(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

322/2000 FORU DEKRETUA, URRIAREN 2KOA, NAFARROAKO GOBERNUAK EMANA, ERAIKINAREN LIBURUA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 129 - 25/10/2000



Atariko

Eraikuntzaren sektorean eta, bereziki etxebizitzen sektorean, gero eta kalitate handiagoa eskatzen dute erabiltzaileek. Horrek ekarri du ukituriko sektoreek eta Administrazioak berak konpromiso handiagoa erakustea eskaera horri erantzuteko, eta, bestetik, etxebizitzaren inguruko erreklamazioen kopurua handitzea.

Erreklamazio horiek aztertuta, ikusi da eraikinen mantentze-lana egite hutsarekin, erreklamazio batzuk -ez dira gutxi holakoak- ekidin zitezkeela. Izan ere, mantentze-lanik ez da egin erabiltzaileek horrelakoren beharrik ez zegoela uste zutelako edo nola egin ez zekitelako.

Bestalde, eraikinak konpondu, moldatu edo zaharberritzeko obrak egiteko orduan, askotan, jabeen komunitateei oso zaila gertatzen zaie eraikinaren edo instalazioaren obrak nola egin ziren erakusten duen dokumentazio teknikoa eskuratzea, horrelakorik baldin badago. Izan ere, dokumentazio hori oso beharrezkoa izaten da geroagoko jarduketetan.

Ildo beretik, orubearen, eraikinaren edo eraikuntza prozesuaren agiri juridiko-administratibo batzuk sakabanatuak edo aurkiezinak izaten dira, erabiltzaileek haien beharra izaten duten kasuetan.

Eraikuntza Antolatzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen arabera, jabeak eta erabiltzaileak eraikuntzako agente dira. Halaber, ezartzen du eraikinaren azkeneko erabiltzaileei hainbat agiri tekniko eman behar zaizkiela, Eraikinaren Liburu batean bildua. Liburu hori oso lagungarria gertatuko zaie erabiltzaileei, eraikinaren kontserbazioaz, erabilera egokiaz eta mantentzeaz lege horrek berak ezartzen dizkien beharrak betetzeko.

Foru Dekretu honek jabeen komunitateen esku izanen den Eraikinaren Liburuaren edukia arautzen du. Horrenbestez, eraikinari buruzko dokumentazioa biltzeko agiritegi oso bat izanen da, hala alderdi fisiko edo teknikoari buruzkoa, nola alderdi juridiko-administratiboari buruzkoa. Liburuan, eraikuntza prozesuaren gaineko agiriez gainera, eraikinaren erabilera-aldian, erabilerari, mantentzeari edo aldaketei dagokienez, gertatzen diren gorabeherak ere bilduko dira.

Horrelako liburu bat izanda, eraikinaren erabiltzaileek eraikinaren beraren erabilera baldintzak ezagutu ahalko dituzte, hala nola bertako elementu edo instalazioenak; erabilera-aldia luzatzeko behar diren mantentze-lanak egin ahalko dituzte, bertako elementuak ezinbestean hondatu ez daitezen, eta aldatu edo zaharberritzeko obrei jakinaren gainean heltzeko aukera izanen dute, ongi jakinda eraikina nola dagoen eta nola eraiki zen.

Era berean, eraikuntza prozesuan parte hartu zuten enpresa eta profesionalak nortzuk izan ziren jakin ahalko dute, hala nola orduan ezarri ziren bermeak.

Martxoaren 16ko 8/1995 Foru Legearen 17.1.a) artikuluari jarraikiz, Nafarroako Kontseiluari eskatu zaio Foru Dekretu honetan xedatutakoari buruzko aginduzko txostena eman dezan. Legeen araberakoa dela adierazi du eta, egin dituen oharrak aintzat harturik, beharrezko zuzenketak egin dira.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi milako urriaren bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Eraikinaren Liburua noiz den beharrezkoa.

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitatean altxatzen diren etxebizitza-eraikin guztietan beharrezkoa izanen da Eraikinaren Liburua izatea. Liburu horren ezaugarriak eta eramateko modua Foru Dekretu honetan adierazten dira.

1. Etxebizitza-eraikin osoa, bertako instalazio orokorrak edo elementu komunak ukitzen dituzten zaharberritze-obrak eta, halaber, laguntza publikoak jasotzen dituzten zaharberritze-obrak egiten direnean ere Eraikinaren Liburua eduki beharko da. Bertan, dena den, zaharberritze-jardueratik datozen datu eta agiriak azalduko dira, bakarrik.

2. Eraikuntza Antolatzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legean xedatutakoaren arabera, Eraikinaren Liburua eduki behar den gainerako kasuetan ere aplikatuko da.

2. artikulua . Liburua gorde, eguneratu eta eskualdatu beharra.

1. Eraikinaren jabeak, edo aplikatu beharreko arauei jarraikiz, haren eskuordetza hartzen duen pertsonak Eraikinaren Liburua gorde eta eguneratu beharko du. Horretarako, dagokion dokumentazioa artxibatu eta behar diren idazpenak egin beharko ditu.

Jabetza horizontaleko araubidea duten eraikinetan, aurreko lerroaldean aipatu eginbeharrak jabetza horizontalaren arloko legeen arabera eraikinaren dokumentazioa gorde behar duen pertsonari berari egokituko zaizkio.

2. Eraikinaren Liburuan egiten diren idazpen edo agiri-gehitze orotan, artikulu honetako 2.1. idatz-zatiaren arabera Eraikinaren Liburua gordetzeko eskumena duen pertsonaren sinadura eta data jarri beharko dira.

3. Eraikina mantendu, moldatu eta zaharberritzeko obrak eta Liburuan dauden datuak aldatzea dakarten bestelakoak egiten direnean, hilabeteko epea izanen da datuok Eraikinaren Liburuan erregistratzeko, aldaketa gertatu edo obrak burutzen direnetik hasita.

Agiritegian gorde beharreko agiriak sartzeko hilabeteko epea izanen da, lortzen direnetik hasita.

4. Eraikinaren Liburu behar bezala eguneratuak, mantentze eta konpontze-lanak bilduko baititu, Eraikuntza Antolatzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legeak jabe eta erabiltzaileei ezartzen dizkien eginbeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko balioko du, hala nola kasuan kasuko sektorearen arauek elementu edo instalazio berezietarako ezartzen dituzten mantentze-lanak egin ote diren egiaztatzeko.

3. artikulua . Eraikinaren Liburua azter dezaketenak.

Eraikinaren Liburua jabekide guztien eskura izanen da, hala nola Foru Dekretu honetatik heldu diren eginbeharrak betetzen ote diren eta eraikinean zein instalazioetan egin beharreko kontrol edo mantentze lanak egin ote diren ikuskatu behar duten Administrazioaren ordezkarien eskura. Kasu bietan, Eraikinaren Liburuaren agiri guztien edo batzuen kopia egitea eskatu ahalko da, eskatzailearen kontura betiere.

4. artikulua . Eraikinaren Liburuaren edukia.

Eraikinaren Liburuan, lehen-lehenik, liburuaren edukia arautzen duen Foru Dekretu honen kopia sartuko da, liburua eguneratzeko oinarria izanen baita. Gainerako edukiak honako atal hauetan taldekatuko dira:

Eraikinaren datu orokorrak.

Agiritegia.

Proiektua eta bestelako agiri teknikoak.

Gorabeheren erregistroa.

Mantentze eta zaharberritze lanen erregistroa.

5. artikulua . Eraikinaren datu orokorrak.

Eraikinaren datu orokorrak honako atal hauetan bilduko dira:

Eraikinaren identifikazioa.

Datu juridiko-administratiboak.

Eraikuntza prozesuko parte-hartzaileak.

Bermeak eta aseguruak.

Bestelako datu eta oharrak.

6. artikulua . Eraikinaren identifikazioa.

a) Izena: eraikinak izena badu, hura emanen da.

b) Helbidea: posta helbidea, oso-osorik, eta katastroko erreferentzia.

c) Obra berria deklaratzeko eskrituraren erregistro-datuak eta jabetza horizontalaren banaketaren eskriturakoak, horrelakorik baldin badago, finka-zenbakia, liburukia, liburua eta orria.

d) Kokapen planoa: eskala egoki batean, ondoko kale edo elementuei dagokionez, nola dagoen kokatua garbi ikusteko modukoa, aise identifikatu ahal izateko.

e) Lurzatiaren zedula.

f) Eraikin bukatuaren fatxada nagusiaren argazkia, 9 x 13 zentimetrokoa, gutxienez.

7. artikulua . Datu juridikoadministratiboak.

a) Eraikinaren Liburua jasotzeko aktaren data eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

b) Obraren onarpen aktaren eguna.

c) Udalaren obra-lizentzia zein egunetan eman zen eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

d) Obraren amaieraren ziurtagiriaren eguna eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

e) Lehenbiziko aldiz erabiltzeko udal lizentziaren eguna eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

f) Irekitzeko lizentzi(ar)en eguna(k), horrelakorik badago, eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

g) Erabiltzeko beste lizentzia edo baimen batzuen datak: igogailuak, instalazio komunak, e.a. eta agiri horiei agiritegian eman zaizkien zenbakiak.

h) Bizigarritasun zedulak zein egunetan lortu ziren.

i) Obra berriaren deklarazioa: notarioaren izena, protokolo-zenbakia, data eta eskriturari agiritegian eman zaion zenbakia.

j) Karga errealak: azalpena, zein agiritan ageri diren eta horrek agiritegian duen zenbakia.

k) Jabetzaren araubidea (bertikala, horizontala, jabe askotakoa).

l) Eraikina jabetza horizontalaren araubidean banatzeko eskritura, horrelakorik baldin badago: notarioaren izena, protokolo-zenbakia, data, erregistro-unitate independienteen zerrenda, honako hauek emanda: finka-zenbakia, kokagunea, luze-zabalera, destinoa, partaidetza-kuota eta eskriturari agiritegian eman zaion zenbakia.

m) Araubide bereziak, horrelakorik baldin badago (babesa, laguntza publikoak, e.a.): behin betiko kalifikazioaren eguna edo laguntzak ematea zehazten den agiriarena, eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

8. artikulua . Eraikuntza prozesuko partehartzaileak.

a) Sustatzailea: izena, identifikazio fiskaleko zenbakia (hemendik aurrera IFZ) eta helbidea. Etxebizitza multzo edo kooperatiben kasuan, gainera, eraketa eguna eta, horrelakorik gertatu bada, bereiztekoa, hala nola agiri horiei agiritegian eman zaizkien zenbakiak.

Kooperatiban sustatzaile edo kudeatzaile bat egon baldin bada, haren izena, IFZ eta helbidea eman beharko dira, hala nola kontratuaren eguna eta kontratuari agiritegian eman zaion zenbakia.

b) Obra proiektu(ar)en egileak (arkitektura proiektua, egiturena, instalazioena, e.a.). Kasu bakoitzean izena, titulazioa eta IFZ aipatu beharko dira.

c) Zuzendari fakultatiboak: obra eta obraren exekuzioa zuzendu duten fakultatiboen izena, titulazioa eta IFZ, eta hala gertatu bada, aurrekoez beste profesional batzuen zuzendaritzapean egindako obra-zatiak edo instalazioak baldin badaude, baita fakultatibo horienak ere.

d) Etxegilea: izena, IFZ eta helbidea.

e) Azpikontratistak eta industri instalatzaileak: etxegileaz landara obran aritu ziren beste enpresen izena eta IFZ. Bereziki, honako instalazio hauek jarri zituztenen datuak eman beharko dira: iturgintza, berokuntza, elektrizitatea, gasa, igogailuak, telekomunikazioak, suteak eta klimatizazioa, eraikinak horrelakorik baldin badu.

9. artikulua . Bermeak eta aseguruak.

1. Eraikuntzako akats edo hutsengatik eragiten diren kalte materialetarako, ondoko bermealdiak adierazi beharko dira:

a) Hamar urteko bermealdia, eraikinaren zimentuetan, euskarrietan, hagetan, forjaketetan edo egituraren beste elementu batzuetan agertu edo horiek ukitzen dituzten akats edo hutsengatik eraikinean eragindako kalte materialak konpontzeko, eraikinaren erresistentzia mekanikoa edo egonkortasuna kolokan jartzen baldin badute.

Bermearen bukaera-eguna adierazi beharko da, hala nola aseguru-taldearen izena, aseguru-hartzailea, mugaeguna, polizaren zenbatekoa eta agiritegian zein zenbaki eman zaion.

b) Hiru urteko bermealdia eraikuntza elementuetan edo instalazioetako elementuetan atzemandako akats edo hutsengatik eragindako kalteak konpontzeko.

Bermealdiaren amaiera-eguna adierazi beharko da eta, horiek estaltzeko asegururik baldin badago, aseguru-taldearen izena, aseguru-hartzailea, mugaeguna, polizaren zenbatekoa eta agiritegian zein zenbaki eman zaion. Instalazio bateko bermea industri instalatzaileak eskaini baldin badu, berme-emailearen izena, IFZ, bermatzen den instalazioa, mugaeguna eta agiritegian zein zenbaki eman zaion adierazi beharko dira.

c) Urte bateko bermealdia, obren amaiera edo akabera elementuak ukitzen dituzten akats edo hutsengatik eragindako kalteak konpontzeko.

Bermearen amaiera-eguna adierazi beharko da eta, hori estaltzen duen asegururik baldin badago, aseguru-taldearen izena, aseguru-hartzailea, mugaeguna, polizaren zenbatekoa eta zein agiritegitan sartu den.

2. Eraikina, eraikinaren instalazioak edo elementu komunak ukitzen dituzten beste aseguru edo berme batzuk. Kontrataturiko aseguruen datuak eman beharko dira: aseguruaren xedea, aseguru-taldearen izena, aseguru-hartzailea, mugaeguna, polizaren zenbatekoa eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

Bermeen kasuan, bermepean jarritako ondasunak jakinarazi beharko dira, hala nola, berme-emailearen izena, IFZ, bermearen mugaeguna eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

10. artikulua . Bestelako datu eta oharrak.

Atal honetan, liburuarekin batera etxegileak jakinarazi nahi izan dituen beste datu beharrezko batzuk azaldu beharko dira, aurreko ataletan sartzerik ez dutenak.

11. artikulua . Agiritegia.

Agiritegia DIN A4 neurriko orriak gordetzeko artxibo bat izanen da. Barrenean, agiriak artxibatzeko jarraibideak ematen dituen ohar bat sartuko da eta bertan biltzen diren agirien aurkibide zenbakitu bat, atalez atal sailkatua eta atal bakoitzean dauden agiriak aipatuta. Agiritegian honako agiri hauek gorde beharko dira:

a) Aktak.

b) Eskriturak.

c) Lizentziak.

d) Erabiltzeko baimenak, horrelakorik behar duten instalazioetakoak.

e) Obraren azken ziurtapena.

f) Behin betiko kalifikazioa edo laguntzak emateko agiriak.

g) Aseguru-polizak.

h) Hornitzaileen bermeak.

i) Eraikinaren Liburua hartu izanaren akta.

j) Etxebizitzen Batasun edo kooperatibaren estatutuak.

k) Jabeen Komunitatearen Estatutuak.

l) Beste agiri batzuk.

Agiritegian sartzen diren agiri guztiak jatorrizkoak edo egiaztatutako edo konpultsatutako kopiak izanen dira. Jatorrizkoak ez badira, jatorrizko agiria non dagoen azaldu beharko da.

12. artikulua . Proiektuak eta beste agiri tekniko batzuk.

Eraikinaren Liburuan, aurrekoez gainera, honako agiri hauek ere bilduko dira:

1. Eraikinaren arkitektura proiektuaren kopia oso bat, behar bezala ikus-onetsia, proiektuaren gainean aldaketarik egin gabe eraiki baldin bada eta obraren bukaeraren ziurtagirian, propio, horrela jasota baldin badago.

Hasierako proiektuaren gainean aldaketarik egin baldin bada, proiektuaren ordez obraren amaieraren dokumentazioa aurkeztuko da, dokumentazio osoa eta ikus-onetsia orain ere. Kasu horretan, hasierako proiektuarekin eskatzen diren agiri eta zehaztapen berberak aurkeztu beharko dira.

2. Eraikina, instalazioak edo elementu komunak egiteko behar izan diren proiektu edo espedienteen kopiak, aurreko lerroaldean adierazi baldintza berberetan aurkeztuak, eta, halaber, administrazioan izapidatzeko eskatutako guztienak (jarduera sailkatuak, erabiltzeko baimenak, e.a.).

3. Eraikina eta hango instalazioak eta elementu komunak erabili eta mantentzeko jarraibideak (etxebizitza bakoitzari dagozkionak erosleei emanen zaizkie, nori berea).

Erabili eta mantentzeko jarraibideak eraikineko obra unitate, elementu eta instalazio guztietarako izanen dira eta, gutxienez, honako atal hauek izanen dituzte:

a) Unitate, elementu edo instalazioaren azalpena.

b) Kontuan hartzekoak eta aholkuak.

c) Debekuak.

d) Mantentze-lanak: erabiltzaileak edo/eta langile kualifikatuek egin beharrekoak.

e) Unitatean egin beharreko lanen egutegia: derrigorrezkoak eta gomendatzen direnak.

4. Unitate bakoitzaren jarraibideetan bildu diren mantentze-lanen egutegia, derrigorrezkoena eta gomendatzen diren lanena, maiztasunaren arabera sailkatuak: hilabeterokoak, hiruhilekoak, urterokoak, e.a.. Hogei urtetik beherakoak sartuko dira.

5. Eraikina altxatu zenetik egindako aldaketak. Egiten diren moldatze edo aldatze lanen proiektuetako dokumentazioa artxibatu beharko da, gorabeheren erregistroan bildutako lanei buruzkoa. Artikulu honetako 1, 2, 3 eta 4. ataletako dokumentazioa ordeztu edo osatzen duten agiriak ere bertan sartuko dira, hasierako proiektuari baldin badagozkio.

13. artikulua . Gorabeheren erregistroa.

Erregistro honetan jabeak edo jabeen komunitateak eraikinaren erabilera-aldian gertaturiko gorabehera guztiak bilduko ditu, Liburuan agertzea merezi duela uste baldin badu. Gutxienez honako hauek adierazi beharko dira:

1. Moldatze-lanak eta erabilera aldaketak. Eraikin osoaren, instalazioen edo elementu komunen aldaketa edo zaharberritze-lanei dagokienez, hala nola gertatzen diren erabilera-aldaketei dagokienez, honako hauek erregistratuko dira:

a) Aldaketaren azalpena.

b) Proiektuaren datuak, horrelakorik baldin badago, egilea, titulazioa eta helbidea adieraziz. Proiektua gainerako dokumentazio teknikoarekin batera gorde beharko da.

c) Obra lizentziaren data eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

d) Hartutako laguntza publikoak, horrelakorik baldin badago. Laguntzak emateko agiriaren datuak azaldu beharko dira eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

2. Gainerako inguruabarrak. Eraikinaren hasierako datuak aldatzen edo eraikinaren multzoa, instalazioak edo elementu komunak ukitzen dituzten gainerako gorabeherak ere bildu beharko dira.

14. artikulua . Mantentze eta zaharberritze lanen Erregistroa.

1. Eraikinaren Liburuan DIN A4 neurriko orrientzako artxibo bat sartuko da, honako atal hauek izanen dituena:

a) Mantentze-lanen kontratuak.

b) Mantentze-lanen erregistroa.

c) Konponketa-lanen erregistroa.

d) Zaharberritze-lanen erregistroa.

Atal bakoitzerako orri bat bederen izanen da artxiboan, eredu ofizialaren araberakoa, aurrerantzean behar diren kopiak egiteko eredutzat hartuko dena.

2. Mantentze-lanen kontratuak. Jabeen komunitateak egindako mantentze-lanen kontratu bakoitzeko honako datu hauek emanen dira, eraikina bera, bertako elementu komunak edo instalazio orokorrak ukitzen baldin badira:

a) Kontratuaren xedea.

b) Data, iraupena eta zein agiri-zenbakitan dagoen.

c) Kontrataturiko enpresa edo profesionala: izena, IFZ, helbidea eta telefonoa.

3. Mantentze-lanen erregistroa. Mantentze-lan bakoitzeko, honako datu hauek bilduko dira, gutxienez:

a) Egindako lanaren azalpena. Mantentze-lanen egutegian agertzen ote den adierazi beharko da, eta, agertzen bada, derrigorrezkoa edo borondatezkoa den.

b) Noiz egin den.

c) Lana egin duen enpresa edo profesionala: izena, IFZ eta helbidea.

d) Kontratuaren data, horrelakorik badago, eta agiritegian zein zenbaki eman zaion.

4. Konpontze-lanen erregistroa. Mantentze-lanak alde batera utzita, egiten diren konpontze-lan guztien berri eman beharko da, eraikuntzaren edo instalazioen akatsen ondorio bada eta, halaber, erabiltzearen poderioz edo beste zergati batzuengatik berez hondatu baldin bada. Horrelakoetan, honako datu hauek eman beharko dira:

a) Egindako lanaren azalpena, konponketa zein akatsetatik datorren eta bermerik ote duen adierazita.

b) Konponketa zein egunetan egin den.

c) Lana egin duen enpresa edo profesionala: izena, IFZ eta helbidea.

d) Kontratuaren data, horrelakorik badago, eta agiritegian zein zenbaki eman zaion.

e) Konponketaren beraren bermeak.

5. Zaharberritze-lanen erregistroa. Obra handiak izateagatik edo, gutxienez, hogei urtetik behingo maiztasunaz egin beharreko egutegian sarturik ez egoteagatik, mantentze-lanen artean sartu ezin diren eraikin osoaren edo zati baten zaharberritze-lanei ekiten zaienean edo laguntza publikoren bat duten zaharberritze-lanak egiten direnean, liburuan haien berri eman beharko da, gutxienez, honako hauek adieraziz:

a) Proiektua: egilea, titulazioa eta IFZ (proiektua dokumentazio teknikoaren agiritegian sartu beharko da).

b) Obra lizentziaren data eta agiritegian eman zaion zenbakia.

c) Obren azken ziurtapenaren data eta agiritegian eman zaion zenbakia.

d) Obra egin duen enpresa: izena, IFZ, helbidea eta telefonoa.

e) Kontratuetako datak, horrelakorik badago, obrak eginen dituen enpresarenak eta proiektua idatzi eta obrak zuzenduko dituzten teknikarienak, eta agiri horiei agiritegian eman zaizkien zenbakiak.

f) Zaharberritze-lanen bermeak.

g) Laguntza publikoak, horrelakorik jaso baldin bada; laguntzen azalpena eta zenbatekoa, horiek emateko agiria eta agiri horri agiritegian eman zaion zenbakia.

15. artikulua . Eraikinaren liburuaren formalizazioa.

Obra amaiturik, eraikinaren sustatzaileak Eraikinaren Liburua formalizatu beharko du. Horretarako, Eraikinaren Datu Orokorrak izeneko ataleko datu guztiak bete beharko ditu, jabeen komunitateak formalizatu beharreko aseguruei buruzkoak (9.2. artikuluan azaldu direnak) izan ezik.

Agiritegian Datu Orokorrei buruzko agiri guztiak gorde beharko dira.

Halaber, 12. artikuluan ezarritako proiektu eta agiri tekniko guztiak gordeko dira, 12.5. puntuan adierazitakoak izan ezik.

Gorabeheren eta Mantentze eta Zaharberritze-lanen Erregistroak bete gabe helaraziko dira, eredu ofizialaren araberako orrietan hain zuzen, jabeek Foru Dekretu honetako 13 eta 14. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz bete ditzaten.

16. artikulua . Eraikinaren Liburua ematea.

1. Sustatzaileak, jabetza eskualdatzeko ekitaldian, Eraikinaren Liburua eman beharko dio jabeari, jabe bakarra den kasuetan. Eraikina jabetza horizontalaren araubidearen pean baldin badago, jabeen komunitateari emanen zaio, hura eratu eta ordezkariak hautatu eta gero.

Liburuaren ematea formalizatzen denean, jasotze-aktaren bi kopia sinatuko dira. Akta horretan liburua zein egunetan eman den adieraziko da eta, orobat, emandako liburua Foru Dekretu honetan zehazturikoaren araberakoa dela adierazten duen aitorpena bilduko da. Kopia bat Eraikinaren Liburuari erantsiko zaio eta bestea sustatzaileak gordeko du, emate-ekintzaren egiaztagiri gisa.

Eraikinaren sustatzaileari dagokio Eraikinaren Liburua gordetzea, jasotze-akta sinatzen den egunera arte.

2. Etxebizitza-sustapenean eraikin edo atari bat baino gehiago izanik, bakoitzean jabe komunitate bat eratzen den kasuetan, Eraikinaren Liburuaren kopia bana emanen zaio jabe komunitate bakoitzari.

3. Jabetza horizontalaren araubidea duten etxebizitzen erosleei, jabetza eskualdatzeko ekitaldian, Eraikinaren Datu Orokorrak biltzen dituzten orrien kopiak emanen zaizkie, eredu ofizialaren araberakoak.

Kasu guztietan, kopia horiek sustatzaileak sinatuak izanen dira eta bertan, modu ikusgarrian, honako ohar hau jarri beharko da: "Jabeen komunitatea eratu eta ordezkariak hautatu ondoren, sustatzaileari eskatu beharko diote, modu egiaztagarri batean, Eraikinaren Liburu osoa, 322/2000 Foru Dekretu honetan xedatutakoaren arabera betea, Liburuaren jasotze-akta bi hilabeteko epean sinatu beharko da, eskaera jasotzen denetik hasita".

Ekitaldi horretan, orobat, etxebizitza bakoitzaren instalazio partikularren dokumentazio teknikoa, bermeak eta haiek erabili eta mantentzeko jarraibideak, Eraikinaren Liburuan agertzen ez direnak, emanen zaizkie etxebizitzen erosleei.

4. Jabetza horizontaleko araubidea duten eraikinetan, jabeen komunitatea osatu gabe egonda Eraikinaren Liburua sustatzaileak baldin badu, segurtatu beharko du liburua aztertzeko ahalbideari dagokionez 3. artikuluan ezarritakoa betetzen dela.

5. Jabeen komunitatea eratuta ere, sustatzaileari liburua eskatzen ez badio, sustatzaileak komunitatearen ordezkariei eman ahalko die, bere kasa.

Komunitatearen ordezkariak liburua jasotzeari uko egiten badio edo jasotze-akta sinatu nahi ez badu, sustatzaileak liburua emateko eskaera berriz eginen du, modu frogagarri batean, eta jasotzeari edo akta sinatzeari uko egiten badiote, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari horren berri emanen dio, behar diren izapideei hasiera emateko.

6. Eraikina sustatzailearen jabetzan gelditzen bada, Eraikinaren Liburuaren formalizazioa bi hilabeteko epean egin beharko da, lehenbiziko aldiz erabiltzeko lizentzia lortzen denetik hasita.

7. Eraikinaren jabetzaren eskualdaketa bertikala egiten baldin bada, horrekin batera Eraikinaren Liburu osoa eskualdatu beharko da.

17. artikulua . Eraikinaren Liburua gordetzeko tokia.

Jabetza horizontaleko araubidea duten planta berriko etxebizitza-eraikinetan, komunitatearen ordezkariek baino ez erabiltzen duten lokal berezi bat ez badago, gune komun batetik sarbidea duen toki bat gorde beharko da, Eraikinaren Liburua gordetzeko moduko armairu bat paratzeko. Jabeen komunitateak ahalmena izanen du Eraikinaren Liburua gordetzeko beste toki bat aukeratzeko.

18. artikulua . Eraikinaren Liburua eta etxebizitzen azken izapidaketa.

Eraikinaren sustatzaileak, bizigarritasun-zedula eskatzearekin batera, etxebizitza libreak direnean, edo behin betiko kalifikazioaren eskaerarekin batera, nolabaiteko babes publikoa duten etxebizitzen kasuan, Eraikinaren Datu Orokorrak biltzen dituzten orrien kopia sinatuak aurkeztu beharko ditu.

Xedapen Gehigarria

Eraikinaren Liburuan sartu beharreko agirien ereduak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren foru agindu bidez onetsiko dira. Kontseilari horri ahalmena ematen zaio, orobat, Foru Dekretu hau betearazteko behar diren arauak eman ditzan.

Azken Xedapena

Foru Dekretu hau, 17. artikuluan xedatutakoa izan ezik, bizigarritasun-zedula edo behin betiko kalifikazioa 2001. urteko urtarrilaren 1etik aurrera eskatzen duten planta berriko etxebizitza-eraikin guztietan aplikatuko da.

Foru Dekretu honetako 17. artikuluan xedatutakoa, berriz, Udalaren obra lizentzia 2001. urteko urtarrilaren lehenetik aurrera eskatzen duten eraikinetan aplikatuko da.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web