(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

365/2004 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 30EKOA, NAFARROAKO ZENBAIT TOKITAN EULI ZURIA KONTROLATZEKO DERRIGORREZ EZARRI DIREN NEURRI FITOSANITARIOAK APLIKATZEAREN ONDORIOZ NEKAZARIEK IZAN DITUZTEN GALERA ETA GASTUAK KONPENTSATZEKO LAGUNTZAK EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 153 - 22/12/2004



Atariko

Kanpaina honetan gogor ugaldu da euli zuriaren izurritea, zehazki Bemisia Tabaci motakoa, zeinek bereziki tomate eta piper laboreak eraso baititu Cadreitan, Milagron eta Villafrancan.

Nekazariek erabilitako ohiko tratamenduak alferrikakoak zirenez, izurritearen bilakaera kontrolatzeko asmoz eta beste labore mota eta herri batzuetara zabal ez zedin, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak irailaren 2an emandako 135/2004 Foru Aginduaren bidez nahitaez bete beharreko neurrien programa bat ezarri zen eta horrelako kasuetan beharrezkoa den presako izapidaketa eman zitzaion, hori guztia Landare-osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legean xedatutakoari jarraikiz. Programa horretan, kasu batzuetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak parte hartu du zuzenean eta beste batzuetan nekazariek beraiek.

Ezarri diren neurrien ondorioz (funtsean erasoa jasan duten espezieak merkatutik kentzea, deuseztea eta lurperatzea, tratamenduak emateko lan osagarriak, etab.), nekazariek galera eta gastu osagarri batzuk izan dituzte. Kasu askotan, gainera, batez ere tomate laboreetan eta, neurri apalago batean, piperrenetan, merkatuan jarri den produkzioaren salmentarekin produkzioaren kostu operatiboak ere ezin izan dituzte berdindu.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak irailaren 6an egindako bilkuran erabaki zuen konpentsazio neurrien presako plan bat ezartzea, indarreko legediarekin bat, diru-sarrerekin produkzioaren kostu operatiboak ez berdintzeak sortzen dituen galerak berdintzeko, hori guztia irailaren 2ko 135/2004 Foru Aginduaren osagarri.

Bi departamentuok, nekazaritza sektorearendako estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren Jarraibideen 11.4 puntuan (abere eta landareen eritasunen aurka borrokatzeko laguntzak) ezarritakoa errespetatuz, galera horiek berdintzeko neurri batzuk diseinatu dituzte, foru dekretu honetan biltzen direnak.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko azaroaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen helburua dirulaguntzen araubide berezi bat ezartzea da, Bemisia Tabaci espezieko euli zuriak zuzenean eragin dituen kalteei aurre egiteko nekazariek nahitaez aplikatu behar izan dituzten neurri fitosanitarioek eragindako gastu eta galerak berdintzeko eta, ahal den neurrian, euli-izurritearen hedapena galarazteko.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Laguntzen aplikazio eremua Cadreitan, Villafrancan eta Milagron dauden tomate eta piper laboreak dituzten ustiapenak izanen dira, Bemisia Tabaci espezieko euli zuriak eragin dituen kalteei aurre egiteko eta haren hedapena galarazteko aplikatu behar izan dituzten neurri fitosanitarioen ondorioz galera eta gastu osagarriak izan badituzte.

3. artikulua . Ustiapenek eta onuradunek bete beharreko baldintzak.

Foru dekretu honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izateko, ustiategiek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute, laguntza eman baino lehenagotik, lehentasunezko ustiategi gisa, eta dagozkien zergak eta Gizarte Segurantzako gastuak egunean ordainduak izan beharko dituzte.

4. artikulua . Laguntzen zenbatekoa.

Ustiategi bakoitzak hartuko duen gehieneko laguntza izanen da produktuaren salmentatik lortzen diren diru-sarrerei (gehi fruta eta barazkien Merkatu Antolakunde Bateratua aplikatuz datorren diru-laguntza, horrelakorik badago) tomatearen edo piperraren produkzioaren kostu operatiboak berdintzeko erantsi beharreko diruaren adinakoa. Kostu operatiboak labore lurretan egindako lanen eta erabilitako produkzio sistemen arabera kalkulatuko dira.

Ondorio horietarako, gehieneko kostu operatiboak 5.836 eurokoak izanen dira hektarea bakoitzeko, tomatearen kasuan, eta 3.335 eurokoak piperraren kasuan.

Laguntza jasotzeko, euli zuriaren izurritearen ondorioz diru-sarrera txikiagoak izan direla egiaztatzeko frogak aurkeztu beharko dira betiere.

5. artikulua . Laguntzen eskaerak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak dirulaguntzak eskatzeko epea ezarriko du. Horretarako, kasuko foru aginduan agertuko den eredu ofiziala erabili beharko da.

6. artikulua . Laguntzak eman eta ordaintzea.

Foru dekretu honetako laguntzak eman edo ukatzea Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eginen da, foru dekretu hau Europako Batzordeak onesten duenetik hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ukatu dela ondorioztatzen ahalko da.

7. artikulua . Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduera egitea.

b) Nafarroako Foru Komunitateak onartu edo eman diren laguntzei buruz kontrolatzeko eginen dituen jarduketak onartzea.

c) Izandako galerak egiaztatzeko eskatzen diren agiriak ekartzea.

d) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

8. artikulua . Itzulketak, ezbetetzeak eta zehapenak.

Foru dekretu honetan ezarritako laguntzen inguruko itzulketa, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Aginduari jarraikiko zaio, haren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

9. artikulua . Uko egitea.

Onuradunari ematen zaion dirulaguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, laguntza eman zaiola jakinarazi eta biharamunetik hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

Lehen Xedapen Gehigarria. Laguntzen bateragarritasuna

Foru dekretu honetan arautzen diren laguntzak emateko baldintza da Europako Batzordeko organo eskudunak erabaki dezala bat datozela Europako Batasuneko Merkatuarekin.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Araubide juridikoa

Foru dekretu honetan aurreikusten ez den guztian, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea xedatzen duenari helduko zaio. Lege horrek ezartzen du Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Aurrekontuetako kreditua

Foru dekretu honetan ezarritako laguntzen ondoriozko gastua 2005eko gastuen aurrekontuko "Euli zuriaren izurriterako kalte-ordaina" izeneko 710000-71210-4700-412106 kontusailaren kargura ordainduko da, 360.000 euro egin arte, deusetan galarazi gabe Nafarroako Parlamentuak behin betikoz onesten duen diru-kopurua.

Laguntza guztien baturak aurrekontuetan ezarritako dirua gaindituz gero, bakoitzaren zenbatekoa proportzioan gutxituko da.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Errekurtsoak

Foru dekretu honek bide administratiboa agortzen du. Horren aurka, aukeran, errekurtso hauetako bat paratzen ahal da: berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 434. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Foru dekretu honen ondoriozko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean. Administrazio publikoek aurretiko errekerimendua egin dezakete aipatu den moduan.

Azken Xedapenetan Lehena. Betearaztea

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru dekretu hau betearazteko behar diren ekintzak eginen ditu.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzeko eguna

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2004ko azaroaren 30ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0418315

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web