(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

685/1996 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 24KOA, PARKE EOLIKO GEHIAGOREN ONESPENA BERTAN BEHERA UZTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 6 - 13/01/1997



Atariko

Nafarroako Foru Komunitateak energia kutsagarrien ordez energia berriztagarriez baliatzea bultzatu du etsi-etsian.

Nafarroako Gobernuko Industri, Lan, Merkataritza eta Turismo batzordearen Nafarroako Energi Planak, 1996ko urtarrilaren 31ko Ebazpenaren bitartez onetsi zenak, xede nagusitzat hartu zuen energi azpiegiturak bultzatu eta energia berriztagarrien baliabideen erabilera sustatzea, beti ere ingurugiroa begiratzen duten neurriak hartuz.

Plan horrek, arau mailan energia eolikoari lotutako jarduketak aurreikusten dituenez, xedatzen du Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro zein Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariek proposaturik, arrazoi bidez bertan behera utzi ahalko duela parke eolikoen tramitazioa eta onespena, natur ingurunearen edo sektore energetikoaren egoera aztertzearren, ordura arte baimena eman zaienen artean Energi Plan horrek potentzia ezarrirako eta energi produkziorako ezarritako helburuak lortu edo gaindituta badaude. Bertan behera uzteko erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Planaren eta haren aplikazioaren ondoren, Nafarroako Gobernuak otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua onetsi zuen, parke eolikoen ezarpena arautzeko. Dekretu horren bidez garatu ziren Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea eta Sistema Elektriko Nazionala Antolatzeko abenduaren 30eko 40/1994 Legea. Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian parke eolikoen tramitazioa arrazoi bidez bertan behera uzteko ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari, Nafarroako sektore energetikoaren edo natur ingurunearen egoera aztertzearren.

Gaurdaino lau enpresa ekimen aurkeztu dira Nafarroako Gobernuan Nafarroako energia eolikoa garatzeko. Horien aurreikuspenek, ordea, nasaiki gainditzen dituzte Nafarroako Energi Planak 2000. urterako potentzia ezarrirako eta energi produkziorako ezarritako helburuak. Izan ere, Nafarroan hainbat eta hainbat parke eoliko (berrogeitik gora) ezartzea proposatzen dute aipatu ekimenok. Horren ondorioz hainbat alderditan zabaldu eta hainbat lur okupatuko dira, baita ingurugiroari kalte egin paisajean, zoruan, hegaztietan eta gainontzeko natur ondasunetan.

Nafarroan energia eolikoa garatzeko erronkak ez du zertan jo lurraldean eraz kokatu beharraren eta natur ondasun nagusiak zainduko direla bermatu beharraren kontra.

Nafarroako Foru Komunitatean hainbat eta hainbat parke eoliko, hasierako aurreikuspenak nasaiki gainditzen dituztenak, sustatzeko ekimenen kopurua nahikoa eta anitza dela bermatu ondoren, bidezko da ekimen gehiagoren tramitazioa eta onespena bertan behera uztea, gure natur ingurunea parke eolikoz eta linea elektrikoz mukuru bete ez dadin eta energia eolikoaren ekoizpen egokiak Nafarroaren etorkizunean izan ditzakeen alderdi onak zein txarrak zehatzago aztertzeari ekin dakion, batez ere, Estatuko Administrazioak prestatu duen Protokolo elektrikoa izenekoak energia eolikoaren ekoizpenean eta banaketan izan ditzakeen eraginak baloratu behar badira.

Horiengatik guztiengatik, parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, Nafarroako Energi Plana berraztertu artean bertan behera utzi da Nafarroan parke eoliko gehiagoren tramitatzea eta onestea. Horrek ez du galaraziko aurretik aurkeztutako proposamenak aipatu Foru Dekretuaren arabera eta Aurreko Foru Dekretuaren 3.2 eta 12. artikuluak garatzeko beharrezko diren bideragarritasun tekniko eta, hala behar bada, finantzarioko betebeharren arabera bideratzea.

Horiek horrela, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko abenduaren hogeita lauko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean parke eolikoak ezartzeko plan eta proiektu gehiagoren onespena bertan behera utzi da Nota de Vigencia.

2. Bertan behera uzte honek ez du eraginik izanen Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik, baita, beharrezko izan bada, horiei egin zaizkien aldaketen aurretik ere, Nafarroako Gobernuan aurkeztutako plan eta proiektuetan. Izan ere, horiek parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren eta Foru Dekretu honen arabera arabera bideratuko dira.

2. artikulua

Otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren azkeneko idazatian xedatutakoari begira, parke eolikoak ezartzeko administrazio baimena ematea galarazten duten akats teknikoak badirela ondorioztatuko da, baldin Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan baimena eskatu baino aurreragoko urtean haizearen abiaduraren eta indarraren neurketa teknikorik izan ez bada.

Era berean, behar adinako finantzaketarik ez dela ondorioztatuko da, baldin sustatzaileak departamentu horren aurrean egiaztatzen ez badu baimenaren eskariaren xede diren parke eolikoetan egin beharreko inbertsioen ehuneko hogeiari, gutxienez, aurre egiteko fondoak badituela bere esku.

3. artikulua

Otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 2. zenbakian aipatzen den kasua, alegia eremu batean parke eolikoak ezartzeko eskari bi edo gehiago izatea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ez dio ezeini baimenik emanen, harik eta eskatzaile guztiek urtebete jarraituan haizearen abiaduraren eta indarraren neurketa teknikoak egiazki egin dituztela egiaztatu arte, parke eolikoaren bideragarritasun teknikoa ziurtatzeko.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari baimena ematen zaie, beren ahalmen esparruaren barruan, Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko abenduaren hogeita lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A9700124

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web