gidatzeko eskuzko metodoak eta metodo automatikoak. Automatikoa-eskuzkoa-automatikoa aldaketa.

-Sistema automatizatuen egituraren elementuak. Neurtu, transmititu eta erregulatzeko metodo automatikoa. Kontrol-begizta irekia eta itxia.

-Kontrolaren amaierako elementuak eta kokatzaileak. Erregulazio elementuak, balbulak: motak, ezaugarriak eta kokaera prozesuan.

-Kontrol edo erregulazio automatikoko teknikak. "Dena-deus ez" kontrola eta kontrol proportzionala.

-Kontrolatu beharreko aldagaien gaineko eskuhartze motak.

-Prozesu etengabea eta etena abiarazteko eta geldiarazteko prozeduren hurrenkera.

.Prozesuak kontrolatzeko aplikazio informatikoak:

-Diagrametako ikur grafikoak interpretatzea eta instrumentuak identifikatzea. Fluxu-diagramak eta prozesuari buruzko informazioa prestatzeko eta interpretatzeko arauak.

-Kontrol-sistema banatua eta prozesuen kontrolaren azterketa ordenadoreko simulatzaileen bidez.

5. lanbide modulua: Antolamendua, segurtasuna eta ingurune kimikoa.

Iraupena: 128 ordu.

5. gaitasun unitateari lotua: fabrikazio onari, segurtasunari eta ingurugiroari buruzko arauak betez jardutea.

a) Amaierako gaitasunak eta ebaluazio irizpideak.

5.1. Industria kimikoaren antolamenduaren egitura, egitura funtzionala eta norberaren lanbideak industria horretan betetzen duen lekua aztertzea.

.Produkzio-arloko informazioaren eta harremanen fluxua eta ezaugarriak identifikatzea.

.Industria kimikoaren arloko balizko enpresa baten organigrama emanda, funtzio-arloen edo departamentuen arteko harremanen eta informazio-fluxuaren nondik-norakoak azaltzea.

.Industria kimikoak beren prozesu eta produktuen arabera sailkatzea eta haien garrantzia eta bestelako industriekiko harremanak baloratzea.

5.2. Laboratorioko edo kimika lantegiko jarduera behar bezain segurua izan dadin hartu behar diren neurriak identifikatzea eta segurtasunerako ekipo eta aparatuak aplikatzea edo aukeratzea.

.Jarduera kimikoak izan ohi dituen arriskuak sailkatzea.

.Produktu kimikoak biltegiratu, kargatu, deskargatu, garraiatu eta manipulatzen direnean ezbeharrik gerta ez dadin aplikatu behar diren segurtasun arauak identifikatzea.

.Arriskuak identifikatzea, bai instalazio eta ekipoetan eta bai horien elementu edo organo arriskutsuetan ere, eta segurtasunari buruzko arauak aplikatzea ekipo eta instalazioen artapen eta mantenimendu lanetan.

.Langileak babesteko ekipoak, arriskuak detektatzeko aparatuak eta babes-aparatu finko eta mugikorrak kasuan-kasuko arriskuari dagokion eran aplikatzea.

.Lanlekua eta norberak erabiltzen dituen ekipoak, zerbitzuak edo produktuak txukun eta garbi edukitzeko arauak betetzea.

.Larrialdietako arrisku nagusiak eta larrialdiei aurre egiteko sistema nagusiak deskribatzea, lan istripuen kausa nagusiak identifikatzea, eta balizko larrialdi edo istripu bat emanda, zer egin behar den azaltzea.

5.3. Industriako edo laboratorioko prozesu kimikoetan ingurugiroa eta lantokiko giroa zaintzeko neurriak hartzea.

.Ingurunea kutsa dezaketen gaiak, horiek detektatzeko erabiltzen diren aparatu finkoak zein mugikorrak eta aurrearreta eta babes neurriak ezagutzea.

.Produkzioa edo arazketa helburu duten industri prozesu kimikoen hasierako eta amaierako gaiak zaintzeko sarrien erabiltzen diren bitartekoak aplikatzea.

.Industria kimikoak ingurugiroa honda dezaketen substantzia arriskutsuak arazteko erabiltzen dituen teknikak ezagutzea, eta kutsagai apur bat iraiztea, teknika egokia erabiliz.

.Higienea behar adina zaintzea, langileak eta hauek eskuartean dituzten gaiak edota lortu beharreko produktua kutsa ez daitezen.

.Bere burua, taldea eta ingurugiroa babesteko neurrien garrantzia justifikatzea.

b) Edukiak.

.Espainiako industria kimikoa:

-Industria kimikoaren sailkapena prozesu eta produktu moten arabera.

-Enpresa kimikoaren departamentuak eta zerbitzuak: produkzio, laboratorio, mantenimendu eta segurtasuneko funtzioak. Harreman funtzionalak eta loturak.

-Antolamendua eta lerro hierarkikoak. Unitateak eta produkzio lerroak.

.Produkziorako eta kontrolerako aplikazio informatikoak:

-Prozesuari buruzko informazioa bilatu, erregistratu eta tratatzeko eta aldagaiak neurtzeko sistemak.

-Datuen euskarri elektronikoa fabrikazio onari buruzko arauetan.

-Informatikaren aplikazioak laginak identifikatu eta kodetzeko, datu-artxiboak kudeatzeko eta agiriak katalogatzeko.

-Simulazio-teknikak: sarrera.

.Segurtasuna eta aurrearreta industria kimikoan:

-Industria kimikoan izan ohi diren arriskuak: mekanikoak, elektrikoak, kimikoak.

-Makina eta instalazioetako segurtasun-elementuak.

-Gai kimikoen manipulazioa: erreaktibotasuna, biltegiratzea, bateraezintasunak, babes-sistemak. Materialen arrisku kimikoak.

-Sua: Suaren teoria eta teknologia. Erregaiak eta errekariak. Suaren triangelua. Su motak. Suteen kontrako prebentzioko neurriak. Sua detektatzeko metodoak. Sua itzaltzeko metodoak.

-Segurtasuna industria kimikoan. Segurtasunerako seinaleak: arrisku-aldeak, piktogramak, koloreen kodeak. Alarma-sistemak eta babes-sistemak.

-Larrialdietarako Planaren arabera jardutea. Sarrien gertatzen diren istripuak. Lanbide gaixotasunak eta haien prebentzioa.

-Norbanakoak eta taldeak babesteko ekipoak. Dektekziorako eta babeserako tresnak. Sailkapena eta erabilera.

.Prebentziorako eta ingurunea babesteko sistemak industria kimikoan:

-Lan-ingurunearen kutsatzaileak: Fisikoak (zaratak, bibrazioak, tenperatura...), kimikoak (gas jarioak, produktu kimiko toxiko, errebera edo leherberak), biologikoak (mikrobiologikoak).

-Industriako produkzio edo arazketa prozesu kimikoetan kutsagaiak neurtzeko eta iraizteko prozedurak. Atmosferara jariatzen diren gaien, uraren eta hondakin solidoen tratamendua.

-Ingurunean arriskua dagoenean jarduteko arauak.

6. lanbide modulua: Lan prestakuntza eta orientazioa.

Iraupena: 64 ordu.

a) Amaierako gaitasunak eta ebaluazio irizpideak.

6.1. Lanbidearen arloan osasunari kalte egiten ahal dioten arrisku-egoera ohikoenak sumatzea eta horiei dagozkien babes neurriak eta aurreneurriak aplikatzea.

.Ereduzko lan-egoeretan, dauden arriskurik arruntenak identifikatzea eta horien arabera jarduteko teknika orokorrak erabiltzea.

.Osasunari eta ingurugiroari egiten zaizkion kalteak berauek sortzen dituzten arrisku-faktoreen arabera deskribatzea.

.Arriskurik ohikoenei dagozkien babes neurriak eta aurreneurriak arrisku-egoeraren arabera proposatzea, zertarako-eta horien ondorioak gutxitzeko.

6.2. Balizko istripuetan, oinarrizko osasun neurriak berehala aplikatzea.

.Balizko kasu batean zenbait edo anitz lagun zauriturik suertatuz gero, esku hartzeko lehentasuna ezartzea, lesioek biziraupenerako duten arriskua irizpide erabilita.

.Suertatzen diren lesioen arabera, aplikatu behar diren neurrien sekuentzia identifikatzea.

.Behar diren osasun-teknikak burutzea (RCP, zaurituak ibilgetzea, lekualdatzea...) eta horretarako ezarrita dauden protokoloak aplikatzea.

6.3. Kontratazioaren modalitateak bereiztea eta lan munduan besteren konturako edo norbere konturako langile legez sartzeko prozedurak aplikatzea.

.Bere produkzio-arloan indarreko legeriak baimendurik dauden lan kontrataziorako modalitateak identifikatzea.

.Lanpostua lortzeko bete behar den prozesua deskribatzea eta horretarako agiriak prestatzea, bere lanbide-profilarekin bat datorren lan-eskaintza batetik abiatuta.

.Indarreko legeriaren arabera, norbere konturako langile gisa jarduteko behar diren agiriak identifikatzea eta horiek behar bezala betetzea.

6.4. Lan-merkatuan orientatzea, bere gaitasunak eta interesak eta lanbide-ibilbiderik egokiena identifikatuz.

.Bere gaitasunak eta ezagutzak identifikatzea eta ebaluatzea, lanbide-balioak emanez.

.Bere interesak eta motibazioak definitzea eta, hala denean, sexuak edo bestelako faktoreek eragiten dituzten baldintzak baztertzea.

.Bere interesei dagozkien prestakuntza eskaintza eta lanbide-eskaria identifikatzea.

6.5. Lanaren lege-esparrua interpretatzea eta lan-harremanetatik datozen eskubideak eta betebeharrak bereiztea.

.Lan zuzenbidearen oinarrizko informazio-iturriak erabiltzea (Konstituzioa, Langileen Estatutua, Europako Batasunaren gidalerroak, Talde Hitzarmena...) eta berari dagozkion eskubideak eta betebeharrak bereiztea.

."Hartzekoen likidazioa"n agertzen diren kontzeptuak interpretatzea.

.Ereduzko balizko talde-negoziazio batean:

-Negoziazio-prozesua deskribatzea.

-Negoziatzen diren aldagarriak identifikatzea (alokairuak, segurtasuna eta higienea, ekoizkortasuna, teknologia).

-Negoziazioaren ondorioz suerta daitezkeen ondoreak eta neurriak deskribatzea.

.Gizarte Segurantzarekiko prestazioak eta betebeharrak identifikatzea.

b) Edukiak.

.Lan-osasuna:

-Lan-baldintzak eta segurtasuna. Lan-osasuna eta bizi kalitatea.

-Arrisku faktoreak: fisikoak, kimikoak, biologikoak, antolamenduzkoak; aurrearreta eta babeseko neurriak.

-Kasu praktikoak.

-Istripuen ostean jarduteko lehentasunak eta sekuentziak.

-Lehen sorospeneko teknikak aplikatzea:

-Konortearekin/konorterik gabe.

-Bihotz eta biriken zuzperketa.

-Traumatismoak.

-Istripua izan dutenen sorospidetza eta lekualdatzea.

.Lan-arloko legeria eta lan-harremanak:

-Lan zuzenbidea: funtsezko arauak.

-Lan-harremanak. Kontratazio motak, alokairua eta pizgarriak, kontratuaren etendura eta suntsiarazpena.

-Gizarte Segurantza eta beste prestazio batzuk.

-Ordezkaritza-organoak.

-Lan-hitzarmen kolektiboa. Talde negoziazioa.

.Orientazioa eta arlo sozio-laboralean sartzea:

-Lan-merkatua. Egitura. Inguruan dauden ikuspegiak.

-Lana bilatzeko prozesua: informazio iturriak, eskaintza-eskariaren mekanismoak, prozedurak eta teknikak.

-Norbere kontura lan egiteko ekimenak, enpresa txikiak eratzeko egin behar diren tramiteak eta haien bitartekoak.

-Auto-orientazio bitartekoak. Norberak lanbidean duen gaitasuna eta dituen interesak aztertzea. Besteak baztertzeko gizarte-azturak gainditzea. Lanbidera bideratzeko ibilbideak gertutzea. Erabakiak hartzea.

7. lanbide modulua: Lantokiko prestakuntza.

Duración: 440 horas.

a) Amaierako gaitasunak eta ebaluazio irizpideak.

7.1. Lanpostuan segurtasuna eta higienea zaintzeko irizpideen arabera jardutea.

.Behar denean, prozesuaren edota produktuaren arrisku kimikoetatik babesteko jantziak eta ekipoak erabiltzea.

.Instalazio eta ekipoen arriskuak identifikatzea.

.Mantenimendu lanetarako ezarritako segurtasun arauak aplikatzea.

7.2. Alegiazko larrialdi batean modu egokian jardutea.

.Larrialdietan, larrialdietarako ezarrita dauden planen arabera jardutea, bere lanpostuari ezarritako eginkizunak betez, larrialdiari aurre egiteko.

.Alegiazko larrialdi batean, bere lanpostuan dagoelarik, esleituta duen rola betetzea eta ezarritako prozedurei jarraitzea, edo, baldin eta larrialdi horretarako prozedura ezarririk ez badago, egoerari dagokion eran jardutea.

.Industria kimikoan ohikoak diren arriskuei aurre egiteko trebatzea, ezarritako trebakuntza-bideen bitartez.

7.3. Ekipoak mantenimendu lanetarako prestatzea eta lehen mailako mantenimendu lanak egitea.

.Lantegiko ekipoak garbiketa eta mantenimendu lanetarako prestatzea, haiek identifikatuz eta isolatuz.

.Lan-gunea garbitzea eta mantenimendu lanetarako prestatzea, ekipoaren atal nagusiak desmuntatuz eta garbituz, gai kimikoetatik hustuz eta lehengai eta kutsagaietatik garbituz.

.Gainbegiralearen jarraibideen, zehaztapenen eta lan-baimen egokien edo garbitzeko prozeduren arabera jardutea.

.Bere lana mantenimenduko langileekin edo gainbegiralearekin koordinatzea, mantenimendu lanek zenbat iraunen duten kalkulatzeko, eta edozein aldaketa garrantzitsuren berri ematea.

.Mantenimendu lana eginda dagoela egiaztatzea, ekipo edo instalazioetan proba egokiak eginez, eta agiri edo jakinarazpen egokiak idaztea.

.Lehen mailako mantenimendu lanak egitea, prozedura idatziei jarraituz.

7.4. Lantegia edo prozesu kimikoaren funtsezko unitateak abian jartzeko eta gelditzeko eragiketak egitea.

.Kimika lantegiaren fluxu-diagrama interpretatzea, norberak lan egiten duen produkzio-unitateko ekipoak eta hauekin lotuta erabiltzen diren instrumentuak identifikatuz.

.Prozesu kimikoan neurtu eta kontrolatu behar diren aldagaiak identifikatzea.

.Prozesua kontrolatzen duten parametroen aldaketei antzematea.

.Zerbitzu osagarriez baliatzea, prozesuetan bete behar diren baldintzak bete daitezen lortzeko.

.Lantegia edo instalazioa abiatzeko edo gelditzeko prestatzea, segurtasun baldintzak betez, eta lehengaiak, lan-prozedurak eta beste lanpostu batzuekiko loturak ongi daudela egiaztatuz.

.Ekipoek eta hauei lotutako instrumentuek nola funtzionatzen duten begiratzea, jario edo matxurarik ez dutela eta ongi dabiltzala egiaztatzeko.

.Lantegia edo instalazioa abian jartzea eta funtzionamendu okerrak antzematea, halakorik badago.

7.5. Prozesu kimikoa (edo haren fase garrantzitsuak) gidatzea, parametroak kontrolatuz eta erregulatuz.

.Kontrolerako behar diren agiri eta prozedura guztiak eskuratzea.

.Prozesuko aldagaiek dituzten balioak irakurtzea, izan behar lituzketen balioekin erkatzea, eta aldian behin egindako neurketen emaitzak erregistratzea, jarraibideen arabera.

.Behar izanez gero, kontrolaren amaierako elementuetan esku hartzea prozesua erregulatzeko, aldagaien balioak ezarritako tartearen barruan egon daitezen.

.Kontrol lanak hurrenez hurren egitea, erregulazio-elementuetan edo kontrolaren amaierako elementuetan esku hartuz, zuzendu beharreko aldagaia zein den.

.Prozesuaren kontrola galarazten duten akatsak edo anomaliak antzematea, kausa-ondorio erlazioa diagnostikatzea eta norberak esku hartzeko daukan ahalmena ebaluatzea: gainbegiraleari informazioa edo jarraibideak eskatuz edo kontrol-ekipoak erabiliz prozesuaren kontrola berreskuratzeko.

7.6. Prozesu kimikoko materialak manipulatzea/saiatzea.

.Materialak jasotzen edo bidaltzen direnean, jasoketa-bidalketa agiriak eta produktuaren identifikazioa/marka bat datozela egiaztatzea.

.Agiri guztiak eskuratzea (prozedurak, saiakuntza zerrendak...) eta ekipoa saiakuntzan erabiltzeko prest dagoela eta segurua dela egiaztatzea.

.Lagina hartzea, ezarritako prozeduren arabera, lehengai edo produktuaren egoera eta ezaugarriak eta laginarekin egin behar diren saiakuntzak kontuan harturik.

.Jasoketako edo prozesuko saiakuntzak egitea, ezarritako epean, eran eta segurtasunarekin.

7.7. Enpresan uneoro arduratsu jokatzea.

.Txanda hartzean aurreko lankidearengandik informazio guztia jasotzea eta lanpostuan ari den bitartean bildutako informazio jakingarria hurrengoari transmititzea.

.Ematen dizkioten jarraibideak ulertzea, agindutakoa arretaz betetzea, bere lanaren ardura izatea eta une bakoitzean pertsona egokiarekin ongi komunikatzea.

.Enpresaren prozedurak eta barne-arauak uneoro errespetatzea.

.Bere jarduerak industriako produkzio-sistema kimikoan eta lantokian duen eragina aztertzea.

.Fabrikazio onari buruzko arauetan (GMP) ezarritako beharkizunak betetzea, aplikatzekoak badira; lanbidean ongi aritzea, zereginak lehentasunaren araberako hurrenkeran betetzea eta bere lana zentzuzko epean burutzea.

.Bere lan-gunea behar bezain garbi eta ordenaturik edukitzea.

b) Edukiak.

.Kimika lantegiko prozesu-unitateen zainketa:

-Agiriak interpretatzea: ekipoei buruzko eskuliburua; jarduteko prozedura, kontrol-parametroen zehaztapenarekin. Kimika lantegiaren planoak eta diagramak.

-Ekipoen egoeraren azterketa, ikuskatutako elementuen zerrenda: tutueriak, junturak (jarioak edo isuriak), kontrolerako tresnen funtzionamendua. Prozesua egiteko behar diren energia, lurruna eta airea euren iturrietatik hartzeko lotuneak.

-Unitateko lanak: Fluidoak garraiatzeko, banatzeko eta bultzatzeko sistemetan egin beharreko maniobrak, ekipoak abian jartzea eta geldiaraztea (adibidea: punpak), fluidoa isolatzea, ekipoak desmuntatzea mantenimendu lanetarako, doikuntzarako eta zerbitzuan jartzeko. Lantegiko instrumentuek ematen dituzten datuak hartu eta erkatzea, prozedurari buruzko informazioarekin.

-Ohiko laginak hartzea eta saiakuntza errazak egitea, prozesuaren aurretik edo ondotik gaien egoera aztertzeko.

-Komunikazioa: Instrumentuetan irakurritako datuak eta gora-beherak idaztea. Anomaliak edo zalantzak ahoz jakinaraztea lantokian prestakuntza-programaren ardura duenari. Txanda aldatzea.

-Arauak betetzea: Aurrearretazko jarrera izatea, barneko segurtasun-arauekin bat etorriz; bere burua babesteko ekipoak erabiltzea eta larrialdietarako planaren arabera jardutea benetako edo simulatutako larrialdietan.

.Prozesu-unitatearen kontrola:

-Agiriak interpretatzea: prozesuaren diagrama, tresneriaren eta kontrolaren diagrama. Kontrolean jarduteko prozedurak.

-Prozesua kontrolatzeko lanak egitea, eskuzko kontroleko, kontrol automatizatuko edo kontrol banatuko sistemak erabiliz, enpresak prestakuntza-programari jarraitzeko izendatuta daukan arduradunak aholkaturik.

-Komunikazioa: Datuak eta gora-beherak idaztea edo bitarteko informatikoen bidez erregistratzea. Lantegiko operadoreekin ahoz komunikatzea. Txanda aldatzea.

-Arauak betetzea: Arriskuei adi egotea, segurtasunari buruzko barneko arauak betez, eta behar izanez gero segurtasun-sistemei eragitea kontrol-ekipoen bitartez.

2.3. Iraupena, sekuentzia eta ordu-banaketa.

1. Kimika aplikatua 192 6 1.

2. Prozesu kimikoaren zerbitzu osagarriak 128 4 1.

3. Kimika lantegiko prozesu lanak 320 10 1.

4. Prozesu kimikoen tresneria eta kontrola 128 4 1.

5. Antolamendua, segurtasuna eta ingurune kimikoa 128 4 1.

6. Lan prestakuntza eta orientazioa 64 2 1.

7. Lantokiko prestakuntza 440 Lanaldian 2.

II. ERANSKINA. Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako heziketa zikloko lanbide moduluetan irakaslanean arituko diren irakasleen espezialitateak

II. ERANSKINA

LANBIDE MODULUA IRAKASLEEN ESPEZIALITATEA KIDEGOA

1. Kimika aplikatua. Analisia eta Kimika Industriala. Bigarren Hezkuntzako irakaslea

. Fisika eta kimika. Bigarren Hezkuntzako irakaslea

2. Prozesu kimikoaren zerbitzu osagarriak. Prozesu Lanak. LHko irakasle teknikoa

3. Kimika lantegiko prozesu lanak. Prozesu Lanak. LHko irakasle teknikoa

4. Prozesu kimikoen tresneria eta kontrola. Prozesu Lanak. L.Hko irakasle teknikoa

5. Antolamendua, segurtasuna eta ingurune kimikoa. Prozesu Lanak. LHko irakasle teknikoa

6. Lan prestakuntza eta orientazioa. Lan Prestakuntza eta Orientazioa. Bigarren Hezkuntzako irakaslea

III. ERANSKINA. Ikasketa hauetarako gutxienez behar diren leku eta instalazioak

III. ERANSKINA

Apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuko 19. artikuluarekin bat etorriz, Kimika Lantegiko Prozesu Lanetako erdi mailako Lanbide Heziketako heziketa zikloko irakaskuntza gauzatu ahal izateko ondorengo taulan azaltzen diren irakaslekuak behar dira, gutxienez.

Irakaslekuen azalerak ikasleen kopuruaren arabera murriztu ahal izanen dira, 2. eta 3. zutabeetako balioak erreferentzia harturik.

Analisi laboratorioa 90 m2 60 m2 %25

Kimika industrialeko tailerra 180 m2 150 m2 %50

Erabilera anitzeko gela 60 m2 40 m2 %25

-Erabilera graduak portzentaian adierazten du eremu hori ustez zenbat ordu egonen den ikasle talde batek okupaturik, irakaskuntza horien iraupen osoaren aldean.

-"Erabilera graduak" uzten duen neurrian, zilegi da beste ikasle talde batzuek okupatzea prestakuntza eremuak, heziketa ziklo bera edo beste bat edo beste hezkuntza etaparen bat egiten ari direnek.

-Beti ere zilegi izanen da prestakuntza eremuekin lotura duten ikasketa jarduerak (erabilera graduak adierazten duen okupazioarekin) eite bereko beste jarduera batzuetarako ere erabiltzen diren irakaslekuetan egitea.

-Ez da interpretatu behar zehaztu diren prestakuntza eremu diferenteak nahitaez zerrakuraz bereizirik egon behar dutenik.

Iragarkiaren kodea: A990

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web