(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

15/2003 Foru Legea, martxoaren 17koa, Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzen duena eta abeltzaintzako ustiategiak lekuz aldatzea sustatzeko neurriak ezartzen dituena.

BON N.º 35 - 21/03/2003



Texto

Azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak, abereen osasunari buruzkoak, Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsa (FEOGA) ez ezik baita Nafarroako aurrekontu orokorretatik ere heldu diren laguntza publikoak eskuratu ahal izateko, baldintzatzat jotzen du abereen osasunari buruzko arauak betetzea, haren xedeagatik logikoa denez, eta baita ingurumenaren arloko arauak ere. Horrela, gaur egungo idazketan, abeltzaintza arlorako honako printzipio orokorra partzialki aurreratzen du, Europako Batasuneko zuzenbidean "ekobaldintzapen" izenarekin ezagutzen dena. Printzipio hori 1999ko maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1259/1999 (CE) Erregelamenduko 3. artikuluan bildu zen eta haren bidez ezarri ziren Europako nekazaritzaren politikaren barnean zuzeneko laguntzen araubideetan aplikatu beharreko xedapenak. Printzipio horren adierazpenik berariazkoenak dira 7.3 artikulua eta xedapen iragankorretan lehena. Azken honek _abere ustiapenak baimentzeko baldintza tekniko, higiene-osasunekoak eta ingurumenekoak ezartzeari buruzko uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretuak bere garaian finkatutako aurreikuspenekin bat etorriz_ abeltzaintzarekin loturiko laguntza publikoak eskuratzea eragozten die abeltzaintzako hainbat ustiategiri, baldin eta jarduera sailkatuaren lizentzia edo irekitzeko lizentzia lortu ez edo horietara egokitu gabe herriguneetan kokatuta segitzen badute 2003ko abuztuaren 7an.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako araudiaren aurrerapen hau _abereen osasunari edo, are gehiago, abeltzaintzari orokorrean, ekobaldintzapen printzipioaren aplikazioa taxutzerakoan_, ez dator bat ondoko hiru urteetan Estatuak edo autonomia erkidegoek beren araudietan burutu duten garapenarekin. Horietan ez baita Nafarroako lege aurreikuspena bezalakoa edo antzekoa biltzen duen xedapenik ageri. Lege aurreikuspen hori 1986ko abuztuaren 7a baino lehenagokoak diren abeltzaintzako ustiategiei aplikatzen zaie, atzeraeraginezko ondorioarekin, baldin eta baldintza tekniko jakin batzuk edo ingurumenaren arlokoak betetzen ez badituzte. Horregatik, begi-bistakoa dirudi ezen, ustiategi horiei laguntzak emateko horrelako eskakizunei eutsiz gero, lurralde nazionaleko beste ustiategiek baino tratu juridiko makurragoa dutela hemengoek eta hori ez da justifikatzen, ez lurralde osoan denek izan behar duten berdintasuna kontuan hartuta, ezta merkatuan lehia ekonomikoan aritzean behar den berdintasunaren ikuspegitik ere.

Bidezkoa da, beraz, laguntzak emateko eskatzen diren ingurumen arloko baldintzen arau hauek kentzea, zeinak abereen osasunaren gaineko foru arau batean baitaude txertatuak, eta ez ingurumenaren gaineko batean. Bien bitartean espero dugu Estatuko organo eskudunak, Europako Batasunaren araudia garatuz, arau-esparru berbera ezarriko duela, Europako Batasuneko laguntza publiko guztiei aplikatzekoa, eta ez abeltzaintzako jarduerei soilik, Espainiako lurralde osoan egiten diren nekazaritza jarduera guztietan, modu orokorrean eta berdintasunezko irizpidearekin. Horrek guztiak ez du galarazten indarra duen Foru Legeak laguntza publikoen "baldintzapena" mantentzea, helburua abereen osasuna babestea denean. Edonola ere, aplikatu beharreko ingurumen arloko legeriak baditu baliabide eta tresna administratibo aski, izaera arruntekoak, agintari eskudunek erabili ditzaketenak arau-hausteak egin dituzten ustiategien kontra, gainerako lurralde nazionalean aurreikusi ez diren zehapen ekonomikoak erantsi beharrik izan gabe.

Hala ere, beharrezkotzat jotzen da inbertsioaren 100eko 70erainoko zenbatekoa duten laguntzen araubide berezi bat taxutzea, abeltzaintzako ustiategiak ingurumenari dagokionez egokiagoak diren eremuetara eramaten laguntzeko.

Azkenik, zenbait aldaketa tekniko sartzen dira Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren erregulazioari buruz, bai eta hura erregulatzen duen arau indardunari, hots, uztailaren 2ko 150/2001 Legegintzako Foru Dekretuari, buruz.

1. artikulua. Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean:

Lehenbizikoa._6. artikuluko 5. idatz-zatiak testu hau izanen du:

"5. abeltzaintzako ustiategiko liburua oinarrizko agiritzat joko da estatistika, epizootiologia eta osasun arloetako argibideak lantzeko eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan erabiltzeko."

Bigarrena._7. artikuluak testu hau izanen du:

"1. Nafarroako abeltzaintzako ustiategiek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat.

2. Nahitaezkoa izanen da Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea edo, kasua bada, inskripzioa eskatu izana, honako hau lortu ahal izateko:

Foru Komunitateko administrazioak abeltzaintza bultzatzeko ematen dituen onura eta laguntza publikoak, Nafarroako aurrekontu orokorren kontu direnak osorik edo hein batean.

Europako Batasunaren Nekazaritza Politikako laguntza araubideen arabera, abeltzaintzari zuzenean ematen zaizkion ordainketak, Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtseko bermearen sailak osorik edo hein batean finantzaturik daudenak.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren dirulaguntzak lortzeko baldintza da abereen osasunari buruzko arautegia uneoro betetzea, hurrengo artikuluan xedatutakoarekin bat."

Hirugarrena._Indarrik gabe gelditzen da xedapen iragankorretan lehena.

2. artikulua. Abeltzaintzako ustiategiak lekuz aldatzea sustatzeko neurriak.

Nafarroako Gobernuak laguntza berezien araubide bat ezarriko du; araubide horrek hiriguneen barruan dauden eta beren ustiategiarekin tokiko hirigintza planeamenduan eta ingurumen eta osasun arau orokorrek baimendutako leku batean jarraitu nahi duten abeltzaintzako ustiategien titularrek egindako inbertsioaren ehuneko 70eraino hartuko du. Halaber, araubide hori bera aplikatuko zaie hiriguneetatik kanpo oin berriko instalazioetan inbertsioak egin eta hirigunetik urrun egoteagatik kalteturik atera direnei, baldin eta abeltzaintzako ustiategia berriz ere lekuz aldatu nahi badute.

Bi kasuetan eraikuntza berriak lehengo ustiategia itxi beharra ekarriko du.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Erregelamendu bidezko garapena

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamazazpian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0302916

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web