(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2004 FORU LEGEA, urriaren 29koa, Nafarroako toki araubidea gaurkotzekoa Nota de Vigencia.

BON N.º 133 - 05/11/2004



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako toki administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak, uztailaren 2koak, mugarri bat ezarri zuen Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeko Lege Organikoaren ondoriozko garapen politiko eta legegilean. Haren bidez gainditu zen hain luzaro iraun zuen Udal Administraziorako Erregelamendua, zeinak Nafarroarentzat egokitu baitzuen 1924ko martxoaren 8ko Udal Estatutuan ezarritako toki araubidea.

Gaur egun pentsaezina da arau batek hain denbora luzean irautea. Toki demokraziak indarra hartu du, herritarrek arazo publikoetan parte hartzeko interesa dute Konstituzioan ezarritako funtsezko eskubideetakoa den aldetik, toki ordenamendu juridikoaren kontzeptu zaharkituen bilakaera gertatu da, ezagutzaren eta informazioaren gizarteak ekarri dizkigun baliabideetan oinarritzen diren parte hartzeko bide berriak sortu dira, gizarte dinamikoa dugu eta demokrazia errotu egin da; besteak beste, faktore horiek direla eta, beharrezkoa da jokatu eta ekiteko prest egotea, behar diren aldaketak onartzeko, egokitu behar baitira Nafarroako toki botere publikoen antolaketa, funtzionamendua eta jarduera, eta bestelako moldeetara ekarri, aintzat hartuz orokorki ontzat eman direnak, hala Espainiako gainerako toki administraziokoak, nola Europar Batasunaren esparruan sartutako beste herrialde batzuetakoak, antolamendurako egokiak diruditenak, betiere interes publikoa toki entitateen eremuan ahalik eta hobekien ase ahal izateko.

Hain zuzen ere, toki demokrazia errotzearekin, bazterrean gelditzen ari dira kontzeptu juridiko-politiko zahar asko. Gaur egun egiazko bilakaera jasaten ari dira toki entitateen korporatibotasunean oinarritutako kategoria guztiak, eta bestelako toki gobernuak ari dira sortzen eta eratzen, oinarritzat hartuz eskurantza arauemaileak eta kontrol arlokoak banatzeko eta erabakimena esleitzeko irizpideak. Jokaleku politiko berrirantz eraman gaitu abenduaren 16ko 57/2003 Legeak, toki gobernua modernizatzeko neurriei buruzkoak, zeina oraindik ere partziala baita, bertan hiri handi deitutakoentzat, baina lege hori, bertan aitortzen denez, aldi baterako da; izan ere, zioen azalpenean aipatzen du beharrezkoa dela toki administraziorako oinarrien lege berri bat, bere ikuspegi zabalean toki gobernuen sistema osoa hartuko duena.

Foru lege honek egokitu, gaurkotu eta osatu gogo ditu Nafarroako toki araubidearen arloan, Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeak iraun duen bitartean sortu diren gorabehera berriak, ia hamabost urte iragan baitira.

Egokitzeko xedea dela eta, honetan txertatzen dira, udal antolaketari buruz dagozkion xehetasunetan, Modernizazioaren Legean ezartzen direnak. Ildo horretan, Iruñeari aplikatzen zaio hiri handientzako araubidea, betiere erantsita foru lege honetan ezarritakoaren ondoriozko xehetasun batzuk, hala nola langileriaren arlokoak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko aurka egiteak edo Nafarroako toki ogasunei buruzkoak. Gainerako udalentzat egokitu egiten dira Estatuko lege horretan ezarritako alderdi batzuk, komunitateen arteko mankomunitateen araubideari, quorumei eta organoei dagozkienak.

Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legea gaurkotu eta osatzeko, sartu dira herritarren parte-hartzearekin zerikusia duten gaiak, aipatzen dira hura aldarrikatu ondotik sortutako instituzio edo organoak, esate baterako Nafarroako Kontseilua edo toki eremuko herritarren kontsulten erregulazioa; gaurkotu egiten da populazioaren araubide juridikoa, eta herritar kontzeptuaren barrenean sartu; ezarri da zerbitzu publikoen kudeaketa gaurkotuenaren araubidea; aldatu da kontratazioari buruzko tituluaren testua, kontuan hartuz aldatu dela Nafarroako administrazio publikoen kontratazioaren araubidea, ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea dela medio, Nafarroako toki entitateek kontrataziorako dituzten berezitasunak egokituta; aldatu da toki ogasunei buruzko tituluaren testua, Toki ogasunei buruzko Foru Legean araututakoa bitara egon ez dadin, hura geroago aldarrikatu baitzen; egokitu da legezkotasuna kontrolatzeko sistema, horretan bilduz jarduera ezari eta egitatezko bidetzat hartzen diren jarduketa materialei buruzko ezarpenak, bat etorriz administrazioarekiko auziei buruzko ohiko legearekin; halaber, sartu dira administrazioaren isiltasunaren araubide juridikoaren alderdi batzuk, administrazio prozedurari buruzko oinarrizko araudiari jarraikiz.

Gaurkotzeko lana osatzeko, sistematizatu da Toki ogasunei buruzko Legea eta aldatu da haren agindu batzuen testua, era horretan arrazionalizatzeko aurrekontu-kudeaketa eta toki entitateen zorpetzea bezalako beste alderdi batzuk.

Kontzejuetako hauteskundeei buruzko Foru Legea osatu da, hauteskunde horietan bildu ahal izateko atzerritarren botoa emateko eskubidea, udal hauteskundeetarako ezarrita dagoen modu berean, Konstituzioaren 13. artikuluari jarraikiz.

Azkenik, foru lege honek konpondu gogo du Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrak sortutako egoera, hura indargabetuz eta haren ordezko bat emanez, arautu nahian idazkaritza eta kontu-hartzailetza lanpostuen horniduran gertatzen den egoera anomaloa, kontuan izanik lanpostu horiek beharrezkoak direla toki administrazioan, toki jarduerak modu egoki eta ordenatuan garatzen direla bermatu eta tokiko interes publikoa asetzearren.

LEHENENGO KAPITULUA

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aldaketa

1. ATALA

Nafarroako toki entitateen antolaketaren eta administrazioaren aldaketak

Lehenengo artikulua.

Aldatu egiten dira Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko artikulu eta idatz-zati hauen testuak: 8.2, 10.1, 16.4, 17., 19., 25.1, 32.1, 33.1, 33.3, 33.4, 37.2, 38.2, 38.3, 44.1, 45.1, 45.3, 46.2, 46.3, 47.1, 47.4, 50.1 eta 52.1; eta honela geldituko dira idatzita:

"8.2 artikulua. Udalen gobernu eta administrazio-organoen eskurantzak legeria orokorrean ezarritakoari jarraikiz erabiliko dira, ezertan galarazi gabe toki araubideari buruzko foru legeriaren ondorio diren berezitasunak."

"10.1 artikulua. Udaleko biztanleria udal erroldan inskribaturiko pertsona guztiek osatzen dute."

"16.4 artikulua. Udal baten edo gehiagoren lurralde zati bat banantzen ahalko da, beste udal burujabe bat eratzeko, interes publikoarentzako arrazoi iraunkorrik aski dagoenean.

Banaketa bidez ezin da udal berririk sortu, berriak 1.000 biztanle baino gehiago ez badu."

"17. artikulua. Udal mugapeen aldakuntza, 15.1 artikuluan aipatutako kasuetan, ondoko hauen arabera eginen da betiere:

1. Honako hauek izan daitezke ekimenaren abiarazleak:

a) Herritarrak, udaleko edo udaletako azken hauteskunde errolda osatzen dutenen gehiengoak sinatutako eskaeraren bidez, edo, banaketaren kasuan, udal horren/horien zatiaren edo zatien gehiengoak sinaturik.

b) Interesaturik dagoen/dauden udala/udalak, osoko bilkuran korporazioko kideen legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin hartutako erabakiaren bidez.

c) Nafarroako Gobernua.

2. Behin ekimena abiaraziz gero, Foru Komunitateko administrazioak jarraitu beharreko prozeduran honako tramite hauek bete beharko dira:

a) Jendaurrean egotea, bi hilabetez bederen.

b) Prozesuak ukitutako udal eta kontzeju guztien entzunaldia, denbora horretan berean.

c) Nafarroako Kontseiluaren irizpena. Hori eskatzearekin batera, Estatuko administrazioari jakinaraziko zaio."

3. Prozedura behin betiko ebaztea Nafarroako Gobernuari dagokio, zeinak igorri eginen baitio hura Estatuko administrazioari, horrela, entitate lokalen Erregistroan sartua izan dadin, eta Nafarroa nahiz Estatuko aldizkari ofizialetan argitara emanen da."

"19. artikulua. Udal mugapeen aldakuntza-prozesuen ondorioz desagertzen diren udalek, prozesuaren ondoriozko udal berriaren barrenean gelditzen ahalko dira kontzeju gisa, baldin eta, hamabost biztanle baino gehiago izanda, gutxienez ere hiru familia-unitate osatzen badituzte."

"25.1 artikulua. Udalen izenak eta herriburutzak aldatzeari buruzko udal erabakiak osoko bilkuran hartu beharko dira, korporazioko kideen legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin."

"32.1 artikulua. Kontzeju irekiaren araubidean jardunen dute ehun biztanle baino gutxiagoko udalek."

"33.1 artikulua. Artikulu honetan zehaztu den moduan, araubide bat ezartzen da 5.000 biztanletara iristen ez diren landa inguruneko udalentzat, zeinentzat administrazio barrutiak eratzen baitira, borondatezkoak".

"33.3 artikulua. Administrazio barrutia osatu nahi duten udalek, 46. artikuluan ezarritako zerbitzu administratiboetarako elkarteren bateko partaide ere badira, barrutiaren esparruak, gutxienez, elkartean sartutako udalenarekin bat eginen du."

"33.4 artikulua. Administrazio barrutiaren gobernu-organoan hura osatzen duten udaletako ordezkaritza adierazgarria izanen da, eta biltzarra ondoko arau hauei jarraikiz eratuko da:

a) Bertako partaide izanen dira udal elkartu bakoitzeko bi zinegotzi, zeinek boto ponderatua erabiliko baitute, ordezkatzen duten udalaren biztanleen kopuruaren arabera. Udalak kontzeju irekiaren araubidea badu, ordezkaritza herritarren biltzarreko bi kidek izanen dute.

b) Biltzarreko kideen artean biltzarburu bat hautatuko da, alkateak udaletan dituen eskurantza berberen jabe izanen dena biltzar horretan.

c) Administrazio barrutiaren biltzarraren funtzionamendua udaletan osoko bilkurentzat ezarrita dagoenari jarraituz arautuko da."

"37.2 artikulua. Kontzeju izateko, beharrezko izanen da 15 biztanle baino gehiago izatea, horiek kontzejuari dagokion udalaren erroldan sarturik egotea eta gutxienez ere hiru familia-unitate osatzea."

"38.2 artikulua. Kontzejuburua eta batzarretako kideak gehiengo bidez hautatuko dituzte kontzejuko egoiliarrek, zeinak kontzejuari dagokion udalaren hauteskundeetako erroldan egon beharko baitute, botoa emateko eskubidea dutela. Hautespen eguna, udal hauteskundeena bera izanen da.

Hautagai izateko eskubidea izanen dute botoa emateko eskubidea aitortua dutenek, aurreko idatz-zatian xedatutakoaren arabera."

"38.3 artikulua. Kontzeju irekia eratuko da 16 biztanletik 50era bitarteko populazioa duten kontzejuetan.

Kontzeju irekia osatuko dute, kontzejuburua buru dela, kontzejuan egoiliar izanik, hauteskundeak egiteko unean dagokien udal erroldan herritar gisa inskribaturik daudenek. Kontzejuburuak kontzeju irekiko kide bat izendatuko du bera ordezka dezan, kanpora joan edo gaixotzen denean."

"44.1 artikulua. Honela iraungiko dira kontzejuak:

a) Herritar egoiliarren gehiengoaren idatzizko eskaeraren bidez, udalaren entzunaldiaren ondoren.

b) Biztanleen kopurua hamaseira ez iristeagatik, edo, nahiz eta horretara iritsi, hiru famili unitate ez izateagatik.

c) Kontzejuaren gobernu organoak eskatuta, haren kideen legezko kopuruaren bi hereneko gehiengoak hartutako erabakiaren bidez."

"45.1 artikulua. Foru lege honetako 3.1.c) artikuluan aipatzen diren toki entitateen antolamendu, funtzionamendu, eskumen eta diru baliabideak, arautuko dira legez ezarrita dituzten erregelamendu, ordenantza, hitzarmen, akordio, epai edo itunen bidez."

"45.3 artikulua. Tradiziozko batasunek, eskuordetuta, zerbitzuak emate edo jarduerak burutzearen gaineko udal eskumen guztiak bereganatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, administrazio barrutientzat 33. artikuluan ezarritakoari men eginen zaio, gobernu organoei buruzkoan izan ezik, horietarako beren erregelamendu, ordenantza, hitzarmen, akordio, epai edo itunetan ezarritakoak izanen baitira."

"46.2 artikulua. Batasun horiek foru lege bidez sortuko dira, zerbitzu administratiboak emateko batasunen kasuan izan ezik, horiek foru dekretu bidez sortzen ahal baitira.

Sorrera horretan zehaztu beharko dira izena, burutza, nolako osaketa eta funtzionamendua duten haren gobernu organoek, zeinetan izanen baita batzen dituzten udalen ordezkapen adierazgarria, bai eta, horietaz gain, esleitzen zaizkion diru baliabideak eta aplikagarri zaizkion ahalmenak ere.

Aurreko lerrokadak aipatzen dituen udal-elkarteetan burutza izanen duen udala aukeratzerakoan, funtzionaltasun irizpideei begiratuko zaie, hala nola zeinek duen biztanle kopururik handiena edo zein den elkartutako udalen arteko erdigunetik hurbilen dagoena."

"46.3 artikulua. Nafarroako udalek administrazio zerbitzuetarako elkarteak eratzen ahalko dituzte beren artean; haien funtzionamendua nahiz antolaketa dagozkien estatutuen arabera arautuko dira, eta haien eraketa prozedurarako nahiz araubide juridikorako aplikatuko zaie mankomunitateentzat ezarrita dagoena Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeko I. tituluko II. kapituluaren 4. atalean.

Baldin eta administrazio zerbitzuetarako elkarte bat, 3.1.d) artikuluan aipatzen direnetakoa, eratu gogo duten udalek partaide badira edo sartuak badaude legez edo borondatez sortutako elkarte batean, gutxienez ere beharrezkoak diren tokiko funtzio publikoko lanpostuei eutsi ahal izateko, elkarte haren esparruak bat etorri beharko du, gutxienez, haren baitan sartutako udalenarekin, non eta Nafarroako Gobernuak beste zerbaitetarako baimena ematen ez duen.

Nolanahi dela ere, administrazio zerbitzuetarako elkarte bat eratzen bada xede horretarako sortu edo eratutako entitateetako kide diren udalen artean, entitate horiek desegin eginen dira eta, kasua bada, elkarte hartan sartuko dira une horretan kargu horiek betetzen ari diren funtzionarioak.

Toki entitate bihurtzearekin, batasun horiek beren esku izaten ahalko dute, beren estatutuetan bildutakoaren arabera, beren borondatez erabakitzen dituzten udal eskurantzen erabilera."

"47.1 artikulua. Nafarroako udalak elkar daitezke beren artean edo beste autonomia erkidego batzuetako udalekin, obrak elkarrekin egin eta haien eskumenekoak diren zerbitzu jakin batzuk emateko."

"47.4 artikulua. Udalei aitorturiko ahalmen eta eskubideak mankomunitateei ere aplikatuko zaizkie, beren Estatutuetan ezarritakoari jarraikiz. Estatutuetan aurreikusirik ez dauden gaietan, udalen ahalmen eta eskubide guztiak izanen ditu, betiere beharrezkoak badira bere helburua betetzeko, eta ahalmen horietako bakoitzari aplikatzekoa zaion legeriarekin bat; horrekin guztiarekin ere, Foru Komunitatearena izanen da desjabetzeko ahalmena, nahitaez okupatu beharreko ondasunak udal bat baino gehiagotan badaude; betiere mankomunitateak eskaturik eta haren onurarako erabiliko du ahalmen hori."

"50.1 artikulua. Estatutuen onespena ondoko arau hauei jarraikiz eginen da:

1. Udal sustatzaile guztietako zinegotziek, biltzarra osaturik, hasierako proiektua lantzea. Horretarako, eta aurretik beharko diren azterlanak burutzeko, batzorde bat osatzen ahalko da, eta mankomunitatean sartzen diren entitateetako bakoitzak bertan ordezkari bat izanen du gutxienez.

2. Proiektua hilabete batez udaletako idazkaritzetan jendaurrean jartzea, lehendik beren oholetan iragarkia jarrita, horrela herritarrek aztertu eta alegazio, kexa eta oharrak aurkeztu ahal diezazkioten.

3. Biltzarrak ematen du alegazio, kexa eta oharren gaineko ebazpena, eta Estatutuen proiektua behin betikoz lantzen da.

4. Foru Komunitateko administrazioaren txostena, biltzarrak onetsitako proiektuari buruz.

Beharrezkoa izanen da Nafarroako Foru Komunitateak aldez aurretik baimena ematea, baldin eta mankomunitateak eratu nahi badira Nafarroako Foru Komunitateko udalen eta beste autonomia erkidegoren bateko udalen artean.

5. Mankomunitatean sartzea erabakitzen duten toki entitateetako udalek osoko bilkuran Estatutuak onestea, gehiengo absolutuz hartutako erabakiaren bitartez, eta beren ordezkariak izendatzea haren organo nagusirako.

6. Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea."

"52.1 artikulua. Mankomunitate bat eratuz geroztik, beste udal batzuk ere atxiki dakizkioke, Estatutuetan xedatutakora makurtzen badira.

Beste autonomia erkidegoren bateko udalak sartzen diren mankomunitateei atxikitzeko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitateak baimena ematea."

Bigarren artikulua. Ondotik ematen den artikulua gehitzen zaio Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari, eta honela geldituko da idatzita:

"9. bis artikulua. Iruñeko Udalari antolaketa arloan aplikatuko zaion araubidea izanen da Toki araubideko oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko X. tituluan ezarrita dagoena, foru lege honen ondoriozko berezitasunak erantsita."

2. ATALA

Nafarroako toki korporazioetako kideei buruzko aldaketak

Hirugarren artikulua. Ondotik ematen den idatzzatia gehitzen zaio Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 56. artikuluari, eta honela geldituko da idatzita:

"56.3 artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak parte hartuko du udaletako hautetsientzako ordainsari sistemaren finantzaketan, udalekiko lankidetza sistemen bidez."

3. atala

Aldaketak, Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidean, eta informazioaren eta partaidetzaren araubidean

Laugarren artikulua.

Aldatu egiten dira Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 75.2, 76, 77.3, 85.2, eta 92. artikuluen testuak, eta honela geldituko dira idatzita:

"75.2 artikulua. Toki korporazioetako buruek isuna jartzen ahal diete korporazioko kideei justifikaziorik gabe bileratara ez joateagatik edo dituzten betebeharrei behin eta berriz uko egiteagatik.

Isunak ez dira korporazioak bere erregelamendu organikoan finkatutako zenbatekoa baino handiagoak izaten ahal, ondotik ematen den eskalan jarritako mugen barrenean, eta toki entitateak xedapenik ematen ez duen bitartean honexek aginduko du:

_5.000 biztanle edo gutxiagoko toki entitateetan, 60 euro bitarte.

_5.001 biztanletik 10.000ra bitartekoetan, 90 euro bitarte.

_10.001 biztanletik 100.000ra bitartekoetan, 120 euro bitarte.

_100.000 biztanle baino gehiagokoetan, 150 euro bitarte."

"76. 1 artikulua. Toki entitateetako hautetsiek entitate horietan dauden dokumentu eta artxibo guztiak eskuratu eta kontsultatu ahalko dituzte, haiek beren eginkizunak betetzeko hala behar badute."

2. Toki entitateek erregelamendu bidez arautzen ahalko dute eskubide horren erabilera. Eskaera arrazoiak azalduz ebatzi beharko du alkateak edo buruak edo tokiko gobernu batzarrak, toki entitateko erregistroan aurkeztu ondoko bost egun naturaleko epean. Korporazioko kideei informazioa ukatzen dionak erantzukizuna izanen du."

"77.3 artikulua. Arestiko zenbakiko b) idatz-zatiak aipatzen duen kasuan, bilkura eskatzen denetik egiten denera bitarte ezin dira hamabost egun baliodun baino gehiago igaro. Deialdian sartuko da ekimenaren egileek proposaturiko gai-zerrenda, eta buruak beste gai batzuk ere sar ditzake, bilkura eskatu dutenek onartzen badute.

Aipatutako zinegotzi-kopuruak eskatzen duen osoko bilkura egiten ez bada zehaztutako epean, hartarako deia automatikoki egina geldituko da epe hori bukatu eta bosgarren egun balioduneko hamabietarako. Korporazioko idazkariak horren berri emanen die korporazioko kide guztiei lehen adierazitako epea bukatu eta biharamunean. Burua edo legez haren ordezko izan behar duena ez badaude, osoko bilkura balio osoz eratuta egonen da foru lege honetako 79.1 artikuluan eskaturiko quoruma betetzen baldin bada; kasu horretan, bilkurako buru arituko da, bertaratuen artean, korporazioko kide zaharrena dena."

"85.2 artikulua. Bozketak izaten ahal dira arruntak, izendunak edo isilpekoak.

Normalean bozketa arrunta erabiliko da, non ez duen korporazioak bozketa izenduna egitea erabakitzen kasu jakinen batean.

Bozketa isilpekoa izaten ahal da, gaiaren eztabaida halakoa izan eta korporazioak hala erabakitzen badu.

Nahitaez izendunak izanen dira alkatearen aurkako zentsura mozioari buruzko bozketa eta hark berak aurkeztutako konfiantza-arazoari buruzkoa, hala baitago xedaturik hauteskundeei buruzko araubide orokorreko legerian."

"92.1 artikulua. Nafarroako toki entitateek ahal den informaziorik zabalena eskainiko dute bere jardunaz, eta herritar guztiek herriko bizitzan parte hartzea erraztuko dute. Era berean, elkarteak bultzatu eta herritarrek toki administrazioan parte hartzeko erakundeak sustatuko dituzte.

Parte hartzeko elkarte eta erakundeen eta toki entitateen arteko harremanak erregelamendu organiko baten bidez arautuko dira.

2. Toki entitateek beren burua antolatzeko ahalmena erabiliz finkatzen dituzten partaidetza moduek, bitartekoek eta prozedurek ezingo dituzte gutxietsi legez araututako ordezkaritza-organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenak.

3. Aurreko zenbakian aipatzen diren partaidetza moduak garatzeko, elkarte eta erakunde horiei ekitaldiei buruzko ahalik eta informazio zabalena emanen zaie, eta bultzatuko da entitatearen kudeaketan parte har dezaten, aurreko zenbakian xedatutakoaren arabera. Horretarako, legezko aitorpena duten herritarren partaidetza-elkarteek onura publikoko deklarazioa jasotzen ahalko dute.

4. Halaber, toki entitateek, eta bereziki udalek, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatu beharko dute, herritarrekiko partaidetza eta komunikazioa errazteko, agiriak aurkezteko eta herritarren kontsultak, inkestak nahiz tramite administratiboak egiteko, haiek arautzen dituen foru legearen esparruan.

Foru Komunitateko administrazioak laguntza ematen ahalko die idatz-zati honetan ezarritakoa behar bezala garatu ezinik gertatzen diren entitateei, ekonomia eta kudeaketa arloan gaitasunik aski ez badute."

Bosgarren artikulua. Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari gehitzen zaizkio 96.4, 96 bis eta 96 ter artikuluak:

"96.4 artikulua. Foru lege batek arautuko du Nafarroako toki entitateen esparruan herri-kontsultez baliatzeko prozedura, aurreko zenbakietan ezarritakoari jarraikiz."

"96 bis artikulua.

1. Udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten herritarrak herri ekimenaz baliatzen ahal dira, erabaki edo jarduketa proposamenak edo xedapen orokorretarako proiektuak aurkeztuz, betiere udal eskumeneko gaietan. Ekimen horiek izan beharko dute udaleko herritar kopuru jakin baten sinadura, gutxienez, ehunekotan emanda, honenbesterena:

_2.000 biztanle bitarte, 100eko 30

_2.001 biztanletik 5.000ra bitarte, 100eko 20

_5.001 biztanletik 50.000ra bitarte, 100eko 10

_50.001 biztanle baino gehiago, 100eko 5.

2. Ebazpena gaiari dagokion organo eskudunak emanda ere, ekimen horiek osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko dira.

Edozein kasutan, beharrezkoa izanen da aldez aurretik udal idazkariaren legezkotasun txostena, baita kontu-hartzailearen txostena ere, ekimenak eraginik baldin badu udalaren eskubide eta betebehar ekonomikoen gainean.

3. Herri ekimen horiek tokiko herri kontsulta baterako proposamena eramaten ahal dute erantsita, toki entitateen esparruko herri kontsultak arautzen dituen legerian ezarritakoaren arabera.

Baldin eta ekimenerako behar den herritarren gutxieneko kopurua txikiagoa bada kontsulta tramitatzeko behar dena baino, haren araudi berariazkoan xedatutakoari jarraikiz, kopuru horri gehitu beharko zaizkio behar diren guztiak, gutxieneko ehunekora iritsi bitarte.

4. Batzarrak gobernatzen dituen kontzejuetan, eta haietan bakarrik, entitateak erabakitzen ahalko du ezen kontzejuko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten herritarrak herri ekimenaz baliatzen ahal direla eta, horrela, kontzejuen eskumeneko gaiei buruzko erabaki edo jarduketa proposamenak edo xedapen orokorren proiektuak aurkeztu ahal dituztela, baina, betiere, ekimen horiek kontzejuko herritar egoiliar direnen 100eko 30en sinadura izan beharko dute gutxienez.

5. Edozein kasutan, herri ekimenetan ez dira sartzen tributu arloko gaiak, ezta aurrekontuak eta kontuak ere."

"96 ter artikulua. Herritarrek egikaritzen ahalko dituzte, beren kontura, Nafarroako toki entitateei dagozkien akzio judizial eta administratiboak, baldin eta entitate horiek egikaritzen ez badituzte, foru lege honetan ezartzen diren kasuetan eta moduetan. Herritarrek sortutako gastuen ordaina jasoko dute auzitegiek haien aldeko epaia ematen badute."

4. ATALA

Toki entitateen ondasunen araubidearen aldaketa

Seigarren artikulua

1. Aldatu egiten dira Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 104., 117.2, 134.1 eta 178. artikuluen testuak, eta honela geldituko dira idatzita:

"104.1 artikulua. Ondasunak erabilpen edo zerbitzu publiko jakin bati atxikitzeko erabakia toki entitatearen osoko bilkurak edo organo gorenak hartuko du, eta haren aurretik eginen da, kasua bada, haren afektazioa jabari publikoari. Beharrezkoa ez denean, osoko bilkurak bere ahalmen hori eskuordetzen ahal dio buruari edo tokiko gobernu batzarrari.

2. Tokiko erakunde autonomoek, tokiko enpresa-entitate publikoek eta merkataritza sozietateek, baldin eta beren kapital soziala oso-osorik toki entitatearena edo haren ente publiko batena bada, beroriei eskatzen ahal diete ondasun eta eskubideen atxikipena, beren helburuak betetzeko.

Atxikitako ondasun eta eskubideek eutsiko diote, toki entitateen ondareko ondasun gisa, dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoari.

Aipatu ondasun horiek jasotzen dituzten entitateek ez dute haien jabetza eskuratuko, emanen zaizkien ahalmenak izanen baitira bakar-bakarrik haiek kontserbatzeko eta atxikipenean zehazten diren helburuak betetzeko behar direnak.

Erakunde autonomoei atxikitako ondasunak eta eskubideak premiazkoak ez direnean atxikipenean aurreikusitako xede zehatza lortzeko, erakunde horiek toki entitateari horren berri eman beharko diote, eta honek orduan desatxikipenari eta, hala behar bada, desafektazioari ekinen dio."

"117.2 artikulua. Entitate hauek ezar ditzaketen zehapenak, dolo edo zabarkeriagatik, beren ondasunetan kalteak sortu edo edozein modutan usurpatzen dituztenen aurka, ez dira usurpatutakoaren edo eragindako kaltearen balioa baino txikiagoak izanen, ez eta hura halako hiru baino handiagoak ere. Balioa zenbatesterik ez badago, zehapena 50 eurotik 1.800 eurora bitartekoa izanen da."

"134.1.d) artikulua. Lege xedapen batek lehentasunez eskuratzeko eskubidea ematen dion baten alde egiten denean salmenta."

"178. artikulua. Zehapenak izanen dira produktuen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitartekoak. Aprobetxatutakoaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da 60 eurotik 12.000 eurora bitartekoa.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa."

5. atala

Jardueren, zerbitzuen eta obren araubidearen aldaketa

Zazpigarren artikulua

Aldatu egiten dira Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 192.2, 192.3, 193.1, 194.2, 195., 196., 198.2 eta 198.3 artikuluen testuak, eta honela geldituko dira idatzita:

"192.2 artikulua. Zuzeneko kudeaketak forma hauetariko bat hartuko du:

a) Toki entitateak berak kudeatzea.

b) Tokiko erakunde autonomoa.

c) Tokiko enpresa-entitate publikoa.

d) Merkataritza-sozietatea zeinaren kapital soziala oso-osorik izanen baita toki entitatearena edo haren ente publiko batena."

"192.3 artikulua. Zeharkako kudeaketan honako forma hauek sartzen dira:

a) Kontzesioa.

b) Kudeaketa interesatua.

c) Errentamendua.

d) Ituna.

e) Merkataritza edo kooperatiba sozietatea, zeinaren kapital soziala parte batez baino ez den toki entitatearena.

f) Nafarroako administrazio publikoen kontratuak arautzen dituen foru legerian ezarrita dauden gainerakoak."

"193.1 artikulua. Agintearen erabilera dakarten zerbitzu publikoak kudeatu beharko ditu toki entitateak berak, zuzenean edo toki erakunde autonomo baten bidez."

"194.2 artikulua. Errentamendua, kontzesioa eta sozietate mistoa den kasuetan, hitzarmena bukatu ondoan, toki ondarera itzuliko dira zerbitzuari atxikitako ondasun, instalazio eta materialak, erabiltzeko egoera onean."

"195. artikulua. Toki entitatea bera denean kudeatzailea, bere gain hartuko du bere arriskua, berak bakarrik, eta erabiliko ditu erabakitzeko nahiz kudeatzeko ahalmenak. Zerbitzuko baliabide pertsonal eta materialak toki entitatearen aurrekontuari atxikiko zaizkio eta haren barrenean sartuko dira."

"196.1 artikulua. Erakunde autonomoak zuzenbide publikoko enteak dira, berezko nortasun juridikoa eta ondare berezia dutenak, toki korporazioek beren interesen kudeaketa deszentralizaturako sortzen dituztenak. Haien sorrera, aldaketa, bategitea eta desagerpena toki entitatearen osoko bilkuraren eskutik etorriko dira, eta atxikiak egon beharko dute beren estatutuetan ezartzen den organoari."

2. Beren estatutuak dituzte araubide, toki entitateak haiek onetsi ondotik, haietan zehaztuko baitira beren xedeak eta eginkizunak, ondasunak eta baliabide ekonomikoak, antolaketa orokorra eta funtzionamendua, organoetako titularrak eta zuzendaritzako kideak izendatzeko sistema, bai eta toki entitateak berak beretzat gordetzen dituen tutoretza ahalmenak ere, hurrengo idatz-zatian ezarritako moduan.

Bere ondarearen araubidea, bai eta bere egintzen aurkako aurka egite eta erreklamazioena ere, foru lege honetan toki entitateentzat ezarritako berbera da. Bere kontratazioen araubidea Nafarroako administrazio publikoen kontratuak arautzen dituen foru legerian ezarritakoa da. Bere langileen araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru legerian ezarritakoa da. Aurrekontuaren araubidea, ekonomia eta finantza arlokoa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasunari dagokiena toki ogasunei buruzko foru legerian ezarritakoaren arabera egokitu beharko dira."

3. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa ukatu gabe, erakunde autonomoek honako berezitasun hauek ere izanen dituzte arau:

a) Beharrezkoa izanen da estatutuetan zehazten den organoak baimena ematea, haietan aldez aurretik finkatutako kopuruak gainditzen dituzten kontratazioak egiteko, bai eta ondasun higiezinak eskuratzeko ere.

b) Zuzendaritzako kideen nahiz gainerako langileen ordainsarien baldintzak zehaztu eta aldatzeko, osoko bilkuran hartarako onesten diren arauak bete beharko dira, betiere bat etorriz Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari buruzko araudiarekin."

"198.2 artikulua. Sozietatearen estatutuek sozietate mistoaren izaera mugatuko dute zerbitzu publikoaren kudeaketa erari doakionean, eta, bereziki, zehaztuko dituzte ente publikoari edo honek sozietatearen zuzendaritza organoetan dituen ordezkariei dagozkien ahalmenak eta sozietateak desegiteko arrazoiak. Sozietatearen eginbeharrei buruz toki entitateak duen erantzukizuna kapital sozialari egiten dion ekarpenari dagokiona baizik ez da izanen."

"198.3 artikulua. Toki entitateak eta partikularrek partekatuko dute sozietatearen kudeaketa, norberak kapital sozialean duen partaidetzaren arabera. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da toki entitatearen baiezkoa, sozietatearen eraketa egintza edo estatutuak aldatu ahal izateko, baita kreditu eragiketak ituntzeko eta urteko kontuak onesteko ere."

Zortzigarren artikulua. Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari gehitzen zaizkio 196 bis artikulua eta 213.3 idatzzatia:

196. bis artikulua. Tokiko enpresa entitate publikoak dira Nafarroako toki entitateek sortzen dituzten erakunde publikoak, zeinen esku uzten baita prestazio jarduerak egitea, zerbitzuak kudeatzea edo kontraprestazioa izan dezaketen interes publikoko ondasunak sortzea. Zuzenbide pribatuko arauak bete behar dituzte, Nafarroako toki ogasunak arautzen dituen foru legerian eta beren berariazko araudian ezartzen diren berezitasunak erantsita."

"213.3 artikulua. Nazioarteko partzuergoen kasuan, gaiari buruz Estatuko legerian xedatutakoari jarraituko zaio."

6. ATALA

Kontratazioaren aldaketa

Bederatzigarren artikulua

Aldatu egiten da Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko VI. tituluaren testua, eta honela geldituko da idatzita:

"VI. TITULUA

Kontratazioa

"224.1 artikulua. Nafarroako toki entitateek komenigarri deritzeten kontratu, itun edo baldintzak hitzartzen ahalko dituzte, baldin eta interesgarritasun publikoari, ordenamendu juridikoari edo administrazio zuzenaren printzipioei aurka egiten ez badiete, eta haien arabera bete beharko dituzte, entitate horien alde ezarritako eskumenak deusetan galarazi gabe.

2. Nafarroako toki entitateek egiten dituzten kontratuak Nafarroako administrazio publikoei aplikatzekoa zaien legeriari lotuko zaizkio, foru lege honek dakartzan berezitasunekin."

"225.1 artikulua. Kontratazio mahaiaren buru korporaziokoa bera izanen da, edo korporazioko kideetatik hark eskuordetutakoa, eta mahaiko partaide izanen dira, gutxienez, kontratazio organoak izendatzen dituen bi kide eta entitateko idazkaria.

Kontratazio organoak izendatzen dituen kideak ez badira teknikari adituak kontratuak xede duen gaian, Mahaiak behar diren txosten teknikoak eskatu beharko ditu, adjudikazio proposamena haietan oinarritzeko.

2. Kontratuei buruzko foru legeriaren arabera kontratazio mahaiaren eraketa aukerakoa izan eta mahaia ez bada eratzen, kontratazio organoa arduratuko da dokumentazio administratiboa kalifikatzeaz, idazkariak proposatuta, eta organo horrek erabakitzen duen adjudikazioak egon beharko du txosten tekniko egokietan oinarrituta.

Kontratazio mahaia eratzen bada, eraketa horrek balioko du prozesu osorako edo bakar-bakarrik adjudikazio proposamena formulatzeko. Azken kasu horretan, kalifikazioa eta onarpena eginen dira aurreko lerrokadan ezarritakoaren arabera.

3. Lizitazio iragarkian jarri beharko da non egin behar diren eskaintzak edo proposamenak jendaurrean irekitzeko ekitaldiak.

Lizitazioaren eta adjudikazioaren iragarkiak dagokion toki entitatearen iragarki oholean jarriko dira, bidezko diren komunikabideetan jartzeaz gain, Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko foru legeriaren arabera.

4. Zenbatekoa dela kausa, publikotasunik gabeko prozedura negoziatuaren bidezko kontratazioa bakarrik egiten ahalko da Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko foru legerian araututako kontratu administratiboetan, baldin eta, aipatu administrazioetarako ezarritako gehienezko kopurua inola ere gainditu gabe, haien aurrekontuko dirusarrera arrunten 100eko 10a gainditzen ez badute.

5. Larrialdiko espedienteen tramitazio berezian, kontratazio organoa izaten ahalko da kasu guztietan entitateko burua, zeinak ondoren egiten den lehenbiziko osoko bilkuran eman beharko baitu egindakoaren berri.

6. Toki entitateak obrak, hornidurak eta laguntzak zuzenean egiten dituen kasuetan, herritarrek eman beharreko prestazio pertsonal eta errealak administrazioaren berezko baliabidetzat hartuko dira.

7. Agiri administratibo batean formalizatzen diren kontratuak entitateko idazkariak baimendu beharko ditu.

8. Toki entitateekin kontratua sinatzeko eskatzen diren bermeak entitate kontratu-egilearen Kutxan gordailatuko dira.

9. Obren onarpenean egon beharko dute entitateko buruak edo hark eskuordetutako entitatekideak, entitateko idazkariak, obren zuzendaritzako arduradunak, eta kontratistak, bera bakarrik edo bere fakultatiboa lagun duela, bai eta, bidezkoa bada, kontu-hartzailetza lanen arduradunak ere."

226. artikulua. Kontratatzeko eskumena toki entitateetako organo hauei dagokie:

1) Udal eta kontzejuetan:

a) Buruari, kasu hauetan:

1) Urteko kontratazioak, haien zenbatekoak gainditzen ez badu aurrekontuko dirusarrera arrunten 100eko 10a.

2) Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoa baturik arestian aipatutako portzentajea gainditzen ez badu.

b) Osoko bilkurari, batzarrari edo kontzeju irekiari, gainerako kasuetan.

2) Mankomunitate, tradiziozko batasun eta elkarte izaerako bestelako toki erakundeetan, bakoitzaren estatutuetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta udalentzat ezarritakoa ordezko gisa aplikatuko da.

226.3 artikulua. Toki entitateen organoei esleitutako kontratatzeko ahalmenak kasuan kasuko administrazioaren beste organo batzuei eskuordetzen ahalko zaizkie.

227. artikulua. 1. Lege honen arabera, kontratatzeko toki entitateko organo eskudunari dagokio kontratazio espedientea onetsi eta esleipen prozedura irekitzea; horrek, administrazio klausula partikularren plegua eta kontratu jarduera aurrera atera behar diren prestakuntza eta eginkizunak onetsi beharra ekartzen du.

2. Era berean, organo berari dagokio interpretatzeko, interes publikoko arrazoiengatik aldaketak egiteko eta kontratu administratiboen gainean ebazteko eskubidea, betiere, legeak ezarritako muga, beharkizun eta ondorioak errespetatuz.

228.1 artikulua. Toki entitateek egiten ahalko dituzte administrazio klausula orokorren pleguak eta agindu tekniko orokorren pleguak. Entitateko osoko bilkurari edo organo gorenari dagokio plegu horiek onestea.

2. Administrazio klausula partikularren pleguek eta agindu tekniko partikularren pleguek ezin izanen dute plegu orokorretan ezarritakoaren kontrako xedapenik jaso, haiek onesteko eskumena duen organoak baimenduriko kasuetan izan ezik.

229. artikulua. Ezgaitasun edo bateraezintasun auzietan dauden pertsonekin hitzarturiko kontratuen baliogabetasuna, kontrataziorako eskumena duen organoak deklaratuko du, behin aztertuz gero idazkaritzaren eta kontu-hartzailetzaren txostenak, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren ondoren, kontratistak aurka egiten duen kasuan.

230.1 artikulua. Enkanteak ahoz egiten ahalko dira, lizitatzaileen hitzezko proposamen eta posturen bidez, herriko ohitura eta usadioei jarraituz.

2. Ondareko edo herrilurretako ondasunak aprobetxatu edo besterentzeko ahozko enkanteetan parte hartu ahal izateko, lizitatzaileek bete beharko duten baldintza bakarra da administrazio klausula partikularren pleguan eskaturiko behin-behineko bermea gordailuan uztea.

Adjudikatu aurretik, hartzaile behar duenari exijituko zaio aurkez dezala dokumentazioa, administrazio klausula partikularren pleguan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.

Esleipenaren proposamena irabazten duen lizitatzaileari, baldintza horiek bete ezik, behin-behineko bermea bahituko zaio eta gainera esleipenaren aldeagatik administrazio lizitatzaileari egindako kalte eta galeren ardura hartuko du bere gain.

3. Ondarea edo herrilurrak aprobetxatu edo saltzeko egiten ez diren ahozko posturen bidezko enkanteetan, Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriako aginduak aplikatuko dira. Proposamen ekonomikoak idatziz aurkeztu beharrean ahozko proposamen edo posturak eginen dira, jendaurrean.

231.1 artikulua. Enkanteetako esleipen egintzaren emaitza berehala jarriko da entitateko iragarki-oholean.

2. Ondarea edo herrilurrak aprobetxatu edo saltzeko enkanteak prozedura irekiaren bidez eginez gero, esleipenaren proposamena jasotzen duen eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seitik bat gehituz hobetzen ahalko da. Sesta emateko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunetan egin beharko da eta seigarren eguneko ordu berean amaituko, jaiegunak ere barne direla.

b) Lehiatzaile izan ez bada ere, legezko ahalmena duen edonork egiten ahalko du; betiere, aurrez bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz idazkariaren aurrean hitzez egiten ahalko da. Edozeinetara ere, idazkariak eginbide bat idatziko du, eguna eta ordua adieraziko duena, eta doakionak sinatuko du.

d) Sesta ematea amaitu ondoren, horretarako jarritako epea bukatu eta ondoren lau egun baliodun izanen dira beste enkante bat egiteko. Toki entitateak esleipenaren proposamenaren hartzaileari bere postura seiren batean hobetua izan dela jakinarazi beharko dio eta behin betiko enkantea noiz eginen den adierazi.

e) Behin betiko enkantea egiteko tasazio preziotzat, egindako hobekuntzatik ateratakoa hartuko da eta dagokion iragarkia jarriko iragarki-oholean, hurrengo enkantea zein egun eta ordutan izanen den gutxienez bi egun baliodun aurretik zehaztuta. Lehiatzailerik ez badago, kontratua sesta-emaleari eslei dakiola proposatuko da.

f) Esleipen berriari dagokion akta idatziko da eta 1. idatz-zatian aurreikusi bezalaxe iragarriko da emaitza.

3. Esleipenaren proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunetan edonork erreklamazioa egiten ahalko du idatziz, lehiatzaile izan gabe ere, lehiaketaren baliogarritasunaren edo lehiatzaileen gaitasun juridikoaren kontra, eta bere iritziz esleipena egiteko bidezko den ebazpena eman dadila eskatzen ahalko du.

232. artikulua. Toki entitateek egindako kontratuak Comptos Ganberara igorriko dira, Nafarroako administrazio publikoarentzat ezarritako era eta kasu beretan."

7. atala

Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileriaren arauen aldaketak

Hamargarren artikulua.

Aldatu egiten dira Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 234.1, 235.2, 240.1, 250.1, 250.2, 250.4, 251.2, eta 254. artikuluen eta idatz-zatien testuak, eta honela geldituko dira idatzita:

"234.1. artikulua. Nafarroako toki korporazioetako nahitaezko eginkizun publiko izanen dira:

a) Idazkaritza lana, fede publikoa eta aginduzko lege-aholkularitza ematea barne direla.

b) Ekonomia, finantza eta aurrekontu arloetako kudeaketaren barne kontrola eta fiskalizazioa, aholkularitza tekniko-ekonomikoa eta kontabilitate lana.

c) Diruzaintza."

"235.2. artikulua. Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko c) letrak aipaturiko kontabilitate eta diruzaintza eginkizunen erantzukizuna funtzionarioen estatutuari atxikitako langileei dagokie, edo korporazioko kideak ere izan daitezke diruzaintza lanen erantzule, foru lege honetan ezarritakoaren arabera."

"240.1 artikulua. Mankomunitateetan elkarturiko toki entitateetakoren batean idazkariaren eginkizunak betetzen dituenari ematen ahal zaizkio mankomunitatearenak, berak hala eskatuz gero, edo beharturik, inork eskatzen ez badu; mankomunitateak erabakiko ditu haren lansariak, eta inoiz ez dira izanen A mailako hasierako soldataren ehuneko hamar baino gutxiago."

"250.1 artikulua. Honakoetan izanen da nahitaez kontu-hartzaile lanpostua:

a) 3.000 biztanle baino gehiagoko udal guztietan, eta orobat kontu-hartzailearen lanpostu bakarra guztien artean edukitzeko sortutako udal-elkarteetan, baldin eta batutako udaletako populazioak guztira 2.000 biztanle baino gehiago egiten badu.

b) 1.500.000 euro baino gehiagoko dirusarrera arrunta duten mankomunitate eta tradiziozko batasunetan."

"250.2. artikulua. 2.000 biztanle baino gehiago dituzten udalek, udal-elkarteek (haietako populazioak guztira 2.000 biztanle baino gehiago egiten badu) eta 1.500.000 eurora bitarteko dirusarrera arrunta duten mankomunitate eta tradiziozko batasunek badute ahalmena kontu-hartzaile lanpostua sortzeko."

"250.4 artikulua. Artikulu honetako 2. puntuan aipaturiko mankomunitate eta tradiziozko batasunetan, kontu-hartzailetzari dagozkion eginkizunak bete ahalko dituzte elkarturiko toki entitateetakoren batean eginkizun horiek betetzen dituzten kontu-hartzaileek, eta eskubidea izanen dute mankomunitateak zehazturiko ordainsaria jasotzeko. Ordainsari hori inoiz ez da txikiagoa izanen postua beteko duen pertsonak izanen duen hasierako soldataren 100eko 10 baino."

"251.2 artikulua. Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaile izateko gaikuntza eskuratzeko probetan parte hartzeko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, talde bakoitzarentzat beherago adierazten den titulazioa eduki beharko dute.

a) A taldea._Ekonomia eta enpresa zientzietako lizentziatua izatea, edo zuzenbidekoa, 10.000 biztanle baino gehiagoko udaletan edo elkartutako udalen populazioak guztira 10.000 biztanle baino gehiago dituen udal-elkarteetan kontu-hartzailearen lanpostua izateko.

a) B taldea._Ekonomia eta enpresa zientzietako diplomatua izatea, edo zuzenbidekoa, 3.000tik 10.000 biztanle bitarteko udaletan edo udal elkartuen populazioak guztira 3.001etik 10.000 biztanle baino gehiago dituen udal-elkarteetan kontu-hartzailearen lanpostua izateko. Titulu horiek duten balio bera izanen du ekonomia eta enpresa zientzietako edo zuzenbideko lizentziaturan lehen hiru ikasturteak gaindituak izateak.

"254.1. artikulua. Diruzain lanpostua nahitaez izanen da 250. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letrak aipatzen dituen udal edo batasunetan, baldin eta haien populazioak 25.000 biztanle baino gehiago baditu.

2. Korporazioak berak izendatutako funtzionario-estatutuaren menpeko langileei dagokie diruzain lanpostuaren erantzukizuna. 25.000 biztanle baino gehiagoko udaletan, ekonomia eta enpresa zientzietako edo zuzenbideko lizentziatu titulua eskatuko da diruzain lanpostua eskuratzeko.

Hamaikagarren artikulua

Indargabetu egiten da Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra.

8. ATALA

Toki ogasunei buruzko arauen aldaketa

Hamabigarren artikulua

Aldatu egiten da Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko VIII. tituluaren testua, eta honela geldituko da idatzita:

VIII. TITULUA

Toki ogasunak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

259. artikulua. Nafarroako toki entitateek beren eskumenak erabili eta helburuak bete ditzaten, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaie, toki ogasunei buruzko foru lege batek arauturik. Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Nafarroako toki araubideari berez dagozkie toki ogasun horiek.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Legearen 20.2 artikuluak ezartzen duenez, foru lege hori onesteko gehiengo absolutua beharko da."

260. artikulua. Nafarroako toki entitateetako ogasunen diru iturburuak entitateak berak jasotzen dituen tributuek eta Foru Komunitateko eta Estatuko administrazioko tributuetako partizipazioek osatuko dituzte, bai eta aurreko artikuluan aipaturiko foru legeak eta, halakorik bada, Estatuko legeria orokorrak ezarritakoarekin bat datozen beste baliabideek ere.

261. artikulua. Legeetan ezartzen diren salbuespen eta hobariak, Nafarroako toki ogasunei buruzko Foru Legeak ezarritakoak izan ezik, ororentzat onartzen badira eta toki mailako tributuetan eragina badute, Nafarroako aurrekontu orokorren kargura egindako transferentzien bidez konpentsatu beharko dira, edo Estatukoen kargura, bestelako konpentsazio bide batzuen bitartez.

262. artikulua. 1. Nafarroako toki entitateek autonomia izanen dute tributuak ezarri eta eskatzeko, betiere aurreko artikuluek aipatzen duten foru legeak ezartzen duenaren arabera.

2. Toki entitateek beren tributuak arautzeko ordenantza fiskalen bidez gauzatuko dute tributuen arloan erregelamenduak emateko duten ahalmena, eta orobat kudeaketa, dirubilketa eta ikuskapen arloko ordenantza orokorren bidez.

Beharrezkoa da ordenantza fiskalak oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta onetsi eta hurrengo ekitalditik hartuko dute indarra, non eta ordenantzetan beretan ez den adierazten beste dataren bat.

263.1 artikulua. Nafarroako toki entitateek legezkotasun printzipioa bete beharko dute beren finantza eta tributu jardueran.

2. Tributu zor eta oinarriak zehazteko egintzek legezkotasun presuntzioa izanen dute, eta hori soilik deuseztatzen ahalko da toki entitateek beren kabuz hala erabakita nahiz kasuan kasuko helegiteen bidez.

264. artikulua. Nafarroako toki entitateek, Foru Komunitateko administrazioaren tributuei dagokienez, horiek arautzen dituzten arauek ezarritako onurak jasoko dituzte.

265. artikulua. Nafarroako toki entitateek Foru Komunitateko administrazioarekin eta beste administrazio batzuekin, edo alderantziz, dituzten zorrak konpentsazio bidez kitatzen ahalko dira, baldin zorrak mugaeguneratuak, likidoak eta eskagarriak badira.

266. artikulua. Toki entitateek ez dute zilegi beren eskubide eta ondasunak besterendu edo hipotekatzea, ez eta beren baliabide edo beren alde kitaturiko kredituak jasotzerakoan inor zerga ordaintzetik salbuestea, zenbatekoa gutxitu edo ordain eguna atzeratzea, legeek ezarritako kasuetan izan ezik.

II. KAPITULUA

Aurrekontua, kontabilitatea eta fiskalizazioa

267.1 artikulua. Nafarroako toki entitateek aurrekontu orokor bakarra egin eta onetsiko dute, urtero. Hurrengoen adierazpen zenbakitu, bateratu eta sistematikoa izan beharko du: dagokion ekitaldi ekonomikoan gehienez aitor daitezkeen betebeharrena, eta ekitaldi horretan muga-eguna duten edo gauzatzekoak diren eskubideena.

2. Aurrekontu ekitaldiak urte naturalarekin bat eginen du.

268. artikulua. Honako hauek osatuko dute toki entitate bakoitzaren aurrekontu orokor bakarra:

a) Entitatearen aurrekontua, non sartuko baitira nortasun juridiko independienterik izan gabe haren menpeko diren zerbitzu guztiak.

b) Toki entitateak bere menpe dituen erakunde eta sozietate guztien aurrekontuak, baldin eta nortasun juridiko propioa badute.

269. artikulua. Nafarroako toki entitateen aurrekontu orokorrak, aurrekontu-egituraren aldetik, Nafarroako Gobernuak entitate horientzat guztientzat ezartzen duenera egokituko dira.

270. artikulua. Toki entitatearen osoko bilkurak aurrekontu bakar orokorra aplikatu behar den urtearen aurreko abenduaren 31 baino lehen onetsi behar du behin betikoz, hurrengo artikuluetan ezartzen den prozeduraren arabera.

Aurrekontua ez bada indarrean dagokion ekitaldi ekonomikoaren lehen egunean, automatikoki luzatuko da aurrekoaren indarraldia, harik eta berriak indar hartu arte.

271. artikulua. Hasiera batez osoko bilkurak aurrekontu orokorra onetsirik, ikusgai egonen da idazkaritzan hamabost egun balioduneko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta iragarki oholean argitaratu ondotik, herritarrek eta interesatuek aztertu eta bidezko juzgatzen dituzten erreklamazioak aurkez ditzaten.

272. artikulua. Nafarroako toki entitateen aurrekontu orokorra, behin betiko onespena jaso duenean, udalaren aldizkari ofizialean argitaratuko da, halakorik badu, eta, laburturik, Nafarroakoan.

273. artikulua. 1. Kontu orokorra, kontu-hartzailetzak moldatua, ekainaren 1a baino lehen, toki entitatearen kontu batzorde bereziaren esku jarriko du haren buruak, txostena eman dezan; batzordea talde politikoen ordezkariek osatuko dute, halakorik bada.

2. Kontu orokorra, Batzordearen egiaztagiriekin eta txostenarekin, jendaurrean paratuko da hamabost egun baliodunez, eta interesatuek erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko aukera izanen dute epe horretan. Erreklamaziorik aurkezten bada, batzordeak haiei buruzko txosten gehigarria emanen du.

3. Kontu orokorra, aurreko txosten eta dokumentuekin, korporazioaren osoko bilkuraren esku jarriko da.

274. artikulua. Toki entitateen eta horien menpeko erakunde eta sozietateen kontuen kanpo-fiskalizazioa eta kudeaketa ekonomikoa Comptos Ganberak eginen du, foru lege honen bederatzigarren tituluko II. kapituluaren laugarren atalean xedatutakoaren arabera, indarra duen ordenamendu juridikoari jarraikiz arlo horretan egin daitezkeen jarduketak galarazi gabe.

9. Atala

Nafarroako toki entitateen prozedurari eta araubide juridikoari buruzko eta jarduketen aurka egite eta kontrolari buruzko aldaketak

Hamahirugarren artikulua.

Aldatu egiten dira Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318., 319., 325., 335., 341., 342., 343. eta 346. artikuluen testuak, eta honela geldituko dira idatzita:

"318.1 artikulua. Toki entitateak behartuak dira beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskari guztiak ebatzi eta jakinaraztera.

2. Administrazioaren isiltasunak onespena adieraziko du, baldin eta eskaria aurkeztu denetik hiru hilabete igarotzen badira ebazpenik jakinarazi gabe."

Baimen eta lizentziak isiltasun positiboz emantzat hartuko dira baldin eta hiru hilabete igarotzen badira eskaera aurkeztu zenetik, hurrengo artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe."

"319. artikulua. Baimen eta lizentziak ematean, honako arau hauek bete behar dira:

1. Horrelakoak emateko eskumena toki erakundeko buruarena izanen da, arloko legeriak besterik xedatu ezean.

2. Jarduera pertsonaletan jarduteari buruzko eta toki ondarea erabiltzeari buruzko lizentzien eskaerak hilabeteko epean ebatziko dira. Epe hori betetzen bada ebazpen adierazia jakinarazi gabe, administrazioaren isiltasunaz ukatuak izan direla ulertzen ahalko da.

3. Eraikuntzarako eta lurzoruaren erabilpenerako lizentziak, eta halaber ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruzkoak, hala nola jarduera sailkatuetakoak ez direnetarako enpresa edo lantegiak ezartzeko, lekualdatzeko edo handitzeko baimenei buruzkoak Nafarroako Foru Komunitatean aplikagarri den legeria berariazkoaren menpe egonen dira.

4. Administrazioaren isiltasuna, 39.1.c artikuluan ezarritakoaren arabera kontzejuek ematen dituzten hirigintza-lizentzien kasuan, negatiboa izanen da. Hala ere, honako kasu hauetan positiboa izanen da:

a) Udalari txosten loteslea eskatu zitzaionetik bi hilabete igaro eta hark kontzejuari jakinarazi ez dionean.

b) Txosten hori egin eta lizentzia-ematearen aldekoa dela jakinarazi arren, kontzejuak jaso eta hilabeteko epean ebazpenik ematen ez duenean.

"325. artikulua. 1. Tokiko erregelamenduak eta ordenantzak honako prozedura honi jarraituz onetsiko dira:

a) Toki entitateko osoko bilkurak hasierako onespena ematea.

b) Onespen-erabakia jendaurrean edukitzea gutxieneko epean _hogeita hamar egunean_ Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta entitateko iragarki oholean iragarkia jarri ondotik, herritarrek eta bidezko interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.

c) Aurkezten diren erreklamazio, kexa edo oharrak ebaztea, eta a) atalean aipatu den organoak behin betiko onespena ematea.

Dena dela, hasierako onespena behin betiko bilakatuko da, baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, gertaera hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

2. Herri ondasunen aprobetxamendua arautzen duten ordenantzak onesteko, beharrezkoa da korporazioa osatzen duten kideen legezko kopuruaren gehiengo absolutuak aldeko botoa ematea.

3. Erregelamendu eta ordenantzak aldatzeko egin beharreko tramiteak onespena emateko berberak izanen dira.

4. Jendaurrean jartzea ez da nahitaezkoa toki entitatearen beraren antolamenduan eragina duten erregelamenduak onesteko."

"335.1 artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak hurrengoetan egiten ahal du administrazioarekiko auzien jurisdikzioan Nafarroako toki entitateen egintza eta erabaki adierazi edo presuntziozkoen aurka, jarduera-ezaren aurka eta egitatezko bidea osatzen duten jarduketa materialen aurka:

a) Foru Komunitatearen eskumeneko berezko gaietan zuzenbidezko ordenamendua hausten dutela uste duenean.

b) Legeak hautsiz, toki entitateen berezko eskumenetatik harantzago doazenean, Foru Komunitatearen eskumenei kalte egiten dietenean edo haiek oztopatzen dituztenean.

2. Nafarroako Foru Komunitatea kapitulu honetako hirugarren ataleko 1. azpiatalean ezarritakoari lotuko zaio, administrazio jarduera aurkagarriaren aurka jotzean."

"341. artikulua. Foru Komunitateko administrazioak juzgatzen badu Nafarroako toki entitateen egintza edo erabaki adierazi edo presuntziozko batek, jarduera-ezak edo egitatezko bidea osatzen duen jarduketa materialak ordenamendu juridikoa hausten duela Foru Komunitatearen eskumenekoak diren gaietan, Foru Komunitatearen eskumenak gutxitu, haren jarduna oztopatu edo toki entitateen eskumenak gainditzen dituztela, neurri hauetakoren bat hartzen ahalko du:

a) Toki entitateari aurreko lerrokadak aipatzen duen administrazio jarduera aurkagarria baliogabetzeko errekerimendua egin.

b) Zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean administrazio jarduera aurkagarriaren aurka jo.

"342.1 artikulua. Foru Komunitateko administrazioak erabakitzen duenean aurreko artikuluak aipatzen duen errekerimenduaz baliatzea, hamabost egun balioduneko epean egin beharko du, eta artikulu hau espresuki aipatu.

Epe hori egintzaren edo erabakiaren jakinarazpena jasotzen denetik hasiko da kontatzen, edo Foru Komunitateko administrazioak jakiten duenetik edo jakin dezakeenetik toki entitateak prestazio bat eman behar zuela edo egintza irmo bat exekutatu, xedapen orokor batek hala aginduta, egintza administratibo baten ondorioz edo betebeharra sorrarazten dion kontratu edo hitzarmen administratibo baten eraginez, edo Foru Komunitateko administrazioak egitatezko bidea den jarduketa material baten berri duenetik edo izan dezakeenetik.

Errekerimenduak arrazoitua izan behar du, eta hautsitako araua zein den aipatu; horrez gain, egintza edo erabakia baliogabetzeko eskaria eduki behar du, edo toki entitateak ezarrita dagoen modu zehatzean betebeharrak betetzekoa, edo egitatezko bidea osatzen duen jarduketa materiala gelditzeko agindua, eta errekerimenduak dioena zer epetan bete behar duen ere adierazia behar du.

2. Toki entitateak errekerimenduari kasurik egiten ez badio, Foru Komunitateko administrazioak jarduketaren edo jarduera-ezaren aurka jotzen ahal du, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan, jurisdikzio hori arautzen duen legeak izaera horretako helegitea aurkezteko adierazitako epean, zeina zenbatuko baita toki entitateari zuzendutako errekerimenduaren muga-egunaren biharamunetik aurrera edo hark errekerimenduari ezezko erantzuna emateko bidalitako jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik aurrera, deuseztapenerako ezarritako epean jasotzen bada."

"343.1 artikulua. Foru Komunitateko administrazioak zuzenean jotzen ahal du administrazioarekiko auzien jurisdikziora Nafarroako toki entitateen jarduketen aurka, haiek Foru Komunitatearen eskumenei kalte egiten dietenean, haiek oztopatzen dituztenean edo toki entitateen berezko eskumenetatik harantzago doazenean, betiere administrazioarekiko jurisdikzioa arautzen duen legerian ezarritako epean.

2. Aurkapenak oinarritzat hartzen den kaltea edo, hala bada, eskumenen muga-gainditzea zein izan den zehaztu behar du eta baita hautsitako arauak zein diren ere. Horrez gain, jarduketa eteteko eskaera adierazia eduki dezake, ukitutako komunitate-interesaren osotasun eta eraginkortasunean oinarritua, zeinak, hala bada, legeria orokorrean ezarritako ondorioak sortuko baititu.

Etenaldia erabakirik, edozein unetan, toki entitatearen eskariz eta Foru Komunitateko administrazioari entzun ondoren, osorik edo partez baliogabe utz dezake auzitegiak, etenaldiak kaltea ekar badiezaioke toki interesari eta aurka egitean baliatutako komunitate interesak ez badu hura justifikatzen."

"346.1 artikulua. Toki administrazioaren arloan eskumenak baliatzen dituen Foru Komunitateko administrazioko organoari dagokio Nafarroako toki entitateek egintza eta erabaki adierazi edo presuntziozkoei, jarduera-ezari eta egitatezko bidea osatzen duten jarduketa materialei aurka egiteko ahalmenaz baliatzea, 335. artikuluak aipatzen duena.

2. Toki entitateen jarduketen interes orokorra kontrolatzeko ahalmenez gaia eta arloko legeria direla-eta dagokien Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organoak baliatuko dira."

10. ATALA

Iruñeko Udalarentzako araubidea

Hamalaugarren artikulua.

Beste xedapen gehigarri bat eransten zaio Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari, hamaseigarrena:

"Hamaseigarrena._Iruñeko Udalarentzako araubideak, foru lege honen 9. bis artikuluan aurreikusi baita, honako berezitasun hauek izanen ditu:

1. Antolamendua.

a) Kudeaketa deskontzentraturako udal barrutiak sortzea aukerakoa izanen da eta hartarako arauak erregelamendu organikoaren bidez emanen dira.

b) Jabari publikoko ondasunen kalifikazio juridikoari dagokionez foru lege honen 103.1 artikuluak aipatzen dituen erabakiak hartzeko eskumena eta 140.2 eta 3an, 228.1 eta 2an aipatzen direnak hartzekoa, hala nola Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 131. eta 225.3 artikuluek aipatzen dituztenak hartzekoa, udalaren osoko bilkurari dagozkio.

c) Foru lege honen 81.1 eta 2 artikuluak aipatzen dituen akordioak, jabari publikoko ondasunen kalifikazio juridikoari dagokionez 103.1ak aipatzen duena, 140.2 eta 3ak, 205.2.c), 209.2, 325.2 eta 3ak eta 348 c) artikuluak aipatzen dituztenak, bertan ezarritako gehiengoaren arabera hartu beharko dira.

d) Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 129. artikuluaren 2. idatz-zatiak aipatzen duen eskumena udalburuari edo osoko bilkurari dagokio, kasuan kasuan.

e) Kontu orokorra osatu eta gero, txostena eman beharko dute bai kontu-hartzaileak bai finantzak eta aurrekontuak kudeatzeko organoak.

2. Langileak.

a) Udaleko idazkaria lehiaketaren bidez izendatuko da, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen artean, baldin eta horiei zuzenbideko lizentziatu tituluaren jabe izatea eskatu bazitzaien jabetzan duten lanpostua betetzeko prozeduran. Izendatuak besterik gabe lortuko du Nafarroako toki korporazioen idazkari izateko gaikuntza, halakorik ez badu.

b) Tokiko gobernu batzarraren eta haren zinegotzi idazkariaren laguntza-organoaren titularra izendapen askez eginen da, lanpostuan jabetzaz diharduten eta zuzenbideko titulazioa eskatu zaien udaleko funtzionarioen artean.

c) Aholkularitza juridikoko titularra tokiko gobernu batzarrak hautatuko du, izendapen askez, zuzenbideko lizentziatu titulua eskatu zaien Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen artean.

d) Udaleko kontu-hartzailetza nagusiaren titularra, baldin eta postua hutsik gelditzen bada, toki gobernu batzordeak izendatuko du lehiaketa bidez, Nafarroako administrazio publikoetako A mailako kontu-hartzaileen artean, baldin eta foru lege honetan aurreikusitakoaren arabera gaiturik badaude.

e) Nafarroako administrazio publikoen langileei aplikagarri zaizkien arauetan ezarritako sistema orokorren arabera beteko dira kudeaketa ekonomiko-finantzario eta aurrekontuzkorako organoaren eta tributuen kudeaketarako organoaren titularraren edo titularren lanpostuak, administrazioan sartzeko ekonomiako edo enpresa zientzietako lizentziatu titulua eskatu zaien funtzionarioen artean.

f) Udaleko gainerako langileak hartzeko, bai funtzionarioak bai behin-behinekoak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuak eta hura garatzeko arauek ezartzen dutenari men eginen zaio.

3. Araubide juridikoa.

Udalen eskumeneko tributuen eta zuzenbide publikoko dirusarreren kudeaketa, likidazioa, bilketa eta ikuskapenaren arloko egintzen eta erabakien aurka jotzean, Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeko IX. tituluak dioenari jarraituko zaio.

BIGARREN KAPITULUA

Nafarroako kontzejuetako hauteskunde prozesua arautzen duen martxoaren 16ko 12/1991 Foru Legearen aldaketa

Hamabosgarren artikulua

Nafarroako kontzejuetako hauteskunde prozesua arautzen duen martxoaren 16ko 12/1991 Foru Legearen 4. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:

"4.1. artikulua. Honakoak dira hautagarri: adinez nagusiak diren herritarrak, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera hautatzaile izanik hautaezintasun edo bateraezintasun kausan sartuak ez direnak."

HIRUGARREN KAPITULUA

Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa

Hamaseigarren artikulua

Honako artikulu eta idatz-zati hauek aldatzen dira Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean: 35.1, 52.2, 54.1, 123.3, 123.4, 123.5, 125, 126.1, 126.2, 127.1, 127.2, 127.3, 128, 129, 130, 131, 195, 199.1, 200.1, 200.4, 201.1, 201.2, 201.4, 201.5, 202.5, 206, 207, 210.2, 212, 218.1, 221.1, 221.4, 224.2, 225.1, 225.2, 244.2, 247. eta 248.1, eta orobat I. tituluko V. kapituluaren izenburua; honela idatzita geldituko dira:

"35.1 artikulua. Korporazioaren osoko bilkurari dagokio prezio publikoak finkatu eta aldatzeko ahalmena; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen ahalmen hori tokiko gobernu batzarrari eskuordetzeko.

"52.2 artikulua. Lege bereziek besterik agintzen ez badute, udal nahiz kontzejuen ordenantza, erregelamendu eta bandoak hausteagatik jartzen diren isunek 3.000 euro izanen dute goreneko muga 25.000 bizilagunez goitiko herrietan; 1.800 euro 10.001etik 25.000ra bitartekoetan; 1.200 euro 5.001etik 10.000ra bitartekoetan; 600 euro 2.001etik 5.000ra bitartekoetan, eta 300 euro gainerakoetan."

"54.1 artikulua. Delako herrian bizilekua duten guztiak daude auzolanera behartuak, honakoak ezik:

a) Hemezortzi urtetik beheiti eta berrogeita hamabost urtetik goitikoak.

b) Ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoren bat dutenak.

c) Espetxeetan preso daudenak."

"V. kapitulua. Tributu, dirulaguntza eta kreditu-eragiketetako partaidetza."

"123.3 artikulua. Ohiko transferentzien bitartez emanen den partaidetzaren zenbatekoa udal eta kontzejuen artean banatuko da. Banatzeko formula justizia eta proportzionaltasuneko irizpideetan oinarrituko da eta, besteak beste, honakoetan: populazio indizeak; gastuak, ahalmen ekonomikoa; baliabideak eta bakoitzaren mugapean diren zerbitzu publikoen dotazioa."

"123.4 artikulua. Halaber, kapital transferentzietarako ezarritako zenbatekoaren banaketa inbertsio planak sortzen dituzten foru legeetan paratuko den moduan eginen da. Hartan, gainera, mankomunitateek, tradiziozko batasunek, udal-elkarteek eta administrazio barrutiek ere beren partea izaten ahalko dute.

"123.5 artikulua. Udal agintaldi bakoitzeko bigarren urteko lehen seihilabetekoan, Nafarroako Gobernuak, Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena egin ondoren, Nafarroako Parlamentura honako hauek bilduko dituen arau-proiektu bat bidaliko du:

a) Toki ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko funtsaren zenbatekoa hurrengo lau aurrekontu-ekitaldietan zein izanen den.

b) Udal agintaldiaren hurrengo lau urteetarako zein izanen den aipaturiko funtsa banatzeko formula, artikulu honetako 3. eta 4. zenbakiak adierazitako irizpide orokorren arabera."

"125. artikulua. Foru lege honetan ezarritako xedapenen arabera, toki entitateek era guztietako kreditu eragiketak hitzartzen ahalko dituzte."

"126.1 artikulua. Euren inbertsioak finantzatzeko, toki entitateek epe luzeko kredituetara jotzen ahal dute."

"126.2 artikulua. Kreditua ondoko moduen arabera gauzatuko da:

a) Zor publikoaren jaulkipena.

b) Era guztietako finantza-entitateekin mailegu edo kredituen kontratazioa."

"127.1 artikulua. Toki entitateek, euren interesetarako eta eskumeneko lanak egin eta zerbitzuak emateko komenigarritzat jotzen baldin badute, beren abala ematen ahal dute entitateekin lanak edo zerbitzuak kontratatu edo toki entitatera itzuliko diren kontzesioak ustiatzen dituzten pertsona edo entitateek hitzartutako kreditu eragiketetan, nolanahikoa delarik eragiketa hori, baina betiere eragiketa bakoitzerako bat banaka."

"127.2 artikulua. Toki entitateek abala ematen ahalko diote beren erakunde autonomoek edo beren menpeko merkataritzako sozietateek hitzartuko dituzten maileguen edozein eragiketari. Abalak, hala ere, ez du bermatzen ahalko sozietatean duen partaidetza baino gehiagoko kreditu-portzentajerik."

"127.3. artikulua. Aurreko bi idatz-zatiek aipatutako eragiketak aurretiazko fiskalizazioaren menpe egonen dira eta bermatutako maileguaren zenbatekoa ezingo da izan entitateak berak obra edo zerbitzua zuzenean finantzatu balu baino handiagoa."

"128. artikulua. Toki entitateek diruzaintza alorreko eragiketak hitzartzen ahalko dituzte, urtebetez gehienez ere, zeinahi finantza entitaterekin, diruzaintzako behar iragankorrei aurre egiteko, betiere haiek, osotara, azken ekitaldi likidatuko eragiketa arruntetan likidatutako dirusarreren % 35 gainditzen ez badute."

"129.1 artikulua. Kreditu eragiketen hitzarmenak kontu-hartzailetzaren txostenaren ondotik erabaki beharko dira. Txostenean, bereziki, eragiketetatik heldu diren betebeharrak, denborari dagokionez, toki entitateak betetzen ahalko ote dituen aztertuko da.

2. Toki entitateetako buruek aurrekontuan aurreikusitako epe luzeko eragiketak hitzartzen ahalko dituzte, baldin eta horrelako eragiketen zenbateko metatua, ekitaldi bakoitzaren barrenean, ez bada azken ekitaldiko eragiketa arruntengatik ontzat emandako dirusarreren 100eko 10 baino gehiago.

Epe laburreko eragiketak hitzartzea egokituko zaie, baldin eta horrelako eragiketa bizien zenbateko metatua, eragiketa berria barne, ez bada likidatutako azken ekitaldiko eragiketa arruntengatik ontzat emandako dirusarreren 100eko 15 baino gehiago.

Toki entitateen buruak hitzartzen dituen eragiketen berri eman beharko dio osoko bilkurari edo organo baliokideari, ondotik eginen den lehenbiziko bilkuran.

Muga horiek gainditzen direnean, korporazioaren osoko bilkurari edo organo baliokideari dagokio onestea."

"130. artikulua. Aurrekontuen azken likidazioa oinarri harturik aurrezki garbi negatiboren bat dagoela ateratzen bada ondoriotzat, toki entitateek Foru Komunitateko administrazioaren baimena beharko dute kreditu eragiketak hitzartu ahal izateko.

Ondorio horietarako, aurrezki hori kalkulatzeko honako irizpide hau hartuko da: dirusarreren egoeraren lehenbiziko kapitulutik bosgarrenera bitarteko eskubide onartuen eta gastuetan egoeraren lehen, bigarren eta laugarren kapituluen arteko betebehar onartuen arteko diferentzia, ken formalizatutako edo abalatutako eragiketen baturatik sortzen den finantza-kargaren zenbatekoa eta egin asmo den eragiketaren urteko finantza-kargaren zenbatekoa.

Baimen-eskaerarekin batera finantza-hobekuntzarako plan bat gehituko da, korporazioak osoko bilkuran onetsi beharko duena, non hartuko diren kudeaketa, tributu, finantza eta aurrekontu arloko neurriak, gutxienez entitatearen aurrezki negatiboa zerora ekartzeko modukoak.

"131. artikulua. Erakunde autonomoek kreditu eragiketak hitzartzen ahalko dituzte aurreko artikuluetan ezarritako baldintzetan, korporazioaren osoko bilkurak baimena eman eta kontu-hartzailetzak txostena egin ondotik.

"195.1 artikulua. Aurrekontu orokorrean eta, ondorioz, hori osatzen duten aurrekontuetako bakoitzean honakoak sartuko dira:

a) Gastuen egoera eta, horien barrenean, behar bezala zehazturik, betebeharrei aurre egiteko behar diren kredituak.

b) Dirusarreren egoera eta horien barrenean ekitaldian likidatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatespenak.

2. Aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontuetako bakoitza hasierako defizitik gabe onetsi beharko da.

"199.1 artikulua. Aurrekontu orokorraren espedientean honako eranskin hauek sartuko dira:

a) Merkataritzako sozietateen urteroko jarduketa, inbertsio eta finantzaketa programak, sozietate horren kapital sozialaren titular bakar edo partaide nagusi toki entitatea bada.

b) Entitate beraren aurrekontuaren eta haren erakunde autonomo eta merkataritzako sozietateen aurrekontu egoera-orri bateratua eta toki entitatea kapital sozialaren titular bakarra den merkataritzako sozietateen aurreikuspenen egoera-orria.

c) Toki entitateak lau urteko eperako egin ditzakeen inbertsio planak eta haiek finantzatzeko programak.

d) Merkataritzako sozietateen dirusarrera eta gastuen aurreikuspenen egoera-orriak; betiere, toki entitatea kapitalaren parte handienaren titularra bada, baina ez kapital osoarena."

"200.1 artikulua. Nafarroako Gobernuak, Toki administrazioari buruzko Foru Legearen 269. artikuluaren arabera, toki entitateen aurrekontuen egitura orokorra ezarriko du; kontuan hartuko ditu dirusarrera eta gastuen izaera ekonomikoa eta azken horiekin lortu nahi dituzten xede eta helburuak, artikulu honetako hurrengo zenbakietan ezartzen diren irizpideekin bat.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Gobernuak zilegi du araubide berezia ezartzea toki entitate jakin batzuetan, baldin eta haien kasuan, bete beharreko eginkizunak edo izaera ekonomiko nahiz administratiboko kontu bereziak direla medio, komeni bada aurrekontu aldetik egin beharrekoa erraztea."

"200.4 artikulua. Aurrekontuko kontusailean, zeinen adierazpen zenbakitua aurrekontuko kreditua baita, gutxienez sailkapen funtzionala eta ekonomikoa sartuko dira.

Toki entitateak sailkapen organikoa erabiltzea erabakitzen badu, aurrekontuko kontusailak ere izanen du osagai hori.

Gastuen kontabilitate-kontrola aurrekontuko kontusailaren gainean eginen da eta kontrol fiskala, lotespen juridikoaren mailaren gainean, 208. artikuluak ezarri modura.

"201.1 artikulua.

Toki entitatearen aurrekontua haren buruak prestatuko du eta idazkariaren eta kontu-hartzailearen laguntza jasoko du; honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

a) Txosten bat, edukia argitu eta une horretan indarra duen aurrekontuarekin dituen alde nagusiak azalduko dituena.

b) Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa eta dagokion urtekoaren aurrerapena, gutxienez horren sei hilabeteri dagokiona. Likidazioa eta aurrerapena kontu-hartzailetzak izenpetuko ditu.

c) Toki entitatearen langileriaren eranskina eta horren barrenean funtzionarioen eta lan-araubideko langileen zerrenda, bai aldi baterakoena bai finkoena, kontratuak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, bete beharreko lanpostuen eta kontratazio berrien aurreikuspenak, aurrekontuen proiektuan langileentzat sartu diren kredituekin behar diren korrelazioak lortu ahal izateko.

d) Ekitaldian eginen diren inbertsioen eranskina.

e) Kontu-hartzailetzak izenpetuko duen txosten ekonomiko-finantzarioa, non adieraziko baitira aurreikusten diren dirusarrerak eta kreditu eragiketak ebaluatzeko erabili diren oinarriak, eska daitezkeen betebeharrak betetzeko kredituen askitasuna, zerbitzuen funtzionamendu gastuak eta, ondorioz, aurrekontuaren nibelazio eraginkorra.

Kreditu eragiketei dagokienez, txostenean sartuko dira, horien zenbatekoaz gain, hitzartu asmo diren kredituen ezaugarri eta baldintza finantzario ororen xehetasunak eta bereziki, horiek formalizatu baino lehenago eta geroago entitateak jasaten zuen eta jasan beharko duen finantza-karga.

"201.2 artikulua. Aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontuak, erakunde autonomoei dagozkienak eta horien organo eskudunak hasiera batez proposatutakoak, haien gainetik dagoen toki entitateari igorriko zaizkio, urte bakoitzaren irailaren 15a baino lehenago eta aurreko zenbakian xehekatutako dokumentazioarekin batera.

"201.4 artikulua. Horrela eratu den aurrekontu orokorra, idazkariaren eta kontu-hartzailetzaren aurretiko txostenaz, udaleko osoko bilkurari igorriko dio buruak azaroaren 1a baino lehenago, onetsi, zuzenketak jarri edo atzera itzultzeko.

"201.5 artikulua. Onespen erabakiak, bakarra izanen baita, aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontuak zein diren zehaztu beharko du, eta ezingo da hasierako defizitik aurreikusi ez eta bakoitza bat banaka onartu ere."

"202.5 artikulua. Nafarroako toki entitateek Foru Komunitateko administrazioari igorri beharko diote aurrekontuaren kopia eta erregelamenduz zehazten den dokumentazio osagarria, aurrekontu orokorra behin betiko onetsi eta hurrengo 15 eguneko epean.

"206. artikulua. Gastuetarako kredituak toki entitatearen aurrekontu orokorrean edo behar bezala onetsi diren aldaketetan onetsi diren xede berariazkorako soilik erabiliko dira."

"207.1 artikulua. Kreditu onetsiak mugatzaile eta lotesleak dira.

2. Ezin izanen da gastu-konpromisorik hartu, baldin eta horien zenbatekoa gastuen egoeretan onetsi diren kredituena baino handiagoa bada, eta aipatu arau hori urratzen duten erabaki, ebazpen eta egintza administratiboak zuzenbide osoz deusezak izanen dira, eska daitezkeen erantzukizunak gorabehera."

"210.2 artikulua. Aurreko zenbakian ezarritakoa gorabehera, indarrean den aurrekontuko kredituei, onartzen diren unean, honako betebehar hauek aplikatuko zaizkie:

a) Ordainsariak toki entitatearen aurrekontu orokorretatik jasotzen dituzten langileen aldeko atzerapenak likidatzearen ondoriozkoak.

b) Aurreko ekitaldietan behar bezala hartutako gastu-konpromisoetatik sortutakoak, aldez aurretik 219.5 artikuluan finkatutako kasuan kredituak sarturik.

c) Salbuespenez, aurreko ekitaldietakoak, osoko bilkurak kreditu berezirako edo kreditu-gehikuntzarako erabakia aldez aurretik harturik."

"212. artikulua. Hurrengo ekitaldira arte berandutzen ahal ez den gasturen bat egin behar bada eta korporazioaren aurrekontuan krediturik ez badago edo ez bada nahikoa edo kontsignatutakoa ezin bada handitu, haren buruak aginduko du kreditu berezia emateko espedientea ireki dadila, lehen kasuari dagokionez, edo kreditu gehikuntza, bigarrenean."

"218.1 artikulua. Aurrekontuen gastuen egoera-orrietan krediturik sor dezakete, tributu-izaera ez duten ondoko eragiketen ondoriozko dirusarrerek:

a) Pertsona fisiko edo juridikoek egiten dituzten ekarpenak edo ekarpena egiteko hartzen duten konpromiso irmoak, toki entitatearekin edo horien erakunde autonomoekin batera, gastuak finantzatzeko, duten izaeragatik horien helburu edo xedeetan sarturik badaude.

b) Toki entitatearen edo haren erakunde autonomoen ondasunen besterentzea.

c) Zerbitzu emateak.

d) Maileguak berreskuratzea."

"221.1 artikulua. Aurrekontuetan baimentzen diren kredituen zenbatekoaren barrenean, entitatearen buruari edo osoko bilkurari dagokio gastuak baimendu eta erabiltzea, indarra duten arauek ezartzen duten eskumen esleipenaren arabera."

"221.4 artikulua. Erakunde autonomoetan, 1. eta 2. idatz-zatietan adierazitako ahalmenak, lehenago adierazi bezala baliatuko dira, eta estatutuek eskumen horiek zeini esleitu, haiexen organoen esku egonen dira.

Toki entitatearen buruari edo estatutuei jarraikiz menpeko erakunde autonomoetan eginkizun hori esleiturik duen organoari dagokio ordainketak agintzea."

"224.2 artikulua. Urte anitzetarako gastuak baimendu eta erabakitzea gai bakoitzeko organo eskudunari dagokio."

"225.1 artikulua. Urte anitzetarako gastu-konpromisoak hartzen ahal dira honako gertaera hauetakoren bat tartean denean:

a) Inbertsioak eta kapital transferentziak.

b) Ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak, kostua aurretik urte beterako finkatu ezin denean edo antiekonomikoa denean.

c) Ondasun higiezinen errentamendua.

d) Zorpetzearen finantza-kargak.

"225.2 artikulua. Aurreko zenbakiko a) eta b) letretan adierazitako gastuak ezingo zaizkie lau ekitaldiri baino gehiagori aplikatu."

"244.2 artikulua. Aipatu den eginkizun horren jardunean sartuko dira:

a) Izaera ekonomikoko eskubideak edo betebeharrak edo balore nahiz funtsen mugimendua sor dezaketen egintza, agiri edo espediente ororen kontu-hartze kritiko edo aurretikoa egitea.

b) Ordain-aginduaren kontu-hartze formala.

c) Ordainketaren kontu-hartze materiala."

d) Inbertsioen eta dirulaguntzen aplikazioen kontu-hartze eta egiaztatze materiala."

"247. artikulua. Toki entitateen gastu eta ordainketak egiteko agindua ematen dutenek, betiere, eta kontu-hartzaileek, gastu eta ordainketen bidezkotasun eza idatziz adierazten ez badute, erantzunkizun pertsonala izango dute kreditu nahikorik gabe baimendutako gastu eta onartu, likidatu edo ordaindutako betebehar ororengatik."

"248.1 artikulua. Ez dira aurretiko kontu hartzearen menpe egonen inbentariagarria ez den materialaren gastuak, foru legeriak haien tramitaziorako faktura besterik eskatzen ez duen kontratuetatik sortuak eta aldian-aldian eta behin eta berriz ematen direnak, behin egintzaren edo atera diren kontratuaren edo horren aldaketen hasierako aldiari dagokion gastuaren kontu-hartzea egin ondoren."

Hamazazpigarren artikulua

Honako artikulu eta idatz-zati hauek gehitzen zaizkio Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari: 123.6, 126.4, 202. bis, 219. bis, 231.6, 241.4 eta hamabigarren xedapen gehigarria, honela izanen baitira:

"123.6 artikulua. Udal eta kontzejuek Nafarroako zergetan parte hartzeko duten funtsaren izaera juridikoa kontuan harturik, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean abenduaren 31n inbertsioetarako xedaturik eta betebeharra onartu zain dauden diru-kopuruak betebehar onartuak izanen dira ondorio guztietarako.

Funtseko gerakinen kontu jakin batzuetan gerta litezkeen gastu-gutxitzeak funtseko gerakinen beste kontu batzuetan gerta litezkeen gastu handiagoak finantzatzeko erabil daitezke, edo ekitaldi indarduneko aurrekontu-funtsera gehitu.

Ekitaldi ekonomikoan erabiltzen ez diren funtseko baliabideak haren kopuruari gehituko zaizkio hurrengo ekitaldian.

"126.4 artikulua. Toki entitateen zor publikoak eta haiek jaulkitako balio bereko titulu-baloreek Nafarroako Gobernuak jaulkitako zor publikoaren onura eta baldintza berdinak izanen dituzte."

"202. bis artikulua. Korporazioak aurrekontuak onesteko hartutako behin betiko erabakiek exekuziorako benetako eraginkortasuna izanen dute aurreikusitako dirusarrerak ordainarazteko eta konsignaturiko gastuak agintzeko, haien kontra bidezko izan litezkeen helegiteak ezertan galarazi gabe."

"219. bis artikulua. Aurrekontuko kredituen aldaketa guztietarako, kontu-hartzaile diharduenak txostena eman beharko du nahitaez."

"231.6 artikulua. Toki entitateek helegiteetatik bildutako dirua sartzeko arau bereziak ematen ahalko dituzte, bai eskudiruaren kutxetan edo kreditu-entitate laguntzaileetan, eskudiruz, transferentziaz, txekez edo ordainketarako ezartzen den beste edozein baliabidez nahiz dokumentuz, bankukoz nahiz bestelakoz.

Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen edozein baliabidez ere ordaintzen ahal dituzte beren betebeharrak."

"241.4 artikulua. Toki entitateek, arauz finkatzen diren kontuen egoera-orri osatu eta bateraturik badute, erantsi eginen dizkiote kontu orokorrari."

"HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Iruñeko Udalaren araubidea: aurrekontuena, ekonomiko-finantzarioa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasun kontrolarena

Iruñeko Udalaren araubidea: aurrekontuena, ekonomiko-finantzarioa, kontabilitatearena, kontu-hartzailetzarena, finantza kontrolarena eta eraginkortasun kontrolarena, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen X. tituluan aurreikusitakoa izanen da, foru lege honen berezitasunekin."

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak betetzeko bide berezia

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, foru lege honek indarra hartzen duenetik urte beteko epean, udal, mankomunitate, tradiziozko batasun eta administrazio-zerbitzu komunetako udal-batasunetan dauden idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu hutsak betetzeko prozesu berezi bati ekinen dio, hurrengo idatz-zatietan adierazten den moduan:

1. Deialdian aterako diren lanpostu hutsak bete baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak Nafarroako toki entitateetako idazkari nahiz kontu-hartzaile izateko helarazten duen gaikuntza eskuratzeko prozesua burutuko da, Nafarroako Gobernuak ezarritako programei eta merezimendu baremoei jarraikiz eginen diren oposizio-lehiaketa izaerako hautapen probak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako prestakuntza ikastaroak eginez; horietan parte hartzeko eskubidea izanen dute soilik gaikuntza hori lortzeko deialdia argitaratzen denean bitarteko lanpostuan urtebete etenik gabe gutxienez edo deialdia baino lehenagoko lau urteetan, etenekin, bi egin dituztenek Nota de Vigencia, betiere Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeak eskatzen dituen titulu akademikoak badituzte.

Idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostuetan batera ari direnek idazkari izateko deialdikoak eskuratzeko bakarrik parte hartzen ahalko dute Nota de Vigencia.

Udal idazkari edo kontu-hartzaile lanetan aritzeko gaikuntza 1984an edo lehenago, garai hartan indarra zuen araudiaren arabera jaso zutenak, foru lege honek indarra hartzen duen egunean lanpostu horretan bitarteko izaeraz ari baldin badira hamabost urtez geroztik gutxienez, idatz-zati honetan araututako gaikuntzaren jabe direla ulertuko da, eta hurrengo idatz-zatietan araututako lehiaketetara aurkeztu ahal izanen dira

2. Honako lanpostu hauen kasuan adierazi beharko da hutsik daudela eta egin beharko da betetzeko deialdia:

A. Idazkari lanpostuak:

1. 800 biztanle baino gehiagoko udalak.

2. Foru lege honek indarra hartzen duenean badiren zerbitzu elkarteak, elkarteko udalen artean 600 biztanleraino iristen direnak.

3. Merezimendu lehiaketa orokorretan idazkari-lanpostua sartzea erabakia duten 25.000 biztanle baino gehiagoko udalak.

4. Mankomunitateak eta tradiziozko batasunak, baldin eta, eginkizun horretarako lanpostua plantillan sartua izanik, idazkari-lanpostua merezimendu lehiaketa orokorretan sartua badute.

B. Kontu-hartzaile lanpostuak, horien eginkizunak ez baditu betetzen, toki entitate bakoitzak emandako gaikuntzarekin, horretarako titulazioa duen funtzionario batek, edo abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu legegilearen 12. xedapen gehigarrian xedatutakoaren ondorioz

1. 3.000 biztanle baino gehiagoko udalak.

2. Mankomunitate eta tradiziozko batasunak, baldin eta haien dirusarrera arrunta 1.500.000 eurotik gorakoa bada eta kontu-hartzaile lanpostua merezimendu lehiaketa orokorren bidez betetzea erabakia badute.

3. Kontu-hartzailearen lanpostu bakarra elkarrekin ordaintzeko udal-elkarteak, elkartutako udaletako populazioak baturik 2.000 biztanle baino gehiago baditu.

4. 2.000 biztanletik gorako udalak eta administrazio-zerbitzu komunak ordaintzeko udal-elkarteak, baldin eta elkarteko udalek baturik biztanle-kopuru hori baino handiagoa badute eta kontu-hartzailearen lanpostua plantilletan sartua bada.

5. Mankomunitate eta tradiziozko batasunak, baldin eta haien dirusarrera arrunta 1.500.000 eurotik beherakoa bada eta kontu-hartzaile lanpostua merezimendu lehiaketa orokorren bidez betetzea erabakia badute.

6. 25.000 biztanle baino gehiagoko udalak, baldin eta merezimendu lehiaketa orokorretan kontu-hartzailearen lanpostua sartzea erabakia badute.

Nolanahi ere, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak hutsik daudela adierazteko foru lege honetan aurreikusitako populazio kopuruaren mugak banaka nahiz elkarturik gainditzen dituzten udalek, hutsik adierazi aurretik egiaztatzen badute udal ordezkarien batzorde bat eratua dutela banakako egituren berrantolaketa administratiboa egiteko toki entitate elkartu bat sortzeko helburuarekin, urtebeterako dispentsa bat lortu ahal izanen dute, Nafarroako Gobernuak lanpostu horiek deialdian sar ditzan.

Era berean, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak behin betikoz betetzea ez da eragozpen izanen toki entitateek euren funtzionarioak transferitzeko sortzen diren udalez gaindiko egitura administratiboetara, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 12. xedapen gehigarrian ezarritako moduan.

3. Idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostu hutsak betetzeko lehiaketetan nahitaez parte hartzera behartuak dira 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak Nafarroako toki entitateetako idazkari nahiz kontu-hartzaile izateko gaikuntza eskuratua dutenak.

Parte hartzen ahalko dute halaber idazkari eta kontu-hartzaile titularrek, baldin eta, deialdia egiten den egunean, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 243.1 artikuluak aurreikusten dituen egoeretako batean aurkitzen badira, hala nola foru lege honek indarra hartzen duenean idazkariorde-lanpostua jabetzan izan eta beren entitateko idazkaritza-lanpostua foru lege honen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera eskuratua ez badute.

Foru lege honetan ezarritakoari jarraikiz egitekoak diren lekualdatze-lehiaketetan lehentasunez parte hartuko dute, hau da, lehenik eta behin, deialdia egiten den unean postu bat jabetzan daukatenek; eta, kasuko lanpostu hutsak bete ondoren, lekualdatzea egin ahalko dute foru lege honetan ezarritako arauei jarraikiz gaikuntza lortu dutenek.

4. Baldin eta emandako gaikuntzen kopurua deialdiko lanpostu hutsena baino handiagoa bada, haien titularrak Toki Administrazioko Departamentuak hautatzen ahalko ditu, lanpostu hutsak dituzten toki entitateek kontratu administratiboak egin diezazkieten, entitate horiek halakorik eskatu badiote Departamentuari.

Aurreko lerrokadan aipatzen diren lanpostuak betetzeko lehiaketan behin betiko lanpostua lortu ez dutenen gaikuntzak hurrengo lehiaketetan Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera baloratzeko merezimenduak izanen dira.

5. Gaikuntzarako eta lanpostuak betetzeko prozeduretarako epaimahaiak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko ordezkariz eta Nafarroako toki entitateetakoz osatuko dira, eta gehiengoa bigarren multzo horretakoa izanen da.

6. Prozedura horietan ez da aplikatzerik izanen Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

7. Foru Komunitateko administrazioari baimena ematen zaio finkatzeko zein egunetarako bidali beharko dituzten toki entitateek lanpostu hutsen deklarazioaren eskaera eta Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 242.3 artikuluan adierazten diren merezimendu partikularrak.

Toki entitateek lanpostu hutsaren berri ez emateak ez du galaraziko Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bere kabuz sartzea hori merezimendu lehiaketan. Lanpostu huts horiek betetzeko, merezimendu orokorrak baizik ez dira baloratuko.

8. Idazkari edo kontu-hartzaile lanpostuetako borondatezko eszedentziaren egoera administratiboak ez du eragotziko hutsik deklaratzea, lege honen aplikazioaren arabera hutsik deklaratzeko modukoak badira, titularrek hutsik deklaratu aurretik betetzen ez dituztenak. Horretarako, kasuan kasuko toki entitateak aukera hori eskainiko dute eta, eskaintzatik hilabeteko epean interesatuen erantzunik ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak partekatzeko udal-batasunen ezarpena

1. Idazkarien eta kontu-hartzaileen eginkizunak partekatzen dituzten udalek eta udal-elkarteek foru lege honetako lehen xedapen gehigarriak araututako prozedura bereziaren arabera ezin badituzte lanpostu hutsak deklaratu, aurreko xedapen gehigarrian adierazten diren populazio mailak lortzeko borondatezko batasun-prozesuak abiaraziko dituzte; zortzi urteko epea izanen dute horretarako gehienez ere, eta une horretan eskatzen ahalko dute lanpostu huts hori merezimendu lehiaketa orokorretan sartzeko.

2. Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari, ukitutako toki entitateen adostasunarekin, idazkari edota kontu-hartzaile zerbitzua partekatzeko udal eta udal-elkarteak izan eta xedapen honen 1. idatz-zatian ezarritako prozedura abiarazi ez dutenak batzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Idazkariordeentzako araubide berezia

25. 000 biztanle baino gutxiagoko udaletan lanpostua jabetzan duten idazkariordeek, idazkari lanpostua hutsik badago foru lege honek indarra hartzean, zuzenean eskuratuko dute udal idazkaritzako lanpostua, eta lehen zuten lanpostua amortizatu eginen da.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea baino lehen kontu-hartzaile lanpostuan zihardutenentzako araubide berezia

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea baino lehen, langile finko izanik, kontu-hartzaile lanpostuko eginkizunetan benetan ari direnek kontu-hartzailearen lanpostua hartuko dute, eta udaleko funtzionario bihurtuko dira, baldin eta foru lege horretako 251. artikuluan ezarritako titulazioetakoren bat baldin badute.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako toki entitateek, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 143.2 artikuluak aipatzen dituen argitara emateen ordez, argitara emate bakarra egin ahal izanen du, egin baino 15 egun lehenago, gutxienez, toki entitatearen iragarki oholean paratuta

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Parlamentua eta haren menpeko organoak, bai eta Nafarroako Kontseilua ere, Nafarroako toki ogasunak arautzen dituen Foru Legeak toki entitateen berezko tributuetarako aurreikusten dituen hobari eta salbuespenak aplikatzearen ondorioetarako, foru lege horrek Nafarroako Foru Komunitatearen administraziorako ezartzen duen araubide juridiko eta fiskalari lotuko zaizkio.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Tokiko enpresa-entitate publikoetarako araubide iragankorra

Nafarroako toki ogasunak arautzen dituen legerian tokiko enpresa-entitate publikoetarako irizpide bereziak zehazten ez diren bitartean, toki entitatearen partaidetza osoa duten merkataritza-sozietateei aplikatzekoak zaizkien arauak aplikatuko zaizkie haiei ere.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogei egunen buruan hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2004ko urriaren 29an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0416594

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web