(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

59/2006 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 28KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, MATRIKULA LIBREAREN MODALITATEAN, ERDI MAILAKO MUSIKA IKASKETETAKO LANBIDE TITULUA ESKURATZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA.

BON N.º 108 - 08/09/2006



Zioen azalpena

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, bere 4. artikuluan, ezarri zuen Gobernuaren eginkizuna zela gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituen curriculumeko alderdi oinarrizkoak finkatzea, ikasle guztiek hezkuntza bera izan dezaten segurtatzeko eta kasuko tituluak baliozkoak izateko. Halaber, xedatu zuen hezkuntza arloan eskumena duten hezkuntza administrazioek hezkuntza sistemako maila, etapa, ziklo, gradu eta mota bakoitzeko curriculuma finkatu behar dutela, beren kudeaketa lurraldean. Gutxieneko irakaskuntzak ere horren parte izanen dira.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoa baliogabetu baitzuen, bere 6. artikuluan, ezarri zuen, halaber, Gobernuaren eginkizuna dela gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituen curriculumeko alderdi oinarrizkoak finkatzea eta, bestetik, hezkuntza administrazioei dagokiela alderdi oinarrizko horiek sartuta dauden irakaskuntzen curriculuma ezartzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen iragankorrari jarraikiz, lege organiko horrek indarra hartu zuen unean indarrean zeuden erregelamendu-mailako arauak aplikatzekoak dira oraindik, baldin eta hartan ezarritakoari kontra egiten ez badiote.

Horrenbestez, ekainaren 26ko 756/1992 Errege Dekretua, zeinaren bidez oinarrizko eta erdi mailako musika ikasketen curriculumaren alderdi oinarrizkoak ezarri baitziren, Estatu osoan aplikatuko da.

Era berean, otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretuak erdi mailako musika ikasketen curriculuma ezartzen du, eta Nafarroako Foru Komunitatean maila horretara iristeko arau orokorrak erregulatzen ditu. Nafarroako Gobernuak curriculum hori ezarri zuen bere eskumeneko lurralderako, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Izan ere dekretu horrek irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatutik eskualdatzea onetsi zuen.

Otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretuak, besteak beste, foru dekretu horretako irakaskuntzen kasuan, ikasturte bukaerako azterketekiko matrikula librearen modalitatea kendu zuen, lehen xedapen gehigarrian ezarri bezala.

Arau hori ezarri eta hainbat urtez aplikatu ondoren, ikusi da ikasketa horiek oso gogorrak direla eta haien egitura ez dela batere malgua. Beharbada, horregatik hezkuntza tarte horretan jende gehiagok utzi ditu ikasketak, bai zama handiegia izateagatik bai gehienez ere egoteko denbora muga gainditu dutelako.

Bestalde, irakaskuntza horien berezko antolaketak, ordutegi zabal eta ezberdinak baititu, eta espezifikotasunak, maiz zail egiten dute Nafarroako Foru Komunitateko eskari sozialari erantzutea, urruntasun geografikoagatik.

Egoera dela-eta, irakaskuntza horien curriculumaren ezaugarri batzuk beste modu batera planteatu dira, hasiera batean ezarritako baldintzak malgutze aldera. Horren xedea da hezkuntza tarte hori bukatutakoan, txanda irekiko prozedura baten bidez, amaitu izanaren agiria eskuratu ahal izatea, horretarako ezarriko diren probak gaindituta.

Horrela bada, erdi mailako ikasketa ofizialetako kurtsoetara berariazko proba bat gaindituta sartzerik dagoen modu berean, otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretuari jarraikiz, eskaintzen da, halaber, erdi mailako musika ikasketetako lanbide titulua eskuratzeko aukera, espezialitate bakoitzari dagokion proba gaindituta.

Horretarako, Hezkuntza Departamentuak lanbide titulua eskuratzeko proben ezaugarri orokorrak eta antolakuntzakoak ezarriko ditu, eta erdi mailako musika eskolek, Nafarroako Gobernuarenak baitira, betearaziko dituzte.

Hori horrela, Hezkuntza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko abuztuaren hogeita zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek baimena ematen du erdi mailako musika ikasketetako lanbide titulua eskuratzeko matrikula librearen modalitatean.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko da.

3. artikulua. Lanbide titulua eskuratzea: proben ezaugarriak.

Erdi mailako musika ikasketetako lanbide titulua eskuratzeko, matrikula librearen modalitatean, espezialitate bakoitzari dagokion proba gainditu beharko da, Hezkuntza Departamentuak zehaztuko dituen ezaugarrien arabera.

4. artikulua. Probak egitea.

Erdi mailako musika ikasketak ematen dituzten Hezkuntza Departamentuko musika eskoletan eginen dira probak, zentro horietako irakasleek zuzenduta.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzen den araua

Otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretuaren lehen xedapen indargabetzailea indarrik gabe uzten da. Haren bidez, erdi mailako musika ikasketen curriculuma ezarri zen, eta Nafarroako Foru Komunitatean maila horretara iristeko arau orokorrak erregulatu ziren.

Azken Xedapenetan Lehena. Hezkuntza kontseilariari ahalmena ematea

Hezkuntza kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu honen garapenean eta aplikazioan beharrezko diren neurri guztiak har ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abuztuaren 28an._Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Francisco J. Iribarren Fentanes._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0614169

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web