(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

336/2004 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 3KOA, UZTAILAREN 16KO 1254/1999 ERREGE DEKRETUA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN APLIKATZEKO MODUA ARAUTZEN DUENA. ERREGE DEKRETU HORREN BIDEZ GAI ARRISKUGARRIEK SORTURIKO ISTRIPU LARRIEI DAGOZKIEN ARRISKUAK KONTROLATZEKO NEURRIAK ONETSI ZIREN.

BON N.º 142 - 26/11/2004



  I. KAPITULUA. OROTARIKO XEDAPENAK


  II. KAPITULUA. EGINKIZUNEN BANAKETA


  II. KAPITULUA. AGIRIEN AURKEZPENA


Atariko

Kontseiluak 1996ko abenduaren 9an eman 96/82/EE Zuzentaraua uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren bidez sartu zen gure legerian.

Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren bidez gai arriskugarriek sorturiko istripu larriei dagozkien arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi ziren. Errege dekretu horrek esku ematen die autonomia erkidegoetako organo eskudunei gai arriskugarriek sorturiko istripu larriei aurrea hartzeko eta haien ondorioak arintzeko jarduketak egiteko, pertsonak, ondasunak eta ingurumena babestearren.

Jarduketa horiek burutu ahal izateko, zehaztu behar da zer organori dagokion Nafarroako Foru Komuniateko Administrazioan hura aplikatu eta garatzea. Horretarako, eginkizunak jarduteko arloen arabera banatu behar dira, ekintzak bi aldiz ez egiteko eta ukituriko enpresekiko harremanak errazteko.

Halaber, errege dekretu hartan aipatzen diren kontu batzuk garatu behar dira. Izan ere, dekretuak berak dioenaren arabera, autonomia erkidegoek garatu behar dituzte kontu horiek, hala nola, establezimendu berrien titularrek agiriak aurkezteko epeak, ikuskaritzarako planak, eta abar.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko azaroaren hiruko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. OROTARIKO XEDAPENAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretua Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko modua arautzea da. Errege dekretu horren bidez gai arriskugarriek sorturiko istripu larriei dagozkien arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi ziren.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitatean diharduten edo egoitza bertan duten establezimendu eta instalazioei dagokie, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 2. artikuluan aipatzen badira, errege dekretu horretako 4. artikuluan ezartzen diren salbuespenak salbuespen.

II. KAPITULUA. EGINKIZUNEN BANAKETA

3. artikulua . Organo eskudunak.

Gai arriskugarriek sorturiko istripu larriei dagozkien arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuak xedatuari dagokionez, kapitulu honetan ezartzen diren eginkizunen banaketaren arabera, Nafarroako Gobernua, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentua eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua dira organo eskudunak Nafarroako Foru Komunitatean.

4. artikulua . Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuari dagokio:

a) Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 9. artikuluak ukitzen dituen establezimenduetako kanpoko larrialdietarako planak onestea. Kasuan kasuko oinarrizko zuzentarauak xedatu bezala homologatuko dira.

b) Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 18. artikuluan aipatzen diren gorabeherak gertatzen direnean, edozein establezimendu ustiatu edo abian jartzea debekatzea.

5. artikulua . Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.

Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagokio:

a) Industriaburuek Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari eman argibideak ikusirik, kokaguneagatik edo establezimenduen arteko hurbiltasunagatik edo horietan gai arriskugarriak egoteagatik istripu larri bat gertatzeko aukera eta ondorioak handitzen ahal direneko establezimenduak edo establezimendu multzoak zehaztea.

b) Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuarekin batera, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 8. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren protokoloak ezartzea.

c) Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 3. artikuluan aipatzen diren industriaburuekin batera, gai arriskugarriak errege dekretu horretako I. eranskineko 1. eta 2. zatietako 3. zutabean zehazten diren zenbatekoetan edo zenbateko handiagoetan dauzkaten enpresetarako kanpoko larrialdietarako plan bat prestatzea.

d) Istripu larri batek ukitzen ahal dituen bizilagunendako kontsulta tresnak ezartzea, kanpoko larrialdietarako planak prestatzeko beharrezkoak baitira.

e) Behar den garaian, gehienez ere hiru urtetik hiru urtera, kanporako eta barneko larrialdietarako planak aldian-aldian ikuskatu eta, hala bada, aldatzen direla bermatzeko sistema bat antolatzea.

f) Industriaburuek eman argibideak ikusirik, establezimendu batzuetan kanpoko larrialdietarako planak abian jartzen ahal ote diren erabakitzea.

g) Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko xedapenak bete behar dituzten establezimendu guztietako kanpoko larrialdietarako planak hartu, erregistratu eta kontrolatzea.

h) Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 9. artikuluan aipatzen diren establezimenduetako industriaburuekin batera, horietan hasten den istripu larri batek ukitzen ahal dituen pertsonei jakinaraztea zer segurtasun neurri hartu behar dituzten eta nola portatu behar duten, istripurik gertatuz gero.

i) Establezimenduko segurtasun txostena ikusgai dagoela bermatzea.

Hala ere, enpresaburuak aurretik eskatu ondoren, industrien, saltokien edo pertsonen isilpekotasunagatik, herritarren segurtasunagatik edo Espainiaren defentsagatik, ez da bidezko txosten horren zati batzuk jendeari erakustea. Kasu horretan, Barne Zuzendaritza Nagusiak baimendurik, zati horiek biltzen ez dituen txosten bat emanen dio industriaburuak zuzendaritza horri, ikusgai jarriko dena, hain zuzen ere.

j) Establezimenduko istripu larrien arloko segurtasun baldintzei buruz iritziak ematea, segurtasun txostena ebaluatu ondoren, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 9. artikuluko 7. idatz-zatian xedaturikoaren arabera.

k) S.O.S.-Nafarroaren, Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren eta uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko aplikazio eremuko establezimenduen artean zuzeneko harremanak sortzea.

l) Zuzeneko harremanen bidez, istripu larriak sortzen ahal dituzten gorabehera edo istripu guztiei buruzko argibideak hartzea, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 14. artikuluan aipatzen diren kontu guztiak bildurik.

m) Istripu larririk gertatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion argibideak ematea, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 15. artikuluaren arabera.

n) Nafarroako Gobernuari proposatzea edozein establezimendu ustiatu edo abian jartzea debekatu dezala, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 18. artikuluan aipatzen diren gorabeherak gertatzen direnean, eta erabaki hori Herritarren Babeserako Batzorde Nazionalari jakinaraztea.

ñ) Foru dekretu honetan xedaturikoa haustegatik bidezko diren zehapenak proposatzea, Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legeko V. Tituluan ezarririkoarekin bat.

o) Hirigintza planifikatu eta baimentzeko prozeduretan foru dekretu honetan arautzen diren arlo materialez argibideak ematea.

6. artikulua . Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentua.

Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari dagokio:

a) Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko xedapenak bete behar dituzten establezimenduen zerrenda prestatu eta mantentzea eta foru dekretu hau hobeki betetzeko garrantzitsutzat jotzen diren datuak Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sisteman sartzea.

b) Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 6. artikuluan aipatzen den jakinarazpenak eduki behar dituen gutxieneko argibideak, errege dekretu horretako II. eranskinean zehazten direnak, industriaburuengandik hartzea.

c) Establezimenduetako gai arriskugarrien zenbatekoaren, ezaugarrien edo itxuraren edozein aldaketa nabarmenen gaineko argibideak industriaburuengandik hartzea.

d) Uztailaren 16ko Errege Dekretuko 9. artikuluak ukitzen dituen industriek aurkezturiko segurtasun txostenak hartu eta ebaluatzea.

7. artikulua . Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.

1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio:

a) Lurralde eta hirigintzarako planeamenduan uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 9. artikuluan aipatzen diren establezimenduetako segurtasun eremuak sar daitezela proposatzea, segurtasun ikerlanaren ondorioz, errege dekretu horretako 12. artikuluan xedaturikoa bermatzeko bidezko diren zehaztapenekin.

b) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuarekin batera, lurzoruaren erabilera baimendu, baimenkor eta debekatuen katalogoa prestatzea, gai arriskugarriek sorturiko istripu larriei dagozkien arriskuari buruz indarra duen oinarrizko zuzentarauko irizpideei jarraituz erabiltzen diren segurtasun ikerlanen ondoriozko ukipen eremuen arabera.

c) Mota horretako erabilera eta jarduerak baimentzeko, lurralde eta hirigintzarako planeamenduan berariaz aurreikusiak ez daudenean edo istripuei aurrea hartzeko eta haien ondorioak arintzeko arauetan ageri ez direnean, edozein delarik lurzoruaren hirigintzako sailkapena, segurtasun ikerlan bat edo establezimendu hauei loturiko arriskuei buruzko txosten teknikoa, eremu mugakideetako erabilera eta jarduerei dagokienez.

d) Hirigintzan izanen duen eraginari buruz txosten bat egitea, segurtasun txostena hartu eta gehienez ere 4 hilabeteko epean, txosten horretako ebaluazioan sar dadin, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentura igortzea.

2. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio:

a) Ingurumenean izanen duen eraginari buruz txosten bat egitea, segurtasun txostena hartu eta gehienez ere 4 hilabeteko epean, txosten horretako ebaluazioan sar dadin, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentura igortzea.

b) Baimendu aitzin, kutsaduraren aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ukitu eta uztailarean 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 13. artikuluko 4. idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatzen diren proiektuak jendaurrean paratzea.

c) Kutsaduraren aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 11. artikuluko 4.b) idatz-zatian xedaturikoarekin bat, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren arabera, parte hartu behar duten organoen jarduketak sartzea.

8. artikulua . Ikuskatzeko ahalmena.

1. Hiru departamentu eskudunek parte harturik, ikuskapen sistema bat eta establezimendu mota bakoitzerako egokiak diren kontrol neurriak ezarriko dira, gutxienez ere uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 19. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren baldintzak beteko dituztenak.

2. Aurreko lerroaldean deusetan galarazi gabe,

a) Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio istripu larriei aurrea hartzeko eta haien ondorioak arintzeko egokiak diren neurriak establezimenduan berean eta hortik kanpo hartzen direla begiratzea.

b) Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio egiaztatzea segurtasun txostenean edo aurkezten den beste edozein txosten edo jakinarazpenetan adierazten diren datu eta argibideek establezimenduaren segurtasun egoera zehazki adierazten dutela eta, istripurik gertatuz gero, babestu eta jarduteko neurrietarako programak egin direla eta horiek ezarri direla langileei jakinarazi zaiela.

c) Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio neurri egokiak hartu direla egiaztatzea, establezimenduan eginiko jardueren arabera, ingurumena ukitzen duten istripuak saihesteko.

II. KAPITULUA. AGIRIEN AURKEZPENA

9. artikulua . Jakinarazpena.

Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 6. artikuluan aipatzen den jakinarazpenaren 4 ale aurkeztuko dira betiere Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian. Establezimendu berriak izanez gero, jakinarazpen hori haiek eraiki baino hiru hilabete lehenago igorri beharko da, kasuan kasuko Herriko Etxean aurkeztu dela frogatzen duen agiriarekin eta obra edo jarduerarako lizentziaren eskabidearekin batera.

10. artikulua . Aurrea hartzeko politika.

Istripu larriei aurrea hartzeko politika zehazten duen agiria uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 7. artikuluan aipatzen da. Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren, Barne Zuzendaritza Nagusiaren eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esku utzi beharko da. Establezimendu berriak izanez gero, agiri hori establezimenduak ustiatzen hasi baino hiru hilabete lehenago prestatu beharko da.

11. artikulua . Segurtasun txostena.

Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 9. artikuluan aipatzen den segurtasun txostenaren 4 ale aurkeztuko dira betiere Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian. Segurtasun txostenarekin batera, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistro Berezian istripu larrietarako inskribaturiko kontrol erakunde batek ebaluazio txosten bat aurkeztuko da. Erakunde horrek segurtasun txosteneko orri guztiak zigilatuko ditu. Establezimendu berriak izanez gero, eraikitzen edo ustiatzen hasi baino hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko dira agiri horiek.

12. artikulua . Barneko larrialdietarako plana.

Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 11. artikuluan aipatzen den barneko larrialdietarako planaren hiru ale aurkeztuko dira Barne Zuzendaritza Nagusian. Barneko larrialdietarako planarekin batera, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistro Berezian istripu larrietarako inskribaturiko kontrol erakunde batek ebaluazio txosten bat aurkeztuko da. Erakunde horrek barneko larrialdietarako planeko orri guztiak zigilatuko ditu. Establezimendu berriak izanez gero, agiri horiek establezimenduak ustiatzen hasi baino hiru hilabete lehenago prestatu beharko dira.

13. artikulua . Argibideak.

Kanpoko larrialdietarako planak prestatzeko uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 11. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen diren agiriak Barne Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dira. Establezimendu berriak izanez gero, argibide horiek establezimenduak ustiatzen hasi baino hiru hilabete lehenago igorri beharko dira.

14. artikulua . Ikuskatzaileen txostena.

1. Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuak ukituriko establezimenduen titularrek aldizkako ikuskapenaren txosten bat aurkeztu beharko dute Barne Zuzendaritza Nagusian, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistro Berezian istripu larrietarako inskribaturiko kontrol erakunde batek egina. Ikuskapenaren txosten horrek urtebeterako balioko du. Horretan barne larrialdietarako plana ezartzeko modua ebaluatu eta larrialdiaren itxura egite bat gainbegiratuko da. Hori prestatzeko gai arriskutsuek sorturiko istripu larrien arriskua kontrolatu eta planifikatzeko herritarren babesari buruzko oinarrizko zuzentarauan xedaturikoa hartuko da kontuan. Txosten horrekin batera, barneko larrialdietarako planaren hiru ale aurkeztuko dira, erregistro berezi hartan istripu larrietarako dagoen kontrol erakundeak orri guztiak zigilaturik, aurrekoaren aldean aldaketarik izanez gero. Betiere, gehienez ere hiru urtean behin ikuskatu beharko da, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuko 11. artikuluko 7. idatz-zatiarekin bat.

2. Barneko larrialdietarako planarekin eta segurtasun txostenarekin batera aurkeztu behar den hasiera bateko txostenak aldizkako lehenbiziko ikuskapentzat joko da. Beraz, aurreko artikuluetan aurreikusirik dagoenaz gain, larrialdien itxura egitea gainbegiratu beharko da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzeak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetariko Lehena. Erregelamenduzko ahalmena.

Esku ematen zaie Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau haien eskumenen barruan betearazi eta garatzeko xedapen eta egintza guztiak egiteko, Nafarroako Herritar Babeserako Batzordeak txostena egin ondoren, hala bada.

Azken Xedapenetariko Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web