(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

369/1997 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 9KOA, NEKAZARITZAREN, ABELTZAINTZAREN ETA NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ARLOETAN ZEHAPENAK EZARTZEKO ADMINISTRAZIO PROZEDURA ONESTEN DUENA

BON N.º 5 - 12/01/1998



Atariko

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak IX. Tituluan arautzen ditu Administrazio Publikoek zehapenak ezartzeko duten ahalmenaren gaineko oinarrizko printzipioak, bai eta zehapen prozeduraren printzipioak ere; printzipio hauen helburua da administratu guztiek Administrazio Publikoen aurrean tratamendu berdina izatea. Aipatu Legeak indarrik gabe utzi duenez aurreko Administrazio Prozeduraren Legean arauturiko zehapen prozedura, beharrezkoa da administrazio prozedura oso eta bakar bat onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aplikatuko duena nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta nekazaritzako elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko duen ahalmenaz baliaturik, 30/1992 Legeko printzipioei jarraikiz. Hori guztia, prozedura gidatuko duen kontradikzio printzipioa eta ustez erantzulea denaren eskubideak batere murriztu gabe, zehapen prozeduren tramitazioa arinago eta eraginkortasun handiagoarekin egin dadin.

Zehapenak ezartzeko administrazio prozedura bakar hau oro har nekazaritza eta abeltzaintzakoak diren arlo guztiei aplikatuko zaie; arlo horiek, beti ere, Nafarroako Gobernuaren esku egonen dira, foru eraentzaren arabera hala dagozkiolako edo Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatearen eskura aldatu direlako, abenduaren 18ko 2654/1985, abuztuaren 1eko 1320/1997, abuztuaren 1eko 1321/1997 eta abuztuaren 1eko 1327/1997 Errege Dekretuen bidez. Horrela, zehapen prozeduraren aplikazio esparruan geratzen dira honako arlo hauetan egindako arau-hauste administratiboak: landare ekoizpena, landareen osasuna; landare biologia; mintegiko hazi eta landareak; animali ekoizpena; animalien osasuna, nahitaezko neurri zoosanitarioak eta dauden epizootiak barne; eskaintzaren antolamendua; nekazaritza eta elikagaien industriak; iruzurren kontrako babesa eta nekazaritzako elikagaien kalitatea; Europako Batasunaren nekazaritza politika; nekazaritzako ustiategiak; nekazaritzako aseguruak; nekazaritzako egiturak eta lurzati berrantolamenduak, nekazaritzako egiturak berritzeari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legea garatuz sustaturikoak barne; herri ondasunak eta larreak; nekazaritzako merkaturatzea; jatorrizko izendapenak, mahastizaintza eta enologia...

Hori horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko abenduaren bederatzian hartu Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Helburua.

Foru Dekretu honek arautzen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bere eskumenekoak diren nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta nekazaritzako elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko erabiltzen duen administrazio prozedura.

2. artikulua . Aurre neurriak.

1. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 72. eta 136. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak edozein unetan hartu ahalko ditu behin-behineko neurriak, honakoetarako beharrezkoak direnak: eman behar den ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatu, prozedura behar bezala amaitu, interes orokorren babesa, arau-haustearen ondorioak desagertarazi eta, beti ere, legeria betetzen dela ziurtatzeko. Behin-behineko neurri hauek hartu ahalko dira besteak beste:

a) Jarduerak osorik edo jardueren zati bat bertan behera utzaraztea.

b) Zentro, zerbitzu, establezimendu edo instalazioak itxi edo produktuak kentzea.

c) Fidantza eskatzea.

2. Behin-behineko neurriak ezarriko dituen ebazpena eman aurretik, entzutearen aukera izanen du interesatuak hamar egun balioduneko epean gutxienez ere.

3. artikulua . Aldez aurreko jarduketak.

1. Zehapen espedienteari hasiera eman aurretik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak aldez aurreko argibide aldia irekitzeko agindua eman ahalko du, gertaturikoak argi daitezen, horrela kasu bakoitzaren inguruabarrak ezagutuko baitira eta prozedura hastea komenigarria den ala ez erabakiko baita. Izapide horiek eginen dituzte nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta nekazaritza nahiz elikagai industrien arloetan zainketa, kontrola eta ikuskapena egiteko ahalmena duten organoek, edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak zehazturiko pertsonek edo organo administratiboak.

2. Aldez aurreko informazioa ezkutuan gorde ahalko da eta horren iraupena gehienez ere hilabetekoa izanen da, luzatu eta beste eperen bat ezartzea erabaki ezean.

3. Ez da hasitzat joko zehapen prozedura ikuskapen edo kontrol jarduketak egiteagatik, ez eta horiek azaltzen dituzten egintza edo agiriengatik, ezta ere Administrazioak eginiko azterketa edo kontrolen egiaztapenagatik, ez eta aurreko lerroaldean aipaturiko aurretiazko jarduketengatik ere.

4. artikulua . Zehapen prozeduraren hasiera.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren Foru Aginduak emanen dio hasiera prozedurari, ofizioz edo salaketa bidez eginiko jarduketen arabera.

2. Zehapen espedienteari hasiera ematen dion Foru Aginduak izendatuko du jarduketen instruktorea, eta ustez arau-haustearen erantzulea denari eta salatzaileari, halakorik balitz, jakinaraziko zaie.

3. Instruktore izendatuko da, beti ere, Zuzenbideko lizentziatua den funtzionario edo kontratatu bat.

5. artikulua . Prozeduraren izapideak.

1. Instruktoreak kargu plegu bat idatziko du eta hori ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio. Azken honek hamabost egun balioduneko epea izanen du bere eskubideen alde bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egiteko, bai eta datuak, argibideak edo agiriak aurkezteko eta egokia iruditzen zaion froga proposatzeko ere.

2. Karguen pleguan honakoa azaldu beharko da:

a) Ustez erantzuleak diren pertsonen identifikazioa.

b) Egiaztaturiko gertaerak, arau-hausteak tipifikatzeko eta zehapenak mailakatzeko garrantzizkoak direnak aipaturik.

c) Ustez egin den arau-haustea, hautsitako araua edo arauak aipaturik.

d) Bidezkoa den zehapena, horren maila eta zenbatekoa.

e) Prozedura ebazteko eskumena duen organoa eta zein arauk eman dion eskumen hori.

6. artikulua . Arauhausleak uko egitea.

Espedientatuak bere erantzukizuna bere borondatez aitortuko balu, instruktoreak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari igorriko lioke espedientea, haren gaineko ebazpena emateko. Horrek ez luke eragotziko izapideekin jarraitzea, baldin eta iruzurraren edo beste pertsona edo entitate batzuk estaltzearen arrazoizko arrastoak izanen balira edo prozedurari hasiera emateak zabaldutako auzia interes orokorrekoa balitz.

7. artikulua . Froga.

1. Ofizioz izapidatuko dira edo ustezko erantzuleak proposaturik onartuko dira gertaerak eta izan daitezkeen erantzukizunak zehazteko egokiak diren froga guztiak. Gertaerekin duten zerikusiagatik ustezko erantzulearen alde azken ebazpena aldatu ezin dutenak soilik izanen dira ezegokitzat jo daitezkeenak.

2. Interesatuek aurkezturiko froga teknikoek eta kontraesanezko azterketek edo deuseztatzaileek eten eginen dute, horiek egin eta emaitzak espedienteari erantsi bitartean, prozedura ebazteko epearen zenbaketa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

8. artikulua . Jarduketa osagarriak.

1. Alegazioak aurkezteko epea amaiturik eta, halakorik balitz, frogak izapidaturik eta beharrezkoak diren eginbide guztiak buruturik, instruktoreak, jakinarazitako kargu plegu berari eusten badio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari igorriko dio espedientea. Kontseilariak, hilabeteko epean gehienez ere, dagokion ebazpena emanen du edo, bestela, beharrezkoak diren eginbide osagarriak burutu ditzala aginduko dio instruktoreari.

2. Izapidaturiko alegazio eta frogen ondorioz beste gertaera batzuk edo gertaera ezberdinak ateratzen badira, edo karguen pleguan aurreikusitako kalifikazioa baino larriagoa dena, instruktoreak beste kargu plegu bat eginen du bidezkoa den zehapenarekin, eta hori espedientatuari jakinaraziko zaio, egokia iruditzen zaiona alega dezan hamabost egun balioduneko epean.

Aurreko lerroaldean xedaturikotik kanpo geratzen dira interesatuak eskaturik espedientean izapidatzen diren alegazioen edo frogen ondorio diren beste gertaera batzuk edo arau-haustearen edo zehapenaren kalifikazio ezberdina, ezarri beharreko zehapena hasierakoa baino larriagoa ez denean.

9. artikulua . Ebazpena.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Foru Agindu bidez, bidezkoa den ebazpena emanen du; arrazoitua izanen da eta espedientean azaltzen diren arazo guztiak ebatziko ditu.

2. Ebazpenak ezin izanen ditu onartu prozeduran zehazturikoak ez diren gertaerak, balorazio juridiko ezberdina izan badezakete ere.

3. Zehapen prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89.3 artikuluan aurreikusitako alderdiak jasotzeaz gain, izapidaturiko frogen balorazioa ere jasoko du, bereziki erabakiaren oinarri direnena; horretaz gainera, gertaerak zehaztuko ditu eta, halakorik balitz, erantzulea den pertsona edo pertsonak, egindako arau-haustea edo arau-hausteak eta ezarri beharreko zehapena edo zehapenak.

4. Ebazpena betearaztekoa izanen da administrazio bidean irmotasuna hartzen duenean.

5. Ebazpenean beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartuko dira, ebazpenak, betearaztekoa ez den bitartean, eraginkortasuna izan dezan.

6. Zehapena ezartzeak ez ditu alde batera uzten erantzukizun zibila eta zehatuaren gain egon daitekeen kalte eta galeren ordaina.

7. Zehapena ordaintzeko hilabetea izanen da gehienez ere, administrazio bidean irmotasuna hartu eta biharamunetik hasita.

10. artikulua . Ebazteko epea.

1. Zehazpen prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, espedienteari hasiera emateko Foru Aginduaren egunetik hasita.

2. Epe hori luzatzerik izanen da, eta beste sei hilabete ezarri ahalko dira gehienez ere. Luzapen hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emanen du Foru Agindu arrazoitu baten bidez.

11. artikulua . Ikuskapen aktak.

Ikuskapen aktak horretarako agintea aitortua duten funtzionarioek eginen dituzte, eta horietan agertzen diren gertaerei dagokienez ustezko ziurtasuna eta froga balioa izanen dute, kontrako frogarik izan ezean.

12. artikulua . Zehapena murriztea.

Ezarritako isunak ehuneko hogeita hamarreko murrizketa izanen du baldintza hauek betetzen direnean:

a) Arau-hausleak isunaren gainerakoa gehienez ere hilabeteko epean ordaintzen badu, zehapena ezartzen duen ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Arau-hausleak ordaintzen badu, aurreko idazatian aipatu epean, berari egotzitako kalte eta galerengatik bidezkoa den ordainaren zenbateko osoa.

c) Arau-hausleak idatziz azaltzen badu ados dagoela ezarritako zehapenarekin eta eskaturiko kalte ordainarekin, eta espreski uko egiten badio aipatu epean inpugnazio ekintzez baliatzeari.

Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu hau ez zaie aplikatuko dekretu honek indarra hartu aurretik hasitako zehapen prozedurei, horiek aurreko arautegiaren menean jarraituko baitute.

Azken Xedapena Lehenbizikoa

Indarrik gabe geratu dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapena Bigarrena

Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko abenduaren bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A9711018

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web