(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

340/2001 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 4KOA, URBASA ETA ANDIA MENDIAK ERABILI ETA KUDEATZEKO PLAN ZUZENTZAILEA ONESTEN DUENA.

BON N.º 15 - 04/02/2002



  AZKEN XEDAPENAK


  URBASA ETA ANDIA ERABILI ETA KUDEATZEKO PLAN ZUZENTZAILEA


Atariko

Otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legearen bidez, Urbasa eta Andiako Parke Naturala deklaratu zen.

Hori baino lehen, 267/1996 Foru Dekretuak, uztailaren 1ekoak, Urbasa eta Andia Mendietako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana onetsi zuen.

Aipatu Foru Lege hartako lehenbiziko azken xedapenean, espreski ematen da aditzera ezen Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana garatzeko eta parkearen eremurako (Limitazioetako mendia kanpo utzirik), Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Erabiltze eta kudeatze plana modutuko duela, interes zuzena duten sektoreak lagun, eta plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi beharko duela, Patronatuaren txostena aurretik ikusirik.

Parke Naturala Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea moldatzen luzaz aritu ondoren, interes zuzena duten sektore guztiek erraz parte hartzeko aukera izan zezaten -Parke Naturalaren patronatuak, bereziki-, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Urbasa eta Andiako Parke Naturala Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile baten proposamena modutu zuen eta Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren Patronatuak haren gaineko txostena eman zuen 2001eko uztailaren 3ko bilkuran.

Horrez gain, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenpean ere jarri zen plana 2001eko azaroaren 6an.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposatuta eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko abenduaren lauko bilkuran harturako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.

Onesten da Urbasa eta Andia Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea, Foru Dekretu honen eranskinean ageri dena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena.

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren lauan.-Nafarroako Gobernuaren lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

URBASA ETA ANDIA ERABILI ETA KUDEATZEKO PLAN ZUZENTZAILEA

1. Aurrekariak

Otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legeak Parke Naturaltzat deklaratu zuen Urbasa eta Andia mendietako lurraldea, Limitazioetako mendia eta Urederraren iturburuko natur erreserba ere barne zirela. Azkeneko hori apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak eremu babestutzat deklaratu zuen 1987an (Lurraldea Babesteko Eskualdeko hirigintza arauei buruzko Foru Legea).

Parke Naturaltzat deklaratu baino lehen, bertako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana itxuratu zen, eta bai onetsi ere uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez, zeinean oinarrizko arauak ezartzen baitira eremu horretan eginen diren jardueretarako. Bertan aditzera ere ematen da oinarrizko araudi hori garatu beharra dela, eta honela eginen dela zehazten:

.Limitazioetako mendian, bertako ordenantzen bidez, zeinek Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile baten indarra izanen duten.

.Urederraren iturburuko natur erreserban, eremu babestu hori Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile baten bidez, uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuak onetsia.

.Urbasa mendian (Limitazioetako mendia kanpo) eta Andia mendian, eremu hori Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailearen bidez, hots, honako agiri honetan aurkezten den honen bidez.

2. Urbasa eta Andia erabili eta kudeatzeko Plan Zuzentzailearen helburuak.

Urbasa eta Andia Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea (hemendik aurrera E.K.P.Z.) funtsean Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana garatzeko sortu da, Urbasa eta Andiako Parke Naturalari buruzko 3/1997 Foru Legeak agintzen duenarekin bat.

Horren ondorioz, honako eginbeharrak sortzen dira Urbasa eta Andia direlako mendien lurraldean:

a) Parkea Erabili eta Kudeatzeko arau, jarraibide eta irizpide zenbait definitzea.

b) Parkearen erabilera jasangarria lortu eta bertako biodibertsitatea mantendu beharrezko ekintzak finkatu eta programatzea, eta bai ikerketa lerroak eta gizarte osoak parkea ezagutu eta gozatu ahal izateko neurriak ere.

c) Erabilera jasangarrirako behar diren inbertsioek zenbatekoak behar duten kalkulatzea, ikerketakoak eta erabilera publikokoak ere barne direla, eta bai parkearen administrazio lanekoak ere.

Urbasa eta Andiako biodibertsitatea segurtatzea eta bertako lurpeko urak ere babestea dira E.K.P.Z.aren helburuak, garapen jasangarriko eskema bat gidari dela.

3. Erabili eta kudeatzeko Plan Zuzentzailearen aplikazio eremua eta indarraldia.

Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honen kudeaketa jarraibideak, ekintzak, araudiak eta gainerako xedapenak, Urbasa eta Andia mendien lurraldean aplikatu beharrak dira, 3/1997 Foru Legearen 1. artikuluan ezartzen diren mugen barrenean.

E.K.P.Z. honetan bildu diren datuen arabera, E.K.P.Z.aren eremuak osotara 16.099 hektareako lurralde bat hartzen du; haietatik, 11.399 Urbasan eta 4.700 Andian.

Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailearen indarraldia 5 urtekoa izanen da. Epe hori iraganik, errebisatu eginen da. Hala ere, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zilegi izanen du nahi duenean errebisatu edo aldatzea plana, uste badu E.K.P.Z.an aurreikusi gabeko zirkunstantziaren batean aldaketa esanguratsua izan dela eta hori eremu natural horretako balioak gerizatzeko ardurakoa dela.

Errebisatze edo aldatze prozedura E.K.P.Z.a onesteko erabili den berbera izanen da, non eta berariazko araurik ez den.

4. Erabilera eta baliabideak kudeatzeko jarraibideak eta irizpideak.

E.K.P.Z.ak ezarri bezala kudeaketa proposamenak gidatzeko jarraibideak eta araudia itxuratu aurretik, aurrezko azterlan bat egin da, eta honako ondorioak atera:

.Giza giroa: jabetza eta mugak, aprobetxamendu tradizionalak eta zorrak, baso erabilera, azienda erabilera, turismoa eta aisia, espeleologia, ehiza, eta ateratze jarduera.

.Natur giroa: klima ezaugarriak, ezaugarri geologikoak eta edafikoak, baliabide hidrologikoak, landaretza eta fauna.

Hartarako, eremu honetako E.K.P.Z.a idazteko erabili ziren azterlanak hartu dira oinarri, eta bai ere bertan adierazitako eta 267/1996 Foru Dekretuak onetsitako araudia.

E.K.P.Z.a onetsi zenez geroztik, Nafarroako Gobernuak beste zenbait azterlan egin ditu, ingurumenaren ezagupena sakonagotzeko; haien artean, 92/43/EEE zuzentaraua bete beharrez egindakoak (habitat naturalak eta basa flora eta fauna babestu beharrari buruzko zuzentaraua; Natura 2000 sare europarra sortzen du). Azterlan horien emaitzak ere hartu dira kontuan.

Horrez gain, azterlan sektorialak egin dira, gehienbat baso eta azienda jarduerei buruzkoak; haien artean Urbasa mendiaren baso antolamenduaren laugarren errebisioa eta Urbasa eta Andia mendietako larreen azterlana, zeinaren proposamenak honako E.K.P.Z. honetan sartu diren.

4.1. Eskubide tradizionalak.

Aitortzen dira lurralde honen gaineko eskubide tradizional guztiak, bai oro har nafar guztiek dituztenak eta bai Burundako herriek eta Aranatz elkartekoek dituztenak ere. Eskubide tradizional horiek erabiltzeko, ondoren aipatzen diren jarraibideak hartuko dira aintzat eta bai Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituenak ere.

Artzaintza

Urbasa eta Andia mendietan azienda larratzen duten nafar guztiek plan honetan azienda lanerako ezartzen diren baldintzak begiratu beharko dituzte. Behar bezain lehenagotik aditzera emanen diote Administrazioari, zenbat aziendaburu eramanen dituzten, zer nolakoak, eta artaldeak zer marka duen. Ezarritako osasun arauak bete beharko dituzte eta begiratuko dute azienda eremu hesituetara sar ez dadin.

Artzain etxolak eta aziendarentzako saroiak

Eraikin berria egiteko Administrazioaren baimena beharko da eta plan honetan agintzen dena bete. Jakin bedi bereziki eraikin horien jabetza administrazioarena dela eta mendi lanerako behar diren artean baizik ez dute iraunen. Eraikin horien erregistro publikoa eratuko da, aziendadunek erabiltzea errazagotzeko.

Sutondorako egurra eta materialak

Mendi horietan Nafarroako herritarrei eraukitzen zaizkien zur egurrak, eskatzaile horien beharretarako baizik ezin erabiliko dira eta ez da zilegi izanen inolako arrazoirengatik saltzea edo erabilera industrialetarako erabiltzea, ez eta haiekin espekulatzea ere. Ez da zilegi izanen inoiz aprobetxamendu horien osotarako bolumena mendiaren gaitasunaz goragokoa izatea. Eskaera kasuko udalaren bitartez eginen da.

Bestelakoak

Gainerako eskubide tradizionalak, hala nola iratzea, orbela, kisua, ikatza eta abar, gaur egun ez dira izaten, baina zilegi izanen da haietan ere aritzea administrazioaren baimenarekin. Aprobetxamendu horiek erauki ala ez erauki erabakitzeko, Administrazioak baliabide naturala egoki mantendu beharra hartuko du kontuan. Norberak erabiltzeko baizik ez dira emanen eta ez da zilegi izanen merkaturatzeko hartzea.

4.2. Baliabideak nola babestu.

4.2.1. Lurpeko ur sistemak nola babestu.

Ikusirik zenbateko garrantzia duten Urbasa eta Andiako lurpeko ur sistemek eta zein ahulak diren kutsaduraren aurrean, karst handia osatzen dutelako, zonifikazio bat eratu da akuifero horien hustubide diren urbegi nagusien inguruan, behar duten babes mailaren araberakoa.

Erantsirik heldu diren mapetan ageri dira babes eremu horiek non diren ("Akuiferoen babeserako eremuak").

Oinarrizko araudi bat ezartzen da bi mendietarako:

.Debeku da zuzen- nahiz zeharbidez uretara ezer kutsagarririk botatzea (Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduko III. tituluko eranskinaren I. zerrendan aipatzen diren gaiak, eta eranskin ber horretako II. zerrendakoak, eta bai ere Erregelamendu horretako IV. tituluaren eranskinean ageri diren ezaugarrizko parametroen I. taulako gehieneko mugaz goragokoak).

.Debeku ere da, oro har, hondakin solidoak, etxe hondakinak edo edonolako sustantzia edo gaiak inon pilatzea baldin uren kutsagarri izan badaitezke edo ur ingurunearen endekagarri. Debeku da, bereziki, gai kimikoak almazenatzea.

.Debeku da gai erradiaktiboak almazenatu, garraiatu eta tratatzea.

.Salgai toxiko edo arriskutsuak garraiatzea, non ez diren behar bezala baimenduak (EKPZ).

.Debeku da Urari datxekion ingurumen fisiko edo biologikoaren gainean uraren endekagarri diren edo izan daitezkeen ekintzak egitea.

Artetako akuiferoa babesteko araudiarekin bat, Ebro Ibarreko Ur Konfederazioak onetsia, barne babeseko perimetro bat definitu da, zeinean zorrotzagoko araudia ezartzen den. Araudi hori Ebro Ibarreko Ur Konfederazioko buruaren Ebazpen batek onetsi zuen, 1997ko irailaren 24koak.

4.2.2. Landaretza eta fauna nola babestu.

4.2.2.1. Europako Batasunaren intereseko habitat naturalak.

92/43/EE Zuzentarauaren ondorioz Parke Naturala Batasunaren Intereseko den Lekutzat proposatu zen.

Urbasa eta Andiako BIL honek osotara 25.460,16 hektareako azalera du, zeinaren % 37 -9.422 hektarea-, eremu intereseko eta lehenetsi beharrekoetan dauden. BIL horrek, gainera, Urbasa eta Andiako mendiak hartzen ditu, Ameskoetako Limitazioak, eta haien mugakide diren zenbait udaletako lurralde batzuk. E.K.P.Z.aren barrenean, haren azaleraren % 43 baino gehixeago, hau da, ia 7.000 ha dira intereseko eta lehenetsi beharreko habitatak, eta BIL horretako guztiak daude ordeztuta bi izan ezik, Mediterranioko larretoki xerofitiko urteroko eta bizikoiak (6220) eta Harizti iberikoak (Quercus faginea eta Quercus canariensis (9240).

Intereseko habitat bakoitzaren islagarritasuna eta azalera erlatiboa bere honela iraun beharrak dira. Horregatik erabilera bakoitzaren erabilera eta kudeaketa jarraibideek, bereziki lurralde handiei erasaten dietenenek, hots, azienda lana eta baso lana, hori kontuan hartzen dute.

Harreman zuzena dago zenbait komunitate kontserbatu beharra, (hala nola larreak eta aziendarentzako soiluneen ertzetan sortzen diren zuhaixkadiak eta sastrakadiak), eta azienda lanaren artean. Debeku da intereseko komunitatetzat hartzen direnetan luberriak egitea.

E.K.P.Z. hau onesten denetik, berariazko neurriak hartuko dira intereseko eta lehenetsi beharreko habitat naturalen larre aprobetxamenduen gainean, gutxienekoan honako alderdi hauek ukituz:

.Urtero aztertuko da habitat horien bilakaera, eta, hala behartzen denean, proposatuko dira haien kontserbazioa segurtatzeko neurriak.

.Kalkulatuko da gutxienez zenbateko azienda karga behar den oraingo kontserbazio egoera mantentzeko, aziendaburu mota eta kopurua zehaztuz.

.Zehaztuko da zer azpiegitura behar diren behar den tokian eta unean behar den azienda presioa egon dadin segurtatzeko.

Mugatzen da erabileraren intentsitatea amildegi, zirrikitu eta hartesietako komunitateetan, eta gehienak bilakaera naturaleko eremutarako ezartzen dira, 13/90 Legeak agintzen duen moduan.

Bagadi xerotermofiloen eta azidofiloen irauntasuna eta kalitate ekologikoa -intereseko habitatak baitira-, Baso Antolamenduko Proiektuaren bidez segurtatzen dira.

Horren osagarri, ikerketa lerro bat proposatzen da, zehatzago finkatzeko zein lurralde duten berezkoa Parkean bagadiek, ilardiek eta larre azidofiloek, eta komunitate horien dinamika aztertzeko (azkeneko biak lehenetsi beharreko habitat naturaltzat jartzen dira), kontserbaziorako datu lagungarriak eman ditzakeen ezagupen hobea lortzeko asmoz.

Debeku izanen da eremu honetan berezko direnak ez bezalako espezieak sartzea.

4.2.2.2. Flora eta arbola babestu interesgarriak.

Jarraipena eginen zaie Nafarroako landare mehatxatuen katalogoan ageri diren Urbasa eta Andiako landare espezieen populazioei (94/1997 Foru Dekretua), erasorik izaten bada atzeman eta 94/1997 Foru Dekretuko 5. artikuluan ezartzen dena betetzea segurtatzeko.

Aurrera eginen da arbola aipagarriei antz ematen, hala komeni bada arbola monumentalen katalogoari eransteko.

4.2.2.3. Fauna-intereseko eremuak eta babesteko proposamenak.

4.2.2.3.1. Fauna kontserbatzeko proposamenak.

Urbasa eta Andiako faunaren dibertsitatea mantentzeko eta espezie mehatxatuen kontserbaziorako, honako ekintzak proposatzen dira:

4.2.2.3.1.1. Idoiak eta idoien ingurua.

.Aziendarentzako ur ganbelak eginen dira idoi guztietan, idoitik bertatik edo haren hustubidetik ura hartuta. Halakorik izan ezean, ganbela horiek tokirik egokienetan eta hurbilekoenetan ezarriko dira.

.Protokolo bat eratuko da idoi berriak sortu eta hobetzeko zer lan eginen diren finkatzeko. Protokolo horretan kontuan hartuko da, bereziki, idoiaren inguruko zerrakurak pasabidea utzi behar diola faunari, zein arotan eta zein baldintzatan dragatu behar diren idoiak eta beste mantentze lanak eta segurtasun neurriak ere nola egin behar diren.

Plan honen barrenean aipatzen diren eta gaur egun "fauna intereseko"tzat sailkaturik dauden idoiak dokumentu honen eranskineko mapan ageri dira. Bertan ageri ere dira Alpeetako tritoiarentzat "eremu kritiko"tzat sailkatutakoak, ekintza egutegian lehenetsi beharrekoak izanen baitira.

4.2.2.3.1.2. Haitz eremuak.

.100 metroko "segurtasun zerrenda" bat ezarriko da amildegia hasten den puntutik. Debeku izanen da han jarduera trabagarririk egitea umealdiaren egun kritikoetan (azaro-abuztua bitartean).

.debeku izanen da xendak diseinatu edo egitea, edo turistentzako ibilbideak edo interes puntuak egitea ere, baldin eta jendea erakar badezakete haitz pikatuen ertzean gehiago ibiltzera. Kasuan kasuan aztertuko dira ekintzak.

.Parkearen Administrazioak ongi kokaturik edukiko du zein eremutan egiten duen habia Parkearen inguruko haitz eremuetako harrapari espezie bakoitzak, informazio hori beharrezkoa baita hegaztien kontrako kalteak galarazteko.

4.2.2.3.1.3. Ugatza

Ugatzak aparteko aipamena merezi du, parkea espezie honen ugaltze planeko hedatze eremuan sartua baita. Hortaz, urtero plana gauzatzeko hartzen diren neurriak koordinatu behar dira Parkean egoten diren ekintzekin, eta ekintzak planak agintzen duenaren arabera antolatu.

.Behar diren neurriak hartuko dira espezie honek umealdi arrakastazkoak egin ditzan behin atzeman denean parkean habia egiten hasia dela.

.Espezie honen presentzia faboratzeko moduko neurriak hartuko dira, hala nola elikagai iturri erregularra segurtatzea.

.Ugatzarentzat arrisku izan daitezkeen puntuak zuzentzea (elektrizitate haribideak, pozoi guneak eta abar) bai Parkean eta bai hurbileneko inguruan, behin atzematen direnean.

4.2.2.3.1.4. Baso ingurunea

Baso lana kudeatzeko ezartzen diren jarraibideetan kontuan hartzen dira basoaren esplotazioak parkearen balio ekologikoetan izaten duen eragina gutxitzeko neurriak.

4.2.2.3.1.5. Erabilera publikoa

.Debeku da ibilgailuak pistetatik kanpo ibiltzea, eta mugatzen da, plan honetan agintzen denaren arabera, pistetan ibiltzea ere, baso edo azienda lanerako baizik ez baitira erabiliko, edo begiraletza lanetarako eta baimen espresua duten jardueretarako.

.Ezartzen diren ingurumen-hezkuntza programen barrengo ibilbideetarako, kontuan hartuko da zein eremu diren kontuz erabiltzekoak, hala nola habia egiteko eremuen ingurua edo intereseko espezieek ume egitekoa.

4.2.2.3.2. Ikerketa lerroak.

Ondoren, hainbat ikerketa lerro proposatzen dira Urbasa eta Andia mendietan egiteko, parkea kudeatzeko informazio baliagarria lortzeko aukera ematen dutelako, edo besterik gabe parkeak ikerketa horietarako baldintza onak ematen dituelako.

.Alpeetako Tritoia (Tritus alpestris): egiten diren ikerketak espezie honen banaketa eremua hobeki ezagutzeko eginen dira, eta bai zenbateko populazioa duen jakiteko eta haren habitata hobetzeko.

.Ugatza (Gypaetus barbatus): eginen diren ikerketak espezie honen habia-egite eta elikatze eremua hobeki ezagutzeko eginen dira, eta bai eskaintza trofikoa, ugaltze-arrakasta eta espeziearentzako puntu beltzak ere.

.Baso ingurunea: eginen diren ikerketak bi mendietako baso faunak behar dituen habitat baldintzak hobeki ezagutzeko eginen dira.

.Intereseko eta lehenetsi beharreko habitat naturalak: ikerketak habitat mota honen maneiua hobeki ezagutzeko eginen dira, bereziki azienda kudeaketarekin lotura dutenak.

4.2.2.4. Giza eraginik gabe eduki beharreko eremuak.

5/92 Foru Dekretuak agintzen duenaren arabera (garatzen ditu 13/90 Foru Legea, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzekoa, eta 9/96 Legea, Natur Eremu Babestuei buruzkoa) hona hemen bilakaera naturalerako utzi beharreko gutxieneko azalera:

URBASA % 5 ANDIA % 5

Mendiaren azalera (ha) 11.399 571 4.700 219

Basoaren azalera (ha) 7.892 394 663 33

Irizpide ekologikoen arabera (landaretzaren naturaltasuna, islagarritasuna, dibertsitatea eta galkortasuna, eta faunaren gerizaleku gisa), Urbasan 8 aurkintza hautatu dira eta Andian 3, denak aipatu portzentaje horietatik gorakoak. Ondoko planoan ageri da aurkintza horiek non diren.

Giza ekintzarik gabe eduki beharreko eta larrez osatutako eremuetan, esan gabe doa artzaintza estentsiboa ezinbesteko baldintza dela hango baldintza ekologikoak mantentzeko.

Urbasari dagokionez, bilakaera librerako ezarri den eremua 584 ha-koa da, dena bagadia, tokian halako estaldura mailarekin.

Urbasa. Bilakaera naturalerako eremuak.

P A R A J E A AZALERA (Ha)

Legunbeko gailurrak 56,0

Artzanbaratza 94,1

Agileta 79,0

Basazelai 41,0

Altsasuko saroia 76,2

Lubierri 38,3

Iraigorri 89,1

Harrobiko haitza 110,3

GUZTIRA 584,0

Andiari dagokionez, proposatutako azalera 261,5 hektareakoa da, 3 parajetan banatua:

Andia. Bilakaera naturalerako eremuak.

P A R A J E A AZALERA (Ha)

Ezpeldegi-Fragadiader 76,0

Peñablanca 61,5

Berian mendiko mendebala 124,0

GUZTIRA 261,5

4.2.3. Lurzoruaren babestu beharra.

Hona hemen lurzorua babesteko arau orokorrak:

.Debeku da larreak hobetzeko sasi kentze lanak egitea % 20 baino gehiagoko malda duten terrenoetan. Betiere, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak zilegi izanen du eremu galkorretan murriztapen hori handitzea.

.Ibilgailu baimendunak E.K.P.Z. arauetan aipatzen diren bideetatik landara ibiltzeko (Olazti-Lizarra eta Lizarraga-Lizarra errepideak eta Otsaportilloko pista), orain dauden pistak soilik erabiliko dira. Hartarako, urtero eginen dira hondaturik dauden pistak lehengoratzeko lanak eta bai pista tarte berriak eginen ere hala behar den tokietan, erabilera tradizionalekin eta begiraletza eta zerbitzu publikoekin lotutako ibilgailuak bertatik pasatzeko.

.Baso aprobetxamenduen baldintza pleguek zehazki finkatuko dute zer baldintza behar diren lurraren gaineko eraginak gutxitzeko.

.Punturen batean aziendak aurizkita zorua endekatua bada, behar diren neurriak hartuko dira hori zuzentzeko.

Urbasa mendian, bilakaera naturalerako uzten diren 584 hektareez gain, beste 319 ha bago uzten dira lurzorua babesteko, produkzio koarteletatik kanpo utzita. "Urbasa. Antolamendu proiektuaren laugarren errebisioaren proposamenak" delako planoan ageri da non diren.

4.3. Baso erabukerarako jarraibideak

4.3.1. Urbasa.

Lurralde honetan, baso erabilera planifikatzeko tresna Urbasa Mendiko Basoa Antolatzeko Proiektua da, 1903an egina eta 1904ko apirilaren 27ko E.A.k onetsia. lehenbiziko errebisioa 1944an egin zen, 2.a 1958an eta 3.a 1973. Gaur egun horren laugarren errebisioa oneskizun dago.

Antolamendu Proiektuaren 4. errebisio horretan aldatu da ordura arteko hurbilbidea, eta dauden erabilera eta baliabide desberdin guztiak sartu dira plangintzan, dibertsitatea mantendu beharrari garrantzi berezia emanaz. Dokumentu horren alderdirik esanguratsuenak ondorengo orrialdeotan jasotzen dira.

4.3.1.1. Zonifikazio berrian aintzat hartzen diren eremuetarako helburuak.

Helburu lehenetsien arabera honela zatitzen da mendiaren azalera:

.Bereziki babestu beharreko baso eremua: Gehienik kontserbatu, babestu eta ikertu beharrekoa.

.Larreetako baso eremua: larre arboladunak eta larre soilak bereizi behar dira. Eremu hauetako arboldegia oso bakana da, eta askotan oso zaharra eta dehesaren antzera tajutua. Eremu askotan josteta estentsiboa ere sartzen da gaur egungo erabileratzat.

.Baso eremu arboladuna: arboldegiaren kudeaketan sartzen da eremu hau. Azalera honetan guztian artzain erabilera ere zilegi izanen da, salbu eta landare birsortzeko eremuetan (hesituetan), eta bai josteta estentsiboa ere, gaur egun eskari hori bai-baitago eremu askotan, eta oraingoz ez baitu, antza, trabarik sortzen beste erabileretarako. Arboldegian azienda erabilera bigarren mailakoa da eta baso arboladunaren erabileraren menpeko.

.Baso eremu mistoa: kategoria honetan hainbat azpitarte sartzen dira, parte handi xamarra soilune dutenak, edo aspaldiko soiluneen ondokoa, baina beste parte bat, berriz, erabat arboladuna eta hortaz aurreko bi kategorietako edozeinetan sar zitezkeenak. Bereizkuntza, beraz, bi erabilerak lehenetsien mailan mantendu beharragatik egiten da, ez orain ez gero batak besteari gaina hartu gabe. Josteta estentsiboa ere sartzen da gaur egun eremu askotako erabilera gisa.

Josteta intentsiboan erabiltzeko baso eremua: kanpinak hartzen duen eremua besterik ez, zeinean, bistan da, gainerako erabilera guztiak debeku diren.

4.3.1.2. Plangintza

4.3.1.2.1. Baso eremu arboladuna eta mistoa.

Eremu horien kudeaketarako ardura handiena duten alderdiak ematen dira ondoren laburbildurik, 4. errebisioko plan orokor eta berezian garatuak.

4.3.1.2.1.1. Plan orokorra

a) Antolatu beharreko arboldegiaren oihan ezaugarriak.

.Espezie nagusiak.

E.K.P.Z. honen aplikazio eremuko baso espezie nagusiak dira bagoa (Fagus sylvatica) eta astigarra (Acer campestre).

Beste guztiak bigarren mailako espezieak dira: gorostia (Ilex aquifolium L.), hagina (Taxus baccata L.), ezkiak (Tilia platyphyllos Scopoli), lizarra (Fraxinus excelsior L.) eta haritzak (Quercus spp.) eta bai basa frutarbolak ere. Horiei dagokienez, esan dezagun begiratu beharrak direla, eginkizun ekologiko handia baitute, eta eginahalean kopuru handia egon dadin saiatu behar dela.

.Onura-metodoa.

Gero baterako, baso garaia proposatzen da baso garaiaren onura-metodo nagusitzat, metodoetan gutxien antropizatua delako. Hala ere, 4. errebisioko dibertsitatea sustatzeko neurrietan aipatu den bezala, zilegi izanen da zenbait unada baso beherearen itxuran mantentzea.

.Landare birsortzeko mozketak.

Landare birsortzeko mozketak egitea proposatzen da, ondoz ondoko bakantzeak eginaz, modalitate guztietan eta azpitarteetan.

.Hobetze mozketak.

Hobetze mozketetan bakantze mota guztiak sartzen dira. Ekintza horien helburua da arboldegia hobetzea, arboldegiaren gaitasuna, egitura eta osaera dosifikatuz. Irizpide horiek oinarri, aurrerako hoberenak diren arbolak hautatuko dira eta faboratuko da beste espezie batzuen presentzia ere eta arboldegiaren estratifikazio bertikala segurtatzeko moduko zerbitzu estrato bat egotea.

b) Ezaugarri dasokratikoak

.Antolamendu metodoa.

Historian, Urbasa mendia antolatzeko proiektua aplikatzen hasi zenetik, erabili den antolamendu metodoa tarte iraunkorrena izan da. Urtez eta urtez metodo hori aplikatu ondoren, ikusi da oso metodo zurruna dela eta tarte bakarrarena hobetsi da. Metodo hori aurreko haren aldaera sinpletu eta malguagoa besterik ez da. Metodo berriarekin, eginkizun bakarra da zehaztea zein azaleratan egin behar den hegaldura berrikuntza hurrengo birsortze aldian.

.Denbora nola artikulatu: birsortze aldia.

Ondoz ondoko bakantze mozketak egoki eginaz, kalkulatu da 20 urteko aldia aski dela birsortzea egiteko. Epe hori proposatzen da, beraz, errebisio honetarako. Hala ere, ikusirik zenbateko azienda kopurua ibiltzen den mendian eta pagoak zer hazkunde abiada geldia duen, komeni da birsortze-uneak hesiturik edukitzea beste 10 urtez, birsortutako zatiak aziendagatik kalterik ez hartzeko moduan handitu diren arte. Zenbait kasutan epe horiek zabaltzea komeni ote den ere pentsa liteke.

.Zatiketa dasokratikoa

Proposatu den metodoarekin bat eta ikusirik gaur egun arboldegiak zer egoera duen oraindik hesiturik dauden unadetan, antolamendupeko azaleran honako zatiketa egitea proposatzen da:

-Tarte bakarra edo birsortzeko tartea: Mozketak eginen zaizkie lehenbiziko birsortze aldian, eta gaur hesiturik dagoen azaleraren % 83az osatu da, gehi oraingo plan honetarako hesitzea proposatzen den 149 ha. Osotara 950,7 ha.

-Prestaera taldea: tarte bakarrari hurrengo birsortze aldian erantsi lekizkiokeen azpitarteez osatua. Osotara 3.971,1 ha.ko azalera hartzen du. Hortik ezagun da arboldegia zenbateraino zaharturik dagoen.

-Hobekuntza taldea: birsortzen jartzeko aldi bat (20 urte) baino gehiago itxoin dezaketen gainerako azpitarteez osatua, hau da, 2.248,1 ha.

4.3.1.2.1.2. Plan berezia

a) Indarraldia

Planaren indarraldia, onetsi eta 10 urtekoa izanen da.

b) Aprobetxamenduen plana: gaitasunen estimazioa proposamenen arabera.

Plan Orokorreko jarraibideen arabera, Plan Berezi honen indarraldirako proposatzen diren ekintzak taldeka antolatuko dira birsortzen jartzeko dagoen tartearen barrenean eta hobekuntza taldeko zenbait azpitartetan.

Estimatzen den gaitasuna honela banatzen da, birsortze tartean sartzen diren azpitarteetan proposatzen diren kudeaketa diferentzien arabera:

Birsortzeko gaitasuna gutxi gorabehera, sailka azaldurik, proposamenen arabera.

1 10 urtetan birsortzez bukatu beharreko

hesituak 309,6 5.245

2 20 urtetan birsortzez bukatu beharreko

hesituak 487,7 4.139

3 Hesitu berriak 140,0 959

Talde bakoitzaren barrenean bereizi egiten da zein tartetan dagoen birsortzea modu naturalean lortzeko esperantza eta zeinetan, ustez, nolabaiteko laguntza beharko den, sasi kentzea eta landaketa, kasu.

Birsortzen jarritako tartean egindako esku-hartzeez gain, beste zenbait proposamen ere sartzen dira -bakantzeak- hobekuntza taldeko zenbait unadatarako. Zehazkiago, proposamen horien helburua da arboldegiaren garapena eta hazkunde baldintzak hobetzea eta beraz unada gazteei erasanen die. Bakantze horien laburpena, pisuaren arabera baloratuak (eremu basimetrikoaren %a), honako taula honetan ageri da:

Bakanketetarako proposamenak pisuaren arabera. Guztira atera beharra.

10-20 23 497,3 10.902,9 1.152,33 425,52 - 130,42 49,85 180,27

20-30 13 326,4 10.938,8 1.672,31 3.127,32 - 189,94 371,59 561,53

GUZTIRA 46 1.026,0 23.535,7 2.912,57 3.835,35 - 330,45 454,51 784,96

Enbor txikiaren aukera, existentzien kalkuluan sartu gabekoa, funtsean lehenbiziko klase diametrikoa ukitzen duelako (10-20 cm), urtean 2.350 bat m3 izango litzateke.

Azkenik, mendian dauden zenbait konifero-aldeetan ere bakantzeak egitea proposatzen da.

c) Osotarako gaitasuna. Aprobetxamenduen egutegia eratzeko proposamena.

Aurreko datuen arabera, pagoaren birsortze eta hobekuntza mozketetako osotarako gaitasuna honakoa da:

GAITASUNA (m3/urtean)

ZURGAIA ZURGAIA GUZTIRA

Birsortzea 9.298 420 9.718

Hobetzea 330 455 785

GUZTIRA 9.628 875 10.503

Hamarkadan posibilitateak duen azken buruko balioa nabarmen gutxiagokoa da mendiaren hazkuntza baino (zehazkiago, hazkunde horren % 45 edo 47koa da, zer zifra erabiltzen den). Beraz plan honen iraunaldian ere handitu eginen dira existentziak. Proposamen kontserbatzaile hau egiteko arrazoi nagusia, mendiko hainbat lekutan arboldegia berritzeko premia larria badago ere, hesituek gaur egun duten egoera izan da. Hesitu horietan, izan ere, 30 urte baino gehiagoan itxirik egon badira ere, ez da oraindik bukaerako mozketarik egin. Hortaz, hobetsi da hesipeko azalera ez gehiegi handitzea orain dagoen azaleran birsortzea segurtaturik egon arte.

4.3.1.2.2. Baso eremu arboladuna eta mistoa (soilak)

Honako proposamen hauek egin dira larre azaleretan arboldegia kontserbatu eta bizkortu beharrari dagokionez:

a) 10 urtetan birsortzez bukatu beharreko tarteak.

6,26 ha.ko azalera da, gaur egun hesitua, zeinean, gaurko arboldegiaren egoera ikusirik, aurreikusten baita zenbait sasi kentze lan egin beharra, eta bai zenbait landaketa ere han eta hemen.

b) Hurrengo hamarkadan birsortzen jarri beharreko azpitarteak.

3 azpitarteren zati batzuk dira, B koarteleko 4. atalekoak. Hauek izanen dira, beharbada, mendi osoko arboldegirik zaharrena dutenak, batez besteko diametroa 82 cmkoa baitute; gutxi gora behera 80 arbolondo heldu daude ha-ko eta hortaz existentzien maila handia da (330 m3/ha, zeinetatik % 20 egurgaitzat sailkatu den. Hiru azpitarteek osotara 100,4 ha.ko azalera hartzen dute, zeinetatik 21,3 hesitzea gomendatzen den oraingo errebisio honetarako.

c) Itxitura txikiak eginaz birsortu beharreko azpitarteak.

Talde honen proposamenak azienda askoko eremuetan dauden zenbait azpitarte ukitzen ditu, mendi osoan sakabanatuak. Talde honen definizioaren bidez egonkortu egin nahi da funtzio gehien asetzeko modukotzat jotzen den oihan-artzain erabilera bat (azienda funtzioa, ekologikoa, paisaje funtzioa, eta abar). Bestalde, esan dezagun erabilera horixe gertatzen ari dela gaur egun. 4.4.5.4. atalak, larreak hobetu beharraz ari dela, zehaztu egiten du proposamen hori, hots, itxitura txikiak sortzea, 0,5 ha baino txikiagoak, saiabidez.

4.3.1.2.3. Azalera hesituaren laburpena antolamendu plan bereziaren indarraldirako.

Laburki eta sintesia eginik, hurrengo errebisioan hesiturik eduki beharreko azpitarteen azalera osotara 1.110,7672 ha.koa da, honako kategoria eta helburuen arabera partitua:

1. 10 urtetan birsortzez bukatu beharreko hesituak: 309,9042 ha.

2. 20 urtetan birsortzez bukatu beharreko hesituak: 491,7682 ha.

3. Hurrengo hamarkadan birsortzen hasi beharreko hesituak: 148,9983 ha.

4. Birsortzez bukatutako hesituak: 21,5375 ha.

5. Gaur egun babes bereziko azaleran dauden hesituak: 111.0570 ha.

6. Larretarako azaleran dauden hesituak: 6, 2645 ha gaur, gehi gero hesitu asmo diren 21,2375 ha, era naturalean birsor daitezen.

4.3.2. Andia

A1 eremuko 76 ha bilakaera naturalerako jartzen dira (Ezpeldegi-Fagadieder), bertan dauden espezien dibertsitateagatik, tokiak basa faunaren elikaleku eta gerizaleku izateko duen balio handiagatik eta larretarako duen balio eskasagatik, 13/90 Legeak eta Natur Eremu Babestuei buruzko 9/96 Legeak ezartzen duten moduan.

A.2 eremuan, zenbait bago kentzearen ondorioz sortu diren soilune txikietan, inguruko arboldegiaren hazkundea gelditu egin da batzuetan eta egonkortasun eskasekoa da. Hor izan daiteke beharrezkoa hesitzea, soilunea zabaldu baino lehen. Kasu horietan itxitura txikiak eginen dira, Urbasan larretarako eremuetan proposatu direnen antzekoak, horietan bai-bailiteke birsortze naturala egitea, aurrez sasi kentze lana egitea beste premiarik gabe, eta hori ere sastrakak soilunea jan duen kasuetan baizik ez.

A.3 eremuan ekintzaren bat egin beharrari dagokionez, berriz, ematen du ez dela tratamendu partzialik egin beharrik, hau da, bakantzerik, ez baita inon ikusten elkarren lehian gora ari den tantaidirik ikusten. Birsortzea zenbait unada edo arboladi txikitan hasi liteke baldin hango arbolondoak, itxuraz usutasun normal batera iritsi eta merkaturatzeko adinako tamainara heldu badira, nahiz eta denbora gehiagoan ere utzi litezke arboldegiaren irauntasuna eta egonkortasuna arriskuan jarri gabe. Lurreratutako arbolak usuak eta elkarrengandik hurbil daudenak badira, orduan, eta orduan soilik prestatuko da ekintzaren bat, oraingo birsortzeak arrakasta izateko aukera gutxi baitu eremu hori ez bada aziendaren erasanetik babesten.

B eremuan ez dago arriskurik arboldegiaren irauntasunerako, ipar-iparraldeko zenbait eremutan ezpada, arboldegiaren ertzean. Hor jarraipena eginen zaio arboldegiari, zeren, presa-presako ekintza beharrik ez badago ere, aurreikusten baita gero batean behar diren neurriak hartu beharko direla prozesua atzera gabekoa izan baino lehen arboldegia berritzeko.

Andiako eremu arboladun bakoitzaren egoeraren laburpena egiteko, beraz, esan dezagun arboldegien irauntasuna gaur egun ez dagoela laburrera begira (plan bereziaren indarraldian) arriskuan, zeina baita helburu lehenetsia. Hala ere eremu horiei kontrol eta jarraipen eginen zaie, arboldegia ahuldu edo galdu baino lehen aurrea hartzeko. Hala behartzen denetan, hesitu txikiak eginen dira birsortze naturala egin beharreko tokietan, arboldegia bere hartan mantendu eta ahalean zabaltzeko helburu lehenetsia betetzeko.

4.4. Azienda erabilerarako jarraibideak

4.4.1. Azienda jardueraren kudeaketa hobetzeko proposamenak.

4.4.1.1. Aziendadunen erregistro bat sortzea.

Urbasa eta Andian azienda larratzen duten aziendadunek nafartasun zibila izan behar dute, eta larratutako azienda guztiak izan behar du berea.

Urbasa eta Andiako larreak erabiltzeko eskubideak zenbait eginbehar ere baditu berekin. Besteak beste, Parkeko Administrazioari aditzera eman behar diote azienda zein egunetan sartuko duten, zer azienda klase eta zenbat aziendaburu izanen diren, eta frogatu beharko dute betetzen dutela azienda parkean sartzeko dagoen osasun araudia, mendian dauden artean, hurrengo ataletan zehaztuko den moduan.

Obligazio horiek betetzen diren ala ez finkatzeko, eta kontuan harturik horiek onura handikoak direla aziendadun guztientzat, proposatzen da "Urbasa eta Andiako aziendadunen erregistro" bat sortzea, azienda mendi horietan larratu nahi duten aziendadunak urtero bertan inskribatu edo berrinskribatzeko, aurretik frogatuta nafarrak direla eta osasun baldintzak betetzen dituztela. Aziendadun horiek, halaber aditzera eman beharko diote Parkeko Administrazioari zein diren beren aziendaren krotalak, seinaleak eta marka bereizgarriak.

Parkeko Administrazioa kredentzial bana emanen die orduan aziendadunei, eta kredentzial hori eskatu eginen zaie Urbasa eta Andiako azienda-azpiegiturak erabili ahal izateko (etxolak, desparasitatzeko instalazioak, pistak.).

4.4.1.2. Parkeko Administrazioari laguntzeko langileak kontratatzea, bereziki azienda kudeaketan aritzeko.

Azienda lana kudeatu eta kontrolatzeko lana errazagotzeko, behar dituen jende baliabideak emanen zaizkio Parkeko Administrazioari, eginkizun hauetan aritzeko:

.Larreetara sartzeko eskaerak jaso, egiaztatu eta erregistratzea, aziendaren sarrera begiratzea, arau indardunetan eskatzen den osasun dokumentazioa jasotzea, aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzea eta aziendaren markak konprobatzea.

.Urbasa eta Andiako aziendadunen erregistroa itxuratzea.

.Aziendaren gorabeherak begiratzea: istripuak, heriotzak, osasun gorabeherak edo bestelakoak, denuntziak jasotzea.

.Azienda jabeei gorabeheren berri ematea, eta bai ere, hala bide denean, kasuko Azienda Bulegoko albaitariei.

.Aziendadunen ibilgailuak pistetan ibiltzea kontrolatzea (txartelak).

.Parasitoen kontrako tratamenduak antolatu eta gainbegiratzea.

.Larreen egoera begiratu eta gorabeherak jakinaraztea.

.Azienda azpiegiturak begiratzea, obrak gainbegiratzea eta gorabeherak jakinaraztea.

Jarduera horietan guztietan parkearen administrazioa arituko da gainbegirale eta larre batzordea ere lagun arituko da eta bai, hala bide denean, Abeltzaintza Zerbitzuko albaitariak ere.

4.4.1.3. Urbasa eta Andiako Larreen Aprobetxamendu Batzordeak bizkorki parte har dezan sustatzea.

Batzorde hau 1996an legeztatu zen, eta 200 bat aziendadun ditu partaide, denak inguruko herrietakoak. Urbasa eta Andian halako aziendadun elkarte bat izatearen lehenbiziko berria 1211. urtetik heldu zaigu.

Larre hauetan aritzen diren aziendadunak biltzen dituen beste elkarterik ez baitago, juzgatu da hauxe dela mintzakide egokia Administrazio eskudunak aziendadunekin harremanak izateko larreen aprobetxamendua hobetu eta larreak kudeatzeari dagokionez. Honako eginkizunak izanen ditu:

-Parkeko Administrazioarekin lagun aritzea azienda hemen larratzen duten aziendadunen erregistroa itxuratzen.

-Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuarekin eta Nekazaritza Departamentuarekin mintzakide izatea azienda kontuetan.

-Osasun araudia betetzen den al ez gainbegiratzen laguntzea.

-Urbasa eta Andia Parke Naturaleko Patronatuan partaide izatea.

-Larreak kudeatzeko eta azpiegiturak hobetzeko proposamenak egitea.

-Parkeko Administrazioak -parteak adosten badira- esleitzen dizkion beste edozein eginkizun, parkeko azienda kudeaketak martxa egokia izan dezan.

4.4.2. Larreak eta etxolak edo bordak nola erabili antolatzeko proposamena

4.4.2.1. Azienda mendian larratzeko aldia.

E.K.P.Z. honen indarraldian, aztertuko da zenbateko premia dagoen larreentzako atseden aldi bat ezartzeko, teknikoki hala behar dela juzgatzen bada.

4.4.2.2. Bordak edo etxolak erabiltzeko araudia.

Honako arauak hartuko dira aintzat bordak edo etxolak erabiltzeko, aurrez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren baimen idatzia lorturik:

1) Etxola edo bordak erabiltzeko baimena azienda helburuetan erabiltzeko baizik ez da ematen eta mendiaren premiak hala agintzen badu, Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du delako etxola edo borda hustu eta lurreratzeko agintzea. Salbuespenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zilegi izanen du beste zenbait erabilera ere baimentzea, Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko baliabideak antolatzeko Planaren arabera.

2) Aziendadun batek baimena eskatzen badu etxola edo borda bat erabiltzeko, nafartasun zibila duela frogatzeko agiria aurkeztu beharko du, aziendadun izateko ziurtagiria, esplotazio zenbakiarekin, eta aziendaren saneamendua eginaren ziurtagiria. Etxola baten erabilera beretzeko, ezinbesteko baldintza izanen da eskatzailea aktiboko aziendaduna izatea eta gutxienez 40 ALU (ardi 1 = 0,15 ALU; sei hilabetetik urtebetera arteko behi aziendaburu bat = 0,6 ALU; 2 urtetik gorako zezen, behi edo bestelako behi aziendaburu bat = ALU 1; 6 hilabetetik gorako zaldi aziendaburu bat = ALU 1; Erreferentzia ofiziala: Kontseiluaren 1975eko apirilaren 28ko zuzentaraua, Mendiko Nekazaritzari eta Zenbait Eremu Desfaboraturi buruzkoa, 75/268/EEE). Gutxieneko zifra hori ez zaie aplikatuko gaur egun dagoeneko etxola bat esleituta duten aziendadunei. Borda bat erabiltzeko baimenari dagokionez, baimena eskatzen duen aziendaduna jarduera nagusiko nekazaria izanen da, eta behi aziendadunak lehenetsiko dira. Unibertso ufruktuarekin batera instalazio horiek eta ingurua egoki mantentzeko obligazioa ere beretzen da, E.K.P.Z.ko araudia bete eta beren aziendadun egoeran aldaketarik izaten bada, Parkeko Administrazioari hala jakinarazteko. Arau horiek hautsi dituela behin ohartarazita aziendadun batek berriz ere hausten badu, galduko du etxola erabiltzeko baimena.

3) Aziendaduna jubilatzen bada, zilegi izanen du etxola erabiltzen segitzea, betiere gutxienez 20 ALU mantentzen badu. Frogatzen bada ezkontideak edo seme edo alabaren batek segitzen duela esplotazioan, betiere baldin usufruktua beretzeko baldintzak betetzen baditu, ez da zilegi izanen etxola beste aziendadun batek hartzea. Ez da zilegi izanen etxola edo borda baten usufruktua lagatzea edo traspasatzea.

4) Etxolen eta borden erregistro publikoa sortuko da, jakiteko zertan diren guztiak gaur egun. Orain arte emandako baimen guztiak aztertuko dira eta gaurko okupazioak arautuko, E.K.P.Z.a onetsi eta hurrengo urtean.

5) Borda edo etxolen okupazioa azienda mendian larraturik egoteko aldiarekin lotuta dago; aldi horrek, tradizionalki, ez du urte osoa hartzen.

Frogatu da, hala ere, bederatzi aziendadun urte osoan bizi direla etxoletan. Hortaz, iragaitzazko denbora bat ezartzen da, zeinean aziendadun horiek zilegi izanen duten oraingo egoeran segitzea. Haietako bakoitza azienda lanetik gelditzen denean, ordea, bukatuko da aldi hori. Horrek guztiak, hala ere, ez du kentzen urtero eremu horretan larratzen dituzten azienden kopurua eta klasea jakinarazi beharra.

6) Segidako bi urtez borda erabili gabe utzi edo azienda ez beste helburu baterako erabiltzen bada, berainik galduko da erabilera eskubidea eta utzi egin beharko da.

7) Etxola edo borda baten erabiltzaileak, erabiltzeko eskubidearekin batera ingurua zabor bidezko edozein kutsaduratatik begiratzeko obligazioa beretzen du, eta paisajearen gaineko eraginak ere galarazteko, txatarrik, zakarrik, hondakinik edo halakorik bistan utzi gabe.

8) Etxola eraiki eta hobetzea usufruktua duen aziendadunari dagokio, aurrez Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena hartuta, hark erabakiko baitu non eraiki daitekeen eta zer ezaugarri izan behar dituen (tamaina eta materiala). Parkearen Administrazioak, ahal duen neurrian, artzain eraikinak hobetzen lagunduko du.

9) Bordan egiten diren obra eta hobekuntza guztiak mendiaren mesedetan utziko dira, eta erabiltzaileak ez du inoiz kalteordaina hartzeko eskubiderik izanen.

10) Gehien erabiltzen diren soiluneak ez gehiegi kargatzeko, borda berriak (orain barreiaturik dagoenen baten ordezkoak ez badira behintzat), karga gutxiagoko tokietan kokatuko dira, ahal dela urguneren bat hurrean dutela.

11) Etxola edo borda berriak, ahal den neurrian, itxura eta baliabide tradizionalekin egien dira. Garaieran, solairu bakarrekoak izanen dira eta paisajean integraturik egonen dira, E.K.P.Z.ko 22.3. artikuluak agintzen duenaren arabera. Tipologiari dagokionez, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak proiektu eredu bat itxuratuko du, eraikin berrietan begiratu beharrekoa, eta oraingoak aldatzeko ere kontuan hartzekoa. Proiektu horrek, mendi hauetako artzaintza baldintza tradizionaletan oinarrituko da, hau da, artzaintza estentsiboa eta sasoiz sasoikoa.

4.4.3. Aziendaren osasuna.

Puntu honi dagokion guztirako, azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak agintzen duena hartuko da aintzat (Animalien osasunari buruzkoa), eta haren garabideko xedapenek agintzen dutena.

4.4.3.1. Azienda Urbasa eta Andia mendietan horietan sartzeko osasun baldintzak.

Animalien osasunari buruzko legeak agintzen duenaren osagarri, Nafarroako abeltzain batek honako baldintzak bete behar ditu azienda mendi hauetan larratu nahi badu:

1) Idatziz eman beharko dio aditzera Parkeko Administrazioari, gutxienez hiru aste lehenagotik, bere azienda Urbasa eta Andiara eramateko asmoa duela.

Adierazpen horretan honakoak sartuko dira:

-Eskatzailearen izen-deiturak, posta helbidea, NANa edo IFK.

-Eskatzailea Nafarroako herritarra dela frogatzeko agiria, eta bertan larratu nahi duen azienda guztia berea dela frogatzekoa.

-Azienda esplotazioaren identifikazio zenbakia.

-Zer datatan sartu eta zer datatan atera asmo duen azienda.

-Zenbat aziendaburu dituen, espezieka, sexuka eta produkzio egoeraka zehazturik.

-Animalia guztien identifikazioa. Zaldi aziendaren kasuan, animalia guztiek burdingorizko marka izanen dute, jabea nor den identifikatzeko.

-Osasun arau indardunek garraiorako eskatzen duten dokumentazioa. Betiere, ezin garbikiago identifikatuko dira animalia guztiak aurkeztu den dokumentazioan.

2) Parkeko Administrazioak sarrera eskaerak erregistratu eta behar diren konprobazioak eginen ditu Azienda bulegoetako albaitariekin batera.

Parkeko Administrazioak, sarrera baldintzak betetzen direla konprobatu ondoren, akreditazio bat emanen dio aziendadunari, urtebeterako balioduna. Urbasa eta Andiako Larreen Aprobetxamendu Batzordeari aditzera emanen zaio larre horietan ari diren aziendadun guztien zerrenda.

3) Azienda mendian larratzen denean, aziendadunak Parkeko Administrazioari aurkeztu beharko dio esplotazio liburu eguneratua, behar den konprobazioa egin dadin.

4) Mendi hauetan larratzen den aziendak bere izan beharko du Urbasa eta Andiako larreetan sartzeko arau indardunetan eskatzen den osasun kalifikazioa. Nolanahi ere, aziendaren osasun egoera egokia frogatu beharko da.

5) Josteta bezalako jardueretan erabili behar den zaldi aziendak osasun arau indardunak bete beharko ditu.

6) Aziendadun bakoitzak adierazi duena ez beste data batean azienda sartzeko, 1) eta 3) puntuetan adierazi den tramite bera segitu beharko da.

Azienda berri hori beste esplotazio bati erositakoa bada, arau indardunetan agintzen denaren arabera jokatuko da. Nolanahi ere, kuarentenan egon beharko dute erostunaren esplotazioan eta, epe hori iraganik, 1) puntuak agintzen duenaren arabera beren sarrera tramitatu, erosketaren faktura aurkeztuta, eta 3) puntuko baldintzak ere bete.

Halaber, artzaintza aldian aziendarik erretiratu eta beste esplotazio bateko aziendarekin nahasten bada (ferietan), mendi hauetan berriz larratzeko, puntu honetako aurreko bi lerroaldeetan adierazi dena bete beharko da berriz.

7) Aziendadunak aditzera emanen dio Parkeko Administrazioari bere azienda noiz iritsiko den, eta bai hartarako izendatzen den Larreen Aprobetxamendu Batzordeko ordezkari bati.

4.4.3.2. Osasun tratamenduak.

Azienda mendietan dagoen artean, honakoak hartuko dira kontuan osasun tratamenduei dagokionez:

1) Urbasa eta Andia mendietan larratzen den aziendaren osasun kontrola Lizarrako eta Irurtzungo Azienda Bulegoetako albaitariei dagokie, eta haiek izanen dira egindako kontsultak eta denuntziak jasotzen dituztenak eta behar diren neurriak hartzea erabaki eta bete daitezen begiratuko dutenak.

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak du, besteak beste, Nafarroako aziendaren osasun egoeraren erantzunbeharra, eta horrez gainera, berari dagokio osasun problema orokorren kontrako neurriak hartzea ere (epizootiak).

2) Aziendadun bakoitzak bere aziendaren albaitari-zainketaren ardura izanen du, eta bai osasun kontrolak ondorioz dakartzan ekintza guztiena ere. Parke Naturalak bere esku jarriko du, ahal duen neurrian, lan hori errazteko behar den azpiegitura (eskortak, parkeak, eta abar).

Hala ere, eta epizootiak gertatu eta osasun agintarien ustez tratamendu orokortuak beharrezkoak badira, tratamendu horiek nahitaezkoak izanen dira mendi hauetan larratu diren azienda guztientzat, agintari horiek agintzen duten guztia betez.

3) Osasun azpiegituren kontserbazio egoera zertan den begiratzea parkeko teknikariei eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko gainerako langile eskudunei dagokie.

4) Nahitaezkoa da, eta jabe aziendadunak egin beharrekoa, osasun tratamenduetan erabilitako hondakin, sobrante, ontzi eta tresna guztiak biltzea. Debekatua da inolako osasun produktu edo hondakinik botatzea.

5) Aziendadunek berehala jakinaraziko dizkiote kasuko Azienda Bulegoari beren esplotazioko aziendaren hilaur guztiak eta aziendadunak berak bildu eta desagerrarazi beharko ditu umegai hondakinak, ehunak eta isurkin amniotikoak basa faunako animaliek sakabanatu baino lehen, betiere arau indardunek agintzen dutenaren mendean.

6) Aziendadun batek dauden osasun eta maneiu instalazioak erabili nahi dituenean, hala jakinaraziko dio gutxienez 48 ordu lehenago parkeko zuzendaritzari, zeinak antolatu eta gainbegiratuko duen erabilera hori. Parasitoen kontrako dutxen kasuan, hilabete lehenago jakinarazi beharko dute beren asmoa.

7) Ardi aziendarentzat nahitaezkoa da ektoparasitoen kontrako tratamendua egitea mendi hauetan dauden bitartean, ahal dela abuztuan. Tratamenduak egiteko, konposatu organo kloraturik ez duten produktuak erabiliko dira.

8) Urbasa eta Andian dagoen aziendan gaitzaldi infekzioso-kutsagarririk agertzen bada, jabeak kendu beharko du bere azienda menditik, non eta osasun agintariek azienda hori ez mugitzeko agintzen ez duten edo azienda horren esplotazio leku bakarra Urbasa eta Andia mendiak ez diren. Azken bi kasu horietan, jabea izanen da azienda horren isolamendu egokiaren erantzule.

4.4.3.3. Osasun ekintza orokorrak

Animali osasuna begiratu eta kontrolatzeko ekintzek eta gai horren gaineko gaitz-zerrenda ofizialetan ageri diren gaitzak azaltzen direnean edo azaltzeko susmoa dagoenean gauzatu behar diren ekintzek, azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea (Animalien Osasunari buruzkoa) eta haren garabideko xedapenak izanen dituzte jarraibide.

Atal honen barrenean bai administrazio eiteko osasun ekintzak eta bai eite teknikokoak sartzen dira.

Administratiboetan, nahitaezko jakinarazpenak eta komunikazioa sartzen dira, gaitza egotearen deklarazio ofiziala, eta gaitza itzaltzearen deklarazio ofiziala. Batera nahiz bestera, aziendaduna beharturik dago Parkeko Administrazioari hala jakinaraztera gaitz infekzioso-kutsagarri edo parasitario bat agertu dela susmatzen duenean.

Teknikoak direnetan foko primarioa ikertzea sartzen da, gaitzak eta neurri osagarriak diagnostikatzea, galarazte eta tratamendu osasun ekintzak, animaliak mugitu, larre-aldatu eta garraiatzea, gorpuak nola tratatu eta osasun ekintza osagarriak.

4.4.4. Osasun eta maneiu azpiegiturak.

Lehenago esan bezala, azienda lana bultzatzeko Parke Naturalak ardura hartuko du ahal den neurrian azpiegiturak egon daitezen osasun baldintzak hobetzeko eta aziendaren maneiua errazteko Urbasa eta Andia mendietan, hala nola eusteko parkeak eta azienda maneiatzeko eskortak, eta desparasitazio instalazioak.

4.4.4.1. Eusteko parkeak eta azienda maneiatzeko eskortak.

Egitura egonkorrak dira, larre alde handien hurrean jarriak, pistaz iristeko modukoak, jendea eta azienda bide handia egin beharrean ez egoteko.

Bertan maneiu eta osasun tratamenduak eginen dira, aldian behingoak edo sistematikoak.

4.4.4.2. Desparasitatzeko instalazioak

Parkean dauden desparasitazio instalazioek behar diren ezaugarriak izan beharko dituzte hondakinak kontrolatu eta biltzea segurtatzeko.

Baldintza hori, berez edozein tokitan aplikatzekoa, bereziki eskatu beharrekoa da behin eta berriz aipatu ditugun ezaugarri hidrogeologikoak dituen toki batean. Horregatik, instalazioek eskura dauden teknikarik hoberenak erabili beharko dituzte, bai desparasitazioaren helburua iristeko efikaziari dagokionez, eta bai erabileran ingurumenaren gaineko eraginik ez izatea segurtatzeko.

Gaurko momentuan, mendi hauetan instalazio bakarra dago desparasitazioaren hondakinak kontrolatzeko: "dutxa" delakoa.

Hala ere, epe labur edo ertainera beste zenbait alternatiba daude, hala nola tokiz tokiko bainutegiak, edo finkoak ere bai, baina gaurkoa ez bezalako eraikitze sistema batekin eginak, hondakinak kontrolatu ahal izateko moduan bai bainualdian bertan nola bainutik aterata ardiak egoteko ezartzen diren eremuetan ere.

4.4.4.3. Gatzarriak.

Zenbait azalera ezarriko dira "gatzarri"tako, eginkizun hori ongi bete ahal izateko moduko tokietan. Gatza ontzietan jarriko da, ez sakabanatzeko, eta nahitaezkoa izanen da eta aziendadunak egin beharrekoa ontziak eta erabili gabeko produktu hondakin guztiak biltzea.

4.4.4.4. Urgune berriak.

Egia da azken urteotan baso Administrazioak ardura hartu duela urgune berriak egiteko, baina hala ere badirudi oraindik ere ez direla behar adina.

Proposatzen da beraz zenbait idoi berri egitea, ganbeladunak, behar bezala hesituak azienda bertara ez sartzeko, 4.2.2.3.1.1. puntuan azaldu den moduan. Urgune berri hauek ezartzerakoan kontuan hartuko da zer tamainakoak behar duten azienda eroso sartzeko, eta bai ere zer ezaugarri behar diren lurzoruaren gaineko eragina gutxitzeko.

Printzipioz, gomendatzen da honako tokietan egitea idoi berriak:

-Beriain mendian (Andia).

-Sosako soila (Andia).

-Mendarte (Urbasa).

-Maiza (Urbasa).

-Ziramu (Urbasa).

-Eskizako soila (Urbasa).

Nolanahi ere den, idoi hauek egin baino lehen edo hobetu baino lehen, kontuan hartuko da Urbasa eta Andiako Larreen Aprobetxamendu Batzordearen iritzia eta erantsi eginen zaie iritzi hori urteroko ekintza planei.

4.4.5. Larreak zaindu eta hobetzeko hobekuntza teknikoak

Honako ekintzak proposatzen dira, urteroko planen bidez garatu beharrekoak, behin Urbasa eta Andiako Larreen Aprobetxamendu Batzordearen iritzia adituta, zeinaren laguntza ezinbestekoa izanen den ekintza horiek efikazak izanen badira:

-Higaduraren kontrola zenbait puntutan.

-Aziendaren maneiua hobetzea.

-Bazkatarako eta itzaletarako arbolak sartzea.

-Bago ondo sakabanatuak mantentzea.

-Larre txikiak sortzeko esperientzia pilotuak.

4.4.5.1. Higadura zenbait puntutan nola galarazi.

4.4.5.1.1. Eremu higatuak kontrolatzea

Urbasako arrasoaren iparrean zenbait sakan daude (hona non diren, mendiaren inbentario zatiketan: 2-E-I-e, 2-E-IV-a, 2-E-IV-b, 2-E-IV-c, 2-E-IV-d, 2-E-V-a, 2-E-V-b, 2-E-V-d); azienda ur ertzera hurbiltzearen ondorioz higadura arrasto nabarmenak ageri dituzte. Behar diren neurriak hartuko dira sakan horien endekatzea gutxitzeko.

4.4.5.1.2. Azienda beltzaren kontrola

Urbasa eta Andian azienda beltza espezie horretarako araudi orokorraren mende dago. Nolanahi ere, azienda klase honek larreak erabiltzeko, eraztun bat jarriko zaie aurrez muturrean.

4.4.5.1.3. Pistak hobetzea

Oro har debeku bada ere ibilgailu motordunak pistetatik landara ibiltzea, E.K.P.Z.ko 14. artikuluak agintzen duenaren arabera, hobetu eginen dira azienda laneko, baso laneko eta bietarako maizenik erabiltzen diren bideak. Azken helburua da gutxieneko bide sare bat egitea toki guztietarako sarbidea segurtatzeko. Horrela galaraziko dira lurraren gaineko eta larreen gaineko eraginak, batere kostu ekologikorik ez dela, eta erraztu eginen dira azienda maneiatzeko lanak eta basoa aprobetxatzekoak.

4.4.5.2. Azienda maneiuaren hobekuntza.

Artaldeak gehienez ere 600 burukoak izanen dira.

Urtero, artzaintza aldiaren bukaeran, jarraipena eginen da sistema zer egoeratan dagoen ikusteko, konprobatzeko artzaintza karga gehiegi edo gutxiegi izan den eta horren arabera jokatzeko (karga aldatuz eta behar diren hobekuntza neurriak sartuz).

4.4.5.3. Bazkatarako eta itzaletarako arbolak sartzea.

Hektarea erdia baino gutxiagoko lizar edo astigar basotxoak landatuko dira, zoruko hezetasun handia metatzen duten sakantxoetan, Andia mendiaren iparraldean. Arboladi horiek aziendarentzako abaro izatekoak dira bero handieneko uneetan, adaburuen azpian larrea hobetu eta hostoen bidez elikagaia erreserba osatuko dute.

4.4.5.4. Bago-ondo sakabanatuak mantentzea.

Bago ondo sakabanatuak dituzten larre aldeetan, Urbasako 4. errebisioan aipatzen den moduan, gehienez 0,5 hektareako zenbait hesitu eta landaketa eginen dira bagoarekin eta astigarrarekin, arbola horiek maiz aski oso zaharrak edo oso egoera begetatibo txarrekoak baitira (65 bat ha.). Horretara, gaurko azienda erabilera bateratu ahalko da arboldegia gaztetu beharrarekin eta bai arboldegi horren berriztapen sexuala lortuko ere. Orobat, mantendu eginen dira arbola zaharrak basoko zenbait animali espezieren gerizaleku eta elikaleku izateko.

Hobekuntza mota honek, saiabidekoa izateaz gain, inbertsio handia eskatzen baitu, proposamen honetarako kontu handia emanen zaio honakoei:

-Zerrakurak non jarri.

-Zer espezie erabili

-Hektareako zenbat zerrakura jarri

Kontu horiek guztiak gero batean erabakitzekoak dira, proposamen honen alde edo kontra egiteko behar diren datuak daudenean. Beraz, aipatzen diren tarteak hurrengo hamarkadan edo are geroago esku hartzea komeni litzaketenak baizik ez dira, eta oraingo hamarkadan holako hesituekin gehienez 10 hektarea egitea proposatzen da.

4.4.5.5. Larre txikiak sortzeko esperientzia pilotuak

Proposatzen da larre txikiak sortzea % 20 baino gutxiagoko malda duten iraztokietan edo ilardi sorberrietan eta osotara 20 ha.ko azalera batean. Ez dira aplikatuko elordietan, balio ekologiko handikoak direlako: higadura galarazten dute mendi magal harritsuetan eta zuhaixkaren tamainara iristen direnean hobetu egiten dute beren azpiko larre aldea; bagadia berriz sartzeko baldintzak ere hobetzen dituzte elorriek. Ilardien gaineko ekintzarik ere ez da eginen habitat naturalak direnean 93/43/EEE zuzentarauarekin bat (ikus "habitat naturalak" mapa).

Hona hemen, ilustragarri, ekintzaren ezaugarri oinarrizkoak:

-Metodoa: luberria, sasiak makina bidez kenduz eta materiala xehatuz.

Zelai aldeak edo malda gutxiko terrenoak hautatuko dira, % 20 baino gutxiagoko malda dutenak (E.K.P.Z.ko 28. artikulua), ahal dela azaleran harri gutxikoak izanen dira eta harri biziaren azalgunerik gabeak.

Gomendatzen da azalera txikietan esku hartzea: esku hartze eremu bakoitzeko 5 ha baino gutxiagokoak. Hori baino handiagoko azaleretan nekezago kontrola liteke ondoren berriz sortuko den sastraka, hartarako azienda karga handia emanaz eremuari. Hobe da, gainera, lehenbiziko urteetan ez toki gehiegitan hastea lanak eta ondoren pixkanaka metodoa egokia den ala ez egiaztatuz joatea.

-Garaia: begetatibo aldian, ilarrak loratzetik fruitu eman bitarte, ondoek erreserba gutxien eduki eta birsortzeko gaitasuna ere txikiena duten garaian. Azienda hor ibiltzeak, gainera, galarazi eginen du birsortzea. Iratzeei dagokienez, gutxitan ematen dituzte esporak, eta gehienetan modu begetatiboan ugaltzen dira. Makinen lana are hobeki aprobetxatzeko, sasi kentze lana aldi berean egin daiteke bi espezieetarako.

Ilarrak lurretik gora moztu ondoren, berriz sortuko dira, eta birsortze hori galarazteko ezinbestekoa da azienda erabiltzea. Oraingo kargak eta orain arte izan den artzaintza jarraituaren sistema (ustez hoberena baita mendiak gaur duen kondizioan) ez dira behar adinakoak kontrol hori egiteko, eta beraz momentuko karga handien sistema proposatzen da.

Orobat, esan dezagun sasiz garbitutako eremuak (osotara, esan bezala, ez 20 ha baino gehiago E.K.P.Z.aren indarraldian), komeni litzateke kare-harrizko hobekuntzak eta fosforo bidezko ongarriak erabiltzea.

Esan dezagun lurra fosforo bidezko ongarria emateak, P2O5 inorganikoa erabiliz 30-40 kg/ha.ko dosietan, ez duela akuiferoen kutsadurarik sortuko, fosforoaren forma inorganikoek zoruan finkatzeko duten moduagatik konposatu urgarriek beste forma ez hain urgarri batzuk hartzen baitituzte. Horren emaitza da konposatu horiek mugitze gaitasun mugatua dutela (Calvin, J. 1979).

4.4.6. Ikerketa proposamenak.

Mendi alde hauek, azienda aprobetxamendua hain aspalditik izan delarik hemen eta azienda kargak hain handiak direlarik, ezin hobeagoko ikerketa leku dira eta pare gabeko jakintza iturri. Hortaz, hona hemen zenbait ideia gero batean parkean ikerketa lanak egiteko:

.Larredi-sasidi dinamikaren azterketa, aziendarentzat duten erakargarritasunaren arabera.

.Mendi hauetan hautatu diren artzaintza lanerako oso egokitutako larre espezieen gaineko ikerketak ber-hartu eta sakontzea. Ikerketa horiek Montserrat irakasleak hasi zituen eta oso material interesgarria sortu dezakete antzeko azienda karga handia duten beste mendi batzuetarako.

4.5. Erabilera publikorako jarraibideak

4.5.1. Josteta erabilera

4.5.1.1. Jostetarako jarduerak.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Urbasa eta Andia mendiak begiratu, informatu eta mantentzeko zerbitzu bat eratuko du udako kanpaina bakoitzerako, azken urteotan izan dituen eginkizun berekin. Hona zein diren:

-Bisitariei informazioa ematea.

-Seinaleak mantentzea.

-Animaliei enbarazu egitea eta landareak hondatzea galaraztea.

-baimenik gabeko salerostea kontrolatzea.

-Iturriak zaintzea.

-Zabor sakabanatua bildu eta edukiontzi aldeak zaintzea.

-Baimenik gabeko kanpaldiak eta gazte kanpaldiak begiratzea

-Suak eta egurrak begiratzea

-Bidegabeki aparkatzea eta pistetatik kanpo ibiltzea galaraztea.

-Garbitze, egokitze eta mantentze lan txikiak.

-Bidebazterrak egoki zaintzea

-Bisitariei inkestak egitea. Ikerketa

-Hileroko txostenak eta azken buruzko memoria modutzea

Josteta erabilerarako araudiari dagokionez, honako hau izanen da, E.K.P.Z.aren arabera:

1. Oro har, mugatu egiten da ibilgailu motordunak ibiltzea Olazti/Lizarra eta Lizarraga/Lizarra errepideetara eta Otsoportilloko pistara.

2. 1. puntu horretan aipatu direnak ez beste bide batzuetan ibilgailu motordunak ibiltzeko baimena, tradiziozko azienda eta baso erabileretarako baizik ez da emanen, plan honetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla konprobatu ondoren.

3. Turismoko ibilgailuak aparkatzea ez da zilegi izanen hartarako behar bezala seinalatutako aparkalekuetan eta lehen aipatu errepide eta pisten apartaguneetan baizik, baldin eta trafiko normala ezintzen edo arriskuan jartzen ez badu.

4. Mendiko bizikletan ibiltzea eta zaldiz ibiltzea ez da zilegi izanen errepideetan eta azienda erabilerarako pistetan baizik, non eta Parkeko Administrazioak baimen berezia ematen ez duen.

5. Debeku da inola zaborrik edo hondakinik botatzea hartarako ezartzen diren tokietatik kanpo.

6. Debeku da olioz aldatzea eta ibilgailuak garbitzea.

7. Debeku da landaretza erretzea eta sua piztea hartarako ezarrita dauden tokietatik kanpo; debeku da, halaber, egurra, zura eta adarrak moztea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena izan gabe.

8. Debeku da azienda eta basa fauna asaldatzeko moduko zaratak egitea eta bai pertsonen lasaitasuna hausteko modukoak ere.

9. Debeku da iturri, idoi eta ganbeletan ezer garbitzea eta iturriak, leizeak edo iraganbideak zikintzea.

10. Konpainiako animaliak mendi hauetan eduki ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldean haien osasun dokumentazio eguneratua eramatea, dokumentazio hori aginduzkoa den kasuetan. Animalia horiek denbora guztian jabeen kontrolpean egonen dira, eta galaraziko zaie gainerako pertsonei, aziendari edo basa faunari traba egitea. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zilegi izanen du konpainiako animaliak parkean aske ibil daitezen debekatzea eta uhal edo kateaz lotuta egon daitezela agintzea.

11. Kirol antolatuetarako E.K.P.Z.ko 17. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat.

Josteta jarduerarekin loturik, zenbait ekintza ezarri behar dira ingurumenaren kontserbazioa segurtatzeko, E.K.P.Z. honen indarraldia baino luzeagoko betetze epea izanen dutenak; zehazkiago, arboldegia birsortzea lortu behar da, aski zaharturik baitago jende gehien ibiltzen den eremuetan. Hartarako, hesitu txikiak eginen dira birsortu beharreko eremuetan, Antolamendu Proiektuaren Errebisioak arboldegi sakabanatuko eremuetarako agintzen duenaren arabera.

Tratamendu mota hau beharko duten eremuak funtsean Urbasako 1-A-III-e, 2-B -IV-a, 2-B-IV-f eta 2-E-III-c azpitarteetan daude, Baso Antolamendurako Proiektuaren aipatu errebisioan justifikatzen den moduan.

4.5.1.2. Kanpina eta kanpaldiak.

Hauxe izanen da kanpin eta kanpaldietarako erregimen orokorra:

1. Kanpaldi librea debeku da Urbasa eta Andia mendietako lurralde osoan. Bioizako kanpinean baizik ez da zilegi izanen kanpatzea.

2. Hori horrela dela ere, Parkeko Administrazioak zilegi izanen du salbuespenez baimena kanpaldiak baimentzea baldin eta mendi hauen izaerarekin bat datorren jarduera baten parte badira eta toki bat berean gau bat baino gehiago ematen ez bada, hori dena arau indardunek eskatzen dituzten baimenak izan beharra ezertan galarazi gabe.

3. Parkeko Administrazioak zilegi izanen du Urbasa eta Andia mendietan jarduera horiek egoki kudeatzeko behar diren neurri guztiak garatu eta zehaztea.

Kanpineko jardueretan funtsezko osagaia izanen da ingurumenari buruzko heziketa eta parkeko balio natural eta sozioekonomikoak hedatu eta ezagutzea. Jarduera horiek gaur duten baino gutxiagoko eragina izan beharko dute paisajearen gainean.

4.5.1.3. Espeleologia

E.K.P.Z.k aditzera ematen duen bezala, espeleologiako jardueretarako Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena behar da, eta honek zilegi izanen du intereseko edo babestu beharreko fauna edo flora daukaten harpe edo leizeetara sartzea debekatzea, ez daitezen endekatu. Zilegi izanen ere du zehaztea zein leize edo harpetarako ez den halako baimenik behar. Erabilera publikoa errazteko, edo ingurumenari buruzko osagaitzat erabiltzeko, zilegi izanen du zenbait leize edo harpe moldatzea, hartarako jendearentzat sarbide errazena dutenetatik egokienak eta babestu beharreko balio berezirik ez dutenak hautatuta.

Hartarako, leize eta harpeen azterlan bat eginen da, lehenago egindakoak gaurkotu eta datu espeleologikoak bildu ez ezik toki horietan egon daitezkeen fauna eta flora balioei buruzko informazioa emateko ere. Azterlan horren osagarri, 4.8. atalean aipatzen diren gai horiei buruzko ikerketa berariazkoetatik heldu diren aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoen gaineko datuak bilduko dira.

Beti ere, leize edo harpe horietako sarbidean EKPZko 27. artikuluak aipatzen dituen debekuak bete behar dira.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, ahal duen neurrian, gaur hondakinak dituzten leizeak eta harpeak garbitu beharrari ere eginen dio kasu.

4.5.1.4. Bestelako josteta jarduerak

Beste zenbait josteta jarduera badaude parkean aldian behin eta hala gertatzen denean egin daitezkeenak, hala nola fondoko eskia edo parapentea.

Printzipioz, jarduera horien ezaugarriengatik eta sortzen duten jende etorreragatik geak, florak edo faunak kalte hartzerik aurreikusten ez bada, zilegi izanen dira, salbu eta Administrazioak bereziki babestu beharrekotzat definitu dituen eremuetan, han Parkeko Administrazioaren baimena beharko baita.

4.5.1.5. Erromeriak eta herri bestak Mendi hauetan ospatzen diren erromeria eta besta tradizionalak, edo haien ingurune hurbilean gertatu baina eremu honen erabilera beharrezko dutenak, hala nola San Adrian eta Santa Marinako ermitetara egiten diren erromeriak, Parkeko Administrazioaren baimenik eskatu gabe egin daitezke, baina horien antolatzaileek hala aditzera eman beharko diote organo horri. Adierazpen horrek berekin dakar ospakizun horiatara iristeko behar diren pistak erabiltzeko baimena, Olazti-Lizarra eta Lizarraga-Lizarra errepideetatik eta Otsaportilloko pistatik kanpo. Inoiz Ez da zilegi izanen pistetatik kanpo ibilgailurik ibiltzea.

4.5.2. Ingurumenari buruzko heziketa eta beste zenbait jarduera didaktiko eta zientifiko

4.5.2.1. Ingurumenari buruzko heziketa

Ingurumenari buruzko heziketak aukera ematen du parkearen maneiu eta erabileran zuzenean esku hartzen duten sektoreak eta gizartea oro har parkeko balio natural eta kulturalei antz emateko. Heziketa hori erdiesteko, Plan honetako erabilera eta kudeaketa proposamenak hartuko dira aintzat eta, haien osagarri, ingurumen heziketari buruzko plan bat, ingurumen Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharrekoa.

Planak E.K.P.Z.an alderdi kulturalei buruz egindako proposamen konkretu guztiak beretuko ditu eta gutxienez honako programa hauek garatuko:

-Informazio, komunikazio eta dibulgazio programa

-Parkearen sustapen eta parte-hartze programa

-Prestakuntza-gaikuntza programa eta hezkuntza sektorea ingurumenean integratzekoa.

-Ikerketa programa. Erabilera eta baliabideak babestu beharrari buruz egindako proposamena kontuan hartuta eratuko da.

Informazio, komunikazio eta hezkuntza programa abiatzea ezinbestekoa da programaren beraren helburuak betetzeko ez ezik, gainerako programek arrakasta izateko ere bai. Dagoeneko hasia da eta aurreikusirik dago Parke Naturalaren gaineko informazio eta interpretazio azpiegitura batzuk egitea. Hona hemen zein diren:

1. Bisitariak hartzeko zentroa, zeinaren kokalekua oraindik erabaki gabe baitago.

2. Informazio zentroa parkearen sarreran kokatua (Olaztiko errepidetik), "Kamineroen Etxea" delakoan kokatua.

3. Interpretazio arloak

4. Ibilbideak.

4.5.2.2. Irakaskuntza jarduera antolatuak eta ikerketa jarduerak

Irakaskuntza jarduera antolatuak zilegi izanen dira josteta jarduerak oro har dituen muga berberekin. Zilegi izanen da jarduera hauetarako ibilgailu motordunen zirkulazioa baimentzea azienda erabilerako pistetatik.

Ikerketa jardueretarako Parkeko Administrazioaren aurrezko baimena beharko da.

4.6. Ehiza

4.6.1. Jarraibide orokorra

Debeku da ehizan aritzea Urbasa eta Andia mendietan. Hala ere, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak zilegi izanen du aldian behin ehizan aritzeko baimena ematea hurrengo atalean aipatzen diren kasuetan.

4.6.2. Populazioen kontrola

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak zilegi izanen du baimena ematea zenbait espezieren ehiza selektiboa egiteko Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 9. artikuluak aipatzen dituen arrazoiak tarteko direnean; horien artean:

a) Pertsonen osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen denean.

b) Espezie mehatxatuen gaineko eragin negatiboak galarazteko behar denean.

c) Beste zenbait espezieren, abeltzaintzaren, basoen eta mendien gaineko eragin negatiboa galarazteko.

4.7. Energiaren aprobetxamendua eta ateratze lanak

4.7.1. Energiaren aprobetxamenduak

Energiaren aprobetxamenduei dagokienez, honako mugak daude E.K.P.Z.aren peko eremuan:

.Debeku da Haizerrota Parkeak instalatzea eta bai helburu komertzialarekin argindarra sortzeko bestelako instalazioak ere.

-Debeku da hidrokarburoak ateratzea.

Betiere, beste edozein aprobetxamendutarako Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena beharko da, gea, fauna, flora eta paisajeko baliabide naturalak kontserbatzeko eta Parke Naturaleko balio kulturalei eusteko baldintzarekin.

4.7.2. Ateratze lanak.

Lizarragako tunelaren ondoko kareharri harrobirako (Manufacturas de Productos Minerales "El Cisne" S.A.k sustatua) iragaitzazko aldi bat ezartzen da behin betiko ixteko. Epe hori lan planaren arabera eta behar den lehengoratze planaren arabera definituko da, jarduera hori ixtearen ondorio negatiboak ahal den guztian gutxituz. Epe hori, betiere, ez da inoiz izango oraingo administrazio eraukipena baino luzeagoa. Harrobiaren aprobetxamendu erritmoa ez da izanen azken urteetakoa baino nabarmen handiagoa.

Uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuko 18. artikuluak agintzen duenarekin bat (E.K.P.Z.a onestekoa), debeku da parkearen mugapean ateratze esplotazio berriak egitea.

Zilegi izanen da ateratze txiki batzuk baimentzea, tradizioz egin izan den bezala, borda, etxola, hesi eta idoiak eraiki edo konpontzeko, Parkeko Administrazioak zehazten duen moduan.

4.8. Kultur Ondarea

4.8.1. Ekintzen proposamena. Urbasa eta Andiako ondare arkeologiko eta paleontologikoa jendarteratzeko plan zuzentzailea

Proposatzen da Urbasa eta Andiako ondare arkeologiko eta paleontologikoa zabaltzeko plan zuzentzaile bat garatzea. Honako proiektu eta ekintzak izanen ditu:

1. Ondare arkeologiko edo paleontologikoa balioztatzeko proiektua.

-Aztarna arkeologiko edo paleontologikoen inbentarioa.

-Gaurko egoera.

-Zirkuitu edo ibilbideak egitea.

-Zenbait toki bisitatzea.

-Toki horiek moldatzeko behar diren neurriak: garbitzea, sendotzea, seinalizatzea.

2. Museo/erakusketa proiektua, Parkearen Interpretazio Zentroan egitekoa.

-Informazio eremuak zehaztea: panelak

-Erakusketa eremuak diseinatzea: erakusleihoak-material aukeratuak (litikoak eta zeramikoak).

3. Liburuxka bat diseinatu eta egitea ondare arkeologiko edo paleontologikoaren gainean. Ikuspegi orokorra eta aro historiko eta historiaurreko guztien laburpena.

4. Fitxa kartografikoak gaien arabera. Paleolitikoa, neolitikoa, megalitismoa, Erromatar aroa, Erdi Aroa (ermitak).

4.8.2. Babes araudia

Hona hemen Ondare arkeologiko eta kulturala babesteko araudia:

.E.K.P.Z.a onesteko Foru Dekretuarekin bat, berrogeita hamar metroko erradioa duen babes eremu bat egonen da, jarraitua eta periferikoa. Horrela mugatu diren eremuak "interes arkeologiko eta paleontologikoko eremu" deituko dira. Eremu horietan debeku izanen dira jarduera guztiak salbu eta jarduera zientifikoak, didaktikoak eta ondare kulturala babestu beharrarekin lotuak. Zilegi izanen da, halaber, jarduera tradizional ez eraikuntzazkoak baimentzea ondare hori babestu beharrarekin bateragarriak badira.

.Osagai arkeologiko eta paleontologikoen inbentario bat egin eta sailkatuko dira, eta bai epez epe errebisatuko ere.

.Edozein aurkikunde arkeologikotarako, lege indardunek agintzen dutena hartuko da aintzat, eta hala adieraziko zaio kudeaketaren ardura duen organoari hura identifikatu eta babesteko.

.Interes arkeologiko eta paleontologikoko eremuak era normalizatuan seinalizatuko dira terrenoan.

.Parkearen eremuan egiten diren ekintzetan, bereziki lur mugimendua ekar dezaketenetan, jarraipen arkeologikoa eginen da.

4.9. Lurzoruaren Hirigintza Araubidea

Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren eremuko lurzorua urbanizaezintzat sailkatzen da, uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeak agintzen duenaren arabera. E.K.P.Z. baten eremuan sartua baitago, erabilera araubide plangintza tresna horrek ezarri (267/1996 FD) eta Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honek garatzen duena da.

4.9.1. Eraikinak

E.K.P.Z.a onesteko dekretuarekin bat, debeku dira eraikin berriak, salbu eta baimena har dezaketen hauek:

-Ingurumenari buruzko hezkuntzarakoak.

-Azienda geriza hartzeko etxola eta etzandegiak.

-Interes orokorreko edo onura publikokotzat deklaratu direnak, betiere segurtatzen bada bateragarriak direla balio naturalak kontserbatu beharrarekin.

-Parkearen kudeaketa eta kontserbazioarekin lotutako azpiegiturak.

Antolamenduz kanpo deklaratzen da Bentaberriko mugapearen barrengo eraikina. E.K.P.Z. honek agintzen duena betetzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak zilegi izanen du orain lurzoru urbanizaezinetan dauden beste eraikin batzuk ere hor sartzea.

5. Proposamenen azterketa ekonomikoa eta mendi antolamenduaren finantza balantzea.

Atal honetan sartzen da Urbasa eta Andiako parkean E.K.P.Z.a aplikatzeko urtero egin behar diren funtzionamendu gastuen eta gutxieneko inbertsioen balorazio bat, eta bai lehenbiziko urtean ohiz gain egin behar direnena ere.

Hurrengo urteetan Parkeko Administrazioak ekitaldi bakoitzeko aurrekontuak eratuko ditu, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharrekoak.

Halaber, Mendiak Antolatzeko Proiektuaren 4. Errebisioaren diru balantzearen laburpen bat ere sartzen da.

5.1. Programatu diren ekintzen aurrekontua, antolamendu proiektua kontatu gabe.

1) Urteroko ohiko ekintzak

5.1. Jarduketa programatuen aurrekontua antolamendu proiektukoak sartu gabe.

1) Urteko jarduketa arruntak.

Parkeko administrazio eta koordinazioa: 14.000.000 pezeta.

Mantentze lanak eta erabilera publikoaren kontrola: 12.000.000 pezeta.

Zaborren bilketa (leizeluzoen garbiketa barne): 4.000.000 pezeta.

Abeltzaintzan: 11.000.000 pezeta.

-Ur hartuneak hobetzea.

-Dutxen erabilera.

-Zerrakurak.

-Aziendarentzako mangak.

-Larretokiak hobetzea.

Idoiak hesitu eta ur-askak egitea: 3.000.000 pezeta.

Idoiak egokitzeko proiektu arrunta: 500.000 pezeta.

Bordak egiteko proiektu arrunta: 500.000 pezeta.

Pistak hobetzea: 7.000.000 pezeta.

Ikerketa (espeleologikoa barne): 4.000.000 pezeta.

Informazioa eta komunikazioa: 4.000.000 pezeta.

Gastu arruntak guztira: 60.000.000 pezeta.

2) Gastu bereziak (BEZa kanpo).

Informazio eta sentsibilizazio lana: 4.550.000 pezeta.

Ingurumeneko hezkuntza: 13.915.000 pezeta.

Guardetxerako bideak eta borda inguruak hobetzea: 3.000.000 pezeta.

Arkeologi Plan Zuzentzailea (bi urtez): 1.750.000 pezeta urtean.

Gastu bereziak guztira: 23.215.000 pezeta.

Guztira: 83.215.000 pezeta.

5.2. Urbasako Baso Antolamenduaren laugarren errebisioko diru balantzea. Laburpena.

Atal honetan, 2000-2009 hamarkadari dagokion antolamendu proiektuaren 4. errebisioaren diru balantzearen laburpena sartzen da.

-Gastuak

a) Antolamendu azaleretan exekutatu beharreko inbertsioak:

a1) Hesituetako birsorkuntzarako laguntzak

-Sasi garbitzea (1b eta 2b taldeak): 28.980.000 pezeta.

-Birsorkuntzarako litezkeen laguntzak (1b taldea): 20.980.000 pezeta.

a2) Hesitu berriak sortzea

-Zerrakurak (3a eta 3b taldeak): 12.790.000 pezeta

a3) Bakantzeak eta beste: 50.000.000 pezeta.

Ez da sartzen 2b eta 3b taldeetan hamarkada hau baino lehen izan litekeen birsorkuntzarako laguntzarik.

b) Larretarako eremuetan egin beharreko inbertsioak:

b1) Gaurko hesituetan birsorkuntzarako laguntzak (sasi garbitze eta landaketak) 1.100.000 pezeta

b2) Arboldegiaren ertzeko eremuetan hesitu txikiak egitea:

Zerrakurak: 2.420.000 pezeta

Landaketak: 1.200.000 pezeta.

b3) 4. ataleko eremu bakanduak birsortzea

Zerrakurak: 2.530.000 pezeta.

Hamarkada osotara: 120.000 pezeta.

-Dirusarrerak:

Ez da aurreikusten dirusarrerarik planean proposatu diren mozketetan ondoriozkoak besterik, birsorkuntzarakoak izan nahiz hobekuntzarakoak. Partida hori kalkulatzeko, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eman dituen prezioak hartzen dira erreferentziatzat, produktu motaren eta haren kalitatearen arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da zur-egurraren prezioan igo-jautsi handiak izaten direla.

Hortaz, hurrengo taulan ageri diren dirusarrerak, hurrengo hamarkadarako kalkulatzen den urteroko posibilitatearen arabera, balio estimatibo soila besterik ez dira.

Bakantzeak 785 500 392.500

Birsortzea 9.718 7.500 72.885.000

Guztira 10.503 73.277.500

Bestalde, baliteke zurak prezio ona duen urteetan enbor txikia saltzetik ere dirusarreraren bat lortzea (enbor txikia: 10cm.tik 20ra bitarteko diametroa duten arbolen zura), Planean aurreikusten diren bakantzeetatik. Hori ez baitaiteke jakin, ordea, ez da partida hori sartu, zeinaren zenbatekoa, enbor txikia m3-ko 500 pezetatan baloraturik, 1.175.000 pta/urte izan litekeen, kontzeptu horretan kalkulatzen diren urteroko 2.350 m3engatik.

6. Parkearen administrazioa eta kudeaketa.

1. Parkearen kudeaketa Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Urbasa eta Andia mendietako lurraldean.

2. Parkearen zuzendaria Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatuko du.

3. Hona hemen Parkeko zuzendariaren eginkizunak:

-Parkeko langileen buru izatea eta koordinatzea.

-Parkeko Begiraletza lana koordinatu eta hotsematea.

-Nafarroako Foru Komunitateko langileekin lagun aritzea Urbasa eta Andiako mendietan egiten diren lanetan.

-Erabilera publikoa kontrolatu eta sustatzea.

-Ingurumenari buruzko hezkuntza jarduerak sustatu eta koordinatzea.

-Abeltzainei laguntza ematea Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile honetan jasotzen diren alderdietan.

-Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile hau aplikatzea eta jarraipena egitea.

-Ameskoetako Limitazioen Batzordearekin lagun aritzea Parkea osatzen duten mendi alde diferenteetan kudeaketa koherentea egon dadin.

-Urtero aurrezko txosten bat eta bukaerako txosten bat egitea Urbasa eta Andia mendietan izan diren jardueren gainean.

-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak esleitzen dizkion beste guztiak.

4. Urbasa eta Andia mendietan egiten diren jarduera guztietarako, gutxienez Biodibertsitatea Kontserbatzeko Zerbitzuaren txosten ezinbestekoa eta lotzailea beharko da.

5. Parkeko zuzendaritza Urbasako Guardetxeko instalazioetan egonen da.

Iragarkiaren kodea: a0113201

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web