(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

95/2005 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 4KOA, LANEKO ARRISKUEI AURREA HARTZEKO ETA LANERAKO EZINTASUNAGATIK BIRKOKATZEKO ARAUDIA EGOKITZEN DUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUKO LANGILEENTZAT, MAIATZAREN 14KO 812/1999 ERREGE DEKRETUAREN ONDORIOZ.

BON N.º 105 - 02/09/2005



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRA


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUKO LANGILEEN SEGURTASUN ETA OSASUN BATZORDEA ETA PREBENTZIO ZERBITZUA


  III. KAPITULUA. BIRKOKAPENAK LANPOSTUAN JARDUTEKO EZINTASUNAGATIK


Zioen azalpena

Laneko arriskuen prebentzioa arautzen duen azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 3. artikuluak ezartzen duenez, "Lege hau eta eta hura garatzeko arauak Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean araututako lan harremanen esparruan aplikatuko dira, baita Administrazio Publikoen zerbitzuko langile zibil administratibo edo estatutupekoekin, Lege honetan edo bere garapen arauetan bildutako berezitasunekin, kasu horretan."

Maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuaren bitartez, Nafarroako Justizia Administrazioko langile batzuk Nafarroako Gobernuaren kudeaketa eremuan sartu ziren. Hortaz, kidegoak erregulatzen dituen araudia aplikatzen zaie, Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publikoaren arloan dituen eskumenak galdu gabe, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1. b) artikuluari eta abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren (Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen du) zortzigarren xedapen gehigarriari jarraituz.

Horrenbestez, laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan, aipatu eskualdatze horien eraginpeko langileak apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuaren aplikazio esparruaren barrenean gelditu ziren, hark Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremurako egokitzen baitu laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia; izan ere, Nafarroak funtzio publikoaren arloan dituen eskumenen barrenean dago, ez dituelako murrizten Estatuak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubide eta betebeharrak.

Alabaina, langile horiek laneko arriskuei aurrea hartzeko eremuan integratzean sortutako hainbat gorabeherak langile horiek, zenbait alderditan, bestelako eremu bat izatera behartu dute. Horregatik, egokitzat jo da langile horientzako Segurtasun eta Osasun Batzorde bat sortzea. Baina, Aurrea Hartzeko Zerbitzuei dagokienez, ongi legoke lehendik daudenak beren eginkizunetan jarraitzea, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei dagokienean ere bai.

Laneko arriskuen prebentzioari estu lotutako inguruabar bat sartu da foru dekretu honetan, hala nola funtzionarioen birkokapena lanerako ezintasunagatik. Xede horrekin sortu da Birkokapenen Batzordea Nafarroako Justizia Administrazioaren eremuan, eremu horretara mugatzen baititu birkokatzeko aukerak.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, sindikatuek negoziatu ondotik eta Nafarroako Kontseiluaren erabakiari jarraituz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko uztailaren lauko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua . Xedea.

Laneko arriskuei aurrea hartzeko eta lanerako ezintasunagatik birkokatzeko araudia maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuaren eraginpean diren Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei egokitzea da foru dekretu honen xedea. Errege dekretu horretan eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera Justizia Administrazioaren zerbitzuko giza baliabideen arloan.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUKO LANGILEEN SEGURTASUN ETA OSASUN BATZORDEA ETA PREBENTZIO ZERBITZUA

2. artikulua . Sorrera.

Justizia Administrazioko Segurtasun eta Osasun Batzordea sortzen da Nafarroako Foru Komunitatean.

3. artikulua . Esparru subjektiboa.

Maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuaren eraginpean dauden Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak dira Justizia Administrazioko Segurtasun eta Osasun Batzordearen esparru subjektikoa. Dekretu horren bitartez, eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera Justizia Administrazioaren zerbitzuko giza baliabideen arloan.

4. artikulua . Aplikatu beharreko arauak.

Foru Dekretu honek arautzen ez dituen arloetan apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretua aplikatuko da, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremurako egokitzen duena, foru dekretu honek aipatzen duen langileen araubide bereziak dituen ezaugarriekin.

5. artikulua . Osaera.

Alde batetik, Justizia Administrazioaren eremuan izendatutako prebentzioko ordezkariek osatuko dute Justizia Administrazioko Segurtasun eta Osasun Batzordea, apirilaren 20ko 135/1998 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluari jarraituz (laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremurako egokitzen du); bestetik, kide kopuru bera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatuak.

6. artikulua . Prebentzio zerbitzuak.

Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Prebentzio Zerbitzu bera ariko da Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileentzat ere.

III. KAPITULUA. BIRKOKAPENAK LANPOSTUAN JARDUTEKO EZINTASUNAGATIK

7. artikulua . Birkokapena.

Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak, foru dekretu honetan aipatzen direnak, Nafarroako Justizia Administrazioaren beste lanpostu batzuetan bakarrik kokatzen ahal dira, beren lanpostuan jarduteko ezintasunagatik.

8. artikulua . Birkokatze batzordea.

Birkokatze Batzordea eratuko da, Justizia zuzendari nagusiak izendatutako hiru kidek eta Nafarroako Justizia Administrazioko Segurtasun eta Osasun Batzordeko prebentzioko bi ordezkarik (haien artean izendatuak) osatua.

9. artikulua . Aplikatzekoak diren arauak.

Ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretua aplikatuko da, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen araubidearen berezitasunek eskatzen dituzten egokitzapenekin, birkokatzeko prozedurari, aholku eta kontsulta organoei eta beharrezko diren gainerako gorabeherei dagokienez.

Azken Xedapenetako Lehena. Arauen garapena

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko uztailaren 4an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0515955

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web